id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
zientzia_kaiera-889569ec365a | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/06/ezjakintasunaren-kartografia-27-29/ | Ezjakintasunaren kartografia #27 – #29 | unknown | 2014-09-06 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #27 – #29
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen azken asteotan kaleratu diren artikuluen laburpena.
Bruzelosia abereek pairatzen duten gaixotasun infekziosoa den arren, urtean zehar 500.000 pertsonei eragiten dio. Gaixotasuna kontrolatzeko modurik eraginkorrena da animalien txertaketa. Ignacio López-Goñik eta honen lantaldeak, txerto berriak garatzeko bakterioaren mintzaren lipopolisakaridoak erabiltzea aztertu dute: New vaccines against an old disease: brucellosis.
Bakterio bakoitzak izaera bat du, hots fenotipikoaren ondorioz. Bakterioak milakako taldeetan batzen badira, logikoena litzateke harreman sozialak egitea. Hau dela eta, ez da harritzekoa "bakterioen soziologiari" buruzko ikerketak azaltzea. Guzmán Sánchezek kontatzen digu: What bacteria can teach us about society.
Mundua ez zen berera bueltatu Lehen Mundu Gerraren ostean. Handik aurrera, esaterako, zientzia eta haren erabilerak beste modu baten ikusten hasi ziren. Hau, batez ere, irratia bezalako komunikabideen oihartzunarengatik izan zen. Robert Budek aldaketa hau aztertzen du: Stories of the past as promises of the future.
Bakterioek duten defentsa genetikoko sistema batek aplikazio berriak lortu ditu laborategian. Honen berri ematen digu Guzmán Sánchezek: CRISPRs, old sentinels for a new war. (Artikulua Editors' Pick bezala hautatua izan da Scienceseeker.org-en.)
Zerbaitetarako baliagarriak ote dira adimen-testak? Zer neurtzen dute? Ba al du zentzurik adimena neurtzea? Diskriminazio modu bat baino are eta gehiago da? Galdera hauek eta gehiago dira, urteetako iraupena duen, psikologiari buruzko eztabaida baten ageri direnak. Annette Mülbergerrek barneratzen gaitu honen historian: Intelligence testing: a history of a fierce debate.
Erregulazio genomikoari buruzko ezagutzen aplikazioak askotarikoak dira. Batzuek aplikazio medikoak dira zuzenean. Eduardo Oliverrek Against a failing heart, pharmacoepigenomics artikuluan kardiopatien tratamenduetan farmakoepigenomikaren erabilerari buruz hitz egiten digu.
Hainbat zeregin egiteko gobernu batek kontratatu dituen eragileen lana gainbegiratzeko neurri egokirik ez badu jartzen, ustelkeriak gora egin dezan hutsuneak ahalbidetzen ditu. Kasu honetan, saihestuko litzateke ustelkeria soldata oparoak ordainduz? Hau da José Luis Ferreirak aztertzen duena: The golden goose effect in corruption cases.
Estimazioen arabera ozeanoen ur-azalean hainbat neurrietako 35.000 tona plastiko omen daude. Adibidez, Mediterraneoan kilometro karratuko 116.000 plastiko zatitxo daude, eta ez da munduko kontzentrazio handiena. Zer nolako eragina du plastikoak eta honen tamainak, konposizioak eta koloreak itsasoko espezieetan? Maialen Ruiz Pradak azaltzen digu: Nomadic plastics.
Lehen Mundu Gerra baino lehenago zientzia eta zientzialariak ez ziren garrantzitsuak gerrarako. Ingeniariak agian bai. Baina Lehen Mundu Gerrako lehen urtean zientzialariak mobilizatu zituzten. Aldaketa honen zergatia aztertzen du Shaul Katzirrek The mobilization of science for World War One artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-d54cc819c215 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/05/emakumeak-zientzian-ainhoa-murua-ugarte-1979-2012/ | Emakumeak zientzian: Ainhoa Murua Ugarte (1979-2012) | Uxune Martinez | 2014-09-05 00:00:00 | Emakumeak zientzian: Ainhoa Murua Ugarte (1979-2012)
Uxune Martinez
Ainhoa Murua, dimentsio txikien berebiziko ahalmenak ikergai izan zituen zientzialaria izan zen. Zelula mikrokapsulatuek gaitz kronikoen aurka dituzten aukera terapeutikoak ikertu zituen. Egindako lanak erakutsi zuen, zelula mikrokapsulatuen transplanteei esker, etorkizunean alzheimerraren eta parkinsonaren moduko gaitz kronikoentzat tratamendu eraginkorragoak izango ditugula eskura.
Inguma datu-basean Zelula mikrokapsularatu bioaktiboak sendagaien askapen egonkorrerako artikulua katalogatzen nengoenean egin nuen topo Ainhoa Muruarekin. Ekaia aldizkarian argitaratutako artikulua zen eta egileen datuak datu-basean egiaztatzen hasi nintzenean, Ainhoa Murua ez zegoen gure artxiboan.
Egile berria zen eta datu-basean katalogatzen ditugun egile berri gehienak gazteak direnez, bera ere ikertzaile gaztea izango zela pentsatu nuen. Horrela zen, Ainhoa ikertzaile gaztea zen. Zientziaren bideak gazte galdutako zientzialaria.
Ainhoa Murua Legazpin jaio zen 1979ko maiatzaren 12an eta Nafarroako Unibertsitatean Biologian eta Biokimikan lizentziatu zen. Ikasketak burutu ondoren, ikertzen hasi zen. Ainhoaren amonak, Benignak, Alzheimerren gaixotasuna zuen eta haren gaitza zela eta, honi aurre egiteko aukerak ikertzeko asmoaz hasi zen.
Nafarroako Unibertsitateko Zoologia eta Ekologia Sailean hasi zituen tesiaren lehen pausuak eta gerora, Biomedikuntza, Bioingeniaritza, Biomaterial eta Nanomedikuntzaren Zentroan (CIBER-BBN) eta UPV/EHUko Farmazia Fakultatean lanean aritu zen NanoBioCel ikerketa taldean. Bertan, zelula bizien mikrokapsularatzea ikerketa lerroan murgildu zen. Zelulen mikrokapsulazioa zelula jakin batzuk zenbait biomaterialez inguratzea da, mikropartikulak osatzeko. Mikropartikula horiek txertatzen diren organismoan proteina terapeutikoak askatzen dituzte, modu kontrolatuan eta jarraituan. Gaitz kronikoak tratatzeko botikak maiztasun handiz hartu behar diren kasuetan oso onuragarriak dira, gaixotasunari aurre egiteko. Baina teknika honen aplikazio klinikoak hainbat zailtasun izan ditu, besteak beste, zelula enkapsulatuen biziraupen laburra dela eta, hauek epe luzez kontserbatzeko ezintasuna.
Ainhoak, zehazki, zelulen mikrokapsulazioa helburu terapeutikoetarako izan zuen ikergai eta, honen baitan, Cell microencapsulation for therapeutic purposes: towards greater control over biocompatibility nazioarteko tesia burutu zuen 2010ean. Egindako lanean zelula mikrokapsulatuen transplanteen teknika optimizatzeko proposamenak aurkeztu zituen. Esaterako, gizakiei beste espezie batzuen zelulak transplantatzeko aukerak (xenotransplanteak egiteko aukerak) eta horiek emango lituzketen hobekuntzak landu zituen. Hobekuntza horiek transplanteetarako giza ehunen ohiko eskasiaren arazoa konpontzen lagunduko lukete. Horrez gain, tratamendu kronikoak baliatu beharrik gabe, xenotransplanteek eragin ohi duten errefus immunologikoari aurrea hartzea lortu zuen. Ondorioz, xenotransplanteen funtzionalitatea handitu zuen.
Hau ez zen izan haren lanaren ekarpen bakarra. Horrez gain, zelula mikrokapsulatuak epe luzean biltegiratzeko eta kontserbatzeko irtenbidea ere garatu zuen, zelula mikrokapsulatuak izozteko protokoloa sortuz. Horrela, zelulak biltegiratzeko eta kontserbatzeko kondizio egokiak bermatu zituen eta laborategien arteko ikerketetan materialen trukaketa egokiagoa ahalbidetzen lagundu zuen.
Ikerketa pasioz bizi izan zuen, disfrutatu eta baita sufritu egiten zuen lanean zorrotza eta estua baitzen egiten zuenarekin. Baina ez zuen galtzen irribarrea eta lankideen esanetan "lantaldea lanean inplikatzeko ahalmena zuen, lankideen gaitasun ezkutuak antzematen zituen eta hauen gogoa pizten abila zen". Talde lanean sinesten zuen, honen indarrean eta gaitasunetan.
2011. urtean minbizia antzeman zioten eta 2012. urtean hil zen ikertzaile gaztea, ibilbide laburra baina oparoa egin ondoren. 2010. urtean Farmazia Zuzenbideko Espainiako Elkarteak (ASEDEF) "Berrikuntzaren" kategorian IX. ASEDEF Saria eman zion Ainhoaren lantaldeari, 2011ko urrian doktorego-tesi hoberenaren IX. SPLC-CRS Saria jaso zuen Oporton eta 2014ko apirilean UPV/EHUn Doktoretzako Aparteko Saria eman zioten. 14 artikulu argitaratu zituen eta horietako bat 2009an Journal of Controlled Release aldizkariaren portada izan zen: "Xenogeneic transplantation of erythropoietin-secreting cells immobilized in microcapsules using transient immunosuppression" izenekoa.
Artikulu bat katalogatzerakoan ezagutu nuen emakume, ikertzaile eta zientzialari gazte hark ezaugarri berezi bat omen zuen: zientzia bizitzeko eta disfrutatzeko ahalmena.
eskerrak eman nahi dizkiet Ainhoaren gurasoei, Axun eta Luis Mariri, artikulua idazteko eman didaten laguntza eta erraztasunengatik. Eskerrik asko bioi!
Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da. | science |
zientzia_kaiera-ccc3179fa989 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/04/polinizitzaileak-suntsipen-bidean/ | Polinizatzaileak suntsipen bidean | Javier San Martín | 2014-09-04 00:00:00 | Polinizatzaileak suntsipen bidean
Javier San Martín
Telebista joan den mendeko 80.eko hamarkadan ikusten hasi ginenok, zuri-beltzez bada ere, bihotzez gorde ditugu gure barrenean marrazki bizidunen hainbat telebista-sail. Izan ere, beraiekin batera, kromo-bildumak helarazi zitzaizkigun telebista-sail horiekin lotuta. Jogurtetan zetozen kromoak eta beraz, ez genituen erosi behar. Ikastetxeko lagunekin elkartrukatu besterik ez.
Telesailari hasiera ematen zion doinua ere ondo ikasten genuen, eta buruan ditugu oraindik gure gurasoen ustetan sailek helarazten zizkiguten hainbat giza balio. "Die abenteuer der biene Maja" izan zen sail haietako bat, 1912an Waldemar Bonselsek idatzia.
"Maya erlea" ederki aldatu da denborak aurrera egin ahala. Orain 3D formatuan dugu eskura, eta jakina, berarekin, oso kontu ezberdinekin uztartzen dugu egun "erle" hitza bera: kolapsoa edo apokalipsia entzuten dira gero eta maizago. Mundu osoko zientzialariak aztertzen ari dira erleek zein populazio dituzten, zein jokamolde eta ohiturak dituzten, zein erlauntz dituzten, zein gaixotasunek erasotzen dieten eta nola eragiten dien klima-aldaketak ere.
Vigoko Unibertsitateko Ekologia eta Landare Eboluzioa laborategiko ikerlariek, aditzera eman dute gizakion landare-kultiboen %75 inguruk dutela intsektuek egindako polinizazioaren beharra. Diotenez, argi ibiltzeko moduko portzentajea da hori "eta hala ere, bost axola zaigu ingurumen-langile armada honen gainbehera". Jakin nahi duenak, ondo daki dagoeneko gertatzen ari den polinizatzaile-galera hau handia dela oso, eta biziki larria. Luis Navarro irakasleak "polinizazio-kolapso" terminoa erabili du.
Duela zortzi hasi ziren Estatu Batuetan "Polinizatzaileen Aste Nazionala" ekainean antolatzen. Bertan, Navarro ikerlariaren taldeak bideo bat aurkeztu du, umeei polinizazioa zer den azaltzeko asmoz. "Ea haurrek bere senide nagusiei helarazten dieten zerbait...".
Ikerlari hauen ustez, espezie exotikoek edo helburu komertzialekin erabiltzen diren espezieek eragin litzakete basa erleen gaixotasunak.
Hala pentsatzen dute Londresko Unibertsitateko Royal Holloway delakoan ikerlari diren Matthias Fürstek eta Mark Brownek ere, eta erlastarrak izango lirateke bereziki kaltetuak gertatzen direnak. Nature aldizkarian argitaratu dute lana, Erresuma Batuari dagokio, eta bertan erlastarren bizi-itxaropena ebaluatzen saiatu dira.
Hego Eraldatuko Birusa (DWW) da gaixotasun larrienetako baten eragilea. Ikerlariek uste dutenez, birus hori erleen infekzioen ereduarekin uztar daiteke. Izan ere, birus hori eramaile diren erlastarretan dago, eta areago, erreplikatzen ari da beraien baitan. Alegia, benetako gaixotasun bat eragiten du, Fürsten hipotesiaren arabera. Hau da, benetako gaixotasun-eragilea da birus hau, beti ere hipotesi honen barruan.
Egile hauek, onartu dute ezin dutela frogatu norabidea hala gertatzen denik, baina hala ere, azpimarratzen dute birus ugari daudela erleetan, eta horrek bat egingo luke beraien teoriarekin. Alegia, birusak dira infekzioaren eragile nagusia, eta baliteke parasitoak loreen bidez transmititzea.
Baina kontu gehiago daude tartean. Etxeko erleei erreparatzen zaie batez ere, baina zientzialari batzuek agerian jarri dute bestelako intsektu polinizatzaileen beherakada are larriagoa izan daitekeela munduko elikagai-ekoizpenean.
Kontinente guztietako 41 kultibo-sistematan egin izan da ikerketa handi bat argitaratu zen iaz Science aldizkarian, eta bertan azaldu zen tximeletak, labe-mozorroak edo erlastarrak bezalako intsektuek bi aldiz hobeto polinizatzen dutela erleek baino. Hala egiten dute etxeko haziak eta fruituak sortzen dituzten loreetan. Bestetik, analisi-metodoen bidez egiaztatu dute polinizatzaileekiko elkarrekintzen espezializazioa gora egiten doan neurrian, fenotipo-integrazioa ere gora egiten doa. Hau da, hainbat selekzio-presiok tasun-konbinazio funtzional jakin batzuei eragin diezaiekete eta horren ondorioz landareen eraginkortasun biologikoa areagotu egingo litzateke.
Beste korrelazio ikaragarri bat ere aurkitu dute zientzialariek. Mundu mailan, erle populazioak polikiago hazten ari dira, intsektuek polinizatu behar dituzten landareen landaketa-azalerak baino. Batez ere, adibidez, Europan bultzatutako kultiboek badute soja edo olio-palma bezalako biodieselen ekoizpenarekin zerikusia dutelako.
L.A. Garibaldi et al.: "Wild Pollinators Enhance Fruit Set of Crops Regardless of Honey Bee Abundance". Science. 339. Alea, 6127. zbk., 1608-1611 orrialdeak. DOI: 10.1126/science.1230200
Laura A. Burkle, John C. Marlin, Tiffany M. Knight. "Plant-Pollinator Interactions over 120 Years: Loss of Species, Co-Occurrence and Function". Science. 339. Alea, 6127. zbk., 1611-1615 orrialdeak. DOI: 10.1126/science.1232728.
M. A. Furst, D. P. McMahon, J. L. Osborne, R. J. Paxton, M. J. F. Brown "Disease associations between honeybees and bumblebees as a threat to wild pollinators". Nature 506. zbk., 364–366 orrialdeak. DOI:10.1038/nature12977.
José María Gómez, Francisco Perfectti eta Christian Peter Klingenberg. "The role of pollinator diversity in the evolution of corolla-shape integration in a pollination-generalist plant clade". Philosophical transactions B. DOI: 10.1098/rstb.2013.0257.
Tom D. Breeze mail,Bernard E. Vaissière,Riccardo Bommarco, Theodora Petanidou, Nicos Seraphides, Lajos Kozák, Jeroen Scheper,Jacobus C. Biesmeijer, David Kleijn, Steen Gyldenkærne, Marco Moretti,Andrea Holzschuh, Ingolf Steffan-Dewenter, [ … ],Simon G. Potts, [ view all] "Agricultural Policies Exacerbate Honeybee Pollination Service Supply-Demand Mismatches Across Europe". Plos One. Published: January 08, 2014. DOI: 10.1371/journal.pone.0082996.
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-4338b2185c1a | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/03/kannabinoideak-minbiziaren-balizko-etsaiak/ | Kannabinoideak, minbiziaren balizko etsaiak | Amaia Portugal | 2014-09-03 00:00:00 | Kannabinoideak, minbiziaren balizko etsaiak
Amaia Portugal
1975ean Antineoplastic activity of cannabinoids izeneko artikulu bat argitaratu zuten AEBtako Minbiziaren Institutuaren aldizkarian. Kalamutik eratorritako substantzia batzuek biriketako kartzinomaren hazkundea moteltzeko balio zutela azaltzen zen bertan, saguekin egindako esperimentu batean oinarrituta.
Horixe da kannabinoideek minbizian izan dezaketen efektuaz inoiz argitaratu den lehen artikulua. Horren ondotik 22 urteko etena izan zen: 1999ra arte ez zen plazaratu gaiaren inguruko beste ikerketarik. Izan ere, kalamuak kontsumorako droga gisa duen hedapenaren ondorioz, gaur egun ere traba handiak dituzte ikertzaileek, kannabinoideen potentzial terapeutikoei buruzko ezagutza handitzen ahalegintzeko.
Horren harira, tumoreen aurka kannabinoideek izan dezaketen balizko potentzialaz jardun du Leire Uriguen EHUko Farmakologia Saileko ikertzaileak, aurtengo Uda Ikastaroetan. Ondo erabiliz gero, jakina da THCak eta kalamutik eratorritako beste zenbait substantziek minbizia duten gaixoen mina arindu dezaketela. Baina azken hamabost urteotan saguekin egindako ikerketek iradokitzen dute hori baino gehiago ere egin dezaketela: tumoreei eraso. Hala ere, Uriguenek esan bezala, oraingoz zantzuak besterik ez dira: "Gaur egun, ebidentzia zientifikoak ez digu ezer esaten tumoreen aurkako efektuez. Oinarrizko ikerketan gero eta zantzu gehiago ditugu, baina animalietatik gizakietara igaro beharra dago".
Dena dela, oinarrizko ikerketa horiek iradokitzen dutena kontuan hartzeko modukoa da. Uriguenen arabera, badirudi kannabinoideak tumoreen hedapenari enbarazu egiteko gai direla, eta prozesuaren puntu askotan, gainera. "Hazkundea ez ezik, angiogenesia eta inbasio ahalmena eragotzi dezaketela dirudi", esan zuen hitzaldian.
Izan ere, tumore zelulak oso azkar ugaldu ohi dira, besteak beste angiogenesiaren bidez. Lehendik badituen odol-hodietatik abiatuta odol-hodi berriak sortzeko prozesua da angiogenesia. Tumoreari ezinbestekoa zaio hori egitea elikatzen eta hazten jarraitzeko, baina kannabinoideek hor oztopo egiteko balio dezaketela ikusi da lan batzuetan.
Gainera, apoptosia edo zelularen heriotza programatua kontrolatzen ere lagundu dezakete, itxuraz, kalamutik eratorritako zenbait substantziak. Izan ere, geneetan idatzita dago zelula mota bakoitzak noiz hil behar duen, eta beharrezkoa den eta berez erregulatuta dagoen prozesu horri deritzo apoptosia. Tumore zelulak patu hori saihesteko gai dira, ordea. Horregatik, kannabinoideak apoptosia bideratzeko baliagarriak direla frogatuz gero, oso lagungarriak lirateke minbiziaren aurka borrokatzeko.
Gaiaren inguruan azken urteotan egindako ikerketen artean, Madrilgo Konplutentse Unibertsitateko ikertzaile batzuek bularreko minbizi jakin bati buruz argitaratutako artikulua aipatu zuen hitzaldian Uriguenek. Zehazki, ErbB2 positibo motako minbiziarekin egindako lana da. Bereziki gaiztoa da aldaera hori, bularreko minbiziaren aurkako ohiko tratamenduarekin emaitza kaskarrenak ematen dituena baita.
ErbB2 motako bularreko minbizia zuten saguak THC eta JWH-133 izeneko substantzia kannaboideekin tratatu zituzten ikerketa honetan, eta botika horiek hartu ez zituzten eta gaitz bera zuten beste sagu batzuekin alderatu. Batez ere THCak ekarri zituen emaitza aipagarriak. Izan ere, kannabinoiderik jaso ez zuten animalien %41ak lau tumore edo gehiago garatu zituen denbora tarte zehatz baten ondoren. Kannabinoideekin tratatutakoen artean, aldiz, bakar batek ere ez zituen lau tumore edo gehiago, eta metastasi kopurua ere nabarmen txikiagoa izan zen. Azaleko eta prostatako minbiziarekin egindako beste azterketa batzuek ere emaitza itxaropentsuak eman dituzte.
Hala ere, Uriguenek azpimarratu bezala, ikerketa klinikoak gizakiengana egin behar du jauzi, kannabinoideek tumoreei aurka egiteko duten eraginkortasuna baieztatu edo ezeztatuko bada. Legedia zorrotza da, ordea, eta gaur egun mina arintzeko besterik ezin dira baliatu THC eta antzeko substantziak minbizia duten pertsonengan. "Antsiolitiko moduan eman daitezke soilik", azaldu zuen hizlariak.
Aipaturiko Konplutentse Unibertsitateko ikertzaileek Kanariar Uharteetako Unibertsitate Ospitalarekin elkarlanean egindako ikerketa bat da salbuespen bakanetako bat, eta kannabinoideek tumoreen aurka duten balizko efektua aztertzeko gizakiekin egindako lehenbizikoa. Glioblastoma multiformea zuten bederatzi pazienterekin egin zuten lan, zehazki. Izan ere, garuneko minbizi mota hau larria da oso, eta sendabiderik ez zutelako eman zitzaien ikertzaileoi kannabinoideekin entsegu klinikoa egiteko baimena.
THC bidezko tratamendu esperimental horrekin, bigarren kirurgiaren ondoren 99 astez bizi izan zen gaixoetako bat, eta 53 astez beste bat. Horiek izan ziren gehien iraun zuten bi pazienteak; "espero baino dezente gehiago", Uriguenek adierazi bezala. Kontuan izan behar da minbizi mota hori diagnostikatzen den unetik, gaixoa urtebete baino ez dela bizitzen batez beste, eta ikerketa honetan parte hartu zutenek oso garatuta zeukatela gaitza entsegua hasterako.
Ikerketaren berri emateko artikuluan adierazi bezala, THCarekin alor honetan aritzea segurua dela egiaztatzeko balio izan zuen lanak, bai eta etorkizuneko gisa honetako ikerketetarako oinarri batzuk proposatzeko ere. Gaur egun beste entsegu kliniko batzuk ere badaude martxan, baina kannabinoideen inguruan dagoen tabua eta oztopo legalak tarteko, oso pixkanaka ari dira urratzen bidea.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-95d4e34d32c6 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/02/smart-cities-hiri-adimentsuak/ | Smart Cities, hiri adimentsuak | Josu Jugo | 2014-09-02 00:00:00 | Smart Cities, hiri adimentsuak
Josu Jugo
Berez, hiri jasangarriarekin lotzen da hiri adimentsuaren ideia. Horren arabera, teknologiak eskaintzen dituen tresnak eta lor daitekeen informazioa erabiltzen dira baliabideak egokiro kudeatzeko edo, hobeto esanda, era jasangarrian kudeatzeko. Horregatik, adibidez, ingurumenari buruzko web-atari batek, Ambientum izenekoak [1], informazio atal bat eskaintzen die hiri adimentsuen berriei. Baina era berean, hiriak erosoagoak bihurtzeko helburuarekin lotzen da deizioa, gizakiak zaintzen dituzten hiriak erdiesteko xedearekin alegia.
Teknologiak eta informazioaren kudeaketa erabiltzearen ideia hainbat arlotan aplika daiteke. Horren adibide argia dira energiaren sorkuntza, garraioa eta kontsumoa. Maila makroskopikoan, sarearen puntu guztietan dagoen kontsumoari buruzko informazioa lor daiteke, eta horri esker,energia-sarea hobeto kudea daiteke hainbat gunetan kontsumitzen ez den energia kontsumo altuko guneetara bideratuz. Eta informazio hori guztia energia sortzen den guneetan erabil daiteke sorkuntza hobeto kudeatzeko. Baina ikus daiteke beste horrenbeste gertatzen dela da maila mikroskopikoan, etxe batean kontsumitzen den energiari erreparatuta. Kontsumo altuko uneak ekiditeko, sistema adimentsuak erabil daitezke; horrela, etxeko gailuak pizteko eta amatatzeko beste gailu bat erabil daitezke, beti ere uneko funtzio garrantzitsuenak bertan behera utzi gabe. Adibide erraz baten bidez, hobeto uler daiteke prozedura. Demagun aire egokitua piztuta dugula eta une batean aspiragailua pizten dugula. Bi kontsumoak ez batzeko, etxeko sistema adimentsuak aire-egokigailua amatatu dezake aspiragailua erabiltzeari uzten diogun arte. Prozedura hori, etxeko kontsumo guztiak aztertuz, erabil daiteke kontratatuta dagoen potentzia jaisteko, eta horrela kostuak murrizteko.
Hirien kasuan, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea handi daiteke energiaz gain, besteak beste, ura-hornidura, trafikoa eta argiztapen-sistema era adimentsuan kudeatuz. Adibidez, sentsore egokiak erabiltzea informazioa ondo kudeatuz trafikoa hobetu daiteke, istripuen kopurua jaisteko. Kontzeptu hauek ingurumen-adimenarekin ere lotuta daude, hau da, inguruan dagoen elementuen informazioa erabil daiteke hiritarrei zerbitzuak eskaintzeko edo beren erosotasuna hobetzeko. Eta, egungo aurrerapen tekniko asko bezalaxe, kontu honek harreman zuzena du sentsoreen garapenarekin ere.
Hiri adimentsuenen ideiak garatzeak ondorio oso onuragarriak izan ditzakeenez, hainbat egitasmo gauzatzen ari dira Europako hainbat hiritan, [4]. Gure inguruan badugu proiektu hauen adibide bat, Vitoria-Gasteiz eta horren "European Green Capital" izendapena, [5]. Hau da, moda modako arloa da eta proiektu ugari daude. Horietako asko, proiektu sinpleak dira eta onurak oso argiak. Adibidez, hirietako argitze-sistemen ordez LED izenekoak jartzea. LED argiak garestiagoak dira baina bere kontsumoa askoz txikiagoa da eta bizitza luzeagokoak izanda, mantenua ere asko merkatzen da. Beste proiektu batzuk, ordea, bitxiagoak dira eta, horren ondorioz, posible da hiri adimentsuen ideia moda batekin lotzea edo marketin mota bat bezala interpretatzea. Baina ideia on bat kasu batzuetan gaizki inplementatzeak ez gaitu engainatu behar, etorkizunean behar-beharrezkoa izango delako hiriak jasangarriagoak bihurtzea.
Hau guztia aurrera eramateko, argi dago elektronika eta TIK delako teknologiekin lan egin behar dela. Baina kasu askotan, benetan kudeatzen ari dena informazioa da, eta hori, hainbat sentsore eta beste bide batzuen bidez lortu ostean. Eta informazio kantitate erraldoiaz ari gara. Beraz, hiri adimentsuez hitz egin ahal izateko tresna egokiak garatu behar dira informazio hori guztia tratatzeko, emaitza baliagarria izan dadin. Azkenengo urteetan Big data, hau da, datu handiak, kudeatzeko tresnak garatu dira, arlo teorikoan eta praktikoan; horrela, datu-prozesaketa azkarra ahalbidetu da. Esparru honekin lotuta garatzen ari den teknologia indartzen ari denez, IEEEk, ingeniari elektriko eta elektronikoen nazioarteko erakundeak, atal berezi bat antolatu du bere ikerketa eta garapena aztertzeko eta bultzatzeko [2]. Halaber, the institute-k, IEEE elkarteak berriak zabaltzeko erabiltzen duen tresna, txosten berezia eskaini zion gai honi.
Munduan adibide eta proiektu asko daude, eta horien artean Guadalajara hiria dago. IEEEk Mexikoko "Silicon Valley"a aukeratu du, beste hiri batzuekin batera, martxan jartzeko proiektu bat hiria eraginkorragoa izan dadin etorkizun hurbilean [3].
Bestalde, gogoratu behar dugu Internet dela gaur egun informazioa banatzeko sistema ahalguztiduna. Horretarako, garapen bidean dago gauzen Interneta, internet of things edo IoT. Honek badauka bere arriskua. Sistema adimentsu batek inguruko sistemekiko lotura eskatzen du, behar duen informazioa lortzeko. Bestalde baina, lotuta egoteak sabotajeren eta hackerren arriskupean egotea dakar era berean.
Amaitzeko, teknologia berritzaile hauek hiri jasangarriagoak lortzea dute helburu eta horrekin batera, hiritarren bizi-kalitatea handitu edo bermatzea ere. Baina teknologia gehienek bezala, hauek ere badute alde iluna. Hiritarren informazioa erabiltzeak haien pribatutasuna eta askatasun indibiduala kolokan jartzea dakar. Hau da, "Anaia handia"k gero eta botere gehiago eskuratzea ahalbidetzen du.
[1] Ingurugiroari buruzko atari bat, http://www.ambientum.com/smartcity/, 2014.
[2] IEEE Smart Cities, http://smartcities.ieee.org, 2014.
[3] Guadalajara: Smart City of the Near Future, http://theinstitute.ieee.org/technology–focus/technology–topic/guadalajara–smart–city–of–the–near–future, 2014.
[4] Europako hiri adimentsuak, http://ec.europa.eu/eip/smartcities/, 2014.
[5] Vitoria-Gasteiz Green Capital, http://ec.europa.eu/environment/europeangreencapital/winning–cities/2012-vitoria–gasteiz/index.html, 2014.
Egileaz: Josu Jugo EHUko Elektrizitatea eta Elektronika saileko irakaslea da. | science |
zientzia_kaiera-29f74979e507 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/01/perovskita-materialarekin-diseinatutako-erregai-pilak/ | Perovskita materialarekin diseinatutako erregai-pilak | unknown | 2014-09-01 00:00:00 | Perovskita materialarekin diseinatutako erregai-pilak
Elektrizitate-sarearen alternatiba izan daitezke erregai-pilak, eta haiek hobetzeko materialen egokitasuna ari da ikertzen UPV/EHUko IMaCris/MaKrisI taldea. Erregai-pilak baterien antzekoak dira, baina, haiek ez bezala, etengabe berrelikatzen dira bateriek kontsumitzen dituzten erreaktiboak (hidrogenoa eta oxigenoa, batez ere). Taldeko ikertzailea den Karmele Vidal doktorearen esanetan, kasu honetan "elektrizitatea ekoizteko prozesuak beroa eta ura sortzen ditu hondakin gisara, horregatik, garbitzat sailkatzen dira energia-mota horiek, energia bihurtzeko prozesuak ez baitu aireratzen berotegi-efektuko gasik".
Erregai-pila berezi batzuk izan ditu aztergai ikerketa-taldeak: oxido solidoko erregai-gelaxkak, SOFCak deritzenak. Pila konbentzionalek ez bezala, solidoa dute beste hauek elektrolito ioi-eroalea. Karmele Vidal ikertzaileak aipatzen duenez, hainbat abantaila dituzte bestelako gelaxka-mota batzuekin alderatuz. Alde batetik, merkeak dira materialak; sentikortasun baxua dute erregaiaren ezpurutasunekiko eta, aldiz, eraginkortasuna eta potentzia handiak dituzte. Bestalde, osagai solidoak dituenez, askoz ere moldakorragoa da haien egitura, manipulatu egin baitaiteke. Desabantailen artean, berriz, hau aipatu du ikertzaileak: "Tenperatura altuekin lan egin behar izaten denez, kostu handiagoko materialak erabiltzen dira".
"Ikerketa ugariren arabera, interkonektorearen eta katodoaren arteko konexioaren hobekuntza da SOFC pilak ekoizteko urrats nagusietako bat", dio Vidalek. Ekoizpen horrek material berrien erabilera eskatzen du, osagaien arteko itsasgarritasuna hobetu eta gelaxkaren ahalmena murrizten ez duten materialena, alegia. Eroankortasun elektroniko handia eta jarduera-tenperaturan (600-800 ºC-ra jarduten dira pilak) egonkortasun kimiko eta egiturazko altua izan behar dute erabiltzen diren materialek interkonektorearen eta katodoaren arteko kontaktu-geruzan.
Aipatutako UPV/EHUko ikerketa-taldeak perovskitak hautatu ditu lanerako material gisara. Lurrazalean nahiko urria den material baten izena da perovskita, baina egitura bera hartzen duten kristal-mota orokorrago bati ere horrela deitzen zaio.
Erregai-pilaren osagai batzuk diseinatzeko erabili dituzte perovskitak ikertzaileek; besteak beste, "katodoaren eta kontaktu-geruzaren diseinurako. Perovskita motako materialak eroale elektroniko eta ioniko onak direla ikusi dugu, hau da, egokiak direla kontaktu-geruza eta katodoa diseinatzeko, hurrenez hurren", diosku Vidalek.
Erregai-pilaren osagaiak egiteko material-mota bezain garrantzitsua da, bestalde, "hura sintetizatzeko modua. Zenbait aldagaik (prestakuntza-denbora eta behar den tartea, besteak beste) materialaren mikroegiturari -oso faktore garrantzitsua- eragiten diote", azaldu digu ikertzaileak. Aztertutako sintesi-metodoetatik, perovskitak prestatzeko sistemarik onena errekuntza izan da. Nitratoen -oxidatzailea- eta glizinaren -erregaia- arteko erreakzio bat da errekuntza, labur adierazita. Autoerrekuntza bat eragiten du erreakzio horrek, non sugarra tenperatura altuetara iristen den eta materiala eratzen den.
Zenbait prototipok -eta produktu komertzialen batek- dituzte oinarri erregai-pila horiek. Arazorik nagusiena, berriz, momentuz duten errentagarritasun ekonomikoa eskasa da. Ikertzailearen ustez, petrolioaren prezioak egungo sistemaren garestitzea eragiten duenean iritsiko da "elektrizitate-sarearekiko mendekotasuna murrizteko eta deszentralizatzeko aukera eskaintzen duen" teknologia honen ordua.
Erreferentzia bibliografikoa:A. Morán-Ruiz, K. Vidal, M.A. Laguna-Bercero, A. Larrañaga, M.I. Arriortua. "Effects of using (La0.8Sr0.2)0.95Fe0.6Mn0.3Co0.1O3 (LSFMC), LaNi0.6Fe0.4O3-? (LNF) and LaNi0.6Co0.4O3-? (LNC) as contact materials on solid oxide fuel cells". (2014) Journal of Power Sources, 248 1067-1076. DOI: 10.1016/j.jpowsour.2013.10.031 | science |
zientzia_kaiera-a4b49edc53b9 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/08/31/oporretan-ere-zientzia-begi-bistan/ | Oporretan ere zientzia begi-bistan | unknown | 2014-08-31 00:00:00 | Oporretan ere zientzia begi-bistan
Oporretan izan garen tartean Interneten hainbat zientzia-gaia jorratu dira. Egunean jartzeko, sarean argitaratu diren artikuluen bildumatxoa gauzatu dugu. Egunean jartzeko modu arina eta erraza. Begirada bat emango diogu?
Badira oporretan hondartzara doazenak, mendira edo etxaldean gelditzen direnak, baina gehienok eguzkitan jartzen gara une baten edo bestean. Koldo Garcia biologoak gure azaleko kolorea aldarazten duen molekulari erreparatu zion, melaninari. Eguzkia hartzeak onurak dakartza, gure gorputzeko D bitamina aktibatzen baituu eta hau, kaltzioa erregulatzeko beharrezkoa da. Baina kalteak ere baditu eguzkitan jartzeak. Zein da oreka? Zein da neurri egokia? Udan belzten artikuluan argitzen digu hau Koldok.
Ebola izan da abuztuan zehar mintzagai. Afrikako hainbat herrialdeetan gaixotasunaren zabalkundea dela eta Munduko Osasun Erakundeak ebola-agerraldia dela eta, hainbat neurri hartu ditu birusa ez dadin hedatu. Argia aldizkarian Judith Perez kazetariak, lehen sintomak gripeak bezalakoak diren gaixotasun hau zer den azaltzen digu: Zer da ebola? artikuluan. Eta Koldo Garcia biologoak Edonola blogean, ebolari aurrea egiteko hartu diren neurriak ditu begi-bistan Ebola, beldurra eta egin behar ez dena artikuluan.
Osasun-gaiek arreta pizten dute eta gure atentzioa bereganatzen dute. Horietako bat da, esaterako, kolesterola. Nor ez da ibili borrokan honekin altuegi duela eta? Odol-analisi baten emaitzak hartzerakoan kolesterolaren egoera da medikuak ezinbestean aipatzen digun parametro bat. Jabier Agirre medikuak Argia aldizkarian kolesterolean eragina omen duen jaki bati buruz hitz egiten digu: arrautzak. Ba al dakizue kolesterol maila handitzearekin lotzen bada ere, egunero arrautza bat jan daitekeela inolako kezkarik gabe? Janarien "ospea" aldatu egiten da (I) artikuluan datu guztiak.
Jabier Agirre medikuak janarien ospeari bigarren buelta bat ematen dio. Badira "fama" txarra izan duten janariak eta ikerketek ondorioztatu dute hauek ez direla "gaiztoak" osasunarentzako. Hiru adibide ekarri dizkigu Jabierrek: kafea, txerrikia eta esnea. Uste zenaren kontra, azken ikerketek erakutsi dutenez, txerrikia haragi mota osoenetakoa da eta txerri haragiak pertsona guztien eguneroko elikaduraren barruan egon beharko luke. Gai interesgarria: Janarien "ospea" aldatu egiten da (II).
Izendapen asko dituen gaixotasun batekin jarraituko dugu, iktusa. Iktusa: apoplexia, buruko isuria, iskemia zerebrala, garuneko hodietako istripua edota garuneko infartua bezala ezagutzen da. Achucarro Neurozientzietako Zentroko blogean, Neurotzientzian, izen asko duen gaitz honi buruz aritu dira. Iktusak eragin desberdinak ditu pairatzen duten gaixoengan. Ume txikiek jasan dezakete ondorengo garapenean ia ondoriorik nabaritu gabe. Aldiz, adinekoengan heriotza eragin dezake. Xehetasun guztiak, Iktusa artikuluan.
Rosetta zundaren misioa abuztuaren 6an, 10 urteko bidaia egin ondoren, 67P/Churyumov–Gerasimenko kometaren orbitan jarri zen. Kometa baten orbitan jarri den lehen ontzia izan da eta horrez gain, azaroan Rossetaren Philae ontzia bidaliko dute kometara, bertan lur har dezan. Egoitz Etxebestek ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Rosseta iritsi da jomugara.
Eta Eider Cartonek, aldiz, mekanika kuantikoaren propietate ezaguna den korapilatze kuantikoa baliatuta, Austriako fisikari batzuek egindako esperimentua ekarri digu. Zientzialariek katu baten irudiaren argazkia lortu dute, plaka fotografikora heltzen diren fotoiek katuaren irudiarekin elkarreragin gabe: Katua ikusi gabe, katua ikusi duten fotoiak.
Zientzia Kaiera blogean Josu Lopez-Gazpio kimikariak Lehen Mundu Gerra ekarri zigun gogora, 100 urte baitira gertatu zela. 1.567 egun pasa zituen munduak gerran eta 10-12 milioi zibil eta 8-9 milioi militar hil ziren, horietatik asko, gasaren eraginez. Izan ere, hura, besteak beste, gerra kimikoa ere izan baitzen: Uztailaren 28an, duela 100 urte, gasaren gerra hasi zen.
Bestalde, Javier San Martín kazetariak BICEP-2 teleskopioak antzemandako grabitazio-uhinek sortu dituzten zalantzei buruz hitz egiten digu. Hainbat zientzialarik BICEP-2k eman duen interpretazioa ez ezik, teleskopioak ikus dezakeena ere eztabaidan jartzen dute eta honekin batera, unibertsoaren hasiera aldiko seinale bat atzeman ote duen: Dardarak Kosmoaren oinarrietan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-2b037b256503 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/08/30/ezjakintasunaren-kartografia-23-28/ | Ezjakintasunaren kartografia #23 – #26 | unknown | 2014-08-30 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #23 – #26
Oporretan egon garen bitartean, Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen azken asteotan kaleratu diren artikuluen laburpena.
Bizitzaren muina, paradoxikoki, bat da: heriotza. Biologikoki behintzat horrela da. Izan ere, zelulek euren buruez beste egiten dute organismo osoaren funtzionamendu egokia bermatzeko. Fenomeno honi apoptosia esaten zaio eta Guzmán Sánchezek hitz egin digu honetaz You have to learn how to die artikuluan.
Fosil biziduna kontzeptua ez dago oso ondo definitua eta, horrez gain, terminoa gure pertzepzioari lotua dago. Baina ba omen dago zuzenean antzeman ezin ditugun fosil bizidunak aurkitzerik. Hori berori da goroldioen genoma mitokondrialen kasua, hauen egitura aldatu gabe mantentzen baita Karboniferotik. Rafael Medinaren What does a molecular living fossil look like? artikuluan datu guztiak.
Zulo beltz supermasiboak ia galaxia guztien erdigunea hartzen dute. Eta, galaxiak beste galaxia bi edo gehiagoren fusioari esker sortu badira ez da arraroa zulo beltz supermasibo bi edo gehiago dituzten sistemak aurkitzea. Izan ere berriki plazaratu den lan batek hiru zulo beltz dituen sistema bati buruz hitz egiten digu. Santiago Pérez-Hoyosen Packed black holes.
Silvia Románek Sieving at the nanoscale: desalination of seawater through nanoporous graphene artikuluan grafeno nanoporotsuaren propietate interesgarriei buruz hitz egiten digu. Grafeno nanoporotsua grafeno lamina edo xafla bidimentsionala da, non poro nanometrikoen banaketa lortu da.
Zenbat aldiz entzun dugu gure osasunean onura duela fruta eta barazkiak jatea edota dieta mediterraneoa egitea? Baina zergatik da onuragarria? Ba hasi gaitezen tomateekin eta hauen likopenoek bihotzean dituzten eraginekin, Laura Cascalesen artikulua irakurriz: Cardiac lycopene- Tomatoes for your heart.
Kapsaizina, piper minari eta piper txileari mingarritasuna ematen dion substantzia da. Substantzia hau antzemateko errezeptorerik ez duten arratoiek, errezeptorea dutenak baino %10 bizi dira. Kuriosoa, ezta? Hori dela eta, Sergio Laínezi galdetzea otu zaio, ea pikantea jateak gutxiago bizitzea eragiten duen: Do Chili Peppers make you live shorter?
Mapping Ignorance blogean gonbidatu bezala Londoneko University College-ko Jon Agar izan zuten. Agarrek "zientziaren promesak" aztertzen ditu, XX. mendeko zientziaren eboluzioa ulertzeko tresna bezala: On the generation of problems by 20th century science ant technology.
Neurona-sareen portaera in vivo ez da in vitro dutenaren guztiz berdintsua. Hurbilketa teoriko berri batek, in vivo neurona-sareen berezko aktibitate berri baten jatorria antzeman du. Jorge Mejíasek kontatzen digu A new type of spontaneous activity in the brain identified-en.
Materia iluna misterio bat dela ez da berria. Interesgarria suertatzen ari dena da, misterio honen ebazpenera eroango gaituen prozesua ikustea. Hipotesi eta esperimentu desberdinak eta batzuk eta besteen arteko eztabaidak. Eztabaida hauen atal bat dakarkigu Víctor Marinek: Attacking the spherical cow model of dark matter.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-fcb40127c6f6 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/08/29/anatomiari-buruzko-terminologia-osoa-euskaraz-biltzen-duen-atlasa/ | Giza anatomiari buruzko terminologia osoa euskaraz | unknown | 2014-08-29 00:00:00 | Giza anatomiari buruzko terminologia osoa euskaraz
Medikuntzan eta osasun zientzietan erreferentziazko testuliburua da "Máster" Atlas de Anatomía. Lana argitaratzen duen Marbán argitaletxeak 4. edizioa argitaratu zuen 2013an eta aurten UPV/EHUk, nazioartean ere onespena jaso duen lan honen, itzulpena landu eta plazaratu du: Giza anatomiako atlasa.
Giza anatomiako atlasa anatomia deskriptiboa eta anatomia topografikoa eta sekzionala konbinatzen duen argitalpena da. 725 orrialde eta 14 atal dituen testu zabal honetan giza gorputza bere osotasunean azaltzen da. Izan ere, giza anatomiaren euskarazko terminologia osoa lehendabizi biltzen duen argitalpena da atlasa. Terminoekin batera, azalpenetan lagungarriak diren irudi zehatzak ere baditu liburuak.
Izendapenak azaltzeko mila irudi baino gehiago ditu atlasak, gehienak ilustrazio ikusgarriak dira, baina badaude ere hainbat teknikaren bidez lortutako argazkiak: erradiografiak, erresonantzia magnetikoak eta ekografiak, besteak beste. Liburua osatzeko, izendapen guztiak lau hizkuntzatan dituen glosario erabilgarri bat du: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta latinez (nazioarteko Nomina Anatomicaren arabera).
UPV/EHUk Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin argitaratu duen lan honek euskara zientifikoaren garapenean laguntzea du helburu, goi-mailako hizkera eta lexikoaren ezagutza eta normalizazioa bultzatuz.
Liburua itzultzaile profesionalen, UPV/EHUko Neurozientziak saileko irakasleen eta Euskara Zerbitzuko kideen lanari esker gauzatu da eta emaitza ikusgarria da, argitasunez eta prezisioz azaltzen baitira giza anatomiaren egitura konplexuenak ere. | science |
zientzia_kaiera-38d9bcc6deb0 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/08/28/bitartean-krimean/ | Bitartean, Krimean… | Antonio Cantó | 2014-08-28 00:00:00 | Bitartean, Krimean…
Antonio Cantó
Gerrek eta gatazkek, albo kalte ugari dakartzate. Gehienetan kalte izugarriak dira, baina badira bitxiak direnak ere. Bitxia izan da hain zuzen ere Krimean gertatu den azkena, errusiarren eskura aldatu baitira hainbat erakunde zientifiko-tekniko berezi. Besteak beste, hala gertatu zaio Espazio Sakoneko Sare Sobietarrak duen antzinako NIP-16 estazioari. Instalazio honek RT-70 izeneko radiotesleskopio eta radar planetario oso handia du, eta errusiarrek bereganatu dutenetik, mezu ugari bidali zaizkie ustez Lurraz kanpo egon daitezkeen zibilizazioei: gizakiak bidali dituen guztietatik erdia baino gehiago bidali dira bertatik, azken tarte horretan.
Polikiago aztertuko dugu kontua. Geroztik, Espazio Sakoneko Komunikazio Guneak (errusieraz TsDKS), edo Eupatoria Radar Planetarioak [1] ez du esku hartu inongo gatazkan, ez du inongo kalterik jasan, eta antza, normaltasunez dihardu lanean [2]. Besterik gabe, aldatu egin zituzten ateetako guardiak (edo agian guardiek besoko bandera aldatu dute, ez dakigu ziur). Langileek, lehen hrivniatan eta orain errublotan hartzen dute bere soldata, baina lanean ari dira, Roskosmosen ebaluazioaren zain [3]. Indarkeriarik gabe "zientzialariak baikara eta zibilizatuak oso". Dirudienez, nazioarteko elkarlanek ere bere horretan jarraitzen dute. Nik behintzat ez dut horren aurkako berririk aurkitu.
Bandera errusiarra dago era berean beste hainbat tokitan: Itsas Institutu Hidrofisikoan (Ozeanografiako Institutua), Sebastopoleko Teknologia eta Industria Nuklearreko Unibertsitate Nazionala (urpekoetako erreaktore atomikoak egiten dituena), edo Krimeako Behatoki Astrofisikoa. Azken honek badauka Simeiz laserraren bidezko satelite-monitorizazio sistema bat, mende honen hasieran gaurkotua [4]. Egoera berean daude halaber ontziola espezializatuak, eta itsas ikerkuntzako erakundeak. Guztira hogeita bost bat erakunde zientifiko-tekniko joan dira errusiarren eskura. Tartean arrazoi politiko eta historikoak daudelarik, Krimea pribilejiozko tokia izan da eta Errusiar Batasunak bere garaian tankera honetako gune asko eraiki zituen. Gune hauek Ukrainaren esku gelditu ziren, eta orain Errusiaren esku.
Baina bereziki deigarria gertatzen zait Eupatoriako instalazio hau (Yevpatoria, Yevpatorya, edo errusieraz Евпатория eta ukranieraz Євпато́ ). Kontu asko daude tartean. Lehenengo eta behin, instalazio hau bereganatuta, Errusia espazio sakoneko lur-sareaz jabetu da. Beste bi gune nagusiak Hartzaren Lakuetan eta Ussuriisken daude, Pazifikoaren kostaldean, eta elkarrekin konektatuta, oso oinarri zabaleko interferometria-sistema osatzen dute. Beraien bidez, Sobietar Errepubliken Batasunak bestelako munduetara bidali zituen lehendabizi Venera izeneko espazio arteko ontzi ospetsu haiek. Berdin bidali zituen Vega egitasmoaren barruan Fobos zundak, eta X izpiak eta gammako Granat teleskopio espaziala (sic). Honela, kontrolpean mantentzen dute besteak beste Sektr-R erradioteleskopioa. Azken honen antzera, beste hainbat behatoki kosmiko handi eraiki nahi dituzte, zerua frekuentzia tarte zabal batean aztertzeko: banda milimetrikoetatik (Spektr-M) ultramorera (Sektr-UV) eta gamma izpietara (Spektr-RG). Estazio hauek funtsezko funtzioa beteko dute etorkizunean, Martitzera edo urruneko beste planeta batzuetara egingo diren misioetan. Baliagarriak dira era berean, Lurretik hurbil dabiltzan objektuak antzemateko.
Hasieran ere esan dizut zeinen interesgarria den beste kontu bat: RT-70 honek ahalbide ditu kanpoko munduarekin komunikatzeko egin izan diren giza saio gehienak (METI, edo SETI aktiboa). Izan ere, radar-astronomiarako ahalmen handia du. Mezu hauetarako beste gailu bat ere erabili da: Pluton konplexua. Izan ere, Pluton sistemako antenak izan ziren giza mezu guztietan lehena: "Bakea/Lenin/Sobietar Errepubliken Batasuna". 1962ko urriaren 19tik 24ra egin zuten [5]. Handik hamabi urtera, Frank Drake, Carl Sagan eta lagunek antzerakoa egin zuten Arecibotik (Puerto Rico).
Egia esan, "Bake" mezu hau (mendebaldean Morse mezua deitu izan zena), Pluton sistemaren esperimentu bat zen, eta garrantzi gutxi zeukan lurraz kanpoko bizidunei mezu bat bidaltzeko aukera hark. Berez, irrati-errebote bat egin nahi zuten Venus planetan, irrati-amateurrek egiten duten ilargi-errebotearen antzera. Ekipoak doitu eta telemetria-datu zehatzak lortzea zen benetako asmoa, dena ere Venera egitasmoari begira. Eta behin hitz egiten hasita, esango nuke beste banderatxo kosmiko bat ere landatu nahi zutela, Sputnik, Gagarin eta abarrekoei jarraiki.
Hau guztia dela eta, erraz susmatuko zenuen igorpena ez zegoela pentsatua estralurtarrek deskode zezaten, eta berez giza igorleen lehentasunak ase nahi zituzten. Seinale direkzional bat igorri zuten 770 Mhz-an: Pluton konplexuko ADU-100 emisoreetarako estimatutako direkzionalitatea: arku-minutu bat; lehenengo mezuak "МИР" hitza zeraman ('bakea' edo 'mundua') eta bigarrenak "ЛЕНИН СССР" ("Lenin Errusiar Errepubliken Batasuna"). Biak ere Morse kode errusiarrean bidali ziren. Eta laburra izan zen kontua: zortzi minutu baizik ez, bi mezuetatik luzeagoa izan zen bigarren mezurako.
Estralurtarrak nekez egongo dira errusieraz jantzita, eta are gutxiago ezagutuko dute hizkuntza horren Morse kodea. Halaber, ez dituzte bereganatuko giza kontuak, alegia, Vladimir Ilich bezalako pertsonaiak edo bakea eta Sobietar Errepubliken Batasuna bezalako kontzeptuak. Edonola, igorpen indartsua izan zen (gutxi gorabehera 40 kW); nahiko direzkionala eta artifiziala oso, baina une honetan bertan Lurretik 52 argi-urtera dago Libra konstelaziora bidean. Igorpena bera da mezua: "begira, hemen bada erradioteleskopioak eraikitzen dakien norbait". Are bitxiagoa da bidean dagoen Gliese 581 izenekoa. 1962.ean ez genekien, baina horko aldean badaude hainbat exoplaneta, bizitzari eusteko gai izan litezkeenak [6]. Gilese 581 hogei argi-urtera dago gutxi gorabehera, eta beraz, duela 32 bat urte igaroko zen "bake" mezu hura alde horretatik. Oraingoz, erantzunik ez.
Mezu gehiago igorri dira. Sobietar garai iragan eta gero, Eupatoriako RT-70 izenekoak, aurreko Pluton konplexua baina askoz ere indartsuagoa eta direkzionalagoa zelarik, beste lau mezu igorri ditu: Dei Kosmiko izeneko bi (1999 eta 2003), eta Nerabearen Mezua izenekoa (2001) eta Lurraren mezua (2008). Arecibokoa ez bezala, beste mezu hauek behin baino gehiagotan errepikatu dira, 16 aldiz guztira. Eta hainbat helmugatara abiarazi dira: Beltxarga, Sagita (ez Sagitario), Izurdea, Hartz Handia, Geminis, Virgo, Hidra, Dragoia, Orion, Kantzer eta Libra. Baita Andromeda galaxiara ere. Guztira, hamazortzi mezu, nik ezagutzen ditudan hogeita hamarretatik. Agian baten bat gehiago igorriko zuten garai sobietarrean.
Gauzak asko aldatzen ez badira, errusiarra da Espazio Sakoneko Eupatoria gunea oraingoz. Eta errusiarren esku dago halaber planeta arteko ontziak kontrolatzea, eta mezu estralurtarrak igorri edo hartzea ere. Garrantzia ote du honek guztiak? Denborak esan beharko.
[1]Zaitsev, Alexander L.: "Rationale for METI." (2011ko maiatzaren 22a) arXiv:1105.0910v1.
[2] Zak, Anatoly: "Crimean space connection." Russianspaceweb.com-en 2014ko apirilaren 18a.
[3] Interfax-Ukraine: "Roscosmos assesses capabilities of deep space communication center in Crimea." Kyiv Post, 2014 martxoaren 24a.
[4] Dmitrotsa, A., Minin, O., Neyachenko, D., Shtirberg, L., Tatevian, S.: "Upgrading of the Simeiz-1873 SLR Station." 13. International Workshop on Laser Ranging-eko dokumentua "Toward Millimeter Accuracy", 2002ko urriaren 7tik 11ra, Washington DC. Goddard Space Flight Center artxiboan, NASA.
[5] Zaitsev, Alexander L.: "РадиовещаниедляВнеземныхЦивилизаций." SETI Zentro Zientifiko-Kulturalaren 15. buletinean (1999ko uztaila-abendua) (1.3) , Konstantin Tsiolkovsky Kosmonautika Akademia (Zientzien Akademia Errusiarra), Moskuko Lomonósov Estatu-Unibertsitatea.
[6] Robertson, Paul; Mahadevan, Suvrath; Endl, Michael; Roy, Arpita: "Stellar activity masquerading as planets in the habitable zone of the M dwarf Gliese 581." Science, 2014ko uztailaren 3a. DOI:10.1126/science.1253253.
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da | science |
zientzia_kaiera-e4b5c0ff6458 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/08/27/dardarak-kosmoaren-oinarrietan/ | Dardarak Kosmoaren oinarrietan | Javier San Martín | 2014-08-27 00:00:00 | Dardarak Kosmoaren oinarrietan
Javier San Martín
John M. Kovcakek eta bere taldeak aurtengo martxoaren 17an eman dute jakitera grabitazio-uhinak aurkitu dituztela. Alegia, Big Bangen oihartzuna aurkitu dute nonbait. Hori aditzera eman denetik, zientzialariak asaldatuak dabiltza oso, tartean zuzeneko edo okerreko arrazoi batzuk daudelarik. Batzuek pozez gainezka hartu dute berria, iragarri baitute gure unibertsoaren jatorria eta geroagoko hedadura azaltzen dituzten teoriak egiaztatuak gertatuko direla azkenean. Beste batzuek ordea, azpimarratu dute ezohiko aurkikuntzak egiaztatzeko ezohiko frogak behar direla. Azkenik, beste batzuek ezbaian jarri dute aurkikuntza bera, hainbat irizpideri eutsita. Edonola, kosmologo bat bera ere ez da lasai gelditu.
Hala ere, komunikatzaileentzat oso interesgarria izan da bai aurkikuntza, bai aurkikuntza jakitera emateko era, eta bai era horrek ekarri dituen ondorioak. Izan ere, oso entzutetsua izan da berria, baina martxoan jakitera eman bada ere, ekainera arte ez zaie beste zientzialariei kontuak eztabaidagai jartzeko moduko zehaztapenik eman, Physical Review Letters aldizkarian.
Harvardeko Unibertsitateak dio John M. Kovacek 20 urte daramatzala lanean Amundsen-Scott basean, Hego Poloko lehortasun eta atmosfera-egonkortasuneko klima baldintza bereziez baliaturik. Erradioteleskopio belaunaldi ugariren diseinua, inplementazioa eta eragiketak egin izan ditu.
Kovac irakasleak esan du mikrouhinen argi-heinean zeruaren polarizazioaren neurketak egin zirela 2010-2012 tarteko hiru denboraldietan, eta horri esker atzeman duela BICEP-2 teleskopioak hizpide hartu dugun hau.
Bestela esanda, gogora dezakegu imanek paper baten azpian nola taxutzen dituzten paperaren gainean dauden burdina limadurak. Horren antzera jokatzen dute grabitazio-uhinek, era bitxi batera lerrokatu edo orientatzen baitu Big Bangetik, hau da, "mikrouhin-gailutik" etorritako argia. Horrela lateralitate jakin bat ematen zaio argiari, eta ezker edo eskuin lateralitatea dela esan genezake. BICEP-2 izenekoak mapa bat marraztu du, lerrokamendu horren ondorioak bilduz.
Kovacen taldeko ikerlariek, baieztatu dute B izena eman izan zaion eredu bat betetzen dela. Eredu hau, bakarra da, beren hitzetan, eta dirudienez, grabitazio-uhin jakin batzuek eraginda gertatzen da. Big Bang gertatu zenean, muturreko tenperatura eta dentsitate baldintzak zeuden, eta une horretan, denbora frakzio infinitesimal batean sortuko ziren grabitazio-uhin horiek. Denbora labur horretan, hazkunde esponentzial bat gertatuko zen. Horrexetan datza Unibertso Inflazionarioaren Teoria deitu izan dena.
Jakin beharrekoa da ordea zuzen interpretatu den polarizazio hori eta bai ondo asmatu ote diren polarizazioaren eragileak. Hortxe desadostasunak. Izan ere, Nature aldizkarian Princetowngo Unibertsitatean irakasle den Paul Seinhardtek baieztatu du "bira horiek berdin-berdin sor ditzakete bestelako gertaera batzuek, hala nola hautsean zehar argiak jasaten duen dispertsioak, edo eremu magnetikoen inguruan elektroiek mugitzean sortzen duten erradiazioak, azken hau gure galaxiaren barruan." Alegia, baliteke mapa hori gure galaxiak berak sortu izana, eta hori azalpen bakunagoa izango litzateke grabitazio-uhinena baino.
Hor dago koska: Kovackek ez du egiazki frogatu hasierako grabitazio-uhin haiek sortu zutenik mapa, eta tartean, egon litezke beste eragile batzuk, hala nola Seinhardtek eta beste zientzialari batzuek esandakoak.
BICEP-2k eman duen interpretazioa ez ezik, teleskopioak ikus dezakeena ere eztabaidagai da. Patricio Vielvak, Instituto Astrofísico de Cantrabrian (IFAN) lanean ari delarik, adibide argigarria eskaini du, antzemandako seinalearen iturri izan litekeenari begira.
Vielvak, baieztatu du oso berezia den "gorputz beltzaren erradiazioa" izenekoari dagokiola ustezko grabitazio-uhinetatik omen datorren seinalea. Aztertzen den frekuentzia bakoitzean, bada energia-dentsitate espezifiko bat, soil-soilik tenperaturaren mendekoa dena. Alegia, tenperatuak konstante dirau, erradiazioa frekuentzia desberdinetan behatuta ere. "Hori dela eta, hainbat frekuentzia desberdin izan behar ditugu, zeren eta frekuentzian konstantea ez den seinale bat, ez da gorputz beltz baten seinale bat, eta badakigu ordea Big Bang gorputz beltza izan zela. Hots, hainbat frekuentziatan saiatu behar gara, eta BICEPek frekuentzia bakarra dauka… Laburbilduta, nekez baiezta daiteke aztergai dugun hori hondo kosmikoa ote den, ez dugulako zerekin erkatu".
Bestela esanda, zaila edo ezinezkoa izango dugu jakitea BICEP-2k unibertsoaren hasiera aldiko seinale bat atzeman ote duen. Horixe jakin nahi dute zientzialariek, baina baliteke gure galaxia bera edo antzerako objektu hurbilago batek sortu izana seinalea.
Berez, Kovakek ez du bere artikuluan guztiz baztertu beste hipotesia, hau da, hauts emisio polarizatuak izan litezke honen guztiaren eragile.
Gainera, aurretik ere atzemanak ziren grabitazio-uhinak. 2013.ean, Antartidako teleskopio batek B ereduko polarizazio bera atzeman zuen, baina orduan, behaketaren lehengo planoan dauden galaxiek eragindako kurbaturari egotzi zitzaien behatutakoa.
Egileek ez dute atzera egin, baina azken egunotan, baieztapenari hainbat ñabardura gehitu dizkiote. Antza, urrira arte ez da aurkeztuko Planken behin betiko mapa, "mikrouhin-gailuaren" hondoan kokatua. Agian orduantxe argituko dira zalantzak, eta aukera izango dugu unibertsoaren bilakaeraren teoria horiek behin betiko egiaztatzeko ala gezurtatzeko.
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-cde24b2d2bd9 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/08/26/glutenarekiko-intolerantzia-populazioaren-1i-eragiten-dion-gaixotasuna/ | Glutenarekiko intolerantzia: populazioaren % 1i eragiten dion gaixotasuna | unknown | 2014-08-26 00:00:00 | Glutenarekiko intolerantzia: populazioaren % 1i eragiten dion gaixotasuna
Francisco Javier Eizaguirrek glutenarekiko intolerantzia baldintzatzen duten faktoreak aztertu ditu haren tesi lanean. Egindako lanak ondorioztatu du, D bitaminaren gene hartzailearen polimorfismo multzo bat proportzio handiagoan azaltzen dela kontroleko populazioan (gaixotasuna ez duten pertsonetan) gaixotasun zeliakoa dutenetan baino. Beraz, Eizaguirre doktorearen esanetan "mota horretako geneak ez dituztenek arrisku handiagoa dute zeliakoak izateko".
Gaixotasun zeliakoa glutenarekiko intolerantzia iraunkor bat da. Glutena jateak eragiten du, hau da, zereal batzuen irinak dituen proteina batzuk (batez ere gari-irinak, baina baita zekalearenak eta garagarrarenak ere, beste batzuen artean). Gaixotasuna garatzeko, derrigorrezko faktoreak dira glutena eta gaixotasuna hartzeko joera genetikoa izatea, eta, horiez gain, baita ingurumen-faktore batzuk ere. Paziente zeliako gehienek dituzte HLA DQ2 eta HLA DQ8 molekula genetikoak. Baina gaixotasuna ez duten pertsonen % 30ek ere molekula genetiko horiek berak dituzte. Horregatik, gaur egun, gaixotasun horrekin zerikusia duten beste gene batzuk ikertzen ari dira. Izan ere, paziente zeliakoen lehen graduko senitartekoek arrisku handiagoa dute gaixotasuna izateko gainerako herritarrek baino. Gaixotasunak populazioaren % 1i eragiten dio, nahiz eta gehienak ez dauden diagnostikatuta.
"Glutenik gabeko dieta eginda sendatu egiten da gaixotasuna, baina, oraingoz, bizitza osorako tratamendua behar du" azaldu du medikuntzako doktore eta pediatriako espezialista Francisco Javier Eizaguirrek.
UPV/EHUn egindako ikerketan, D bitaminaren gene hartzailearen aldaera edo polimorfismoak aztertu dituzte. Izan ere, D bitamina lotua dago patologia autoimmuneekin, beste funtzio batzuk ere betetzen dituen arren -hala nola gorputzari laguntzea hesteko kaltzioa xurgatzen-. "Lan horren bidez, ikusi nahi genuen D bitaminaren gene hartzailearen polimorfismoek ba ote duten loturarik gaixotasun zeliakoarekin, zeina gaixotasun autoimmune bat baita" azaldu du Eizaguirrek.
Ikerketan, 61 paziente zeliako eta haien lehen graduko 132 senitartekoak multzo bakarrean bildu, eta kontroleko populazio batekin alderatu zituen (gaixotasun zeliakorik eta bestelako gaixotasun autoimmunerik ez zuten pertsonak). Kontroleko populazioa gaixotasun autoimmuneen aurrekari familiarrik eta pertsonalik gabeko 88 paziente euskaldunek osatu zuten. Ikusi zuen bazela aldea batzuen eta besteen artean. Zehazki, hauxe ondorioztatu zuen Eizaguirrek: "D bitaminaren gene hartzailearen Fok I polimorfismoaren FF genotipoa proportzio handiagoan agertzen da kontroleko populazioan populazio zeliakoan baino (estatiskikoki esanguratsua da proportzioa); beraz, genotipo hori ez duen populazioak 2,6 aldiz arrisku handiagoa izango luke zeliakoa izateko". "Polimorfismo horrek gaixotasunetik nolabait babesten gaitu" gehitu du.
Francisco Javier Eizaguirre Arocena medikuntzako doktorea da eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko arloko mediku espezialista. "Contribución del gen VDR en la susceptibilidad autoinmune en niños con enfermedad celíaca y en sus familiares de primer grado" izenburua duen tesia aurkeztu berri du UPV/EHUn. | science |
zientzia_kaiera-53f9004d0d5e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/08/25/zientzia-kaiera-urtebete-zientzia-eta-teknologia-gizarteratzen/ | Zientzia Kaiera: urtebete zientzia eta teknologia gizarteratzen | unknown | 2014-08-25 00:00:00 | Zientzia Kaiera: urtebete zientzia eta teknologia gizarteratzen
Claudia Loaiza Escutia ikertzaileak zientzia gizarteratzeko moduak, aukerak eta zailtasunak aztertu ditu azken urteotan. Horren baitan Europako bost ikerketa zentroetako 112 zientzialari elkarrizketatu zituen, zientzia-komunikaziorekiko hauek dituzten joerak eta iritziak ezagutzeko. Egindako lanaren emaitzek erakutsi dute, zientziaren komunikazioa beharrezkotzat jotzen badute ere, oso zientzialari gutxik lantzen duela komunikazioa. Hainbat arrazoi zirela medio, ikertzaileak ondorioztatu du haren lanean Europako zientzialariek zailtasunak dituztela gizartera eta kazetariengana iristeko. Zientzia eta teknologia gizartera hurbiltzea, ez soilik zientzialarientzako, erronka handi bat izaten jarraitzen du, gaur egun ere.
Erronka horri aurre egiteko asmoarekin sortu zen iaz Zientzia Kaiera, eta jada urte bat bete du egitasmoak zientzia-gaiak gizartera hurbiltzen. Tarte honetan bloga finkatzen joan da eta, hobetzeko eta ikasteko asko badugu oraindik ere, hau da izandako esperientziaren emaitza.
Urtebetean 236 artikulu argitaratu ditugu 30 kolaboratzaileen laguntza eta lanari esker. Astean zehar, eta gerora asteburuetan, bloga edukiz janzten joan da zortzi atal nagusitan sailkatzen diren artikuluak argitaratuz.
2013ko irailaren 1etik 2014ko uztailaren 31ra Zientzia Kaierak 14.923 bisita izan ditu eta bisita horiek 7.077 bisitarik egin dituzte. Bisitarien kopuru handi bat bueltatu egiten da blogera behin baino gehiagotan, bisitari guztien %47,42a. Zientzia Kaierara hurbildu den bisitariak bisita bakoitzean 2 orrialde ikusi ditu eta 2´48´´ eman ditu bertan. %52,58 bisitari berriak izan dira eta %47,42 ohiko bisitariak.
Gurera hurbiltzen diren erabiltzaile ohikoenak gazteak dira, 18-34 urte tartekoak. Bisitarien %54,15 gizonezkoak izan dira eta gainontzeko %45,85 andrazkoak eta honako gaiek piztu die jakin-mina: medikuntzak, kirolak eta osasunak, teknologiak, biologiak eta zientziaren historiak. Eta gaiak ahaztu gabe, interes gehien piztu duten artikuluak, bisitari kopuruari erreparatuz, honako hauek izan dira:
Zientzia Kaiera bisitatzen duen erabiltzailea sare sozialen bidez hurbiltzen da batez ere blogera. Izan ere, bisiten %57,61 Twitter eta Facebook bidez etorri dira. Bisiten %10,27 beste webgune edo atari batetik sartu dira, Sustatu.eus, Berria.eus, Unibertsitatea.net edota Blogetan.com-etik batik bat. Google bilatzailearen bidez %11,75 dator eta gainontzekoak, %20,37, zuzenean sartu dira.
Ikasturte berrian lanean jarraitzeko asmoa dugu. Aurreko esperientzia eta emaitzak kontuan hartuz zientzia eta teknologia gaiak plazaratuko ditugu, azken berrikuntzen berri emango dugu eta protagonistak hurreratuko ditugu. Ikasturte honetan atal berriak sortuko ditugu, kolaboratzaileekin bide berriak uztartuko dira eta hamaika gairi ekingo diogu. Espero dugu irakurleon gogokoa izatea hauek eta hala ez bada, zuen proposamenak eta iradokizunak atseginez jasoko ditugu. Horretarako gurekin harremanetan jartzea besterik ez duzue. Izan ere, Zientzia Kaiera leiho irekia da. Aurrera! | science |
zientzia_kaiera-0c3ae8648b14 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/28/zientzia-kaiera-oporretan/ | Zientzia Kaiera oporretan | 2014-07-28 00:00:00 | Zientzia Kaiera oporretan
Etenaldi bat egingo dugu blogeko jardunean. Udako oporrak direla eta, Zientzia Kaiera bloga eta honen Twitter kontua ere, @zientzia_k, ez dira egongo aktibo. Abuztuaren amaieran bueltatuko gara. Laster arte! | science |
|
zientzia_kaiera-cd3eb854276f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/28/uztailaren-28an-duela-100-urte-gasaren-gerra-hasi-zen/ | Uztailaren 28an, duela 100 urte, gasaren gerra hasi zen | Josu Lopez-Gazpio | 2014-07-28 00:00:00 | Uztailaren 28an, duela 100 urte, gasaren gerra hasi zen
Josu Lopez-Gazpio
1914ko ekainaren 28an, txiripaz izan bazen ere [1], Gavrilo Princip gazte serbobosniarrak Frantzisko Fernando Austria-Hungariako artxiduke eta tronurako hautagaia tirokatuta hil zuen. Hilabete bat beranduago -justu duela 100 urte, 1914ko uztailaren 28an -Austria-Hungariak Serbiari gerra deklaratu zion horrek baldintza onartezinak zituen ultimatumari uko egin ondoren. Europako herrialdeen arteko itunen ondorioz, Sarajevoko atentatua gerraren sugarra piztu zuen txinparta izan zen, izan ere, 1914ko abuztu amaierarako Europan Gerra Handia abian zen. Lehen Mundu Gerra Europak ordura arte ezagutu zuen gerrarik suntsitzaileena izan zen eta amaitu zenean mundua zeharo desberdina zen. Lau inperio Europako mapatik desagertu ziren.
1. irudia: Erdialdeko potentziak (gorriz), indar aliatuak (berdez) eta herrialde neutralak (horiz).Gatazka mundu-mailakoa izan zen, bi bloke handi aurrez-aurre ipiniz [2]. Alde batetik, erdialdeko potentziek osatutako blokea zegoen -Alemania, Austria-Hungaria, Otomandar inperioa eta Bulgaria bilduz, besteak beste- eta bestetik indar aliatuek osatutakoa -Frantzia, Britainia Handia, Errusia, Italia, Estatu Batuak, Japonia, Serbia eta Errumania, besteak beste- nahiz eta herrialde guztiak ez ziren 1914an gerran sartu.
Gerra Handi hura 1918ko azaroaren 11an amaitu zen, Compiègneko bagoi batean -bide batez, bagoi horrek historia benetan bitxia du [3] -goizeko 5:12ean armistizioa sinatu zenean. Su-etena egun horren goizeko 11:11ean ezarri zen, alegia, 11. hilabetearen 11. orduaren 11. minutuan. Lehen Mundu Gerra Europak ordura arte ezagutu zuen gerrarik suntsitzaileena izan zen eta amaitu zenean mundua zeharo desberdina zen. Lau inperio Europako mapatik desagertu ziren -Alemaniarra, Austro-Hungariarra, Errusiarra eta Otomandarra-, horien ordez hainbat nazio berri sortu edo birsortu ziren -Austria, Hungaria, Txekoslovakia, Jugoslavia, Polonia, Finlandia, Ukraina, Estonia, Letonia, Lituania, Irak, Siria eta abar-, eta beste batzuk, muga-aldaketak jasan zituzten gerraren bloke irabazlean edo galtzailean egotearen arabera -Errumania, Italia eta Bulgaria kasu- [4]. Uztailaren 28tik kontatzen hasita 1.567 egun pasa zituen munduak gerran eta 10-12 milioi zibil eta 8-9 milioi militar hil ziren [5],[6]. Azken horietako 91.000ri buruz hitz egingo dizuet.
1914 urtearen amaierarako fronte gehienetan gerra lubakietan geldituta zegoen eta, ordutik aurrera etsaia garaitzeko estrategia berrietan pentsatzen hasi ziren bi blokeak. Britainiarrek ontzidi garrantzitsuagoa zutenez, Alemaniaren itsas-merkataritza blokeatu zuten. Horren ondorioetako bat, Alemania Txileko nitrato hornidurarik gabe geratzea izan zen eta nitratoak ezinbestekoak ziren lehergaiak eta munizioa egiteko. Alemaniak hori bazekienez, 1909an "nitrogeno proiektua" abian jarri zuen, aireko nitrogenotik amoniakoa, eta hortik nitratoak lortzeko. Fritz Haber-ek (2. Irudia) lortu zuen hori era eraginkorrean egiteko prozedura -1918ko Nobel saria irabazi zuen-, baina, 1917ra arte nitratoen ekoizpen industriala ez zen bideragarria izan [7].
Alemaniak nitratoen krisia jasaten zuen bitartean, Erich von Falkenhayn Estatu Nagusiko buruak arma ez-konbentzionalak bilatzea eskatu zuen eta tinduen industrian aurkitu zituzten. Tindugintzan konposatu kimiko toxikoak erabiltzen ziren, hala nola kloroa eta fosgenoa, eta horrelakoak gerran erabiltzea pentsatu zuten. Bide batez, aipatu behar da konposatu kimiko toxikoak aspalditik erabili izan direla helburu militarrekin, baina, "adin-nagusitasuna" Lehen Mundu Gerran eskuratu zutela esan daiteke [8]. Hala ere, 1899ko eta 1907ko Hagako Konbentzioetan gas itogarri toxikoak zabaltzea helburu bakartzat duten jaurtigaiak (sic) erabiltzea debekatu zenez, hasiera batean nazio guztiek gerra kimikoari -oraingoz hitz hori erabiliko dut- uko egin zioten. Baina, gerraren desesperazioak jota, azkenean alemaniarrek o-dianisidin klorosulfonatoa aukeratu zuten Ni-Schrapnel jaurtigaiak egiteko. Konposatu horren toxikotasuna nahiko baxua zen eta narritadura eta doministikuak eragiten zituen nagusiki. Hagako Konbentzioa ez urratzeko, aipatutako Ni-Schrapnel jaurtigaiek konposatu toxikoaz gainera berunezko bolak zituen, izan ere, horrela jaurtigaiaren helburu bakarra ez zen konposatu toxikoa zabaltzea. Erdialdeko potentziek eta indar aliatuek antzeko konposatu kimikoak -negar-eragileak eta narritagarriak- erabili zituzten, hala nola xilil bromuroak, bentzil bromuroak, etil bromoazetatoa eta kloroazetona, baina, horien efektuak txikiak izan ziren eta ez zuten hildakorik sortu. Dena den, hasierako esperimentu horietan arma kimikoek indar handia izan zezaketela frogatzeko balio izan zuten, nahiz eta askoz toxikoagoak ziren konposatuak erabili beharko ziren. Bi blokeetan ikerketa asko egin ziren arma kimiko eraginkorrenak lortzeko: 3.000 substantzia inguru ikertu ziren eta horietako 30 erabili ziren gerran. Jarraian 3 aurkeztuko dizkizuet.
Gas negar-eragileen ondorioak ikusita, Fritz Haber harrituta geratu zen kimikaren aplikazio horrekin [9]. Garai horretan Haberrek Lehengaien Saileko kimikako atalean lan egiten zuen eta, hainbat saiakuntza egin ondoren, gas eraginkorrena kloroa zela konturatu zen -izan ere fosgenoa baino ugariagoa zen Alemanian une horretan-. Haberrek etorkizunean Nobel saridunak izango ziren beste zenbaiten lankidetza ere izan zuen, esaterako, Otto Hahn, James Frank eta Gustav Hertz. Alemaniako Estatu Nagusiak Ypresko bigarren batailan -apirilaren 22tik maiatzaren 25era iraun zuena- erabiltzea erabaki zuen eta 1915eko martxorako ia 6.000 kloro bonbona prestatu zituzten frontean.
Bonbonak lurrazpian gordetzen ziren eta sakabanatze-hodiak bakarrik irteten ziren azalera, aldeko haizea noiz egon zain. 1915eko apirilaren 22an, bonbonak ireki eta 168 tona kloro askatu zituzten indar aliatuen lubakietan (3. Irudia). Gas erasoak ustekabean harrapatu zituen aliatuak eta izua zabaldu zen soldaduen artean. Gas-lainoaren aurrean zer egin jakin gabe, 5.000 soldadu hil eta 15.000 intoxikatu ziren kloroaren ondorioz. Alemaniarrek Hagako Konbentzioa ez zutela apurtu adierazi zuten, jaurtigaien ordez bonbonak erabili zituztelako. Bi hilabete beranduago, 1915eko ekainean, britainiarrek lehen gas erasoa egin zuten Looseko batailan, 150 tona kloro erabiliz. Kasu horretan erasoa ez zen hain eraginkorra izan, baina, efektu psikologikoa garrantzitsua izan zen. Bi armadak laster konturatu ziren gas erasoek soldaduen adorean zuen eragin latza: gasik gabe ere, gas-maskara une oro jarrita eduki behar izateak soldaduen eraginkortasuna murrizten eta ikara sortzen zuen [7].
Ikuspuntu kimikotik, aipatu behar da kloroak biriketako urarekin erreakzionatzen duela azido klorhidrikoa emanez. Ondorioz eztula, okadak eta begien narritadura sortzen ditu kontzentrazio txikian dagoenean eta 1.000 ppm-ko kontzentraziotik gora heriotza azkarra ekar dezake. Ikuspuntu militarretik, gasak kontrolatzea oso zaila zela konturatu ziren, haize aldaketa baten ondorioz gas-lainoak norabidea alda zezakeelako. Horretaz gainera, Ypresko erasoaren ondoren, pixkanaka-pixkanaka gasen aurkako maskarak erabiltzen hasi ziren lubakietan eta beste edonon, arma kimikoen eragina mugatuz.
1915eko udan, Kaiser Wilhelm Institutuan eta Fritz Haberren gidaritzapean, fosgeno gasa ikertzen ari ziren. Kimikoki, fosgenoa COCl2 molekula da (5. Irudia), gas koloregabe eta belar moztu berriaren usaina duena. Airea baino lau aldiz dentsoagoa da eta agente itogarria da, kloroaren gisara, baina kloroa baino askoz ere toxikoagoa da [8]. Fosgenoa biriketako albeolo-mintza zeharkatzeko gai da eta intoxikatu denari arnasestua eragiten dio; intoxikazioa handia bada, aldiz, birikak likidoz betetzen dira eta horrek heriotza dakar zenbait orduko latentziaren ondoren. Alemaniarrek erabili zuten lehen aldiz fosgenoa, 1915eko abenduaren 19an eta Lehen Mundu Gerran hildako gehien sortu zituen substantzia izan zen. Gas toxikoen eraginez hil zirenen %80-85a fosgenoaren ondorioz hil zela zenbatetsi da [7], [10].
Zenbait kasutan, fosgenoa edo kloroa bakarrik erabili ordez bi gasen konbinaketa erabiltzen zen erasoa eraginkorragoa izateko. Indar aliatuek ere gas-nahaste beldurgarria prestatu zuten, alemaniarrek masken-brecher izena jarri ziotena, alegia, maskara apurtzailea. Nahaste horrek %75 kloro eta %25 kloropikrina zuen eta bigarren konposatuaren helburua goragalea sortzea zen. Une horretan, soldaduak gas-maskara kendu egin behar izaten zuen eta orduan kloroa arnastuta intoxikatzen zen.
1915-1916 urteetan bi armadek era inprobisatuan eta deskoordinatuan erabili zituzten gas toxikoak, baina, 1917tik aurrera gasen erabilpen-doktrinak garatzen hasi ziren eta gerra-toki gehienetan erabili zituzten. Gainera, lubakietan desgaste-gerra ez atzera ez aurrera zegoenez, geroz eta garrantzia handiagoa eman zitzaien arma ez-konbentzionalei. Zerrenda beltz honen hirugarren substantzia ziape-gas ezaguna da (6. Irudia). Ziape-gasa kimikoki bis(2-kloroetil) sulfuroa da eta bere usainagatik du izen hori. Iperita ere deitzen zitzaion, lehen aldiz Ypresko hirugarren batailan erabili zelako, 1917ko uztailaren 12an eta, hori ere, alemaniarrek erabili zuten lehendabizi.
Kloroa eta fosgenoa ez bezala, ziape-gasa agente besikantea da, alegia, azalean erredurak, ultzerak eta babak sortzen dituen substantzia [8]. Bestalde, izena ez da guztiz egokia, izan ere giro tenperaturan konposatu likidoa da eta ez gasa. Konposatu alkilatzailea da eta azaleko zelulak hiltzen ditu bertako uraren presentzian. Ur ingurunea behar duenez, gorputzeko zonarik hezeenak dira gehien kaltetzen dituenak, hala nola begiak, arnas-aparatua, axilak eta genitalak (7. Irudia).
7. irudia: Ziape-gasaren ondorioak.Ikuspuntu militarretik eraginkortasun handia zuen, izan ere, soldaduak hil beharrean -intoxikatuen %2-3 inguru hiltzen ziren- ezgaituta uzten zituen. Horrek baliabide gehiagoren kontsumoa suposatzen du, izan ere, zaurituen ebakuazioa eta tratamendua ezinbestekoa da. Hasiera batean gas-maskarak ez ziren ziape-gas intoxikazioa saihesteko gai eta intoxikazioen albo-ondorioek benetako izua sortzen zuten lubakietan. Are gehiago kontuan hartzen badugu, kasu askotan, intoxikatuak ez zirela ohartzen gasa arnasten ari zirela eta ondorioek 24 orduko latentzia izan zezaketela, hortaz, zenbait ordu pasatzen ziren erredurak edo itsumena agertu arte (8. Irudia).
Lehen Mundu Gerrako fronteetan guztira 12.000 tona ziape-gas zabaldu zirela kalkulatzen da [12] eta gasen erregea izan zen. Eraginkortasun militarraren ikuspuntutik, etsaiari baja bat sorrarazteko 250 kg lehergai konbentzional edo 3-10 kg ziape-gas behar zirela kontuan hartzen badugu [7]. Aipatutako gasen laburpen interesgarria 9. irudian aurki dezake irakurleak.
Sarreran aipatu dudan bezala, Lehen Mundu Gerran 91.000 soldadu hil ziren gas toxikoen ondorioz; eta horietaz gainera, 1.300.000 baja inguru sortu zituztela kalkulatu da. SIPRIren (Stockholm International Peace Research Institute) arabera honako hauek dira gas-ekoizpen datuak: Alemaniak 62.000 tona, Frantziak 34.000, Britainia Handiak 23.000, AEBk 5.000 eta Errusiak 3.500 [13]. Bestalde, aipatu behar da bonbona eta jaurtigaietan bakarrik erabili zirela, eta ez zela gas toxikoen bonbardaketarik egon hirietan -ziurrenik teknologia oraindik garatu gabe zegoelako-. Hasiera batean bi blokeek Hagako Konbentzioa ez urratzeko nahia adierazi bazuten ere -trikimailuen bidez izan bazen ere-, 1916ko Verdungo batailan alemaniarrek fosgenoa nonahi erabiltzen hasi zirenean, aliatuek ere arma kimikoak erabiltzearen kontrako beldurra galdu eta beraiek ere gauza bera egin zuten.
Orokorrean, gas toxikoek ez zuten erabaki gerra nork irabaziko zuen -hildako soldaduen %1a bakarrik hil zen gasen ondorioz-, baina, garrantzitsuak izan ziren bataila askotan. Eta ez bakarrik hildakoak eragiteko gaitasunagatik, baizik eta gasek sortzen duten efektu psikologiko latzaren ondorioz.
Amaitzeko, arma kimikoen ikuspegi etikoa aztertzea ere derrigorrezkoa da -artikulu bikain honetan ere informazio gehiago eskura dezake irakurleak [14]-. XIX. mendean arma kimikoak ez zirela "gizatiarrak" esaten zen eta, ildo horretatik, Hagako Konbentzioetan arma kimikoen aurkako hitzarmenak ezarri ziren. Lehen Mundu Gerran, eta batez ere horren ondoren, gas toxikoak erabiltzearen aldeko eta aurkako argudioak agertu ziren, arma kimikoak gizatiarrak ziren ala ez erabaki behar zenean. Izan ere, ez da erraza arma kimikoak immoralak direla argudiatzea. Fritz Haber berak, arma kimikoak konbentzionalak baino hobeak zirela zirela esaten zuen eta aliatuen artean ere, baziren gas toxikoen aldekoak. Zergatik ziren immoralak gasak eta ez lehergailuen bitartez sakabanatutako metal puskak? Ez dugu ahaztu behar Hagako Konbentzioak hegazkinetatik jaurtitako bonbak eta urpekuntzien torpedoak ere debekatzen zituela.
10. irudia: OPCWren hitzarmena.Egun, OPCWren (Organisation for the Prohibition of Chemical Weapons) arabera (10. Irudia) [15], arma kimikoak dira, besteak beste, substantzia kimiko toxikoak (sic) -Paracelsok dosis sola facit venenum esango luke orain-. Era berean, substantzia toxiko horiek "bizi-prozesuetan duten eragin kimikoaren ondorioz heriotza edo ezgaitasuna eragin dezaketen substantziak" dira. Definizio horren arabera, obus baten jaurtigaia edo hegazkin baten bonbardaketa arma kimikoak direla esango nuke. Beraz, nire iritziz nekez erabaki liteke arma mota bat ona edo txarra den. Are gutxiago armak kimikoak diren ala ez, izan ere, ba al da kimikoa ez den armarik? Kloroa, fosgenoa, ziape-gasa… guztiak dira gaitzesgarriak, baina baita balak, bonbak, bolbora eta beste guztiak ere. Arazoa ez da armena, kimikarena edo zientziarena, gizakiena baizik. Eta zoritxarrez uste dut, eguneroko albisteek berresten duten bezala, gerra gizakiari datxekion ezaugarria dela.
Erreferentziak:[1] G. Ugidos: Chiripas de la Historia, La Esfera de los Libros (2013) 200-219.[2] mapsoft.net[3] cultura.elpais.com[4] History Channel: La Gran Guerra, La Primera Guerra Mundial al Descubierto, The History Channel Iberia B.V. (2013).[5] A. Astorri, P. Salvadori: Atlas Ilustrado de la Primera Guerra Mundial, Susaeta (2002) 160-161.[6] I. Westwell: I Guerra Mundial, Día a Día, 1914-1918, Libsa (2002) 184-185.[7] R. Pita: Armas Química, La Ciencia en Manos del Mal, Plaza y Valdés (2008).[8] J.A. Martínez Pons: Armas Químicas: Qué Son y Cómo Actúan, Anales de la Real Sociedad Española de Química, 102 (2006) 55-64.[9] D. Charles: Between Genious and Genocide, Jonathan Cape (2005).[10] compoundchem.com[11] militaryhistorynow.com[12] A.M. Prentiss: Chemicals in War, McGraw-Hill (1937) 199.[13] SIPRI: The Problem of Chemical and Biological Warfare, Volume 5, Almqvist &Wiksell (1971) 165.[14] A. Santisteban: Las Dos Caras de la Ciencia y una Guerra que Cambió el Mundo, abaritz.com (2014)[15] OPCW
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da. | science |
zientzia_kaiera-f23b58784869 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/20/asteon-zientzia-begi-bistan-22/ | Asteon zientzia begi-bistan #22 | unknown | 2014-07-20 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #22
Oporren usaina badago ere, asteon Interneten jorratu dira zientzia-gaiak. Hona hauen bildumatxoa. Begirada bat emango diogu?
Elhuyar aldizkarian hainbat gai izan dituzte hizpide. Klima-aldaketak espezien kokapenari eta populazioari eragiten dizkion aldaketak ikertzen duen nazioarteko ikerketa-talde baten lanari erreparatu diote aldizkarian. Zehazki Antartikako pinguino enperadore kolonien populazioari nola eragiten dion kontatu digute Pinguino enperadorearen koloniak: aurreikuspen ezkorrak artikuluan.
Horrez gain, Eider Cartonek Rosetta zundaren misioaz hitz egin digu. Abuztuaren 6an, Rosetta, 10 urteko bidai bat egin ondoren, kometa baten orbitan jarriko den lehen ontzia izango da. 67P/Churyumov–Gerasimenko kometaren orbitan eta horrez gain, azaroan Rossetaren Philae ontzia bidaliko dute kometara, bertan lur har dezan: Rosetta misioaren jomuga nukleo bikoitzeko kometa bat da.
Ana Galarragak, aldiz, Massachusettseko Ospitalean transplantatzeko egokiak diren organoek denbora gehiago iraun dezaten metodoa garatu dutela jakinarazi digu. Ospitale honetan egindako frogetan, hiru egunez kontserbatutako organoak transplantatu dituzte modu arrakastatsuan, hori bai, momentuz arratoietan: Aurrerapauso handiak transplanteetarako organoen iraupenean eta sorreran.
Osasunarekin jarraituz, Amaia Portugal kazetariak gainpisuari buruz jardun du Zientzia Kaieran. Munduko Osasun Erakundearen arabera, urtero 3,4 milioi lagun hiltzen dira obesitateak ekarritako ondorioen eraginez. Obesitateari aurre egiteko asmoz eta hainbat ikerketa-lerro dituzte ikertzaileek. Esaterako EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldeak. Honek, Predimed-Plus proiektuan parte hartuko du, dieta mediterraneoaren eta ariketa fisikoaren arteko konbinazioak obesitatean zer inpaktu duen neurtzeko asmoz. Datu guztiak XXI. mendeko epidemiaren kontra lehian artikuluan.
Eta gehiegizko pisuaz ere idatzi du Koldo Garcia biologoan Edonola blogean. Kasu honetan, obesitatea uztartzen du genetika eta kulturarekin. Obesitatea neurri handi batean heredatzen dela dakigula diosku Koldok, baina faktore genetikoek ihes egiten digutela. Metabolismoan inplikatuta hainbeste osagai genetiko daudenez zaila da guztiak ezagutzea eta horietako aldaera bakoitzaren eragina ulertzea. Baina non dago obesitatearen gakoa? Dietan ala genoman? Erantzuna, Jatekoa pilatu goserik ez izateko artikuluan.
Itsaso Zubiria kazetariak Sanfilippo sindromea ekarri digu Argian. Sanfilippo entzima batean akatsa izatean datza. Gizakiok mutatutako ehun bat gene izaten ditugu, eta mutazio horietako batek eragiten du entzima jakin horren akatsa. Ez da ohikoa, ehun pertsonatik batek izaten baitu gene espezifiko horren mutazioa eta gainera ezinbestekoa da guraso biengandik jasotzea gene mutatua. Ohikoa ez den gaitz latz hau tratatzeko, tratamendu berri bati atea ireki diote: Tratamendu genetikoa Sanfilippori aurre egiteko.
Sustrai Colinak aldiz, Oscar Fernández Capetillo biokimikari euskalduna elkarrizketatu du. AEBko Minbiziaren Ikertegi Nazionalean egin zuen lan eta egun, Madrilgo CNIO-ra ezegonkortasun genomikoaren ikerketa-taldearen burua da. Hainbat sari jaso ditu ikertzaileak eta erreferentziazko Cell aldizkari zientifikoak munduko 40 ikertzaile gazte aipagarrienen zerrendan sartu berri du. Zientziaz, ikerkuntzaz, minbiziaz eta hainbat gauzaz dihardu Ezin dugu botiken bilakaera osoa farmaziaren esku utzi artikuluan.
MicroCHIPS enpresa estatubatuarrak hamasei urterako balio duen txip antisorgailua sortu du eta Joxerra Aizpuruak aurkezten digu ere Argia aldizkarian: Antisorgailua txip batean.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-bb59948a6b9e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/19/ezjakintasunaren-kartografia-22/ | Ezjakintasunaren kartografia #22 | unknown | 2014-07-19 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #22
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Bizidun forma konplexuen eboluzioa gertatzen dela onartzen badugu ere, aitortu behar dugu, gure aurreiritzi kognitiboek holako kontzeptu bat erraztasunaz onartzea oztopatzen dutela. Prozesua ulertzen ahalegintzeko modu bakarra da… txikian pentsatzea. Hau da, Shakespearen imajinazio berbera erabiliz, O Phosphate! Where art thou? artikuluan iradokitzen diguna Carlos Romá-Mateok adibide zehatz bat proposatzerakoan: proteinen fosforilazio estrategia molekularra.
Herrialde garatuetan ospitaleetan beharrezkoa den odola borondatezko odol-emateen bidez lortzen da. Hori bai, herrialde bakoitzak antolaketa xehetasun propioak ditu. Baina, lagun dezake arlo honetan merkatutekniaren inplementazioak efizientzia hobetzen? José Luis Ferreirak erantzuten du The market for blood artikuluan.
Munduko zazpi mirarien artean, soilik piramide harrigarriek zutik diraute. Are harrigarriagoa da hau, pentsatuz gero, piramideok hareazko itsas baten erdian eraikiak daudela eta inguruetan aurkitu ez daitezkeen materialekin eginak daudela. Nola egin zuten egiptoarrek, harean harrizko bloke erraldoiak garraiatzeko? Carlos Casanuevak azaltzen digu Moving pyramid stones on sand artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-037304a8e1e2 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/18/zientzialari-11-gotzone-barandika/ | Zientzialari (11) – Gotzone Barandika | unknown | 2014-07-18 00:00:00 | Zientzialari (11) – Gotzone Barandika
2014 Kristalografiaren Nazioarteko urtea da. Diziplina honek garrantzia handia duen arren, ez da oso ezaguna gure inguruan. Berari buruz gehiago jakiteko Gotzone Barandika UPV/EHUko Kimika Ez-Organikoko irakaslearengana jo dugu.
Non topa ditzakegu kristalak? Zein da kristalaren eta beiraren arteko ezberdintasuna? Zertarako erabiltzen da kristalografia zientzian? Galdera hauen erantzunak topatuko dituzu beheko bideoan.
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean.
Zientzialari 11 – Gotzone Barandika from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-c9719633dff7 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/16/xxi-mendeko-epidemiaren-kontra-lehian/ | XXI. mendeko epidemiaren kontra lehian | Amaia Portugal | 2014-07-16 00:00:00 | XXI. mendeko epidemiaren kontra lehian
Amaia Portugal
Urtero 3,4 milioi lagun hiltzen dira gehiegizko pisuak edo obesitateak ekarritako ondorioen eraginez, Munduko Osasun Erakundearen arabera. EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldeak Predimed-Plus proiektuan parte hartuko du, dieta mediterraneoaren eta ariketa fisikoaren arteko konbinazioak obesitatean zer inpaktu duen neurtzeko.
Arroparen neurriak ez du piperrik axola. Europan 42, Erresuma Batuan 14, AEBn 8… estetika bidegabe baten araberako irizpide arbitrarioak dira horiek. Tamainak badu garrantzia berez, baina motibazioa osasuna denean eta neurgailua fidagarria eta gutxi gorabehera homogeneoa bada soilik. Gorputz masaren indizea (GMI), kasu.
GMIa gehiegizko pisua eta obesitatea kalkulatzeko baliatzen den formula bat da: GMI = kg / m2. Hau da, pertsona baten pisua zati bere altuera ber bi. Emaitza 25 baino handiagoa bada, pertsona horrek gehiegizko pisua duela esan ohi da, eta 30etik gorakoa izanez gero, obesitatea. Azken urteotan, gero eta maizago ateratzen dira 25 baino handiagoak diren balioak formula hori aplikatzen denean. Kasu honetan, bai, tamainak izan dezake garrantzia, gaitz batzuk jasateko probabilitate handiagoa ere badakartelako zifra horiek.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, 2008an 20 urtetik gorako populazioaren %35ak zuen gehiegizko pisua (1.400 milioi lagun) eta %11k zeukan obesitatea (200 milioi gizonezkotik gora eta ia 300 milioi emakumezko). Haurrei dagokienez, 2012ko datuek diotenez, bost urtetik beherako 40 milioi umetik gora ziren behar baino gehiago pisatzen zutenak. Mendebaldeko herrialde deituriko horietan, bederen, gantz eduki handiagoak dituzten produktuak jaten ditugu gaur egun, eta mugimendu fisiko txikiko lan eta bizimoduak dauzkagu. Horrek ez du esan nahi gehiegizko pisua duen edonork ez duela bere burua zaintzen, ez eta argal dauden guztiek barazki asko jan eta kirola egiten dutenik ere. Baina azken hamarkadotako bilakaeraren kausak badira agerikoak.
GMI altua izatea bihotzeko arazoak edukitzeko arrisku handiagoari lotzen zaio. Gainera, diabetesa garatzeko probabilitatea handiagoa da, bai eta osteoartritisa edo bularreko zein koloneko minbizia izatekoa ere. Munduko Osasun Erakundeak dio urtero 3,4 milioi lagun hiltzen direla gehiegizko pisuak edo obesitateak ekarritako ondorioen eraginez. Gainera, diabetesak dakarren zamaren %44a, kardiopatia iskemikoenaren %23a eta zenbait minbizienaren zati bat (%7 eta %41 artean, motaren arabera), gehiegizko pisuari edo obesitateari dagozkio.
Badago arrazoirik, beraz, obesitatea XXI. mendeko epidemia dela esateko.
Gehiegizko pisua eta gehiegizko gantza bat datoz sarritan, eta horregatik, osasuntsuago egoteko gantz eduki txikiagoa duten produktuak jan behar direla pentsa liteke, besterik gabe. Lotura ez da erabat proportzionala, ordea. Euskal Herriko Unibertsitatearen parte hartzea izan duen ikerketa batean egiaztatu dutenez, dieta mediterraneoak eragin positiboagoa du gaitz kardiobaskularrei dagokienez, are gantz eduki txikiagoa duten beste dieta batzuek baino.
Izan ere, Maria del Puy Portillo EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko kideak zuzentzen duen Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldea Predimed izeneko estatu mailako proiektu garrantzitsu batean aritu da. Arrisku kardiobaskular handia zuten 7.500 lagunekin egin zuten lan ikerketa honetan, horien elikadura ohiturak aldatuz. Predimedeko ikertzaileen arabera, gaitz kardiobaskularra garatzeko arriskua %30 murriztea lortu zuten hala, dieta mediterraneoa aplikatuta. Zehazki, oliba olioa, fruitu lehorrak, barazkiak, frutak, lekaleak eta arraina zituen oinarri dieta horrek. Aldi berean, ikerketan parte hartu zutenek murriztu egin behar izan zuten haragi gorriaren, edari azukretuen, industria opilen, gozoen eta gurinaren kontsumoa. Alkoholari dagokionez, otorduetan ardo pixka bat edateko aukera zuten.
Predimed proiektuaren ondotik, Predimed-Plus ekimena jarri dute abian orain, eta honetan ere arituko da Portilloren taldea. Oraingoan obesitatea jorratuko dute bete-betean, ikerketan parte hartuko duen lagina 27 eta 40 puntu arteko GMIa duten 55 eta 75 urte arteko sei mila gizon-emakumek baino gehiagok osatuko baitute. Kaloria gutxiko dieta mediterraneoaren eta ariketa fisikoaren arteko konbinazioak obesitatearekiko zer inpaktu duen aztertzea da asmoa. Horretarako, gainera, bi milioi euroko diru laguntza jasoko dute Europar Batzordetik. Izan ere, Predimed proiektuaren koordinatzailea ere izan zen Miguel Angel Martinez Gonzalezek (Nafarroako Unibertsitateko katedraduna) ERC beka prestigiotsua jaso du, egitasmo berri hau finantzatzen laguntzeko.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-b88edf2824d0 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/14/industria-prozesuetan-erabiltzen-diren-roboten-energia-kontsumoa-murriztu-daiteke/ | Industria-prozesuetan erabiltzen diren roboten energia-kontsumoa murriztu daiteke | unknown | 2014-07-14 00:00:00 | Industria-prozesuetan erabiltzen diren roboten energia-kontsumoa murriztu daiteke
Robotak gero eta ugariagoak dira industria-prozesuetan, ataza errepikakorrak azkar, zehatz eta modu fidagarrian egiteko duten ahalmenagatik. Gaur egun, kontrolagailu digitalen bidez eragiten zaie robot horien giltzaduren motorrei. Horiek guztiek modu eraginkor batean lan egin dezaten garatzea eta programatzea ez da erronka makala. UPV/EHUko Unai Ugalde Olea ikertzaileak, ildo horretatik abiatuta, robot edota sistema horiek energia-eraginkortasun handiagoz higiarazteko bidea aztertu du. Honen ikerketak erakutsi du, kasu batzuetan roboten energia-kontsumoa % 40 murriztu daitekeela. Ikerketa Control Engineering Practice aldizkarian argitaratu dute.
Irudika dezagun, une batez, etengabe kafe-kikara bat hartu eta kikara hori ahora eraman behar duen robot baten besoa. Beso robotiko horren giltzadurak nolabaiteko malgutasuna eta motor elektriko bat behar ditu izan, goranzko eta beheranzko mugimendua eragiteko. Horrenbestez, motor horri aginduak eman behar zaizkio, giltzadura horrek besoari dagozkion mugimenduak egin ditzan. "Motor bati une oro eman behar zaizkio aginduak. Izan ere, motorrak une oro (denbora jarraituan) jakin behar du zein angelutan egon behar duen bere ardatzak. Gaur egungo kontrolagailu digitalek, berriz, une jakin batzuetan (denbora diskretuan) baino ez dituzte aginduak ematen; aginduak laginka edota taupadaka bidaltzen dituztela esan daiteke: orain bat, eten txiki bat, eta gero beste bat, eten txiki bat…eta horrela" azaldu du Unai Ugaldek, UPV/EHUren Teknologia Elektronikoaren Saileko irakasleak. Hain zuzen ere, agindurik gabeko lagin-tarte horretarako proposamen berri bat egin du UPV/EHUko ikertzaileak lan honetan.
Oro har, industrian, agindu berri bat helarazten ez den bitartean, azkenengo aginduari eusten zaio. Alegia, kontrol-agindu berria heldu arte, aurrekoari egiten zaio kasu. "Ikerketa honetan ikusi dugu joera hori alda daitekeela. Azken agindua ez ezik azkenaurrekoa ere oinarritzat hartuta, bi balio horien funtzio polinomiko bat erabili dugu prozesua nolabait berreraikitzeko" adierazi du Ugaldek. "Horixe izan da, hain zuzen, ikerketaren berrikuntza" gehitu du.
Gaurdaino, kontrol-agindu berria heldu arte aurrekoa hartzen zen kontuan, hau da, kontrol-sistemen literaturan "zero ordenako berreraiketa" (zero-order reconstruction) deitzen dena egiten zen. Baina hori ez da aukera bakarra, eta horretan zentratu da, hain zuzen, ikerketa-lan hau. Azkenaurreko agindua eta azkenekoa abiapuntutzat hartuta, bi aginduak kontuan hartzeak ekar ditzakeen onurak aztertzea eta esperimentalki egiaztatzea izan ditu helburu. Berreraiketa hori laua barik lineal maldaduna denean, "frakzio-ordenako berreraiketa" (fractional-order reconstruction) deritzo, eta, aski ezaguna bada ere, nahiko baztertuta egon da orain arte.
Ugaldek egiaztatu du berreraiketa polinomikoak edo frakzio ordenako berreraiketak bereziki interesgarriak izan daitezkeela izaera malgua duten giltzaduretan, roboten ukondo eta eskumuturretan, besteak beste. Izan ere, laborategian egindako entseguek erakutsi dute "motorrak higitzeko eskatzen duen energia nabarmen murrizten dela, kasu idealizatu batzuetan % 40ra arte, agindutako ibilbidearen zehaztasuna galdu gabe" adierazi du Ugaldek.
Saiakuntza horiek laborategi mailan eta eskala txikiko prototipo batean egin dituzte; hau da, baldintza idealizatuetan. Hurrengo urratsa litzateke "industria mailan ere horrenbesterainoko aurrezpena lor daitekeen edo ez ikustea" nabarmendu du UPV/EHUko ikertzaileak. Nolanahi ere, "hobekuntzak txikiagoak balira ere, eta badirudi hala gertatuko litzatekeela, energia elektrikoaren kostua ikusita, aurrerapen nabaria ekarriko luke" gehitu du.
Unai Ugalde Olea (1968, Bilbo) ingeniari elektrikoa da, eta Fisika Zientzietan doktorea. Gainera, Teknologia Elektronikoaren Saileko irakaslea da UPV/EHUko Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan. Hain zuzen, eskola horretan egin du "Generalized Hold Devices for Digital-to-Analog Conversion in Electronically Controlled Systems" izeneko doktore-tesia, Rafael Bárcena eta Koldo Basterretxea irakasleak zuzendari zituela. Control Engineering Practice aldizkarian argitaratutako ikerketa hau tesi horren testuinguruan kokatzen da.
Iturria: U. Ugalde, R. Bárcena, K. Basterretxea. "Generalized sampled-data holds to reduce energy consumption in resonant systems". Control Engineering Practice 26: 28-40. (2014) | science |
zientzia_kaiera-dda8cc0217ed | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/13/asteon-zientzia-begi-bistan-21/ | Asteon zientzia begi-bistan #21 | unknown | 2014-07-13 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #21
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien bilduma. Begirada bat emango diogu?
Ozeanoak plastikoz beteta daude. Malaspina itsas-espedizioak ur azalean dagoen plastiko kopurua kalkulatu du eta emandako datuen arabera, 1970tik aurrera itsasora bota den milioi bat tonatik egun, 7.000 eta 35.000 tona artekoa da guztira ur azalean metatuta dagoen kopurua. Dirudienez, milioi bat tona horretatik falta dena itsas hondora joan da eta horrez gain, behin plastikoa zati txikietan desegin ondoren, arrainek irentsi dute. Guztia azaltzen digu Amaia Portugalek Berrian: Ozeano bete mikroplastiko.
Eta ozeanoen osasunez gain, Amaia Portugalek Lurra eguzkitik babesten duen eremu magnetikoaren osasunari erreparatzen dio Zientzia Kaiera blogean. Europako Espazio Agentziak (ESA) Swarm izeneko hiru satelitedun misioa bidali zuen espaziora iazko azaroan eremu magnetikoen egoera aztertzeko. Eremu magnetikoak gure planeta inguratzen du, eguzki koroak bidaltzen digun kargadun partikulen zaparrada elektrikotik babesteko. Datu guztiak Babesten gaituen oskola ezagutu nahian artikuluan.
Oxfordeko Unibertsitatean eta Londreseko King Collegen Alzheimerra aztertzen diharduen ikerketa-talde batek, gaixotasunaren diagnostikoa errazteko aurrerapauso bat eman du. Ikertzaileok odol test baten bidez pertsona bat urtebeteko epean gaixotuko ote den antzemateko modua aurkitu dute. Odol testak %87ko doitasuna duela esan dute baina hala ere ikertzen jarraitu behar dute. Arantxa Iraola kazetariak kontatzen digu Berrian: Alzheimerrari aurrea hartzeko bidean, izpi bat.
Ana Galarragak bi gai jorratu ditu asteon Elhuyar aldizkarian. Lehenak nekazaritzarekin zerikusia du, artoarekin zehazki. Egun ezagutzen dugun artoa ez da orain dela mende batzuk ezagutzen zen berdina. Gaurkoa emankorragoagoa da. Baina, ez da intsektuei aurre egiteko gai lehengoak bezala, gaitasuna galdu baitu. Honi buelta emateko, Suitzako ikertzaile batzuek gaitasun hori itzultzeko lanean dabiltza, eraldaketa genetikoaren bitartez: Artoari berea itzultzen, eraldaketa genetiko bidez.
Artoa albo batera utzita, Ana Galarragak lorik ez egiteak dituen eraginak plazaratu zituen. Nazioarteko ikerketa-talde batek egindako lanaren arabera, badirudi, lo-gabeziak eragin antidepresiboa sor lezakeela. Ikertzaileek ikusi dute 24 orduz lorik egin gabe egonez gero, metabolito batzuen kontzentrazioa areagotu egiten dela, eta horien artean eragin antidepresiboa duten triptofanoa, serotonina eta taurina daude: 24 orduz lorik ez egiteak metabolismoan duen eragina ikertu dute.
Jon Ander Galarraga biologoak konpostajea du hizpide Konpostazank! blogean eta azken asteotan hainbat gai jorratu ditu. Oraingoan, urteetan egindako lanaren ondorioz erabili edota osatu dituen hitzen bilduma propioa dakarkigu: Konpost hiztegian. Bertan, estratifikazioa, tapoi anaerobikoak, adreilu nahastea eta beste kontzeptu batzuen esanahia ezagutzeko aukera dugu.
"Zergatik ez duzu gaixotasun honentzat zerbait aurkitu?" galdetzen diotenean Koldo Garcia biologiari, aitortzen du horren aurrean ez duela izaten erantzun zuzenik. Gaixotasunak ikertzeko orduan hainbat gauza izan behar dira kontuan, adibidez, oinarri genetikoa edo genomako aldaera. Eta, zein aldaerak sortzen ditu gaixotasunak, gutxitan agertzen den aldaerak edo ohikoak diren aldaera batzuen konbinazio jakinek? Honen erantzuna Edonola blogean, Mozkorrak bezala, giltzak bilatzen artikuluan.
Kruzero-misilak, ojibak, misilen aurkako ezkutuak, hiperabiaduradun planeagailuak…, arma-lehia bat ote da hau? Antoni Cantók teknologiaren aplikazioaz hitz egin digu Zientzia Kaiera blogean, abiadura supersonikoa duten planeagailuei buruz. AEB, Txina eta Errusia soinutik gorako abiaduradun planeagailuak garatzen ari dira, atmosfera barruan, soinutik gorako abiaduretan distantzia handiak egiteko gai diren planeagailuak. Interes handia dute gai honetan, baina zertarako balio ote du honelako aparailu batek? Erantzuna, Etorkizuneko guduetarako armak: soinutik gorako abiaduradun planeagailua artikuluan.
Eta errepasoa amaitzeko Unibertsitatea.net atarian Deustuko Unibertsitatean adimen artifizialaren eta sistema autonomoen esparrua lantzen duen ikertzaile gazte bati egindako elkarrizketa dugu. Gorka Azkuneri egindakoa. Adimen artifizialaren inguruan aritu da ikertzailea, diziplina horrek dituen ezaugarriak azaldu ditu eta etorkizun hurbil batean, makinen egoerari buruz hausnartu du. Gizakia menderatuko dute makinek, filmetan irudikatu ohi den bezala? Gorkaren ustez zaila da erantzuna, izan ere, adimen artifizialean eta bere inguruko diziplinetan oso urruti gaude oraindik.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-c7ba1bad5223 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/12/ezjakintasunaren-kartografia-21/ | Ezjakintasunaren kartografia #21 | 2014-07-12 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #21
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Noiz erabili duzu azkenekoz posta-seilu bat? Agian, asko dela edota inoiz ez baina baliteke zure esku artean eduki izana seilu tira bat. Behar bada tira tolesten ahalegindu zara, seilu bakar baten bateratuta gelditu dadin eta horrela errazago gorde. Baina, galdetu diozu zeure buruari zenbat modu dauden hori berori egiteko? David Ordenek bai, galdera egin du eta badirudi ez dela bakarra izan: In how many was can you fold a strip of stamps?
Zelularen kanpoaldetik barrura seinaleak eramaten dituen WNT bidea da, gehien ikertu den teilakatutako seinalizazioetako bat. Orain dela gutxi Sergio P. Acebrónen ikerketa-taldeak WNTk mitosian beste funtzio bat duela ere deskribatu du: proteinen degradazioa mantsotuz eta zelulakumeen tamaina areagotzea. Berak azaltzen du Growing big: extracellular cues boost growth in divining cells artikuluan.
Jesús Zamoraren manifestu positibistaren azken atalak gutxi utziko ditu epel. Izan ere, haren kritikoek planteatzen dituzten hiru objekzioei erantzuten baitie: epistemologikoa (zientziaren murrizgaitasuna), politika (zientziaren aliantza "gaiztakeriaren ardatzarekin") eta humanista (munduaren eragitea). Positivism is a humanism (a manifesto) (3/3).
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-384c9c97855a | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/10/etorkizuneko-guduetarako-armak-soinutik-gorako-abiaduradun-planeagailua/ | Etorkizuneko guduetarako armak: soinutik gorako abiaduradun planeagailua | unknown | 2014-07-10 00:00:00 | Etorkizuneko guduetarako armak: soinutik gorako abiaduradun planeagailua
"Isileko gauzak" ez daude bolada onean… tira ba, badaude bolada onean, eta mundu guztiak jakintzat ematen du hala behar dela… barne jantziak eraman beharraren antzera. Baina azken-azken boladako kontu militarra beste gauza bat da: hiperabiadura, eta zehazkiago, soinutik gorako abiaduradun irristagailu edo planeagailu goi mailakoa, hau da, hypersonic glide vehicles (HGV).
Izenak berak adierazten du ez direla berez propultsatzen diren ibilgailuak, baina hori bai, gidagarriak dira. Espazio-ontzi baten barruan bidaltzen dira, ICBM edo antzerako baten barruan. Gai dira nonbait atmosfera barruan soinutik gorako abiaduretan distantzia handiak egiteko. Kruzero-misilen azkarren antzerakoak dira baina azpimarratzekoa da ez direla X-51 Waverider edo Ayaks izenekoen antzera propultsatu egiten direnetakoak. Ez dira espaziotik atmosferara berriz sartzen direnetakoak, ez eta BrahMos izenekoaren antzera soinutik gorako abiaduradun misil behe mailakoetakoak. Planeagailu hauen funtsean, osoko eraso berehalakoa delakoaren adigaia dago (prompt global strike): ordu betetik beherako denboran urruneko ituetara iritsi, ohiko arma eznuklearrak erabilita.
Hau guztia dela-eta, Pentagonoak hedabide lagun batzuei helarazi die joan den urtarrilean berri interesgarri bat [1]: WU-14 izeneko kohete txinatar batek Mach 10 bat egin omen du hegalaldi batean, hau da, soinuarena baino hamar aldiz handiagoa den abiadura hartu du, soinutik gorako goi mailatik gertu (Mach 10-25). Beijingek ez du ez baietzik ez ezetzik esan, eta bi esaldiko ohar ilun batean baieztatu du Txinak planeatutako saioak eta zientzi ikerkuntza ohikoak direla, eta ez dutela ikusmiran inongo herrialderik edo iturik [2]. Apur batez beranduago, Aviation Week & Spacee Technology izenekoak gehitu zuen ez zela izan hegalaldi bakarra, eta bi aldiz gertatu zela kontua, 2014ko urtarrilaren 9 eta 19an hain zuzen. Taiyuango espazio-jaurtitzeetarako gunean [3]. Ez ditugu ondorioak ezagutzen. Edonola, Txinatar Herri Errepublikaren barruan gertatu bazen, hegalaldia ez zen 3.000 km baino luzeagoa izango, eta ziurrenik, Gobi eta Taklamakan basamortuetarantz egingo ziren, ohi bezala.
Berri horiek nahiko izan ziren Amerikako Estatu Batuetako Kongresuak ipar amerikar egitasmoaren beste saio bat finantzatzeko [4]. Izan ere, HTV-2 izenekoek porrota jasan ostean, amerikar egitasmoa geldirik zegoen nolabait [5]. Amerikantsy izena hartu duten horiek aspaldi zeuden lanean: gutxienez DARPAk 2003.ean Falcon egitasmoari hasiera eman zionetik, baina ziur aski askoz ere lehenago. HTV-2 hauek Mach 20 bat lortu zuten Ozeano Barearen gainetik 2010.eko apirilaren 22an [6] eta 2011.eko abuztuaren 11n (bideoa). Hala ere, kontrolpetik kanpo gertatu ziren hegalaldi biak, eta berez suntsitu ziren 9 minutu hegaz egon ostean (30 minutu aurreikusita zeudelarik ere) [7][8][9]. Agerian dago militarrek pixka batean haizatu egin nahi zutela arrisku horia edota arrisku gorria, edo dena delakoa. Edozer egingo lukete diru gehiago lortzeko, eta dirua erdietsi zuten bai WU-14 txinatarrari buruzko berriak hedatuz.
Errusiak bestalde, askoz ere egitasmo ilunagoa dauka soinutik gorako abiaduradun planeagailu goi mailako hori dela eta. Badirudi kontinenteen arteko RS-26 Rubezh misil balistiko berriko ojibak dituztela oinarri, misilen aurkako estrategia handinahiaren barruan. Horren barnean daude era berean RS-24 Yars eta urpetik igortzen den R-30 Bulavà direlakoak, eta bai erregai likidoko misil gainastuna, oraindik ere nahiko ezezaguna dena. Azken honi, SS-30 Sarmatian [10] deritzote batzuek. Soinutik gorako abiaduradun ojiba propultsatugabe horien proba bat izan da 2004.ean itxuraz porrota jasan zuena [11], Sei urte beranduago amerikarrek egin zutenak ere ez zuen arrakastarik izan. Azken bolada honetako zurrumurruak 4202 izeneko egitasmo baten [12] berri ematen ari dira. Dombarovsky konplexuan lanean leudeke, eta baliteke honelako planeagailuak garatzen egotea. Baina liteke sateliteen aurkako sistema berri bat garatzen egotea…edo batek daki. Badiotsut hau oso kontu iluna dela.
Arma-lehia baten itxura antzeman ote diozu? Hala dela dirudi. Amerikako Estatu Batuak, Txina eta Errusia gutxienez, lehian ari dira planeagailu hauetako bat abian noiz jarriko. Eta baliteke haietako batek dagoeneko neurri batean lortu eta isilgordean izana.
Hainbat kontu daude tartean. Alde batetik, inork ez dio gerra nuklear bati hasiera eman nahi. Izan ere, galduta egongo gizaki oro, hala gertatzekotan. Izatez, Hiroshima eta Nagasakikoa gertatu zenetik, inork ez du arma nuklearrik erabili nahi izan, hain kostu politiko larria dute arma nuklearrek. Beste alde batetik, misilen aurkako ezkutu hain ezagun horiek, hamarkadetan hainbeste dirua eta lana xahutu ostean, hasiak dira ojiba balistikoak geldiarazteko aukera aztertzen. Eta kontuan hartu behar da ojiba horiek gidagarriak ez badira ere, urrunera irits daitezkeela. Hainbat baldintzapen beteta, aukera hori errealitate bihur lezakete Aegis BMD estatubatuarrak edo S-500 errusiarrak, baina oraingoz garatzeko fasean daude horrelako aparailuak.
Misilen aurkako ezkutua erraz apurtu daiteke, baldin eta misil, ojiba eta bestelako aparailu asko bidaltzen badira, ezkutua saturatu arte. Bestetik, gerta daiteke tankera honetako ezkutuak antzerako teknologiako misilak baino garestiagoak izatea. Hala ere, ezkutu bat horrela apurtzeko, oso maila handiko erasoa beharko litzateke, eta horrek ziur aski, nuklearra izango litzatekeen munduko gerra batera eramango gintuzke. Eta egun, itun askok murrizten dituzte igorgailu eta ojiba kopuruak. Ez da egungo kontua ba tramankulu horien kopurua gora egiten egotea. Gainera, inork ez du osoko gerra bat abian jarri nahi. Gatazka peko itu jakin batzuk iritsi baizik ez da egin nahi. Ahal dela, prezisio handiko arma konbentzionalak erabili nahi dira, arma atomikoak desitxuroso geratzen direlako historia-liburuetan. Are hobe distantzia handietara iristeko modurik bada, armadak edo flota handiak mugitu gabe. Izan ere, horrelakoak urrunera eramatea, garestia da, denbora asko behar da eta gainera bada tartean armadak edo flotak etsaiek suntsituak gertatzeko arriskua.
Planeagailu hauek, azkenean lortzen badute beraiengandik espero dena, arazo horiek guztiak batera konponduko dituzte. Esan ohi den bezala, etxean gozo-gozo egonda lortuko da urruneko ituak iristea. Ojiba balistikoak kanpo espaziotik erortzen dira, baina planeagailu hauek nahiko garaiera txikian ibiltzen dira, radarraren horizontetik behera. Horregatik, berandu samar atzematen dira. Misil modernoek ere nekez atzeman eta geldiaraziko lituzkete. Are eraginkorragoak izango lirateke, iristeko laguntza badute. Gidagarritasun honek, ituaren detekzio zehatzerako ahalmenarekin batera, aukera emango du ituak zehatz-mehatz jotzeko. Beraz, nahiko izango da buru bakar bat, arma nuklearrek izaki oro suntsitzen baitituzte hainbat kilometro koadroan.
Ojiba balistika tradizionalak zailak dira suntsitzen, baina, iristeko laguntza hori badaramate, are zailagoa da MIRV direlakoak geldiaraztea, eta MaRV horien bidez, ezinezkoa. Planeagailuak, berriz ere abiapuntura eraman dute ezpata eta ezkutuaren arteko borroka. Ezpatak irabaztekoak ditu, unea, espazioa eta arma aukeratzen baditu, eta nahiko merke ateratzen da azken unean gaurkotzea edo birprogramatzea. Ezkutuak aldiz, bere horretan jarraitu behar du hor tinko, arma guztietarako erasoezin, bere zirrikitu guztietan. Gainera, eten gabe gaurkotu behar da eta horrek kostu handia darama. Laburbilduz, badugu ezpata berri bat, oraingo edo etorkizuneko puskatuko dituena.
Horregatik, pentsatzen hasiak dira ezkutu berriak egin ote litezkeen. Laser-armetan edo partikula azaoetan oinarrituko lirateke, baina oraingoz ez da ezer lortu. Agian etorkizunean behar bezainbesteko denbora eta dirua erabilita… Horra betiko leloa, giza historiaren indarkerian eta ergelkerian gelditu gabe aurrera doana.
[1] Gertz, B. (The Washington Free Beacon): "Hypersonic arms race: China tests high-speed missile to beat U.S. defenses." The Washington Times, 2014ko urtarrilaren 13.
[2] France Presse Agentzia: "China just tested a hypersonic missile vehicle." Business Insider, 2014ko urtarrilaren 16.
[3] Perret, B.; Sweetman, B.; Fabey, M.: "U.S. Navy sees Chinese HGV as part of wider threat." Aviation Week & Space Technology, 2014ko urtarrilaren 27.
[4] Gertz, B.: "Congress funds Army's hypersonic missile after Chinese strike vehicle test." The Washington Free Beacon, 2014ko maiatzaren 29.
[5] "DARPA refocuses hypersonics research on tactical missions." Aviation week & space technology, 2013ko uztailaren 8.
[6] AEBko Gobernua: "First Minotaur IV Lite launches from Vandenberg." Vanderberg-eko hegazki-baseko webgunean, Estatu Batuetako Aireko Indarra, 2010eko apirilaren 22.
[7] Waterman, S.: "Plane's flameout may end space weapon plan." The Washington Times, 2010eko uztailaren 22.
[8] DARPA: "DARPA hypersonic vehicle advances technical knowledge." Prentsa oharra, 2011ko abuztuaren 11.
[9] Rosenberg, Z: "DARPA loses contact with HTV-2." Flightglobal, 2011ko abuztua.
[10] GlobalSecurity.org: "SS-30 ?? / R-X-? Sarmatian New Heavy ICBM."
[11] Emelianenkov, A.: "ТайныйсоветвособнякеДемидова." Rossiskaya Gazeta, 2005eko otsailaren 2.
[12] Podvig, P. et al: "Object 370, Project 4202 and construction in Dombarovskiy." Russian strategic nuclear forces blog, 2013ko otsailaren 6.
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da | science |
zientzia_kaiera-5bd1316c25cf | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/09/babesten-gaituen-oskola-ezagutu-nahian/ | Babesten gaituen oskola ezagutu nahian | Amaia Portugal | 2014-07-09 00:00:00 | Babesten gaituen oskola ezagutu nahian
Amaia Portugal
Ez dago iparra galtzerik, atsotitzak halakorik badio ere. Bizi garen artean iparra pixka bat mugituko da beharbada, bai eta bizi ez garen artean iparra hego bihurtu ere, geroxeago azalduko dugunez. Baina ezin dugu iparra galdu, horretarako Lurrak bere eremu magnetikoa galdu beharko bailuke aurrena, eta hori gertatuz gero ez geundeke hemen. Hain zuzen, hura hobeto ezagutzeko, Europako Espazio Agentziak (ESA) Swarm izeneko hiru satelitedun misioa bidali zuen iazko azaroan, eta hasia da datu interesgarriak ematen.
Eremu magnetikoak gure planeta inguratzen du, baina bere bihotzean du jatorria. Lurraren kanpo nukleoan, 2.900 eta 5.150 kilometro arteko sakoneran, nagusiki burdinaz osatutako zurrunbilo likido bat dago irakiten. Bertan dauden korronte elektrikoek gidatuta, burdinak bizikleta baten dinamoak bezala jokatzen du, eta lurraren eremu magnetikoaren eragile nagusia bihurtzen du horrek. Mantuak, lurrazalak, ozeanoek eta atmosferaren parte diren ionosferak eta magnetosferak ere igortzen dituzte seinaleak, baina zalantzarik gabe, Lurraren bihotzetik datorren burdin horrek du zeresan handiena eremu magnetikoan.
Gure aterkia da Eguzkitik datorren jarioaren aurrean. Izan ere, eguzki koroak kargadun partikulak bidaltzen ditu espaziora etengabe, eta planetek nola edo hala eusten diete zaparrada elektriko horiei. Eguzki sistemako beste planetek ere badute oskol lanak egiten dituen eremu bat inguruan, baina Lurrarena ez da nolanahikoa: daukagun atmosfera hau eman digu. Eremu magnetiko hori gabe ez legoke bizitzarik, eta bizitzarik gabe horrelakoetan pentsatzea inozoa bada ere, sateliteek ere ezingo lukete funtzionatu. Adibide gutxi batzuk aipatzearren, GPSrik, sakelako telefonorik eta eremu magnetikoari esker iparrera begiratzen duen orratzik ez genuke izango.
Eremu magnetikoa aldakorra da, Lurraren kanpo nukleoko burdinazko zurrunbiloa mugitzen ari baita etengabe. Jakina da, adibidez, iparra deitzen dugun hori ez dagoela puntu zehatz batean geldirik; mugitzen ari da pixkanaka. Izan ere, zenbait ehunka milaka urtero polaritatea hankaz gora jartzen da. Hau da, halako batean, iparrorratza hegora begira jarriko da; iraganean gertatu da eta ondo bidean etorkizunean ere gertatuko da, baina ez dirudi horrek planetaren biziraupenari eragiten dionik. Bestalde, azken hamarkadetan eremu magnetikoa asko ahuldu dela ere bada jakina, eta hori izan daiteke kezkagarriagoa.
Hori guztia ikertzeko asmoz abiarazi zuen Swarm misioa ESAk. Bertako parte diren hiru sateliteetatik bik elkarren ondoan egiten dute lan, altuera berean: 460 kilometroko garaieran hasi ziren, baina 300 kilometrora ere jaitsiko dira misioak iraun bitartean. Hirugarren satelitea gorago dago, 530 kilometrora, eta bere inklinazioa zertxobait desberdina da, bere bi lankideenarekin alderatuta. Besteak beste, inoizko magnetometrorik zehatzenak daramatzate hiru gailuok, bai eta ionosferaren 3D irudiak ateratzeko punta-puntako tresneria ere. Misioak Lurraren eremu magnetikoaren eta bere bilakaeraren mapa zehatza osatzea du helburu, eta guztira lau urte egingo ditu orbitan.
Urte erdi pasatxo besterik ez da igaro misioari ekin ziotenetik, baina Swarm hasia da datu adierazgarriak ematen, eta hain zuzen ere horien berri eman zuen ESAk joan den ekainaren 19an, Kopenhagen egindako biltzar batean.
Datuok eremu magnetikoaren aldakortasun handia berretsi dute, sei hilabeteko denbora tarte txiki hori aski izan baita bilakaera ikusteko. Bildutako datuekin osatutako mapak erakusten duenez, eremua nabarmen ahuldu da Amerika osoaren gainean iazko abenduaz geroztik, baina ikertzaileek aurreikusi gabeko gauza bat ere gertatu da: Indiako Ozeanoan, Madagaskar eta Antarktika artean, sendotu egin da.
Nils Olsen misioaren lehen faseko arduradunak eta Danimarkako Unibertsitate Teknikoko Espazioaren Institutuko ikertzaileak biltzarrean azaldu zuenez, Hego Amerikaren gainean izaten ari den ahultzea da kezkagarriena: "Ipar Amerikan eremua sendoa da, orduan, azken sei hilabeteotan pixka bat ahuldu izana ez da dramatikoa. Baina Ozeano Atlantikoaren hegoaldean, eta Hego Amerikan bereziki, eremua ahula da, eta are gehiago ahultzeak askoz ere inpaktu handiagoa dauka. Litekeena da sateliteek distortsionatuta dagoen informazio arraroa biltzea hor". Izan ere, eguzkiak isuritako kargadun partikulek eragin handiagoa dute Lurraren oskola leunagoa den tokietan, eta sateliteei arazoak sorrarazteko aukera dago.
Aurrez aipaturiko iparrak eman du beste datu deigarria. Mugikorra izaki, jakina zen pixkanaka Siberia gaineko eremura ari zela jotzen. Hala ere, espero baino bizkorrago ari da bide hori egiten azkenaldian. "Mugitzen ari da duela ehun urtetik hona. Kontua da, abiadurari begiratuta, batez beste hamar edo hogei kilometro egin dituela aurrera urtero, baina iaz askoz ere azkarrago ibili zen: 50 edo 60 kilometro egin zituen. Are harrigarriagoa, hego hemisferioan ez da halakorik gertatu, ez da hain azkar mugitzen ari", esan zuen Olsenek.
Hori guztia zergatik gertatzen den ez dakite oraindik, ordea. Izan ere, Lurraren eremu magnetikoaz dagoen ezagutza nahiko mugatua da. 2017aren hondarrean misioa bukatzerako, ezagutza hori dezente zabalagoa izatea espero da.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-22a5fd65c8ba | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/08/paco-etxeberria-kordobako-auzia-dela-eta-kotxean-ezkutatuta-joan-behar-izan-naiz-askotan/ | Paco Etxeberria: "Kordobako auzia dela eta kotxean ezkutatuta joan behar izan naiz askotan" | Peru S. Gamarra | 2014-07-08 00:00:00 | Paco Etxeberria: "Kordobako auzia dela eta kotxean ezkutatuta joan behar izan naiz askotan"
Peru S. Gamarra
Peru S. Gamarra
Pertsona batzuek asko dute kontatzeko. Izan duten bizitza hain izan da emankorra, non bere bizipenak laburbiltzeko pare bat liburu beharko baikenituzke. Gainera, ez dugu guretik mugitu behar honelakoak aurkitzeko. Hauetako bat, zalantzarik gabe, Paco Etxeberria (Beasain, 1957) auzitegi medikua da. Duela hilabete batzuk elkarrizketatu genuen Zientzia Kaieratik eta kontatu zigun guztia elkarrizketa bakar batean laburbiltzea ezinezkoa zitzaigunez, beste hau egitea erabaki dugu.
Bigarren elkarrizketa honetan, berriz, bere ikerketen gainean hitz egingo dugu. Etxeberria oso mediatikoak izan diren hamaika auzitan ibili izan da. Lasa eta Zabalaren kasuan giltzarria izan zen. Baita José Bretón auzian ere. Gai hauetaz galdetu diogu eta ez du arazorik izan bere iritzia emateko. Ez du ezer ezkutatzeko. Bai, ordea, asko kontatzeko.
– Epaiketa mediatiko askotan aditu bezala ibili zara lanean. Egia esan, oso gauza potoloetan ikusi zaitugu. Nola eramaten da presioa kasu hauetan?
Egia esan, inork ez dit inoiz ere esan, "zu, informe hau aldatu behar duzu". Ez dut inoiz ere nire burua zentzu honetan presionatuta ikusi…
– Presio mota hori ez, zuk zure buruarekin sentitu dezakezun erantzukizunaz eta presioa nuen buruan. Nola daramazu presio hori? Oso kontu potoloetan ibili zara. Horregatik diot…
Ah! Ulertzen dut. Presioa eramateko erarik onena oreka bilatzea da. Eta oreka hori espeleologiari esker lortzen dut. Astean zehar oso konplexua eta garratza izan daitekeen lan batean sartuta ibili naiteke, baina, larunbatean, nire ekipoa hartu eta kilometro ugari izan ditzakeen haitzulo batean sartzen naiz. Haitzulo horretan izan dezakedan kezka bakarra da hortik bizirik aterako ote naizen. Ez dut beste ezertan pentsatzen. Espeleologia asko maite dut. 1000 haitzulo baino gehiago bisitatu ditut nire bizitzan zehar…
– Haitzuloetan galtzea, beraz, zure laneko presioa hobeki eramateko modu bat da, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Espeleologia nire mundua da. Txikitatik asko maite izan dudan mundua, hain zuzen ere. Begira, gauza bat kontatuko dizut. Epaitegietan lanean hasi nintzenean, astebeteko guardiak egiten genituen. Zazpi egun jarraian ematen genituen lanean. Gau eta egun. Hori bai, guardia bukatutakoan, erabat eraldatzen nintzen. Txandal bat jantzi eta haitzulo batean sartzen nintzen beste lagun batzuekin batera. Askotan pentsatzen nuen: "Fiskalak egoera honetan, lokatzez goraino, ikusiko banindu, beste pertsona bat naizela pentsatuko luke. Bizki bat dudala pentsatuko luke". Espeleologiari esker asko orekatzen dut nire burua. Egia da ere batzuetan ez naizela guztiz liberatzen. Kontutan hartu behar dugu tortura bat jasan duen atxilotu baten kasua eramaten bazabiltza, oso zaila dela hori etxera ez eramatea. Nire munduan oso zaila da arazo horiek etxera ez eramatea.
– Kasu mediatikoetan edota kobazulo batean lan egitearen artean, zein diferentzia dago?
Haitzulo batean zure bihotzaren taupadak entzuten dituzu. Eta momentu horretan bertan beste gauza askotan pentsatzeko aukera duzu. Astean zehar daramazun lan gogorrak, aldiz, ez dizu pentsatzeko aukerarik ematen. Makinaria baten barruan zaude eta eguneroko lanak jaten zaitu. Hori da diferentziarik nabarmenena. Suposatzen dut hau ez dela haitzuloetan bakarrik gertatzen. Alpinista batek seguru gauza bera esango dizula. Haitzulo batean nagoen bitartean pentsatzeko aukera daukat. Nire bizitzako beste gauza batzuetaz gogoeta sakonagoak egin ditzaket.
– Nola darama Paco Etxeberriak komunikabideen presioa?
Azken urtean, Kordobako auzia (José Bretóni 40 urteko kartzela zigorra ezarri diote bere bi semeak hiltzeagatik. Gogoratu behar da Paco Etxeberriak esan zuela hezurrak pertsonenak zirela eta ez animalienak, hasieran uste zen bezala) dela eta bizi izan dudana ez da bat ere atsegina izan. Kazetariak etengabe ibili dira nire atzetik eta toki guztietara jarraitzen ninduten. Nire kotxean ezkutatuta joan behar izan naiz askotan eta nire alaba kotxeko gidari bezala jarri behar izan dut zenbaitetan. Nire matrikula eta autoa zein zen jakin zutenean amesgaizto bat bilakatu zen dena. Oso desatsegina izan da dena. Eromena zen horrela egotea. Egoera hori haitzuloko lasaitasunarekin konparatzen bada, dena esanda dago…
– Lasa eta Zabalaren kasua. Seguru aski, publikoak kasu horri esker ezagutzen zaitu. Nola gogoratzen duzu hori guztia?
Kasu honetan sartu nintzenerako oso garbi neukan gertakari honen erantzulea estatuko terrorismoa izan zela. Hiritar bezala argi eta garbi neukan hori. Gertatzen dena da ez geneukala inolako probarik. Bagenekien Lasa eta Zabalak ez zutela Mexikora ihes egin. Eta bagenekien ere, bi gazte horiek norbaitek behartuta desagertu zirela. Alegia, indarkeria erabili zela Lasa eta Zabala desagerrarazteko.
– Nolakoa izan zen gertakarien sekuentzia?
GALen kontuak azaleratzen hasi zirenean, zenbait gauza ezagutzen hasi ginen pixkanaka. Momentu batetik aurrera bagenekien jada Lasa eta Zabala Espainian zeudela eta, gainera, karean lurperatuta zeudela. Horretaz seguru geunden.
– Baina nola da posible Espainian lurperatuta zeudela jakitea eta, gainera, karean lurperatuta zeudela ziurtatzea?
Hori bagenekien. Amedo bera ibili zen hau guztia kontatzen. Ez genekien %100ean ziur Lasa eta Zabala horrela hil zituztenik, baina bagenekien Segundo Marei desagerrarazi nahi izan balute metodologia hori erabiliko zuketela. Amedok esan zuen argi eta garbi. Metodologia buruan tiro bat ematea zen, ondoren karean lurperatzeko. Hau terriblea da. Oso grabea. Baina euren arteko bileretan termino hauetan hitz egiten zuten.
– Eta, ondoren?
Hiru elementu horiek jakinda (buruan tiro eman, lurperatu eta gainetik karea bota), bilatzen hasi ginen. Hemen onartu behar dut ez nuela hasieran arrakastarik izan. Pare bat tokitan bilatu eta ez genuen ezer ere ez aurkitu. Hau ez da inoiz inon atera.
– Horren ostean, Alakantera zoaz…
Bai, hori da. Hara joan nintzenean pentsatu nuen: "hemen ez dugu ezer ere ez aurkituko". Eta oker nengoen. Hantxe bertan aurkitu genituen. Beraiek ziren. Familiekin hitz eginda nengoen ordurako. Gainera, familiaz gain Barne Ministerioko zenbait pertsonek ere nire lanean sinesten zuten. Baita ezker abertzaleko eta Auzitegi Nazionaleko pertsona batzuek ere. "Pacok esaten duena ongi egongo da", esaten zuten. Eta hara joan eta burura etorri zitzaidana zera izan zen: "orain bai, beraiek dira".
– Zer pasatu zitzaizun burutik segundo horretan bertan?
Kristoren saltsa muntatu behar zela! Baina ez hori bakarrik. Zerbaitetan hanka sartu izan banu, atzerrira bizitzera joan beharko nintzela ere pentsatu nuen. Zorionez dena geratu zen oso garbi. Kontutan hartu behar dugu urteak generamatzala gerra zikina baieztatuko zuten proben bila eta hauek dena baieztatu zutela. Egia esan zaila da proba argiago bat aurkitzea.
– Oso grabea da bai…
Oso oso grabea, esango nuke. Estatuko funtzionario batzuk finantziazio publikoarekin beste herrialde subirano batera joan zirela (Frantzia), bi lagun bahitu, bi lagun horiek Espainiara ekarri, torturatu, buruan tiro bat eman eta karean lurperatu zituztela frogatu zen.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-0ed887a71dbe | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/07/galaxien-eta-unibertsoari-buruzko-erantzun-berriak/ | Galaxien eta Unibertsoaren egituraren formazioari buruzko erantzun berriak | unknown | 2014-07-07 00:00:00 | Galaxien eta Unibertsoaren egituraren formazioari buruzko erantzun berriak
UPV/EHUn lanean diharduen Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzaileak ikerketa berri bat argitaratu du Nature Physics aldizkari ospetsuan. Lan horren emaitzak garrantzi handi-handikoak dira, materia ilun hotzaren berrinterpretazioa dakarten heinean, Unibertso osoaren egituraren formazioa arautzen duen fluido kuantiko hotz-hotza balitz bezala aztertzeko aukera eskaintzen baitu.
UPV/EHUko Fisika Teoriko Sailean lanean diharduen Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzaileak, Taiwango Unibertsitate Nazionaleko zientzialariekin batera, materia ilun hotzaren ikerketan sakondu eta galaxien eta Unibertsoaren egituraren formazioari buruzko erantzun berriak proposatzen dituen ikerketa batean parte hartu du. Ikerketaren emaitzak Nature Physics aldizkari ospetsuan argitaratu dira gaur, eta Hubble teleskopioa espazialak bildutako datuekin kontrastatzen ari dira.
Kosmologian materia ilun hotza deritzon materia mota horretan, partikulak astiro-astiro mugitzen dira argiarekin konparatuta, eta erradiazio elektromagnetikoarekiko interakzio ahula dute. Kalkuluen arabera, Unibertsoko materiaren zati txiki bat baino ez da materia barionikoa, izarrak, planetak eta izaki bizidunak osatzen dituena. Gainontzeko guztia, %80 baino gehiago, materia eta energia iluna da.
Materia ilun hotzaren teoriak, Unibertsoak hasierako egoeratik gaur egungo eskala handiko egitura osatzen duten galaxien banaketa eta klusterretaraino izandako eboluzioa azaltzen laguntzen du. Nolanahi ere, teoria horrek ez zuen balio zenbait behaketa azaltzeko. Broadhurst doktorearen eta bere lankideen ikerketak horren inguruko argibide berriak eskaintzen ditu.
Ikerbasqueko ikertzaileak adierazi duenez, "materia ilun hotza Bose-Einstein kondentsatua balitz bezala berrinterpretatu dugu, testuinguru horretan egindako galaxien formazioari buruzko lehen simulazioetan oinarrituta". Horrela, "kondentsatua osatzen duten bosoi arin-arinek uhin kuantikoko funtzio berbera partekatzen dute, eta horren ondorioz, maila astronomikoetan eskala handiko uhin-itxurako ereduak sortzen dira."
Tesi honen arabera, testuinguru horretan, solitoiak deritzen materia iluneko uhin estazionario handiak egongo lirateke galaxia guztien erdigunean. Uhin horien presentziak galaxia nano arruntetan atzemandako nukleo harrigarriak azalduko lituzke.
Era berean, ikerketa honek planteatzen duenez, testuinguru honetan galaxien formazioa berandu samar gertatu zen, materia ilun hotzeko partikulen interpretazio estandarraren aldean. Lantaldea Hubble teleskopio espazialak egindako behaketekin kontrastatzen ari da planteamendu berri horiek guztiak.
Lanaren emaitzak garrantzi handi-handikoak dira, materia iluna Unibertso osoaren egituraren formazioa arautzen duen fluido kuantiko hotz-hotza balitz bezala aztertzeko aukera eskaintzen baitute.
Gaurkoa ez da Thomas Broadhurst-ek Nature aldizkari ospetsuan argitaratu duen lehendabiziko lana. 2012an, berrionizazioaren aroko galaxia bati buruzko ikerketa batean parte hartu zuen. Unibertso goiztiarraren aro hau ez da aurretik ikertu, eta litekeena da galaxia hori orain arte aurkitutako zaharrena izatea. Ikerketa horrek Big Bangaren ondoren sortutako lehen galaxiak ikertzeko aukera berriak ireki zituen.
Tom Broadhurst Fisikan doktoratu zen Durham-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Ikerbasquerekin bat egin arte, maila goreneko ikerketa-zentroetan lan egin du Erresuma Batuan, EEBBetan, Alemanian, Israelen, Japonian eta Taiwanen. Guztira, 184 artikulu argitaratu ditu lehen mailako aldizkari zientifikoetan, eta orain arte, bere lanen 11.800 aipamen egin dira. 2010ean, Ikerbasquek kontratatu zuen, eta harez geroztik UPV/EHUko Fisika Teoriko Sailean lan egiten du. Behaketako kosmologia, materia iluna eta galaxien formazioa dira bere ikerketa-lanaren ildo nagusiak.
Iturria: T. Broadhurst, T. Chiueh and H-Y. Schive "Cosmic structure as the quantum interference of a coherent dark wave". Nature Physics 10: 496–499. (2014). DOI:10.1038/nphys2996 | science |
zientzia_kaiera-77d42109fe20 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/06/asteon-zientzia-begi-bistan-19-2/ | Asteon zientzia begi-bistan #20 | unknown | 2014-07-06 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #20
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien bilduma. Begirada bat emango diogu?
Bakterio batzuek antibiotikoekiko erresistentzia garatu dute, eta, ondorioz bakterio horiek tratatzeko beste bide batzuk jorratu behar dira. Horretan dihardu Haritz Sardon kimikaria Polymat Institutuan, bide berriak aztertzen. Ikerlariak haren lanean ikusi duenez, material polimerikoek eraso diezaiekete bakterioei beste modu batean. Amaia Portugal kazetariak hitz egin du berarekin eta honen berri ematen digu Berrian: Mutatzeko tarterik ez uztea da gakoa.
Koldo Garcia biologoak eta honen lankideek bi galderei erantzuteko asmoz, ikerketa bat abiatu zuten orain dela urte batzuk: Erretrobirus endogenoak geneetatik gertu agertzen al dira beste espezie batzuetan bezala? Erretrobirus endogenoak aktibo al daude edo genomak haren aktibitatea ekiditen dute? Edonola blogean kontatzen ditu ikerketa honen emaitzak eta istorioa: Erretrobirus endogenoak eta behien genoma: maitasun-gorroto istorio bat.
Zergatik gara ergelak gizakiak? Nola liteke espezie batek bere burua suntsitzen duten ekintzak aurrera eramatea? Azal al daiteke hori zentzuzko argudioren batekin? Zalantzarik gabe, bai. Josu Lopez-Gazpio ikertzaile gazteak Carlo Maria Cipolla ekonomia-historialariak 1988an argitaratu zuen lana aintzat hartuta "ergelkeriaren oinarrizko legeak", azalpen bat ematen digu Zientzia Kaiera blogean: Ergelkeriaren balizko azalpen zientifiko bat.
Zientzia-fikzioa ez da soilik pelikula edota literatur generoa. Fikzioa zientzian ere lantzen da eta horretaz hitz egin digu Amaia Portugalek Zientzia Kaierako Fisika kuantikoaren arauak hausteko agertoki bat artikuluan. Kazetariak EHUko Enrique Solano fisikariaren lanari erreparatu dio. Simulagailu kuantiko bat garatu dute: "ezinezko fisikaren antzoki kuantikoa" Solanoren hitzetan. Bertan egiten dena fikzioa omen da, izan ere atomoei eta fotoiei fisikaren oinarrizko legeen kontra doazen gauzak eginarazten dizkiete.
Kukuak beste hegazti-espezie batzuen habietan hazten dira. Kuku-emeak bera hazi zuen espezieko txorien habiak bilatu eta han uzten du arrautza. Baina amaordea berea ez den arrautza bereizteko gai da sarritan. Bereizketa-estrategia horiek ikertzeko software bat garatu dute Harvard Unibertsitatean eta Nagore Rementeriak ematen du honen berri Elhuyar aldizkarian: Kukuaren amarrua agerian uzten duen softwarea.
Aztarna gehiago aurkitu ahala neanderthalen itxura nolakoa ote zen irudikatzen hasi gara. Hori dela eta berreraikitze lanak nagusitu dira azken urteotan. Hasieran egin ziren berreraikitzeetan, tximino itxura ematen zitzaion Neanderthal gizakiari. Denborak aurrera egin ahala, gure antza hartzen joan da eta badirudi denak ez daudela joera honekin ados. Javier San Martin kazetariak neanderthalen ezaugarriei erreparatu die eta Zientzia Kaieran plazaratzen dizkigu: Horrela lortzen da neanderthal bat.
PLOS ONE aldizkarian apirilean plazaratu zen txosten batean baieztatzen da plastikoen eta arrantza-tresnen hondarrak direla uretan gehien ikus daitezkeenak. Izan ere, itsasoa gizakion zabortegia dela dirudi. Ana Galarragak, Malaspina espedizioak hondakin plastikoei buruz emandako azken datuak biltzen ditu Elhuyar aldizkariko Hondakin plastikoak, Lurreko ozeano guztietan artikuluan. Bertan azaltzen denez, "ozeanoetan hondakin plastikoen bost eremu handi daude, eta eremu horiek bat egiten dute azaleko uren zirkulazio-aldaketekin".
Praileaitz kobazuloan lanean hasiko dira berriz Aranzadiko ikertzaileak. Erdi Paleolitoko aztarna gehiago aurkitzeko helburua izateaz gain, kobazuloaren bigarren atea edo sarbide baten bila abiatuko dira, nahiz eta, haien ustetan zaila izango da aurkitzea. Dirudienez, Praileaitz xaman edo aztiak erabiltzen zuten errituak egiteko. Ane Urrutikoetxea kazetariak dakarkigu informazioa Berrian: Praileaitzen atzeko atearen bila.
Beldarrak funtsezkoa dira konpostajean. Zer egiten dute? Beldarrek materia organikoaren konpostaje-prozesua azkartzen dute. Jon Ander Galarraga biologoak azaltzen digu Konpostazank! blogean: Beldarrak, konpostagailuko gakoa.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-e1dacf40e387 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/05/ezjakintasunaren-kartografia-20/ | Ezjakintasunaren kartografia #20 | unknown | 2014-07-05 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #20
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Ezagutza erreala, eratutako gertakari positiboen domeinura murgiltzen dela da positibismoaren tesi filosofiko-politikoa. Eta, baita ere, norbaitek egin ditzakeen bestelako baieztapenak ez direla ezagutza bezala hartu behar, baizik eta gutxi gorabeherako arrazoizko iritziak bezala. Jesús Zamorak positibismoari buruzko manifestuaren bigarren atalarekin jarraitzen du Positivism is a humanism (a manifesto) (2/3) artikuluan.
Biologoek ezin dute biologia ulertu… beno, eurak bakarrik ez. Argitzearren, nola ahaleginduko litzateke ulertzen irrati zahar bat, biologo komunitatea batek ez duela funtzionatzen? Hau da Guzmán Sánchezek haren lehen kolaborazioari ematen hasiera harrigarria: Biologists can´t understand biology.
Ezagutzen diren osagai kantitate handia egon arren, medikamentu baten garapenari hasiera emateko, sorrerako molekula izateko behar diren baldintzak gutxi batzuk betetzen dituzte. Erabilgarri komertzialen %97 baino gehiago (4,9 milioi inguru) ez dira baliagarriak. Baina Pablo Ortizek ideia berri bat dakarkigu honen inguruan Lead-oriented synthesis: a new concept to aid drug-discovery process-en.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-28aae405296f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/04/zientzialari-10-txema-pitarke/ | Zientzialari (10) – Txema Pitarke | unknown | 2014-07-04 00:00:00 | Zientzialari (10) – Txema Pitarke
Txema Pitarke CIC nanoGUNEko Zuzendari Nagusia eta Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da UPV/EHUn. Nanozientziei buruz galdetu diogu, alegia, nanopartikulen tamainaz, nanoeskalaren bereizgarritasunotaz eta azkeneko urteotako aurkikuntzez. Grafenoaren propietate miresgarriez hitz egin digu baita ere.
Zientzialari izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean.
Zientzialari 10 – Txema Pitarke from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-a6845ecea145 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/03/horrela-lortzen-da-neanderthal-bat/ | Horrela lortzen da neanderthal bat | unknown | 2014-07-03 00:00:00 | Horrela lortzen da neanderthal bat
Goiz batean, lo egin ezinik egon ostean jaikitzen bazara, nekatuta, umore eta aldarte txarrez, gainera hotzeriak hartua bazara eta sudur gorria baduzu,…Horretaz guztiaz gain, gertatuko balitz duela astebete ez duzula iturriko urik, eta zure ileak lehor-lehor eginda daudela, … Eta zure katuak atzamarkadak utzi badizkizu masailezurrean eta kokotsean… Eta hori guztia hala izanda ere, adorea hartu baduzu ispilu aurrean jartzeko, orduan baliteke mirailean ikustea zure barruan daramazun neanderthal hori.
Zer esanik ez, baliteke guk gizaki horren itxura gehiegi desitxuratu izana. Izan ere, hasieran egin ziren berreraikitzeetan, tximino itxura ematen zitzaion Neanderthal gizakiari. Denborak aurrera egin ahala, gure antza hartzen joan da. Funtsean, jarrera gizatiartu modernoak egotzi zaizkio gero eta nabarmenago, eta horrek kritika ugari eragin ditu.
Atapuercako zuzendarietako bat den Juan Luis Arsuagaren hitzetan, oso deigarria izan da Fabio Fogliazzak asmatutakoa (Paleontologia Laborategia, Milango Natur Museoa).
2011n, hegazti-hezur eta luma hondarrak aurkitu ziren. Bazirudien Neanderthal batzuek kobazulo batean zurituak eta leunduak zirela. Alpeen aurreko Veneto zonaldean aurkitu zituzten, eta zientzialariek uste izan dute balitekeela Neanderthal gizakiek luma horiekin gorputza apaindu izana.
Ikerlariek eta literaturagileek lan asko idatzi dituzte gizaki hauen suntsipena azaldu nahirik. Teoriak, analisiak eta paradigmak sortzen eta desagertzen doaz aldiro, eraldatu egiten dira edo gainbehera bat jasaten dute, azkenean erabat desagertzeko. Haien ordez, bestelako batzuk sortzen dira, ikasketa eta ikerketa-teknika berriek eraginda.
Besteak beste, Karbono 14 bidezko datazio berriak lortu dira, kolagenoa purifikatzeko eta DNA-probak egiteko. Horrela, kutsadura-hondarrak ezabatu dituzte, behar baino antzinatasun laburragoko datazioak saihesteko.
Journal of Human Evolution aldizkarian berriki plazaratutako ikerketari esker, UPV/EHUko Historiaurre-irakasle den Álvaro Arrizabalagak baieztatu du gutxienez mila urteko aldea dagoela bi une garrantzitsuren artean: batetik Pirinioetako mendebalde eta ekialde muturretako hiru kobazuloetan aukeratutako hondakinen garaia, eta bestetik gizaki modernoen lehen hondakinen garaia. Azpimarratu beharrekoa da Pirinioen alde bi horietan zehar gertatzen direla gizakien eta bestelako animalien mugimenduak.
Arrizabalagak ondorioztatu du Neanderthal eta Cromagnon gizakiak ez zirela inoiz elkartu, ez penintsula honetan, ez eta mendebalde Europa osoan ere. Horrela baieztatu zuen Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako azken Zientziatekan.
Bitxia da kontua edonola, Neanderthal gizakiak jorratu dituen azken ikerketa ez dagokiolako gizakion bukaerari, hasierari baizik.
Science aldizkariak duela egun batzuk plazaratu ditu ikerketa interesgarri baten emaitzak: Sima de los Huesos (Atapuerca) izenekoan topatutako 17 burezur aurkeztu dira, Nature aldizkarian aztarnategi horretan aurkitutako lehenengo hiru burezurrak erakutsi zirenetik hogeita bat urtera.
Berriki topatutako burezur hauetatik 7, guztiz berriak dira, eta denek ere 430.000 urtetik gorako antzinakotasuna dute. Oraindik ez dakite zein espezietakoak diren, batetik giza tasun zaharkitu batzuk dituelako, baina bestetik Neanderthalen tasun batzuk ere badituztelako. Horrek babesa emango lioke Neanderthalen bilakaera behin gertatu ez zelako hipotesiari. Horrela, modulukako eboluzioa gertatuko zen, eta tasun horiek banaka garatuko ziren, une desberdinetan.
Juan Luis Arsuagak dio aurpegiak eta hortzek lehenago eboluzionatuko zutela, matraila-hezurrarekin batera, eta burezurraren beste tasun batzuk baino lehenago. Horrela, Arsuagak, Brunerrekin eta Lozanorekin bat eginez, uste du murtxikatze-aparatuaren bilakaera gertatuko zela baina baina hori ezin dela elikadurarekin uztartu, ziurrenik, ahoa hirugarren esku modura erabiliko baitzuten, ibiltzean lurrean finkatzeko. Izan ere, bere nerbio-sistema ez zen gai burmuin/gorputz harremana garatzeko zeregin korapilatsuetan.
Zientzialariek uste dute Sima de los Huesos horretan gutxienez hogeita hamar bat gorpu daudela. Eskeletoak osorik daude, baina oso zatikatuta eta elkarrekin nahasita. Seguru aski, populazio biologiko bakar batenak dira, eta horrek erraztu liezaieke ikerlariei populazio horren barruko gene-aldaketa ikertzea. Hala gertatzen ari da Carles Laueza paleontologoaren kasuan, Sidróngo kobazuloan topatutako giza taldearekin egiten ari den lanean.
-J. L. Arsuaga, I. Martínez, L. J. Arnold, A. Aranburu, A. Gracia-Téllez, W. D. Sharp, R. M. Quam, C. Falguères, A. Pantoja-Pérez, J. Bischoff, E. Poza-Rey, J. M. Parés, J. M. Carretero, M. Demuro, C. Lorenzo, N. Sala, M. Martinón-Torres, N. García, A. Alcázar de Velasco, G. Cuenca-Bescós, A. Gómez-Olivencia, D. Moreno, A. Pablos, C.-C. Shen, L. Rodríguez, A. I. Ortega, R. García, A. Bonmatí, J. M. Bermúdez de Castro, E. Carbonell. "Neandertal roots: Cranial and chronological evidence from Sima de los Huesos", Science 344, 20 junio de 2014: 1358 – 1363.DOI: 10.1126/science.1253958.
–R.E Wood, A. Arrizabalaga, M. Camps, S. Fallon, M.-J. Iriarte-Chiapusso, R. Jones, J. Maroto, M. de la Rasilla, D. Santamaría, J. Soler, N. Soler, A. Villaluenga, T.F.G. Higham. The chronology of the earliest Upper Palaeolithic in northern Iberia: New insights from L'Arbreda, Labeko Koba and La Viña, Journal of Human Evolution (2014). http://dx.doi.org/10.1016/j.jhevol.2013.12.017.
-Julià Maroto, Manuel Vaquero, Álvaro Arrizabalaga, Javier Baena, Enrique Baquedano, Jesús Jordá, Ramon Julià, Ramón Montes, Johannes Van Der Plicht, j, Pedro Rasines, Rachel Wood. Current issues in late Middle Palaeolithic chronology: New assessments from Northern Iberia Quaternary International (2012) doi:10.1016/j.quaint.2011.07.007.
-Bruner, E., Lozano, M. 2014. Three hands for the Neandertal lineage: reply to the comments. Journal of Anthropological Sciences 92: 303-305. doi: 10.4436/JASS.92015.
-Bruner, E., Lozano, M. 2014. Extended mind andvisuo-spatial integration: three hands for the Neandertal lineage. Journal of Anthropological Sciences 92: 273-280. doi:10.4436/JASS.92009.
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-7b6774d41dcd | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/02/fisika-kuantikoaren-arauak-hausteko-agertoki-bat/ | Fisika kuantikoaren arauak hausteko agertoki bat | Amaia Portugal | 2014-07-02 00:00:00 | Fisika kuantikoaren arauak hausteko agertoki bat
Amaia Portugal
Demagun zientzia fikziozko film bat ikusten ari garela. Spiderman, adibidez. Superheroia etxe orratzetako fatxadetan gora eta behera ageri zaigu, eskumuturretatik armiarma sareak botatzen, lianak balira bezala horietatik zintzilik, eta beste gauza irreal asko eta asko egiten. Horixe ikusten ari gara. Badakigu ezinezkoa dela, baina ekintza horien lekuko izaten ari gara aldi berean, fikzioari esker.
Paralelismo hori baliatu du Enrique Solano fisikari, Ikerbasque ikertzaile eta EHUko QUTIS (Teknologia Kuantikoak Informazio Zientziarako) taldeko buruak, unibertsitatean sortu duten simulagailu batek egiten duena azaltzeko. Atomoek aktore plantak egiten dituzte bertan: haien propietateekin bat ez datozen rolak bete behar dituzte, fisika kuantikoak eman dien izaerari uko egin agertokian dauden bitartean, eta sinesgarriak izan. "Ezinezko fisikaren antzoki kuantikoa" da simulagailu hau, Solanoren hitzetan. Badakigu fikzioa dela, baina kontatzen diguten bitarte horretan, ikusten ari garena sinisteko prest gaude.
"Talde teoriko bat gara, eta fisika kuantikoaren inguruko kontzeptu eta ideia berritzaileak aztertu eta proposatzen ditugu. Bai eta horiek izango luketen inpaktua ere, informazio teknologien balizko iraultza berri baten testuinguruan", azaldu du Solanok. Hori horrela, adituak dira simulagailu kuantikoak egiten; hau da, fisika kuantikoaren arauak makina baten bitartez imitatzeko aukera ematen duten instalazioak diseinatzen. Artikulu honetan hizketagai dugun simulagailu hau desberdina da, ordea: "Orain arte, inork ez zuen proposatu itxuraz zentzugabea dirudien aukera hau: atomoei eta fotoiei fisikaren oinarrizko legeen kontra doazen gauzak eginaraztea". Eta horixe egin dute haiek.
Simulagailu honen bitartez, fisika kuantikoaren eta erlatibitate bereziaren oinarrizko legeak birtualki urratu daitezkeela erakutsi dute Solanok eta lankideek. Esaterako, gaur egun arte ezagutzen dugun errealitateak dio partikulek ezin dutela orainalditik iraganera bidaiatu, baina simulagailu honetan, atomoek horixe antzeztu dezakete. Bai eta argia baino azkarragoak diren plantak egin ere. Hain zuzen, antzezlan hau zenbateraino zabaldu daitekeen aztertzeko asmoa dute EHUko talde honetan: "esploratzen jarraituko dugu, jakiteko naturak noraino duen bere buruari ziria sartzeko ahalmena. Ikasi nahi dugu non dagoen muga, zer puntutaraino irudikatu ditzaketen atomoek eta fotoiek zentzurik ez duten gauzak, gure antzoki kuantikoan".
QUTIS taldeak fisika teorikoa jorratzen du, eta simulagailu berezi honek oinarrizko ezagutza handitzeko balio du, baina ez horretarako bakarrik. Bere potentziala oso handia da, eta are gehiago orain, informazio teknologien eta ordenagailu kuantikoen garapenean funtsezkoa izaten ari den garai honetan. Etorkizunerako mugarri hori (sekulako abiaduran prozesatzeko gai diren superordenagailuak eraikitzea, alegia) "bigarren iraultza teknologiko kuantikoa" izango dela dio Solanok, eta bere taldea horra iristeko ari da ekarpenak egiten.
"Bigarren iraultza etorriko da informazioa fisika kuantikoaren (atomo bati aldi berean toki askotan egotea ahalbidetzen baitio) arabera prozesatzea lortzen denean. Hala, prozesatze denborak ikaragarri txikiak izango dira, eta molekula kimikoen simulagailuek farmako eta material berriak sortzeko ahalmena izango dute horri esker. Kontraesana badirudi ere, gure gailuak hor egingo du ekarpena, bestela imitaezinak izango liratekeen prozesuen simulazioa eginez", adierazi du Solanok.
Norbait hegazkin pilotu izateko ikasketak egiten ari denean, eta pilotatzen ikasteko simulagailu batean orduak eta orduak egiten dituenean, mundu birtual horretan ikasitakoak baliagarriak zaizkio gero errealitaterako. Izan ere, gorputzak benetako hegazkin bat gidatzen ariko balitz bezala erreakzionatzen du neurri handi batean. Iruzur moduko hori baliatzean datza antzerki kuantikoa egiten duen simulagailu honen potentziala: "Simulagailu bat ez da errealitatea, baina atomo edo fotoi horri erreparatzen diogunean, jasotzen dugun informazio guztia… benetan partikulak legeak urratzen ari direla dirudi. Horixe ikusten dugu. Ziria sartzea da gakoa, informazio hori jasotzea, guk egia balitz bezala erreakzionatzea".
Biomedikuntza da ziria sartzea zer baliagarria izan daitekeen erakusten duen adibide oso argigarri bat. Txertoak, esaterako. "Inokulatzen diguten birusa edo bakterioa ez dago bizirik, baina gorputzak detektatzen du, hor dagoela uste du, eta erreakzionatu eta bere burua babesten du. Orduan, prozesu faltsuak edo lege fisiko kontraesankorrak simulatzea ez da alferrikako kontua, oso baliagarria baizik. Garrantzitsuena zera da, garatzen dugun materialak, farmakoak, fenomeno fisikoak edo teknologiak guk nahi dugun bezala jokatzea, benetan halakoa ez bada ere. Zientzialariontzat ezinbestekoa da", azaldu du Solanok.
J. Casanova, C. Sabin, J. Leon, I. L. Egusquiza, R. Gerritsma, C. Roos, J. J. Garcia-Ripoll, E. Solano (2011): "Quantum Simulation of the Majorana Equation and Unphysical Operations" Physical Review X 1, 021018
U. Alvarez-Rodriguez, J. Casanova, L. Lamata, E. Solano (2013): "Quantum Simulation of Noncausal Kinematic Transformations" Physical Review Letters 111, 090503
R. Di Candia, B. Mejia, H. Castillo, J. S. Pedernales, J. Casanova, E. Solano (2013): "Embedding Quantum Simulators for Quantum Computation of Entanglement" Physical Review Letters 111, 240502
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-5f6a966ab43d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/07/01/ergelkeriaren-balizko-azalpen-zientifiko-bat/ | Ergelkeriaren balizko azalpen zientifiko bat | Josu Lopez-Gazpio | 2014-07-01 00:00:00 | Ergelkeriaren balizko azalpen zientifiko bat
Josu Lopez-Gazpio
Egungo gizateriak dituen arazoen zerrenda egitea lan amaigabea da: politika eta ekonomia arazoak, gerra, gosea, kutsadura, hezkuntza gabezia, indarkeria, eta abar luze bat. Gizateriaren egoera benetan larria da eta, nekez esan daiteke hobera egingo dugunik. Nola liteke espezie batek bere burua suntsitzen duten ekintzak aurrera eramatea? Azal al daiteke hori zentzuzko argudioren batekin? Zalantzarik gabe, bai.
Aipatutako arazoen iturrira jotzen badugu, kasu gehienetan giza-portaera komuna ikusi ahal izango dugu: ergelkeria. Ergelkeria nonahi hedatuta dago eta izurria baino azkarrago zabaltzen da gizartearen maila guztietan. Ergelak gizartearen gainbeheraren indar eragile garrantzitsuena izan ohi dira, eta lobby suntsitzaile horrek, tximeleta-efektuari esker, kalte izugarriak eragiten ditu.
Kontu horren harira, Carlo Maria Cipolla -italieraz ahoskatu, mesedez: /chipol∙la/- ekonomia-historialariak 1988an argitaratu zuen lan bikaina ekarriko dut plazara: ergelkeriaren oinarrizko legeak. Allegro ma non troppo liburuan le leggi fondamentali della stupidità umana kapituluan jorratu zuen gaia Cipolla jaunak eta, era ezin hobean 5 lege proposatu zituen ergelkeriaren teoria azaltzeko. Jarraian lege horiek azalduko dizkizut, ene irakurle, eta bere analisiari zenbat deskribapen estatistiko gehituko dizkiot gaia argitze aldera.
Lehen legeak garrantzirik gabekoa badirudi ere, oinarri-oinarrizkoa da ergelkeria ulertzeko. Esperimentalki edonork froga ditzakeen bi premisa hauetan oinarritzen da: 1) adimentsutzat hartzen ditugun pertsonak, bat-batean, portaera ergelak izaten hasteko duten gaitasuna eta 2) edonon eta edonoiz ergelek espontaneoki agertzeko duten gaitasuna. Ikuspuntu matematikotik, Ψb gizartean dagoen pertsona ergelen benetako frakzioa bada eta Ψz ikerketa baten ondoren zenbatetsitako ergel-frakzioa bada, beti beteko da Ψb > Ψz izatea.
Lege horren hiru korolario proposatu zituen beranduago G. Livraghi idazleak, eta horien frogapena ere bat-batekoa da ikuspuntu esperimentaletik.
1. Korolarioa: "Guztiok dugu ergelkeriaren faktorea eta uste duguna baino handiagoa da".
2. Korolarioa: "Portaera ergelak konbinatzen direnean, eragina geometrikoki handitzen da, hau da, efektua biderkatu egiten da batu beharrean".
3. Korolarioa: "Portaera adimentsuen konbinaketak efektu txikiagoa du portaera ergelen konbinaketak baino".
Korolario horiekin erabateko adostasuna adierazi behar dut, izan ere, erraza da frogatzea ergel talde baten ahalmen suntsitzailea ergel horiek era isolatuan dutena baino askoz ere handiagoa dela, baina, ez dela gauza bera gertatzen pertsona azkarren kasuan.
Oso zabaldua dago, zoritxarrez, ergelak gizartearen maila baxuetan metatzen direla pentsatzeko uste okerra. Huts barkaezina. Pertsona jakin baten ergeltasuna ezin da bere beste edozein ezaugarrirekin korrelazionatu. Hortaz, hezkuntza maila altua duten pertsonen lagina aztertu ezkero ergelen frakzio, Ψ, esanguratsua lortuko genuke, espero litekeena baino askoz ere handiagoa -bide batez, 1. legea betetzen delako-. Hori frogatzeko, Cipollak unibertsitate bateko bedelak, langileak, ikasleak eta irakasleak aztertu zituen eta ondorio latzetara iritsi: talde guztietan, unibertsitateko katedradun, lehen mailako ikasle, idazkari edo atezain izan arren, Ψ ergel-frakzioa agertu zen.
Pertsona edo ekintza jakin bat ergela den edo ez erabakitzeko, Cipollak eta Livraghik jarraian azaltzen den ereduaren alde egin zuten (1. Irudia). Eredu horren arabera, X ardatzean aztertzen ari garen pertsonaren edo ekintzaren irabazia/galera adierazi behar da eta Y ardatzean ekintza edo pertsona horren ondorioz gizarteak jasaten duen irabazia/galera -kontuak errazte aldera, –100/+100 eskala arbitrarioa erabiliko dut, baina ohar zaitez, irakurle, praktikan ergelkeriaren ondorioak infinituak izan daitezke-.
Proposatutako ereduan, lau ekintza mota daude (2. Irudia). 1. Koadrantean kokatutako ekintzek pertsonarentzat zein gizartearentzat onuragarriak dira, bi efektuak positiboak direlako -adimentsuen koadrantea, A-. 2. Koadranteko ekintzak, akzioa egin duenarentzat kaltegarriak dira baina gizarteak, edo beste norbaitek, irabazia lortu du -inuzenteen koadrantea, I-. 4. Koadranteak kokatutakoak, pertsona maltzurrak dira, M, izan ere, irabazia lortzeko gizarteari kalte egiten diote. Arriskutsuena azkenerako, alegia, 3. koadrantea: euren burua kaltetuz besteei kalte egiten diotenak -ergelen paradigma, E, zalantzarik gabe-.
2. Irudia azaltzearren, demagun lapur batek 30 unitateko irabazia lortzeko denda bateko atea puskatu behar izan duela, dendariari 20 unitateko galera sorraraziz (30, –20). Ekintza hori M motakoa da, maltzurra, zalantzarik gabe. Aldiz, demagun norbaiti 50 euro eskatu dizkiodala eta, kudeaketa on baten ondorioz 75 euro lortu ditudala. Dirurik itzultzen ez badiot, bere portaera 2. koadrantean kokatzen da, hau da, inuzentea izan da. Analisi horrek ergelkeriaren urrezko legea definitzea ahalbidetzen du.
Ergelkeria portaera irrazionala izanik, pertsona adimentsuei ziria sartzea nahiko ohikoa da, izan ere, pentsamendu arrazionalarentzat ulertezina da ergelkeriaren mekanismoa. Bestalde, irakurle, ohar zaitez grafikoa bitan ebakitzen duen diagonala defini daitekeela: POM lerroa deritzona (3. Irudia). Diagonal horren eskuinera dauden akzioek, era batera edo bestera, onura globala dakarte. Adibidez, lapur batek 1.000 euro lapurtzeko 200 euroko kaltea egiten badu, maltzur-adimentsua da (Ma), baina, 1.000 euro lapurtzeko 10.000 euroko kaltea egiten badu, maltzur-ergela da (Me). Beraz, adimentsuek (A), inuzente-adimentsuek (Ia) eta maltzur-adimentsuek (Ma) onura globala bultzatzen dute. Aldiz, ergelek (E), inuzente-ergelek (Ie) eta maltzur-ergelek (Me) gizartearen kaltea areagotzen dute. Beraz, irakurle, horrek ergelen azpitalde bat definitzea ere ahalbidetzen duela, alegia, besteei egindako kaltea baino kalte handiagoa jasaten dutenak -horiek ergel gorenak dira, edo ergel-ergelak-.
Bestalde, bada ergelak oso arriskutsuak egiten dituen efektu garrantzitsua. Ergelen erasoak guztiz irrazionalak izan ohi direnez, ezinezkoa da horien aurkako babes-mekanismo arrazionalik prestatzea. Gainera, zenbaitetan adimentsuek, maltzurrek eta inuzenteek ergelen lankidetza behar izaten dute beren ekintzak aurrera eramateko. Hainbat ondorio larri dakartza horrek, baina guztiak hondamendian amaitzen dira.
Lege hori kontuan ez hartzeak gizateriaren historiako hondamendirik handienak ekarri ditu eta gizarte askoren gainbeheraren arrazoia izan da. Horregatik, 5. legea psikologian aski ezaguna den Dunning-Kruger efektuan ikus daiteke. Teorikoki, ezagutzak eta adimenak erlazio lineala izan behar dute -zenbat eta gehiago jakin, orduan eta portaera adimentsuagoa izen beharko genuke-, baina, Dunning-Kruger efektuaren kausaz, ergelek adimentsuek baino jakintza gehiago dutela uste dute (4. Irudia). Horrek, aldi berean, 5. legea baieztatzen du.
Ergelen efektu suntsitzaileak ergelkeriaren 5. legea baieztatzen du, gainera, gogoratu ergelek beti gizartearen ongizatea murrizten dutela. Azkenik, Cipolla jaunak 5. legearen korolarioa proposatu zuen:
5. Legearen korolarioa: "Ergelak maltzurrak baino arriskutsuagoak dira".
Ergelkeriaren analisiari amaiera emateko, 6. legea proposatu behar dut Cipollaren lana eguneratzeko asmoz. Kontuan hartzen badugu POM diagonalaren ezkerrera dagoen populazioak gizartea txirotzen duela, eta diagonalaren eskuinera dagoenak gizartea aberasten duela (3. Irudia), ez legoke arazorik populazioaren erdia diagonalaren alde banatan balego. Gizarte idealean, pertsonak lau koadranteetan uniformeki banaturik leudeke (5. Irudia), baina, efektu suntsitzaile bat gehitzea falta izan zitzaion Cipollaren analisiari.
Gogoratu, irakurle, 1. legearen azalpenean adierazi dudala adimentsutzat hartzen ditugun pertsonak, bat-batean, portaera ergelak izaten hasteko duten gaitasuna. Jakina, hori ez da inoiz alderantziz gertatzen. Ondorioz, historian aurrera joan ahala, populazioaren frakzio adimentsua ergeltzen doa pixkanaka-pixkanaka (6. Irudia). Prozesu horren abiadurak finkatzen du gizarte antolatuen gainbehera eta, gogoratu, ez direla gutxi mapatik desagertu diren inperioak eta herrialdeak.
Populazio-transferentzien edo ergeltze-prozesuen ondorioz, populazioaren benetako banaketa eliptikoa izan ohi da, non ergel-frakzioa beste hiru koadranteetan kokatutako populazioa baino askoz handiagoa den (7. Irudia).
Gizartearen eliptizazioaren analisiak lege berri bat proposatzera narama, termodinamikaren bigarren legean inspiratzen dena.
Amaitzeko, bada, ene irakurle, gogora itzazu ergelkeriaren 6. legeak hemendik aurrera izan ere, eta Edmund Burke-ren esaldi ezaguna parafraseatuz, honatx ergelkeriaren analisi sistematikotik azpimarra dezakedan azken ondorioa:
"The only thing necessary for the triumph of stupidity is for non-stupid people to do nothing".
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea da eta EHUko Kimika Aplikatua saileko ikertzailea da. | science |
zientzia_kaiera-dea1967d8b77 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/30/sopcawind-telekomunikazioetan-parke-eolikoek-eragin-ditzaketen-interferentziak-aztertzeko-softwarea/ | Sopcawind, telekomunikazioetan parke eolikoek eragin ditzaketen interferentziak aztertzeko softwarea | 2014-06-30 00:00:00 | Sopcawind, telekomunikazioetan parke eolikoek eragin ditzaketen interferentziak aztertzeko softwarea
Parke eoliko bat sortzeko prozesuan, baliabidea behar bezala aprobetxatuko dela eta planifikazio egoki bat, ahalik eta kalte gutxien eragitekoa, egiten dela bermatzeko, hainbat faktore eduki behar dira kontuan: "Parke eoliko bat diseinatzean kontuan hartu beharreko parametro nagusia haizea edo potentzial eolikoa da. Eta beste faktore bat, oso garrantzitsua hori ere, lurraren orografia da" azaldu du David de la Vegak, UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeko (TSR) kideak. "Bi faktore nagusi horiez gain, ordea, nabarmentzekoak dira ingurumen-faktorea eta beste batzuk, agian ez hain bistakoak, hala nola telekomunikazio-zerbitzuak (radar meteorologikoak, hegazkin-trafikoa kontrolatzeko radarrak, irrati-nabigaziorako laguntza-sistemak, telebista, datuen irrati-estekak eta abar…)". Askotan gertatzen da telekomunikazio-zerbitzua ez dagoela parkearen ondoan, "baina parke eoliko batek 10-20 kilometrora dagoen radar baten seinalea alda dezake, nahiz eta interferentziak ez diren oso ohikoak" azaldu du Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeko (TSR) kideak.
SOPCAWIND europar proiektuari esker, UPV/EHUko TSR taldea parke eolikoen diseinua errazten duen tresna bat garatzeko prozesuan parte hartzen ari da. Tresna horrek kontuan hartzen ditu, ez bakarrik energia-ekoizpenarekin lotutako alderdiak, baita ingurumenean eta beste telekomunikazio-sistema batzuetan izan dezakeen eragina ere, hala nola radarretan.
Aplikazio bakarrean diziplinarteko datu-base konplexu bat duen lehen software-tresna da SOPCAWIND. Datu-base horretan, lehendik aipatu ditugun irizpideetarako datu guztiak biltzen dira, eta, haiekin batera, azterketa horiek egiteko beharrezkoak diren algoritmoak. Funtzionalitate horiekin guztiekin, sustatzaileak errazago diseina dezake parke eolikoa, eta jakin badaki aurretik aipatu ditugun alderdi horiek kontuan hartuko direla parkearen diseinu-prozesuan, eta, hala, kalteak saihestuko direla. "Tresna honi esker, batetik, askoz errazago diseinatzen da parke eolikoa, eta, bestetik, sustatzaileak aurrez badaki zer kalte eragin dezakeen, eta kalte horiek saihesteko moduan diseina dezake parkea, beharrezko aldaketak eginda" azaldu du David de la Vegak.
UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeak (TSR) ekarpen hau egin du, nagusiki: parke eolikoak radarretan, hegazkinen nabigazioko laguntza-sistemetan eta beste telekomunikazio-sistema batzuetan izan dezakeen eragina ebaluatzeko algoritmoak garatu ditu. "Parke eolikoek telekomunikazio-sistemetan (TBa, datuen irrati-estekak, radarrak eta hegazkinen irrati-nabigaziorako laguntzak) duten eragina zenbatekoa den jakiteko algoritmoak osatu ditugu, eta tresnan txertatu ditugu.
Parkearen eraginari buruzko ikerketa horiek parkea instalatu aurretik egiten direnez, interferentziak detektatzen laguntzen dute, halakorik egonez gero, eta, hala, eragin horiek saihesteko aldaketak egin ditzake sustatzaileak". Modu horretan, parkeen eraginari buruzko ikerketek aukera ematen dute energia eolikoa zabaltzeko, baina telekomunikazio-zerbitzuei kalterik egin gabe.
SOPCAWIND proiektuak EBren laguntza jasotzen du, VII. Esparru Programaren barruan, eta Europako partzuergo batek osatu du. Partzuergo hori kide hauek osatzen dute: Tecnalia, UPV/EHU, GeoX (Hungria), 3E (Belgika), Anemos (Alemania) eta Eurohelp (Espainia).
Iturria: I. Angulo, D. de la Vega, I. Cascón, J. Cañizo, Y. Wu, D. Guerra, P. Angueira. "Impact analysis of wind farms on telecommunication services". Renewable and Sustainable Energy Reviews 32: 84-99. (2014). DOI: 10.1016/j.rser.2013.12.055 | science |
|
zientzia_kaiera-8e9f7116d9ae | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/29/asteon-zientzia-begi-bistan-19/ | Asteon zientzia begi-bistan #19 | unknown | 2014-06-29 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #19
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien bilduma. Begirada bat emango diogu?
Ez omen ditugu txikitako oroitzapenak gordetzen. Zergatik? Neurona berriak beharrezkoak dira oroitzapen berriak izateko eta hauek, neurona berriak, lehendik eratuta ditugun sareetan txertatzen dira ditugun egitura neuronalak berregokituz. Berregokitze horrek ahanztura eragiten du, oroitzapen zaharren ahaztura. Unai Break kontatzen ditu Argia aldizkarian: Haurtzaroa ahaztearen zergatia.
Alacanten dagoen Salt aztarnategian neandertalen gorotz hondarrak aurkitu dituzte La Laguna Unibertsitateko ikertzaileek. Aurkikuntza hau da, orain arte, ezagutzen den gorotz fosilizatu zaharrena. Gorotzaren azterketa egin ondoren neandertalen dieta ezagutu ahal izan da. Dirudienez, orain dela 50.000 urteko gizakiek haragia jaten zuten batez ere, baina baita ere barazkiak. Ana Galarragak ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Neandertalen gorotza, haien dieta ezagutzeko giltza.
Ba al dakizue tenperatura garai eta tenperatura apalen menpe hazitako txiten mokoen tamainak desberdinak direla? Zelako tenperatura, halako tamaina: hegaztien mokoen tamaina desberdina da hazten diren lekuko tenperaturaren arabera eta Juan Ignacio Pérezek aurkezten digu Zientzia Kaiera blogean: Moko handiagoa ala txikiagoa tenperaturaren menpe.
Neuronen xehetasunez gain Unai Break beste gai bat ere jorratu du asteon, berriztagarrien energia metatzeko sistemez aritu da Argian eta BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroaren lana dakarkigu kazetariak. BTEK Zero Hytechpark proiektuan parte hartzen du. Honek, energia gordetzeko bektore gisa hidrogenoak eskaintzen dituen aukerak aztertzen ditu.
Higgs bosoia desintegratzean fermioiak sortzen direla frogatu du nazioarteko ikerketa talde batek, Higgs bosoia existitzen dela frogatu eta bi urte beranduago. Ana Galarraga dibulgatzaileak Nature Physics aldizkarian argitaratutako artikulu bati erreparatzen dio eta gaia jorratzen du Elhuyar aldizkarian. Bertan dioenez, ikertzaileen froga honek bat egiten du eredu estandarren teoriak aurreikusten duenarekin.
Azken 30 urteotan, ekuatoretik poloetarantz 5.3 km lerratzen ari da urtero tropikoetako zikloien intentsitatea. Tenperatura-igoera dela eta, zikloi diren urakan eta tifoiak lerratzen ari dira eta tropikoak zabaltzen doaz. Antonio Cantó dibulgatzaileak ematen digu honen berri Zientzia Kaieran: Tropikoen hedapena, eta bidegabekerien hedapena.
Jon Ander Galarraga ikertzaileak konpostajea lantzen du. Hori dela eta, asteon konpostagailu bat jartzeko gomendioak ematen dizkigu Konpostazank! blogean: Konpostagailuaren kokapena.
Eta asteko errepasoari amaiera emateko, teknologian jarriko dugu arreta. Berria egunkarian Edu Lartzaguren kazetariak Iurgi Arginzoniz ingeniaria elkarrizketatu du. Bera Madrilgo Fon enpresaren egitasmo burua da eta aplikazioak eta softwarea lantzen dute, batez ere Internetera begira. Teknologiei buruzko ikuspuntua plazaratzen digu ingeniariak: Teknologia berriak loteria tranpatiak dira. Eta, teknologia eta Internet aipatuz gero, nola ez, Google etorriko zaigu burura. Ainhitze Ruizek Googlek sortutako azken Android L sistema eragilea, Android One sakelako telefono merkeen egitasmoa eta Android Wear, eramangarriak diren gailuetarako sistemak hurbiltzen dizkigu Hazkunde geldiezina artikuluan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-5e379478a679 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/28/ezjakintasunaren-kartografia-19/ | Ezjakintasunaren kartografia #19 | unknown | 2014-06-28 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #19
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Ilargiak sekulako eragina du Lurrean, mareetatik poesiaraino. Eta, bestalde, oraindik ez dugu argi nola sortu zen. Santiago Pérez-Hoyosek honen inguruan ideia berriak plazaratzen dituzten bi argitalpen aztertzen ditu The origin of the Moon artikuluan.
Nola da posible sagutxo batek eskorpioiak jatea eta ezer ez gertatzea honen ziztadak jasota ere? Sergio Laínezek misterio molekular hau eta honen aplikazio terapeutikoak argitzen dizkigu Grasshopper mouse mighty powers against evil bark scorpion: a molecular tale artikuluan.
1911ko apirilean, Kamerlingh Onnes eta haren lankideek ikusi zutenean merkurioaren erresistibitate elektrikoa 4,2K-tan desagertzen zela, ezin zuten sinetsi. Supereroankortasuna aurkitu zuten. Fenomeno hau elektroi pareen osaketan datza eta honetan eragina izan dezake metalaren konposizio isotopikoak. Hauxe da Ion Erreak aztertzen duena Isotope anomalies in superconductors and the pairing mechanism-en.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-8b8d322bb98d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/26/tropikoen-hedapena-eta-bidegabekerien-hedapena/ | Tropikoen hedapena, eta bidegabekerien hedapena | 2014-06-26 00:00:00 | Tropikoen hedapena, eta bidegabekerien hedapena
Nature aldizkariak berriki plazaratu duen ikerketa batean[1], aditzera eman da azken hogeita hamar urteotan ekuatoretik poloetarantz 5.3 km lerratzen ari dela urtero tropikoetako zikloien intentsitatea, Ipar Hemisferioan. Hego Hemisferioan, 6.2 km lerratzen ari da urteko. Alegia, latitudean gradu erdiko aldaketa gertatzen ari da gutxi gorabehera hamarkadako. Ondorio horiek atera ahal izateko, NOAAk 1982-2012 tartean bildutako datuak aztertu dituzte, bereziki intentsitatearen pikoari erreparatuz. Izan ere, lan honen egileetako batek uste du "historian zeharreko intentsitate-estimazioak nahiko badaezpadakoak izan daitezkeela baina fidagarria dela ordea tropikoetako zikloi batek intentsitate gorena hartzen duen gunea; gune honetan, ez bide da hainbeste desadostasunik eta ziurgabetasunik[2].
Indiako Ozeanoan eta Ozeano Batean beha daiteke batez ere fenomenoa, eta oraingoz ez da horrelakorik ikusi Atlantikoan. Begi bistakoak dira lerramenduak dakartzan zuzeneko ondorioak. Alde batetik, zikloi hauek eragindako hondamendi larriak honelakorik gertatzen ez den zonaldeetara lerratzen ari dira, eta toki hauetan are babes ahulagoak dituzte fenomeno hauen aurka. Beste alde batetik, Tropikoetako zonaldeek menpekotasun erabatekoa dute zikloiek dakartzaten euriekiko, eta bere ur-beharrak betetzen ez badira, lehorte eta gose arrisku handipean jarriko dira.
Baina kontua ez da bakar-bakarrik zikloi diren urakan eta tifoi horiek lerratzen ari direla. Lerramendua, gertatzen ari den tenperatura-igoerak eragiten du eta igoera horrek aurrera egiten duen heinean, tropikoak zabaltzen doaz gutxienez 1958tik. Eta azkarrago gertatzen ari da: 0.70-0.79 graduko latitudea hamarkadako[3][4][5][6]. Oso fenomeno arina da hau, eta ziur aski larriki eragingo dio klimari Lurreko hainbat zonaldetan. Besteak beste, tropikoetako basamortuak, egun oso populatuak diren zonaldeetarantz zabaltzen joango dira. Steve Turtonek[7] honako ondorioez ohartarazi gaitu:
"Zonalde hauetan baditugu Hego Australia, Hego Afrika, Hego Europa, Mediterraneo osoa eta Ekialde hurbila, eta bestetik, Amerikako Estatu Batuetako Hego Mendebaldea, Ipar Mexiko eta Hego Amerikako hegoaldea. Zonalde hauetara iristen badira tropiko azpiko zonalde lehorrak, izugarrizko kalteak jasango dituzte ur-baliabideek, natur ekosistemek eta nekazaritzak. Horrek gainera, larriki eragingo dio inguruneari eta bai giza osasunari eta giza taldeei. Besteak beste, baliteke malaria eta dengea hedatzea.
Historian zehar, ura, janaria eta nolabaiteko ziurtasuna lor daitezkeen tokietan kokatu izan dira giza taldeak. Baliabide horien egonkortasunarekiko oso mendeko dira milioika gizaki, eta batez ere gizaki ahulenak. Tropikoetako zonaldeak hedatzen badira, eta zikloiak eta euriak lerratzen badira, hondamendi izugarriak gerta daitezke. Oso kontuan hartzekoa da giza populazioaren zati oso garrantzitsu bat bizi dela aipatu zonalde horietan, besteak beste Hego Ekialdeko Asian.
Sarritan, klima-aldaketaren ondorioak behar baino larriago aurkeztu dituzte, delako aldaketa hori giza suntsipena ekartzera baletor bezala. Hau ez da horrela. Kasurik txarrenean ere, ez dago gizakiaren suntsipena ekar dezakeen inongo mekanismorik, baina txarrera egin dezakete, bai, ehunka edo miliako milioi gizakiren bizimoduek. Zer esanik ez, horrek ahulenei eragingo lieke lehendabizi.
Tropikoetako zonaldeak hedatzen doaz, zikloiak beste zonalde batzuetara aldatzen ari dira, eta ondorioz, betikoei iritsiko zaizkie gose biziagoa, gaixotasun larriagoak, eta hondamendi eta heriotza ugariagoak. Ziurrenik ohartu ere ez zara egingo, Nueva Yorken ari bazara Premiun ur mineraleko botila bat edaten. Baina ordea zureak egin du baldin eta eguneko bi dolar baino gutxiago dituzten gizaki horietako bat bazara, hau da, bi mila milioi baino gehiago diren gizaki ezbehartsu horietako bat bazara[8]. Funtsean, aukera gutxi izango dituzu. Zure ura garestitzen bada, ez duzu ura ordaintzeko modurik izango. Janarien salneurriek gora egiten badute, ez duzu janaria ordaintzerik izango. Gaixotzen bazara, ez duzu lan egiteko aukerarik izango. Behar bezalako babesik ez duen zonalde batean jasaten baduzu natur hondamendi bat, hil egingo zara seguruenik. Azken batean, betiko bidegabekeriak azaleratzen dira klima-aldaketaren auzian, edonon, edonoiz salbuespenik gabe gertatu izan den bezala.
[1] Kossin, James P., Emanuel, Kerry A., Vecchi, Gabriel A.: The poleward migration of the location of tropical cyclone maximum intensity. Nature 509, 349–352 (2014ko maiatzaren 15a). DOI: 10.1038 / nature13278
[2] NOAA News: Tropical cyclone 'maximum intensity' is shifting toward poles. (2014ko maiatzaren 14a)
[3] NOAA News: Study: Expanding Tropical Belt Could Affect Climate. (2007ko abenduaren 3a)
[4] Seidel, Lian J.; Fu, Qiang; Randel, William J.; Reichler, Thomas J.: Widening of the tropical belt in a changing climate. Nature Geoscience 1: 21-24 (2008) DOI:10.1038 / ngeo.2007.38.
[5] Lu, Jian; Deser, Clara; Reichler, Thomas: Cause of the widening of the tropical belt since 1958.
Geophysical Research Letters, vol. 36, L03803 (2009). DOI: 10.1029 / 2008GL036076
[6] Brahic, Catherine: Drought warning as the tropics expand. New Scientist, 2009ko otsailaren 1a.
[7] Steve Turton, Ingurumen eta Lurraren Zientzien Eskolako irakaslea; James Cook Unibertsitatea, Australia.
[8] The World Bank: Poverty Overview
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da | science |
|
zientzia_kaiera-999f4aa223c9 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/25/moko-handiagoa-ala-txikiagoa-tenperaturaren-menpe/ | Moko handiagoa ala txikiagoa, tenperaturaren menpe | Juan Ignacio Pérez | 2014-06-25 00:00:00 | Moko handiagoa ala txikiagoa, tenperaturaren menpe
Juan Ignacio Pérez
Hegaztiek mokotik ere gal dezakete beroa. Moko luzea duten tukanak bezalako hegaztiek bero asko gal dezakete gorputz atal horretatik. Izan ere, ezaguna da mokotik iragaten den odol-fluxua kontrol fisiologikoaren menpe dagoela. Hortaz, tukanaren mokoak laguntzen du, hegan egiterakoan, gertatzen den metabolismoaren igoeraren ondorioz sortzen den gehiegizko beroa xahutzen eta, horretarako, mokora doazen odol-hodi guztiak irekita mantentzen ditu; odol-fluxu handia gertatzen da mokoaren azalaren azpitik horrela. Aldiz, geldirik daudenean edo hotza egiten duenean, odol-hodi horiek itxita edo ia itxita egoten dira eta odol-fluxua oso mugatuta dago. Tukanek, horrela, ia ez dute galtzen berorik mokotik. Adibide hori ona da tukan gehienak leku beroetan bizi direlako eta beroa galtzeko beharrak handiak eta aldakorrak izan daitezkeelako. Baina mokoa garrantzitsua da tukanentzat ez ezik, hegazti guztietantzat ere. Izatez, lotura argia dago hegaztien mokoaren tamaina eta bizi direneko tokiko tenperaturaren artean. Positiboa da harreman hori, alegia toki beroetan bizi diren hegaztiek moko handiagoa dute leku hotzetan bizi direnek baino.
Noski, leku jakin batean ehunka edo milaka urte egon diren animaliek denbora luze eduki dute euren anatomia leku horretako baldintzetara egokitzeko. Hortaz, mokoen tamaina, horrelako iraupen luzeko moldatze baten ondorioa da neurri batean bederen. Baina duela gutxi, zientzialariek behatu dute epe laburrean ere finka daitekeela mokoaren tamaina eta tenperaturaren arteko harremana. Izan ere, tamaina desberdina izan daiteke hegaztia hazten den lekuko tenperaturaren arabaera. Hortaz, tenperatura hotzen menpe mantenduriko txitek moko txikiagoa garatzen dute tenperatura beroetan hazitakoek baino. Beraz, bi ezaugarri horien –tenperaturaren eta moko-tamainaren- arteko harremana, jaio eta hurrengo asteotan zehar finka daiteke neurri batean bederen.
Coturnix japonica galeper japoniarrarekin egindako ikerketa batean heldu dira ondorio horretara. Bi tenperatura desberdinetan hazi zituzten txitak, 35 eta 15ºC-an hain zuzen ere. Bada, 35ºC-an hazitako galeperrek moko handiagoa garatu zuten 15ºC-an hazitakoek baino. Eta areago, gero, tenperatura hotzetan neurketak egin zirenean, tenperatura beroen menpe hazitako galeper japoniarrek, tenperatura garaigoa zuten mokoaren gainazalean eta, beraz, bero gehiago galtzen zuten hortik. Horrek esan nahi du moko handiagoa garatzeaz gain, odol hodi dentsitate garaiagoa dagoela baldintza beroan hazitako galeperren mokoetan baldintza hotzean hazitakoenetan baino.
Tenperatura garai eta tenperatura apalen menpe hazitako txiten mokoen tamainak desberdinak dira hortaz, eta seguru asko horrek azaltzen du latitude desberdinetan bizi diren hegaztien mokoen tamainen arteko desberdintasunen zati bat. Baina kontuz, horrek ez du esan nahi latitudeetan eta altueretan zehar ikusitako hegaztien mokoen tamainen arteko aldagarritasun osoa garapen-malgutasun horri dagokionik. Hau da, lekuan lekuko tenperatura-baldintzen arabera aldatuz joan da hegaztien espezie eta populazio desberdinen aleen mokoaren tamaina.
Hortaz, hegazti baten mokoaren tamaina, tenperaturaren eraginari dagokionez, bi fakore mota daude tartean, hegaztiaren garapenean izandako tenperatur baldintzak batetik (malgutasun fenotipikoa), eta hegaztiaren leinuaren historian zehar jasan dituen tenperatur araua bestetik (moldatze genetikoa). Bi eragin mota, hortaz.
Iturria: G. Burness, J. R. Huard, E. Malcolm, G. J. Tattersall GJ. (2013): "Post-hatch heat warms adult beaks: irreversible physiological plasticity in Japanese quail". Proc R Soc B 280: 20131436. http://dx.doi.org/10.1098/rspb.2013.1436
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna. | science |
zientzia_kaiera-191ee89d3611 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/23/lupus-eritematoso-sistemikoarentzako-tratamendu-seguruenaren-bila/ | Lupus eritematoso sistemikoarentzako tratamendu seguruenaren bila | unknown | 2014-06-23 00:00:00 | Lupus eritematoso sistemikoarentzako tratamendu seguruenaren bila
Lupus eritematoso sistemikoa (LES) gaixotasun kroniko autoimmunea da. Organo bati baino gehiagori eragin diezaioke —nagusiki larruazala, artikulazioak eta giltzurrunak—, nahiz eta pazientearen arabera alde handia egon daitekeen gaitzaren hedaduran eta larritasunean. Hamar pazientetik bederatzi emakumezkoak dira, eta mila emakumetik bati eragiten dio.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneak Ikertzeko Unitateko buru Guillermo Ruiz Irastorzak azaldu duenez, orain arte nagusiki glukokortikoideekin (prednisona) tratatu da lupusa, nahiz eta duela zenbait urtetik bazekiten botika horiek albo-ondorio larriak dituztela. "Medikuok bagenekien modu jarraituan prednisona-dosi handiak emateak kalte atzeraezina eragiten duela, hala nola osteoporosia, hezurretako nekrosi abaskularra, diabetesa eta kataratak. Baina, hala ere, joera genuen albo-ondorio horiek gaixotasuna kontrolatzearen truke derrigor ordaindu beharreko prezio gisa ikusteko".
Bestalde, talde horrek oraintsu egindako ikerketetan ondorioztatu du glukokortikoide-dosi txikiagoak ohikoak bezain eraginkorrak izan daitezkeela. Gainera, kasu larrienetan, pultsu-terapia, hau da, une batzuetan zainen bidez dosi handiak ematea, oso eraginkorra da eta, seguru asko, ez du beste tratamenduak adinako albo-ondoriorik.
Hori dela eta, diagnostikoa egin ondoren lau urtez ahotik prednisona hartzearen eta lehen bost urteetan pilatutako kaltearen arteko harremana ikertzea erabaki zuten Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ikertzaileek. Ikerketa osatzeko, beste glukokortikoide baten (metilprednisolona) eragina ere aztertu zuten. Farmako hori zainen bidez ematen da, dosi handietan, une jakin batzuetan (gaixotasunaren fase larrienetan).
Ikerketan, 230 pazientek hartu zuten parte, haietatik 206 emakumeak. Batez beste, 35,75 urterekin diagnostikatu zitzaien lupusa. "Ikusi genuen laugarren urtearen amaieran paziente gehienak -% 80- prednisonaz tratatu zirela uneren batean eta, bosgarrenean, hamarretik ia lauk, % 37,8k, albo-ondorioren bat izan zuela", zehaztu du Ruiz Irastorzak. Albo-ondorioak jasan zituzten pazienteek prednisona-dosi handiagoak hartu zituzten (10,4 mg/egun) albo-ondoriorik ez zutenek baino (6 mg/egun). Glukokortikoideei egotz dakiekeen kaltea ikertzean ere antzeko emaitzak lortu zituzten: eguneko dosiak 11 mg eta 7 mg-koak ziren, hurrenez hurren. Eta ez hori bakarrik: aurretik egindako ikerketek iradokitzen zuten moduan, baieztatu zuten albo-ondorioekiko lotura eguneko 7,5 mg-ko batez besteko dosiekin hasten zela. "Alegia, dosi hori gaindituz gero, albo-ondorio iraunkorrak ager daitezke". Aitzitik, metilprednisolona-pultsuek ez dakarte kalterik.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak egindako ikerketa Rheumatology aldizkarian argitaratu dute. Hain zuzen, emaitza horiek erakutsi dute duela urte batzuetatik Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneen Unitatean erabiltzen ari diren jarraibideak onuragarriak direla. Ruiz Irastorza doktoreak nabarmendu du LES duten pazienteen oinarrizko tratamendua antipaludikoek izan behar dutela, zehazki hidroxiklorokinak; izan ere, hark nabarmendu duenez, "frogatua dago epe luzera glukokortikoideak baino eraginkorragoak direla lupusa kontrolatzeko, eta, gainera, albo-ondorio gutxiago dituzte. Azken horiek gaixotasunaren agerraldietan soilik erabili beharko lirateke".
"Antipaludikoak LESari aurre egiteko egokiak direla halabeharrez jakin zuten Bigarren Mundu Gerran", azaldu du doktoreak. "Baina ikusi dugu ezin egokiagoak direla lupusaren epe luzeko oinarrizko tratamendu gisa —paziente askoren kasuan terapia bakar gisa ere bai—, eta eragin onuragarria dutela epe luzeko biziraupenean. Modu horretan, glukokortikoideak gaixotasunaren agerraldietarako utz ditzakegu, eta badakigu kasu larrienetan metilprednisolona-pultsuak erabil ditzakegula, seguruak eta eraginkorrak baitira. Mantentze-tratamenduetarako, prednisona-dosiak ezin dira izan 5 mg/egun baino handiagoak; hori dela eta, kasu batzuetan beharrezkoa da farmako immunosupresoreak ere erabiltzea. Uste dugu jarraibide konbinatu horiek aukera seguru eta eraginkorra direla LES duten pazienteentzat".
Iturria: Ruiz-Arruza I, Ugarte A, Cabezas-Rodriguez I, Medina J-A, Moran M-A, Ruiz-Irastorza G. "Glucocorticoids and irreversible damage in patients with systemic lupus erythematosus". Rheumatology (2014) doi:10.1093/rheumatology/keu148 | science |
zientzia_kaiera-a754d97ccdbe | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/22/asteon-zientzia-begi-bistan-18/ | Asteon zientzia begi-bistan #18 | unknown | 2014-06-22 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #18
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien bilduma. Begirada bat emango diogu?
Historiaren istorio bitxia kontatzen digu Ibon Larrazabalek Liber Prodigiorum blogean. 70. hamarkadan Alemaniako liburutegi baten, irakurtezina zen liburu bat aurkitu zuten, zifratua baitzegoen. 105 orri eta 75.000 karakteredun eskuizkribua zen eta XVIII. mendeko talde masoi baten errituala deskribatzen zuen. Xehetasun guztiak "Copiale Cipher": masoien eskuliburu ezkutua artikuluan.
Eugene Goostman konputazio programa bat da. 13 urteko gazte ukraniar baten antzera jokatzen du, ez du ingeles maila ona eta barkamena eskatzen dio berarekin elkarrizketan diharduenari, hizkuntza kaskarrarengatik. Eugene protagonista izan da azken asteotan, adimen artifizialean adituak diren bost pertsonez osatutako epaimahai bati ziria sartu dielako. Epaileek berarekin bost minutuko idatzizko elkarrizketa bana izan ondoren, gizakia zela ebatzi baitzuten. Amaia Portugal kazetariak kontatzen digu Zientzia Kaieran: Eugene ez da hain argia ere.
Gezurra badirudi ere, aerosolak hodei-sortzaile apartak direla azaltzen digu Guillermo Roa dibulgatzaileak Elhuyar aldizkarian. Israelgo Weizmann Institutuko ikertzaileak egindako ikerketa baten arabera aerosolek ez dute kutsatutako airean bakarrik eragiten, atmosfera garbiko aerosol-kontzentrazioak ere eragin handia baitu hodeien sorreran, antza.
Orain arte zientzia fikzioa izan da gorputz bizien barruan espazio-ontzi txikietan bidaiatzea. Aldiz, bidai horretara hurbil daitekeen teknika bat ezagutarazi digu Javier San Martín kazetariak: mikrotomografia. Teknika honen bidez intsektuen barrua irudikatzen da aleak eskaneatu ondoren eta gero ordenagailuan azter daitezke edozein ertzetatik. Javier Alba-Tercedorrek, Granadako Unibertsitateko Zoologia-katedradunak, teknika honen bidez ditu hainbat intsekturen barrua ikusi eta irudikatu du modu harrigarrian. Zientzia Kaieran: Artea eta zientzia intsektuen barruan.
Atapuercan 21 urte lanean aritu ondoren, ikerketa-taldearen koordinatzailea den Juan Luis Arsuagak, hainbat egilerekin batera, artikulu interesgarria kaleratu du Science aldizkarian. Bertan Atapuercan aurkitutako 17 burezurren katalogo zehatza aurkeztu dute. Horri esker aztarnak datatu dituzte, hauek duela 430.000 urtekoak omen dira. Horrez gain, talde horretan agertu ziren lehen ezaugarri fisiko neandertalak haginetan eta aurpegiaren itxuran eman zirela baieztatu dute. Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Datu giltzarriak neandertalen eboluzioaz, Atapuercako 17 garezur analizatuta.
Xabier Pañalver arkeologoa da eta Aranzadi Zientzia Elkartean dihardu ikertzen. Praileaitz kobazuloko indusketen arduraduna da eta bertan egindako lanak biltzen dituen Praileaitz I haitzuloa liburua argitaratu berri du. Egilearen hitzetan liburua "hamar urteko indusketen eta hainbat herrialdetako hogeitik gora taldek egindako laborategiko lanaren ondorioa da." Juan Luis Zabala kazetariak Berrian hurreratzen digu bertan jasotzen direnak: Ikertzen hasitako gune batzuk ez daude aintzat hartuak dekretuan.
Brasilgo Munduko Kopa dugu egunotan hedabideetan nagusi. Ez gara futbolaz hitz egiten hasiko, ez, baina Nagore Irazustabarrena kazetariak Argian botatzen digun galdera bati jarri diogu arreta: Nondik dator "Brasil" toponimoa? Badirudi, egun Brasil izenaren etimologiaren jatorria ez dagoela argi.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-2ca7c9000ab4 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/21/ezjakintasunaren-kartografia-18/ | Ezjakintasunaren kartografia #18 | 2014-06-21 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #18
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Nash oreka oso garrantzitsua da joko-teorian eta nabarmena da honen eginkizuna arazo ekonomikoak edota sozialak aztertzeko orduan. Baina zaila dirudi eragileek haien ekintzak ausaz hautatzea, teoriak iradokitzen duen moduan. Hautaketa benetan al da ausazkoa teoriak horrela behar duela esaten badu? Eta horrela balitz, ausazkotasunak bat egiten du teoriak emandako probabilitateekin? José Luis Ferreirak teniseko sakeen eta futboleko penaltien jaurtiketen kasuak aztertzen ditu Game Theory explains professionals' play-en.
Positibismoari gizakizkoa ez dela leporatzen dionik badagoenean, Jesús Zamorak, hiru atal dituen manifestu baten, zeharo baieztatzen du humanismoa dela. Hemen lehen atala: Positivism is a humanism (A manifesto) (1/3).
Dragoitxoak edozein gainazalera itsasten dira, baita kristalean edota tefloian, bertikalean edo buruz behera eta erraztasunez askatzen dira gainazala kaltetu ezta urratu barik. Badira dozena bat urte gaitasun hau azaltzen hasi zirela eta honetan oinarritutako materialen garapenak heltzen hasi dira jadanik. Silvia Román Stuck like a gecko-n.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-03ccf45987e1 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/20/zientzialari-9-javier-duoandikoetxea/ | Zientzialari (9) – Javier Duoandikoetxea | unknown | 2014-06-20 00:00:00 | Zientzialari (9) – Javier Duoandikoetxea
Matematikari esker posible dugu biharko eguraldiaren iragarpena jakitea edo argazki kamera digitalak erabiltzea. Baina aplikazioetara zuzenduta ez dagoen matematikak ere berebiziko garrantzia du. Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko katedraduna da UPV/EHUn, eta gai hauei buruz galdetu diogu honako bideoan.
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean.
Zientzialari 09 – Javier Duoandikoetxea from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-27beb44fa231 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/19/artea-eta-zientzia-intsektuen-barruan/ | Artea eta zientzia intsektuen barruan | unknown | 2014-06-19 00:00:00 | Artea eta zientzia intsektuen barruan
Zientzia Fikzioaren eldarnioetako bat izan da gorputz bizien barruan espazio-ontzi txikerretan bidaiatzea. Izan ere, kanpoko espazioaren antzerako guda-leku bihurtu nahi izan zuten giza gorputzen barrua, gerra hotzean,
Otto Klementek eta Jerome Bixbyk proposatu zuten hori gidoi batean. Amets hori, eleberri bilakatuko zen gero Isaac Asimoven "Bidaia Haluzinagarria" lanean. Film bat ere egin zen 1966an, eta gero 80.eko hamarkadan beste bat, Hollywoodek "Txip mirarizkoa" izenpean moldatua.
Urpeko txiki batean fisikoki sartzea zen jatorrizko helburua azkeneko film horretan. Ez du horrelakorik egin Javier Alba-Tercedorrek, Granadako Unibertsitateko Zoologia-katedradunak, baina inoiz baino bikainago ikusi eta irudikatu ditu hainbat intsekturen barrua. Mikrotomografia erabili du horretarako.
Teknika hau ez da inbaditzailea, eta ondo ezagutzen dute zientzialariek, oso baliagarria gertatzen ari delako medikuntzan. Teknikaren bereizmena handia da eta hizpide hartu dugun kasu honetan 1.45 mikrakoa ere izan daiteke pixeleko. Zientzialariaren hitzetan, "erabilera interesgarri ugari ditu zientzia esparru oso ezberdinetan: medikuntza, antropologia, arkeologia edo zoologia bera. Gainera, teknika honek aurrea hartu die ekortze-mikroskopia elektronikoa bezalako beste teknikei hainbat arlotan. Izan ere, behin aleak eskaneatuta, ordenagailuan azter daitezke edozein ertzetatik. Ebakuntza birtualak ere egin daitezke.
Hain berrikuntza handiak ekarri dituen teknika honek ez ditu inola ere laginak eraldatzen eta aukera ematen du ale baliotsuak kaltetu gabe aztertzeko. 1800 erradiografia lor daitezke, animalia mikrotomagrafoaren barruan 180º biratzen ari den bitartean.
Era horretara, UGRko katedradunak bideo bat ekoitzi du. Minutu erditik gorako iraupena du eta Homalodisca vitripennis espeziearen ale baten gorputz-atalak ikus daitezke bertan. Hego kristalinodun txitxar txiki ere esaten zaio animalia honi. Alba-Tercedorren lanari, Ostenden (Belgika) zientzia-bideo onenaren saria eman zaio aurten "Bruker mikro-CT user meeting" topaketan.
Granadako Unibertsitatearen arabera, Homalodisca vitripennis zientzia-interes handikoa da, zeren eta, mahatsen izurrite bat sortzen duelarik, diru-galera handiak eragiten baititu urtero mundu osoan zehar. Izan ere, espezie honek bektore modura jokatzen du landareei mikroorganismoei sortutako gaixotasunez kutsatuz.
Alba-Tercedorrek lehenago ere lortua du sari hori, Granadako Unibertsitateak gailu hau erosi zuenetik. Aurrekoetan ere bideoei edo argazkiei eman zitzaien saria, beti ere intsektu batzuen barruak zirelarik ikusgai.
Aurreko ikerketetan, Alba-Tercedorrek hainbat irudi plazaratu ditu Plos One bezalako aldizkarietan. Horrelakoetan, aukera izan dugu orain arte ezezagunak ziren anatomia-zehaztapenak ikusteko. Kontu bitxiak eta eztabaidatuak ere ikusi dira. Adibidez, jakin izan dugu zergatik egiten duten hegaz kakalardo batzuek egunez eta beste batzuek gauez, edo zergatik egiten duten tenperatura baxuko uneetan. Edo bare batzuek barruan dituzten espikulek babes edo egitura-funtzioa ote duten.
Alba-Tercedorren ustez, bera "Ekologian eta ibai-kutsaduran aditua den zoologoa da, baina mikrotomografian era berri bat aurkitu du ilusionatzeko eta diziplina arteko ikerketan aritzeko".
Izan ere, saria lortu duen azken bideo hau beste batzuekin batera plazaratu du ikerlariak, mundu osoko ikerkuntza-taldeekin egindako elkarlanaren ondorio gisa. Azken kasu honetan, Dr. Wayne Hunterrekin batera aritu da. Ikertzaile hau, Fort Pieceko Nekazaritzako Sailekoa da (Florida, Amerikako Estatu Batuak).
Oharrak.
Erreferentziak:
– From the sample preparation to the volume rendering images of small animals: A step by step example of a procedure to carry out the micro-CT study of the leafhopper insect Homalodisca vitripennis (Hemiptera: Cicadellidae). In: Bruker Micro-CT Users Meeting 2014. orr: 260-288. Brukermicro CT. Kontich, Belgium (ISBN: 9789081678100, ISSN: 2033-8031).
-Alba-Tercedor, J, Sánchez-Tocino, L. "High-Resolution Micro-CT of the Anatomy of the Sea Slug Polycera quadrilineata". Microscopy and Analysis, Volume 26 (1): 17-19, 2012.
– José R. Verdú, Javier Alba-Tercedor, Mónica Jiménez-Manrique "Evidence of Different Thermoregulatory Mechanisms between Two Sympatric Scarabaeus Species Using Infrared Thermography and Micro-Computer Tomography". Published: March 19, 2012 DOI: 10.1371/journal.pone.0033914.
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA) kazetaria da, eta artikulu hau Activa Tu Neurona blogaren kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-7ed4c462f838 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/17/eugene-ez-da-hain-argia-ere/ | Eugene ez da hain argia ere | Amaia Portugal | 2014-06-17 00:00:00 | Eugene ez da hain argia ere
Amaia Portugal
Joan den astean bolo-bolo zabaldu zen albistea: makina batek Turingen testa gainditu omen du, historian lehenbizikoz. Eugene Goostman izeneko konputazio programak bete zuen erronka, Readingeko Unibertsitateak Londresen antolatutako lehiaketa batean, ekainaren 7an; hain zuzen ere, Alan Turingen heriotzaren 60. urteurrenean. Unibertsitateak berak zabaldutako prentsa oharrean, konputazioaren eta adimen artifizialaren historiako mugarritzat jo zuen gertakaria.
Anekdotaz harago, berriak berritik ezer gutxi duela adierazi dute aditu askok azken egunotan. Albistea eta Turingen testa bera xehatzen ahalegindu gara hurrengo lerrootan.
Eugene Goostman izeneko konputazio programak lehiaketan parte hartu zuten epaileen %33ari (30 epailetik 10) sartu zien ziria: gizaki batekin hizketan ari zirela pentsarazi zien.
Bost makina aritu ziren lehian, eta epaileek bost minutuko idatzizko elkarrizketa bana izan zuten horietako bakoitzarekin, aldi berean gizaki batekin ere hitz egiten zuten bitartean. Kasu bakoitzean, epaileek gizakia eta makina bereizi behar zituzten. Lehenbizikoz, epaileen herenak huts egin zuen Eugenekin hitz egitea egokitu zitzaienean, eta hura jo zuten gizakitzat. Tankera honetako lehiaketa batean, makina batek inoiz ez du hainbesterainoko nahasmena eragitea lortu orain arte. %30etik gorako iruzurra eragin duelako, Turingen testa gainditu duen lehenbiziko makina dela esan dute.
Informatikaren asmatzailetzat jotzen da Alan Turing matematikari ingelesa. 1936an Turingen makina izeneko kontzeptu teorikoa sortu zuen; edozer ezagutza, edozer prozedura, mekanizatu ahal izateko metodo orokor bat. Berak orduan ez bazekien ere, gaur egungo konputagailu ororen funtsa utzi zuen idatzirik. Bigarren Mundu Gerraren bilakaeran ere zeresan handia izan zuen Turingek, alemaniarrek enkriptaziorako baliatzen zuten Enigma makinaren mezuak deskodetzeko ezinbestekoa izan baitzen bere ekarpena. Bere lana sekretupekoa zelako eta, batez ere, homosexuala zelako, bizi artean ez zitzaion merezitako aitorpenik egin.
Adimen artifizialaren alorrean egindako ekarpenari dagokionez, Computing Machinery and Intelligence izeneko artikulua argitaratu zuen 1960an, Mind aldizkarian. Honako galderarekin abiatu zuen idatzia: "Makinek pentsatu al dezakete?".
Jesus Ibañez EHUko Informatika Fakultateko irakasleak azaldu duenez, "adierazten du hain problema sakona, ezen jendea oraindik ez baita ados jarri. Adimen artifizialari buruz oso adostasun gutxi baitago. Turingen asmoa zera zen, zientziaren alorrekoak ez diren objekzioak edo oztopoak saihestea, eta balizko oztopo horiek zeintzuk izan zitezkeen aztertu zuen artikuluan". Pentsatzea giza arimari soilik dagokion dohaina dela, makina batek logikaren arabera erantzun dezakeen galdera kopurua mugatua dela, gailuek gizakiak gainditu ditzaketela iradokitze hutsa onartezina dela… Gizarteak "makinek pentsatu al dezakete?" galderari ezetz erantzuteko emango zituen argudio (edo aitzakia?) ez-zientifikoak zerrendatu zituen Turingek artikuluan, bai eta bete-betean asmatu ere. "Berak aurreikusi ez zituen argudio gutxi egin dira", gaineratu du Ibañezek.
Antropozentrismoa medio, pentsatu aditzak eztabaida luzatuko zuela jakitun, hasierako galdera bestela formulatzeko bidea iradoki zuen gero Turingek, artikulu horretan bertan: makinek inoiz gizakiok bezala jokatzerik izango ote zuten planteatzea. Gizakion moduan pentsatu ordez, gizakion moduan pentsatzeko plantak egin: imitazioaren jokoa.
Berak ez zuen halakorik aipatu, baina artikulu horretan idatzitakoan oinarritzen da gerora Turingen testa izena hartu duen froga. "Berrogeita hamar bat urteren buruan, uste dut ordenagailuak programatu ahal izango direla imitazioaren jokoan hain ondo jolasteko, ezen galdetzaileak identifikazioa zuzen egiteko aukera ez baita %70 baino handiagoa izango, bost minutuko galdeketaren ondoren", aipatu zuen testuan. Baieztapen hori du abiapuntu Eugene Goostman programak lehenbizikoz gainditu duen testaren diseinuak.
Azterketa zehatz bat gainditzeko trikimailuak ondo ezagutzen dituen ikasle trebea da Eugene, adimentsua baino gehiago. Hamahiru urteko mutiko ukrainar baten gisara aurkezten du bere burua: horrek esan nahi du epaileak ez direla harritzen ingelesez idaztean akatsak egiten dituenean, ez eta erantzun guztiak zuzen emateko gai ez denean ere. Ustez nerabe bat baita, azken finean. Horregatik, nekez izan daiteke Turingen testa adimen artifizialaren neurgailu perfektua: epaileari ziria sartzea da gakoa, eta ez inoizko makinarik burutsuena diseinatzea.
Gainera, halako lehiaketetan izaten diren emaitzak ez dira erabat zuzenak. Izan ere, beste faktore garrantzitsu bat hartu behar da kontuan: testuingurua. Epaileek badakite makinak haiei ziria sartu nahian dabiltzala, baina lehiaketaz kanpo, askoz ere errazagoa da gizakiok ezustean harrapatzea. Ibañezek aipatu bezala, "Loebner lehiaketa Londresen egindako beste hau baino modu serioagoan antolatzen da, baina zein da daukaten lehenbiziko arazoa? Epaileak konputazio zientzialariak direla, eta haiek badakitela zer den zaila makina batentzat. Baina gero, hortik kanpo, guk zer jarrera dugu, zer erraztasun ematen ditugu engainatuak izateko? Horren inguruan badago Robert Epsteinen artikulu oso interesgarri bat. Gai honetan espezialista izan arren, hilabetetan, programa batek ziria sartu zion, eta ligatzen ari zela pentsarazi. Adierazgarria da".
Eugene ez da superkonputagailu bat. Bera baino adimentsuagoak dira, esaterako, Gary Kasparov xake txapelduna garaitu zuen Deep Blue makina, edo Jeopardy izeneko jokoan aritu izan den Watson konputagailua. Baina horien adimena ez da Turingen testaren arabera neurtzen, eta Ibañezek esan bezala, "makinek aurreratzen gaituztenean, joera dugu esateko hori ez dela adimena".
Iturria: What comes after the Turing test? (The New Yorker)
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-84062c64d4ba | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/16/lehen-aldiz-identifikatu-dituzte-alkohol-gehiegi-edateak-neuronetan-eskala-molekularrean-eragiten-dituen-kalteak/ | Lehen aldiz identifikatu dituzte alkohol gehiegi edateak neuronetan, eskala molekularrean, eragiten dituen kalteak | unknown | 2014-06-16 00:00:00 | Lehen aldiz identifikatu dituzte alkohol gehiegi edateak neuronetan, eskala molekularrean, eragiten dituen kalteak
UPV/EHUren eta Nottingham-eko Unibertsitatearen artean eginiko ikerketa baten bidez, alkoholaren gehiegizko kontsumoak garunean eragin ditzakeen kalteak, eskala molekularrean, identifikatu dituzte lehen aldiz. Zehazki, ikertzaile taldeak garuneko eremu prefrontalean sortzen diren asaldurak zehaztu ditu. Eremu hori garuneko eboluzionatuena da eta funtzio exekutiboak kontrolatzen ditu, esaterako: estrategien plangintza eta diseinua, lanerako memoria, arreta selektiboa edo portaeraren kontrola. Ikerketa honek bide ematen dio alkoholikoen bizitza hobetuko duten eta alkoholismoaren ondoriozko gaixotze eta heriotza tasak murriztuko dituzten medikamentu eta terapia berrien sorrerari. PLOS One aldizkari digitalean argitaratu da.
Ikerketan, Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado, Benito Morentin eta Amaia Erdozain doktoreek, Nottigham-eko Unibertsitateko Wayne G. Carter doktorearen taldearekin batera, post mortem azterketa egin zieten alkohol gehiegikeria/menpekotasuna diagnostikatu zieten 20 pertsonaren garunei eta alkoholikoak ez ziren beste 20 pertsonaren garunei. Kortex prefrontalaren azterketan, ikertzaileek zitoeskeleto neuronalaren asaldurak ikusi dituzte paziente alkoholikoen garunetan, zehazki, proteina hauetan: α eta β tubulina eta β II espektrina. Etanolak egitura neuronalean eragindako aldaketa horiek antolamenduari, harremanak izateko ahalmenari eta sare neuronalaren funtzionamenduari eragin diezaiekete, eta alkoholismoa duten pertsonei lotzen zaizkien portaera aldaketen, aldaketa kognitiboen eta ikasteko arazoen arrazoia izan daitezke.
Lehen aldiz garuneko eremu prefrontalean, maila molekularrean, ikusitako kalteak eta asaldurak deskribatzea beste alor batzuk ikertzeko lehen urratsa izan daiteke. Helburu berrien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: alkoholak asaldura horiek eragiteko dituen mekanismoak argitzea, proteina horien funtzionamendua erregulatzen duten entzimek jasan ditzaketen asaldurak zehaztea eta prozesu horiek garunaren beste eremu batzuetan ere gertatzen ote diren ikustea (esaterako, higitze-funtzionamendua kontrolatzen dutenetan). Azken helburua aldaketa molekular horiek identifikatzea da, batetik, alkoholaren gehiegikeria eta menpekotasun prozesuekin lotzeko, eta, bestetik, alkoholak sortutako asaldurak arintzeko medikamentuak eta aukera terapeutikoak sortzeko, pertsona alkoholikoen bizitza hobetuz eta alkoholismoaren ondoriozko heriotza tasa murriztuz.
Erabilitako garun laginak UPV/EHUren Farmakologia Saileko Neuropsikofarmakologia Taldearen garun laginen bildumakoak dira. Lagin horiek UPV/EHUren eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez eskuratzen dituzte. Pazienteen diagnostikoa beren mediku arduradunek zehaztu zuten horiek hil aurretik, Buruko Nahasmenduen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburuari jarraituz (Amerikako Psikiatria Elkartearen DSM liburua).
Azterlana egiteko, ikertzaileek hainbat teknika erabili dituzte: mikroskopia optikoa, proteomika, Western blot eta masa espektrometria. Mikroskopia optikoak agerian utzi zuen paziente alkoholikoen garunetako eremu prefrontaleko neuronak hondatuta zeudela, paziente ez alkoholikoen garunekin alderatuta. Hurrengo pausoan, ikerketa taldeak proteomika teknikak erabili zituen neurona horietan zein proteina aldatu diren ikusteko. Hala, asaldatutako elementuak tubulina eta espektrina izeneko proteina familietakoak direla zehaztu zuten. Tubulinek neuronen zitoeskeletoa osatzen dute, hau da, beren arkitektura. Espektrinen funtzioa, aldiz, zelulen formari eustea da. Beraz, biek garuneko sare neuronaleko osagaien arteko harremana eta jarduera ahalbidetzen dute.
Lagin bakoitzeko proteina kopurua zenbatzeko helburuarekin, Western blot teknika erabili zuten. Horren bidez, etanolak sorrarazitako kaltearen ondorioz proteina mailak murriztuta zeudela ikusi zuten. Hurrengo pausoan, masen espektrometriaren bidez, kaltetutako proteinak zehazki identifikatu ahal izan zituzten; alegia, tubulinen familiaren barnean, α eta β proteinak murrizten zirela ikusi zuten, eta, espektrinen artean, β II proteinak.
Erreferentzia: Amaia M. Erdozain, Benito Morentin, Lynn Bedford, Emma King, David Tooth, Charlotte Brewer, Declan Wayne, Laura Johnson, Henry K. Gerdes, Peter Wigmore, Luis F. Callado, Wayne G. Carter. "Alcohol-Related Brain Damage in Humans", Plos One (Published: April 03, 2014) DOI: 10.1371/journal.pone.0093586 | science |
zientzia_kaiera-adadaf091229 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/15/asteon-zientzia-begi-bistan-17/ | Asteon zientzia begi-bistan #17 | unknown | 2014-06-15 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #17
Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Hainbat zientzia-gai jorratu dira Interneten eta hementxe dituzue laburbilduta.
Dena neurrian egin behar da. Hori da Nagore Etxeberria kazetariak azaltzen diguna Berrian Ondo jarri ezinik artikuluan. Lanean eserita ordu asko emateak baditu bere arriskuak. Archives of Internal Medicine aldizkarian argiratutako artikulu batek dio "egunean zortzi orduz eserita lan egiten duten langileek lau orduz eserita lan egiten dutenek baino %15 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko". Are gehiago, badirudi denbora asko jesarrita egoteak zahartze prozesua bizkortzen duela.
Koldo Garcia biologoak ere neurrian egiten ditu gauzak. Egunero kafesnea eta pintxoa hartzen ditu. Kafesnea har dezake, zorionez, laktosa digeritzeko gai delako. Europar gehienek behi-esnea lasai hartzen dute gene baten mutazioari esker. Laktasa kodetzen duen LCT genea behin jaio berriak bularra hartzeari uzten diotenean geneak desaktibatzen da, gure kasuan aktibo mantentzen da eta esnea hartzen jarrai dezakegu. Datu gehiago Edonola blogeko Laktosari tolerantzia artikuluan.
Gauza kuriosoak ditu zientziak eta askorako eman dezake. Adibidez, umeekin tarte atsegin bat pasatzeko modua ere eskaintzen du. Txoni Matxain kimikariak Nola ikasi Kimika Kuantikoa izutu gabe blogean ematen digu horren adibide bat. Ozpina eta bikarbonatoa erabiliz, putz egin gabe globo bat nola puztu dezakegun erakusten digu: Puxika puztu putz egin gabe?
Naia duela 12.000 urte baino gehiago Mexikoko herrialde baten bizi zen. 15 urte zituelarik zendu zen eta haren gorpuak ehun mende baino gehiago iraun du kobazulo baten gordeta. Ikertzaileek haren eskeletoa aurkitu dute orain dela gutxi eta hau izugarrizko zientzia-aurkikuntza izan da, Amerikako populazioaren eboluzioa ulertzen laguntzen baitu. Antonio Cantó dibulgatzaileak hurbiltzen gaitu istorioa honetara Zientzian Kaieran: Naiaren leinua.
Itsasotik lurrazalera. Amaia Portugal kazetariak kontatzen digu Zientzia Kaieran Alemaniako Aeroespazio Zentroa (DLR) hiru dimentsioko atlas bat garatzen ari dela. Atlas honek Planetako tontor eta sakonune guztiak jasoko ditu TerraSAR-X eta TanDEM-X radar sateliteei esker. Inoiz egin den atlas zehatz eta osatuena izango da eta Lurrazalaren zimur guztiak agerian utziko ditu.
Ametsak. Amets kontzienteetan ameslaria jakitun da ametsetan dabilela eta horrez gain, ametsa gidatzeko gaitasuna du. Ez dago gaizki ezta? Erik Armendaritzek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian, Frankfurteko Johann Wolfgang Goethe Unibertsitatean, garunean gamma uhinak induzitzeak amets kontzienteak sortzen dituela: Indukzio bidez, ametsen jaun eta jabe.
Ametsetatik, errealitatera. Klima-aldaketaren eraginez Mediterraneo itsasoak jasan duen azidotze prozesua ikertzen du Europar Batasuneko MEDSEA programak. Aztertutakoaren azken emaitzak eman berri dituzte eta ikerlanak agerian uzte du Mediterraneoko tenperatura eta azidotze-maila asko igo egin direla. Aurrera begira, neurri berdinean jarraituz gero igoerak, hainbat espezie desagertzeko bidean egongo lirateke. EuskalNaturan ematen digu ikerketaren berri Mikel Irastorza biologoak Mediterraneoa mehatxupean, beroketa globala eta azidifikazioa tarteko artikuluan.
Berrian bestelako eraginei erreparatu die Garikoitz Goikoetxeak Eztanda kafeinatan artikuluan, edari energetikoen kontsumoak gazteengan dituen eraginei. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziaren ikerketa baten emaitzen arabera, 10-18 urte bitarteko neska-mutiletan, hamarretik zazpik hartzen dituzte edari energetikoak eta datua kezkagarria da. Jose Manuel López biokimikariaren esanetan, edari horiek "nutrizioaren ikuspegitik, bonba bat dira gorputzarentzat."
Nori ez zaio gertatu telebistako seinale galtzea ageriko arrazoirik gabe? Hori gertatu zitzaien Oiz mendiaren inguruan bizi diren biztanleei, bi antena transmisoreen aldamenean, hamar haize-sorgailu jarri eta gero. Itziar Angulo ikertzaileak aztertu duenez, aerosorgailuek norabide guztietan sakabanatzen dute ailegatzen zaien seinale elektromagnetikoa eta, ondorioz, zenbait kasutan, eskaintzen diren telekomunikazio zerbitzuak ez dira onak. Elhuyar aldizkariko Aerosorgailuak eta lurreko telebista digitala artikuluan datu guztiak.
CSI telebista sailean ikertzaileek eskularruak erabiltzen dituzte aztarnak bildu eta tratatzeko. Benetako ikertzaileek ere berdintsu egiten dute, eskularruekin maneiatzen dituzte frogak. Baina ba al dakigu zergatik erabiltzen diren eskularruak hilketa baten gertalekuan? Erantzuna Nagore Irazustabarrenak eman digu Argian.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-7f3457e9e8da | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/14/ezjakintasunaren-kartografia-17/ | Ezjakintasunaren kartografia #17 | 2014-06-14 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #17
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Gehien ikertu den ohiko prozesu zelularra da besikula sinaptikoen birziklatzea, behin sinapsian neurotransmisoreak (exozitosiz) askatu ondoren eta berriz ere, zelula-mintzarekin bat egiten duenean (endozitosiz). Prozesua deskribatu ondoren zintzilik zegoen gauza bat zen, haren kuantifikazioa. Rosa García-Verdugok kontatzen digu Ingredients for a synaptic cocktail artikuluan.
Hurrengo mendean gizadiak aurre egin beharko dion erronka handiena bezala aurkezten da, berotze globalak eragindako klima-aldaketa. Orokorrean hau gutxitzeko aipatzen den ohikoena da, dioxido karbonoaren eta berotegi-efektua eragiten duten gainontzeko gasen isuri murrizketa, besterik ez balego bezala. Baina egon badago besterik, gizadia ausartuko balitz behintzat: geoingeniaritza. Santiago Pérez-Hoyosek azaltzen digu Geoengineering versus Global Warming-en.
Zer da erradiazio dosimetro bat? Zergatik behar dugu bat? Erantzun labur eta interesgarri bat emateko Maria Retentzik kontatzen digu, Japoniako gobernuaren funtzionarioek eman zietela bat 2011an Fukushimako hondamendiaren ostean ebakuatutakoei Going postal: When radiation dosimeters got into a box artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren etaNazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-666f0bc1dfec | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/12/naiaren-leinua/ | Naiaren leinua | 2014-06-12 00:00:00 | Naiaren leinua
Naia, duela bi mila urte baino gehiago bizi izan zen. Liraina eta txikia zen, baina ezer gutxi dakigu horretaz gain. Kontua da egun batean, okerreko urrats bat egin zuela, bere bizitzako azken urratsa. Berak egin zuen, edo eginarazi egin zioten, eta sima batean erori zen, Yucatán Penintsulan, egun Mexiko deritzon herrialdean. Hortxe hil zen, pelbis apurtuta, burua besoan tinkatuta zuela, agian negarrez, bakarrik iluntasun hartan. Bertan eroritako kide gehiagoren eskeletoek inguratuta hil zen. Askoz ere beranduago, uholde bat iritsi zen kobazulora, azken glaziazioa bukatu ostean. Eta horrela gelditu zen, ehun mende baino gehiago igaro arte.
Naiari izugarrizko izua eta oinazea ekarriko zion gertaerak. Guretzat ordea, Naia izugarrizko zientzia-aurkikuntza izan da. Izan ere, oso argigarria gertatu zaigu Amerikako populazioaren nondik norakoak sakonean ulertu ahal izateko. Hoyo Negroko aztarnategia da kobazulo hura. Egun, Mexikoko Antropologia eta Historiako Institutu Nazionala (INAH) ari da kobazuloa aztertzen, beste hainbat erakunderekin batera. Hoyo Negro, hau da, Sac Actun kobazulo multzoa, Tulumen kokatua dago, Quintana Roo estatuan. Altxorraren kobazuloa da batzuentzat, "Paleontologiarentzat esparru ezin hobea". Applied Paleosciencesekoa den James C. Chatters doktoreak dio "denbora-kapsula bat dela, informazio bikaina eskaini baitigu azkeneko izotz-aroaren bukaeran zeuden gizakien, beste animalien, eta landareen inguruan". Naiaren gorpuarekin batera, beste hogeita sei espezie desberdin aurkitu dira, hain ospetsu bilakatu diren sable-horztun tigreak barne[1].
Lehenik, ikus dezagun Dr. Chattersek hizpide hartu zuen kontu hau. Hipotesi nahiko onartua da Amerikan jatorriz zegoen populazioa Siberiatik etorritako kide batzuek osatua zegoela. Kideok, egun Bering itsasartea dena zeharkatu zuten. Azken glaziazioan Beringia zen itsasarte hau, eta kide horiek, gerora kontinente osora iritsiko ziren, Patagoniara arte, eta are urrunago ere. Hala ere, hipotesi hau oso eztabaidatua da; zenbaitetan zientzia-irizpide sendoak erabili dira hipotesiaren aurka, eta beste zenbaitetan badaezpadako irizpideak. Hain hurbil sumatzen ditugun kontu hauen azpian badaude identitate kontuak eta antzerakoak eta horretaz gain, baditugu tartean sasizientzien zaleak eta erlijiozko fanatikoak ere.
Beringiaren inguruko hipotesiaren aurka, esan izan da historiaurreko amerikarrek eta oraingo indiarrek ez dutela antz handirik, ez behintzat eskuragarri ditugun aztarnen arabera. Chatters doktoreak berak esan du oraingo indiarrek antz handia dutela txinatar, korear eta japoniarrekin, eta antzinako indiarrek egungo Afrika, Australia eta Ozeano Bareko populazioarekin dutela antza[2]. Izan ere, aurpegi eta buru-hezur txikiagoak dituzte. Esaterako, badugu ikerlari honek aztertu zuen Kennewickeko gizonaren eskeletoa, Japoniako ainuen antza zeukana[3]. Datu honek eta beste batzuek, antza, iradokitzen zuten hasierako amerikarrak ez zirela sartu Beringiatik, edo ez zirela Beringiatik bakarrik sartu eta ziurrenik itsasoa zeharkatuko zutela, Ozeano Bareko irletatik eta bai Afrikatik ere, Amerika kolonizatu arte.
Ez Naia, ez Kennewickeko gizona, ez ziren egungo indiarren antzekoak. Hala ere, bere zuhurtziaren haginetako batek izugarrizko bultzada eman dio Beringiaren hipotesi estandarrari. Izan ere, hagin horretan eskura eduki dugu mitokondrioen ADNa, eta makromolekula honek "zu norena zaren" diosku oso epe luzera. Eta Naiaren ADNa D1 haplotaldekoa da zalantzarik gabe. Honek sendoki lotzen ditu neskatoa, bestelako indiarrekin eta siberiarrekin[4]. Horrela, itxuraz fisonomia-desberdintasunak egon arren, berriz onartu beharko genuke giza populazio bakarra sartuko zela Amerikara Beringian zehar.
Baina orduan, zer dela eta hain gorputz-desberdintasun handiak siberiarren, paleoamerikarren eta egungo indiarren artean? Ikerlariek diote eboluzio prozesu arin batek eragingo zituela alde horiek. Izan ere, batzuek uste duten baino azkarrago jokatzen du eboluzioak. Antzinako amerikarrak azkar moldatuko ziren kontinente berriaren klima-ezaugarri berrietara, izotz-aro betean, eta Naia edo Kennewickeko gizona dira horren seinale. Gero, berriz moldatu eta egungo ezaugarriak lortuko zituzten. Baina lerro berekoak dira, hots, lerro horretatik datoz amerikar guztiak, gainontzeko gizaki guztiekin ulertezinezko lotura gordeta. Horiek ziren, horiek, gaueko zerura begiratu eta argitxo horiek zer ote ziren galdezka jarriko zirenak. Hala egingo zuen ziur aski Naiak, gure Lur honetan gizakien artean ibili izan zen hamabost urte haietan.
[1] INAH Noticias: "Encuentran en Hoyo Negro nuevas posibilidades para estudiar el origen del hombre americano." Instituto Nacional de Antropología e Historia, boletín nº 161 (2014ko maiatzaren 15a), México.
[2] Kumar, M.: "DNA From 12,000-Year-Old Skeleton Helps Answer the Question: Who Were the First Americans?" Smithsonian magazine / smithsonian.com, 2014ko maiatzaren 15a.
[3] Middle Tennessee State University. "Kennewick Man Skeletal Find May Revolutionalize Continent's History." Science Daily, 2006ko apirilaren 26a.
[4] Chatters, James C. et al.: "Late Pleistocene human skeleton and mtDNA link Paleoamericans and modern Native Americans." Science, 2014ko maiatzaren 16a, 344 (6185): 750-754. DOI: 10.1126/science.1252619
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da | science |
|
zientzia_kaiera-78e902223b5f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/11/lurrazalaren-zimur-guztiak-agerian/ | Lurrazalaren zimur guztiak agerian | Amaia Portugal | 2014-06-11 00:00:00 | Lurrazalaren zimur guztiak agerian
Amaia Portugal
Gure planetako tontor, sakonune eta tarteko gorabehera guztiak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte TerraSAR-X eta TanDEM-X radar sateliteek. Azken hau ordurako Lurraren orbitan zebilen aurrenekoaren bidaide bihurtu zen 2010ean, eta ordutik, 800 milioi kilometro egin dituzte elkarrekin, 514 kilometroko garaierak ematen duen talaiatik. Bestela esanda, bitan arakatu dituzte lurrazaleko txoko guzti-guztiak. Bildutako datuekin, proiektuaren ardura duen Alemaniako Aeroespazio Zentroa (DLR) atlas ikusgarria prestatzen ari da: hiru dimentsioduna, inoiz baino zehatz eta osatuagoa.
Bi sateliterekin lan egiteak emango dio, hain zuzen, hirugarren dimentsioa atlasari. Aitor Bastarrika Kartografia eta Geodesia ingeniariak eta EHUko Geomatika eta Topografia Ingeniaritza Graduko irakasleak azaldu bezala, gure bi begiek egiten dutena kopiatzean datza: "Begi bakarretik ikusten dutenek ezin dute sakonera ikusi, ez dute hirugarren dimentsioa bereizten. Ate bat zabaltzera goazenean, guk badakigu distantzia zein den, baina begi bakarretik ikusten duenak ezin du. Estereoskopiaren oinarria hori da: gauza bera bi lekutatik ikustea. Eta horixe da bi satelitek ematen dutena".
Horrexegatik, bi sateliteok erabat koordinatuta eta kontrolatuta daude; hirugarren dimentsio hori behar bezala neurtzeko. Helize formako patroi baten arabera dago zehaztuta nola mugitzen diren bi gailuok elkarren artean. Batzuetan, bata bestetik 120 metro eskasera besterik ez dagoela ateratzen dute puntu beraren irudia. Askotariko lurrazal zatien altuera zehatz kalkulatuko bada, teknikariek ondo baino hobeto jakin behar dute uneoro bi sateliteen arteko distantzia zein den. Errore marjina milimetro gutxi batzuetakoa besterik ez da.
Gainera, radar sateliteak dira honako hauek, eta horixe da proiektu honen ezaugarri nagusietako bat. Ez dituztela argazki arruntak ateratzen, alegia. "Orain arte horrelakoetan lur eredu digitalak (DTM) egin izan dira normalean. Hegazkin batetik ateratzen dituzten argazkiekin egin izan dira horiek. Kasu honetan ere argiarekin funtzionatzen da, baina ez gure uhin luzeran; ez gure eremu ikusgarrian", esan du Bastarrikak.
Horrek abantaila handi bat ematen die bi sateliteoi. Izan ere, eguraldiak ez du apenas baldintzatzen ateratzen dituzten irudien kalitatea: "Radarrak igortzen duen energiarekin (irrati uhinak) primeran lan egin daiteke gauez edo eguraldi txarra dagoenean. Hori oso garrantzitsua da eremu polarretan, tropikaletan eta laino asko dagoen lekuetan lan egiten denean".
Honen aurrekaria, mundu osoa estaltzen duen lehen lur eredu digitala, SRTM (Shuttle Radar Topografia Misioa) izenekoa da. Honekin baliatu zuten metodologiaren antzekoa da orain darabiltena, baina uzta askoz ere zehatzagoa da. Alemaniako Aeroespazio Zentroak jakinarazi duenez, 30 aldiz zehatzagoa.
Bastarrikaren arabera, "teknologia bera zen, baina ez zuten sateliteekin egin, transbordadore batekin baizik. Antena luze bat zeukan, eta bi ikuspuntu: bata transbordadorean eta bestea antenaren bukaeran. Baina 90 metroko pixela zeukan [ematen zuen emaitzan, argazkian, pixel bat 90 metro errealen ordezkoa zela, alegia], eta berri honetan bi metro inguru izango ditu pixelak. Hori du ona: mundu osoan, bai eta oso aldenduta dauden lekuetan ere, bi metroko bereizmena daukan lur eredu digital bat ematen duela".
Datuak bilduta, prozesatzearen azken fasean dago proiektua 2013ko bukaeratik, eta 2015a agortzerako, dena prest eta topografo profesionalentzat erabilgarri izatea espero da. Dena dela, lurrazalaren bi puskaren hiru dimentsiodun mapak sarean jarri dituzte dagoeneko, adibide gisa: Australiako Flinders mendilerroa eta AEBtako Badlands Parke Nazionala.
EHUn, Euskal Autonomi Erkidegoko lurrazala hartzen duen Geoeuskadi zerbitzu irekiarekin egiten dute lan; horixe da Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen lur eredu digitala. Bastarrikak azaldu bezala, laser izpietan oinarritutako LIDAR teknologiarekin osatutako egitura da honakoa: "Hegazkin batetik egiten da. Laser pultsu bat igortzen da, eta lurrazaleko puntuei dagozkien X, Y eta Zk lortzen dira. Hortik ateratzen dute metro bateko bereizmena daukan lur eredu digitala". Zehatza da oso, baina puntu txiki bat besterik ez da, TerraSAR-X eta TanDEM-X radar sateliteek munduari emandako bi birekin alderatuta.
Iturria: A new map of Earth – in 3D and extremely precise
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-ff074243712a | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/10/guillermo-quindos-genetikoki-ikertzeko-dago-prestatu-gizakia/ | Guillermo Quindós: "Genetikoki ikertzeko dago prestatu gizakia" | Peru S. Gamarra | 2014-06-10 00:00:00 | Guillermo Quindós: "Genetikoki ikertzeko dago prestatu gizakia"
Peru S. Gamarra
Hipocrates karrikan gaude, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean. Egun lasaia dela dirudi, ikasle gutxi ikusten baititugu bertan –azterketa garaia da-, eta ordenagailua eta grabadora eskuan ditugula '0P3' bulegoaren bila hasten gara. Korridoreetan zehar doktoregaiak eta irakasleak besterik ez ditugu ikusten. Gehienak, gainera, beren ikerketetan murgilduta daude. Polita da hauek denak lanean ikustea. Datozen urteetan etorriko diren ikertzaileak hemendik aterako direla pentsatzea eta, neurri handi batean, etorkizuneko aurkikuntza batzuk –espero asko izatea- beren esku egongo direla irudikatzea hunkigarria da erabat. Beraiek dira etorkizuna. Nork daki, beharbada hauetako gazteren bat Nobel sariduna izan daiteke egunen batean… Gauza ona izango litzateke gurean egiten den ikerkuntzarako, zalantzarik gabe.
Hala ere, Zientzia Kaiera ez da doktoregai batekin geratu oraingoan. Guillermo Quindós ezagutzera hurbildu gara Leioaraino. Makina bat buelta eman ostean hor ikusten dugu '0P3' karteltxoa, bere bulegoari izena ematen diona. Iritsi gara. Atea ireki eta irribarre amaigabe batekin agurtzen gaitu. Badu gogoa elkarrizketarekin hasteko. "Lasai, egin nahi dituzun galdera guztiak. Ahal bezain ongi erantzuten saiatuko naiz. Hori bai, asko luzatzen banaiz moztu arazorik gabe!", esaten digu barre artean UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean Mikrobiologian katedraduna den ikertzaile honek.
Nire lanak aurpegi asko dituela esan beharko nuke lehenik eta behin. Alde batetik, eskolak ematen ditut. Bestetik, ikerkuntza lana egiten dut eta, azkenik, zientzia transmititzen dut ere. Esango nuke hiru aurpegi hauetan laburtu daitekeela nire lana. Klaseetan, mikroorganismoak eta gaixotasun infekziosoak lantzen ditugu batez ere. Ikerkuntzari dagokionez, onddo mikroskopikoek sortutako infekzioak ikertzen ditudala esan beharra daukat. Eta, azkenik, dibulgazio lanari dagokionez, mikologian espezializatua den aldizkari bat zuzentzen dudala aipatu behar dut.
Bai!! Hala da. Baina hau ez da guztia. Bada beste kontu bitxi bat ere. Eva Caballerok Radio Euskadin zuzentzen duen 'La mecánica del caracol' programan parte hartzen dut. Programa honetan, 'Mundo Mikro' deitutako atal bat dago eta Evarekin batera gauza askoren gainean hitz egiten dugu bertan.
Egia esan, denekin disfrutatzen dut asko. Hala ere, zeinekin disfrutatzen dudan gehien galdetzen badidazu, dibulgazio atala gustukoen dudala erantzungo dizut. Eskoletan eta irratian dibulgatzea oso dibertigarria da.
Biak gustatzen zaizkit. Esan dezagun ikertzea zailagoa dela eta disgustu gehiago hartzen dituzula. (Barreak). Ikerkuntzan askotan gertatzen da nahi duzun hori ongi ez ateratzea eta markatuta duzun helburua ez lortzea. Diru kontuak ere hor daude…
Medikuntza ikasten duten ikasleek oso nota altua behar izaten dute Gradua ikasten hasteko eta hau asko nabaritzen da. Oso ikasle langileak eta arduratsuak izaten dira normalean. Denetarik dago, egia da, baina kontutan hartu behar dugu hona iritsi diren guztiek lan asko egin dutela honaino iristeko. Beren espedienteak asko landu behar izan dituzte eta hau eskolak ematerakoan nabaritzen da. Oso ikasle harkorrak izaten dira eta oso gustura egoten naiz beraiekin. Ez dute eskola orduetan hitz egiten, eta egitekotan, irakasleari galdera bat planteatzeko egiten dute. Ezagutzaren trukaketa bi norabidekoa izaten da ikasleekin. Nire ikasleek, beraien zalantza eta galderekin, etengabeko ahozko azterketak egiten dizkidate.
Nire ustez, gizakia kuriosoa da izatez eta hau oso ezaugarri garrantzitsua da ikertzailea izateko. Pertsona gehienak oso ikertzaile onak izan daitezkeela iruditzen zait. Genetikoki ikertzeko prestatuta gaude gizakiok. Ezaugarri hau izango ez bagenu kobazuloetan biziko ginateke oraindik.
Mikrobiologia zer den definitu beharko banu, izaki bizidun txikienak ikertzen dituen zientziaren atala dela esango nuke. Izaki ñimiño hauek ikusteko kanpoko laguntzak behar izaten ditugu normalean. Tresna optikoen laguntza, adibidez. Baina hauek ez dira erabiltzen ditugun laguntza bakarrak. Gure esparruan 'sukaldean' ibiltzea asko gustatzen zaigunez, askotan, kultiboak erabiltzen ditugu. Kultibo hauek prestatzea, bazkari bat prestatzea bezalakoa da, baina hemen bakteriak, onddoak… hazten dira. Beraz, mikrobiologia izaki ñimiño hauek –mikrobioak edota mikroorganismoak- ikertzen eta aztertzen dituen zientziaren atala dela esango nuke.
Mikrobio hitza bi hitzekin sortutako hitz bakarra da, greziar jatorria duena. Bizitza mikroskopikoa esan nahi du. Bizitza txiki-txiki bat, alegia. Izaki hauek hain dira txikiak ezen ezin ditugun gure begiekin ikusi. Bakteriak eta birusak sartu ditzakegu hemen barruan. Baita onddoak, protozooak eta alga batzuk ere. Hala ere, gauza guztietan bezala, hemen badira ñabardurak. Izan ere, badira metro ugari neurtzen dituzten mikrobioak ere. Hau da, Tenia batzuen gainean hitz egiten badugu, konturatuko gara 50, 60, 70cm izan ditzaketela eta, kasu batzuetan, baita metro bat edo bi ere.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-ace6424cec83 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/09/bilboko-atmosferak-chillidaren-eskulturetan-eragina-du/ | Bilboko atmosferak Chillidaren eskulturetan eragina du | unknown | 2014-06-09 00:00:00 | Bilboko atmosferak Chillidaren eskulturetan eragina du
Altzairu herdoilkorra estalperik gabeko eremuetan luze irauteko berariaz sortutako altzairu berezia da. Bilbon, ordea, altzairu horrekin egindako eskultura batzuk -Eduardo Chillidaren Besarkada XI eta Begirari IV, kasu- ez dira espero bezala kontserbatu, eta hondatu egin dira hein batean. UPV/EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileek argitu dutenez, altzairu horrek garatu ohi duen babes-geruza behar bezala ez sortzea da hondatzearen eragilea.
Estalperik gabe irauteko sortutako altzairu bat izanik, asko erabiltzen da altzairu herdoilkorra kanpoko egiturak sortzeko, hala nola fatxadak, zubiak eta trenbideak. Eta eskultoreek ere denbora luzea daramate hura erabiltzen kanpoko eskulturak sortzeko. Julene Aramendia Gutierrez UPV/EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileak azaldu duenez, altzairu herdoilkorraren ezaugarri nagusia da "bere burua babesteko gaitasuna duela. Oxigenoarekin kontaktuan egonda babes-geruza bat garatzen du altzairuak, zenbait burdin oxihidroxidoz eratua, eta geruza horrek hesi-lana egiten du. Hala, geruza horren atzeko metala ondo kontserbatzen da".
Alabaina, materialak ez du berdin erantzuten atmosfera guztietan, eta kondizio jakin batzuetan ez du ematen esperotako babesa. Hori gertatzen zaio, adibidez, Guggenheim Bilbao Museoaren eskultura bati: Eduardo Chillidaren Besarkada XI. "Gainazala behar baino irregularragoa du, material-zati txikiak galdu ditu, eta ez du teorian izan beharko lukeen kolorea", zehaztu du Aramendiak.
Eskulturen ezusteko eboluzio hori zergatik gertatu den argitzeko asmoz, Guggenheim Bilbao Museoko arduradunak eta UPV/EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileak harremanetan jarri ziren, eta CAUTAPA proiektuari heldu zioten. Guggenheimeko eskulturaz gain, Chillidaren beste eskultura batzuk ere hartu zituzten kontuan ikerketan, Bilboko beste gune batzuetakoak: Buscando la luz IV, Elogio del Hierro III eta Begirari IV.
Eskulturen egoeraren diagnostikoa egiteko, teknika ez-inbaditzaileak eta eramangarriak erabili zituzten ikertzaileek, "eskulturei ahalik eta kalte txikiena eragiteko", nabarmendu du ikertzaileak. Batetik, eskulturen azaleko egitura molekularra aztertzeko, Raman espektroskopia eta espektroskopia infragorria erabili zituzten. Bestetik, X izpien fluoreszentzia bidez, oinarrizko egituraren informazioa jaso zuten, bai kualitatiboa, hau da, eskulturak azalean zer elementu dituen, bai semikuantitatiboa, alegia, zer proportziotan dagoen elementu horietako bakoitza. Halaber, eskulturetatik mikrolagin batzuk hartuta, osagaien azterketa kuantitatiboa egin zuten Parisko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean, Raman espektroskopian oinarritutako metodo berritzaile bat erabiliz.
Analisi horien guztien emaitzetan ikusi ahal izan zutenez, altzairuaren gainazaleko babes-geruzaren konposizioa da babes handiagoa edo txikiagoa ematearen erantzulea. Honela azaldu du Aramendiak: "Egoera okerrenean zeuden eskulturek lepidokrozita-kontzentrazio handiagoa zuten, eta, egoera onenean zeudenetan, berriz, goetita zen nagusi. Lepidokrozita oso konposatu ezegonkorra da, oso erreaktiboa; goetita, aldiz, askoz egonkorragoa da, eta, gainera, babes handiagoa ematen du poluzioaren aurrean". Horiek denak, hala ere, eskala mikroskopikoko gertaerak dira, eta azalekoak; hortaz, "ezin dira kontserbazio-kalte larritzat hartu", nabarmendu du ikertzaileak.
Altzairu herdoilkorrean ohikoa da hasieran, lehenengo fasean, lepidokrozita izatea nagusi azalean, eta, pixkanaka, lepidokrozita hori goetita bilakatzea. "Aztertutakoetan, ordea, ikusi genuen batzuetan ez dela gertatu eraldaketa hori", dio Aramendiak. Zehazki, Besarkada XI eta Begirari IV eskulturetan behatu zuten ezohiko portaera hori; hain zuzen, egoera okerrenean dauden eskulturetan. Begirari IVk, gainera, kolore gorrixka zuen, behar baino gehiago. Buscando la luz IV eta Elogio del Hierro III eskulturak, aitzitik, oso egoera onean daude.
Lepidokrozita goetita ez bihurtzearen eragileak "Bilboko atmosferako partikula batzuk direla ikusi genuen, silikatotan aberatsak direnak, hala nola hauts naturala edo autoen kearen partikula batzuk. Partikula horien eraginez, eraldaketa hori eten egin da", argitu du Aramendiak.
Bilboko atmosferako poluzioaren beste eragin mikroskopiko batzuk ere aztertu zituzten. Atmosferako sufre dioxidoak eta nitrogeno-oxidoek materialarekin erreakzionatzean, burdin sulfatoak eta burdin nitratoak sortzen dira, eta "oso konposatu disolbagarriak direnez, euriarekin materiala galtzen dela ikusi genuen", azaldu du ikertzaileak. Materiala galtzearen beste eragileetako bat kaltzioa da, "zeina oso ugaria den gure atmosferan, inguruko lurrak kare askokoak baitira". Izan ere, igeltsu ugari aurkitu zuten eskulturen azalean. Igeltsua hiru hidratazio-mailatan ager daiteke, eta horrek bolumena aldatzea eragiten du. "Bolumen-diferentzia horrek estres fisikoa eragin dezake azaleran, eta, hori dela eta, material-askatzeak eta hausturak ager daitezke".
Eskulturen egoerak alderatzean, aipatutako eragile atmosferikoez gain, eskultura egiteko erabilitako altzairuaren aleazioak berebiziko garrantzia duela ondorioztatu zuten. Esate baterako, Elogio del Hierro III ez dago altzairu herdoilkorrez eginda, Reco altzairuz baizik, eta altzairu-mota horrek oso ondo erantzuten du Bilboko atmosferaren aurrean. "Oso kontuan hartu beharko litzateke zer aleaziorekin egiten diren Bilbon jartzeko diren eskulturak".
J. Aramendia, L. Gomez-Nubla, I. Arrizabalaga, N. Prieto-Taboada, K. Castro, J.M. Madariaga. "Multianalytical approach to study the dissolution process of weathering steel: the role of urban pollution". (2013) Corrosion Science 76: 154-162. DOI: 10.1016/j.corsci.2013.06.038 | science |
zientzia_kaiera-88f1b7b67483 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/08/asteon-zientzia-begi-bistan-16/ | Asteon zientzia begi-bistan #16 | unknown | 2014-06-08 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #16
Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Hainbat zientzia-gai jorratu dira Interneten eta hementxe dituzue laburbilduta.
Roboten etorrerak bizimodua aldatuko zigula aurreikusi zuten adituek. Egun, bizimodua erraztu egin digute edota asmo horrekin dabiltza behintzat, robotak garatzen dituzten ikertzaileak. BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroko zuzendariak, Xabier Díazek hiru adibide erakutsi dizkigu Zientzia Kaieran: Robin, autonomia mantendu nahi duten adineko pertsonei laguntzen dien robota. Dustbot, robot kale-garbitzailea eta Kismest, hitz egiten dugunean gure sentimenduak antzemateko garatua dagoen robota. Hirurak ezagutu ditzakegu Etxerako moduko robotak artikuluan.
Donostian dagoen Eureka! Museoan erakusketa interesgarri bat dago egunotan. Giza gorputzaren xehetasunak ezagutu daitezke gureak bezalakoak diren organo erakusketaren bidez. Bertan dauden organoak zientziari gorputza eskaini diotenen gorpuak dira, plastinazio prozesuaren bidez mantenuak. Plastinazioak usteldura eteten du, eta tratatu den organoa epe luzera mantentzen du. Eta emaitzak bikainak dira. Amaia Portugal kazetariak plastinazioa zer den eta zelan gauzatzen den erakusten digu Zientzia Kaieran: Organo hauek zureak bezalakoak dira.
Organoak nolakoak diren ezagutu ondoren burmuinak nola funtzionatzen duen ikusiko dugu. Elhuyar aldizkarian Beñardo Kortabarriak kontatzen digu Vienako Unibertsitateko eta MITeko ikertzaileek bizirik dauden izakien neuronen aktibitatea jasotzeko irudi-sistema bat sortu dutela. Teknika honek neurona-sareek informazio sentsoriala nola prozesatzen duten ulertzen lagunduko omen du: Burmuinaren pelikula.
Duela 3.500 urteko zeramikako zatiak aurkitu dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek, Zegamako San Adriango kobazuloan. 1.500 zatitik gora berreskuratu dituzte eta hauei esker Brontzezko aroan gizakiak nola bizi ziren ezagutu ahal izango da. Igor Susaeta kazetariak ematen digu aurkikuntzaren berri Berria egunkarian: Duela 3.500 urteko zeramika puskak aurkitu dituzte San Adriango koban.
Erleek egunean zehar 2.000 loreetara jo dezakete nektarra biltzeko. Nektarra batu duten lorearen kokapena beste erleei jakinarazten die, eurak ere hurbil daitezen. Koordenatuak zehazteko eguzkiaren kokapena izaten dute kontuan eta honen berri ematen die beste erleei gorputzeko mugimenduei esker. Loreen kokapena adierazteko eta, erlauntzera bueltatzeko ere eguzkiaren kokapena kontuan hartzen zutela pentsatzen zen baina azken ikerketa baten ondorioz, erleek kokapenaren informazioa mugarri geografikoekiko daukaten erlazio geometrikoaz ebazten dutela ikusi da. Mapa kognitiboak egiteko gai omen dira. Mikel Irastorza biologoak Euskalnatura gunean kontatzen digu Erlauntz galduaren bila. Erleak gai dira erlauntzerako bidea gogoratzeko artikuluan.
Eguzkia abiapuntu hartuta Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian idatzitako artikulu batera goaz. Uda hastear dago eta eguzki-izpien eraginez azaleko kolorea aldatzen joango zaigu. Baina eguzki-erradiazio ultramoreetatik babestu beharra dago, azala ez kaltetzeko. Lan horretan melaninak laguntzen zigula bagenekien baina MIT, Massachusetseko Teknologia Institutuko ikertzaileen lan batek argitu du melaninaren forma batek duela babesteko ahalmen hori, eumelaninak: Eguzki-erradiaziotik babesten gaituen pigmentuaren mekanismoa argitu dute.
Egun ditugun ordenagailuek duten datuen abiadura handitu dezakeen sistema bat garatu dute CIC Nanogunen. Datuen kargarako argia erabiltzea zuten helburu, honi esker datu transmisioa askoz arinagoa izango litzatekeelako. Baina argia oso handia da, toki asko okupatzen du eta mugitzeko prozesadore handiak beharko lirateke. Hori dela eta argia tarte txikiagoan garraiatzeko bitarteko bat garatzen aritu dira ikertzaileak. Berrian ikerketan parte hartu duen Pablo Alonso Gonzalez ikertzailea elkarrizketatu dute honen berri emateko: Hurrengo urratsa ate logiko bat irekitzea da.
Zaborra Planetako toki guztietara ailegatu da. Lurrazalean dugu eta baita ere itsas hondoan. Javier San Martín kazetariak ozeanoetako kutsadurari erreparatu dio eta honen berri ematen digu Zientzia Kaiera blogean. Itsasoa gizakion zabortegia bihurtu da. Plastikoak, latak, arrantza-tresnen arrastoak aurki daitezke uretan eta itsas hondoan. Ikertzaileek zaborra dagoela baieztatu dute Mediterraneo, Artiko eta Atlantikoko hondoetan. Plastikoa eta latez gain, plutonio eta iodo erradiaktiboa aurkitu dute Baltikoko itsas algetan. Ikerketa hauei buruzko datuak Ozeano nuklearrak: zaborra lehenago iritsi da, gizakia baino artikuluan.
Itsasoarekin jarraituz, ba al dakigu hainbat uharte daudela desagertzeko bidean? Elhuyar aldizkarian ematen diguten honen berri Uharteak itotzeko arriskuan artikuluan. Klima-aldaketa dela eta tenperaturak gora egin du, ondorioz, ura hedatu eta bolumen handiagoa hartu du eta izotza urtzen joan da. Bi efektu hauek itsas mailaren igoera eragin dute eta hainbat uharte desagertzeko bidean daude, urak itota.
Ba al dakigu zer gertatzen den elikagai bat uhin-labean sartzen dugunean berotzeko? UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikasleak diren Aitzol Torregarai, Juankar Solis eta Andoni Zabalak azaltzen digute Nola ikasi Kimika Kuantikoa izutu gabe blogean. Labeak mikrouhin erradiazioa igortzen du janaria sartzen dugunean berotzeko. Erradiazioa uhin oszilakor formako energiaren hedapena da, energia horren eraginez, janaria sartzen dugunean labera, molekulen elkarren artean talka gertatzen da. Talka horiei esker elikagaiak berotzen dira. Interesgarria, ezta? Xehetasun guztiak Mikrouhinen musika artikuluan.
Hegan egiteko gaitasuna dute hainbat bizidunek. Hegoei esker zerua zeharkatzen dute, esaterako intsektuek, hegaztiek eta saguzarrek. Baina nola garatu dituzte hegoak? Hau azaltzeko eboluzio konbergenteari erreparatu dio Koldo Garcia biologoak Edonola blogean eta eboluzio konbergentearen adibideei buruz aritu zaigu Behin eta berriro asmatzen artikuluan.
Ba al dago garuna barrutik sendatzeko aukerarik, zelula amen bidez? Galdera honi erantzuna emateko asmoz Isabel Fariñas, Biologia Zelularreko Katedraduna, egon zen Bilbon Achucarro Neurozientzietako Zentroak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako hitzaldi batean. Adituak ez zion baiezkorik eman aurreko galderari baina haren ustetan, Parkinson bezalako gaixotasunei aurre egiteko tratamenduen garapenean, zelula amak izango dira gakoa. Datu guztiak Amaia Portugal kazetariaren eskutik Berria egunkarian: Garunak bere burua susper dezan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-119bb03f855f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/07/ezjakintasunaren-kartografia-16/ | Ezjakintasunaren kartografia #16 | 2014-06-07 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #16
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Galileo Galilei lehena izan zen eraztunak ikusten planeta baten inguruan. Aldiz, ez zen izan gai haren teleskopio sinple eta iraultzailearen bidez ikusten zuen irudia ulertzeko. Hamarkadak behar izan ziren Christian Huygens konturatu arte planetaren inguruan flotatzen zeudenak eraztunak zirela. Eta, beste mende bi pasatu ziren James Clerk Maxwellek ondorioztatu arte loturarik gabeko partikulak zirela. Azken mende erdian, Saturnoz gain, beste hiru planeta erraldoietan aurkitu dira eraztunak (Jupiter, Urano eta Neptuno). Orain, kasualitateak, gutxien espero ziren tokian eraztunak aurkitzea nahi izan du, urrun dagoen eta Kariklo deitzen den gorputz ilun baten inguruan. Xehetasun gehiago Santiago Pérez Hoyosen Ringed Worlds-en.
Askeak garela ustearen azalpenik sinpleena, eta zuzenena da, damuaren sentimendua. Askeak, uste honen zentzuan "fisikoki posible den ekintza bat baino gehiagoren artean aukeratzeko azken kontrola guk dugu." Jesús Zamora Bonillaren Freedom and the regret connection artikuluan gehiago.
Endemismoen babesak eraikin historikoen babesaren besteko garrantzia du. Kontua da, baliabideen eskasia dela eta, zeintzuk dira bereziki babestu behar diren espezieak? Espainiako hego-ekialdeko nartzisoak baliagarriak dira adibide gisa, Rafael Medinarentzat Endemic daffodils and natural heritage artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-9c80f2646d48 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/06/zientzialari-8-jon-irazusta/ | Zientzialari (8) – Jon Irazusta | unknown | 2014-06-06 00:00:00 | Zientzialari (8) – Jon Irazusta
Ba al dakizu zergatik behar duen gure gorputzak jarduera fisikoa osasuntsu egoteko? Edo zer ikasi duen zientziak ariketa fisikoei buruz azkenaldian? Zein uste duzu izan daitekeela ikerketa arlo honetan dagoen erronka nagusia etorkizunean? Galdera hauen erantzuna jakin nahi baduzu, ikus ezazu Jon Irazusta UPV/EHUko Fisiologiako katedradunarekin grabatu dugun elkarrizketa.
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean.
Zientzialari 08 – Jon Irazusta from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-3f97b8db138c | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/05/ozeano-nuklearrak-zaborra-lehenago-iritsi-da-gizakia-baino/ | Ozeano nuklearrak: zaborra lehenago iritsi da, gizakia baino | unknown | 2014-06-05 00:00:00 | Ozeano nuklearrak: zaborra lehenago iritsi da, gizakia baino
Ez gaude gerra hotzean (Ukrainiari begira bagaude ere), eta egun ez daukate beste garai batean bezainbesteko garrantzirik Múrmansk edo Polyarny bezalako izenek, Zientzia eta atomoaren gaineko kontrol eta botere kutsua zutenek.
Azkar bilakatu ziren estrategiko, eta azkar doaz denboraren lainoetan lausotzen. Batzuk, berpiztu antzean dabiltza eleberrietan edo filmetan irakurle-ikusleen irudipena sustatzeko, baina errealitateak argi diosku berez hilzorian daudela. Urpekoen eta bestelako itsasontzien hilerri batean daude, inoiz bizitza eman zienak bertan lagata, herdoiltzera bide ankerrean.
Ahaztuta gaude itsasontzi haiekin, eta burutik joan zaigu era berean zergatik eraiki ziren.
Itsasoa gizakion zabortegia delako leloa behin eta berriz aipatzen da, nola edo halako zehaztasuna duten datuetan oinarrituta. PLOS ONE aldizkarian berriki plazaratu diren azken txostenetako batean, baieztatzen da plastikoen eta arrantza-tresnen hondarrak direla uretan gehien ikus daitezkeenak. Horren atzetik datoz kristalak, metalak, zura, papera, kartoia, ehunak, zeramika eta bestelako gai identifikatu gabeak.
Bartzelonako Unibertsitateko Estratigrafia, Paleontologia eta Geozientziak sailean katedradun den Miquel Canalsek dioenaren arabera, "itsas hondoko zonalde batzuek benetako zabortegiak dirudite, bertan plastikoak edo edari-latak bezalako objektu solidoak erraz aurki daitezkeelarik. Berriz egiaztatu izan dugu, harrituta, Planetako toki ezkutatuenetaraino iritsi dela".
Adituek agerian utzi dute zaborra dagoela Mediterraneo, Artiko eta Atlantikoko hondoetan, eta hori hala da Europa kontinentearen plataformatik dortsal erdiatlantikora, eta hala da 35 metrotik 4.500 metrora, sakonerari dagokionez.
Plymoutheko Unibertsitateko kide den Kerry Howellek harrituta esan zuen "ikerketa honek argi utzi du zaborra itsas habitat guztietan dagoela, hondartzetatik ozeanoetako fosa handietara. Sakonera handiko toki gehienak oraindik esploratu gabe daude, eta harrigarria da kutsadura hori guztia gu baino lehenago iritsi izana".
Geologiaren ikuspegitik, Lurrean pilatzen ari diren giza aztarnak asaldagarriak dira oso, zeren eta planetaren gainazal oso-osoa baitago produktu artifizialez kutsatua. Horra hor Zesio 137 bezalako isotopo erradiaktiboak, lehergailu nuklearrek edo elektrizitatea ekoizteko erabiltzen ditugun zentralek sortuak.
Alejandro Cearreta, Antropozenoa delakoaz arduratzen den nazioarteko batzordeko kidea da, eta mikropaleontologia-irakaslea. Kuaternario, gizakiak eragindako ingurune-aldaketari buruzko master baten arduraduna da eta gai hauen harira, honela esan zigun Activa tu Neurona Radio saioaren 10. Atalean: "1954.ean hasi ginen aurkitzen Planetaren gainazaleko edozein tokitan Zesio 137aren aztarnak. Izan ere, 1945-1954 tartean, 500 bat leherketa nuklear gertatu ziren, hainbat superpotentziak eraginda. Zesio kantitatea hain handia izan zelarik, estratosferan zehar planeta osora iritsi zen eta lurrazalera erortzen hasi zen. Orduan hasi ginen nonahi aurkitzen. 1954.ean hasi ziren erregistro geologikoa egiten, eta horixe izango litzateke Antropozenoaren hasiera unea: gizakion aroa hasi zen beraz.
Nekez onartzen dugu alegiazko ikertzaile estralurtar bati gutaz gaizki mintzatuko litzaizkiokeela Lurrak gorde dituen hondarrak, baina areago, oraindik kolonizatu ez dugun itsaso ingurune horretan ere aurkituko luke ikertzaile horrek kutsadura.
Azeleragailuen Zentro Nazionaleko ikertzaileek, Sevillan zein beste hainbat tokitan egiaztatu dute Txernobilek 1986.ean jasan zuen leherketak eraginda pilatu zirela egun itsas auketan aurki daitezkeen plutonio eta iodo erradiaktiboko kantitate handiak. Horren eragile modura jokatu zuten halaber Erresuma Batuko Sellafieldeko birprozesamendurako plantatik isuri ziren elementu erradiaktiboek.
Energia Atomikoko Nazioarteko Erakundeak hainbat laborategiri eskatu zien honetaz ikertzeko, eta Applied Radiations and Isotopes aldizkarian argitaratu dira emaitzak.
Hurrengo hilabeteetan, Bikini atoloiko sedimentuak aztertuko dira. Izan ere, Amerikako Estatu Batuetan Ozeano Bareko toki horretan egin zituen hainbat proba termonuklear 1950-1963 tartean.
M.K. Pham, M. Benmansour, F.P. Carvalho, E. Chamizo, D. Degering, C. Engeler, C. Gascó, J.P. Gwynn, A.V. Harms, E. Hrnecek, F.L. Ibanez, C. Ilchmann, T. Ikaheimonen, G. Kanischm, M. Kloster, M. Llaurado, A. Mauring, B. MØller, T. Morimoto, S.P. Nielsen, H. Nies, L.D.R. Norrlid, H.B.L. Pettersson, P.P. Povinec, U. Rieth, C. Samuelsson, J. Schikowski, B.V. Šilobritiene, P.A. Smedley, M. Suplinska, V.-P. Vartti, E. Vasileva, J. Wong, T. Zalewska, W. Zhou. Certified Reference Material IAEA-446 for radionuclides in Baltic Sea seaweed Applied Radiation and Isotopes.
-Christopher K. Pham, Eva Ramirez-Llodra, Claudia H. S. Alt, Teresa Amaro, Melanie Bergmann, Miquel Canals, Joan B. Company, Jaime Davies, Gerard Duineveld, François Galgani, Kerry L. Howell, Veerle A. I. Huvenne, Eduardo Isidro, […] "Marine Litter Distribution and Density in European Seas, from the Shelves to Deep Basins" . April 30, 2014. DOI: 10.1371/journal.pone.0095839
Egileaz: Artikulu hau, Javier San Martinek egin du (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA), "Activa tu Neurona" eta "Zientzia Kaiera" ekimenen elkarkidetzan. | science |
zientzia_kaiera-aa21a026b324 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/04/organo-hauek-zureak-bezalakoak-dira/ | Organo hauek zureak bezalakoak dira | unknown | 2014-06-04 00:00:00 | Organo hauek zureak bezalakoak dira
Iazko urritik, gure erraiak erakusgai daude Donostiako Eureka! Museoan. Hau ez da gore film bat, ez eta zientzia fikzioa ere: plastinazioa da, eta hari esker, animalien eta gorpua zientziari eman dioten gizakien benetako organoen bilduma bat osatu dute. Gunther Von Hagens anatomista alemaniarrak 1977an asmatu zuen teknika horren bitartez, hildakoen gorputz atalak bikain kontserbatzen dira, usteldu gabe. Bizirik dauden organoen berdin-berdinak dira, itxura eta koloreari dagokionez. Gure barrunbeetara begiratzearen parekoa da.
Lehendik ere izan da Euskal Herrian plastinazioa bertatik bertara ezagutzeko aukera. Esaterako, azken urteotan Iruñean, Bilbon eta Irunen izan dira gaiari buruzko erakusketa ibiltariak. Baina Eureka! Museoko hau bilduma iraunkorra da, organoz ez ezik hezurrez ere osatua, eta denboraren poderioz handitzen joateko asmoa duena.
Idoia Mugika museoko edukien saileko hezkuntza teknikaria da, eta berak azaldu bezala, "plastinazioak usteldura eteten du, eta tratatu den organoa epe luzera mantendu. Barruan duen ur guztia desagerrarazten da, eta plastikoa da ur horren ordezkoa". Zerbait barrutik kanpora plastifikatzea bezalakoa da. Izan ere, plastinazioaren bitartez tratatu duten organo bati begira dagoenak ez du antzematen: plastikoa barruan dago, kanpoan ez da inon ageri. "Itxura oso erreala da. Organoa ikusten dugu ura izanez gero ikusiko litzatekeen bezala, jakin gabe uraren ordez polimero bat sartu diotela. Benetako ehunek eta zuntzek hor jarraitzen dute, babestuta, eta urik berriz ez sartzeko bermatuta dagoen ingurune batean", gaineratu du Mugikak.
Emaitza bikain horren atzean lau urrats dituen prozesu konplexua dago:
Hil eta bizpahiru egun geroago, animaliaren edo gorpua zientziari eman dion gizakiaren rigor mortis delakoa igaro denean, plastinazioarekin tratatu nahi den zatia disekzionatzen da. Organo eta ehun guztiak plastinatu nahiko balira ere, banan-banan egin beharko litzateke, guztiei ez baitzaie plastiko mota bera egokitzen. Esaterako, erakusketan giza soin bat dute, organo guztiak agerian, eta osorik plastinatzeko urte eta erdi luze behar izan zuten hura egiteko enkargua jaso zuten teknikariek.
Disekzioaren ondoren ekiten zaio finkatzeari, beraz. Formaldehidoa erabiltzen da horretarako, substantzia antiseptiko eta kontserbatzaile bortitza izaki. "Horrek usteltzea geldiarazten du erabat. Ehuna dilatatzen hasten da pixka bat, eta bakterioak eta ustelkeria eragin dezakeen guztia desagertzen da", dio Mugikak.
Ezinbestekoa den urrats honetan, berezkoa duen ura kentzen zaio organoari, haren ordez substantzia disolbatzaile bat sartuta. Azetona izaten da, normalean, substantzia hori. Urarekin erraz disolbatzen den produktua da azetona, eta hala, plastinatu nahi den organoaren berezko urari tokia kentzeko ahalmena du.
Mugikak azaldu bezala, "azetona bainua -15 edo -20 gradutan dagoela, plastinatu nahi den elementua sartzen da, eta behar adina denbora egoten da hor, haren ur kantitatea %1era jaitsi dela detektatzen den arte. Difusio bat gertatzen da. Urak kanpora egiten duen heinean azetona barrura sartzen da, eta nahikoa denbora utzita, gorputzaren barruan ia dena azetona izatea lortzen da".
Hau da plastinazio prozesuaren gakoa. Azetona erraz lurruntzen da, eta horixe da produktu hori baliatzeko arrazoietako bat; hirugarren urrats honetan hura desagerrarazi behar baita, haren tokian plastikoa sartzeko. Ezin da edozer plastiko izan, noski. Aukeratzen den silikona motak gai izan behar du azetona dagoen barrunbeetara iristeko, bidean gogortu gabe. Bestela esanda, malgutasunari eutsi behar dio, gutxienez helmuga duen tokira iritsi arte.
Mugikak azaldu bezala, hutsunea egiteko ahalmena duen makina bat ere sartzen da jokoan hemen: "Hutsunea egiten ari den bitartean, azetona lurrunduz joango da, eta aldi berean, silikona dagoeneko bertan murgildu denez, azetonak utzitako lekuan sartzen da. Silikonarekin batera agente ontzaile bat txertatzen da, eta horri esker, tenperatura berotzean (hirugarren urrats hau -15 eta -25 gradu arteko tenperaturan hasten baita), orduan bai, silikona gogortzen da".
Zailena egin ondoren, urdaiazpikoen modura, ontzea dagokio plastinazio prozesua jasan duen organo edo ehunari. "Ez dago mikroorganismorik dagoeneko, ezta urik ere, eta dena babestuta dago barrutik kanpora, plastiko bidez. Gasen bidezko ontzea egiten da orain. Aireztatzen da, kanpora atera den silikona guztia kentzen zaio, eta uzten zaio giro tenperaturara itzultzen eta gogortze prozesua bukatzen", dio Mugikak.
Animalia eta gizakien benetako hezur sorta batekin batera, goian aipaturiko lau urratsak gainditu dituzten organo interesgarri askoak biltzen ditu erakusketak. Lehen aipaturiko giza soinaz gain, askotariko organo solteak daude bertan: giza entzefaloa, bihotza eta giltzurruna; txerri, txakur eta ardi entzefaloak; erretzaile eta ez erretzaile baten giza birika bana; zaku amniotikoak; fetuak…
Horien guztien artea bada, baina, plastinazio prozesu arrunta jasan ez duen elementu bat. Txakur baten birika da, eta nolabait esatearren, alderantzizko plastinazioa egin dute kasu honetan. Izan ere, birikaren ordez, birikaren negatiboa dago erakusgarri. Mugikak azaldu bezala, "biriken zuhaitza-edo lortu dugu oraingoan; bronkiolo, albeolo eta guzti. Kontrakoa eginez lortu dugu hori. Aireak eta odolak egiten duen bidean sartu dute silikona, injekzio bidez. Gero benetako birika desagerrarazi egin dute azido batekin, eta hala, haren negatiboa geratu zaigu".
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du. | science |
zientzia_kaiera-8d3e61962386 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/03/etxerako-moduko-robotak/ | Etxerako moduko robotak | unknown | 2014-06-03 00:00:00 | Etxerako moduko robotak
Nire irakasle batek orain dela 30 urte, robotek bizimodua erraztuko zigutela esaten zigun. Lan fisiko, errepikakor eta monotonoak euren "esku" geldituko zirela eta guretzako, pentsatzea, gauzak asmatu, diseinatu eta kudeatzea eta horrelakoak geldituko zirela. Bere ustez, lan orduak murriztu eta hobeto biziko ginen, bai lanean, bai lanetik at, aisialdirako denbora gehiago edukiko baikenuen.
Ez. Ez zuen asmatu. Egia da robotak gero eta abilagoak direla aipatutako lanetan baina, ezin dugu esan gure lan orduak roboten lanari esker murriztu direnik.
Dena den, bagabiltza gure bizimodua robotak erabiliz hobetzeko ikerketa eta garapenetan, eta hau dugu horietako bat.
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=9pTPrA9nH6E[/youtube]
Lea amona eta Robin Jauna izeneko robota
EAEko biztanleriaren %20,2a 65 urte edo gehiago ditu. Gainera familiaren egitura eta ohituren aldaketa dela eta, geroz eta gehiago dira adinak aurrera egin ahala euren autonomia mantendu nahi duten Lea moduko pertsonak, eta hauei laguntzera dator Robin Jauna.
Robotaz gain, etxea ere sentsoreez josita dago. Sistemak Learen jarduera eta osasun egoera jaso eta honen araberako estatistikak eta, behar izan ezkero, alarmak bidaltzen ditu. Era honetan benetako helburua lortzen da, zeren benetako helburua ez baita robot bat etxean edukitzea, Lea bere autonomian lagunduta eta seguru sentiaraztea baizik.
Tecnaliak parte hartu zuen Dustbot egitasmoaren helburua, sentsore eta roboten sare bat diseinatzea izan zen. Sare honek hiri higienearen kudeaketa erraztuko zuen eta, bide batez, robot-gizaki komunikazio, informazio eta elkarrekintza sistemak garatuko ziren. Azpiegituraren garapena oso garrantzitsua izan bazen ere, azkeneko puntu hau azpimarratuko nuke.
Azpiegituraren konplexutasuna handia izanik ere, diseinu eta garapen arazo bat "besterik" ez da. Bestea mamitsuagoa da: Zelan bideratu behar dugu gizaki eta robot baten arteko komunikazioa arrakastatsua izan dadin? Zelako interfazeak behar dira? Robotaren itxura fisikoa inportantea da? Ze mota eta erakoa erabili behar den hizkuntza?
[youtube]http://youtu.be/NDTG7yBGN3M[/youtube]
Argi dago zein den gizaki-robota elkarrekintzarako pentsatuta dagoena, ezta?
Learen bideoan garbi ikusten denez, Robin Jaunarekin elkarrekintzan aritzea ez da berarentzat arazo bat. Ohituta dago ordenagailuekin aritzera, bideo-konferentziak egitera, … Baina, horrelakoa al da era honetako robot laguntzaileen bezero potentzial arrunta? Robot batekin elkarrekintza egiteko nahikoa izango du ukimen-pantaila? Edo nahiago izango du robot-humanoide bat? Agian aurpegi bat nahikoa izango du? Edo benetan segurtasun eta konfiantza hori lortzeko berba eta keinuak egiten dituen bat?
Galdera hauei erantzuna topatzeko asmoz, ikertzaileak robot emozionaletan pentsatzen hasi ziren.
Gizakien arteko komunikazioaz ari garenean, mintzamena eta hizkuntza dira protagonista nagusiak. Baina horrez gain keinuak, buru zein eskuen mugimendua, begirada, … oso garrantzitsuak dira komunikazio benetan eraginkorra izan dadin. Hori dela eta MITeko Sociable Machines Project taldekoak, emozioak adierazteko gai zen robot burua garatu zuten, Kismet robota hain zuzen ere.
Umeen garapen soziala, psikologia, etologia eta eboluzioa oinarritzat hartuta, egitasmo honek robot-gizaki elkarrekintza natural eta intuitiboa bilatzen du. Horretarako, Kismetek soinu eta ikusmen sentsoreak erabiltzen ditu komunikazioaren izaera antzemateko, eta egokia den erantzun bat emateko gai da begirada, eta aurpegi zein gorputz keinuekin lagunduta.
Leari mesede egiten dio Robinek, autonomia eta segurtasuna ematen baitio, eta solasaldirako Robinen edo ordenagailuaren bideokonferentzia eta beste aplikazio batzuk erabiltzen ditu.
Badira hizkuntza irakasleen lana egiten duten robotak edo erizainen lana egiten dutenak ere (kasu hau hain arrakastatsua izan ez den arren). Baina, agian komiki, liburu eta pelikulen "kutsaduragatik", nik neuk denetan zeozer faltan botatzen dut…
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=_JjJzMBGUwo[/youtube]
"I've… seen things you people wouldn't believe… Attack ships on fire off the shoulder of Orion. I watched c-beams glitter in the dark near the Tannhäuser Gate. All those… moments… will be lost in time, like tears… in… rain. Time… to die…"
Roy Batty
Lea amona eta Robin Jauna izeneko robota, bideoa
EAEko biztanleen udal estatistika 2013
Dustbost FP6
Dustbost egitasmoa
Dustclean eta Dustcart robotak, bideoa
Wikipedia: hitzik gabeko komunikazioa
Non verbal communication
Sociable Machines Project
Kixmi, BTEK
Ingeleseko irakasle robotak
No, robot: Japan's elderly fail to welcome their robot overlords
Blade Runner, Tears in the rain
Tears in the rain soliloquy
Egileaz: Xabier Díaz Silvestre, Teknologiaren Interpretazio Zentroko, btek-eko zuzendaria da; www.btek.org @BTEK_bt
Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du. | science |
zientzia_kaiera-97af610e79f2 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/02/berri-onak-eguzki-energiaren-inguruan-dispositibo-organiko-fotoboltaikoen-mekanismo-kuantikoak-argitu-dituzte/ | Berri onak eguzki-energiaren inguruan: gailu organiko fotoboltaikoen mekanismo kuantikoak argitu dituzte | unknown | 2014-06-02 00:00:00 | Berri onak eguzki-energiaren inguruan: gailu organiko fotoboltaikoen mekanismo kuantikoak argitu dituzte
Siliziozko paneletan oinarritutako teknologiak, fabrikazio prozesu garesti eta kutsakorra du eta, azken urteotan, dispositibo organiko fotovoltaikoak (OPV) aukera erakargarrienetako bat bihurtu dira eguzki energiaren iturri gisa. Alemania, Italia eta Frantziako zenbait taldek elkarlanean egindako ikerketa batek garrantzi handiko aurkikuntza egin du OPV delakoen alorrean, dispositibo hauetan funtzio fotovoltaikoaz arduratzen diren oinarrizko mekanismo kuantikoak argitu baititu lehenengoz. Angel Rubio, Euskal Herriko Unibertsitateko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna, Nano-bio Spectroscopy Group-eko zuzendaria eta Donostia International Physics Center- ko (DIPC) kidea, aurkikuntzan parte hartu duen ikerlarietako bat da.
Dispositibo organiko hauek polimero fotosentikor bat dute; polimeroa karbonozko nanoegitura bati lotuta dago eta sortutako korrontea biltzen du. Argia dispositibora heltzen denean, polimeroak harrapatzen ditu fotoiak, eta nanoegiturara elektroien transmisio ultrabizkorra bultzatzen du femtosegundotan gertatzen den bulkada elektroniko baten bitartez (1 fm = 10-15 segundo). Transferentziaren izaera ultrabizkor hori frogatu da duela gutxi, baina Rubioren lantaldeak burututako ikerketa haratago joan da, polimero eta nanoegituraren artean gertatzen den transferentzia elektronikoa abiarazten duten oinarrizko mekanismoak deszifratzean. Eredu sinplifikatu batean egindako lehen printzipioen simulazioen bitartez aurreikusi ahal izan zen bibrazio koherenteak direla polimero eta fulerenoaren arteko karga-transferentzia periodikoa eraentzen dutenak.
Ikerketa taldeak emaitza hauek egiaztatu zituen polimero batek eta fulerenoaren deribatu batek (forma esferikodun nano-egitura konbentzionala) osatutako material arrunt baten erantzun optikoa aztertuz; denbora-bereizmen handiko espektroskopia erabili zuten horretarako.
Polimero eta fulerenoaren arteko bibrazioen akoplamenduaren ondorioz, bien arteko transferentzia elektronikoa modu koherente eta ultrabizkorrean (≈23 fs) gertatzen dela frogatu zuten lortutako emaitzek. Hortaz, transferentzia motelagoak (100 fs) sortuko lituzketen prozesu inkoherenteak ez bide dira gertatzen. Dispositibo organiko fotovoltaikoetan koherentzia kuantikoak betetzen duen oinarrizko funtzioa erakutsi du ikerketa honek.
Angel Rubio irakaslearen esanetan "aplikazio fotoboltaikoetarako dispositibo organikoen funtsezko hobekuntza kontrolatu bati ateak ireki dizkio" ikerketak.
Coherent ultrafast charge transfer in an organic photovoltaic blend. S. Maria Falke, C.A. Rozzi, D. Brida, M. Amato, A. De Sio, A. Rubio, G. Cerullo, E. Molinari, C. Lienau. Science (30 May 2014) | science |
zientzia_kaiera-727d21080d94 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/06/01/asteon-zientzia-begi-bistan-15/ | Asteon zientzia begi-bistan #15 | unknown | 2014-06-01 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #15
Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Astea oparoa izan da, hainbat gai jorratu baitira Interneten eta hementxe dituzue laburbilduta: argia, etorkizuneko telebista, nanoegiturak, bihotza, txertoak, robotak eta are gehiago. Eman diezaiogun begirada bat!
Zientzia aurrera doa arrakasta gutxi batzuei esker, baina baita porrot askori esker ere. Izan ere, ez dago zientzia-porrotik. Zientzia etengabe ari da ikasten eta okerrak zuzentzen. Horixe da zientzia-metodoa. 1943. urtean jaio zen Erresuma Batuan Colin Pillinger. Planeta zientzietako ikertzailea izan zen. Beagle 2 espazio-ontzia diseinatu zuen, finantzazioa lortu ondoren 2003ko ekainaren 2an espaziorantz abiatu zen eta hiru hilabete beranduago haren arrastoa galdu zen. "Porrotak" eragindakoak jasan zituen Pillingerrek. Antonio Cantó dibulgatzaileak maiatzean zendu den ikertzailea dakarkigu: kixote bat, baina atsegina, borrokalaria, asmo onekoa eta zientziaren ikuspegitik ondo bideratua. Zientzia Kaiera blogean: Kixote Pillinger.
Zientziak argi-ilunak ditu eta argiaz mintzatu da Mikel Irastorza Euskalnatura.net gunean. 1934. urtean Gregory Breit eta Jonh A. Wheeler fisikariek argiari buruz garatu zuten teoria bat laborategian baieztatuko dutela azaldu digu. Izan ere, ez da inoiz laborategi baten frogatu hainbat zailtasun zirela eta. Imperial College Londoneko Fisika saileko hiru fisikarik Breit-Wheeler prozesua, hau da, bi argi partikularen edo fotoiren arteko talkatik elektroi eta positroi bana sortzea posible dela dioen prozesua, laborategian frogatzeko bidea urratu dute. Laburbilduz, fisikari hauek argitik materia nola sor daitekeen antzeman dute: Argitik materia sortzeko bidean.
Argitik, argira. Argia aldizkarian egungo teknologia berrien bilakaerari erreparatu diote. Etxean ditugun gailuek zerbitzu jakinetan elkarrekin eragitea da telekomunikazioetako ikerkuntzan dagoen erronka nagusienetakoa. Izan ere, gailu desberdinen arteko interakzioa eraginkorra izan dadin, arazo ugari konpondu eta beste hainbat korapilo askatu beharko dira. Joxerra Aizpuruak Vicomtech-IK4 zentro teknologikoko Mikel Zorrilla ikertzailearengana jo du, gailu mugikorren elkarrekintzak dituen argi-ilunak aztertzeko: Telebista interaktiboa. Aplikazio hiltzailea noiz helduko zain.
Telebista adimentsua ere izan du hizpide Aitor Aretxaga informatikariak Berria egunkarian. USB gailuen egitura eta datuak irakurtzeko abiadura hobeak direla eta, etorkizun hurbilean ordenagailua edo telebista eramangarria edozein pantailatara konektatuta erabili ahal izango ditugula azaltzen digu Aitorrek Ordenagailua poltsikoan artikuluan.
Teknologiarekin jarraituz CIC nanoGUNEk garatu duten sistema baten berri ematen digu Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian. Ikerketa zentroan, argia konprimitzeko eta haren hedapena material jakin baten bidez nanoeskalan, aztertzen ibili dira. Ondorioz, argia abiarazi eta kontrolatzeko sistema bat garatu dute. Sistema antenetan oinarrituta dago eta grafenoan zehar hedatzen den argi konprimitua abiarazi eta kontrolatzeko aukera ematen du. Datu guztiak Grafenoaren gainazalean argi konprimitua hedatzeko sistema bat garatu dute nanoGUNEn artikuluan.
Hainbat aurrerapen ematen ari dira zientziaren hamaika arlotan. In vitro ernalketa izango da medikuntzan izandako ezagunenetarikoa. Ernalketa prozesuaren nondik norakoak haur bati azaltzea ez da erraza. In vitro edo sexu-harremanez sortutako umeei agian erosoagoa litzateke esatea zikoinak ekarri zuela etxera. Izan ere, ez da ba horrela gertatzen? Josu Lopez-Gazpio ikertzaileak Zientzia Kaieran teoria horren aldeko frogak ekarri dizkigu. Egiazko datu kontrastatuak erabiliz, estatistikaren erabilera oker bat eginez ezinezko teoriak frogatu daitezkeela erakutsi digu Zikoinaren Teoria baieztatzeko frogak artikuluarekin.
Estatistiken erabilera okerrak askorako eman dezake. Eta eman, ez kendu, txertoek ere ematen dute. Amaia Portugal kazetariak txertoei buruzko artikulua argitaratu du Zientzia Kaiera blogean. EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko irakaslea den Lucila Madariagarekin hitz egin du eta txertoei esker munduan ia desagertu diren hainbat gaitzei erreparatu die. Txertoei esker poliomielitisaren karga %99 murriztu dela diote estimazioek. Elgorria, errubeola, difteria, tetanosa… Ia %100 murriztu dira. Datu guztiak Txertoek eman egiten dute, ez kendu artikuluan.
Eta txertoek eman egiten badute, hondartzan paseatzeak ere baditu hainbat onura osasunean. Argia aldizkarian ariketa fisikoaren onbeharrak azaltzen dizkigute: "ibiltzea komenigarria bada, ez dago horretarako hondartza eta bertako harea baino leku egokiagorik." Xehetasun guztiak Hondartzan paseatzearen hamaika onura artikuluan.
Hondartzan paseatzea ona da gure bihotzarentzako. Paseatzeak ez dio zirrara gogorrik eragingo ezta gehiegizko esfortzu fisikorik eta ondorioz bihotza ez da azeleratuko. Egoera normalean gure bihotzak minutuko 60-100 taupada egiten ditu baina erritmoa aldatzen du hainbat faktore direla eta. Jabier Agirrek kontatzen dizkigu Berrian bihotzaren erritmo aldaketaren arrazoiak eta kontuan hartu beharrekoak: Bihotza zergatik azeleratzen da?
Beldurra sentitzen dugunean askori ezaguna egingo zaio urdailean izaten dugun sentsazio deseroso hori. Zerbaiti aurre egin behar diogunean, urdaila uzkurtu egiten zaigula dirudi. Holakoetan urdailak garunera bidaltzen ditu seinaleak eta datu bidalketan bitartekari da nerbio bagoa. Nerbio honek garunetik urdailera eta urdailetik garunera bidaltzen ditu seinaleak. Zurichko Swiss Federal Institute of Technologyko ikertzaileek bi noranzko komunikazioa bide bakarrekoan bihurtu zuten arratoietan eta emaitzen arabera antsietate txikiagoa eta beldur gutxiago sentitzen zuten. Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian kontatzen digu: Tripetako korapiloek eragin zuzena dute beldurrean artikuluan.
Joseba Ríos eta Diego Garate arkeologoek 2012an Lekeitio inguruan dagoen Lumentza kobazuloan, aurkitutako Goi Paleolitikoko labar pinturen berri eman zuten. Metro eta erdi baino gehiagoko bi bisonte, zaldi buru bat eta hainbat marka aurkitu zituzten arkeologoek. Asteon Sustatun pinturak berreskuratzeko lanei buruzko datuak eman dizkigute: Lumentxako bisonte paleolitikoak, grafito modernoen azpitik berreskuratuak.
Kobazuloak hamaika sekretu gordetzen dituzte. Unai Break Argia aldizkarian espeleologoen lanei buruz aritu zaigu. Euskal Espeleologoen Elkargokoaren arabera Euskal Herrian 5.600 leize daude, kopuru hori dute katalogatua egun. Baina kopuruak gorantz egingo du, Espeleologoen Elkargoko ordezkarien arabera, etengabe aurkitzen baitira kobak. Eta ez metro gutxiko zulotxoak, baita kilometro askoko luzera duten galeriak ere. Kobazuloak aztertzeko ezagutza tekniko batzuk behar dira ez baita erraza ez erosoa. Xehetasun guztiak Ez da erosoena, baina merezi du artikuluan.
Kobazuloak modu naturalean sor daitezke edota prozesu geologikoen bidez, baina egon badaude gizakiak sortutakoak ere. Ibon Larrazabalek Argiako Liber Prodigiorum blogean Txinan 1922an aurkitu zituzten Longyouko haitzuloak aurkezten dizkigu. Gizakiak eraikitako 24 kobatik gora dira, Qin dinastiakoak, Kristo Aurretik 212. urtean eraikiak. Ikertzaileek ez dakite nork eta zelan eraiki zituzten, bataz beste, 1.000 metroko luzera eta, kasu batzuetan, 30 metroko altuera duten kobazuloak. Datu gehiago Longyouko haitzuloak artikuluan.
Egun, gertatzen dira harrigarriak diren bestelako kontuak ere. PLOS Biology aldizkarian maiatzaren 6an argitaratu zen artikulu batean kaleratzen denez, azken 25 urteotako sexu-organoen eboluzioaren ikerketetan, emeen organoei buruzko ikerketak %8a izan dira bakarrik. Ikertzaileak emakumezkoak edo gizonezkoak izan, kasu bietan, jokabide berdina ikusi dute eta joera hau nabarmendu da 2000. urtetik aurrera. Artikulua sinatzen duten ikertzaileek baginetan zakiletan besteko itxura eta funtzionalitate aberastasuna dagoela azpimarratzen dute. Artikuluaren xehetasunak Ana Galarragaren eskutik Berria egunkarian: Bagina ikusezinen kasua.
Biocruces Institutuko eta EHUko ikertzaileak gaitz zeliakoen genetika ikertzen dabiltza. Nora Fernandez da horretan diharduen ikertzaileetariko bat eta berarekin egon da Amaia Portugal kazetaria. Glutenarekiko intolerantzia sufritzen du populazioaren %2ak. Fernandez dioenez "Zeliakiak genetika oso konplexua dauka. Haren herentzia ez da sinplea; ezin dugu aurreikuspen zehatzik egin, zeini transmitituko zaion". Berrian ematen digute konplexutasun horren nondik norakoak: Etsaia ondo ezagutu behar.
Gizakiok adimena eman nahi izan diegu makinei. Adimen artifiziala XX. mendean hasi zen garatzen eta egun, makinek gizakiok egiten duguna egin dezaten, ikasketa automatikoko prozesuak inplementatzen ari gara. Ikasketa automatikoan bi ikasketa mota nabarmentzen dira: ikasketa gainbegiratua eta ikasketa ez-gainberatua. Lehenengo kasuan, makinari adibideak ematen dizkiogu, honek funtzio matematiko bat sortzen du adibide horietara hurbiltzeko. Bigarrenean, makinari datu kantitate handi bat ematen zaio, kategoriarik gabe, patroiak edo ereduak atera ditzan. Gorka Azkune ikertzaileak kontatzen digu Zientzia Kaieran: Makinek ere ikas dezakete.
Mind Mirror sistemak gure garunaren nondik norakoak ezagutzeko baliagarriak dira. Hainbat software sistema garatu dituzte ikertzaileek bi teknologia nagusi erabiliz: errealitate areagotutako teknikak eta denbora errealeko elektroentzefalograma teknikak (EEG). Mind Mirror sistemak denbora errealean funtzionatzen du eta pertsonaren garuneko aktibitatea jasotzen du eta diagrametan irudikatu. Informazio guztia Joxerra Aizpuruak dakarkigu Argia aldizkarian Norberaren garuna jardunean ikustea posible da artikuluan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-86d2f867d6a6 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/31/ezjakintasunaren-kartografia-15/ | Ezjakintasunaren kartografia #15 | 2014-05-31 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #15
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Hainbat botiken aurrean erresistentea den Escherichia coliren klon baten dispertsioa baieztatu da mundu osoan zehar. Honekin batera, agerian jarri da ere, elementu genetiko mugikorrek eta birkonbinazioek patogeno garrantzitsu honen eboluzioan izan duten papera. Ignacio López Goñik azaltzen digu From a single progenitor to a pandemic mutidrug-resistant Escherichia coli artikuluan.
60ko hamarkadaren hasieran, laserren agerpenaren ostean, argi bizia ingurunearen ezaugarri optikoak aldatzeko gai zela demostratu zuten. Eta horrela, haren hedapenean eragiten zuen. Hau izan zen diziplina liluragarri berri baten hasiera, optika ez-lineala. Honetan, adibidez, argia leiar bezala aritu daiteke edota frekuentzia berriak sortarazi ditzake hedatzen den bitartean. Optika ez-linealeko nazioarteko ikerketa-talderik garrantzitsuenetarikoak azaltzen digu, burbuilak sortarazi daitezkeela likido bezala jokatzen duen argi batean: Forming bubbles in liquid light.
Gure DNAk geneen adierazpena eta proteinen funtzioak aldatzen dituen mutazioak pairatzen ditu. Baina gure zelulen proteomaren moduladore errealak, mekanismo epigenetikoak dira. Aldatutako eredu epigenetikoak giza gaixotasun askori lotzen zaizkie, batez ere minbiziari baina baita ere, gero eta gehiago, depresioa eta neurodegenerazioa bezalako gaixotasun entzefalikoei. Raúl Delgado Morales Mapping Ignorance blogean estreinatzen da, Alzheimerren gaixotasunarekin duen harremanaz hitz egiten: Epigenetic alterations in Alzheimer´s disease, nature vs. nurture on the path to dementia.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-40d46f730aa5 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/30/makinek-ere-ikas-dezakete/ | Makinek ere ikas dezakete | 2014-05-30 00:00:00 | Makinek ere ikas dezakete
Ikasteko gaitasuna gizakien ahalmen esklusibotzat hartu izan dugu urte askotan zehar, nahiz eta hori ez den zuzena. Beste animaliek ere gurekin partekatzen dute trebezia hori. Norberak izandako esperientzietatik ondorioak atera eta antzeko kasuetan aurkitzen garenean, erabaki hobeak hartzeko balio digu ikasteak. Beno… edo horrela behar luke behintzat!
XX. mendearen erdi-aldean adimen artifizialaren inguruko lehen lanak hasi ziren. Gizakiak makinei adimena eman nahi zien. Hastapen haietan, lehen ikertzaileak arrazoitzeko gaitasunarekin itsutu ziren: logika, erregela bidezko arrazoiketa, dedukzioak etabar. Lan haien ondorioz, makinek gaitasun berriak izatea lortu zen. Makinaren ezagutza basean "Gizakiak hilkorrak dira" eta "Amaia gizakia da" baieztapenak sartuz gero, makinak gai ziren Amaia hilkorra zela ondorioztatzeko. Logika zerabilten horretarako.
Hori gutxi ez eta ikertzaileek beste jauzi bat eman zuten aurrera: arazoak konpontzeko gaitasuna aztertu zuten makinei eskaintzeko. Arazo batek soluzio asko izan ditzake eta soluzio horiek soluzioen espazioa osatzen dute. Espazio horretan ordea, soluzio guztiek ez dute balio bera, soluzio guztiak ez baitira egokiak arazo konkretu batentzako. Adibidez, pentsa xakean jokatzen ari garela. Gure aurkariak pieza bat mugitzen duenean, guk, gure piezak eta beraien mugimendu posible guztiak adina soluzio ditugu. Baina zein da soluzio onena? Mota horretako arazoak konpontzeko bilaketa algoritmoak garatu ziren. Gure makinak geroz eta adimentsuagoak ziren.
Hala ere, ikertzaileak ohartu ziren teknika haiek erabiliz lortzen zen adimen artifiziala oso zurruna zela. Makinek bazekiten logika erabiltzen, baita arazoak konpontzen, baina beti ere beraien esparru mugatuetan. Makinek zuten ezagutza guztia gizakiek idazten zuten eskuz, makinen programek uler zezaketen formatuetan. Baina ezagutza hartatik at zegoen zerbait agertzen zenean, makinek ez zekiten zer egin.
Hori ez da gizaki eta animaliekin pasatzen. Xakean jokatzen aditua den gizaki batek dametan ere joka dezake. Egoera berri eta ezezagunetara ohitzeko abilezia berezia dugu. Eta abilezia horren oinarri da ikasteko gaitasuna.
Baina zer da ikastea? Nola ikasten dugu guk? Galdera horiek ez dute erantzun sinplerik. Askotan, gure gaitasun kognitiboei halako misterio kutsu bat ematen diegu, oraindik ez baititugu behar bezala ulertzen. Beharbada, horregatik, Alan Turing matematikari handiak egin zuen paradigma aldaketa gaur egungo adimen artifizialaren zutabe garrantzitsuenetako bat bilakatu zen. Garai hartan, eta gaur egun ere bai oraindik, jendearen galdera ondorengoa zen: "Pentsa al dezakete makinek?" Pentsatu kontzeptuak suposatzen zuen zailtasuna ekidinez, Turing-ek galdera berri bat jaurti zuen: "Egin al dezakete makinek guk egiten duguna?"
Ikuspuntu berri horri eutsita, Tom Mitchel izan zen ikasketa automatikoaren lehen definizio formala eman zuena. Hitz lauetan, Mitchel-ek zioen ordenagailu programa batek esperientziaz baliatuz ikasten duela, baldin eta ataza bat egiterako garaian, bere emaitzak hobetzen badira esperientzia handiagoa duen heinean.
Beraz, ikasten duen makina batek xakean hobeto jokatu behar luke partida kopuru handiagoa jokatzen duen heinean. Esperientziak bere errendimendua hobetu behar luke. Pentsa ume txiki batengan. Lehendabizikoz pilota bat botatzen diegunean beraiek har dezaten, ez dute antzeman ere egiten. Ez dute aurreikusten pilotaren ibilbidea eta ez dituzte eskuak behar bezala koordinatzen. Baina denbora emanez gero, pilota behin eta berriz botaz gero, azkenean lortzen dute pilota hartzea. Urteen poderioz, ume horiek pilota batekin gauza harrigarriak egiteko gai bihur daitezke. Hori guztia posible da esperientziaren bitartez ikasten dugulako. Pilota jaurti eta egiten duen ibilbidea milaka aldiz ikusi ondoren, ibilbide hori aurreikusteko gai gara berriro pilota botatzen digutenean. Hori da ikasketaren ahalmena. Makinek ere egin al dezakete? Horra erronka!
Arazo horiek aztertu, ikertu eta konpontzeaz arduratzen den adimen artifizialaren arloari ikasketa automatikoa deritzo (ingelesez machine learning). Askok pentsa dezaketenaren aurka, ikasketa automatikoa ez da fikzioa. Gaur egun uste duguna baina askoz hedatuagoa dago geure eguneroko bizitzan. Adibide gisa, gure posta elektronikoa dugu. Nola uste duzue ezberdintzen dituela gure posta elektronikoak spam mezuak beste mezuengandik? Bai, ikasketa automatikoa erabiliz.
Ikasketa automatikoaren barnean sailkapen bat ezarri dezakegu:
Bi arlo nagusi hauen aldaera asko agertu dira urteen poderioz: ikasketa erdi-gainbegiratua, errefortzu bidezko ikasketa, ikasketa aktiboa etabar. Gure helburua, lehenik eta behin bi arlo nagusiak azaltzea izango da. Geratzen zaizkigun indarren arabera, ikusiko dugu beste arloetan sakondu dezakegun!
Orain, goza ezazue duela gutxi argitaratu duten bideo honekin. Bertan, erakutsiz ikasi (ingelesez learning by demonstration) arloaren erakustaldi bat ikus daiteke. Beso robotiko batek airera jaurtitako edozein objektu harrapatzen ikasten du. Ikasketa mota horretan, gizakiek erakusten diete objektuen ibilbideak aurreikusten eta objektuak behar bezala harrapatzen. Ikaragarria!
[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=M413lLWvrbI[/youtube]
Egileaz: Gorka Azkune (@gazkune), informatikaria, eta DeustoTech-eko ikertzailea da.
Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du. | science |
|
zientzia_kaiera-aa2d07ec544c | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/29/kixote-pillinger/ | Kixote Pillinger | Antonio Cantó | 2014-05-29 00:00:00 | Kixote Pillinger
Antonio Cantó
Jo dezagun behin irrikatan egon zinela izarretara bidaiatzeko, edota gutxienez planetetara joateko. Jo dezagun bazenekiela zure bizitza tartearen barruan ez zinela iritsiko eta nahi izan zenuela gutxienez ez zuk baina bai zure herrialdeak amets hori betetzea. Jo dezagun, inguruko administratzaile eta hiritar sineskor eta zirikatzaile guztien aurka, azkenean eraiki zenuela Martitzera iristeko moduko espazio-ontzi bat. Jo dezagun zure misioak huts egin zuela eta zer esanik ez, zuri egotzi zitzaizula errua. Ezaguna ote duzu hau guztia? Hau izan da eta Collin Pillinger, Carl Sagan eta beste hainbat lagunek duela egun batzuk egin dutena: Barsoomeko ilargietara eta urrunago ere joan ziren.
Colin Pillinger Bristoletik (Erresuma Batua) hurbil jaio zen 1943ko maiatzaren 9an, Munduko Bigarren Guda betean. Bere aita lepo urdineko langile bat zen, eta bere ama, etxekoandrea. Bere hitzen arabera, oso zientzia-ikasle txarra izan zen, baina azkenean, Kimikan doktoratzea lortu zuen, eta Planetarioen arloan ikertzen hasi zen. Esku hartu zuen Estatu Batuetako Apolo espazio-ontziak ilargitik ekarritako harrien ikerketan. Batzuen ustetan han egon ez ziren ontziek ekarritako harriak aztertu zituen, eta amets egin zuen: Beagle izenekoaren antzerako itsasontzi bat irudikatu zuen, Darwinek bezala baina oraingo honetan Martitzeko lautada gorrixketan zientzia egiten jarraitzeko. Hori dela eta, Beagle 2 izena jarri zion alegiazko ontzi horri.
Ez gobernu britainiarrak, ez eta Espazio Agentzia Europarrak (ESA) ez zuen berarengandik ezer espero. Hasteko, Erresuma Batua ez zuen espazio agentzia propiorik, horrelako egitasmo bati babesa emateko. Ohi bezala, bi mende lehenago Darwini gertatu bezala, irribarrez ari ziren batzuk Pillingerrekin. Beste batzuek, baieztatu zuten horrelako ideia batek iruzur bat izan behar izan zuela. Horrela, esan izan zuten diru gehiago kenduko zitzaiela zergapeko zintzoei. Pillingerrek baina, aurrera egin zuen. Partzuergo bat eratu zuen, erakunde horren buruan Erresuma Batuko Unibertsitate Irekia jarri zuela. Izan ere, bera bertan zegoen irakasle, eta bertan diseinatu zuen ilargiratzeko modulu bat, Mars zunda europarraz baliatu eta espaziotik bidaiatzeko. Horixe izango zen bere Beagle 2, Erresuma Batuko lehen planeta arteko espazio-ontzia.
Beagle 2 ontziak, eskumuturreko erlojuaren itxura zeukan, eta Isisen azalean hartuko zuen lur, errobot-beso batez eta laginak hartzeko zulatzaile bat bere baitan eramango zituela. Geroago, automatikoki aztertuko zituen laginak, eta Lurrera bidaliko zuen harrien ezaugarri geologiko, mineralogiko eta geokimikoen berri. Era berean, bertako meteorologia eta klimatologiaren inguruko zehaztapenak hartuko zituen, eta bizi zantzuen bila jarriko zen. Bere buruan, zunda nahiko ona zen, onegia kontuan hartuta zeinen zaila izan zen dirua lortzea. Azkenean, laguntza ematera etorri zitzaizkion Blur rock taldekoak eta Damien Hirst bezalako artegileak. Hauen harreman publiko lana egin zuten diru pribatua lortzeko. 44 milioi libra bildu zituen, esparru publikotik eta pribatutik erdi bana. Diru horri esker gauzatu zuen bere ametsa.
Beagle 2 ontziak Baikonurreko Kosmodromotik airera egin zuen Mars Express delakoarekin batera 2003ko ekainaren 2an. Soyuz FG/Fregat espazio-ontzi errusiarraren barruan zihoan. Aireratzea ezin hobea izan zen, eta hala izan zen Martitzera sei hilabetean egindako bidaia ere. Abenduaren 9an, Beagle 2 ontziak Mars Express ontzi amarenetik kanpora egin zuen, eta aurreikusi bezala, jaisten hasi zen Isiseko lautadarantz.
Ziurrenik, galdu egingo zen Martitzeko atmosferan sartzerakoan. Dirua lortzeko ekimenak direla eta, Beagle 2 espazio-ontzia oso ezaguna zen, eta hala izan zen era berean bere galera, berehala jendarteratu zena. Zirikatzaileen barre-algarak ozen entzun ziren, eta zerga asko ordaintzen omen dituztenen oihuak ere bai. Erraz irudika ditzakegu proiektua sustatu zuten diru-inbertsiogile pribatuak ere garrasika. Ohi bezala, denek leporatu nahi izan zioten porrota Pilinger irakasleari.
Hala ere, batzuek ondo ulertu zuten kontua. Jendartean, zientzialari bitxiaren itxura lortu zuen, kixote bat, baina atsegina, borrokalaria, asmo onekoa eta zientziaren ikuspegitik ondo bideratua. Pillingerrek berak, denbora osoan aldarrikatu zuen bere kudeaketa eta bere talde-lanaren ona. Misio berri bat proposatzera ere iritsi zen: Beagle 3. Ez zen ordea inoiz gauzatu misio hura. Bere bizitzaren azken urteetan, gizartearen nolabaiteko esker ona lortu zuen hizlari eta dibulgatzaile gisa.
Aspaldi zebilen osasunean makal, eta joan den maiatzaren 7an hil zen, burmuin-odoljario baten ondorioz. Bi egun beranduago beteko zituen 71 urte.
Zientziak aurrera doa arrakasta gutxi batzuei esker, baina baita porrot askori esker ere. Arrakasta handiak baizik ez ditugu gogoan, baina porrotak ere gertatu behar izan dira aurrera joate horretan. Izatez, ez dago zientzia-porrotik. Horretan datza hain zuzen ere zientziak duen ahalmen izugarria: etengabe ari da ikasten eta okerrak zuzentzen, giza historiaren garai bakoitzean ahalik eta gehien hurbiltzeko egiarantz. Horixe da zientzia-metodoa. Definizioz, dogmek ez dute inoiz horrelakorik erdietsiko.
Ez dugu behar barrez hain erraz hasten den ergelik. Ez dugu behar aldarte lehorreko hainbeste fanatikorik. Tankera honetako porrot gehiago behar ditugu. Tankera honetako porrota jasan duten zientzialari gehiago behar ditugu. Kixote Pillinger gehiago behar ditugu. Agur eta ohore, doktorea. Eskerrik asko zuri.
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da. | science |
zientzia_kaiera-cbc3ee6c19a5 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/28/txertoek-eman-egiten-dute-ez-kendu/ | Txertoek eman egiten dute, ez kendu | Amaia Portugal | 2014-05-28 00:00:00 | Txertoek eman egiten dute, ez kendu
Amaia Portugal
Andrew Wakefield doktoreak 1998an argitaratu zuen artikulu batek aztoramen handia eragin zuen, haurrei eman ohi zaien txerto hirukoitz birikoa autismoarekin lotu baitzuen. Adituek laster ikusi zuten artikuluak akatsak zituela, eta hura argitaratu zuen The Lancet aldizkariak ere baztertu egin zuen azkenerako. Hori gutxi ez, eta Brian Deer kazetariak egindako ikerketa lan bati esker, Wakefieldek artikulu harekin zituen asmo ilunak agerian geratu ziren.
Hala ere, txertoek autismoa eragiten dutela dioen mitoak arrastoa utzi du. Gutxi dira mesfidatiak, baina badaude oraindik ere. Eta hor jarraituko dute, Sidneyko Unibertsitateak argitaratu berri duen artikulu batek, beste behin ere, erlazio hori gezurtatu duen arren.
Txertoek milioika heriotza eta bestelako kalteak saihestu dituzte, hori da egia. Baztanga edo nafarreriaren adibideari erreparatu besterik ez dago. Gaitz honek milaka biktima eragin zituen Europan XVIII. mendean. Behin kutsatuta, hiru lagunetik bat hiltzen zuen, bai eta gainerakoei arrasto larriak utzi ere. Gaur egun oraindik baztangarik balego, bi milioi lagun hilko lirateke urtero gaitzak jota. Baina zorionez, 1980an erauzitzat jo zuen Munduko Osasun Erakundeak. Gizakiei erasotzen dien eta gizakiak erabat desagerrarazi duen gaixotasun bakarra da orain arte, eta txertoek lorpen horretan izan duten zeregina ukaezina da.
Baztangaren kasua paradigmatikoena da ziurrenik, baina txerto kanpaina sistematikoak ematen hasi zirenetik, hamarnaka gaitz oso kutsakorren hedapena etetea lortu da. Hala azaldu du Lucila Madariaga EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko irakasleak: "Munduko Osasun Erakundeak 1974an jarri zuen martxan mundu mailan egindako lehenengo txerto programa. Poliomielitisaren kasuan, adibidez, gaitzaren karga %99 murriztu dela diote estimazioek, haren aurkako programa espezifikoak hasi aurretik zegoen egoerarekin alderatuta. Elgorria, errubeola, difteria, tetanosa… Ia %100 murriztu diren gaitzak dira. Gaixotasunak hor daude oraindik ere, baina neurri oso handian daude kontrolatuta".
Hain zuzen, gaitz bat desagertuta dagoela iruditu arren arriskuak hor dirauelako, ezinbestekoa da haren aurkako txerto kanpainarekin jarraitzea. Izan ere, gaixotasun mota horiek ez dira erauzten, kontrolatu baizik. Baztanga da salbuespen bakarra. Horren erakusle, kukutxeztula nahiko kontrolatuta zegoen 70eko hamarkadan, baina haren aurkako txertoa segurua ote zen zalantzak eta sineskeriak zabaldu ziren, eta guraso askok haurrei hura emateari uko egin zioten; besteak beste, Erresuma Batuan. Hiru epidemia eragin zituen egoera horrek, bai eta ehun umetik gora hil ere.
Izan ere, Madariagak ohartarazi bezala, "ez da denbora askorik behar epidemia bat abiarazteko. Mikroorganismo horiek hortik zehar dabiltza, egon badaude, eta infektabera den populazioa handitu eta berehala, epidemiak gertatzen dira. Adibidez, difteria epidemiak egon ziren Europa ekialdeko herrialdeetan Sobiet Batasuna erori zenean, auzi ekonomikoak medio txertoak gutxitu zirelako".
Herrialde aberatsetan, txertoak jaso dituzten haurren kopurua %90a edo gehiago izan ohi da, baina gainerako %10 horrek ekar ditzakeen ondorioak ez dira gutxietsi behar. Esaterako, poliomielitisaren mamua Europatik hurbil agertu da, aspaldiko partez. 2002an polioa erauzitako gaixotasuntzat jo zuten ofizialki gure kontinentean eta Asia mendebaldeko zenbait estatutan; orduan izan baitzen azken kasua, Turkian. Sirian ere desagertutzat jo zen, baina bertako gerraren testuinguruan, berragertu egin da. Are gehiago, Siriako errefuxiatuen bitartez, poliobirusaren eramaile diren hamarnaka lagun identifikatu dituzte Israelen, gaitza bera garatu ez badute ere.
Horrek, bereziki, kezka handia piztu du Europan. Izan ere, Israelen %95 inguru dira polioaren aurkako txertoa jasoa duten haurrak; Europako edozein estatutan bezainbat edo gehiago, beraz. %100era iristeko falta den zirrikitu horretatik egin du bidea birus beldurgarriak, eta txertoak zer garrantzitsuak diren erakusten du horrek.
Zer esanik ez, beste toki batzuetan polioak eta gurean oso ezohikoak diren beste gaitz batzuek inpaktu handia dute oraindik ere; zenbat eta txerto gutxiago, orduan eta gehiago. "Difteria, tetanosa eta kukutxeztularen txertoa hartzen ditu erreferentziatzat Munduko Osasun Erakundeak, munduan dagoen estaldura maila neurtzeko. Haien estimazioa %80-85ean dago. Baina gero, batez besteko hori baino dezente beherago dauden zonaldeak ditugu munduan, eta Afrikan bereziki", dio Madariagak.
Munduko 50 estatutan, hiru haurretik bik ez dute txertorik hartzen. Herrialde pobre bateko haur batek txerto bidez eragotzi daitekeen gaitz baten ondorioz hiltzeko duen arriskua hamar aldiz handiagoa da, herrialde aberats batean jaiotako ume batena baino. Munduko Osasun Erakundeak sustatutako kanpainei esker, haur guztien artean %75ek jasotzen dute sei gaitz oso hilgarriren aurkako txertoa: elgorria, polioa, difteria, kukutxeztula, tuberkulosia eta tetanosa. Hori horrela, 1980tik erdira jaitsi da gaitz horietakoren batek jota hildakoen kopurua. Hala ere, bistan da: asko dago egiteke %100era arteko zirrikitu hori ahalik eta txikiena izan dadin.
Informazio gehiago: Txertoei buruzko egiak eta gezurrak (Munduko Osasun Erakundea)
Luke E.Taylor, Amy L. Swedfeger, Guy D. Eslick, "Vaccines are not associated with autism: An evidence-based meta-analysis of case-control and cohort studies", Vacine (2014) 32. bolumena, 29. zbk, 3623-3629. orr., doi:10.1016/j.vaccine.2014.04.085
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du. | science |
zientzia_kaiera-25b2f3209e5e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/27/zikoinaren-teoria-baieztatzeko-frogak/ | Zikoinaren Teoria baieztatzeko frogak | 2014-05-27 00:00:00 | Zikoinaren Teoria baieztatzeko frogak
Zientziaren testuinguruan, bi teoria nagusitu dira ume jaioberrien eraketa-prozesua azaltzeko: Zikoinaren Teoria (Theory of the Stork, ThoS) eta Sexu Bidezko Ugalketaren Teoria (Theory of Sexual Reproduction, ThoSR). Alde batetik, Zikoinaren Teoriaren alde esan behar da aspalditik jasoa dagoela bibliografia espezializatuan umeak zikoinek ekartzen dituztela. Teoria horren aldeko argudioak lehen mailako zientzia-kalitatea duten aldizkarietan aurki daitezke (Journal Citation Reports delakoan sailkatuak eta adituen ebaluazio-prozesua dutenak) [1][2]. Bestetik, Sexu Bidezko Ugalketaren Teoria nahiko hedatua dagoela esan behar da, populazioaren gehiengoa ThoSR teoriaren alde doktrinatua izan delako eskolan. Teoria horren aldeko argudioak Interneteko hainbat webgunetan aurki daitezke [3][4].
Hala ere, giza-umekien garapenak baditu ThoSR teoriak azal ezin ditzakeen hainbat ezaugarri, esaterako, umeen jatorria sexu bidezko ugalketaren ondorio zuzena dela dirudien arren aspalditik dokumentatuta daude sexu-harremanik gabeko ume-emateak [5]. Bestalde, bibliografiaren arabera, sexu-harremanen ondoren umeen eraketa-prozesua ez aktibatzea ere oso ohikoa da [6]. Arazo horien aurrean, Zikoinaren Teoria indarra hartzen ari den ideia da, kasu horiek guztiak azaltzeko gai delako.
Zikoinaren Teoriaren berrikuspen garrantzitsuena T. Höfer eta bere kolaboratzaileek argitaratu zuten 2004an. Ikerketa horretan, 1997-2001 urteetan ThoS-en alde aurkitutako froga berriak plazaratu zituzten eta, hori gutxi balitz, Zikoinaren Teoria lantzen duten webguneak identifikatu zituzten.
Egun ere, Interneten egindako bilaketek pisuzko argudioak ematen dituzte Zikoinaren Teoriaren alde. 2014ko apirilaren 30ean egindako analisian, "stork delivering baby" delakoa Google bilatzailean aztertuz 11.500 emaitza lortu ziren. Aldiz, "human delivering baby" bilatuz gero emaitza bakarra lortu zen. 2000-2014 urteetako bibliografia zientifikoa berraztertuta, era batera edo bestera Zikoinaren Teorian aipatzen diren gaiak jorratzen dituzten hainbat lan aurkitu dira, besteak beste, Give the Stork Some Orange Juice (S.H. Kelly, 2001), "Subsidizing the Stork" (P. Lefevbre, 2001), When will the Stork Arrive? Patterns of Birth Seasonality in Neotropical Primates (M.S. Di Bitetti eta C.H. Janson, 2000), The State and the Stork (J.F. May, 2013), eta Adecuacy Process and Prenatal Care According to the Criteria of Humanizing of Prenatal Care and Childbirth Program and Stork Network (K.G. Martinelli et al., 2014). Aipamen bibliografiko horietaz gain, zientzia-biltzar garrantzitsuetan Zikoinaren Teoriaren babesleak geroz eta ugariagoak direla azpimarratu behar da [7].
Zikoinaren Teoria gutxienez hiru aldiz frogatu da metodo zientifikoa erabiliz. 1988an, Düsseldorfeko Unibertsitatean H. Siesek [2] Alemania hegoaldean jaioberri kopuruaren eta zikoina populazioaren artean korrelazio susmagarria zegoela ohartarazi zuen. Teoria berriaren izaera iraultzailea zela-eta, 2000. urtera arte ez zen beste aipamenik egin bibliografia zientifikoan. Baina, urte horretan, Birminghameko Unibertsitateko R. Matthewsek Europako 17 herrialdetan jaioberri kopuruaren eta zikoina kopuruaren artean erlazio lineala zegoela frogatu zuen [8]. Ikerketa horren ildotik, 2004an hiru diziplinatako zientzialariz osatutako Berlingo ikerketa talde garrantzitsu batek (T. Höferen gidaritzapean) bultzada izugarria eman zion Zikoinaren Teoriari [1]. Behe Saxonian eta Berlinen zikoina kopuruaren (zehazki ciconia ciconia espeziekoak) eta ume jaioberri kopuruaren arteko korrelazioa frogatzea eta azaltzea lortu zuten, metodo zientifikoaren prozedurak eta metodologiak erabiliz.
Testuinguru honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Aplikatua Sailean Espainiar Estatuko kasua aztertu da eta Zikoinaren Teoria baieztatzen duten froga berriak lortu dira. Lan esperimentalari dagokionez, datu-iturri fidagarriak bakarrik erabili dira: jaioberri kopuruari buruzko informazioa Espainiako Estatistika Institutu Nazionaletik [9] lortu da eta ciconia ciconia espeziaren errolda 2004an Espainiako Ornitologia Elkarteak argitaratutako lanetik eskuratu da [10]. Datuen tratamendu estatistikoa aplikatzeko, lurraldea lau eskualdetan banatu da: irlak (Kanariak eta Balear Uharteak), iparraldea (Galizia, Asturias, Kantabria, EAE, Nafarroa eta Errioxa), zona zentrala (Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Aragoi, Katalunia eta Madril) eta hegoaldea (Extremadura, Andaluzia, Murtzia eta Valentzia). Jaioberri kopuruaren (1. Irudia) eta zikoina bikote kopuruaren (2. Irudia) mapak alderatzerakoan, irudi benetan harrigarriak lortu dira.
Mapetan ikus daitekeen bezala, bi aldagaiek eredu bera jarraitzen dute lurralde osoan. %100eko bateragarritasuna ikusi ondoren, eredu estatistikoen bidez korrelazio linealak bilatu dira, begi-bistaz susma daitekeena analitikoki frogatzeko. Espainiako Estatuaren kasuan, 2004ko datuen tratamendu estatistikoaren ondoren zikoinen populazioaren (S) eta ume jaioberrien kopuruaren (B) artean korrelazio zuzena dagoela frogatu da ikerketa honetan (3. Irudia). Lortutako erlazioa lineala da (S = 0,1098B – 4.075,3) eta erregresio linealaren korrelazio koefizienteak (R2 = 0.99) erlazio hori oso handia dela adierazten du, bibliografian aipatzen diren emaitzekin bat etorriz.
Atal esperimentalaren bigarren zatian, jaioberri kopuruaren eta zikoina kopuruaren arteko korrelazioa urte jakin horretan bakarrik (2004) betetzen den frogatu nahi da. Horretarako, antzeko metodologia erabiliz Espainiako populazioaren (P) eta zikoina bikote populazioaren arteko eboluzio historikoa aztertu da (4. Irudia). 1984tik 2004ra gertatu den jaiotza kopuruaren eta zikoina kopuruaren eboluzio historikoak ere korrelazio lineala betetzen du (P = 159,63S + 4.107) eta eredu estatistikoaren korrelazio koefizienteak (R2 = 0.98) erlazio linealaren egokitasuna bermatzen du.
Zikoinaren Teoriaren alde hiru froga aurkeztu dira ikerketa estatistiko honetan. Alde batetik, mapa koloreztatuetan ikusten diren patroien bateragarritasuna frogatu da; bestetik, jaioberri kopuruaren eta zikoina kopuruaren arteko korrelazioa frogatu da; eta azkenik, populazioaren eta zikoina kopuruaren artean ere korrelazio lineala dagoela frogatu da. Froga estatistiko guzti horiek ThoS teoria egiaztatzen dute eta, are gehiago, Sexu Bidezko Ugalketaren Teoriak justifika ezin ditzakeen gertakariak Zikoinaren Teoriak argitzen ditu. Lan honek erakusten duenez, Sexu Bidezko Ugalketaren Teoriaren gainbehera iristear egon daiteke, nahiz eta ikerketa sakonagoak behar diren Zikoinaren Teoria berresteko.
Lan honetan erabilitako erreferentzia bibliografiko, datu, mapa, irudi, grafiko eta froga estatistiko guztiak egiazkoak dira eta datu guztiak iturri fidagarri eta kontrastatuetatik lortu dira. Jakina, horiek manipulatuak izan dira hasieratik finkatutako teoriarekin bat etor zitezen. Lan honen benetako ondorioa estatistikaren erabilpen oker edo maltzurrak izan ditzakeen ondorio larriez ohartaraztea da. Zikoinaren Teoriaren zentzugabekeriak erraz erakusten du korrelazioa ez dela beti kausalitatearen ondorio. Bestalde, gogoratu arretaz eta zentzu kritikoz irakurri behar direla ustez zientifikoak diren ikerketa guztiak, horietako gehienetan azken paragrafo hau ez baita agertuko.
[1] Thomas Höfer, Hildegard Przyrembel, Silvia Verleger. New Evidence for the Theory of the Stork, Paediatric and Perinatal Epidemiology, 18, 88-92, 2004.
[2] Helmut Sies. A New Parameter for Sex Education, Nature, 332, 495, 1988.
[3] http://en.wikipedia.org/wiki/Childbirth
[4] https://es.answers.yahoo.com/question/index?qid=20090920174413AA1VfOk
[5] Matthew. The Bible, BibleGateway (New International Version), 1, 18, 2011.
[6] Katrien Stouffs, Sara Seneca, Willy Lissens. Genetic Causes of Male Infertility, Annales d'Endocrinologie, in Press, 2014.
[7] Josu Lopez-Gazpio. Zikoinaren Teoria Egiaztatzen Duen Eredu Estatistikoaren Aldeko Frogak (oral communication), (33. minututik aurrera) Kultura Zientifikoa Sustatzeko I Ikasle Topaketa, 2014.
[8] Robert Matthews. Storks Deliver Babies (p=0.008), Teaching Statistics, 22(2), 36-38, 2000.
[9] http://www.ine.es/
[10] Blas Molina, Juan Carlos del Moral. La Cigüeña Blanca en España. VI Censo Internacional (2004). SEO/BirdLife, 2004.
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea da eta EHUko Kimika Aplikatua saileko ikertzailea da.
Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du. | science |
|
zientzia_kaiera-170c0f350b94 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/26/eraginkorrak-dira-pankreako-minbiziaren-tratamendua-eta-koloneko-minbizia-hautemateko-testa/ | Eraginkorrak dira pankreako minbiziaren tratamendua eta koloneko minbizia hautemateko testa | 2014-05-26 00:00:00 | Eraginkorrak dira pankreako minbiziaren tratamendua eta koloneko minbizia hautemateko testa
Gastroenterologiako Espainiako Elkarteak duela gutxi saritu dituen bi lanetan parte hartu du UPV/EHUko Medikuntzako irakasle eta Biodonostia Institutuko Luis Bujanda ikertzailearen ikerketa taldeak. 'Ezkutuko odolaren test immunologikoaren ziurtasun diagnostikoa urdail-hesteetako klinika duten pazienteentzat' izenburuko ikerlanak ahozko komunikazio kliniko onenaren saria jaso du, eta 'GSK3aren inhibitzaileak TRAILarekin konbinatuta, pankreako minbizian apoptosia eragiteko estrategia gisa' izenburukoari ahozko komunikazio oinarrizko onenaren saria eman diote. Bi ikerlanok onartu egin dituzte Colorectal Disease eta Cell Death Disease nazioarteko zientzia aldizkarietan.
Lehenengoan aztertu da, digestio aparatuko kontsultako 787 pazienterengan, ea ezkutuko odolaren test immunologikoa (SOHi) sentikorragoa eta espezifikoagoa ote den koloneko minbizia detektatzeko, Erresuma Batuko National Institute for Clinical Excellencek (NICE) edo SIGN gidak erabiltzen dituzten irizpide klinikoak baino. Gaixo guztiei datu kliniko eta analitikoak hartu zaizkie eta kolonoskopia egin zaie. Koloneko minbizia duten 97 paziente detektatu dira. Ikerlanak erakusten du ezkutuko odolaren test immunologikoaren 100 ng/ml-tik gorako emaitzak koloneko minbizia detektatzeko %87,6ko sentikortasuna eta %77,4ko espezifikotasuna dituela. Balio horiek askoz hobeak dira NICEk eta SIGN gidak erabiltzen dituzten irizpide klinikoei jarraituz lortutakoak (hurrenez hurren %61,9-%65,2 eta %82,5-%42,7) baino. "Gure azterlanak iradokitzen du koloneko minbiziaren susmoa dagoenean SOHi testak minbizi mota hori detektatzeko ziurtasun diagnostiko handiagoa duela goian aipatutako beste bi irizpideek baino", adierazi du Bujanda irakasleak.
Saritutako bigarren ikerlaneko datuek frogatu egiten dute pankreako minbiziaren tratamendurako terapia eraginkorra dela tumore-zeluletako GSK3 (glikogeno sintasa kinasa 3) entzimaren jarduera blokeatzen duten konposatu kimikoen eta zeluletako TRAIL proteina naturalaren konbinazioa. "Pankreako adenokartzinoma duktala (PDA) -azaldu du ikerlan horretako ikertzaile nagusiak, Marta Herreros-Villanuevak- egungo kimioterapiarekiko erresistentzia handiena duten tumoreetarikoa da. TRAILa erabili izan da zelulen apoptosi edo heriotza programatua eragiteko, estrategia terapeutiko gisa, hainbat saiakuntza klinikotan, eta horietariko batzuk pankreako minbiziari buruzkoak izan dira. Hala ere, pankreako tumoreek tratamendu horren aurkako erresistentzia intrintsekoa dute eta lehenbailehen bilatu behar dira terapia berriak, tumore-zelulei apoptosiaren eragileekiko sentikortasuna emango dietenak. Ikerketa honen bitartez jakin nahi genuen ea, GSK3aren inhibitzaileak erabilita, TRAILak eragindako apoptosiarekiko sentikortasuna sortu ahal zitzaien zelulei, eta, gure emaitzen arabera, konbinazio hori tresna baliagarria da pankreako minbiziaren tratamendurako".
Cubiella J., Salve M., Díaz-Ondina M., Vega P., Alves M.T., Iglesias F., Sánchez E., Macía P., Blanco I. & Bujanda L. (2014). Diagnostic accuracy of faecal immunochemical test for colorectal cancer in symptomatic patients: comparison with NICE and SIGN referral criteria, Colorectal Disease, n/a-n/a. DOI:10.1111/codi.12569
Zhang J.S., Herreros-Vilanueva M., Koenig A., Deng Z., de Narvajas A.A.M., Gomez T.S., Meng X., Bujanda L., Ellenrieder V. & Li X.K. (2014). Differential activity of GSK-3 isoforms regulates NF-κB and TRAIL- or TNFα induced apoptosis in pancreatic cancer cells, Cell Death and Disease, 5 (3) e1142. DOI:10.1038/cddis.2014.102 | science |
|
zientzia_kaiera-53adc2d5de04 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/25/asteon-zientzia-begi-bistan-14/ | Asteon zientzia begi-bistan #14 | unknown | 2014-05-25 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #14
Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Interneten euskaraz argitaratu diren zientzia-gaiak errepasatu ditugu eta hementxe dituzue laburbilduta. Hainbat gai jorratu dira egunotan: Prestige ontziaren istripua, Lekeitioko Lumentza kobazuloan aurkitutako pinturak, genetika-gaiak nola tratatzen diren telesailetan… . Eman diezaiogun begirada bat.
Ba al dago eboluzioa aurresaterik? Hori da galdetzen diguna Mikel Irastorza biologoak Euskalnatura gunean Science aldizkariko artikulu bati erreparatuz. Baldintza berdinak errepikatuz gero, eboluzioan ibilbide berdina egingo genukeela dioen ikerketak eta adibideak badaude baina eboluzioa zorizkoa dela diotenak, ere, badaude. Hori baieztatzera dator Tinema cristinae makila-intsektuarekin Kalifornian egindako ikerketak. Ikerketa aurrera eraman duten ikertzaileek diotenez intsektu hauen geneen eboluzioan aurresatea posible den espezializazioa egon arren, gertatutako aldaketa asko zorizkoak izan dira.
Neurriak, gauzak bere neurrian hartu behar dira eta hori esatera datorkigu EHUko irakaslea den Jesus Mª Txurrukak. Zientzia Kaieran blogean Protagoras filosofo greziarren aforismoaz dihardu dagokigunari neurria hartzeko: Homo omnium rerum mensura est (Hala ote?). Aforismo ezagun horrek dio gizakia gauza guztien neurria dela. Baina baieztapen hori agian egia da izakiak berak egindako gauzei buruz dihardugunean eta, fenomeno natural askoren tamaina kuantifikatu nahi dugunean? Kasu horretan ez gizakia ezin da neurritzat hartu Jesus Mariren esanetan. Eta zeintzuk dira neurtu nahi ditugun fenomeno horiek? Adibidez, supernoben leherketa.
Sakelako telefonoak mikroskopioa bihur daitezke. Ez, ez da zientzia-fikzioa. Australiako Unibertsitate Nazionaleko Steve Lee ikertzaileak silikona garden batez egindako leiar bat, bateria txiki bat eta LED argi bat erabiliz telefonoa mikroskopio bihur daitekeela frogatu du. Eta, mikroskopio merkea gainera, 2 dolar inguruko prezioa izan dezakeena. Guillermo Roak dibulgatzaileak azaltzen digu Elhuyar aldizkarian kalitate handikoa izan ez arren, fabrikatze-prozesua oso sinplea izanik, merkatuan dauden beste mikroskopio txikien lehiakide izan daitekeela: Sakelako mikroskopio merkea.
Arkeologoen arabera Bizkaiko bigarren kobarik garrantzitsuena da Lekeition dagoen Lumentzako leizea, Santimamiñekoaren atzetik. Lumentzako kobazuloan Goi Paleolitikoko labar pinturak agertu dira. Metro eta erdi baino gehiagoko bi bisonte, zaldi buru bat eta hainbat marka aurkitu dituzte arkeologoek. Margoen egoera ez omen da ona, haitzuloak izan duen erabileraren ondorioz ez dira ondo ikusten baina garrantzitsuak dira Santimamiñekoak baino zaharragoak eta handiagoak direlako. Honen berri eman dute eta Berria egunkarian jaso du Iñigo Astiz kazetariak: Paleolitoko margolanak aurkitu dituzte Lumentza kobazuloan.
Ana Galarraga dibulgatzaileak ere Elhuyar aldizkarian kobazulo bizkaitarrean aurkitutakoari so egin dio. Arkeologoek berezitzat jo baitute pintura hauek antzematea. Izan ere, Lumentzako leizean hainbat lan eta behaketa eraman dituzte urteean zehar eta arkeologoek aitortu dutenez, ez zuten espero ezer berririk aurkitzea: Ezustean, Paleolitiko margoak aurkitu dituzte Lumentxa kobazuloan.
Eta Urko Apaolaza historialariak kobazulako sekretu guztiak xehetu ditu Argia aldizkariko Angelu itsusia blogean, Lumentzako labarren sekretu guztiak artikuan.
Jose Ramon Bilbaok, EHUko genetika eta animali fisiologia saileko irakasleak kromosomei buruz hitz egin digu: X eta Y. Baina bietatik azkenari lotutako teoria batez aritu zaigu "Y ustela". Teoria honek dioenez Y kromosoman bizitzarako beharrezkoa den ezer gutxi dago: SRY izeneko gene berezia, arraren garapena abiarazten duena, testikuluak sortarazten ditu. Eta, horrekin batera, espermaren ekoizpenean parte hartzen duen beste zenbait gene. Denborarekin tamainaz zein gene kopuruz txikituz joan da Y eta, "Y ustelaren" teoriaren arabera Y kromosoma desagertze bidean legoke, bost milioi urteko iraupena baino ez diote aurreikusten. Horrela izango ote da? Berria egunkarian Y kromosomaren biziraupena aztergai.
AEBko Mikrobiologia Elkarteak Arizonako Unibertsitate Estataleko ikertzaileek egindako ikerketa baten berri eman dute. Ikerketa-taldeak autismoa duten haurren mikrobiotika aztertu dute. Emaitzen arabera, haurren gorotzetan mikroorganismoek ekoizten dituzten zazpi metabolitoren kontzentrazioa desberdina dela ikusi dute. Horrez gain, ADS gaitza duten umeek hesteetan osaketa-bakteriano desberdina dutela eta aniztasun gutxiagokoa baieztatu dute. Ikerketaren berri ematen digu Euskalnatura gunean Mikel Irastorzak: Zaindu barruan duzun hori.
11 urtez ikertu ondoren Prestigeren istripuaren epaiak errudunik ez dagoela ebatzi du. Baina gertatukoak izan ditu eraginak eta zientziak lanean jarraitzen du, eragin hauek antzeman eta jakitera emateko. Biology Letters aldizkarian Vigoko Unibertsitateko Ekologia eta Animali Biologia saileko ikerlari talde batek ubarroi mottodun hegaztiei isuriek nola eragingo zien jakitera eman dute. Emaitzen arabera hegaztien egoera fisikoa kaltetu egin da, jan eta biometatu egiten dituztelako gai kutsatzaileak. Bestetik, elikagai-eskuragarritasunari eragin dio istripuak. Javier San Martín kazetariak ematen digu honen berri Zientzia Kaiera blogean: Maera beltza 11 urte igaro ondoren.
Eta, asteko zientzia-gaien errepasoa amaitzeko, errealitate gordinetik zientzia-fikziora joango gara. Telesailak gustuko badituzue propio gomendatzen dizuegu genetika eta zientzia-fikzioa lotzen dituen artikulu hau. Koldo Garcia biologoak Edonola blogeanzientzia-fikziozko telesailetan genetikak duen presentziari so egiten dio bigarrenez. Arma biologikoak, mutazioen ondoriozko gaixotasun berriak, klonazioa, terapia genikoak, zelula-amen erabilera… Genetika zientzia-fikziozko telesailetan (II).
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-94fd3da96640 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/24/ezjakintasunaren-kartografia-14/ | Ezjakintasunaren kartografia #14 | 2014-05-24 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #14
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Erosleak duen informazio ezagatik, bigarren eskuko auto on baten jabeek, konbentzitu ahal dituzte erosleak euren kotxeengatik gehiago ordain dezaten. Honek emaitza ez eraginkor bat emango du. Informazioaren asimetriaren ondorioa da ez eraginkortasun hau. Osasun aseguru pribatuetan ba al dago ere informazio asimetriarik? José Luis Ferrerak merkatu britainiarrari buruz diharduen artikulu bat aztertzen du Private health insurance: adverse or propitious selection? artikuluan.
Gizaki modernoek, Europa barrenean abiatu zirenean orain dela 44.000 urte, osagai neandertala zuten jada geneetan. Europatik kanpo gertatu behar izan zuen hibridazioak, seguruenik Ekialde Hurbilean, non 50.000 urtez espezie biak elkarrekin biziko ziren. Munduan dagoen ikertzaile aitzindari batek azaltzen digu gaia, Alvaro Arrizabalagak The twilight ot the neanderthals artikuluan.
Fisika kuantikoko misterioak, hainbat hipotesi xelebre eta bitxi "zientziarekin" elkarlotzeko bide izan dira. Eta, aukeramenaren debateari, arestian aipatutako hori aplikatu zaion arlo nagusienetarikoa da. Jesús Zamorak Bonillak azaltzen digu: Je ne regrette rien (3): The chimera of a quantum 'solution' to the problem of free will-en.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-5909f3341c9d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/23/zientzialari-7-miren-bego-urrutia/ | Zientzialari (7) – Miren Bego Urrutia | unknown | 2014-05-23 00:00:00 | Zientzialari (7) – Miren Bego Urrutia
Miren Bego Urrutia Animalien fisiologiako irakaslea da UPV/EHUn. Besteak beste, animaliek bizitzeko erabiltzen dituzten mekanismootaz hitz egin digu. Erle kolibriak barne tenperatura kontrolatzeko duen jokabidea edo suge mota batzuek arrautzak nola berotzen dituzten azaldu digu. Bere lan esparrua bibalbioen azterketarekin lotuta dago. Animalia hauengandik zer ikasi dezakegun jakin nahi baduzu, ikus ezazu beheko bideoa.
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez, euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean.
Zientzialari 07 – Miren Bego Urrutia from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-97614921f41b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/22/marea-beltza-hamaika-urte-igaro-ondoren/ | Marea beltza, hamaika urte igaro ondoren | 2014-05-22 00:00:00 | Marea beltza, hamaika urte igaro ondoren
Istorio ezagunegia da berarekin txantxetan ibiltzeko. Azken atala, joan den urtean idatzi zen, orduan plazaratu baitzen Prestige kasuaren epaia. Hedabideek eman ziguten epaiko zigorren berri: Itsasontziaren kapitaina zen Apostolos Mangourasentzat bederatzi hilabete espetxean,… baina ez da kartzelara joango. Labur esanda, 11 urte ikerketan aritu ondoren, ondorioztatu dute ez zela errudunik izan. Alegia, inork ez omen zuen "plastilina hariez" hitz egin, inork ez zuen itsasoratu ontzi zaharkitu bat, barruan soldata eskaseko tripulazioa zihoala. Inor ez zen nonbait diru grinan ibili, eta inongo gobernu-delegatuak ere ez zien irainik egin hondartzak garbitzen ari zirenei. Itsasontzia berez hondoratu zen, eta gainera, gertaeraren ondorioak ez dira dagoeneko nabaritzen, El País aldizkarian esan dutenaren arabera.
Hau azkenekoa da, bai gai orokorrak jorratzen dituzten hedabideentzat, bai epaitegientzat, bai eta politikarientzat. Zientziak ordea, lanean jarraitzen du. Epitafio edo epilogo modura plazaratu ditu azken hitzak Biology Letters aldizkarian Vigoko Unibertsitateko Ekologia eta Animali Biologia saileko ikerlari talde batek.
Egia da petrolio-isuriek epe laburrean fauna asko hiltzen dutela, baina egia da era berean nekez finka daitezkeela isurien epe luzerako eraginak. Izan ere, ondorengo egoera aurreko egoerarekin alderatzeko, beharrezkoak dira naufragio aurreko egoerari buruzko ikerketak.
Zientzia pozik egon daiteke, Prestigeren kasuan bai baitaude aurretiko ikerketak. 1994tik aurrera Álvaro Barros eta Vigoko Unibertsitateko bere lankideek, azken 19 urteotan aztertu dute ubarroi mottodunen (Phalacrocorax aristotelis) 2500 habiatako ugalketa jarduera. Emaitzak argigarriak dira oso: urteko ugalketa-arrakastak behera egin zuen %45ean.
Emaitza hauek iritsi ahal izateko, zientzialariek bitan sailkatu dituzte bere ikasketa-zonaldeak. Alde batetik, Costa da Mortetik hegoalderanzko koloniak, kaltetuenak, eta beste alde batetik gune horretatik iparralderantz zeudenak eta Asturiasen zeudenak. "Ondorioztatu dugu kalteturik gertatu ez ziren zonaldeetako hegaztiek bere ugalketa-arrakasta horretan jarraitu zutela gutxi gorabehera. Gehien petrolioztatu zen zonaldean aldiz, hegaztiek %45 txita gutxiago atera zituzten aurrera" dio Barriosek.
Barrosek eta lankideek azaltzen dute isuriek nola eragingo zien hegaztiei. "Alde batetik, badugu hegaztien egoera fisikoa. Hidrokarburoek ingurunean jarraitzen dute, eta hegazti hauek, kate trofikoaren gune gorenenetan daudelarik, jan eta biometatu egiten dituzte gai kutsatzaileak. Horrek fisikoki eragiten dio bai nagusien biziraupenari, bai eta txiten egoera fisikoari ere. Hau ez da egiaztatu ubarroi mottodunaren kasuan, baina bai kaio hankahoriaren kasuan Parque Nacional de las Islas Atlánticas zonalde horretan. Barriosen esanetan, hegazti honek ubarroiak bezala jokatzen du bai elikadurari dagokionez eran, bai eta hazierari dagokionez ere.
Bigarrenik, elikagai-eskuragarritasunari eragin dio istripuak. Parque Nacional de las Islas Atláticas zonalde hori zen ubarroi mottodunen bizigune nagusia. Bertan, ia guztiz desagertu zen arrain bat, hegazti hauen dietaren %90a osatzen zuen arraina. Egoerak bere horretan jarraitu bazuen epe luzera, elikagaien kalitateak behera egingo zuen larriki, eta hegaztiak ez ziren gai izango harrapakina hain ugaria zen garaian bezainbeste txitak hazteko.
Zientzialariek alde batera utzi dute petrolioz inguraturiko ubarroi hauen ugalketa-beherakada azaltzeko bestelako hipotesirik. Kontuan hartzekoa da klima garrantzitsua dela hegazti hauen errunaldian eta ugalketa-arrakastan. Espezie exotiko modura sartu zen bisoi amerikarrak ere hainbat triskantzak egin ditu kolonia hauetan. Hala ere, honelakoak ez dira nahiko beherakada ulertzeko. Bestetik, ez da ezagutzen iparreko eta hegoaldeko zonaldeei hain desberdin eragin dien baldintzarik. Horrela ba, Prestige hartu dute ikusmiran, ugalketa-beherakadaren eragile gisa.
Espeziearen etorkizunari begira, Barrosek onartzen du zaila dela ezer aurreikustea. Parke horretan biltzen ziren Phalcrocorax aristotelis espeziearen bikoteen %80ak. Parkearen logotipoan ere azaltzen zen espezie hau, hain zen espezie garrantzitsua zonaldean. Barriosen ustez, zaila da epe laburrera espeziea suntsitzea, baina "baldin eta espeziarentzat zonalde nagusia zen horretan aldatzen ez badira baldintzak, etorkizun beltza aurreikusten da".
Vigoko zientzialari hauen lanak, gezurtatu egin du hondartza hauen ustezko garbitasuna, zeren eta, diotenez, "agerian jartzen ari gara hondartzak azalean garbitu arren petrolioa itsas medioan geratu eta epe luzerako eragina daukala".
Zapuztuta sentitzen da zeren eta "kutsatzen duenak ez du zigorrik hartzen" esan du, epaiari buruzko iritzia eskatu zaionean.
Oso ikerketa gutxi dira hain denbora tarte luzean eginak, eta ondorio modura, lanean aldarrikatzen da monitorizatu egin beharko litzatekeela ekosistemen epe luzerako bilakaera. Horrela, saihestu egingo litzateke petrolio-isuri handiek itsas organismoei hain larriki eragitea. Alvaro Barrosen esanetan, "ikerketa honek argi adieraziko die ikertzaileei bestelako espezieak ere aztertu beharko liratekeela, antzerako metodologia erabilita. Berez, ikusi beharko litzateke noraino jarraitzen duen Prestigek zonaldeari eragiten. Batez ere, hainbat zientzia-oinarri finkatu beharko lirateke etorkizunean egin daitezkeen ekimenak egitarau batean biltzeko. Izan ere, honelakorik berriz gertatuko ez dela ziurtatzeko beste ez dira aldatu itsasoko ziurtasun-neurriak, eta autoritateek onartu egin beharko lukete ondorengo lau hilabeteetan ez direla ezabatzen honelako istripuen ondorioak. Horrela, epe ertain eta luzerako berreskurapen-plangintza bat egin beharko dute. Hau ezin da amaiera izan"
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA) kazetaria da, eta artikulu hau Activa Tu Neurona blogaren kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
|
zientzia_kaiera-7c829b31c01f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/21/teknologi-proiektuak-partekatzen/ | Teknologi proiektuak partekatzen | unknown | 2014-05-21 00:00:00 | Teknologi proiektuak partekatzen
Zer lotura dago txiten inkubagailu, aitona-amonentzako joko eta zunda estratosferiko baten artean? Bada, teknologia, PBL pedagogia berritzailea eta besteenganako zerbitzua.
Hirukide ikastetxean DBH 4. mailan proiektu teknologikoak garatzen ditugu, baina hauen bidez beste esparru asko ukitzen ditugu: proiektuen aitzakiarekin teknologiaz gain beste mila gauza ikasten ditugu. Ikasleak bere ibilbidearen protagonistak bihurtzen dira haien autoestimua eta motibazioa handituz.
Proiektuak bukatu ondoren ez dira kaxoi baten gordetzen. Gure aurtengo proiektuek benetako hutsuneak beteko dituzte, eta komunitate osoarekin partekatuko ditugu ibilbide eta emaitzak.
Hiru proiektuetan Arduino plataforma librea erabili dugu, gure helburuekin bat baitator: plaka elektroniko merke hauen bidez milaka proiektu garatzen eta partekatzen ari da jendea munduan zehar.
Hauek dira 3 proiektuak:
Incubegg: Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan txitak arrautzetatik nola jaiotzen diren ikasten dute. Gure ikastetxeko ziklo honetako irakasleek liburuetan edo bideotan ikustea baino zuzenean prozesua bizitzea hobea iruditu zitzaien. Horrela guri inkubagailu bat egitea proposatu ziguten. Martxan jarri eta berehala hasi ginen arrautzak zein baldintzak behar dituzten ikertzen, hauek nola kontrolatu, materialak aukeratu, erosi… Muntaiarekin hasi eta poliki, poliki eta froga eta hutsegite askoren ondoren inkubagailua bukatu genuen. Proiektua finantzatzeko crowdfunding plataforma batean sartzea erabaki genuen ere. Goteo aukeratu genuen eta jada lortu dugu behar genuen dirua biltzea (ekarpen txiki bat egin nahi baduzu garaiz zabiltza). Aurreko asteburuan Don Boscok antolatutako ProiektOn lehiaketak bigarrengo saria eraman dugu.
Kubo: Hirukide Ikastetxeak erlazio estua du Tolosako Uzturre Gerontologikoarekin: astero batxilergoko ikasleak bere konpromezua erakusten hango dute aitona-amonekin. Egunero "terapia" tarte bat dute pertsona hauen adimen, zentzumen eta psikomotrizitatea lantzeko. Uzturreko arduradunek tarte honetarako joko bat egiteko eskatu ziguten, eta guk buruari buelta batzuk eman ondoren Kubo jokoa asmatu genuen. Erraza da: kubo bateko aldeak kolore ezberdinez pizten dira; jokalariak alde gorria bilatu eta gora begira jarri behar du. Kuboak txirrina jo eta berriro koloreak nahastu ondoren jokoa errepikatu behar da. Prototipoa bukatuta daukagu eta aurki 3D inprimagailu batez egingo dugu behin betikoa. Proiektu hau, Incubegg bezala Goteon aurki dezakezue ere.
.
Hurrengo larunbatean Elhuyarrek antolatutako Zientzia-Azokan izango gara Bilbon. Inork proiektuak gertutik ezagutu nahi baditu… hantxe izango gara!
Egileaz: Jabi Luengo (@jabiluengo) Tolosako Hirukide Eskolapioak ikastetxeko teknologia irakaslea da. | science |
zientzia_kaiera-427b74d0a618 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/20/homo-omnium-rerum-mensura-est-hala-ote/ | Homo omnium rerum mensura est (Hala ote?) | Jesus Mari Txurruka | 2014-05-20 00:00:00 | Homo omnium rerum mensura est (Hala ote?)
Jesus Mari Txurruka
Protagoras (490-420 Ka) izeneko filosofo greziarrarena omen den aforismo ezagun horren euskal itzulpenak honela dio: Gizakia gauza guztien neurria da. Baieztapen hori agian egia da izakiak berak egindako gauzei buruz dihardugunean, baina fenomeno natural askoren tamaina kuantifikatu nahi dugunean, ez gizakia bera, ez eta gizakiok naturari eragin diezaiokegun ondoriorik ikaragarriena ere, ez dut uste neurritzat har ditzakegunik.
Protagorasek ezagutu zezakeen giza-lanik handiena Keopsen piramidea izan zitekeen, greziarra bizi izan zeneko sasoia baino 2.100 urte inguru lehenago eraikia. Azken estimazioen arabera, eraikuntza hori altxatzeak 15.000 bat langile eta hamarren bat urte eskatu zituen. Lan eskerga, duda barik, baina gizakiaren neurrikoa. Pertsona heldu batek oso erraz imajina dezake zer den hamarkada bat igarotzea. Batek baino gehiagok denbora-tarte hori baino gehiago emango zuen doktorego-tesia burutzen… Protagorasen sasoian Atenasen 315.000 pertsona inguru bizi zirenez, filosofo horrek erraz imajina zezakeen piramidea eraikitzen aritutako langile-kopuruaren tamaina, Atenaseko bizilagunen %5eko pertsona-multzoaren parekoa baitzen. Jende mordoa, baina begipean erraz hartzeko modukoa, izan ere San Mames barria hereneraino ere ez genuke beteko jende guzti horrekin… Ezin uka 45 mende geroago egiptoar haiek egindako lanak oraindik orain miresten gaituela…
1945eko abuztuaren 6ko 8ak inguru ziren Hiroshimaren gainean Enola Gay zeritzon B-29 modeloko hegazkin estatubatuarretik "Little Boy" izeneko bonba jaurti zutenean. 12,5 kilotoneko potentzia zuen, hau da TNTaren (TriNitroToluenoa) 12.500 tonaren suntsipen-ahalmena. Eman dezagun trailer kamioi batek 25 tonako pisua garraiatzen duela. TNT guzti hori garraiatzeko 500 trailer beharko genituzke. Trailer baten luzera maximoa 18,5 metrokoa izanik, eta trailerren artean metro t'erdiko tarte estua utzirik, TNTz zamatutako 10 kilometroko trailer-ilara eratuko genuen, Getariatik Oriorainoko kostaldeko errepide-tartea, gutxi gorabehera… Interneten bilaketa-lan handirik egin gabe ere, edonork aurki ditzake Little Boy lehertu osteko Hiroshimaren argazkiak eta sumatu zer gerta zatekeen trailer-ilara luze hori lehertuko balitz… Ikaragarria, ezta?
Gizakiak inoiz lehertutako bonbarik indartsuena, Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren arteko "gerra hotzaren" unerik gorenetarikoan, 1961eko urriaren 30ean, errusiarrek Tsar bonba jaurti zuten, inolako helburu militar zuzenik gabe, soilik estatubatuarrei erakusteko zer nolako teknologiaren jabe ziren eta "abisu" bat bidaltzeko… Tsar bonbaren potentzia 50 megatonakoa izan zen, hau da, 4000 bat aldiz indartsuagoa Hiroshimakoa baino!!! Hau bai ikaragarria… Arestian erabilitako trailerren adibidea berriz erabilita, kasu honetan trailer-ilararen luzera 40.000 Km-koa izango zen, doi-doi poloetan zehar Lurraren ingurumaria osoa estaltzeko bezain beste… Gogoratzen al duzue "metroaren" definizio klasikoa? Imajina dezakezue lehertzerakoan entzungo zen danbada? Nik ez… Trailer-ilara luzea, baina altuera nahikoa harrapatuz gero, ISSan egonalditxoa eginez-edo, oraindik "gizakiaren neurrikoa".
Ikasturte hasieran nire ikasleei leherketa bi gogoratzen dizkiet: gure unibertsoa sortu zuen eta big bang moduan ezagutzen den "leherketa itzela" da lehena, eta, bigarrena, gure eguzki-sistemaren eraketa desarratu zuen izar baten supernoba motako leherketa da. Jazz band estatubatuarra "jazbana" moduan euskaratu badugu, Fred Hoyle astronomo ingelesak asmatutako big bang onomatopeia famatua "bigbana" moduan euskaratzeko ez dut uste inori baimena eskatu beharko diodanik… Baten batek kontrakorik esaten ez duen bitartean, hitza geureganatu dugun seinaletzat hartuko dugu grafia "jator" hori.
Bigbana aspaldian gertatu zen, duela 13.800 milioi urte inguru hain zuzen ere, hori izanik gure unibertso ezagunaren adina. Eragiketa matematiko erraz batez, pasa ditzagun urteak segundotara:
13800000000 urte x 365,25 egun/urte x 24 ordu/egun x 3600 segundo/ordu = 4,35×1017 segundo
Supernoba-motako leherketa batean masa handiko izar bat lehertzen da. Halako gertaera astronomiko batean askatzen den energia ikaragarria da, 1028 megatonakoa hain zuzen ere. Bilioi (1012) bat aldiz gure Lur planetaren masa TNT beharko genuke tamaina horretako leherketa eragiteko. Ezin duzuela TNT-masa guzti hori imajinatu? Lasai nik ere ez…
Duela 66 bat milioi urte inguru dinosauroen nagusitasunarekin amaitu zuen meteoritoaren Chicxulubeko talkan 108 megatoneko energia askatu zela estimatu da, hau da, Hiroshimakoa bezalako 8.000 milioi bonbek askatuko zutena bezain beste. Istant batean energia-kopuru guzti hori bortizki askatuta, ez da harritzekoa orduko biosferan eragindako triskantza gertatzea. Bada, supernoba batean askatutako energiarekin konparatuz, ahuntzaren gauerdiko eztul batena baino ahulagoa izango zen, izan ere supernoba batean 100 trilioi (100×1018) Chicxulubeko meteoritok askatuko zuten bezain beste energia askatzen da. Imajina dezakezue zer den hori? Ez, ezta? Lasai, nik ere ez…
Konpara dezagun Tsar bonbaren energiarekin, ikaragarritzat hartu dugun leherketa horretako energiarekin… Gizakiak inoiz eragindako leherketarik indartsuenarekin… Zatiketa erraz bat eginez konturatuko gara supernoba batean askatzen den energia 2×1026 Tsar bonba lehertuz askatuko zena bezain bestekoa dela. Eta bonba-kopuru hori unibertsoaren adinaren artean zatituko bagenu? Zatiketa erraz hori eginez agertzen zaigun zenbakia, nire ustez, giza-neurriz kanpokoa da: 4,6×108 Tsar bonba/segundo!!! Hau da, supernoba motako leherketa batean askatzen den energia da, unibertsoaren sorreratik gaurdaino, segundoro 460 milioi Tsar bonba lehertzean askatuko zen bezain besteko energia! Eta supernobak baino ehun aldiz indartsuagoak diren hipernobak ere gertatzen dira… Jabetzen al zarete emaitzaren neurriaz? Lasai, ni ere ez…
Supernoba-leherketak aski ezohikoak dira, izan ere gure galaxian mende bakoitzeko supernoba-motako leherketa bat gertatzen omen da. Baina gure unibertsoan ehun mila milioi galaxia baino gehiago daudenez, astronomoek urtero supernoba piloa beha dezakete. Okerrena da oso-oso urrun daudela… Gure galaxiaren, Esne-Bidearen, satelitea den Magallanesen Hodei Handia izenekoan lehertu zen supernoba (1987A izenekoa) oso-oso ezaguna egin zen; alde batetik, azken mendeetan gugandik gertuen lehertu den supernoba izan delako eta, bestetik, astronomoek gaur egun duten tresneria oso aurreratuari esker, datu interesgarri asko bildu izan ahal dutelako. 1987ko otsailaren 23an behatu zuten astronomoek lehen aldiz eta, planeta osoko populazioa kontuan hartuta, berri horrek doi-doi 6 urte lehenago Tejero koronelak eta enparauek eragindako aztoramena baino handiagoa eragin zuen, astronomoen artean batik bat. Egia esanda, zaharrak berri, izan zen, egiatan izarra supernoba moduan behatua izan baino 168.000 urte lehenago lehertu baitzen. Supernoba-motako leherketa batean askaturiko energiaren gehien-gehiena, % 99,9tik gora, leherketan sortutako neutrinoek disipatzen dute, hauek eskandaluzko kopuruan eratzen baitira. 1987A supernoban 1055 neutrino eratuko zirela kalkulatu dute astrofisikariek, zeintzuetatik Lurrean 25 besterik ezin izan ziren detektatu! Astrofisikariak beti kexu dira neutrinoak detektatzea oso-oso zaila delako. Datu horiek ikusita, arrazoia ez zaiela falta aitortu beharko diegu.
Irakurritakoa irakurri ondoren, baten bat geratzen al da artikulu honen izenburuarekin ados dagoenik? Zalantzak ditut…
Egileaz: Jesus Mari Txurruka UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea da.
Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du. | science |
zientzia_kaiera-1ba1ed9c4a06 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/19/korronte-zuzena-elektrizitatearen-garraioa-hobetzeko-aukera-bat/ | Korronte zuzena, elektrizitatearen garraioa hobetzeko aukera bat | unknown | 2014-05-19 00:00:00 | Korronte zuzena, elektrizitatearen garraioa hobetzeko aukera bat
Gaur egun elektrizitatea garraiatzeko linea gehienak korronte alternokoak badira ere, kasu batzuetan korronte zuzeneko lineak erabiltzen dira. Eta, beste batzuetan, korronte zuzenekoak izatea alternokoak izatea baino komenigarriagoa izan litekeela jabetzen hasi dira ikertzaileak. Bada, aldaketa hori egiteko beharrezkoa den teknologia hobetzeko lanetan aritu da UPV/EHUko Ingeniaritza Elektrikoa saileko GISEL ikerketa-taldea. Transmisio hori sinpleagoa, arinagoa, eta, ondorioz, merkeagoa lortzea izan da helburua.
Normalean, elektrizitatearen garraioa korronte alternoaren bitartez egiten da, baina ez da modu bakarra, eta ez da nahitaez onena. Zenbait kasutan, tentsio altuko korronte zuzena erabiltzen da, HVDC deritzona (ingelesezko High Voltage Direct Current terminotik). Espainian, esate baterako, korronte zuzeneko linea bakarra dago, penintsula eta Balear Uharteak lotzen dituena; gainerako elektrizitate-sare guztiek korronte alterno bidez garraiatzen dute elektrizitatea.
Hain zuzen, "itsas azpiko eta lur azpiko lineentzat, besteak beste, oso egokia da korronte zuzena", dio Marene Larruskain UPV/EHUko GISEL ikerketa-taldeko ingeniariak. Korronte zuzeneko lineak, halaber, "merkeagoak dira eraikitzeko, eta galera txikiagoak dituzte elektrizitatea garraiatzean". Elektrizitate-sareko linea gehienak korronte alternokoak direnez, ordea, elektrizitatea batetik bestera aldatzeko bihurgailuak eraiki behar dira, eta horiek garestiak dira. "Horrenbestez, luzera jakin batetik aurrerako lineetarako dira egokiak —zehaztu du Larruskainek—. Eta hori da, zehazki, HVDCen erabilera ohikoena, elektrizitatea oso distantzia handietara garraiatzea; existitzen diren linea luzeenak korronte zuzenekoak dira". Bost kontinenteetan daude korronte zuzeneko garraiorako instalazioak. Adibide tipikoak zentral hidrauliko handietako garraio-lineak dira: Itaipu zentral hidroelektrikoarena Hego Amerikan, Hiru Arroilen zentralarena Txinan eta abar.
Gaur egungo elektrizitatea korronte alterno bidez garraiatzen dela kontuan hartuta, "gure helburua ez da sare guztia ordezkatzea, inolaz ere. Proposatzen dugu arazo jakin bat sortzen den kasuetan irtenbide moduan erabiltzea korronte zuzena", dio Larruskainek. Adibide bat energia berriztagarriena izan daiteke. Energia berriztagarriak oso modu gorabeheratsuan sortzen dira; haizea, adibidez, batzuetan oso handia da, eta besteetan, berriz, oso eskasa. Eta produkzio horrek ez du zertan bat egin energiaren kontsumoak gora egiten duen uneekin. "Egoera horrek elektrizitate-hornikuntzari eragiten dion arazoa konpontzeko modu bat izan liteke herrialde ezberdinetan energia berriztagarria sortzen duten parke edo estazioak lotzea. Hala, eskualde jakin batek kontsumo handia badu une jakin batean, baina energia berriztagarririk sortzen ari ez bada, beste lekuren batean sortzen ari den energia berriztagarriarekin ase ahal izango luke eskaria —argitu du ikertzaileak—. Sare global bat izanda, baliabide berriztagarrien aldakortasuna orekatu egingo litzateke". Halako sare globalak korronte zuzenekoak izatea proposatzen du UPV/EHUko GISEL taldeak.
Korronte zuzeneko eta alternoko lineen arteko energia-trukea egiteko bihurgailuak hobetzeko ikerketetan dabil GISEL taldea. Hain zuzen, bihurgailuetako teknologia berri bat, VSC deritzona (Voltage Source Converter), dute ikergai. Teknologia klasikoarekin alderatuta, "abantaila asko ditu VSCk; adibidez, garraiatzen duen potentzia kontrolatzea errazagoa da, eta hori oso garrantzitsua da energia eolikoko parkeetan, esate baterako. Halaber, korronte zuzenak itsaspeko lineatan abantaila ekonomiko handiak dituenez, oso egokia da halakoetarako".
Alabaina, zenbait arazo ere baditu VSC teknologiak: nagusiak dira potentzia txikiagoa garraia dezakeela, energia-galera handiagoak dituela, eta akatsak daudenean ez duela jokabide egokia. Adibidez, zirkuitulabur bat gertatzen denean, arazoak sortzen dira sistema horretan. Bada, "arazo horiek txikiagoak izan daitezen lanean dihardugu", dio ikertzaileak.
Bestalde, elektrizitatea garraiatzeko bi moduen abantailei probetxua ateraz, gaur egungo kontsumoari erantzun nahi diote, zeina gero eta gehiago handitzen ari baita. Izan ere, "nahiz eta energia gero eta gehiago sortu eskaria asetzeko, energia hori garraiatzeko orduan arazoak sor daitezke. Beti ez da posible sortutako energia gehigarria dagoeneko instalatuta dauden lineatan txertatzea, lineen euren mugarengatik. Halakoetan, korronte zuzena erabiltzeak instalatuta dauden korronte alternoko lineen arazoa konpon lezake, besteak beste, potentzia handiagoa garraiatu dezaketelako HVDCko lineek", azaldu du Larruskainek.
Korronte zuzeneko eta alternoko lineen ezaugarri desberdinak bateragarri nola egin aztertu dute GISEL ikerketa-taldean. Korronte alternoko linea elektrikoak trifasikoak dira. Hortaz, hiru eroale dituzte (edo hiruren anizkoitzak). HVDC lineek, berriz, bi polo dituzte, positiboa eta negatiboa. "Nola banatuko ditugu bi polo hiru eroaleren artean? —galdetu du Larruskainek—. Fase bakoitzeko eroale bat erabiliz gero, linea originalaren eroale bat libre geldituko da, eta potentzia galduko da. Horrenbestez, korronte zuzeneko linearen polo bakoitzari korronte alternoko linea bat eta erdi dagokio. Nahiz eta ezinezko ideia iruditu, banaketa hori egiteko hainbat era daude".
"Etorkizunean HVDC sareak gaur egun nagusi diren korronte alternoko sareekin batera egongo direla aurreikusten da. Martxan dauden linea elektrikoetan korronte zuzena transmititzea HVDC sareak osatzeko hasierako pausoa izan daiteke", gaineratu du UPV/EHUko ingeniariak.
M. Larruskain, I. Zamora, O. Abarrategui, A. Iturregi. January 2014. "VSC-HVDC configurations for converting AC distribution lines into DC lines". International Journal of Electrical Power & Energy Systems 54: 589–597,
M. Larruskain, I. Zamora, O. Abarrategui, A. Iturregi. 2013. "A Solid-State Fault Current Limiting Device for VSC-HVDC Systems". International Journal of Emerging Electric Power Systems, 14 (5): 375–384, DOI: 10.1515/ijeeps-2013-0017. | science |
zientzia_kaiera-19d9c31323de | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/18/asteon-zientzia-begi-bistan-13/ | Asteon zientzia begi-bistan #13 | unknown | 2014-05-18 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #13
Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Interneten euskaraz argitaratu diren zientzia-gaiak errepasatu ditugu eta hementxe dituzue laburbilduta. Hainbat gai jorratu dira egunotan: klima-aldaketa, osasuna, energia, genetika, teknologia… . Eman diezaiogun begirada bat.
Haurraren lehen bi urteak garrantzi handikoak dira. Sasoi horretan hizkuntzaren gaitasuna eta memoriaren garapena gauzatzen baitira. Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko blogean haurrek bizi duten egoera sozioekonomikoak, arestian aipatutako gaitasunetan nola eragiten duen azaltzen digute. Berriki kaleratu den ikerketa baten emaitzei erreparatzen diete Achucarrokoek eta diotenez "egoera sozio-ekonomiko lazgarrian hasten diren haurrak, epe erdi eta luzerako ondorioak jasaten dituzte, barne-barnean ere." Egoera larriak pairatzen dituzten umeen elikadura eskasa dela eta, hauek, etorkizunean gaixotasunak, atzerapenak jasateko aukera gehiago dituzte. Hau guztia Buru osasuna eta zerebroaren gaixotasun batzuk sehaskatik ekidin daitezke artikuluan.
XIX. mendetik aurrera zientzialariek taulatan sailkatu izan ohi dituzte elementu kimikoak, beraien propietateen arabera antolatuta. Taula periodikoa, elementu kimikoak oro har zenbaki atomiko txikienetik handienera sailkatzen diren diagrama da. Elementuen taula periodiko edota Mendeleiev taula bezala ezagutzen dugu. Eta taula periodikoa protagonista izan da egunotan bere 117. elementua, 2010ean detektatu zena, Ununseptioa berretsi duelako ikertzaile-talde batek. Ununseptioa taula periodikoko bigarren elementurik astunena da eta Eider Cartonek azaltzen digu gertatutakoa Elhuyar aldizkarian: Ununseptioa berretsi dute, taula periodikoaren 117. elementua.
Telesailak gustuko badituzue propio gomendatzen dizuegu artikulu hau. Ez du ohiko gai bat lantzen, izan ere genetika eta zientzia-fikzioa lotzen ditu. Pelikuletan zientzia ere izaten da protagonista, modu batean edo bestean… . Ezagunak dira, unibertsora bidaiak, kutxa gotor bat zabaltzeko matematika aditua behar duen lapur taldea, eta nola ez, birus maltzur batek sortarazten dituen kalteak edota guda biologikoa oinarrian dituzten filmak. Kasu honetan Koldo Garcia biologoak Edonolablogean zientzia-fikziozko telesailetan genetikak duen presentziari so egiten dio. Birusen manipulazio genetikoa, hilezkortasuna eta are gehiago: Genetika zientzia-fikziozko telesailetan artikuluan.
Telesailak albo batera utzi beharko ditugu oraingoan. Sofatik altxatu eta ondo etorriko zaigu ariketa apur bat egitea. Jon Irazusta eta Susana Gil EHUko irakasleek azaldu digute herrialde aurreratuetan batez ere, elikagaien eskuragarritasun handiagoak eta lan fisikoa egiteko beharraren murrizketak obesitateari bidea ireki diotela. Horrez gain kontuan izan behar da ere beste faktore bat, sedentarismoa. Guztiak du eragina gorputzaren gainpisuan. Eta gainpisu horri aurre egiteko jarduera eta ariketa fisikoaren onurak aztertzen dituzte Zientzia Kaiera gunean: Ariketa Fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat nola eta noiz? III. Gorputzaren osaera eta pisuaren kontrola.
Jone Castaños paleontologoak Mutrikun Kiputz IX aztarnategia ikertu du. Bertan harribitxi bat aurkitu du: Iberiar Penintsulan osorik mantentzen den bisonte garezur bakarra. Horrez gain, aztarnategian gordetako Historiaurreko faunaren argazkiak ere jaso ditu: 18 bisonte, 23 elur orein eta 48 orein. Ez dago penintsula osoan hainbeste bisonte, elur orein eta orein arrasto dituen beste gunerik. Dirudienez hemen oso handia zen animalia horien populazioa. Jonek lau urte eman ditu ikertzen, orain aste batzuk aurkeztu du tesia eta jada ez du ikertzen jarraitzeko aukera handirik sasoi eskasak direlako Euskal Herriko arkeologiarentzat. Iñigo Astiz kazetariak Berria egunkarian gaia lantzen du hainbat arkeologo, ikertzaile eta adituekin Arkeologiaren leizeak artikuluan. Izan ere, badago zer ikertu, non lan egin baina dirua falta da.
Arkeologiarako ez dira garai onak eta ezta erleentzat ere. Erleak landare askoren iraupenerako ezinbestekoak dira polinizatzaileak baitira. Hego Euskal Herrian, esaterako, gizakiak elikatzeko uzten %60tik gora daude neurri batean intsektu polinizatzaileen menpe. Beraz, intsektu polinizatzaileak desagertuz gero, hau da, erlea, zaila litzateke uzta horiek guztiak eta gizakien elikadura bermatzea. Pestiziden, gaitzen eta Asiako liztorraren eraginez, erleen kopurua gutxitzen ari da eta desagertzen badira ingurumenean eta, baita ere, ekonomian hainbat ondorio izango genituzke. Irene Arrizurieta kazetariak Berria egunkarian ematen digu honen berri Erlerik ez, bizitzarik ez artikuluan.
Ez dago urrun eguneroko objektuek informazioa trukatzen elkarrekin konektatuta ibiliko diren eguna. "Gauzen Internet" deitzen zaion sasoia ate joka omen dugu. Eta zer da "Gauzen Internet"?Kevin Ashton ikerlariak, 1999an RFID teknologia asmatu zuenean egin zen ezagun. Kontzeptu teoriko bat da, edozein objektu Internet bidez identifikatu eta besteekin komunikatzeko balioko lukeen ideia sinplea du oinarrian. Agian zaila da hori lortzea baina badirudi hurrengo urteetan, teknologiaren eta informazioaren gizartearen erronka nagusia izango dela. Aitor Aretxaga informatikariak azaltzen digu guztia Berrian egunkarian: Gauzen Interneten atarian.
Randolph Glaziarren Inbentarioan (RGI) munduko 200.000 glaziarrak zerrendatu dituzte. Hau da, 730.000 kilometro karratuko azalera jaso dute. Aipatutako glaziarrak aldi berean urtuko balira, 35 eta 47 cm artean igoko litzateke Lurraren itsas maila eta horrek eragin nabarmenak izango lituzke. Glaziarren bueltan hitz egin du Amaia Portugal kazetariak EHUko Ibai Rico glaziologoarekin. Izan ere, mundu osoko glaziarrek atzerapen bortitza izan dute azken hamarkadetan eta hau klima-aldaketaren neurgailua da. Ricok Pirinioetako glaziarrak ikertzen ditu eta bere hitzetan, Pirinioetako glaziarretan gizakiaren esku hartzeak ondorioak izan ditu. Glaziarrak eta klima-aldaketa Berria egunkarian: Klima aldaketa iragartzen.
Koldo Nuñezek Berria egunkarian naturako beste elementu batzuek ekarri dizkigu gogora, mugimendu sismikoak. Azken hilabeteotan izandako mugimendu sismikoak direla eta errepaso bat eman dio mugimendu tektonikoei eta sumendien aktibitate-bilakaerari. Izan ere, Koldok azaltzen digunez, aurtengo apirila geologikoki oso aktiboa izan da Pazifikoko plakaren ertzetan, inoiz baino lurrikara gehiago detektatu dira. Horietako batzuk oso indar handikoak izan dira, eta Txilen bertan 8ko indarrera iritsi dira Richter eskalan. Ez dakigu zergatik areagotu den plaka horren aktibitate sismikoa, eta ez dakigu sumendiak piztuko ote dituen. Horri buruz gehiago Sumendiak lo, gu ere lo? artikuluan.
Sumendien aktibitateak eta lurrikarek kalteak sortzen dituzte eta egon badaude ere, izugarrizko kalteak sortzen dituzten bestelako hondamendiak. Hor ditugu, esaterako, industria nuklearrean gertatutakoak: 1986. urteko Txernobilgo istripua eta 2011. urteko Fukushimako istripua. Aro Atomikoaren gertakari larriak. Honek gertatu ondoren nahiko ezaguna da industria nuklearrak azken hamarkadetan eta, munduko toki askotan, jasan duen gainbehera. Hainbat herrialdek energia nuklearretik kanpora egin dute eta beste hainbati ahuldu zaie horretarako kemena. Antonio Cantó dibulgatzaileak kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean: Ez dago berpizkunde nuklearrik.
Munduko bi bazterretan ezagutzen da bakarrik jatorri naturala duen gertakari bitxi hau: milaka ipurtargik euren argiak pizten eta itzaltzen dituzte modu sinkronizatuan. Fenomeno hau Asiako hego ekialdean AEBko Great Smoky Mountains parke nazionalean ematen da. Honen berri eman zuen lehen aldiz 1651. urtean Alemanian jaio zen Engelbert Kaempfer zientzialariak eta sinkronizazio honen oinarria 1665. urtean Christiaan Huygens fisikari herbeheretarrak antzeman zuen oszilazio akoplatuan datza. Ondorioz, ipurtargi arrek argi-pultsuak igortzen dituzte batera gainontzeko ipurtargien frekuentziarekin doituz. Ibon Larrazabalek kontatzen digu Argia aldizkariko Liber Prodigium blogean: Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren "gabon argiztapena".
Christiaan Huygens fisikari herbeheretarra aipatu dugu lehen, ipurtargien argien sinkronizazioari azalpen bat bilatu nahian. Eta, hara nora, EHUko Kimika Fakultateko kimika fisikoko ikasleek argia eta Huygens ekarri dizkigute ere. Leire Lerga, Sara Lopez, Amaia Rada eta Aiala Urbegainek Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabeblogean argiaren naturari erreparatu diete. Esaten digutenez, XVII. mendean, argiaren naturari buruzko bi teoria garrantzitsu zeuden: batetik, Newtonen teoria eta bestetik Huygensena. Newtonen arabera argia partikula zen eta Huygensen arabera, uhina. Beraz, argia zer da, uhina ala partikula? Erantzuna A, B ala AB? Ai ama, ze nahaste!!! artikuluan.
Kimikako ikasleek elkarlanean aritu dira argia zer ote den "argitzen". Beñardo Kortabarriak, besteak beste, Japoniako eta Kanadako ikertzaileak elkarlanean egindako ikerketa bat dakarkigu ere. Sagu, akuri eta bestelako karraskariekin egin duten ikerketari esker ondorioztatu dute garunean neurona berriak sortzen direnean ahazte-prozesu bat ere abiarazten dela. Eta prozesu hau behar-beharrezkoa omen da oroitzapenak galtzea neurona berriak sortzerakoan: "oroimenari modu eraginkorragoan lan egiteko aukera ematen diolako". Elhuyar aldizkarian xehetasun guztiak: Neurona berriak ahanzturaren eragileak.
Nature aldizkarian argitaratu denez, ikertzaileek azken hiru hamarkadetan ekaitzen intentsitate maximoko puntu geografikoak aztertuz, behatu dute puntu horiek ekuatoretik geroz eta urrunago gertatzen direla. Zehazki, hamarkada bakoitzekoko latitudean gradu bat desplazatu dira ekuatoretik poloetaranzko norabidean. Joerak berdin jarraituz gero, baliteke hamarkada batzuetan ekaitz tropikalez libre egon diren eskualdeek ere kolpatzea. Mikel Irastorza biologoak ematen digu honen berri Euskalnatura gunean Ekaitzak ekuatoretik urruntzen ari dira.
Dodoa animalia mitologikoa zela uste zuten XIX. mendean baina ez, existitu zen eta Nagore Irazustabarrenak aurkezten digu Argia aldizkarian. Dodoa edo Raphus cucullatus, Indiako Ozeanoko Maurizio irlako espezie endemikoa zen. Metro bateko luzera zuen eta 13-25 kilo arteko pisua izan ohi zuen. Hego txikiak zituen eta ezin zuen hegan egin. Maurizio irlan bizi zen eta moko luze sendoari esker kokoak hausten zituen elikatzeko. Mehatxurik ezean, arrautzak lurrean erruten zituen eta inguruneari egokituta bizi zen, gizakia Mauriziora iritsi zen arte… . Dodoa umilatua eta suntsitua.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-01acb2638f47 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/17/ezjakintasunaren-kartografia-13/ | Ezjakintasunaren kartografia #13 | 2014-05-17 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #13
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Orain arte, grabitate kuantikoko kalkuluak noranzko baten egiten ziren: grabitatearen ikuspuntutik gauza errazak kalkulatzen ziren akoplamenduaz informazioa lortzeko. Honen arrazoia da, grabitate kuantikoaren teorian ezinezkoa dela oinarrizko elementu gutxi batzuk baino konputatzea. Science aldizkarian argitaratu den lan baten arabera, arestian aipatutakoa alda daiteke. Mario Herrero Valeak kontatzen digu The birth of computational Quantum Gravity?
Imajina ezazu hot dog edo saltxitxa-ogitarteko postu baten jabea zarela, eta, estres handiko hainbat urte New Yorkeko kaleetan lanean eman ondoren…. mendira zoazela negozio eta guzti. Baina bertan duzun bezerorik hoberenak autokarabana bat erosten du. Orduan, non jarriko zenuke postua negozioak iraun dezan? Problema matematiko baten planteamendu original hau dakarkigu David Ordenek Where should you place a business if one of your customers keeps moving?
SN2 erreakzioa, kimika organikoko prozesu garrantzitsuenetarikoa da eta hainbat ikerketa teoriko zein esperimentalen objektu izan da. SN2 erreakzio askoren azterketek eta baita hauek zuzentzen dituzten faktoreenak ere, galdera batera garamatzate: nola aurkitzen dute erreaktiboek erreakziorako neurririk egokiena? Slawomir Grabowskik azaltzen digu σ-hole bond as a preliminary stage of SN2 reaction artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-c127699501d5 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/16/kultura-zientifikoa-ikasleen-ikuspuntutik-eguneroko-bizitzan-dugun-zerbait-da/ | Kultura Zientifikoa ikasleen ikuspuntutik: "eguneroko bizitzan dugun zerbait da" | unknown | 2014-05-16 00:00:00 | Kultura Zientifikoa ikasleen ikuspuntutik: "eguneroko bizitzan dugun zerbait da"
Maiatzaren 8an Donostian, UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan Kultura Zientifikoa Sustatzeko I. Ikasle Topaketa egin zen. Ekitaldiaren helburua zen Kultura Zientifikoari buruz ikasleek zituzten ikuspuntuak ezagutzea. Haien iritziak eta hitzak ezagutzeko topalekua sortzea eta zientziaren diziplinen arteko elkarrekintza agerian uztea.
Ikasleak protagonista izan ziren ekitaldi honetan, askotariko arloak jorratzen dituzten gazteek "Kultura Zientifikoa eguneroko bizitzan dugun zerbait dela" nabarmendu zuten.
Zientzia eta teknologiaren gizartean bizi gara. Nabaria da, esaterako, teknologiak gure bizitzan duen presentzia eta eragina. Baina zein da gure ezagutza maila gai horietaz? Zientzia eta teknologiari buruzko ezagutza edukitzea garrantzitsua da, ez soilik eskuartean dugun gailu mugikorra nola funtzionatzen duen jakiteko eta etekina ateratzeko. Ezagutza horiek baliagarriak dira erabakiak hartzeko momentuan, irizpideak ematen baitizkigute hau edo bestea hautatzeko. Beraz, ezagutzak erabakiak hartzeko prozesuak erraztuko dizkigu eta baita, pentsamendu kritikoa garatzeko baliabideak eskaini ere.
Jakina da ezagutzen ez duguna ezin dugula estimatu. Hau ekiditeko, egun, "zientzia-eragileek gero eta interes handiagoa erakusten dute zientziaren ezagutza handitzeko eta zientzia gizarteratzeko" (1), hau da, Kultura Zientifikoa hedatzeko eta zabaltzeko.
Eta ze iritzi dute guzti honetaz ikasleek? Zein da haien ikuspuntua?
Unibertsitateko ikasleek eta DBH 4. mailako ikasleek hartu zuten parte topaketan. 10 aurkezpen, 10 poster eta mahai-inguru bat eskaini ziguten entzuleei. Besteak beste, filosofia, kimika, informatika, zuzenbidea, haur hezkuntza eta teknologia ikasten diharduten gazteak izan ziren protagonista eta hainbat esparrutik honakoak landu zituzten:
Zientzia esperimentatzen den gauza bat da, esperimentatu behar duguna. Ez da gauza itxia, izan ere, guk geuk egiten dugu baina gizartearen interesa pizteko dibulgazioa beharrezkoa da. Kultura Zientifikoa duen gizarte bat izatea garrantzitsua da, Kultura Zientifikoa eguneroko bizitzan baitugu. Baina gizarteak beldurra omen du galdetzeko. Ez daki zelan galdetu eta haren burua jartzen du zalantzan, zientziarena baino. Izan ere, Leire Barrondoren ustez, filosofia-ikaslea eta Kultura Zientifikoa ikertzen diharduen gaztea, adituak urrun ikusten ditu gizarteak. Eta, adituez gain, guk geuk ere badugu zeresana hainbat esparrutan. Kultura Zientifikoa ez da at dagoen zerbait, egunerokotasunean dugu, ez da soilik adituen esparrua, gurea ere bada.
Baina zergatik da beharrezkoa Kultura Zientifikoa izatea? Gure bizitzako zein esparrutarako da garrantzitsua? Hona hemen adibide batzuk:
Erresonantzia magnetikoa proba medikua sarritan entzun izan dugu. Seguruenik gutariko askok egin du noizbait. Baina badakigu izatez "erresonantzia magnetiko nuklearra" dela? "Nuklearra" hitza ezkutatu egiten dute, hitzak sortarazten duen beldurra saihesteko gaixoei. Kimikako ikasleek erresonantzia magnetikoa zer den eta medikuntzan nola inplementatu den azaldu ziguten.
Osasuna garrantzitsua bada, gaur egun ekonomiak berebiziko inportantzia du bizi dugun krisi ekonomikoa dela eta. Medioetan entzun eta ikusi izan ditugu egoera ekonomiko honen eragin latzak. Esaterako, hipoteken ordainketei aurre egin ezin izan dutenen etxegabetze prozesuen irudiak ikusi ditugu telebistan. Zuzenbideko ikasleek, legeak hipoteken betebeharrei buruz diona eta legeak berak ematen dituen aukerak azaldu zituzten.
Eskubideak eta legeak, agian zer nolako begiekin ikusten ditugun gauzak, kolore batekoak edota bestekoak ikusiko ditugu. Eta koloreak aipatu ditugunez, ba al dakigu zergatik ikusten ditugun koloreak? Eta, zergatik hostoek kolorea aldatzen dute udazkenean? Udazkenean eguzki gutxiago ailegatzen zaizkie hostoei eta ez dute energia nahikorik fotosintesia egiteko. Prozesua gauzatzea ezinezkoa zaienez, galtzen dute hostoek ohiko berdetasuna. Fotosintesiak eta gure ikusmenak oinarri berdina duten bi prozesu dira. Begiek eta landareek badituzte antzekotasunak. Gure kasuan, eguzkiaren argiaren eraginez ikusten baititugu koloreak. Honen intentsitatearen arabera desberdindu ditzakegu itzalak, distirak eta koloreak.
Parekotasunak aurki ditzakegu bizitzaren hainbat esparrutan eta baita ere teoria bitxiak, ezinezkoak diruditen hipotesiak eta baieztapen harrigarriak. Txikitan umeak Parisetik zetozela esaten ziguten, zikoinak ekartzen omen zituzten. Jakin badakigu ez dela egia, baina estatistika erabiliz "Zikoinaren teoria" hori baieztatu zuten topaketan. Iturri fidagarrietatik jasotako datu kontrastatuak erabiliz, zikoinen populazioa eta jaioberrien arteko korrelazioa handia zela erakutsi zuten. Ondorioz, bazirudien umeen jaiotzak zikoinen ugaritasunarekin zuzeneko harremana zuela, "Zikoinaren teoria" sinesgarria bihurtuz.
Datuen irakurketa egokia egiteko ezagutzak izatea garrantzitsua dela argi utzi zuten, holako teoria eta ikerketen emaitzei behar den baliozkotasuna emateko.
Hamar minutuko aurkezpenetan egunerokoan, bizitzan, Kultura Zientifikoak zelan laguntzen digun azaldu ziguten ikasleek. Kultura Zientifikoak eguneroko esparruetan murgiltzen laguntzen digu, bizi duguna ulertzen eta erabakiak hartzeko irizpideak lantzen. Baina ba al dago interesik Kultura Zientifikoan? Nola susta dezakegu bere hedapena?
Gizartearen interes falta plazaratu zuten ikasleek, eta interes falta horri buelta emateko ezinbestekotzat jotzen zituzten hainbat arlo indartzea:
Ikasleek jabe dira Kultura Zientifikoak duen garrantziaz eta garrantzi hori gizarteratzeko bideak ere mahai gainean jarri zituzten. Plazara irten, gaia aurkeztu, edukia garatu, ondorioak finkatu eta aurrera egiteko bideak zehaztu zituzten. Gazteek asko dute esateko eta irakasteko, entzun ditzagun.
(1) UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren aurkezpen testuan: https://zientziakaiera.eus/kultura-zientifikoko-katedra/
Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean eta Giza Baliabideen kudeaketan espezializatua UPV/EHUn. Egun, UEUko Inguma datu-basearen arduraduna da. | science |
zientzia_kaiera-872f21ee3ada | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/15/ez-dago-berpizkunde-nuklearrik/ | Ez dago berpizkunde nuklearrik | 2014-05-15 00:00:00 | Ez dago berpizkunde nuklearrik
Nahiko ezaguna da industria nuklearrak azken hamarkadetan eta munduko toki askotan jasan duen gainbehera. Ibili badabil, baina nekez. Izan ere, bere egoera urrun dago joan den mendeko 40.eko hamarkadan sortu zen Aro Atomiko hartakoitxaropeneta beldurretatik. Energi ekoizpen zibilari dagokionez, Txernobilgo istripua 1986.ean gertatu zenetik, martxan dauden eta egiten ari diren erreaktoreen kopurua ez atzera ez aurrera dago. 2007-20010 tartean hobera egin zuen apur batez, Fukushimako istripuek erabat geldiarazi zuten kontua 2011.ean. Ordutik, hainbat herrialdek energia nuklearretik kanpora egin dute, eta beste hainbat herrialderi nabarmen ahuldu zaie horretarako kemena.
Ez da mundu guztia energia nuklearraren aurka jarri egun batetik bestera. Berez, azkeneko gauza besterik ez dira izan Fukushimako istripuak eta beren diru-kostua (100.000-250.000 milioi dolarean estimatua)[1]. Industria hau maldan behera zetorren gutxienez 1979.ean Isla Tres Millasen gertatu zen istriputik, eta lehenagotik ere: 60.eko hamarkadaren bukaeran eta 70. hamarkadaren erdialdean iritsi zen industria nuklearra une gorenera. Geroago, 80.hamarkadan konektatu ziren zentralak sarera[2]. Hortik aurrera, badaezpadakoa da industria honen ibilbidea.
Eragile asko egon dira gainbehera honen atzean. Besteak beste, oso kontuan hartzekoa da hasieran izugarrizko eraikuntza-kostuari egin behar zaiola aurre. Hitza eman zitzaigun denok izango genuela auto nuklear bat aparkalekuan eta zilarrezko jantzi batzuk armairuan, baina erreaktore nuklearrak garestiak dira oso[3][4]. Energia Nuklearrerako Agentziak estimatzen du 5.000-6.000 milioi dolareko kostua dakartela hirugarren belaunaldiko erreaktoreek, gutxi gorabehera 1,4-18 gigawattekoak beraiek. Pixka bat merkeagoak dira txinatarrek egiten badituzte[5]. Edonola, oso ohikoa da 10.000 milioi eurotik gorako kostua izatea bi erreaktoreko zentral ereduzko batek. Diru asko da, eta arrisku handia, diru-arriskua hain zuzen ere.
Eta hori, gauzak ondo doazenean, ez baita beti hala gertatzen. Berriki, EPR europar berria bezalako diseinuek, ustez etorkizun handia zutela ere, aurre egin behar izan diete denetariko gainkostuei eta atzerapenei. Hala gertatu zaie Famanville-3 (Frantzia) eta Olkiluoto-3 (Finlandia) zentralei. Zentral frantziarrak, 2012.ean jarri beharko zen abian[6], 3.300 milioi euroko kostua aurreikusten zelarik[7]. Finlandiakoa berriz, 2009.ean hasi beharko zen, tartean 3.000 milioi euroko kostua zuela[8].
Biak ala biak geldirik daude oraindik, eta areago, bukatzeke daude. Electricité de Francek espero du Flamanbville-3 2016an abian jartzea, gutxienez 8.500 milioi euroko kostua aurreikusita[9]. Olkiluoto-3 ostera, geldirik egon da hainbat bider, Finlandiako ziurtasun nuklearreko zaindariak hainbat abisu helarazi zizkiolako. Hau ere 2018-2020 tartera arte atzeratuko dela uste dute[10], antzerako kostua aurreikusita[11]. Eztabaidagai da bi zentral nuklear hauek inoiz abian jarriko ote diren, honelako atzerapenak eta dirutza tartean egonda. Eraikitzen ari diren lau EPR zentraletatik, Taishaneko (Txina) biak baizik ez bide datoz aurreikusitako epe eta kostuekin.
Aurreko hauek ez dira bakarrak. Uste izan zen hirugarren belaunaldikoak diren 13 ABWR (General Electric-Hitachi/Toshiba) erreaktoreek berpizkunde nuklearra ekarriko zutela baina haietatik bat bera ere ez dago abian, lerro hauek idazten ari naizen unean. Haietatik bederatzi Japonian daude, eta Fukushimaren istripua gertatu ondoren, batzuk geldirik daude, edo eraikitze prozesu geldoan sartu dira. Hala ere, baliteke haietako baten bati berrabiatzeko baimena ematea. South Texas (Estatu Batuak) eraikitzeko egon ziren bien egitasmoa bertan behera utzi zen 2011ko apirilean[12], gainkostuak eta arazo ekonomiko eta politikoak zirela kausa[13]. Lugmenekoak (Taiwan) aurrekontuetatik gora zeuden (7500 miloi dolar), eta joan den hilean geldiarazi ziren, erreferendum bat egiteko zain geldituta[14]. Bestalde, ez dakigu Mitsubishik egin behar zituen APWR erreaktoreekin zer gertatuko den[15].
Edonola, batzuk sasoi hobean daude. Estatu Batuetako Westinghouse enpresak bere AP1000 erreaktorea dauka, eta errusiarrek beren VVER-1000/12000 erreaktorea. Azkenik, Kanadako Candu enpresa egitasmoak betetzen eta erreaktoreak abian jartzen doaz. Baina prozesu geldoa da, eta unitate gutxi daude egitasmoetan aurreikusita. Haien erdia, Txinan eta Errusian ari dira eraikitzen[16]. Erritmo horri eusten badiote, hurrengo urteetan askoz ere gehiago izango dira itxiko dituzten erreaktoreak, zabalduko dituzten erreaktoreak baino.
Garbi dago hau ez dela berpizkunde nuklear bat, ez behintzat duela hainbat urte irudikatzen zigutenaren antzerakoak behintzat. Zoritxarrez, nabari da erregai fosilak (petrolioa, gasa eta ikatza) direla planetako energi iturri nagusia. Energia berriztagarrien artean, hidroelektrikoak baizik ez dira aipatzekoak, gutxi gorabehera energia nuklearraren parean. Energia eolikoa eta eguzki-energia munduaren energia osoaren %1era ere ez dira iristen. OCDEko herrialdeetan %6ra iristen da energia eolikoa. Gainontzeko energiak ez dira kontuan hartzekoak mundu mailan aritzeko behintzat[17]. Nik, egia esan, ikatza eta denetariko pozoiak airera igorri baino lehen, energia nuklearrari eutsiko nioke, aukera egitera behartzen banaute. Energia nuklearrek behintzat, istripu kasuetan baizik ez dute hondamendirik eragiten, eta hondakin solidoak errazagoak dira tratatzen. Energia fosilak aldiz, izugarrizko hondamendia dira berez, eta aurrera doaz egunero-egunero, ezer gertatuko ez balitz bezala. Datozen belaunaldiek egin beharko diote aurre horri guztiari. Hala uste dut, eta hala diot. Zer egingo diogu ba?!
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da
[1] Fitzpatrick, F.: Robots have failed Fukushima Daiichi and Japan. Fortune / CNN Money, 2013ko martxoaren 20a.
[2] International Atomic Energy Agency, Reference Data Series 2: Nuclear power reactors in the world, 2013. IAEA, Viena, 2013. ISBN 978–92–0–144110–2.
[3] Tolley, G. S.; Jones, D. W.: The Economic Future of Nuclear Power. Chicagoko Unibertsitatean egindako ikerketa, 2004.
[4] Nuclear Energy Agency (OCDE): Economics of nuclear power.
[5] Nuclear Energy Agency (OCDE): Economics of nuclear power FAQs.
[6] Nuclear Engineering International: Flamanville-3 concrete poured, 2007ko abenduaren 6a.
[7] World Nuclear News: Construction of Flamanville EPR begins, 2007ko abenduaren 4a.
[8] Areva: EPR in Finland: Foundation stone-laying day at Olkiluoto-3. Fabrikatzailearen 2005eko irailaren 12ko prentsa oharra.
[9] Le coût de l'EPR de Flamanville encore revu à la hausse. Le Monde / France Presse, 2012ko martxoaren 12a.
[10] Nikula, P.: Areva ajaa Olkiluodon työmaata alas. Kauppalehti egunkaria; 2014ko otsailaren 28a.
[11] Rosendahl, J. & De Clercq, G: Finnish nuclear plant delayed again as Areva, TVO bicker. Reuters, 2014ko otsailaren 28a.
[12] Wald, M. L.: NRG abandons project for 2 reactors in Texas. New York Times, 2011ko apirilaren 19a.
[13] Souder, E.: NRG ends project to build new nuclear reactors. Dallas News, 2011ko apirilaren 19a.
[14] Hung, F.; Hudson, D.: Taiwan to halt construction of fourth nuclear power plant. Reuters, 2014ko apirilaren 27a.
[15] World Nuclear News: Mitsubishi delays certification of APWR, 2013ko azaroaren 12a.
[16] International Atomic Energy Agency / Power Reactor Information System (PRIS): Under construction reactors
[17] International Energy Agency (OCDE): Key world energy statistics, 2013. OCDE/IEA, París, 2013. | science |
|
zientzia_kaiera-70a37c02b0c6 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/13/ariketa-fisikoak-osasunean-dituen-onurak-zein-zenbat-nola-eta-noiz-iii-gorputzaren-osaera-eta-pisuaren-kontrola/ | Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat nola eta noiz? III. Gorputzaren osaera eta pisuaren kontrola | unknown | 2014-05-13 00:00:00 | Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat nola eta noiz? III. Gorputzaren osaera eta pisuaren kontrola
Jon Irazusta eta Susana Gil
Herrialdeen garapena aurrera joan ahala, obesitateak eta gainpisuak desnutrizioari aurrea hartu diote munduko leku gehientsuenetan. Gertaera honen arrazoiak bi dira nagusiki: elikagaien eskuragarritasun handiagoa eta lan fisikoa egiteko beharraren murrizketa.
Ikerketa gehienek frogatu dute gorputz-pisuaren galerari dagokionez, soilik dietarekin emaitza hobeak lortzen direla ariketa fisiko hutsarekin baino. Izan ere, dietarekin murrizketa kaloriko handiagoak sor daitezke epe laburrean, jarduera fisikoarekin baino. Dena den, defizit kalorikoa berdinak direnean antzeko emaitzak lortzen dira; gainera, dieta eta ariketa fisikoa batera egiten direnean emaitza are hobeak dira, baldin eta egiten den dieta oso hertsia ez bada.
Dieta hutsaren aldean, ariketa fisikoaren eraginkortasuna handiagoa da gorputz-pisua aztertu beharrean gorputzeko gantzaren murrizketa neurtzen denean, askotan jarduera fisikoarekin gihar masa handitzen baita. Bestalde, pisu-galera bat lortu ostean, edo oro har bizitzan zehar, ariketa fisikoaren eraginkortasuna ere handia da pisuak gora egin ez dezan
Artikulu sorta honek jarduera eta ariketa fisikoaren onurak aztertzea du helburu eta beraz, ez gara dieta kontuez arituko; hala ere, ez dugu ahaztu behar honek pisuaren galeran eta gorputzaren osaketan duen garrantzia.
Arnasketan hartzen dugun airea oxigenoan (O2) aberatsa eta anhidrido karbonikoan (CO2) urria da, eta kanporatzen duguna aldiz O2-an urriagoa eta CO2-an aberatsagoa. Karbono gehigarri bat duenez, CO2-a O2-a baino pisutsuagoa da eta elikagaiak hartuko ez bagenitu eten gabe argalduko ginateke. Jarduera fisikoa egiten dugunean denbora unitateko O2 gehiago sartu eta CO2 gehiago kanporatuko dugu arnasketaren bidez, eta beraz elikagaien bidez karbono gehiago sartzen ez badugu, argalduko gara. Arnasketaren bidezko karbono honen galera netoa da jarduera fisiko jarraituaren ondoko pisu-galera iraunkorraren arrazoi nagusia.
Aurreko artikuluan ikusi genuen, 150 minutu/asteko ariketa ertaina edo 75 minutu/asteko kementsu aerobikoa[1] egokia dela, bihotz eta odol hodietako gaitzen prebentziorako. Jarduera hauekin, gutxi gorabehera, gure metabolismoa egunero 110 kilokaloria inguru handituko genuke[2]. Hau da, irudian ikus dezakegun ogi zatia (50 gr) egunero jatean lortzen duguna. Horregatik, gainpisuari edo obesitateari aurre egiteko edota pisua galdu eta gero, berriro ez irabazteko jarduera fisiko gehiago egitea gomendatzen da. Areago, kasu honetan helburua ez da izango intentsitate jakin bat lortzea, gorputzak ahalik eta energia gehien erabiltzea baizik.
Gainpisua eta obesitateari aurre egiteko, osasun arloko erakundeek gomendatzen dute astero gutxienez 250-300 minutuko intentsitate ertaineko ariketa egitea. Hau da, astean 5 aldiz, eguneko 50-60 minutuko saioak. Gogoratu bedi jarduera ertainetan zehar, nahiz eta aireztapena eta bihotz-maiztasuna bizkortu, hitz egiteko gaitasuna mantendu behar dela. Eredu hau da pisua galdu edo mantendu nahi duten gehienentzat erabilgarriena eta arrisku gutxien dituena.
Ariketa kementsuak gizentasunean duen eragina ez dago hain aztertua, baina jarduera kementsuan batez ere gluzidoak erabiltzen direnez, eta ez gantzak, ez dirudi hain eraginkorra izan daitekeenik. Aldiz, jarduera ertaina egitean gantzak dira erregai nagusia. Hala ere, ariketa kementsua gomendatzen dutenek astean gutxienez 150 minutu (adibidez 5 egunean 30 minutu) egiteko aholkua ematen dute. Beti ere, kontuan hartu behar da ariketa kementsua egiten denean azterketa mediko zorrotzagoak egin behar ditugula.
Intentsitate handiko tartekako ariketan (High Intensity Interval Training ingelesez) jarduerak oso kementsuko tarte laburrak eta atsedenak tartekatzen dira. Arestian egindako ikerketek iradoki dute jarduera mota hau, pisu-galerari dagokionez, jarraitua baino eraginkorragoa dela. Dena den, ariketa mota honetako aholku orokorrak eman ahal izateko ikerketa gehiago egin eta osasun egoeraren arabera seguruen eta eraginkorren diren protokoloak definitu behar dira. Alde praktiko batetik, ariketa mota honek duen arazoetako bat da intentsitatea kontrolatzen duten gailuak eta profesional adituen gertuko jarraipena behar direla.
Oinez, bizikletan, igeri edo antzeko jardueren bidez egin daiteke ariketa, baldin eta lehen aipatutako tartean modu jarraian egiten bada. Jarraikortasuna edukitzea da garrantzitsuena. Beraz, epe luzean manten daitekeen jarduera aukeratzea da egokiena.
Korrika egitea egokia izan daiteke lagun oso sasoitsu eta ohituetan, baina pisua galdu nahi duen zenbait jenderengan zenbait arazo sor ditzake. Alde batetik, gehienentzat korrika egitea jarduera kementsua da eta 5 egunean egiteko nekagarria. Bestalde, gehiegizko pisua dagoenean korrika egiteak lesionatzeko arriskua handitu dezake. Honek ez du esan nahi, noski, argaldu nahi duen batek modu egokian korrika edo beste jarduera kementsuak egiten baditu utzi beharko dituenik, murrizketa kalorikoan lagunduko baitute.
Egunean zeharreko jarduera fisikoa (Lifestyle Physical Activity) handitzea ere gizentasunaren murrizketarekin lotu izan da. Modu egituratuan egindako ariketa fisikoaz gain, egokia da egunerokotasunean egiten den mugimendua handitzea eta beraz sedentarismoa murriztea. Ikerketa askok lotu dute sedentarismoa (adibidez telebista edo ordenagailuaren aurrean igarotako denbora) eta gizentasuna edo gainpisua. Zorizko ikerketa kontrolatu gutxiago egin dira eguneroko jardueren handitzeak gizentasunean duen eraginari buruz, baina egin direnetan gorputz-gantzaren murrizketa ikusi da.
Oso erlazio estu eta alderantzizkoa dago egunero ematen diren urrats kopurua eta gizentasuna adierazten duten parametroen artean ere. Dena den, kontu honetan ez dakigu zein den kausa eta zein ondorioa: pausu gehiago emateak argaltzea eragiten ote duen edo argalenek, mugitzeko duten erraztasunarengatik, urrats gehiago ematen ote dituzten. Hala eta guztiz ere, argi dago mugimenduaren eta gizentasunaren artean "gurpil zoroa" gerta daitekeela eta gehiago mugitzea osasungarria dela, nahiz eta ariketa fisiko egituratua egiteko gaitasunik, gogorik edo astirik ez izan.
Nahiz eta pisu osoan eragin handirik ez izan, indar-ariketek gorputzeko gantzaren murrizketan laguntzen dute eta giharren masa handitzen dute. Azken hau oso garrantzitsua da batez ere pertsona nagusietan; argaltzean sortzen den defizit kalorikoak, zahartzaroan gertatzen den giharraren atrofia eta ahultasuna areagotu baititzake, eta honen ondorioz, pertsona nagusietan ohikoak diren erorketak izateko arriskua handitu dezake.
Horregatik, behar-beharrezkoa da pertsona nagusiek pisua galdu behar dutenean bere gorputz osagaien kontrol hertsiarekin batera indar-ariketak egitea, giharren masa eta indarra mantentzeko. Bestela, pisu-galerak eragindako kaltea mesedea baino handiagoa izan daiteke. Indar-ariketak astean bi aldiz egin behar dira, gihar talde nagusiak lantzen dituzten mugimenduak gutxienez 10 aldiz errepikatuz.
Jarduera fisikoa egitean, ura galtzen da izerditzearen bidez. Galera hau handiagoa da jarduera kementsua bada, ingurune bero eta hezean egiten bada eta eramaten ditugun jantziek beroaren eta ur lurrunaren kanporatzea galarazten badute. Honen eraginez, jarduera fisikoa bukatu eta gero gorputz-pisuaren galera bat dago. Galera hau oso nabaria izan daiteke, baina ia bere osotasunean ura da eta ez du zerikusirik epe luzean gertatzen den pisu-galerarekin. Izan ere, jarduera egin eta gero ura berreskuratzea ezinbestekoa da. Beraz, pisua galtzeko helburuarekin jarduera fisikoan jantzi iragazgaitzak eramatea ez da epe luzean pisua galtzeko batere eraginkorra. Are gehiago, sortzen duen gorputz tenperaturaren igotzeak beroaren eragin kaltegarriak areagotzen ditu eta neke sentsazioa lehenago iristea eragingo du; azken honek jarduera lehenago gelditzea eragin dezake.
[1] Jardueren intentsitateari buruzko azalpenak hemen dituzue
[2] Jarduera ertainean metabolismoa 3-6 aldiz handitzen da. Atsedeneko metabolismoa 1Kcal/minutu ingurukoa da. 5 METeko jarduera ertain bat asteko 5 egunean 30 minutuz eginda 5* (1 Kcal/min*5 egun/aste*30 min/egun)= 750 Kcal/aste gehigarri erabiltzen dira. Hau da, egunero gutxi gorabehera gora behera 110 Kcal inguru. Ogi zuriaren 100 gramok 220 kcal ematen dutenez, 50 gramo ogirekin jardueran erabilitako energia barneratu dezakegu.
Jon Irazusta Astiazaran, (@irazusta_jon) eta Susana Gil Orozko UPV/EHUko Fisiologiako irakasleak dira.
Ariketa fisikoari buruzko artikulu-sorta: | science |
zientzia_kaiera-210602fb5682 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/12/duela-11-000-milioi-urte-izar-erraldoi-bat-lehertu-egin-zen/ | Duela 11.000 milioi urte izar erraldoi bat lehertu zen | unknown | 2014-05-12 00:00:00 | Duela 11.000 milioi urte izar erraldoi bat lehertu zen
2012ko urriaren 24an mundu osoko behatokiei izar erraldoi baten leherketaren berri eman zitzaien. GRB121024A izeneko izarra izan zen lehertu zena eta leherketa, NASAren Swift sateliteak aurkitu zuen ordu batzuk lehenago Eridanoren konstelazioan. Hala ere, Europako Behatoki Australak baino ezin izan zituen fenomenoaren neurri polarimetriko zehatzak hartu, Atacamako basamortuan (Txile) duen Very Large Telescoperen (VLT) bidez. Orain dela 11.000 milioi urte inguru gertatu zen eztanda horri buruz lortutako datuek zulo beltz bat nola sortzen den jakitea ahalbidetu dute. Andaluziako Astrofisika Institutua/CSICren eta UPV/EHUren arteko Atal Elkartuko zuzendarikidea den Javier Gorosabel Ikerbasque ikertzaileak Nature aldizkari ospetsuan argitaratu den lan horretan parte hartu du.
Kosmos osoan ez dago unibertsoaren mugako izarren LGRB (Long Gamma-Ray Bursts ingelesez) izeneko leherketekin energiaren eta intentsitatearen aldetik lehiatu daitekeen gertaerarik: segundo bakar batean GRB bakar batek ehunka izarrek, Eguzkiaren bezalakoek, 10.000 milioi urteko bizitzan lehertu dezaketena lehertzen du.
Orain dela hamar urte astrofisikariek proba sendoak izan zituzten, eta badakite LGRBak izar masiboen eztandagatik gertatzen direla; izar masibo horiek astro erraldoiak dira, Eguzkiaren masa baino ehun aldiz handiagoa dutenak eta, gainera, ardatz baten inguruan azkar biratzen direnak.
Izar horiek masiboak direnez eta biratzen direnez, ez dute eztanda egiten izar arrunt baten moduan: modu erradialean egiten dute, adibidez, baloi bat husten den bezala. Eredu teoriko batzuen arabera, astro erraldoi horien inplosioak ziba izugarri bat sortuko luke, hau da, urak konketa baten estolda-zulo batean egiten duen bezala, azkenean zulo beltza osatu arte.
Hilzorian dagoen izarraren biraketa- ardatzarekin lerrokatuta dauden bi zurrusta oso energetikotan igorriko litzateke leherketa erraldoi horrek askatutako energia. Gainera, izar guztiek eremu magnetikoak dituzte, are gehiago izarrak azkar biratzen badira, LGRBekin gertatzen den bezala. Horrela, izarra erdialdeko zulo beltzerantz barnetik hondatzen den bitartean, izarraren eremu magnetikoak ere haren biraketa-ardatzaren inguruan pilatuko lirateke. Eta, izarra hondatzen den bitartean, "geiser magnetiko" handia gertatuko litzateke, sortuz doan zulo beltzaren ingurutik botako litzatekeena eta hainbat bilioi kilometroko distantzietan antzematen diren ondorioak dituena.
Agertoki konplexu horren arabera, izarraren eztandan igorritako argiak zirkulu-polarizazioa -torloju bat izango balitz bezala- izan behar zuela aurreikusten zen. Eta horixe da, hain zuzen ere, egileek Txiletik antzeman dutena: zirkulu forman polarizatutako argi bat Unibertsoaren mugan sortutako zulo beltz sortu berri baten zuzeneko ondorioa da, eta eredu teorikoa egiaztatzen du. Gainera, lehenengo aldiz antzeman da hain maila handiko polarizazio zirkular optikoa eta hain urrun dagoen iturri batean.
Iturria: K. Wiersema, S. Covino, K. Toma, A.J. van der Horst, K. Varela, M. Min, J. Greiner, R.L.C. Starling, N.R. Tanvir, R.A.M.J. Wijers, S. Campana, P.A. Curra, Y. Fan, J.P.U. Fynbo, J. Gorosabel, A. Gomboc, D. Götz, J. Hjorth, Z.P. Jin, S. Kobayashi, C. Kouveliotou, C. Mundell, P.T.O'Brien, E. Pian, A. Rowlinson, D.M. Russell, R. Salvaterra, S. Di Serego Alighieri, G. Tagliafferri, S.D. Vergani, J. Eliott, C. Fariña, O.E. Hartoog, R. Karjalainen, S. Klose, F. Knust, A.J. Levan, P. Schady, V. Sudilovsky, & R. Willingale. Circular Polarization in the optical afterglow of GRB121024A. Nature, 2014, DOI 10.1038/nature13237. | science |
zientzia_kaiera-c777542b4961 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/11/asteon-zientzia-begi-bistan-12/ | Asteon zientzia begi-bistan #12 | unknown | 2014-05-11 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #12
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.
Genomika, genomen sorrera, garapena, funtzionamendua eta eboluzioa aztertzen dituzten teknikak eta zientziak osatzen dute. Irune Lasa kazetaria Mikel Iriondo EHUko irakasle eta ikertzailearekin izan da, DNAri buruz hitz egiten, baina antzinako gizakien DNAri buruz. Paleogenomika izan dute hizpide Berria egunkarian. Antzinako gizakiei buruzko aurkikuntza garrantzitsuak eman dira azken urteotan. Adibidez, Siberiako Denisovako koban 2010ean aurkitutako hezur txiki baten genomaren sekuentziak, sekulako ustekabea ekarri zuen 2012an: hura ez zen sapiens bat, ezta neandertal bat ere. Eta halaxe agertu ziren denisovarrak, egiaztatzeke dagoen Homo espezie berri posible bat: Antzinako giza DNAren iturri etengabea.
Genomekin jarraituz Koldo Garciak, genetikan doktorea eta ikertzaileak, genomen inguruko xehetasunak azaldu ditu Euskalnatura gunean. 2001. urtean giza genoma sekuentziatu zen eta etorkizunera begira, ate garrantzitsu bat zabaldu zuten zientzialariek. Baina bidean ezustekoek ere izan dituzte. Alde batetik, uste zena baino gene gutxiago ditugu, 20.000. Bestalde, geneak genomaren zati txiki bat besterik ez direla ikustea izan zen. Izan ere, genomaren beste osagai batzuk, "DNA-zabor" deitzen direnak (ageriko funtziorik ez dutelako), genoman duten hedapena uste zena baino handiagoa delako. Oraindik ere genometako sekretu guztiak ezagutzen ez ditugun arren, Koldok ezagutzen direnak hurbiltzen dizkigu: Genometako sekretuak argitzen.
Eta geneekin jarraituz, asteon jakinarazi duten lorpen berri bati buruz aritu zaigu Eider Carton Elhuyar aldizkarian. AEBko The Scripps Research Instituteko ikerketa talde batek naturan ez diren sortzen nukleotido-pare bat txertatu du DNA zati batean. Horrez gain, ikertzaileek laborategian sortu duten nukleotido-parea Escherichia coli bakterioan erreproduzitu daitekeela frogatu dute. Floyd Romesberg ikerketa-taldeko buruak adierazi duenez, DNA base-pare ez-naturala X eta Y bezala izendatu zuten eta 14 urtetan zehar laborategian optimizatu zuten. Horretarako 300 nukleotido analogoak sintetizatu dituzte urteotan, parekatzerakoan eraginkorrak izan zitezkeen bi lortu arte. Xehetasun guztiak Kode genetikoa hedatuta, bizidun erdisintetiko bat sortu dute artikuluan.
Landareek gaua eta argia nabaritzen dute. Egunez, eguzkiko argia bilatzen dute eta harengana ematen dute buelta. Gotemburgoko Unibertsitateko ikertzaileek Finlandiako ikertzaileekin batera, landare-zeluletako, argiarekin sentsibleak diren, proteinek eguzkiaren argia antzematen dutenean nola eta zergatik aldatzen diren ikertu dute. Prozesu honetan parte-hartze duten proteinak "fitokromoak" dira eta landareen orrialde guztietan daude. Proteina hauek argia antzematen dute eta egoeraren berriemaile dira. Horrela eguna edo gaua den edota landarea eguzkitan edo gerizpean dagoen jakinarazten dute. Esan daiteke landarearen "begiak" direla. Mikel Irastorza biologoak kontatzen digu Euskalnatura gunean: Fitokromoak, landareen begiak artikuluan.
Ebola birusak izena zor dio Kongon dagoen izen bereko ibaiari. 1976an izendatu bazuten birusa, ikertzaileen ustez arinago ere haren eraginez sortutako infekzioaz hildakoak egon ziren. Amaia Portugal kazetariak Guillermo Quindós EHUko Mikrobiologia katedradunarekin hitz egin du, eta birus honi buruz idatzi du Zientzia Kaiera blogean. Jatorri garbirik ez duen arren, birusaren gordailua izan daitezke saguzarrak, antza. Animaliak zein gizakiak pairatzen dute Ebolaren birusa. Gizakiak kutsatzen dira gaixo dauden animaliak ukituta edo janda. Zehatzago, transmisioa kutsatutako fluidoen bidez gertatzen da, odola, izerdia, txiza… . Amaiak azaltzen digu haren artikuluan: Ebola: ezhoiko infekzioa, ohiko neurriak.
Brasilen dengeak eragin handia omen du, urtero hainbat jende gaixotzen baita. Gripe tankerako gaixotasuna da dengea eta jaioberri, haur txiki eta helduak jo ditzake. Ez da oso hilgarria baina Brasilen 1976tik hona asko zabaldu da dengea kutsatzen duen aedes aegypti eltxoa, batez ere, urbanizazio azkarrarengatik. Horrek gaixotasuna urtetik urtera asko zabaldu du eta 2013an 1,4 milioi lagunek izan zuten gaixotasuna. Hau dela eta, bertako arduradunek zeresan asko eman duen neurri bat hartu dute gaixotasunari aurre egiteko: genetikoki eraldatutako, gaixotasuna kutsatzen duten aedes aegypti espezieko, eltxo arrak askatu nahi dituzte eltxo populazioa murrizteko eta horrela ugalketa prozesua eten. Iker Tubia kazetariak kontatzen digu Berrian: Ziztada transgenikoa.
Oso gai kuriosoa ekarri digu asteon Oihane Lakar dibulgatzaileak Elhuyar aldizkarian, matematika eta futbol baloiak uztartu ditu. Aurtengo Munduko Futbol Txapelketako baloiari erreparatu dio Oihanek. Dioenez Adidas etxeko adituak bi urte eta erdi pasatu dute baloiari zein itxura emango dioten aztertzen. "Brazuca" izena du baloiak eta simetria paregabea eta egitura berritzailea duela diote egileek. Kazetariak, EHUko Jose Ignacio Royo matematikariarekin hitz egin du eta haren ustez, matematikaren ikuspuntutik, futbol-baloiak oso erakargarriak dira. Izan ere, zer dira ba baloiak? Airez puztutako poliedroak dira. Futbol zalea bazara, eta ez bazara ere hainbat kontu interesgarri aurkituko dituzu Baloi platonikoak artikuluan.
Jon Mikel Kareagak, besteak beste, espazioa du gogoko eta bertako planetak, izarrak, sateliteak… . Zientzianet atarian argitaratu duen artikuluan espazioan dagoen beste gauza bat dakarkigu, zaborra. Lurraren orbitan dauden satelite artifizialen kopurua asko hazi da, eta horrela jarraituz gero 50 urtetan satelite bat aireratzea ziurrenik ezinezkoa izango da. Ondorioz, egungo potentzia espazial handienak erabaki dute, espazioko 25 urte baino gehiago daukan pieza ez-erabilgarri bat zabor espaziala dela. Kalkuluen arabera 15.857 satelite daude. Horietatik 1.168 funtzionamenduan daude eta 14.689 zabor pieza bezala katalogatuta daude. Mota honetako zaborrari buruzko datuak Zabor espaziala ekarpenean.
Espazioarekin jarraituz, Javier San Martin kazetariak Zientzia Kaieran unibertsoa izan du hizpide, eta astronomoek eta astrofisikarien lanari buruz aritu zaigu. Vatikanoko Behatokian, eroritako 500 meteoritoetako 1.100etik gorako lagina biltzen da eta bilduma bere onean mantentzen du Guy Consolmagno jesuitak eta astronomoak. Lurraz kanpoko 150 kg material du ikertzeko. Gainontzeko astronomoek ez dute aukera hori eta ezinbestez aztertu behar dituzte argi partikulak, hau da, fotoiak: zulo beltzak alde batera utzita, kosmoseko objektu guztietatik igorritakoak aztertzen dituzte. Eta lan hau ez da samurra, izan ere, espazioa ez da gardena, izar arteko hautsaz beteta baitago. Astronomoek egiten duten lanaren xehetasunak Unibertso gardenak artikuluan. | science |
zientzia_kaiera-8c1d62ea6640 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/10/ezjakintasunaren-kartografia-12/ | Ezjakintasunaren kartografia #12 | unknown | 2014-05-10 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #12
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Gu geu, eta Lurreko bizitza ere, ez ginateke existituko kometarik gabe. Izotz bola zikin horiek, sortu ginen ozeanoetako ura hornitu zuten. Hori dela eta, galdera hau garrantzitsua da: antzeman dugu kometarik beste planeta-sistemaren baten? Erantzuna, EHUko Zientzia Planetarioen taldeko Santiago Pérez-Hoyosek Exocomets artikuluan azaltzen digun moduan, bai da.
Unibertsoaren hainbat alderdi ulertzeko aukera eman digun zientziaren arrakastak, egunen baten guztiaren azalpen zientifiko bat izango dugula pentsatzera eraman gaitu. Eta hau, tamalez, ez da horrela. Baieztapen honen ondoren, logika, xumea hain sinplea izanik, Jesús Zamora Bonillak aurkezten digu We cannot (ultimately) explain everything artikuluan.
Zelulentzako oso konplexua da zelulakumeen bizitzako lehen uneetarako, beharrezkoak diren egitura molekularrak eta makinaria sortzea. Eginkizun horretan denbora asko inbertitzen dute. Guztiarekin, egiten duten sinkronizazioaz eta denbora tarte programa zurrunarekin, DNAn dagoen informazio kopuru handia bikoiztea hain zehaztasun altuarekin lan harrigarria da. Ikuskizun natural eder honetako sarrera txikia ematen digu Daniel Moreno Andrések DNA replication: how a job is well done in just a few hours artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-078dee2ec87f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/09/zientzialari-6-jesus-ugalde/ | Zientzialari (6) – Jesus Ugalde | unknown | 2014-05-09 00:00:00 | Zientzialari (6) – Jesus Ugalde
Ba al dakizu kimika teorikoa zer den? Ba al dakizu zertan bereizten den ohiko kimikatik eta zertarako balio duen molekulen erreakzioak ordenagailu bidez simulatzea? Jesus Ugalde UPV/EHUko Kimika fisikoko katedradunarekin hitz egin dugu haren jakintza esparruari buruz. Ikus itzazu eman dizkigun erantzunak honako bideoan.
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez, euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean.
Zientzialari 06 – Jesus Ugalde from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-0214b007cdaa | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/08/unibertso-gardenak/ | Unibertso gardenak | unknown | 2014-05-08 00:00:00 | Unibertso gardenak
Astronomoak ez ohi du bere aztergai den unibertsoari laborategian ekiteko modurik. Agian horregatik esan du Guy Consolmagnok bera oso zori onekoa dela. Izan ere, "Vatikanoko astronomo" esan ohi dioten ikerlari honek, begi maltzurrez esaten digu berak eskuen artean dabilela Jainkoak sortutakoaren zati bat, eta gainontzeko ikerlariek aldiz fotoiak baizik ezin dituztela aztertu.
Consolmagnok kontserbatzaile lana egiten du Vatikanoko Behatokiko meteoritoen bilduma bere onean mantentzeko. Horrela, eskura du munduko bildumarik handienetakoa, eroritako 500 meteoritoetako 1100etik gorako lagin biltzen dituena. Horrela, badu gertu-gertu 150 kg material, Lurraz kanpokoa bera.
Beste astrofisikoek, aldiz, ezin dute aztertu ez planetarik, ez ilargirik, ez eta izarrik, eta ezinbestez aztertu behar dituzte argi partikulak, hau da, fotoiak: zulo beltzak alde batera utzita, kosmoseko objektu guztietatik igorritakoak aztertzen dituzte. Horrela, ez du lan samurra adibidez Rosa Gutiérrezek, IFCAk kudeatzen duen Kantabriako Astronomia Behatokian lanean diharduenak. Izan ere, espazioa ez da gardena, izar arteko hautsaz beteta dagoelako.
Izarren hautsaren gainean kosmoseko hautsak duen eraginaren adibide ezin argiagoa erakusten du Jesús Maiz Apellanizek, Andaluziako Astrofisika Institutuko ikertzaileak. Bere esanetan, "Esnebidearen erdigunetik igorritako bilioi bat fotoitik bat baizik ez da Lurrera iristen, gizakiok suma dezakegun uhin-luzerapean behintzat. Gas eta hauts hodeiek xurgatu edo desbideratzen dituzte beste fotoi guztiak".
Atenuazio edo ahultze horren ondorioz, argiago eta gorriago ikusten ditugu unibertsoko objektu distiratsuek. Alegia, diren baino hotzago iruditzen zaizkigu objektu horiek.
Unibertsoa gardena balitz, oso erraza izango litzateke izar baten ezaugarriak jakitea. Irudi bat hartu eta bere distira neurtuko genuke fotometria izeneko prozedura bakun baten bidez. Argi kutsadurak ordea, ezinezko bilakatzen du metodologia hori, udako gau garbi batean bestelakorik pentsa litekeen arren. Espazioan, ugari dira izar arteko hauts partikulak, objektuen distira ahuldu egiten dutenak.
Apellaniz, buru da nazioarteko ikerlari talde batean. Helburu gisa hartu dute orain arte erabilitako metodologiaren okerrak zuzentzea. Izan ere, 1989tik kalkulu bide batzuk erabiltzen ziren igorritako argiaren suntsipena finkatzeko, eta Astronomy & Astrophysics aldizkarian plazaratu dute kalkulu bide horiek hobetzeko proposamena.
Ikerlari hauek diotenaren arabera, "kalkulu bideak oso mugatuak ziren, eta besteak beste, okerreko estimazioak ematen zituzten, izarren tenperaturen inguruan."
Proposatutako zuzenketen egokitasuna frogatzeko, ikerlariek lehenago objektu egoki batzuk aukeratu zituzten. Izan ere, objektu horien ezaugarri batzuk ondo finkatuak zituzten. Hala lortu zen distira eta tenperaturaren kasuan, espektroskopiari esker.
Teknika horrek, posible egiten du argia bere kolore osagaitan zatitzea. Berez, horren irudi gisa, denok ezagutzen dugu ortzadarra, baina teknika harantzago doa, eta bideragarria da argia bere uhin-luzera guztietan aztertzea, ultramoretik infragorrira, argi ikusgarritik igarota. Ondoren, tenperatura, konposizio kimikoa edo mugimenduaren zehaztapenak lortuko dira.
Zientzialariak zehaztapen hauetaz baliatu ziren, lehen lortzen ziren datuak zuzenketei esker lortzen hasi ziren datu berriekin erkatzeko. "Horrela, edozein desbideraziok, ahalbideratu zuen okerrak atzematea eta kalkulu bide zaharrak zuzentzea", Maízen hitzetan.
Jorratu dituzten espazio-objektuak Tarantula Nebulosan daude, Magallanes Hodei Handiaren barruan. Galaxia hau, irregularra eta oso handia da, eta Esnebidearen ondoan dago. Galaxia hori da Europako Behatoki Australa VLT-FLAMES zundaketan aztertzen ari zena.
Duela sei urte hasi ziren ikertzen, mila izarreko lagin batetik hasi eta pixkanaka 83 objekturaino jaitsita.
Analisi-unitate hauekin hainbat saio egin ondoren, egiaztatu egin zen 1989ko suntsipenen kalkulu bideek desbiderapen handiak eragiten zituztela. Ondoren, aldaera gaurkotu bat gauzatu zen, eta horrela hiruren batez jaitsi zituzten tenperatura finkatzeko okerrak.
Ikertzaileek diote espektrometriaren ondorioetatik hurbil daudela kalkulu bide berriek ematen dituzten ondorioak. Fotometriaren bidez, objektu gehiago azter daitezke batera, baina espektroskopia metodo hobea da ikasketa zehatzak egiteko.
Une egokian egin zen ikerketa, zeren laster hasiko baita GAIA misioa zundaketa fotometriko masiboa egiten. Jarduera horretan, mila milioi izar behatuko dituzte Esnebidearen barruan.
Iturria: J. Maíz et al. "The VLT-FLAMES Tarantula Survey. XVI. The optical+NIR extinction laws in 30 Doradus and the photometric determinations of the effective temperatures of OB stars". Astronomy & Astrophysics. DOI: http://dx.doi.org/10.1051/0004-6361/201423439
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA) kazetaria da, eta artikulu hau Activa Tu Neurona blogaren kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-99c478f01f05 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/06/ebola-ezohiko-infekzioa-ohiko-neurriak/ | Ebola: ezohiko infekzioa, ohiko neurriak | unknown | 2014-05-06 00:00:00 | Ebola: ezohiko infekzioa, ohiko neurriak
Basoetakoa omen zen birusa hirian da. Azken asteotan, ebolak kutsatutako berrehun lagun baino gehiago zenbatu dituzte Ginean eta Liberian. Hark eragiten duen infekzio gaitz larriak mendebaldeko Afrika serio kolpatu du lehenbizikoz, baina ez hori bakarrik: Konakryra iritsi da, ia bi milioi biztanle dituen Gineako hiriburura, eta ezohikoa da hori. Hala ere, Munduko Osasun Erakundeak emandako datu berrienen arabera, badirudi egoera egonkortu egin dela azken egunetan.
Ebolaren birusak izen gaztea du. Ziurtzat jotzen da lehendik ere hark eragindako infekzio eta heriotza kasuak izan direla, baina 1976ra arte ez zuten ofizialki identifikatu. Guillermo Quindos EHUko Mikrobiologia katedradunak azaldu bezala, Kongoko Errepublika Demokratikoan (lehen, Zaire) dagoen Ebola ibaitik datorkio izena: "Lehenengo epidemiak Afrika erdialdean hasi ziren, Kongo ibaiaren adarra den Ebolatik gertu. Ekuatoretik hurbil dago, baso dezente dagoen zonalde batean. Nahiz eta bere jatorria ez oso garbi egon, birusaren gordailu izan daitezkeen animaliak daude jomugan, eta badirudi saguzarrak izan daitezkeela". Itxuraz, gaixo dauden animaliak ukituta edo janda (transmisioa fluidoen bidez gertatzen da) kutsatzen dira gizakiak.
Hori horrela, basoetatik gertu eta nahiko ingurune isolatuetan bizi diren giza taldeetan identifikatu izan dira ebola kasu gehienak. Ziurrenik horri esker, infekzioak ez ditu triskantza handiagoak eragin. Izan ere, ebolak eragindako hilkortasun tasak ikaragarriak dira (% 90era artekoak, motaren arabera), baina datu soilei erreparatuta, zera ikusten dugu: 1976az geroztik 25 agerraldi izan ditu birusak gutxi gorabehera, 2.000 lagun pasatxo kutsatu ditu guztira, eta horien artean 1.300 inguru hil ditu. Zifra absolutuak txikiak dira, heriotza kasuen proportzioa da deigarria hemen.
Izan ere, aurrea hartzen ez bazaio, ebolaren birusak gorputzari ematen dion astindua handia da oso. Quindosek dioenez, "gizakiengan diagnostikatu diren kasuetan, hasieran, gripea dirudi. Sukarrak gora egiten du, dardarak eta hotzikarak hasten dira, buruko eta artikulazioetako minak, goragalea ere ohikoa da…". Baina gripearekin nahastu daitezkeen sintoma horiek gertatu bitartean, birusa zeluletan sartzen ari da, eta oso azkar ugaltzen. Horren aurrean, gorputzak bonba baten moduan erantzuten duela azaldu du Quindosek: "Nolabait, birusak gure erantzun immunitarioa manipulatzen du, berak nahi duena egin dezan. Orduan, birusak zelulak hausten ditu, baina erantzun immunitarioak beste hainbeste egiten du, aldi berean".
Hala, gripea dirudien gaitz horrek okerrera egiten du astebeteren ondoren. Hemorragiak ezkutatzen dituzten orbanak lehenik, eta era guztietako odoljarioak gero. "Gaixoak likidoak eta odola galtzen ditu pixkanaka, eta azkenean shock egoera baten moduko erreakzio bat gertatzen da, eta hil egiten da", esan du Quindosek.
Gaur egun, ebolaren birusak ez du txertorik, ez eta sendabide espezifikorik ere. Baina beste edozein infekziori aplikatzen zaizkion neurriak baliagarriak dira kasu honetan ere. Hasteko, prebentzioa: "Eskuak garbitzea da neurri erabilgarrienetako bat, birus asko deuseztatzen direlako horrela. Berez, profesionalek gaixo hauek artatzen dituztenean, isolatu egiten dituzte, transmisioa kontaktu bidez ematen baita gehienbat".
Eta jarraitzeko, diagnostiko eta erantzun goiztiarra: ahaleginak eta bi egin behar dira gaitzari gripe moduko fase horretatik harago joaten ez uzteko. Quindosen arabera, "gaixoa goiz artatzen badute, bizi konstanteak mantendu eta hidratazioa bermatzen bazaio, horrek guztiak asko laguntzen du. Azken epidemia honetan ikusten ari gara hori. Onik ateratzen ari diren gehienak hasierako sintomak izan zituzten unetik bertatik artatu dituztelako ari dira sendatzen, zorte hori izan dute. Beti bezala, denbora alde dugunean errazagoa da osatzea, tratamendu espezifikorik ez dagoenean ere bai".
Ginea eta Liberia jo dituen azken agerraldi honen kasuan, identifikatu duten ebola birusa mota guztietan hilgarriena da. Hala ere, hilkortasun tasa % 60aren bueltan dago une honetan. Zifra handia da oso, baina askoz ere handiagoa izan da beste kasu batzuetan, % 90era artekoa. Asko dago egiteko oraindik, baina bidean ikasitako neurriak ari dira emaitzak ematen, pixkanaka.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du. | science |
zientzia_kaiera-b47440b1089b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/05/argiaren-norabidearen-arabera-kolorez-aldatzen-den-material-hibrido-fluoreszente-bat/ | Argiaren norabidearen arabera kolorez aldatzen den material hibrido fluoreszente bat | unknown | 2014-05-05 00:00:00 | Argiaren norabidearen arabera kolorez aldatzen den material hibrido fluoreszente bat
UPV/EHUko Espektroskopia Molekularreko Taldeak, CSICeko Katalisi eta Petroleokimika Institutuarekin batera, argiztatzeko erabiltzen den argiaren polarizazioaren arabera kolorez aldatzen den fluoreszentzia handiko material hibrido bat garatu du. American Chemical Society erakundeak argitaratutako eta fotonikari bakarrik eskainitako ACS Photonics aldizkari berrian argitaratu dute material berri horri buruzko ikerketa.
Osagai organiko bat eta ez-organiko bat dutenez, bien ezaugarri onenak sistema bakarrean bateratzea dute helburu material hibridoek. Mundu osoko laborategietan material hibrido berrien garapena lantzen ari dira, aplikazio teknologikoetarako eta, bereziki, nanoteknologikoetarako. Dagoeneko erabiltzen dira hainbat arlotan: autoetarako material arinetan, kirol ekipamenduetan, material biomimetikoetan, protesietan, etab.
Kimika Fisikoa Saileko ikerketa-talde honek lortu nahi zuen material hibridoak baldintza oso espezifikoak bete behar zituen. Material ez-organiko anfitrioiak egitura kristalinoa izan behar zuen (nanokanal paraleloekin), material organiko ostalariko (koloratzaile bat) molekulak lerrokatu ahal izateko; anfitrioiaren poroen neurriak 1 nm (1 milimetroren milioirena) baino txikiagoa izan behar zuen, koloratzailea neurri-neurrian doitu zedin; azkenik, bi koloratzaile behar zituzten, neurri eta forma antzekoarekin, baina argiaren kinada jasotzean desberdin erantzungo zutenak (bakoitzaren propietate optikoengatik).
Beraz, nanoegitura ez-organikoaren eta koloratzailearen molekulen arteko doitze perfektua lortzea izan zen erronka nagusia. Horretarako, material anfitrioi gisa aluminofosfato bat erabili zuten (AIPO-11), bere poroek neurri perfektua baitute fusionatutako hiru bentzeno eraztuneko egitura duten koloratzaileak barne hartzeko, erabilitakoak bezalakoak: pironina (fluoreszentzia berdeduna) eta akrinina (fluoreszentzia urdinduna). Virginia Martínez Espektroskopia Molekularreko Taldeko Ramón y Cajal programako ikertzaileak azaldu duenez, "koloratzaileak ordenatuta sartzen dira, nanokanaletan barrena lerrokatzen dira eta beren propietate fluoreszenteak hobetu egiten dira horien barnean". Koloratzailearen malgutasun molekularra mugatzeaz gain, modu monomerikoan sartuta gelditzen dela da hobekuntza horren arrazoia; hau da, kanalean unitate bereizietan sartzen da eta horri esker unitate horiek oso lumineszenteak dira, unitateak elkartzean fluoreszentzia galdu egiten baita.
Doikuntza perfektu hori lortzeko, sintesi prozedurak funtsezko zeregina izan zuen. Normalean, material hibrido fotoaktiboetan, zati organikoa gas edo likido fasean sartzen da zati ez organikoan (difusio bidez), baina metodo horrekin ez da ikerketa honetarako beharrezko oklusio maila lortzen. Beraz, koloratzailea material ez-organikoa sintetizatzeko erabiltzen den gelean sartzea erabaki zuten; hala, kristala hazten zihoan heinean, kromoforo organikoa barne hartuz zihoan.
Hasieran koloratzaile bakarra sartu zuten, pironina, eta lumineszentzia handiko material bat lortu zuten. Hain zuzen ere, fluoreszentziarako mikroskopia fokukidea erabiliz, kanal osoan zehar ia koloratzaile molekula guztiak lerrokatuta zeudela ikusi zuten (40ko arrazoi dikroikoa), ordura arte inoiz lortu ez bezala.
Ondoren, pironina eta akridina sartu zituzten aldi berean sintesi prozesuan, eta 30 x 20 mikrako kristal angeluzuzenak lortu zituzten. Kristal horiek nabarmen aldatzen ziren kolorez, horiek argiztatzeko erabiltzen zen argiaren polarizazioaren arabera: argia kanalean barrena polarizatuta bazegoen, berdea ikusten zen; eta polarizazioa perpendikularra bazen, urdina ikusten zen. Jarrera horrek koloratzaileen artean energia transferentzia bat gertatzen zela adierazten zuen.
"Gainera, kolorearen sintonizazio prozesua berehalakoa eta eraginkorra da, erabat itzulgarria eta erreproduzigarria, nekearen aurkako erresistentzia handikoa", adierazi du Iñigo López Arbeloak. Horregatik, mota honetako material hibrido fotoaktiboek aplikazio asko izan ditzakete: zelula fotovoltaikoetan antena gisa, informazioa biltegiratzeko, kable fotonikoetan, laser sistemetan, etab. Hain zuzen ere, material hibrido berri hau aurrerapauso bat da egoera solidoko laser sintonizagarrien garapenean, eta horrek interes handia pizten du biomedikuntzaren arloan, egun erabiltzen diren laser likidoak baino errazago erabiltzen baitira eta gutxiago kutsatzen baitute.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Diseñan un nuevo material híbrido fluorescente que cambia de color con la dirección de la luz.
Virginia Martinez-Martinez, Raquel Garcia, Luis Gomez-Hortiguela, Rebeca Sola Llano, Joaquin Perez-Pariente, Inigo Lopez-Arbeloa (2014): "Highly Luminescent and Optically Switchable Hybrid Material by One Pot Encapsulation of Dyes into MgAPO-11 Unidirectional Nanopores" ACS Photonics 1(3): 205-211. | science |
zientzia_kaiera-81dde2730fcf | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/04/asteon-zientzia-begi-bistan-11/ | Asteon zientzia begi-bistan #11 | unknown | 2014-05-04 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #11
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.
Geneak, genetikak, genomak jakin-min handia pizten dute. Giza genomaren sekuentziazioak hainbat gaixotasunen geneak aurkitzeko aukera eman du. Ez da ez nolanahiko gaia. Koldo Garcia ikertzaileak, besteak beste, geneak ditu maite eta hauen sekretuak erakusten dizkigu Edonola blogean. Oraingoan aro berri bat deskubritzen digu, "Omika" aroa. Nondik dator aro hau? Koldok azaltzen digunez, genoma ikertzeari genomika deitu zitzaion. "Omika"rekin multzoen azterketa definitzen da. Adibidez: proteomika, proteina multzoen (proteoma) azterketa da edo metilomika, metilatuta dauden gene multzoaren azterketa da. Garai berri honek izaki bizidunok nola funtzionatzen dugun eta eboluzioa nola gertatu den ondorioztatzeko baliagarria dela plazaratzen digu Omika Garaia artikuluan.
Amebiasi gaixotasuna klima bero eta tropikaletan ugariak diren Entamoeba histolyca ameba-espezieak sortzen du. Ameba hau heste lodian kokatzen da eta trogozitosia erabiltzen du koloneko zelulei eraso egiteko. Guillermo Roa zientzia-dibulgatzaileak Elhuyar aldizkarian Virginiako Unibertsitateko ikertzaileek amebaren inguruan egindako ikerketa bati erreparatzen dio. Ikertzaileek amebiasia nola sortzen den argitu dute. Dirudienez Entamoeba histolyca ameba parasitoak zelulari zatiak kentzen dizkio oraindik bizirik dagoela, eta zati horiek fagotizatzen ditu. Ondorioz, denborarekin koloneko zelularen barruko kaltzio-kontzentrazioa handitu egiten da eta zelula hil egiten da. Horrela suntsitzen omen du amebak ehuna eta amebiasia gaixotasuna eragiten du. Guztia Amebaren hozkada txikiak artikuluan.
40 urtetik aurrera sarri agertzen da belaunetan, aldaketan, eskuetan edo bizkarrezurrean eragina duen gaixotasun bat: artrosia. Gaitz honen jatorria ez dago argi baina jakin badakigu, artrosia kartilagoen zahartze-prozesuaren ondorioz sortzen dela. Artrosi bi mota daude. Bat, mugatua eta orokorra da, idiopatikoa. Bestea, bigarren mailakoa deritzona, traumatikoa edo metabolikoa izan daiteke edota jada jaiotzatik pairatu daiteke. Iker Villanueva fisioterapeutak asteon artrosia diagnostikatzeko irizpideak eta tratamenduak jorratzen ditu Fisteus blogean. Diagnostikoa lortzeko irizpideetan ez dago adostasunik, antza. Beraz, hainbatek sintometan oinarritzen diren irizpideak jarraitzen dituzte. Aldiz, badago erradiografien emaitzak izaten dituztenak kontuan diagnostikoa egiteko. Eta azkenik, aurreko talde bien arteko konbinazioa proposatzen dutenak ere. Gai interesgarria, batez ere, 40 urte baino gehiago dugunontzat: Belauneko artrosia.
Nagiak ezagunak dira hainbat ordu buruz behera zintzilik emateko gaitasuna duten animaliak direlako. Gizakiok ez gaude prestatuak postura horretan orduak emateko. Horrela egonez gero, gure sabeleko organoek birikiak presionatuko lituzkete, arnas hartze prozesua zailduz. Beraz, gure galdera da, nola da posible hau nagien kasuan? Galesen dagoen Swansea Universityko ikertzaileek nagi hiruhatza den Bradypus variegatus izan dute aztergai. Egindako ikerketaren arabera, nagiek sabeleko organoak ainguratzen dituzte, finkatu egiten dituzte saihets-hezurretan atxikidura batzuei esker. Antton Alberdi biologoak kontatzen digu Euskalnatura blogean: Nola biziraun buruz behera bizitzen.
Gure burmuinean neuronez gain baditugu bestelako zelulak ere. Adibidez, gliak. Gliak nerbio-sistemako zelulak dira eta neuronak baino 10 aldiz ugariagoak dira. Euren zereginen artean neuronak elikatzea dago. Lau glia mota daude: oligodendrozitoak, astrozitoak, zelula ependimarioak eta mikrogliak. Mikrogliak tamaina txikiko zelulak dira eta izena, Santiago Ramón y Cajal ikertzaile nafarrarekin eta Nicolás Achúcarro neurozientzialari bilbotarrarekin lan egin zuen Pío del Río Ortegak jarri zien. Mikrogliari "Hortegaren zelula" ere deitu izan zaio. Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko Neurozientzian blogean azaltzen digute mikrogliaren helburu nagusia fagozitosiaren bitartez nerbio-sistema zentrala garbitzea dela. Horrela, hildako edo baliogabeko substantziak deuseztatzen laguntzen dute. Xehetasun gehiago Mikroglia artikuluan.
Charles Hatchett kimiko ingelesak 1801ean niobio elementu kimikoa aurkitu zuen Britainiar Museoan lan egiten zuenean. Bertan, kolunbita pieza bat aztertzen zebilenean antzeman zuen beste zerbait, elementu berriari kolunbioa deitu zion, gerora niobioa deitu zioten. Egun, adibidez, niobioa altzairuaren erresistentzia indartzeko erabiltzen da. Batez ere, aleazioetan erabiltzen da. CEIT-IK4 ikerketa zentroko Tratamendu Termomekaniko taldea muturreko egoerak jasan behar dituzten eta ondorioz, erresistentzia aparta behar duten materialak hobetzeko lanetan ibili dira. 2012an burututako lan baten emaitzak kaleratzeko idatzitako bi artikulu saritu ditu Londresko Materialen, Mineralen eta Meatzaritzaren Institutuak (IOM3). Sariak, Charles Hatchett kimikari ingelesaren omenez izena daramanak, azken bi urtetan niobioaren eta bere aleazioen inguruan plazaratutako artikulu onena saritzen du eta aurten, CEIT-IK4 taldeko lau emakume ikertzaileek jasoko dute berau. Amaia Portugal kazetariak kontatzen digu Berrian: Neurri txikian, uzta handia.
MIT Institutuko ikertzaile talde batek zentral nuklearrak itsasoan jartzeko diseinua landu du. Horretarako petrolio plataformak hartu ditu eredu. Itsas erdian egonik Fukushimako istripuak eragindakoak saihesteko bidea direla uste dute ikertzaileek. Izan ere, ingeniarien ustez ezinezkoa da matxura elektriko baten aurrean ur hornidura etetea. Erregai-barrak itsasoaren azpian egongo zirenez, urak grabitatez zirkulatuko luke hozte-sisteman zehar. Joxerra Aizpurua kazetariak azaltzen digu gaia Argia aldizkarian: Zentral nuklearrak itsasoan?
Iraganak gauza bitxiak gordeta ditu. Duela 250 milioi urte, Pangea eratu baino askoz lehenago, Fuxianhuia protensa izeneko otarrainxka batek sistema kardiobaskular osoa lortu zuen, bihotza eta guzti. Burmuin bat ere elikatzen zuen sistema horrek. Harrigarria kontuan hartuz gero, haren "belaunaldiko" beste kide askok muskuiluen mailako adimena zutela. Ikertzaileek uste dute Fuxianhuia protensa horrek begiak zituela eta hiru nerbio-zentrok kontrolatuak. Gainera, bi lobulu optiko izango zituen burmuinean. Uste dute begi horiek egungo intsektuenak bezain konplexuak izango zirela. Beraz, baliteke egungo intsektuak bezalako artropodoen antzerako bizitza konplexua egon izana Aro Kanbriarraren hasieran. Denboraren urruneko muturrean Fuxianhuia protensak baietz diosku eta Antonio Cantó dibulgatzaileak azaltzen digu Zientzia Kaiera blogean: Aro kanbriarreko bihotzak. | science |
zientzia_kaiera-e4a3ef408a6d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/03/ezjakintasunaren-kartografia-11/ | Ezjakintasunaren kartografia #11 | 2014-05-03 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #11
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Bizikleta normal batentzat hobeagoa da banbuzko markoa aluminiozkoa baino. Hori ba, soilik ipurdian nabarituko duzu onura. Carlos Casanuevak azaltzen digu Bamboo bikes are better for your buttocks. Haren testua, Science Seeker editoreen asteko hautaketan dago.
Aldizkari zientifikoen izenburuetan gai errepikaria da Planetako espezie kopuruaren auzia. Batzuen ustez oraindik milioika espezie daude deskribatzeke. Beste batzuek, aldiz, jada zientziak espezi guztiak katalogatuak dituela uste dute. Nork du arrazoia? Rafael Medinaren artikuluan, agian erantzuna dugu: You better look twice or the importance of the not-so-cryptic species.
Minaren atzean dauden molekula-mekanismoak ez dira guztiz ezagunak. Minaren sentsazioaren zati garrantzitsu bat neuronen transmisioan datza eta baita, kanal ioniko jakin batzuk parte hartzen duten moduan. Esploratzen hasi den lurraldea. Sergio Laínezen Chasing painful channels artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-d9ab5a144adf | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/05/02/aro-kanbriarreko-bihotzak/ | Aro kanbriarreko bihotzak | 2014-05-02 00:00:00 | Aro kanbriarreko bihotzak
Liluragarria den bizia delako fenomeno horri buruzko zehaztapen gehiago erdiesten goazelarik, ikusten goaz nahiko gauza bitxiak gertatu direla iraganean. Horra hor organo sofistikatu eta konplexuen sorkuntza, ustez behe mailakoak ziren bizi-formetan gertatua. Hil honetan jakin dugu azken-azkenekoa[1]: duela 520 milioi urte Aro Kanbriar hasieran bazeuden sistema kardiobaskular aurreratuak.
Zorrotz eutsi diezaiogun kontuari, zeren eta tartean hainbat milioi daudelarik, dirutan ari garenean bezala gal baitezakegu sena. 520 milioi urte horiek, Lurraren adinaren ia zortziren bat dira. Alegia, Pangea eratu baino askoz ere lehenago. Garai hartan, Panotia banatu berria zen Laurentia, Gondwana, Baltika eta Siberiatik, eta bakterio eta liken batzuk salbuespen zirelarik, beste bizi guztia itsasotik atera gabe zegoen artean, eta lur lehor guztiak harkaitz basamortu ikaragarria ziren. Trilobiteak, jaio berriak ziren orduan; hau da, orain dela denbora asko.
Eta itsas primitibo horretan, hara non Fuxianhuia protensa izeneko otarrainxka batek oso-osorik lortu zuen sistema kardiobaskular bat, bihotza eta guzti. Burmuin bat ere elikatzen zuen sistema horrek. Aurretik ere harritu egin gintuen otarrainska honek, 2012an jakin baikenuen Fuxianhuia honek bazuela egungo izkira, karramarro eta otarraina bezalako malakostrazeoen antzerako burmuina[2]. Agian zu bezalako ugaztun bati ez zaio harrigarria gertatuko, baina kontuan hartu behar dugu bere "belaunaldiko" beste kide askok muskuiluen mailako adimena zutela (eta horrek bere horretan jarraitzen du egun ere). Areago, baliteke Fuxianhuia bakarra ez izana. Tankera horretako burmuinak eta sistema kardiobaskularrek iradokitzen dute agian bazutela oso portaera konplexua, guk uste baina askoz ere lehenago sortua[3].
Konplexutasuna da gakoa, eta begiak dira konplexutasun horretan beste osagaietako bat. Nekez irudika dezakegu bizia eragin zuen lokatz horretatik nola sortu ziren guri begira jar zitezkeen begiak. Eta begiak oso goiz sortu ziren, eta elkarrengandik urrun zeuden phylumetan. Gainera, eboluzio bide berari eutsita gertatu zen beti ere, gene eta proteina beretatik abiatuta[4][5]: zelula fotosentikor batzuk gero eta gehiago sofistikatu ziren, eta prozesu hori are lehenago hasi zen, duela 540 milioi urte. Ziur aski, Fuxianhuia protensa horrek bazituen begiak ere, hiru nerbio-zentrok kontrolatuak. Gainera, bi lobulu optiko izango zituen burmuinean. Hau guztia lehenengoak sortu eta handik hogei milioi urtera. Uste dute begi horiek egungo intsektuenak bezain konplexuak izango zirela[6].
Eta hori dela eta, bi galdera ditugu beti buruan: Zenbat bizitza egon daiteke unibertsoan? Eta zenbat bizitza konplexu egon daiteke? Izan ere, eragozpenik ez daukagu aminoazido batzuk berez erreplikatzen irudikatzeko, baina ez dugu hain erraz irudikatzen lokatz hori bukaeran zuri begira jarri eta adiskide ala janaria ote zaren erabakitzen jarri izana. Beste era batera ikus daitezke gauzak: Zer ote da bizia? Ba ote da oso fenomeno bitxia, mila bira kosmiko behar izan dituena? Edo ba ote da aldiz, kristalen antzera, nonahi errealitatean materiari gertatzen zaion berrantolaketa bat? Eta noraino da "zaila" bizi konplexu hori, telesaioek eraginda negarrez leher egiten duen bizia, edo espazio-ontziak egiten dituena? Sortzeko prest ote dago edonon baldintzapen berberen pean, edo dado partida latz bat gehiago behar ote du?
Zer esanik ez, oraindik ez dakigu galdera horiei zer erantzun, baina badira zantzuak. Horietako batek iradokitzen du bizitza zenbat eta zaharragoa izan hainbat eta ulergarriagoa gertatzen dela bere sorrera. Izan ere, badakigu bizitza oso-oso zaharra dela. Bilduak ditugu duela 3.700 milioi urteko aztarna biologikoak[7], hau da, Lurra sortu eta handik mila milioi urtera edo pixka batez lehenago. Zalantzarik gabe, bazeuden mikrobio sistemak duela 3.480 urte[8], hau da, gutxi gora behera unibertsoaren adinaren lehen laurdena beteta. Horrela, baliteke egungo intsektuak bezalako artropodoen antzerako bizitza konplexua egon izana Aro Kanbriarraren hasieran. Denboraren urruneko muturrean Fuxianhuia protensak baietz diosku. Agian erraza da hau guztia, ezta?
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da
[1] Xiaoya Ma, Peiyun Cong, Xianguang Hou, Gregory D. Edgecombe, Nicholas J. Strausfeld: An exceptionally preserved arthropod cardiovascular system from the early Cambrian. Nature Communications, 2014; 5. DOI: 10.1038 / ncomms4560.
[2] Xiaoya Ma, Xianguang Hou, Gregory D. Edgecombe, Nicholas J. Strausfeld: Complex brain and optic lobes in an early Cambrian arthropod. Nature 490, 258 – 261 (2012). DOI: 10.1038 / nature11495.
[3] Hou, X-G; Siveter, D. J. et al.: Collective Behavior in an Early Cambrian Arthropod. Science 322 (5899): 224 (2008). DOI: 10.1126 / science.1162794.
[4] M. F. Land, D. E. Nilsson: Animal eyes. Oxford University Press, Oxford, 2002. ISBN: 0-19-8575645 / 0-19-8509685.
[5] Kozmik Z. et al: Role of Pax genes in eye evolution; a Cnidarian PaxB gene uniting Pax2 and Pax6 functions. Developmental Cell 5 (5): 773–785. DOI: 10.1016 / S1534 – 5807(03)00325 – 3.
[6] Patterson, J. R.; García-Bellido, D. C. et al.: Acute vision in the giant Cambrian predator Anomalocaris and the origin of compound eyes. Nature 480: 237–240 (2011). DOI: 10.1038 / nature10689.
[7] Ohtomo, Y. et al.: Evidence for biogenic graphite in early Archaean Isua metasedimentary rocks. Nature Geoscience 7, 25–28 (2014). DOI: 10.1038 / ngeo2025.
[8] Noffke, N.; Christian, D.; Wacey, D., Hazen, R. M.: Microbially induced sedimentary structures recording an ancient ecosystem in the ca. 3.48 billion-Year-Old Dresser Formation, Pilbara, Western Australia. Astrobiology 13 (12): 1103-1124 (2013). DOI: 10.1089 / ast.2013.1030. | science |
|
zientzia_kaiera-cb8f6dda1d02 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/29/javier-meana-enpresa-farmazeutikoak-gai-dira-pandemia-mehatxu-txiki-bat-mehatxu-erraldoi-batean-bihurtzeko/ | Javier Meana: "Enpresa farmazeutikoak gai dira pandemia mehatxu txiki bat mehatxu erraldoi batean bihurtzeko" | 2014-04-29 00:00:00 | Javier Meana: "Enpresa farmazeutikoak gai dira pandemia mehatxu txiki bat mehatxu erraldoi batean bihurtzeko"
Kafetegi batean egunkaria irakurtzen gaudela, bat-batean titular honekin egiten dugu topo: "Hegazti gripea, pandemiaren arriskua". Artikulua irakurtzen hasi eta gorputzean beldurra sartzen zaigu. Ekidin nahiko genukeen nolabaiteko ezinegona. "Gaixotasun hau ez da edonolakoa. Badaramatzagu hilabete pare bat albiste hauek entzuten eta badirudi kontua ez dela txantxetakoa. Milaka lagun hilko al dira munduan? Hobe dugu denok horretarako prestatzea…", pentsatzen dugu.
Ez gara beldur hori dugun bakarrak. Lanean, eskoletan, metroan, autobusetan… jende guztiak berdina komentatzen du. Benetan gertatuko ote al da? Gainera, mundu mailako erakundeek (Munduko Osasun Erakundeak, adibidez) bere iritzia eman dute gaiaren gainean eta denek dute kezka bera: ez daude seguru pandemiarik egongo den edo ez (ez, behintzat, 100%an), baina arriskua hor dago eta gizartea horretarako prestatu behar da. Herrialdeek, arrisku horren aurrean, txerto eta medizina mordoa erosteko erabakia hartu dute. Ez dira beren herritarrak izango hurrengo hilabeteetako prentsan agertuko direnak. Ez, behintzat, hildakoen albisteetan. Eta dirutza gastatzeko erabakia hartu da.
Hala ere, dirua ez da txertoetan bakarrik xahutu. Enpresek eta eskolek, garbitasunaren aitzakiarekin, hamaika produktu erosi dituzte. Honela, denok ohitu gara eskuak produktu garden eta likatsu batekin garbitzera. Prebentzioa, guztiaren aurretik. Baina, denbora aurrera joan ahala, ez dugu gaixorik ikusten gure inguruan. Milaka lagun hil beharrean, gutxi batzuk daude eztularekin. "Katarro normalak jende gehiago hil duela esango nuke", pentsatu dugu denok. Azkenean ez da pandemiarik egon, zorionez, baina denok dugu engainatu gaituztenaren inpresioa.
Enpresa farmazeutikoek asmatu al zuten hau dena duela 6-7 urte? Urteak pasatu dira harrez geroztik, baina, zer gertatu da gastatu zen diru guztiarekin? Zientzia Kaiera Javier Meana farmakologoarekin elkartu da gai honetaz eta beste askotaz hitz egiteko. Hauexek dira Medikuntzan eta Kirurgian doktorea den eta EHU-n Farmakologian katedraduna den ikertzailearen hitzak.
Irakasle edota ikertzaile bezala galdetzen didazu?
Irakasle bezala, nire helburua da farmakologia ikasleei irakastea eta, batez ere, Medikuntza ikasketak burutzen dituzten 5. mailako ikasleei ematen dizkiet klaseak. Farmakologia klinikoa ikasgaia da ematen dudana eta, klasean, ikasi dituzten gaixotasun bakoitzarendako zein sendagai erabili behar duten erakusten saiatzen naiz. Irakasgai konplikatua eta, gainera, urtero gauza berriak ikasi behar ditugu. Eguneratua egotera behartzen zaituen irakasgaia da eta etengabe egon behar dugu gauza berriak irakurtzen.
Farmakologia sail batean egiten dut lan eta, bertan, sendagaiekin lotuta dauden ikerketak burutzen ditugu. Jendeak kokatu gaitzan, gure ikerketa taldea neuropsikofarmakologiaren barruan sartzea gustatzen zait. Honela identifikatuta geratzen gara. Gure jardun nagusiari dagokionez, aipatu beharra daukat gaixotasun mental ezberdinen oinarri biologikoak identifikatzen saiatzen garela. Gaixotasun psikiatriko larrien oinarri biologikoak aztertzen ditugu, alegia. Eta, zein gaixotasun? Bada, depresioa, eskizofrenia… Bestalde, gaur egun dauden sendagai ezberdinak aztertzen ditugu ere. Psikiatrian eta baita Medikuntzan ere, urteetan zehar, paradoxa bat eman izan da: sendagaiak funtzionatzen zuela bagenekien baina ez genekien ongi nola funtzionatzen zuen. Badirudi arraroa dela esaten dudan hau, baina oso gauza arrunta da. Hau medikuntzaren historia da, besterik gabe. Adibide batekin ongi ulertuko da. 150 urtez egon gara aspirina hartzen eta bagenekien efektiboa zela, baina bere akzio mekanismoa nolakoa zen 90ko hamarkadan ikasi genuen. Izan ere, Nobel saria eman zioten hau aurkitu zuenari. Oso arrunta da hau guztia Medikuntzan.
Ez, ez. Begira, beste adibide batekin azalduko dizut. Badira sendagai asko bere abiapuntua landare batean izan zutenak. Landare horiek belaunaldiz belaunaldi erabili izan dira eta efektiboak ziren. Ondoren, XIX. mendeko kimikariak etorri ziren eta bere sintesi kimikoa egin zuten. Interesatzen zitzaien produktua hartu eta hau isolatzeko gai izan ziren. Urteetan egon gara medikamentu hauek hartzen eta ez genekien ongi bere funtzionamendua nolakoa zen.
Nik uste gai honetan badela gizartearen partetik hipokresia puntu bat ere. Gaian sartu aurretik gauza bat garbi utzi nahiko nuke: enpresa farmazeutikoen etsairik txarrenak farmakologoak gara. Hau garbi dago. Sektore publikoko farmakologoak dira sendagaiak erabili behar direla erakutsi behar dutenak. Beraiek dira konbentzitu behar gaituztenak. Hau da, marketinga froga zientifikotik banatu behar dute eta gizarteari erakutsi sendagaiak benetan direla erabilgarriak. Hori gure lanbidearen parte da. Eta honek zer esan nahi du? Bada, askotan farmazeutikei ezetz esatea.
Enpresa farmazeutikoak enpresa pribatuak dira. Kotxeak edota armak egiten dituzten enpresak bezalakoak, alegia. Ez gehiago ez gutxiago. Egia da ere enpresa farmazeutiko hauek zalantzan jarri daitezkeen praktikak eta lan egiteko moduak ere izan dituztela, modu suabe batean esateagatik. Hala ere, enpresa hauek beharrezkoak ditugun produktuak egiten dituzte eta beraien existentzia beharrezkoa da gizartearentzat. Gainera, dituzten ezaugarriak kontutan hartuta, enpresa hauek multinazionalak izan behar dute.
XIX. mendeko farmazeutikoek beren etxean egiten zituzten sendagaiak. Gaur egun, ordea, dugun legislazioa kontutan hartuta, ezinezkoa da hau gertatzea. Orain egiten ditugun medikamentuek sekulako kontrolak pasatzen dituzte. Merkatuan dagoen edozein produktuk baino askoz ere fuerteagoak. Sendagai bat sortzen denetik merkatura ateratzen den arte, 10 urte kalkulatzen dira. Denbora tarte hau askoz ere handiagoa da abioi edota kotxe bat fabrikatzeko baino. Patenteek, gainera, 20 urte irauten dute medikamentuen kasuan eta, patente hau, produktua sortzen den unetik eskatzen da. Beraz, 20 urteko patente eskubidea lortzen baduzu eta, 10 urte itxaron behar badituzu merkatura atera arte, honek esan nahi du, 10 urte ibiliko zarela inbertitzen eta ez duzula bueltan ezer ere ez lortuko. Hau da, enpresa farmazeutikoek beste edozein enpresak baino denbora tarte gutxiago dute bere inbertsioak berreskuratzeko. Bestetik, garapen farmazeutikoa hasi zuten 10.000 molekuletatik, bakar batek bakarrik lortzen du merkatura iristea. Hau da, enpresa farmazeutikoek planteatzen dituzten molekula gehienak bidean geratzen dira. Oso negozio arriskatuak dira eta honegatik da beharrezkoa enpresa mota hauek multinazionalak izatea. Enpresa txiki batek ezin dezake hau guztia jasan.
Bai, baina enpresa hauek desagertzen joan dira. Enpresa handiagoetan sartuz joan dira pixkanaka. Oso inbertsio handiak dira behar dira medikamentuak egiteko, oso denbora luzean gainera, eta aukera gutxi daude arrakasta lortzeko. Honegatik erabiltzen dute hainbeste diru enpresa hauek bere marketingean. Dirua berreskuratzeko edozein enpresak baino denbora gutxiago dute, eta ezinbestekoa da beraientzat marketing ona egitea. Inbertsio erraldoi honek sendagaien prezioak justifikatzen ditu. Patenteak bukatzen direnean, prezioak nabarmen egiten du behera.
Gai hauetaz hitz egiten denean, kontuan izan behar dugu gauzak ez direla zuriak edo beltzak. Konplexuagoa da. Hasteko, esan beharra dago, enpresa farmazeutiko batek negozioa egiteko aukera bat ikusten badu, horren bila joango dela. Honetarako gainera, makinaria potente bat dute marketing-aren ikuspuntutik. Enpresa hauek gai dira mehatxu txiki bat mehatxu erraldoi batean bihurtzeko. Hala ere, ez dugu ahaztu behar, honelako mehatxu bat dagoenean beti egoten dela ziurgabetasun puntu bat. Ez dakizu ongi zer gertatu daitekeen. Honi guztiari, alerta maila nolakoa izan behar zuen erabaki behar zuten pertsonek enpresa hauetan interes pertsonalak zituztela gehitzen badiozu… Eta egon da ere kasuren bat non sendagaia bera gaixotasuna etorri aurretik eginda egon den. Hori bai dela grabeagoa…
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da. | science |
|
zientzia_kaiera-9755c6da089f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/28/neandertal-eta-cromagnon-gizakiak-ez-ziren-aldi-berean-iberiar-penintsulan-bizi-izan/ | Neandertal eta cromagnon gizakiak ez ziren aldi berean Iberiar penintsulan bizi izan | unknown | 2014-04-28 00:00:00 | Neandertal eta cromagnon gizakiak ez ziren aldi berean Iberiar penintsulan bizi izan
Neandertal bat eta lehendabiziko gizakietako bat elkartzen irudikatzen genuen irudi hori ez zen Iberiar penintsulan gertatu. Horixe da, hain zuzen ere, Pirinioetatik sartzeko ibilbidean kokatutako hiru kobazuloetan (L'Arbreda, Labeko Koba eta La Viña) gure espezieko lehenengo gizakien aztarnen data berriz jarri eta gero nazioarteko ikertzaile talde batek lortu duen ondorioa; taldeko ikertzaileak Australian National Universityn, Oxfordeko Unibertsitatean, UPV/EHUn, Marylandeko Unibertsitatean, Universitat de Gironan eta Oviedoko Unibertsitatean ari dira lanean.
Historia aurreko aztarnen data ezartzeko orain arte karbono 14 sistema erabiltzen zen, urteek aurrera egin ahala desagertzen den isotopo erradioaktibo bat. 40.000 urte igaro eta gero (gutxi gorabehera lehenengo gizakiak Europara iritsi zirenetik denbora hori igaro baita), oso zati txikia gelditzen da, zati txiki hori erraz kutsa daiteke eta baliteke data berriagoen itxura ematea. 2005. urtean hasi ziren teknika berri bat aplikatzen, DNA probetan kolagenoa purifikatzeko erabiltzen dena. Metodo horri esker, materia organiko originalaren zatia lortzen da, ondorengo kutsadura guztia kenduz.
Teknika berri honekin, zientzialariek ondorio berberak lortu dituzte Europa osoko aztarnategi gakoetan: "Ikusi dugunez, gure espeziea uste zena baino 8.000 urte lehenago iritsi zen Europara, eta gure espeziearen datazio zaharrenak eta neandertalaren berrienak ikusi daitezkeen lekuan antzeman daiteke eskualde marko zehatz batean ez dagoela gainezarpenik" azaldu du Alvaro Arrizabalaga Geografia Historiaurrea eta Arkeologia saileko irakasleak eta, María José Iriarte eta Aritza Villaluengarekin batera, ikerketan parte hartu duen UPV/EHUko ikertzaileetako batek.
Argitaratu berri den ikerketarako aukeratutako hiru haitzuloak Gironan (L'Arbreda), Gipuzkoan (Labeko Koba) eta Asturiasen (La Viña) daude, hau da, Pirinioetako mendebaldeko eta ekialdeko muturretan; penintsularen eta kontinentearen arteko herritarren eta animalien joan-etorria eremu horretan gertatzen zen. Arrizabalagaren hitzetan, "L'Arbreda ekialdeko pasoan dago; Labeko Koba, Deba haranean, Mendebaldeko Pirinioetatik zehar sartzeko igarobidean dago (Arrizabalagak eta Iriartek 1988. urtean urgentziaz induskatu zuten, Arrasateko saihesbidearen eraikuntza lanek hondatu baino lehen), eta La Viñak paradigma balioa du, Goi Paleolitoko sekuentzia bikaina eskaintzen baitu, hau da, azken glaziazioan cromagnonek izan zuten jokabide tekniko eta kulturalaren sekuentzia."
Aztarnen aukeraketa oso zorrotza izan zen eta hezurrez egindako tresnak edo, horiek ezean, giza jardueren aztarna argiak zituzten hezurrak baino ez ziren onartu; azken kasu horri dagokionez, oro har, haragia kendu izanaren markak zituztenak hautatu ziren, hau da, giharra kentzeko tendoien inguruan ebaketak zituztenak. "Labeko Kobako kurba tinkoena da hiru horien artean, eta hiru horiek dira, halaber, Iberiar penintsulako tinkoenak" azaldu du Arrizabalagak. Labeko Koban 18 aztarnaren data ezarri zen, eta emaitzak bat datoz erabat dagokien kokaleku estratigrafikoarekin; beste era batera esanda, geruza sakonenetan agertutakoak dira zaharrenak.
Azken hiru urteetan Britainia Handia, Italia, Alemania eta Frantziako aztarnategi gakoak ikertzerakoan ikertzaile taldeek lortutako ondorio nagusi berbera lortu dute, alegia neandertalak eta cromagnonak ez omen zirela Iberiar penintsulan ezagutu. "25 urtez esan dugu neandertalak eta lehenengo gizakiak 8.000-10.000 urtez elkarrekin bizi zirela. Gaur uste dugu Mendebaldeko Europan denbora tarte bat izan zela batzuen eta besteen artean; beraz, Ekialde Hurbila bezalako zonaldeetan izandako hibridazioa hemen ez zen gertatu" azaldu du Arrizabalagak. UPV/EHUko irakaslea neandertalen datazioak atzeratzea hizpide zuen beste ikerketa baten egilekide ere bada, 2012an argitaratutakoa. "Datazio-lanak egin genituen berriz ere, ultrafiltrazio tratamendu horrekin, gaztetzen duen kutsadura desagerrarazten duena, Mousteriar aroko aztarnak, neandertalen berezko kultura materiala, penintsularen hegoaldeko aztarnategietakoak. Horietan, duela gutxiko datak lortu ziren (29.000 urtera artekoak), baina datazio berriak 44.000 urtera artekoak dira, Cromagnonei egotzi ahal zaizkien lehenengo datak baino lehenagokoak", azaldu du UPV/EHUko irakasleak.
R.E Wood, A. Arrizabalaga, M. Camps, S. Fallon, M.-J. Iriarte-Chiapusso, R. Jones, J. Maroto, M. de la Rasilla, D. Santamaría, J. Soler, N. Soler, A. Villaluenga, T.F.G. Higham. The chronology of the earliest Upper Palaeolithic in northern Iberia: New insights from L'Arbreda, Labeko Koba and La Viña, Journal of Human Evolution (2014), http://dx.doi.org/10.1016/j.jhevol.2013.12.017
Julià Maroto, Manuel Vaquero, Álvaro Arrizabalaga, Javier Baena, Enrique Baquedano, Jesús Jordá, Ramon Julià, Ramón Montes, Johannes Van Der Plicht, j, Pedro Rasines, Rachel Wood. Current issues in late Middle Palaeolithic chronology: New assessments from Northern Iberia Quaternary International (2012) doi:10.1016/j.quaint.2011.07.007 | science |
zientzia_kaiera-3ceb5440903d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/27/asteon-zientzia-begi-bistan-10/ | Asteon zientzia begi-bistan #10 | unknown | 2014-04-27 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #10
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.
Nagore Irazustabarrenak kazetariakArgia aldizkarian András Kornai hizkuntzalari eta matematikari hungariarrak burutu duen ikerketa bati erreparatzen dio. Digital Language Death, hizkuntzen heriotza digitala da Kornairen lana eta Plos One aldizkari zientifikoak argitaratu zuen artikulua iaz. Munduan dauden 7.700 hizkuntzetatik gora, egun, 2.500 desagertzeko arriskuan daudela ebatzi dute hainbat iturrik. András Kornaik ingurune digitalean hizkuntzek bizi duten egoera aztertu du eta ikuspegi are gordinagoa plazaratzen du haren lanak. Izan ere soilik hizkuntzen %5ak biziraungo du Interneten, gainontzeko hizkuntzak hilzorian daude edota hilik jada. Kornairen arabera, eten digitalak zuzenean eragiten du hizkuntzen biziraupenean: Heriotza zigorra interneten erabiltzen ez diren hizkuntzentzat.
Erresuma Batuan Bigarren Mundu Gerraren aurretik oso jende gutxik zuen interesa zientziarekiko. Herritar gutxik zuen unibertsitatera joateko aukera eta zientzia-gaien inguruko jakin-min handirik ez zegoen. Hala ere, zientzia herritarrengana hurbiltzeko proiektu ugari jarri ziren martxan XX. mendeko lehen hamarkada horietan. Amaia Portugal kazetariak Peter J. Bowler zientziaren historialariak Donostian emandako hitzaldi baten entzundakoak laburbildu ditu Zientzia Kaiera blogea. Bertan, Erresuma Batuko XX. mendearen hasieran herritarrengana zientzia hurbiltzeko dibulgazioa nola egiten hasi ziren kontatzen digu Kultura zientifikoa sustatzen lehenak artikuluan.
Ibon Larrazabal Argia aldizkariko blog komunitatean idazten du Liber Prodigiorum blogean. Asteon historiaurreko tenplu bitxi bati buruz idatzi du, lur azpian dagoen tenplu bakarra, Hal Saflieniko Hipogeoa. Kristo aurretik 2.500. urtean eraikita omen dago eta 1902. urtean aurkitu zuten kasualitatez. Hiru solairutan banatzen den tenplua nekropoli bat bihurtu zen denborarekin eta Stonhengeko harrespilak edo Egiptoko piramideak baino zaharragoa da. Hau da, munduko lurrazpiko eraikin zaharrena da eta berau eraikitzeko, ingeniaritza arazo konplikatuei erantzuna eman behar izan zieten eraiki zutenek. Xehetasun guztiak Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekuan.
Gure genomaren %2a neandertala da, esan zigun orain dela gutxi Carles Lalueza-Fox paleogenetistak. Genetikari esker neandertalei buruz ia dena ezagutuko dugu laster. Mikel Iriondo EHUko irakasleak Berrian genetika eta neandertalak dakarkigu baina beste hari batekin lotuak. 1.000 Genoma: giza bariazio genetikoaren katalogoa proiektua aurkezten digu Mikelek. Proiektu horretan mila gizakiren genomak sekuentziatu dituzte gure espeziearen genoma mailako aldakortasuna zehazteko helburuarekin. Behin hau eginda 1.000 genomen proiektuko datuak hartu eta egungo gizakietan neandertalen genoma zatiak bilatu dituzte. Emaitzen arabera Afrikatik kanpoko gizakion DNAren %1-%3 neandertaletatik datorrela baieztatu dute. Proiektuaren xehetasunak eta ikerketen emaitzak Neanderthalak eta gu artikuluan.
Elhuyar aldizkarian Iñaki Leturia kazetariak Yale eta Lyongo unibertsitateetako ikertzaile bik plaken tektonikaren sorreraren azalpenei egin dioten ekarpena plazaratzen digu. Tektonikaren gertaera ulertzeko gakoa, euren ustez, Lurraren azala osatzen duten mineralen ezaugarri mikroskopikoetan datza. Izan ere, duela 4.000 milioi lurrazala azpiko mantuaren gainean dilatatzen eta uzkurtzen zen, presioaren eta tenperaturaren eraginez. Azala osatzen zuten mineralek egoera horren pean zuten erantzunaren arabera ahulguneak sortu ziren toki batzuetan. Mineralak ale txikiagotan banatu ziren lekuetan, azala mehea eta ahula bilakatu zen. Hori dela eta, mantuan hondoratuz joan zen eta hausturak gertatu ziren azalean. Haustura horiek dira gaurko plaken arteko mugak. Xehetasunak Plaka tektonikoak nola eratu ziren azaldu dute artikuluan.
Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean argitaratu duen artikuluan erakutsi digu, egun, izugarri aurreratu garela pentsatu arren, ohitura batzuk Erdi Pleistozenoan bezala gauzatzen ditugula. Zotzak erabiltzen ditugu sarri askotan. Ohiko gauza bat da batez ere otorduen ostean mahaiaren bueltan mahai-lagunak hortz-zotzekin ikustea. Ohitura hau ez da berria, izan ere, Homo erectusak hortz-zotzak erabiltzen zituen duela 500.000 urte. Ondorioa Txina Ekialdean dagoen Yiyuango aztarnategian aurkitutako frogak izan dira. Bertako Homo erectus espezieko hiru kideen hezurrek adierazi baitute "zotzak" erabili zituztela ahoa garbitzeko. Agian, ez gara hainbeste aldatu, ezta? Erantzuna, Javierren artikuluan: Kultura migrazioak: zotzak erabiltzeko ohitura Txinatik iritsi zitzaigun duela 500.000 urte.
Gaixotasun genetikoa den Downen sindromearen oinarri sakonak ezezagunak dira oraindino. Urteetan pentsatu izan da 21 kromosomak zuela Downen sindromearen errua. Ikertzaileen arabera, 21 kromosomaren hirugarren alearen espresioak sortutako produktuen ondorioz azaltzen ziren sindromearen ezaugarriak. Baina Genevako Unibertsitate Ospitaleetako ikertzaile talde batek munduan 385.000 kasuetatik bakarrean gertatzen den kasu bat aztertu ondoren, 21 genearen trisonomia ulertzeko modua aldatu da. Medikuek, berdin-berdinak ziren biki monozigotikoen kasua izan zuen ikergai, batek Downen sindromea zuen eta besteak ez. Bien geneen azterketa egin zuten eta lortutako emaitzek, Down sindromearen desarauketa genikoa nola gauzatzen den ulertzeko baliagarria da. Ana Galarraga dibulgatzaileak ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Downen sindromea: kromosoma gehigarriaren eragina, genoma osoan. | science |
zientzia_kaiera-4beed9c254ca | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/26/ezjakintasunaren-kartografia-10/ | Ezjakintasunaren kartografia #10 | 2014-04-26 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #10
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Bizitzaren oinarri molekularraren ezagutzan egindako aurrerapausoek, Lurreko izaki bizidunak arbaso bakar batetik datozela aipatzen duen ideiari adierazle sendoak eman dizkiote. Espezie askoren zuhaitz genealogikoa egitekorakoan, adar asko ondo zehaztuta eta argi ezarrita daude. Hala ere, bizitzaren zuhaitzaren beheko aldean badaude oraindik aztertzen dabiltzan hutsuneak eta ondo ulertzen ez diren harremanak. Parasites, chromosomes and the tree of life-n Carlos Romá-Mateok ikerketa harrigarri bati heltzen dio, bizitzaren zuhaitzaren adar garrantzitsuenetarikoa ulertzen laguntzen duen bat, organismo eukariotoak definitzen dituena.
Laborategietan egindako ikerketen emaitzen arabera, existitzen ote da aukeramen kontzientea? Horixe da Jesús Zamorak lantzen duena aukeramenari buruzko haren saileko bigarren zatian: Je ne regrette rien (2): Consciuous decisions in the lab.
Fusio nuklearreko erreaktoreei buruz hitz egiten denean sarritan erabiltzen da metafora hau: erreaktoreak Lurrean Eguzkiaren birsortzea lirateke eta hidrogeno bonba baten eztanda kontrolatua. Dena delakoa, norberak pentsatzen duen lehena da, zeintzuk ote diren erradiazioari aurre egiteko gai diren materialak, fusioaren eragina eusteko gai direnak. Fusio zentral bateko baldintza gogorrak jasango dituzten materialen hautaketa eta diseinuak, energia handiko neutroien erradiazioak sortu ditzaketen kalteen ulermena eskatzen du lehenik. Horretaz dihardu Francisco R. Villatorok Materials for caging the Sun on Earth artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-9bade53cbdc7 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/25/zientzialari-05-itziar-laka/ | Zientzialari (5) – Itziar Laka | unknown | 2014-04-25 00:00:00 | Zientzialari (5) – Itziar Laka
Hizkuntza egunero erabiltzen dugun arren, asko dira berari buruz ez dakizkigun gauzak. Itziar Laka UPV/EHUko Hizkuntzalaritzako katedradunarekin izan gara hizkuntzarako gaitasuna noiz garatzen den eta elebakarren eta elebidunen burmuinetan dauden ezberdintasunei buruz galdetzeko, besteak beste.
Elkarrizketa hau 'Zientzialari' saioaren bostgarren emanaldia da. Ekimen honen bitartez euskal zientzialarien ahotsa zabaldu nahi dugu orrialde honetako irakurleen artean.
Zientzialari 05 – Itziar Laka from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-eb4ee506adac | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/24/kultur-migrazioak-zotzak-erabiltzeko-ohitura-txinatik-iritsi-zitzaigun-duela-500-00-urte/ | Kultur migrazioak: zotzak erabiltzeko ohitura Txinatik iritsi zitzaigun duela 500.000 urte | unknown | 2014-04-24 00:00:00 | Kultur migrazioak: zotzak erabiltzeko ohitura Txinatik iritsi zitzaigun duela 500.000 urte
"Activa tu Neurona" podkastaren azken atalean, Atapuerca Fundazioaren patronatuko idazkari den José María Rodríguez Pongak esan zuen ez garela uste bezainbeste aldatu, eta denbora uste baino geldoago doala.
Onar dezagun gaur latin modernizatuaz hitz egiten dugula, edo aitzinako heroien izenak erabiltzen ditugula hilak izendatzeko. Ohar gaitezen era berean oraindik ere Kristautasuna nagusi den arren, erromatarren jainko-jainkosen izenetatik eratorri ditugula asteko egunen izenak.
Rodríguez Pongak ondorioztatu du "pentsatu nahi izaten dugu izugarri aurreratu garela, baina historia ez dago hain urrun".
Horixe pentsa dezakegu hogei mende atzera begira jarri beharrean, 500.000 urte atzera begira jartzen bagara. Gure generoaren ohitura batzuk, garai hartatik daude indarrean, eta Erdi Pleistozenoan bezala gauzatzen ditugu.
Horixe uler dezakegu zientzi ikerketa berri baten emaitzetan. Lan horretan, Laura Martín-Francések hartu du parte, bere tesia egiten ari delarik Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentro Nazionalean.
Azterketa horren ondorio modura ikusi ahal izan dugu Yiyuango (Txina Ekialdean) aztarnategiko Homo erectus espezieko hiru kidek, "zotzak" erabili zituztela ahoa garbitzeko. Nolabaiteko patologiaren mina arintzeko erabiliko zituzten, edo agian ohitura zen eragile, zientzialariek Quaternary International aldizkariaren artikuluan proposatzen dutenaren arabera.
Joan den urtarrilean, CENIEHko Hortz Antropologiako talde bat Txinara joan zen, Homo erectusen hortzak aztertzeko. Hortzak 80.eko hamarkadaren hasieran aurkitu ziren, Beijingo Ornodunen eta Paleontropologiaren Institutuarekin zegoen akordio bati esker.
Ekortze-mikroskopia elektronikoaren bidez aztertu ziren hortzen arteko kontaktu-gainazalak, eta zientzialariek zotzen erabilerari egotzi diote gainazal horietan aurkitu zituzten markak. Ez ziren izango gaurko egurrezko pieza puntadunak bezalakoak eta ziur aski "landareen zurtoinak izango ziren, hortz artean sartzeko indarrari eusteko bezain gogorrak; geroago, hezurrezko zotzak hasiko ziren erabiltzen", Martín-Fancésen hitzetan.
Zientzia Kaiera honetako Inbitatutako Sinadura atalean aurretik esan dugun bezala, Masaiena bezalako egungo tribu batzuek jarraitzen dute akaziako adarrak zotz modura erabiltzen.
Laura Martón-Francések diosku "2 mm-rainoko ildaska nahiko nabaria ikus daitekeela". Sekzio-ebakidura eginda, ondo antzeman daiteke tubulu era duela ildaskak, baina bere barruan, ildoxka oso finak daudela. Azken hauek zotzaren puntak berak eragingo zituen.
Ikerlariek ondorioztatu dute egungo hortz-zotzek eragiten dituztenen antzekoak direla garai hartako ildaska haien kokapena, morfologia eta tamaina. Artifizialki eragindako higidura hau, espezifikoa da Homo generoan, ez baita antzekoaren zantzurik aurkitu ez Australopitexus ez eta Parantropos generoetan?
Yiyuango marka horiek, Asian aurkitu diren zaharrenak dira, eta hala ere bat egiten dute Homo habilis, Heidelbergensis eta Neardental espezieen? markekin. Dieta-aldaketa bat gertatu zela onartuta uler daiteke hori guztia. "Dietak eragin du jokamolde hau. Izan ere, animali proteina gehiago jateak, okela hariak espazio horietan gelditzea ekarriko zuen. Material hori sendoagoa eta gogorragoa denez, ateratzeko zailagoa da eta hortz artean geratzen da. Horixe gertatzen zaio mundu guztiari urdaiazpiko ondua jatean".
Pleistozenoko aztarna fosilen azterketa paleopatologikoa eskaintzen du Laura Martín-Francésen tesiak, baina aurretik, argitaratua zuen jadanik beste lan bat CNIEHko Hortz Antropologiako taldearekin. Bertan, Europako hortz-marka zaharrenak aztertu zituzten, eta berez, 1.2 milioi urteko hominido baten hortz-patologiak aztertu zituzten. Atapuercan (Burgos), Sima del Elefante izeneko aztarnategian aurkitu zuten hominido hori.
Zientzialariek proposatzen dituzten hipotesien artean besteak beste iradokitzen dute balitekeela ahoa garbitzeko, patologia batek eragindako min bat arintzeko edo ohitura bati jarraituta egin izana.
Hiru eragile aipatzen dituzte. Lehenik, baditugu medikuek idiopatia-eragile deitzen dituztenak, hau da, mania konpultsiboak, egun oraindik ere erraz ikus daitezkeenak. Bigarrenik, baliteke kariesa bezalako patologia batek eragindako mina arindu nahi hori egon izana. Hirugarrenik, ahoa garbitzea izan liteke helburu. Alegia, baliteke hortzen arteko hondarrak ateratzeko egin izana. .
Martín-Francések zioen bezala, ezer gutxi aldatu gara, betiko gauza gogaitgarri ditugu etsai.
-Sun, C., Xing, S., Martín-Francés, L., Bae, C., Liu, L., Wei, G., & Liu, W. (2014). Interproximal grooves on the Middle Pleistocene hominin teeth from Yiyuan, Shandong Province: New evidence for tooth-picking behavior from eastern China. Quaternary International, (0). doi:10.1016/j.quaint.2014.03.008
-Martinón-Torres, Martín-Francés et al., 2011. Early Pleistocene human mandible from Sima del Elefante (TE) cave site in Sierra de Atapuerca (Spain): A paleopathological study. Journal of Human evolution 61:1-11. http://dx.doi.org/10.1016/j.jhevol.2011.01.004
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA) kazetaria da, eta artikulu hau Activa Tu Neurona blogaren kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-b70543b2be47 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/23/kultura-zientifikoa-sustatzen-lehenak/ | Kultura zientifikoa sustatzen lehenak | unknown | 2014-04-23 00:00:00 | Kultura zientifikoa sustatzen lehenak
Peter J. Bowler zientziaren historialaria da, eta Erresuma Batuko XX. mendearen hasieran dibulgazioa nola egiten zen jorratzen duen lan baten egilea: Science for All: The Popularization of Science in Early Twentieth-Century Britain. Bertako azalpenetan oinarrituta, hitzaldi bat eman zuen apirilaren 8an Donostian, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak gonbidatuta. The Uses of Popular Science (zientzia herrikoiaren erabilerak) izenburupean, XX. mendeko lehen hamarkada horietan zientzia herritarrengana gerturarazteko egin ziren askotariko saiakerak xehatu zituen.
Garai hartako testuinguruak ez zuen dibulgazioaren potentzialtasunaz baikor izateko motiborik ematen. Bowlerrek azaldu bezala, Bigarren Mundu Gerraren aurretik Erresuma Batuan egindako inkestek erakusten dutenez, herritarrek oso interes txikia zuten zientzian. Unibertsitatera joateko aukerarik izan ez zuten eta ezagutzaz gose ziren langile talde batzuek besterik ez zuten jakinmina agertzen, baina gutxi ziren biztanleria guztiarekin alderatuta. Hala ere, zientzia herri xehearen esku jartzeko proiektu ugari zeuden martxan XX. mendeko lehen hamarkada horietan.
"Elite akademikoak", esaterako, publiko orokorra jomugan zuten zenbait hedabide abiarazi zituen. Ez zuten herritarrak erakartzen asmatzen, ordea. Bowlerrek adierazi bezala, proiektuon sustatzaileek jendeari pulpitutik hitz egiteko joera zuten, eta gainera, ziurtzat jotzen zuten audientziak jakinmin itzela zuela, zientzian gertatzen ari zenaren berri izan nahi zuela. Baina herriak entretenimendua nahi zuen, eta halako proiektuek ez zuten horretarako borondaterik. Horren erakusle da 1920ko hamarkadan argitaratu zen Discovery aldizkaria: "Akademikoek idazten zuten dena. Artikuluak oso serioak ziren, interes handia izan behar zen horiek jarraitzeko. Irakurleak irakasten zitzaiona ikastea, hori zen asmoa".
Discovery eta tankerako aldizkariak irabazi asmorik gabeak ziren, baina bazeuden helburu komertziala zutenak ere. Bere kabuz gauza berriak ikasi eta hala heziketa maila hobetzeko prest zeuden irakurleei zeuden zuzenduta. The Home University Library aldizkaria, adibidez. "Sinestarazi nahi zuten hau irakurtzea Cambridgeko Unibertsitatera joatearen parekoa zela", azaldu zuen Bowlerrek.
Multzo honetan kokatzen ziren hedabideen sustatzaileak ere zientzialariak ziren nagusiki, baina ez mundu akademikoari hain hertsiki lotuak, eta saiakera egiten zuten zientzia entretenimenduarekin apaintzeko. Conquest aldizkaria zen horren beste adibide bat, edo Harmsworth Popular Science izeneko argitalpena. Azken hori Lehen Mundu Gerraren aurretik plazaratu zen, eta aldizkari itxura zuen arren, ale bakoitza faszikulu bat zen, guztiak batuta entziklopedia moduko bat osatzeko.
Helburu komertziala zuten baina zientzia nahiko serioa jorratzen zuten argitalpenen artean, ekarpen handia egin zuen H. G. Wellsek, Munduen Gerra zientzia fikziozko liburu ospetsuaren egileak. Hain zuzen ere, idazle gisa zuen sona handia oso lagungarri izan zitzaion halakoekin ere irakurleak erakartzeko. Hala, 1919an faszikulutan idatzi zuen dibulgazio liburu batek, The Outline of History izenekoak, bi milioi ale baino gehiago saldu zituen munduan. Bowlerren arabera, "Wellsek dirutza egin zuen harekin".
Arrakasta hark bultzatuta, hamar urte geroago, The Science of Life lan mardula egitea erabaki zuen. Julian Huxley bere biologia irakasle izandakoarekin batera idatzi zuen. Huxley Londresko King's College unibertsitateko ikertzailea zen orduan, baina postua utzi zuen, Wellsek aurrerapen moduan dirutza eman eta gero. Bowlerrek hitzaldian azaldu zuenez, Huxley eta Wellsen arteko elkarlana gaizki ikusia zegoen komunitate akademikoan. Izan ere, garai hartan egokitzat jotzen zen unibertsitate irakasleek testu-liburu "serioak" idaztea, baina ez hainbeste egunkarietan edo ingurune herrikoiagoetan aritzea. Eta are gutxiago, horietan idazteagatik ikertzeari uztea.
Dibulgazioaren beste muturrean, zientziaren aplikazioez ziharduten hedabide erabat herrikoiak zeuden. Oinarrizko zientzia baino gehiago, hari esker egin zitezkeen gailuak maite zituen publiko bat bazegoela ikusi zuten zenbaitek, eta haiengana zuzendu ziren. Bowlerrek adierazi bezala, 1920ko hamarkadan bazeuden irratiak, adibidez, baina horiek erosteko dirurik ez: "Garai hartan gauzak zuk zeuk egin behar zenituen". Halakoetarako trikimailuak ematen zituzten dibulgazio argitalpenek arrakasta izan zuten, ondorioz.
Horren adibide zen 1929an argitaratzen hasi zen aldizkari arrakastatsu bat: Armchair Science. A. M. Low izan zen haren editoreetako bat. Asmatzailea zen bera, soinuaren kontrolean aditua, eta argitalpen mordoa idatzi zuen. Bowlerrek dioenez, garai hartako akademikoek gorroto zuten, eta itxuraz, berak ere ez zituen haiek asko maite: "Bere idatzietan, publikoki kritikatu zuen zientzia akademikoa. Bere ustez jende arruntak asmatzeko ahalmena izan behar zuen. 'Zu zeu asmatzaile izan zaitezke', hori zen bere mezua".
Lowek etorkizunean zer gertatuko zen aurresateko izan zuen gaitasuna azpimarratu zuen Bowlerrek hitzaldian. Izan ere, sakelako telefonoak egin ahal izango zirela iradoki zuen, bai eta emakumeek, gizonek bezala, etxetik kanpo lan egingo zutela, etorkizunean etxeko lanak egiteko gailuak egongo zirela argudiatuta: "Begirunea zor diogu, teknologiaren garapenak gure gizarteari nola eragingo zion konturatu zelako".
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-0922b4ba3018 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/22/saguzar-hatz-luzeak-badaki-arrantza-egiten/ | Saguzar hatz-luzeak badaki arrantza egiten | unknown | 2014-04-22 00:00:00 | Saguzar hatz-luzeak badaki arrantza egiten
UPV/EHUko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa taldeko ikertzailea da Ostaizka Aizpurua Arrieta. Saguzarrak ikertzen ditu, eta, azkenaldian, Valentzia inguruko saguzar baten jokabideak eta ohiturak zelatatzen aritu da. Izan ere, desagertzeko arriskuan dago saguzar hori (Myotis capaccinii, saguzar hatz-luzea), eta haren jokabidea ezagutzea garrantzitsua da espeziea babesteko neurri egokiak hartzeko. Aizpuruak egindako ikerketari esker, frogatu dute saguzarrak, intsektuak ez ezik, arrainak ere jaten dituela. Are gehiago: arrantzan egiteko gai da.
UPV/EHUn biologia-ikasketak egiten ari zen garaian hasi zen Aizpurua saguzarren inguruan ikertzen. Joxerra Aihartzak eta Inazio Garinek zuzendutako lantaldearekin batera, hainbat ikerketatan parte hartzeko aukera izan zuen, eta tesirako ere saguzarrak aukeratu zituen ikergai, zehazki, saguzar hatz-luzea (Myotis capaccinii).
Aizpuruak azaldu duenez, laginketa arrunt batean sortu zen saguzar horrekiko jakin-nahia. Mediterraneo inguruko zenbait txokotan bizi da, baina haren egoera oso txarra da; hain zuzen ere, desagertzeko arriskuan dago. Horregatik, lehendik ere egin izan dira hari buruzko ikerketak, espeziea babesteko kudeaketa-planak diseinatzeko. Ikerketa arrunt batean, kolonia bateko banako jakin batzuen gorotzak aztertzen ari zirela, ezkata batzuk topatu zituzten. "Horrek atentzioa eman zien ikertzaileei, ordura arte intsektiborotzat baitzuten espeziea; hau da, intsektuak bakarrik jaten zituela uste zuten", gogoratu du Aizpuruak.
Ezkata haiek agertzeak, beraz, galdera asko sortu zituen: arraina jatea ezohiko gertakari bat baino ez zen izan, une jakin batean gertatutakoa, edo arraina saguzar horien dietaren parte zen? UPV/EHUko ikertzaile-taldea erantzunen bila abiatu zen, haien artean Ostaizka Aizpurua: "Niretzat berezia zen, ez genuelako uste saguzar horretan arrantza portaera arrunta izango zenik. Izan ere, saguzarrek ekolokazioa erabiltzen dute; horrek esan nahi du ezin dutela ur azpian dagoena ikusi, ur azalak saguzarrek igorritako uhinak islatzen dituelako. Bestalde, saguzar hatz-luzea oso txikia da, 10 gramo pisatzen du gehienez, eta, beraz, ez da erraza hura arrain bat arrantzatzen irudikatzea".
Saguzar txiki horren ezaugarriak ez ezik, habitata eta fenologia ere aztertu behar izan zituztela adierazi du Aizpuruak: "Kontuan izan behar da Mediterraneoko inguru horrek guztiak aldaketa handiak jasan dituela azken urteotan, eta horrek ondorio zuzenak izan ditu saguzarren populazioan. Fenologiak, berriz, urtaroek eta klimak bizidunetan duten eragina aztertzen du, eta, saguzarraren kasuan, oso faktore garrantzitsua izan zitekeela susmatzen genuen". Hain zuzen ere, ikertzaileen hipotesietako baten arabera, litekeena zen sasoi lehorrean arrain-kontzentrazio handiak geratzea zenbait putzu txikitan, eta aukera hori baliatzea saguzarrak arrainak arrantzatzeko.
Horrenbestez, Denian (Alacant) dagoen kolonia bateko gorotzak jaso zituzten hilez hil, 2008tik 2010era, ikusteko ezkatarik agertzen ote zen, eta noiz. Horrela ohartu ziren arraina jatea ez zela ezohikoa eta ez zegoela garai jakin bati lotuta: "Abuztuan eta irailean gehiago agertu baziren ere, urte osoan topatu genituen arrain-aztarnak".
Arrainen ezkatez gain, otolitoak ere aztertu zituztela nabarmendu du Aizpuruak: "Otolitoak belarriko egitura solido txiki batzuk dira; espeziearekiko espezifikoak direnez, espezieak identifikatzeko balio dute". Otolitoen azterketaren bidez jakin zuten saguzar hatz-luzeak jaten duen arraina Gambusia holbrooki espeziekoa dela: "Espezie exotiko bat da. Intsektu-jalea da, eta 1920ko hamarkadan sartu zuten Mediterraneoko inguru hartan, intsektuen izurriei aurre egiteko. Gaur egun, penintsulako ehun espezie inbaditzaileenen artean dago". Horrekin batera, saguzarrek jandako arrainak ere neurtu zituzten: "Aukeran dituen arrainetatik, txikienak hartzen dituela ikusi genuen".
Azkenean, arrantzan ari zirela ere grabatu zituzten, in fraganti: "Gorotzetan arrain-arrasto gehien zituzten lau saguzarrei irrati-transmisoreak jarri genizkien; horri esker jakin ahal izan genuen nora joaten ziren arrantzara". Arrain-dentsitate handia zuen aintzira handi bat zen. Hurrengo saiakerarako, prest zuten bideo-grabagailua, "eta arrantzan ari zirela grabatu genituen".
Oraindik badituzte erantzun gabeko galderak, adibidez, Gambusia holbrooki espeziea sartu baino lehen ere egiten ote zuten arrantzan eta, hala izatekotan, zer espezie jaten zuten. Baina Aizpuruak eta haren taldekideek frogatu dute, behintzat, saguzar hatz-luzea arrantzan egiteko gai dela, eta kolonia bateko kideentzat ez dela ezohiko jarduera. Ikerketaren emaitzak Plos One aldizkari espezializatuan argitaratu dituzte.
Iturria: Fishing Long-Fingered Bats (Myotis capaccinii) Prey Regularly upon Exotic Fish | science |
zientzia_kaiera-bf71e13082a7 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/21/karbonoan-oinarritutako-elektronika-berri-baterako-bidean/ | Karbonoan oinarritutako elektronika berri baterako bidean | unknown | 2014-04-21 00:00:00 | Karbonoan oinarritutako elektronika berri baterako bidean
Karbonoan oinarritutako nanoegitura guztiek, hala nola nanohodiek, grafeno-xaflek eta nanozintek, propietate nanomekaniko eta nanoelektriko paregabeak dituzte. Nanoeskalan, hau da milimetro bat baino milioi bat aldiz txikiagoa den dimentsioan, antolatutako material hauek, hautagai sendoak dira nanogailu askoren oinarria osatzeko, eta, energia-konbertsioan eta transistore nanoelektrikoetan erabiliak izateko aukera asko dute. Nanogailu horiek behar bezala funtziona dezaten, garrantzitsua da kable elektrikoekin ongi konektatzea, eta, hain zuzen, funtsezko puntu horretan pauso nabarmenak egin dituzte UPV/EHU, DIPC eta CNRSko ikertzaileek nanogailu horien lotura konposizio kimiko desberdineko atomoekin aztertuz.
Kable elektrikoen konposizio kimikoa garrantzitsua da oso, propietate elektrikoei nahiz karbonozko nanoegituraren kontaktu-geometriari eragiten baitie. Bi faktore horiek elektrizitate-garraioaren propietateetan duten eragina konbinatua da, eta ikerketa honetan, bi faktore hauen eragina aztertu da maila atomikora murriztutako kontaktuetan, egitura handien kasuan zaila baita bataren eta bestearen ekarpena bereiztea.
Elkarlan estu honetan, ikerlariak 60 karbono atomoz osatutako molekula batez baliatu ziren, zeina esfera ñimiño batean bildutako grafenozko xafla bat bezala ikus daitekeen. Guillaume Schullek Estrasburgon zuzentzen duen ikerketa-taldeak tunel-efektuko mikroskopio baten zundaren puntari —orratz ikaragarri fin bati— lotu zion molekula. Ondoren, puntan karbono-molekula zuen orratza atomo desberdinetara hurbildu zuten, lotura sendo bat lortu arte. Loturaren bitartez korronte elektrikoa sistematikoki neurtuz, korronte elektrikoa karbonozko molekulan eraginkortasun handienarekin zein atomo metalikok sartzen duen ondorioztatu zuten.
Thomas Frederiksen-ek, DIPCko Ikerbasque Research Professor-ak, Donostian zuzentzen duen talde teorikoak egindako eskala handiko simulazioek lotura ñimiño horien alderdi harrigarri eta ustekabekoa erakutsi zuten: haien propietate elektriko eta mekanikoak karbonozko material askoz handiagoenak bezalakoak dira.
Nature Communications aldizkarian argitaratu diren ikerketa honen emaitzek oinarria ezarri dute etorkizun hurbilean lotura oso eraginkorrak aurkitzeko. Aurkikuntza honi esker, metal asko eta asko aztertu (eta baita bi edo hiru metal-atomo desberdinek osatutako aleazioak ere) eta karbonoan oinarritutako gailu elektronikoetan elektroiak injektatzeko duten gaitasunaren sailkapen sistematiko bat egin ahal izango da.
Iturria: T. Frederiksen, G. Foti, F. Scheurer, V. Speisser & G. Schul (2014): Chemical control of electrical contact to sp2 carbon atoms. Nature Communications DOI:10.1038/ncomms4659 | science |
zientzia_kaiera-0675e85168fb | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/20/asteon-zientzia-begi-bistan-9/ | Asteon zientzia begi-bistan #9 | unknown | 2014-04-20 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #9
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.
Teleportazioa zientzia-fikzioko filmetan azaltzen den fenomeno liluragarria da. Nork ez du desio edo pentsatu izan "teleportatu eta han agertuko banintz… ." Pelikuletan hain erraza ematen duen fenomenoa hurbiltzen digu Gorka Azkune ikertzaileak. Posible al da teleportazioa? Gorkak azaltzen digu telesailetan ikusten dugun fenomenoa ideia zientifiko batera hurbiltzen dela, teleportazio kuantikora. Teleportazio kuantikoaren helburua da sistema kuantiko bat puntu batetik beste batera garraiatzea inolako euskarri edo kanal fisikorik gabe. Maila teorikoan ezagutzen badira ere honen ezaugarriak, teleportazioak baditu bere mugak eta hauek azaltzen dizkigu 2013ko dibulgazio-artikulu onenaren CAF-Elhuyar saria irabazi duen artikuluan: Fikzioa errealitate.
Klima-aldaketak eta gehiegizko arrantzak eragina izan dute arantzaren egoera orokorrean. Baina horretaz gain, itsasoko ekosisteman badaude ere kontuan hartu beharreko beste kontu batzuk. Eneko Bachiller ikertzaileak, esaterako, arrainen elikadurari erreparatzen dio. Arrain pelagikoak zooplanktonaz elikatzen dira nagusiki eta honen ugaritasunak edo urritasunak zuzenean eragiten du arrainen ugaritasunean eta hedapenean. Arrainek zer jaten duten, ezaugarriak eta bestelako xehetasunak ikertu ditu Enekok bere tesian eta guztiau azaltzen du 2013ko tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenaren CAF-Elhuyar saria irabazi duen artikuluan: Arrainak, otorduetan, ekologiaz mintzo dira.
1980an eta 1981ean NASAren Voyager 1 eta 2 zundek Saturno planetaren gainetik hegan egin zuten lehenengo aldiz. Besteak beste gauza bitxi bat aurkitu zuten hegaldi horretan, goialdeko hodeietan planetaren iparraldeko poloa inguratzen zuen hexagono-formako egitura bitxi bat ikusi zuten. Hexagonoa ia geldirik zegoen, ezagutzen ez den planetaren errotazio orokorraren aurrean. Hogeita hamar urte beranduago UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek beste hainbat astronomoen laguntzarekin, Saturnoko iparraldeko eskualde polarra zehatz-mehatz aztertu ahal izan dute eta hexagonoa oraindik bertan dagoela egiaztatu dute. Zientzia Kaiera blogean xehetasun guztien berri ematen dizkigute: Saturnoko hexagonoa harrigarria.
Saturnoren sekretuak ezagutu dituzte astronomoek eta horren berri eman digute. Unibertsoak baditu hainbat gauza liluragarri, esaterako izarrak. Argia aldizkarian Nagore Irazustabarrenak ordenagailuan planetario bat izateko baliabidea hurreratu digu: Stellarium. Software hau sistema eragile nagusiekin bateragarria da, www.stellarium.org gunean eskuratu daiteke eta soilik ahalmen handiko txartel grafikoa behar da gure ordenagailuan instalatzeko. Baliabide honen ezaugarriak Izarrak ikusteko denboraren makinan.
Beñardo Kortabarriak Elhuyar aldizkarian gai kurioso bat tratatzen du, zebren marrak. Izan ere, zer dela eta dituzte larruazalean marrak, zertarako? Galdera honen erantzuna Kaliforniako Unibertsitateko ikerketa-talde batek erantzun dio. Historian zehar bost hipotesi nagusi finkatu izan dira zebren marren zeregina dela eta: kamuflajerako zirela, harrapakariak despistatzeko baliagarriak zirela, beroa kudeatzeko sistema zirela, zebren gizarte-antolamenduaren koderen bat zirela edota eltxoen ziztadei aurre egiteko estrategia garbia zirela. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileak azken hipotesi hau eman dute ontzat ikerketa bat gauzatu ondoren Zebren marrak, eltxoen aurkako babes direla.
Koloneko minbizia gure artean ohikoena da. Gure bizitzeko moduarekin loturarik gehien duten minbizietako bat da eta, horregatik, baita prebenitzeko errazenetakoa ere. Koloneko minbizia heste lodiko mukosako zeluletatik eta han dauden guruinetatik sortzen da. Tumorea polipo batetik abiatzen da ia kasu guztietan eta erabat garatzeko hamar-hamabost urte behar dituen arren, kasuen %5-10etan gaiztotu egiten da, polipo sinple bat besterik ez zena minbizi bilakatzeraino. Berria egunkarian Jabier Agirrek arrisku-faktoreak, minbizia antzemateko probak eta osasunerako gomendioak ematen dizkigu: Koloneko minbiziari aurrea hartzeko.
Australian National Universityn, Oxfordeko Unibertsitatean, UPV/EHUn, Marylandeko Unibertsitatean, Universitat de Gironan eta Oviedoko Unibertsitatean lanean diharduten ikertzaileek egindako ikerketa baten arabera neandertal eta cromagnon espezieen presentziaren erregistroen artean 1.000 urte inguruko aldea dago. Aztarnak datatzeko 2005ean sortutako teknika berria erabiliz, DNA probetan kolagenoa purifikatzeko erabiltzen dena, ikerketak iradoki du gure espeziea uste zen baino 8.000 urte lehenago iritsi zela Europara. Basque Research webgunean ematen digute honen berri: Neandertalak eta cromagnonak ez ziren aldi berean bizi izan iberiar penintsulan.
Gaur egun Bergaran UNED dagoen egoitzan, Bergarako Errege Mintegia sortu zuen 1776an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak. Errege Mintegia sasoi hartan puntako ikerketa zentroa izan zen eta bertan, besteak beste, François Chabaneauk platinoa purifikatzea lortu zuen. 2014ko bukaeran Bergaran bertan XVIII. mendetik Errege Mintegiko kideek bildutako zientzia tresnak, mineralak, animaliak eta beste jarriko dituzte ikusgai Laboratorium museoan. Museo berri hau Errekalde jauregian izango du egoitza eta Amaia Portugal kazetariak Berria egunkarian aurkezten digu: Elhuyar eta askoz gehiago artikuluan. | science |
zientzia_kaiera-ad350f4eee44 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/19/ezjakintasunaren-kartografia-9/ | Ezjakintasunaren kartografia #9 | 2014-04-19 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #9
Mapping Ignorance-n asteon argitaratu diren artikuluak:
Urteak ikertzen eman ondoren fonologoek antzeman zuten gizakiok nola sortzen eta erabiltzen dugun soinu-sistema hainbat hizkuntzetan. Garunak hizkuntzari erantzuten dio fonologoek antzeman zuten ezaugarri horiei jarraituz. Honen harira, hizkuntzalaritza eta neurozientzien arteko konbergentziaren adibide polita dakarkigu Itziar Lakak Phonology and brain: it's all in the features-en.
Garunaren mapa xehea egiteko orduan ikus genezake hau egiteko moduetariko bat dela teknika genetikoak erabiltzea. Ikerketa berri baten modu honen indarra plazaratzen du: eredu matematiko bat garuneko zelula bat non kokatzen den jakiteko gai da, haren profil genetikoa ezagututa bakarrik. Rosa García-Verdugok kontatzen digu 2D brain mapping: gene expression and spatial location-en.
Tokiko, herrialdeko eta mundu mailako oligopolioak daude eta hauen merkatua enpresa kopuru txiki baten esku egoten da. Kasu hauetan, eredu matematiko erraz bat merkatuaren oreka deskribatzeko gai da, 1838. urtean garatutako eredu matematikoa. Gaia ikertzen diharduen José Luis Ferreira ikertzaileak ereduaren arrakastak errepasatzen ditu The Cournot model of oligopoly-n.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
|
zientzia_kaiera-2af492958e05 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/18/altzairu-zuntzez-indartutako-hormigoia-baita-ohiko-eraikuntzetarako-ere/ | Altzairu-zuntzez indartutako hormigoia, baita ohiko eraikuntzetarako ere | unknown | 2014-04-18 00:00:00 | Altzairu-zuntzez indartutako hormigoia, baita ohiko eraikuntzetarako ere
Ikerketa abiatu zutenetik argi izan zuten egindako lanak "erabilgarria izan behar zuela, ez zedila izan ikerketa-lan soil bat", dio Aimar Orbe Mateo Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ingeniariak. Helburu horri begira, eraikuntza-lanetan erabilgarri izan zitekeen material bat sortu zuten ikerketa-gai gisa: altzairu-zuntzez indarturiko hormigoi autotrinkotzailea (AZIHAT delakoa).
Bata zein bestea erabiltzen dira dagoeneko eraikuntzan, baina "beste zeregin batzuk izan ohi dituzte. Hormigoi autotrinkotzailea, esate baterako, aurrefabrikatuetan erabiltzen da. Ohiko eraikuntza-lanetan erabiltzean, ordea, zaila izan daiteke dosifikatzea, oso hormigoi jariakorra delako, oso likidoa. Baina ehundura hori izanda, ez dira egin behar normalean erabiltzen den hormigoiarekin egin behar izaten diren prozedurak, hala nola dardaraketak, edo palak erabilita arrastaka eramatea, bera bakarrik mugitzen eta trinkotzen baita", azaldu du Orbek.
Altzairuzko zuntzak ere erabili ohi dira hormigoia indartzeko, "baina bigarren mailako elementuak egiteko batez ere: industrialdeetako zoladurak, tunelak, estolderia-hodiak eta halakoak", zehaztu du Orbek. Luzera eta diametro txikiko zuntz batzuk dira, 50 milimetroko luzera eta 1 milimetroko diametrokoak, alegia, klip batek zabalduta izango lukeen dimentsiokoak.
Laborategiko entseguak egiteaz gain, materialak errealitatean izan lezakeen erabilera batean probatu zuten. Hiru metroko altuerako eta sei metroko zabalerako horma bat sortu zuten, eta 380 laginetan zatitu. Haiekin askotariko entseguak egin zituzten, suntsitzaileak nahiz ez-suntsitzaileak, "altzairu-zuntzen egitura-ahalmenak, eta, oro har, hormaren erresistentzia-gaitasunak zehazteko, besteak beste", azaldu du Orbek.
Zuntzek hormigoian hartutako orientazioaren eta banaketaren araberakoa denez eraikitako egituraren erresistentzia, eta begi-bistaz ezinezkoa denez hori zehaztea, metodo magnetiko bat baliatu zuten ikertzaileek horretarako. Laginen barruan eremu magnetiko bat sortuz eta eremu magnetikoaren aldaketa aztertuz ebatzi zuten zuntzak zein ardatzetan zeuden orientatuta gehien, bai eta lagin bakoitzaren barruan zer zuntz-kantitate zegoen ere. Ikusi dutenez, "hormigoi autotrinkotzailearen izaera jariakorrak lagunduta, zuntzak interesatzen zaigun bezala orientatzen dira", dio ikertzaileak. Entseguak ez ezik, simulazio konputazionalak ere egin zituzten jariakinen dinamika simulatzeko, eta "haien bidez ikusi genuen aurreikus daitekeela zer orientazio hartuko duten zuntzek. Hala, aldez aurretik detektatu ditzakegu sortutako puntu ahulak edo hormigoitze-prozesu ezegokiak".
Ikerketan egindako beste entsegu batzuetan ikusi zuten altzairu-zuntzek hobeto kontrolatzen dituztela hormigoia lehortzen ari den garaian sor daitezkeen pitzadurak ohiko hormigoi armatuko armadurek baino. "Milaka zuntz daude banatuta masa guztian, eta etengabe josten dute masa", argitu du ingeniariak.
Egindako ikerketekin, materiala "heldutasun-puntu batera" iritsi dela deritzo Orbek, eta eraikuntza-lan jakin batzuk erraztu ditzakeela uste du. Zehazki, erabilera jakin baterako aproposa izan daitekeela uste dute: ura biltzeko erabiltzen diren euste-andel zilindrikoak egiteko. AZIHATak pitzadurak hobeto kontrolatzeko duen gaitasuna ikertzaileek egindako beste analisi batzuei batuta, "ondorioztatu dugu egitura-diseinu konbentzionala baino ekonomikoagoa eta jasangarriagoa dela".
Ikertzaileek proposatutako erabilerarako —edo besteren baterako— erabiltzen hasteko, ezinbestekoa dute "kontratistek materialaren onurez jabetzea. Eta zaila izaten dakontratistei azaltzea ez dituztela ohiko altzairu-barrak jarri behar, dena hormigoiaren barruan nahastuta joango dela, eta horrela indartuko dela hormigoia… Mesfidantza sortzen die, halaber, hormigoia lehortutakoan ezin ikusi izateak non dauden zuntzak, ondo banatu ote diren edo orientazio egokia hartu ote duten. Eta horrelako gutxi eraiki dira", gaineratu du Orbek.
Iturriak:
A. Orbe, E. Rojí, R. Losada, J. Cuadrado. 2014. Calibration patterns for predicting residual strengths of steel fibre reinforced concrete (SFRC), Composites Part B: Engineering, 58: 408-417
A. Orbe, J. Cuadrado, R. Losada, E. Rojí, 2012. Framework for the design and analysis of steel fiber reinforced self-compacting concrete structures, Construction and Building Materials, 35: 676-686 | science |
zientzia_kaiera-4400df696f07 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/15/kultura-zientifikoa-1-jaialdia-sarean-kzjaiaren-zenbakiak-eta-ezaugarriak/ | Kultura Zientifikoa 1. Jaialdia sarean: #KZJaiaren zenbakiak eta ezaugarriak. | 2014-04-15 00:00:00 | Kultura Zientifikoa 1. Jaialdia sarean: #KZJaiaren zenbakiak eta ezaugarriak.
Internet erakusleiho handia eta zabala da. Erakusleiho honetara hurbiltzen gara euskaldunok informazioa bilatzen, informazioa eta edukiak partekatzen eta iritzia plazaratzen. Azken finean, elkar eragiten. Elkarrekintza honen adierazle batzuk eskaintzen dizkigute, esaterako, Eustatek urtero egiten dituen azterketek. Horren arabera, 2013an EAEn 15 urtetik gorako biztanleriaren %65,8ak erabiltzen zuen Internet, zortzi puntuko hazkundea izan zuen erabilerak iaz. Koiuntura adierazle hauek ere aipatzen zuten, %66,9k Internet zuela.
Eustateko datuez gain, Umap dugu beste iturri interesgarri bat. Twitterren euskaraz diharduten erabiltzaileen jarioa jarraitu, bildu, iragazi eta aztertzen duen egitasmo honek ere hainbat adierazle eskaintzen dizkigu. Eustatek ikuspegi orokorra ematen badigu, Umapen helburua da Twitterren dabiltzan euskaldunak antzematea eta ondorioz, ikuspegi gertuagoa ematen digu. Umapen parametroen arabera gaur egun euskaraz txiokatzen duten 5.900 bat txiolari daude eta hauek, batez ere Twitter, Youtube, Berria egunkaria eta Argia aldizkariko informazioa partekatzen dute sarean.
Zein iturriko informazioa partekatzen den jakin badakigu baina ez ordea zeintzuk diren partekatzen diren gaiak. Arkaitz Zubiaga ikertzaileak aurreko hutsunea betetzera datorren ikerketa bat gauzatu du. Dublingo Teknologia Institutuan dihardu ikertzen eta bere proiektuetako batek sarean zer partekatzen dugun ezagutzea du helburu. New York Times egunkariaren azalean argitaratzen diren berriak, jendeak Twitter eta Facebooken partekatzen ote dituen aztertu du. Izan ere, egunkarien portadetan eguneko "gai nagusiak" dute ispilu. Egindako lanaren ondorioz, New York Times-ek lehen orrialdean argitaratzen dituen berriak ez dira partekatzen modu masiboan sare sozialetan. Arkaitz Zubiagak Euskadi Irratian azaldu zigunez, "Jendeari, zientziari eta musikari buruzko albisteak interesatzen zaizkio Interneten". Zientzia? Ikertzaileak adierazi zuen moduan, zientziaren gai teknologikoak zabaltzen dira: informatika eta teknologia dira interesatzen zaizkigun gaiak. Horrekin batera, musika eta aisialdiko berriak dira gehien partekatzen direnak haren ikerketaren arabera.
Euskal Herrian zientziarekiko pertzepzioa baikorra dugu eta gai zientifikoei eta teknologikoei buruz dugun interesa hazi egin da azken ikerketen arabera. Hala ere, kirola, osasuna, aisialdia eta ekonomiari lotutako gaiek interes gehiago pizten dute gugan. Arestian aipatutako ikerketaren ildoarekin antzekotasun asko adierazten dute datuok. Internet da iturri nagusia, telebistarekin batera, zientzia eta teknologiari buruzko informazioa eskuratzeko.
Euskal Herrian Internet erabiltzen dugu eta euskaraz jarduten dugun erabiltzaileok Twitter eta Youtuben aurkitzen ditugun edukiez gain, egunkari eta aldizkarietan argitaratzen direnak partekatzen ditugu. Edukiei dagokionez, kultura, aisialdia eta teknologiarekin lotutakoak zabaltzen ditugu, antza. Izan ere, zientzia eta teknologia interesatzen zaigu, nahiz eta ez beste gai batzuen maila berdinean. Eta hauei buruzko informazioa bilatzeko iturri nagusi bi erabiltzen ditugu: Internet eta telebista.
Irudikatu dugun ingurune honetan urtarrilaren 7tik martxoaren 31arte Kultura Zientifikoa I. Jaialdia abiatu zen. Internet izanik informazio iturri nagusia, sarean zientzia-gaiak euskaraz sustatzeko eta zabaltzeko ekimena martxan jarri zen. Jakintza-arlo desberdinen inguruko post, mezu edo artikuluak tarte jakin baten idatzi, editatu, sareratu eta biltzeko ekimen zabala izan da, interesa zuen orori irekita egon dena. Twitterren #KZJaia traola izan duen egitasmoak helburu zehatza izan du: Kultura Zientifikoaren gaineko ezagutza, onespena eta interesa gizartean zabaltzea Internet bidez.
Hiru hilabetez gauzatu den Jaialdian 120 ekarpen bildu dira, egindako aurreikuspenak soberan gaindituz. Jakintza-arlo askotariko gaiak jorratu dituzten artikuluak, mezuak, podcastak, infografiak, bideoak eta abar landu dituzte 73 parte-hartzailek. Eta zer gehiago? Epe honetan egindako ekarpenen eta egileen ezaugarriak jaso ditugu, eta ekimenak izan duen ikusgarritasunari buruzko hainbat adierazle batu ditugu. Zenbakiak eta ezaugarrien azterketa txiki bat egin ondoren hona hemen #KZJaiak eman duena.
73 parte-hartzaileek 120 ekarpen egin dituzte hiru hilabetetan. Ekarpenen %93,2a astean zehar argitaratu dira, lanegunetan. Egunik gogokoena sarean editatzeko asteazkena izan da eta askotariko gaiak plazaratu dira. Dokumentazioa sailkatzeko, Inguma datu-basean erabiltzen den SHU, Sailkapen Hamartar Unibertsalaren moldaketa oinarrian hartuta katalogatu dira mezuak. Honen arabera 22 jakintza-alorreko gaiak landu dira Artetik, Zientziaren historiara arte, baina lau jakintza-arloko gaiak izan dira nagusi: Biologia, Fisika, Medikuntza eta Osasuna, eta Hizkuntzalaritza. Matematikak, Ekonomiak, Soziolinguistikak eta Neurozientziak ere presentzia nabarmena izan dute Kultura Zientifikoa I. Jaialdian.
73 egilek lana burutu dute modu askotan, gehienek testu dokumentua landu badute ere, infografiak, podcastak, bideoa, argazkia eta sareko aplikazioen bidez sortutako albistariak ere aurkeztu dituzte. 43 egilek (%59a) ekarpen bakarra egin dute eta gainontzeko 30 egileek (%41a) errepikatu egin du, ekarpen bat baino gehiago aurkeztuz. Partaideen %38ak taldean egin ditu lanak.
Parte-hartzaileen artean denetarik izan dugu, ikasle gazteak eta jubilatuak. Irakasleak, ikerlariak eta hainbat alorretako profesionalak: kazetariak, dokumentalistak, biologoak, zientzia dibulgatzaileak, aholkulariak, medikuak eta abar. Talde nagusia azken hauek osatu dute, profesionalek, eta jarraian ikasleek. Ikasle gazteenak DBH 2. mailakoak izan dira, hortik aurrera, DBH 4. ikasleak, Batxilergoko ikasleak, unibertsitatekoak eta euskaltegiko ikasleak ere izan ditugu. Ikasleen partaidetza altuan zerikusi nabarmena izan du irakasleen laguntza eta inplikazioa. Izan ere, orotara, 19 irakaslek hartu dute parte ekimenean: 13 unibertsitateko irakasleak eta ikertzaileak izan dira, Euskal Herriko bi unibertsitate publikokoak UPV/EHU eta UPNA/NUP. Gainontzeko irakasleak institutu, ikastetxe eta euskaltegiko irakasleak izan dira.
Ekarpenak 31 guneetan editatu dira, Zientzia Kaiera blog anfitrioian 24 argitaratu dira, beste guztiak webgune eta baliabide propioekin sareratu dira. Horrenbestez, badira ekitaldi honen aitzakian sortutako blog berriak, Donostiako San Ignazio Ikastetxeko ikasleen Galtzadaberri, esaterako edota orain arte gaztelaniazko edukiak izan dituztenak eta euskaraz dibulgatzen hasi diren guneak, Abaritzeta bezala.
Generoari dagokionez parte-hartzaileen %34,25 emakumezkoak izan dira eta gizonezkoak %65,75. Adinari dagokionez, parte-hartzaileen multzo handienak 15-24 eta 35-44 urte tartekoak izan dira. Lehenak, %30a izan dira eta bigarrenak, %33a.
Kultura Zientifikoa I. Jaialdiak oihartzuna izan du sare sozialetan. Izan ere, Internet bidez garatu den ekimen honen toki naturala sarea izan da:
Facebooken KZJaia talde publikoa sortu zen jasotako ekarpenen berri emateko. 120 pertsonaz osatutako talde honetan ekarpen guztiak sareratu dira eta batazbeste 40 aldiz ikusi da artikulu bakoitza.
Zientzia Kaiera blog anfitrioian argitaratu diren artikuluak, ekarpenen laburpenak eta egitasmoari buruzko informazioak 5.853 bisita izan dituzte guztira.
Twitterreri dagokionez #KZJaia traolarekin sareratu diren txio originalak bildu ditugu, bertxioak ez dira batu. Orotara, 1.846 jatorrizko txio idatzi dira.
Horretaz gain, Sustatu Interneteko Albistegiaren pilotu automatikoak 120 ekarpenetik 44 harrapatu ditu: %37a. Horietatik 11 portadara igo zituen Sustatuk eta Internet eta posta elektronikoz zabaldu haren harpidedunei.
#KZJaia traolaren jarraipenari dagokionez urtarrilaren 7tik apirilaren 2a arte, Umapeko joeren atala aztertuta, traolak izandako mugimenduaren berri jaso dugu. Hiru hilabetetan zehar, 70 egunetan #KZJaia euskaldunon Trending Topic-en artean egon da Twitterreko erabiltzaileei esker. Hiru egunetan lehen postuan egon da eta hogeita hamar egunetan lehen bost joeren artean kokatu da.
Sarean izan duen islaz gain, komunikabideetan eta sareko beste txokoetan ere agertu da:
Berria egunkariak, Radio Euskadiko La Mecánica del Caracolek, Eguzki Irratiko Pasealeku irratsaioak eta Barañaingo Plazaberri aldizkariak ekintzaren berri eman zuten.
EITBko Tribuaren Berbak zientzia eta euskarari dedikatu zion programan, ekimenak ere aipamen txiki bat izan zuen.
Neurozientzien Ikerketarako Achucarro Zentroak, DIPC Donostiako Fisika Zentroak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, EHUko Nazioarteko Bikaintasun Campusa Euskampusek, Elhuyar Fundazioak, Euskara Kultur Elkargoak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak ekimenaren informazioa argiratu dute ere.
Hainbat blogetan ekimenaren xehetasunak azaldu dira: Aguraingo Aniturri BHI Institutuko blogean, Arturo Campion Euskaltegiko ikasleen blogean, Bagabigablog!, Edonola, Lingua Navarrorum eta Naturzientziak blogetan.
Sarean kultura zientifikoa hedatzeko euskaraz burutzen den lehen ekimena gauzatu da 2014ko lehen hilabeteetan. Euskal Herrian zientzia-gaiei buruz dugun interesean eragiteko asmoz, hainbat jakintza-alorreko edukiak euskaraz landu, argitaratu eta zabaldu dituzte 73 parte-hartzailek. Hauekin batera, sustatzaileak eta hainbat laguntzaile ere izan dira. Guztira 100 pertsonatik gora inplikatu dira ekimenean eta ezinbestekoa da aitortzea euren gogoa, borondatea eta lanari esker aurrera joan dela Kultura Zientifikoa I. Jaialdia.
Antolatzaileen aurreikuspen guztiak gainditu dituen ekimenak baieztatu du, Internet toki eta bide egokia dela arrotzak begitantzen zaizkigun gaiei atea zabaltzeko eta irakurle orokorrari hurbiltzeko. Informazio eske sarera jotzen baldin badugu eta jendeak interesa adierazten badu, ezinbestekoa da euskaraz teknologia, historia, medikuntza, astronomia, filosofia edota edozein arloko edukiak sortzea eta zabaltzea. Baita egunerokotasunean gehiago kontsumitu eta atsegin ditugun gaiak ere: osasuna, kirola, ingurumena, lana, musika, informatika, aisialdia… . Eta zeresanik ez, hain hurbilak ez direnak. Azken finean, ezagutzen ez duguna ez dugu preziatzen.
Ekimen honek, besteak beste, honakoak erakutsi ditu:
Etorkizunari erreparatuz gero, lanean jarraitu beharra dagoela badakigu baina, gai gara aurre egiteko. Zelan, zenbat, non, noiz… hori gure esku dago.
Egileetaz: Uxune Martinez Mazaga (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Giza Baliabideen kudeaketan espezializatua UPV/EHUn. Egun, UEUko Inguma datu-basearen arduraduna da eta UEUko Soziologia saileko kidea. Jon Mattin Matxain (@TxoniMatxain), EHUko Kimika Fakultateko eta Donostia International Physics Centerreko ikertzailea da eta "Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe" blogaren egilea. | science |
|
zientzia_kaiera-64f92e2ab67a | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/04/14/saturnoko-hexagono-harrigarria/ | Saturnoko hexagono harrigarria | unknown | 2014-04-14 00:00:00 | Saturnoko hexagono harrigarria
Orain dela hogeita hamar urte, lehenengo aldiz ikusi zen planetaren iparraldeko poloa inguratzen zuen hexagono-formako egitura bitxi bat Saturnon. Eguzki Sistemaren planetetan ez da inoiz antzekorik ikusi, geometria oso erregularra baitu. Orain UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak hexagonoa aztertu eta neurtu ahal izan du, eta, beste lorpen batzuen artean, haren errotazio-aldia ezagutu ahal izan du. Gainera, aldi hori planetarena berarena izan liteke. Eguzki Sisteman, Saturno planeta bakarra da errotazioa egiteko behar duen denbora ezagutzen ez dena.
1980an eta 1981ean NASAren Voyager 1 eta 2 espazio-ontziek Eguzkitik 1.500 milioi kilometrora dagoen Saturno planetaren gainetik hegan egin zuten lehenengo aldiz. Haien aurkikuntza guztien artean, goialdeko hodeietan planetaren iparraldeko poloa inguratzen zuen hexagono-formako egitura bitxi bat ikusi zuten. Hexagonoa ia geldirik zegoen, mugimendurik gabe, zehatz-mehatz ezagutzen ez den planetaren errotazio orokorraren aurrean. Gainera, Voyager ontzien irudiek bistaratu zuten hexagonoaren barnealdetik hodeiak azkar mugitzen zirela, zurrustako korronte estu batean, 400 km/h-tik gorako haizeek mugiarazten zituztela.
Hogeita hamar urte -Saturnorako urtebetea da, hau da, planetak Eguzkiaren inguruan buelta emateko behar duen denbora- beranduago eta ondoz ondoko sei urteetan baino gehiagotan, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek, hainbat herrialdetako astronomoen laguntzarekin, Saturnoko iparraldeko eskualde polarra zehatz-mehatz aztertu ahal izan dute, hexagonoa oraindik bertan dagoela egiaztatuta. Hexagonoaren erpinak zehaztasun handiz neurtu eta gero, haren mugimendua oso egonkorra dela eta, hodeien mugimenduetatik abiatuta, haren barnealdeko zurrustako korronteak aldaezina izaten jarraitzen duela zehaztu dute. Azterlan hori egiteko, ikertzaileek Lurretik 2008 eta 2014 bitartean Calar Altoko (Almeria) Behatokiko teleskopioetan ezarritako PlanetCam (Zientzia Planetarioen Taldeak berak garatutakoa) eta Astralux astronomia kameren bidez, besteak beste, hartutako irudiak erabili dituzte, baita 2004tik Saturnoren inguruan orbitan dagoen Cassini espazio-ontziak egindako bereizmen oso handiko irudiak ere.
Saturno planetaren ardatzak 27º inguruko makurdura duenez, haren atmosfera polarrak urtaroko aldaketa gogorrak ditu: zazpi urtetik gorako gau polar luzeen ondoren, argiztapen aldakorra duen 23 urteko aldi luzea dator. Hala ere, urtaroko aldaketek ez dute inolako eraginik hexagonoan eta haren zurrustako korrontean. Hori dela eta, biak Saturnoren atmosferan sakon sustraitutako uhin zabalaren zati dira. UPV/EHUko ikertzaileek proposatu dute hexagonoa eta haren korrontea "Rossbyren uhina"ren seinalea direla, Lurraren erdiko latitudeetan osatzen direnen antzekoak. Gure planetan zurrustako korronte hori ("jet stream" izenekoa) mendebaldetik ekialdera dabil uhin-mugimenduan, eta eguraldiaren mapetan ikusi ohi dugun ekaitz gogorren eta antizikloien txandakako segidari lotuta dago.
Saturno hidrogenozko gas-planeta da, Lurra baino hamar aldiz handiagoa; hotza da goialdeko hodeietan, ez dauka azalera tinkorik eta ozeanoa bezain sakona den atmosfera du. Horrela izanda, "espero da zurrustako korrontearen hexagono-formako ondulazio bertikalean hedatzea eta ezkutuko atmosferaren aldeak argitzea" adierazi du Agustín Sánchez Lavega Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. "Hexagonoaren mugimendua Saturnoko sakoneren mugimenduari lotuta egon liteke, eta egitura horren errotazio-aldia, azkenean zehaztu duguna eta 10 ordu, 39 minutu eta 23 segundokoa dena, planetarena berarena izango litzateke", esan du. Saturno Eguzki Sistemaren barneko planeta bakarra da, errotazioa egiteko zenbat denbora behar duen adierazi ez dena.
Iturria: A. Sánchez-Lavega, T. del Río-Gaztelurrutia, R. Hueso, S. Pérez-Hoyos, E. García-Melendo, A. Antuñano, I. Mendikoa, J. F. Rojas, J. Lillo, D. Barrado-Navascués, J. M. Gomez-Forrellad, C. Go, D. Peach, T. Barry, D. P. Milika, P. Nicholas, eta A. Wesley (2014): "The long-term steady motion of Saturn's hexagon and the stability of its enclosed jet stream under seasonal changes" Geophysical Research Letters 41: 1425-1431 | science |
Subsets and Splits