id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
zientzia_kaiera-aa8ceaf0b022 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/14/asteon-zientzia-begi-bistan-37/ | Asteon zientzia begi-bistan #37 | unknown | 2014-12-14 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #37
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Asteon 2014ko Nobel sarien banaketa ekitaldia ospatu da. Nobelak sari ezagunak dira baina erreparatu duzue ez dagoela Matematikako Nobel saririk? Ez hasi bilatzen Googlen, ez duzue aurkituko eta. Javier Duoandikoetxea matematikariak kontatzen digu Nobel sarien parekoa dagoela matematikarien lana saritzeko, Norvegiako Niels Henrik Abel matematikari harrigarriaren izena daraman, Abel saria. 2003. urtean hasi ziren banatzen eta horretarako Norvergiako Parlamentuak 200 milioi norvegiar koroako diru-funtsa jartzea onartu zuen 2001 urtean. Zientzia Kaieran: Abel saria, matematikarien Nobel saria.
Urte askotako lana bukatuta ikustea ere saria da ikertzaileentzat eta hiru mende behar izan dira Euskal Herriko, Frantziako, Kataluniako, Espainiako eta Andorrako zientzialari talde batek egin duena lortzeko: Pirinioetako landareak biltzen dituen atlasa osatu eta argitaratzea. Bioaniztasun handieneko bigarren gunea dira Pirinioak Europan. 4.500 landare espezie baino gehiago bizi dira Pirinioetan, Europako espezieen herena eta horietako 346 baino gehiago hor bakarrik aurki daitezke. Edu Lartzagurenek kontatzen digu Berrian: Klima aldaketaren landaregrafia.
Japoniako Kyotoko Unibertsitateko ikerlariek mamuta klonatu behar dutela iragarri dute. 2007an Siberiako Yakutia lurraldean aurkitu zuten mamut kume bat izotzetan. 10.000 urte izotzetan egin zuen 6 eta 3 urte bitarteko mamuta zen eta haren DNA ondo kontserbatu omen denez, animalia klonatzeko asmoa agertu dute ikertzaileok. Honen bueltan, Ainhoa Larrabek UPV/EHUko genetikan adituak diren Asier Fullaondo eta Ana Agirreren iritzia jaso du Berrian: Desagertu zena sortzea helburu.
Beste aurkikuntza bat ere hizpide izan dugu asteon. 1964an, duela 50 urte, Arrasateko Lezetxiki kobazuloan Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna antropologoek topatu zuten humeroa. Uranioaren serieen bidez datatu ahal izan dute eta emaitzen arabera, Euskal Herriko giza hezurrik zaharrena dela ondorioztatu dute. Dirudienez, Europan hori baino zaharragoak gutxi omen daude eta ikertzaileen ustetan, neandertalen garaiaren aurrekoa izan daiteke. Maddi Ane Txoperenak Berrian jasotzen ditu datuak: 164.000 urte baditu gutxienez Lezetxikin aurkitutako humeroak, eta Elhuyar aldizkarian Ana Galarragak: Lezetxikiko giza hezurra, penintsulako zaharrena, Atapuerkakoen ondotik.
Bidai luzea egin dute denboran aipatu ditugun mamut kumeak eta Lezetxi kobazuloko humeroak. Eta bidai luzeak egiten dituzte ere urtero migratzen duten espezie askotako milioika indibiduok. Tximeletak, euli-txoriak, gabai mediterranearra, ñuak, dortokak eta beste hainbeste dira bidai hauen protagonistak. Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean dortoka bati erreparatu dio, egiazko karetari. Hau migratzailea da, baina ez beti, izan ere kolonizatzailea ere bada. Ikerketa berrien emaitzek egiaztatu dute dortoka eme guztiak ez direla beren jaioterrira itzultzen, eta sarritan kolonizatzen dituztela lurralde berriak: Migrazio epikoak.
Eta bidaiekin jarraituz, luzea izango zen ere, Antartikako izotz eta elur artean aurkitu dituzten hamar mikrometro eskaseko berrogei partikula estralurtarrena. Amaia Portugalek kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean nazioarteko ikertzaile talde batek, lehenbizikoz kometen hauts arrasto garbiak eskuratu ahal izan dituela Lurrean bertan, espaziora irten beharrik gabe. Askotan pentsatu izan da halako partikula porotsu eta hauskorrek ezin dutela Lurrean iraun: Partikula estralurtarrak, Lurretik irten gabe.
Badirudi bidaiari gabiltzala, hemendik hara. Bertha Benzek ere automobilaren historian jasoa dagoen joan-etorri garrantzitsu bat egin zuen. 1888. urtean haren senarrak, Karl Benzek, asmatu zuen autoaren baliagarritasuna frogatu nahian 106 kilometroko ibilbidea egin zuen bere etxetik amaren etxeraino. Autoarekin egin zen lehen bidai luzeena egin zuen eta tartean izandako arazo mekanikoak konpondu zituen, historiako lehen mekanikaria bihurtuz horrela. Emakume honen bidaiarekin bat datorkigu ere, 1949. urtean liburu elektronikoa asmatu zuen emakumearen historia, Angela Ruiz irakaslearena. Zientzia Kaiera blogean Uxune Martinezen eskutik: Liburu elektronikoak eta automobilak emakumeen kontua dira.
Eta ibilaldi birtuala ere badugu. Nagore Irazustabarrenak Argia aldizkarian ematen digu honen berri: Bartzelonako Iulia Augusta Faventia Paterna Barcino erromatar kolonian (K.o. III. mendekoa), birtualki ibiltzeko aukera dugula Bàrcino 3D aplikazioa jaitsiz mugikorrera: Ibilaldi birtuala Bartzelona erromatarrean.
Birtuala ez, erreala da Elhuyar aldizkarian Eider Cartonek azaltzen digun bidai bitxi hau: 269.000 tona plastiko dago flotatzen munduko ozeanoetan, gutxienez. 2007 eta 2103 artean sei herrialdek egindako 24 espedizioen datuei esker, plastiko-zatien kopurua eta guztizko pisua kalkulatu dituzte. Guztira, 268.940 tona pisatzen duten 5,5 bilioi plastiko-zati flotatzen daude gure ozeanoetan.
Elhuyarrek Euskal Herrian gauzatu diren bi ikerketaren berri eman digu ere. Alde batetik, EHUko ikertzailea den Saio Lópezek aztertu du zergatik gohi-latitudeetan bizi diren pertsonek azal argiago duten eta ondorioztatu du, europarren azaleko depigmentazioa hautespen naturalak lagundutako egokitzapen-prozesu baten bidez gertatu dela: Hautespen naturalak azala argitzen duten mutazioei lagundu die Europan. Bestalde, CIC bioGUNEko ikertzaileek gaixotasun arraroa den homozistinuria ikertu dute. Espainian jaiotzen den milioi bat haurretik batek izan ohi du. Gaixotasun larria da, %18ko hilkortasun-tasa du 30 urtetik behekoen artean, odolbilduen eraginez eta, homozistinuria gaixotasun arraroa nola sortzen den argitu dute CIC bioGUNEko ikertzaileek.
Joxerra Aizpuruak Argia aldizkarian azaltzen digu, etxe barrua hozteko balio duen material berria sortu dutela. Aluminiozko xafla bat baino meheagoa den material honek gela batean dagoen beroa espaziorantz bidaltzen du, erradiazio infragorri gisa. Eta, bestalde, eguzkitik datozen izpiak islatzen ditu.
Ez dakigu hitz jarioak aspertu zaituzten. Sikiera ondo idatzita egotea eta testuan akats gramatikal gutxi egon izana espero dugu. Izan ere, gramatikan aspalditik trebatuak gaude. Horrela adierazi du BCBLko (Basque Center on Cognition, Brain and Language) ikerketa batek. Honen arabera, haur elebidunak zein elebakarrak gramatikan eta sintaxian trebatzen dira bederatzi hilabete besterik ez dutenean. Basque Researchen ditugu xehetasun guztiak: Gramatika ikasten dugu hitz egiten hasi aurretik.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua | science |
zientzia_kaiera-ce2d2ffa4b1e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/13/ezjakintasunaren-kartografia-43/ | Ezjakintasunaren kartografia #43 | unknown | 2014-12-13 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #43
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dira. Hona hemen asteon plazaratu diren artikuluen laburpena.
Imajinatu Eguzkia itzaltzen duzula eta, berarekin batera, planetetatik eta beraien sateliteetatik, asteroideetatik eta kometetatik datorren argia ere itzaltzen dela. Hala ere, gure zerua ez da guztiz ilun egongo. Beraz, amatatu ditzagun izarrak eta galaxiak eta, baita ere inflazio kosmikoko hondoa. Zeru iluna izango genuke horrela? Ez, infragorri hurbilean jatorri ezezaguna duen hondo ez homogeneoa izango genuke. Santiago Pérez Hoyosek kontatzen digu: The light that remains: the cosmic infrared background unveiled-en.
Egitura biologiko konplexuak ikusteko aukerak, iraultza bat sumatu zuen marmoken proteina fluoreszenteen erabilerarekin. Egun, imajinaezinak izan diren gauzak ikusteko eta ulertzeko aukera ematen dute teknika hauek. Jaime de Juanek azaltzen digu, bi bideo ikusgarri dituen The use of natural fluorescent proteins for studying life artikuluan.
Rafael Medinak txori elefanteen jatorriari buruz idatzi duen testuan, argi ikusten da espezieen eta planetaren eboluzioa elkarlotuak daudela: Feathered giants and the split of Gondwana.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-656278202fd4 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/12/liburu-elektronikoak-eta-automobilak-emakumeen-kontua-dira/ | Liburu elektronikoak eta automobilak emakumeen kontua dira | Uxune Martinez | 2014-12-12 00:00:00 | Liburu elektronikoak eta automobilak emakumeen kontua dira
Uxune Martinez
2011. urteko lehen sei hilabeteetan Mercedes-Benz autoen markak haren historiako salmenta daturik hoberena izan zuen: 2.854 milioi irabazi zituen. Aurten, zenbakiak ez badira hain onak izan ere, aintzat hartzeko moduko kopurua eskuratu du, 2014ko lehen hiru hilabetetan: 1.183 milioi euro garbi irabazi ditu.
1886. urtean, Karl Benz ingeniari alemanak historiako lehen automotoretzat jotzen den gailua sortu eta patentatu zuen Alemanian. Automobilaren lehen modelo hura, aldiz, ez zuen inork erosi nahi, ezta bultzatu ere. Karl Benzek ez zuen finantziaziorik aurkitzen. Izan ere, ez zen saltzaile ona. Bi urte beranduago, 1888. urteko abuztuan bere emazteak, Bertha Benzek inork ez zuena egin egitera ausartu zen. "Amama bisitatzera goaz" esan zien 14 eta 15 urte zituzten semeei, Mercedes Patent Motorwagen 3. kotxea hartu eta Mannheimdik Pforzheimerako ibilbidea egin zuen semeekin. 104 kilometroko bidai hura izan zen automobilaren historiako lehen bidai luzeena.
Berthak intentzio jakin bat zuen, tramankulu hura baliagarria zela erakustea eta ahal zen eta jende gehiagok ikus zezala ziurtatzea. Ez zen izan ibilbide erraza. Kotxea oso distantzia txikietan probatuta zegoen baina ez luzeetan eta bidean aurreikusi gabeko hainbat arazori aurre egin behar izan zien. Alde batetik, kotxea berotu egiten zen eta iturrietan geldiuneak egin eta uraz bete behar izan zuen. Erregaiaz hornitzeko, gasolindegirik ez zegoen eta, bidean farmazia bat aurkitu behar izan zuen baliagarria zen erregaiaz hornitzeko autoa. Arazo mekanikoak ere izan zituen, errementari batengana jo behar izan zuen pieza bat soldatzeko eta berriz kotxea martxan jartzeko. Katea, frenoak, gurpilak, erregaia garraiatzen zuen hodia apurtu zitzaizkion autoari eta guztiak konpondu zituen, arazoei aurre eginez. Egun oso bat eman zuten 100 kilometroko bidea egiten.
Amaren etxean hiru egun pasa ondoren, bueltako bidea egin zuen beste ibilbide bat hautatuz. Hiru arrazoi nagusi izan zituen horretarako: bueltan kilometro gutxiago egiteko ibilbide laburragoa nahi zuen; kotxea berotzen zenez aldapa txikiagoko bidea behar zuen eta, automobila ezagutzera emateko asmoz, ez zuen errepikatu nahi joan-etorrian ibilbide berdina.
Bertharen bidaiaren ostean senarrak Municheko industria erakusketan aurkeztu zuen kotxea eta urrezko domina irabazi zuen. Hortik aurrera, automobila ekoizteko eskaerak etorri zitzaizkion Karl Benz ingeniariari. 1889. urtean, 572 ibilgailu ekoiztu zituen eta lehen lasterketarako autoa sortu zuen. Emazteak kotxea jendearen aurrean jarri eta urtebete beranduago, Benz auto fabrikatzaile garrantzitsua bihurtu zen.
Bertha Benzek 39 urte zituen bidaia egin zuenean. Haren senarrak esan zuen, emaztearen ausardiak eman zizkiola hegoak automobilari. Berthak automobilaren historian lehen mailako postu bat du: bera izan zen lehen mekanikaria, balaztako zapatak asmatu zituen bidaiaren eraginez eta mendiko ibilbideak egiteko hirugarren engranajea jarri zioten modelo berriei berak iradokita; autoaren lehen ibilbiderik luzeena egin zuen gidaria izan zen eta horrez gain, marketinaren hastapenetako figura ere badela esan dezakegu.
Liburu elektronikoa nork sortu zuen aztertzen hasten bagara hainbat izen agertzen dira honen ibilbide laburrean. Lehena Michael Hart litzateke eta data zehatz bat, 1971. Urte hartan Gutenberg egitasmoa martxan jarri zuen. Egitasmo honen helburua zen liburuen formatu digitala eskaintzea modu irekian. Hau da, liburu digitalen liburutegia sortzea. Baina 21 urte lehenago, 1949an Galizian irakaslea zen Ángela Ruiz Roblesek liburu elektronikoaren hastapena izan zen "Entziklopedia Mekanikoa" patentatu zuen. 1944 eta 1949 artean hainbat asmakuntza egin zituen. 1944an "Atlas Zientifiko-gramatikala" egin zuen, ezagutza gramatikala, sintaxia, morfologia, ortografia eta fonetikaren bitartez irakasteko. 1949. urtean ikasleen liburu zorroen pisua zela eta, irakaskuntza interaktiboagoa eta erakargarriagoa bihurtzeko asmoz, liburu formatu berri bat asmatzen du: entziklopedia mekanikoa.
Hau izan zen e-book edo e-liburuen aitzindaria eta hiru helburu betetzen zituen: ikasleen motxilen pisua arintzea, ikasketa prozesua erakargarriagoa egitea eta ikaslearen mailara egokitutako baliabidea izatea.
Liburuak ohiko itxura zuen baina bi zatitan banatuan zegoen: lehenean, irakurketa, idazkera eta zenbaketaren ikas-prozesuetan trebatzeko erabiltzaileak hitzak eta kalkuluak egin ahal zituen teklak erabiliz. Bigarren atalean, hainbat arlo jorratzeko testuak eta ilustrazioak zeuden bobinetan bilduta. Ikasleak aukeratu egiten zuen zer irakurri bobinak aldatuz eta testua nahi zuen tokian utzi ahal zuen geldirik. Horrez gain, ikasleek hainbat hizkuntzatan irakur zezaketen gaien azalpenak eta azalpenak letra handiz ikusi ahal zituzten zoom bat bezalako kristala baitzuen.
Liburuarentzako hainbat funtzionalitate diseinatu zituen Ángelak: azalpenak irakurri beharrean, hauek entzuteko aukera edota iluntasunean irakurtzeko argi sistema ere diseinatu zuen, baina ezin izan zuen gauzatu. Liburua ondo hartu zuten sasoiko hezkuntza arduradunek baina ez zuten diruz lagundu. Dirudienez AEBko enpresa batek patentea erosteko eskaintza bat egin zion Ángela Ruizi, baina ez omen zuen onartu bertako diru-laguntzaren bat nahiago zuelako.
Ikasleei laguntzeko bide berriak uztartu zituen emakume hark sarritan esan omen zuen: "hildakoak berpiztuko balira, egungo aldaketa teknologikoak ikusiko lituzkete: igogailua, etxetresnak…; baina irakaskuntzari erreparatuko baliokete, honek Erdi Aroan jarraitzen duela ikusiko lukete."
Hezkuntzaren didaktika eta teknologia batu zituen Ángela Ruiz Roblesek, sortu zuen liburu mekanikoaren prototipoan. A Coruñako Zientzia eta Teknologia Museoan dago gordeta eta berau da e-bookaren hastapena, 65 urte dituen asmakizuna.
Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da. | science |
zientzia_kaiera-28daf2a40b6e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/11/partikula-estralurtarrak-lurretik-irten-gabe/ | Partikula estralurtarrak, Lurretik irten gabe | Amaia Portugal | 2014-12-11 00:00:00 | Partikula estralurtarrak, Lurretik irten gabe
Amaia Portugal
Kometen hauts arrasto garbiak aurkitu dituzte lehenbizikoz gure planetan bertan, horien bila estratosferara joan beharrik gabe. Hamar mikrometro eskaseko berrogei partikula bildu dituzte guztira, Antartikako izotz eta elur artean.
Kometen hautsak informazio mordoa eman dezake kometen beren jatorriaren inguruan, bai eta Lurraren zein eguzki sistemako beste planeten sorreran parte hartu zuten materialei buruz ere. Hala ere, ez da batere erraza hauts hori harrapatzea. Izan ere, askotan pentsatu izan da halako partikula porotsu eta hauskorrek ezin dutela Lurrean iraun, ezin dutela gainditu gure planetaren atmosfera zeharkatzeak dakarren inpaktua.
Nazioarteko ikertzaile talde batek, baina, aurkitu du zirrikitu bat, eta lehenbizikoz kometen hauts arrasto garbiak eskuratu ahal izan ditu Lurrean bertan, espaziora irten beharrik gabe. Zehazki, Antartikako izotz eta elur artean aurkitu dituzte jomugan zituzten partikula estralurtar horiek. Japonia, Hawaii eta Chicagoko ikertzaileek hartu dute parte esplorazio honetan, eta artikulu bat argitaratu berri dute Earth and Planetary Science Letters aldizkarian.
Takaaki Noguchi artikuluaren egile nagusiak eta Kyushuko Unibertsitateko (Fukuoka, Japonia) ikertzaileak adierazi bezala, "gure emaitzek erakusten dute partikula horiek, oso hauskorrak izan arren, elurrari eutsi diezaioketela, bai eta izotzari ere".
Ikertzaileok 2000 urtean hasi ziren Antartikan lanean. Kontinenteko bi toki oso desberdinetan bildu zuten izotza eta elurra, eta hura xehatzen aritu ziren jarraian. Izotza urtu, ura iragazi eta hiru mila mikrometeorito baino gehiago bildu zituzten horrela; bere garaian espaziotik jausitako eta hamar mikrometroko diametroa duten partikula ñimiñoak, alegia. Bost urtez mikrometeorito horiek guztiak banan-banan aztertu eta gero, horien artean berrogei kometen hautsa direla ondorioztatu dute, hauts horren berezko ezaugarriak identifikatuta.
Nola egiaztatu dute, baina, partikula horiek kometetatik datozela benetan? Espazioan atzemandako eta Lurrera ekarritako kometen hautsarekin alderatuta. Izan ere, gure planeta barruan halakorik aurkitzerik ez zegoela pentsatuta, ikerketa espazio-ontziak bidali izan dira estratosferaren goialdera. NASAk 2006an zuzendutako Stardust misioak egin zuen ekimen horietako bat, eta bertatik ekarritako partikulak erkatu dituzte Antartikan orain topatutakoekin.
Horrelako arrastoak Lurrean bertan aurkitu ahal izatea lorpen handia da, eta estratosferara bidaiatzea baino nabarmen merke eta eraginkorragoa. Izan ere, NASAren moduko misio baten halako espazio-ontzi berezi bat bidaltzea garestia da oso, eta ahalegin handia eskatzen du partikula gutxi batzuk baino ez harrapatzeko. Esplorazio modu berri honek, aldiz, potentzialki aukera handiagoa du partikula gehiago lortzeko, eta gastu txikiagoaz, gainera.
Bestalde, Antartikan lortutako kometen hauts arrastoak garbiagoak ere badira. Izan ere, NASAren bezalako misioetan aerogel berezi bat baliatzen da partikula horiek harrapatzeko: bertan itsasten dira eta horrela ekartzen dituzte Lurrera. Hori dela eta, laginak kutsatuta datoz, eta gero are gehiago kutsatzen dira, itsasgarria kentzeko baliatzen diren substantziekin. Hala, ikertzaileentzat zaila izaten da kometen hautsak berezkoa duen material organikoa kutsagarri horietatik bereiztea. Hain zuzen ere, Antartikan atzemandako partikula berri horiek horretarako ere izango dira baliagarriak: estratosferan bildutako beste horiekin alderatu eta kometa hautsak berezkoak dituen osagarriak zehazki zeintzuk diren argitzeko.
Takaaki Noguchi, Noriaki Ohashi, Shinichi Tsujimoto, et al. Cometary dust in Antarctic ice and snow: Past and present chondritic porous micrometeorites preserved on the Earth's surface. Earth and Planetary Science Letters, Volume 410, 15 January 2015, Pages 1-11. doi:10.1016/j.epsl.2014.11.012
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-4ac7f35f74c3 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/11/migrazio-epikoak/ | Migrazio epikoak | Javier San Martín | 2014-12-11 00:00:00 | Migrazio epikoak
Javier San Martín
Lurrean espezie askotako milioika indibiduok migratzen dute urtero. Maiz emititzen da telebistatik ñuek nola zeharkatzen duten Mara ibaia. Krokodiloak ondoan dutela mehatxuka, milaka indibiduok zeharkatzen dute ibaia, jazarrita, eta batzuk hil ere egiten dira.
Batzuetan, belaunaldi bat baino gehiago doaz bidaian migrazioa denean. Adibidez, Kardera tximeletek (Vanessa cardui espezieak) Hego Europan edo Ipar Afrikan ematen dute negua, eta Islandiaraino ere iritsi daitezke iparrerantz. Antzera egiten dute Monarka tximeletek, Ipar Amerikaren zati handi bat zeharkatzen dutelarik bere migrazioan. Hain zuzen ere urteko sasoi horietan, Iberiar Penintsulako padurak negua igarotzeko toki izaten dira euli-txori beltzentzat eta euli-txori arruntentzat. Txori hauek, 3.000 kilometro egin ditzakete gelditu gabe; baditugu era berean antzara komunak, gabai mediterranearra…; azken hauek, Balear Uharteetan txitatzen dute, baina Bizkaiko Golkoan berritzen dituzte beren lumak; badaude zanga atlantiarrak ere eta abar.
Historian zehar, teoria bitxi ugari sortu dira, hegazti hauek negua non ematen duten asmatu nahirik. Aitzinean, oker zebiltzan eta uste zuten enarak urmaeletako edo aintziretako lokatzean edo ur azpira sartzen zirela, zeren eta udazkenean maiz ikusten baitziren enara taldeak, hezeguneetan, landaretzan nonbait kokatuta. Itsasoan, hegaztiez gain, bale asko eta goiko irudian ikus daitekeen balea konkorduna motakoak ere, poloetan egoten dira udan, erreserbak berreskuratzen; bertan erditzen dira eta latitude beroagoetan ematen diete bularra beren kumeei, Ozeano Barean, eta Ozeano Atlantikoan. Hala egiten dute, itsasoan zehar milaka kilometroko ibilbideak egin ostean. Migrazioa, epopeia bat da, tragedia greziarren pareko bidaia epiko bat.
Beti ere itsasoari begira, hainbat ikerketak migrazio bat aztertu dute berriki. Migrazio apal bat baina besteak bezain deigarria: dortoka boboaren (egiazko kareta) migrazioa.
Egiazko kareta (Caretta caretta espezieak), ehunka kilometroko migrazioak egiten ditu, bere jantokietara iristeko. Gero, jaio zen tokira itzultzen da, bertan arrautzak erruteko. Hala ere, ikerketa berrien emaitzek, egiaztatu dute eme guztiak ez direla beren jaioterrira itzultzen, eta nahiko maiz kolonizatzen dituztela lurralde berriak.
Lluís Cardona, lanean ari da Universitat de Barcelonako Animali Biologiako sailean, eta baieztatu du "filopatria ez dela lehen uste zen bezain ona, eta kolonizazio berriek arrastoak ematen dizkigute ingurune-aldaketei emandako erantzunen mekanismoak nolakoak diren jakiteko".
Espezie hau suntsitzeko arriskuaren pean dago mundu mailan, baina hala ere, bera da ugariena Mediterraneoan. Orain arte, uste zuten dortoka Ipar Amerikatik eta Karibetik iritsi zela Mare Nostrumera, azken glaziazioa gertatu ostean. Hala eta guzti, azken ikerketek, iradoki dute espezie honek askoz ere lehenago, hau da, 20.000-200.000 urte lehenago kolonizatu zuela egun gotorleku duena.
Gutxi gorabehera, duela 5 milioi urte dortoka hau nonahi zegoen Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean. Panamako istmoaren igoerak bitan zatitu zuen populazioa, ozeano bakoitzari espeziearen erdi bana emanez. Cardonak dioenaren arabera, "Mediterraneoaren kolonizazioa uste baino lehenago gertatu zen, azken glaziazioa baino lehenago. Horrek esan nahi du dortokek gutxienez glaziazio bati eutsi behar izan diotela. Ziur aski, garai hartan inguru beroenetan aurkituko zuten babesa: Libia, Grezia eta Turkiaren kostaldeak".
Ikertzaileek diote berez dortokak gutxienez bi fasetan kolonizatuko zuela Mediterraneoa. Lehenengo fasean, duela 50.000-200.000 urteko tartean gertatu zen eta Mediterraneoko ekialdeko mutura kolonizatzera iritsi zen. Bigarren fasea, azken glaziazioa gertatu ostean gauzatu zen, eta garai horretan dortokak aukera izan zuen Hego Italia, eta zehazkiago Calabriako zonaldea kolonizatzeko.
Gertaera bakartzat jo izan da Mediterraneoaren hondartzen historian, baina baliteke joera aldatzen egotea. Carmonak dio goizegi dela ondorioak ateratzeko, eta oraingoz ezin esan dezakegula dortoka honen habia-egite saioak tenperatura-aldaketa bezalako ingurune-faktoreek eragin dituztenik. Izan ere, joan de udan, lau habia-egite saio antzeman ziren, 2013ra arte 6 aipu historiko baizik ez bazeuden ere.
Erraz uler daiteke hain habia-egite saio gutxi egon izana, hondartzetako tenperaturak kontuan izanda. Espainiako mediterranear kostaldeak hotzak direla esan izan da, eta hori dela eta, esan beharrekoa da arrautzak txitatzeko tenperaturaren arabera gauzatzen dela sexu bat edo bestea. Tenperatura behera doala, gero eta ar gehiago sortzen dira. Emeak dira jaio ziren tokietara erruteko itzultzen direnak, eta beraz, ulergarria da ugaltze saioak hain urriak izatea.
Baliteke uda honetako gertaerak gizakiek hareatzetan hartu dituzten ohitura berriek eragin izana. Izan ere, dortokek gauean erruteko ohitura dute, eta jaioberriak ere, gauean baizik ez dira ateratzen ausartzen. Ordu horietan gizakiak bertan badaude, dortokak erraz antzeman daitezke, baina gizakia bera ere eragile kaltegarria izan daiteke.
Cardonak, ziurtatu du ez desagertzeko, espezie gehienek nahiko izango luketela presioak apur batez behera egitea. Horretarako baina, ezinbestez onartu behar dugu espezie horiek bizirik daudela gure aldean.
Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-a473cf74312b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/10/zientzia-ez-doa-presaka/ | Zientzia ez doa presaka | Maria José Moreno | 2014-12-10 00:00:00 | Zientzia ez doa presaka
Maria José Moreno
Zientzialari orok jasan behar izan du bat-bateko galdera hau, azken bolada batean zer aurkitu duen azaltzen saiatu denean: "Eta hau noizko merkatuan?" Nire eskarmentuan oinarrituta, esango nuke %99.9ean honako erantzun hau bota behar dela: "Hemendik 10-15 urtera". Izan ere, zientzia poliki doa, presarik gabe, baina eten gabe. Berez, hainbat protokolo bete behar dira, hurrengo urratsa eman baino lehen. Protokolo horiek izango dira azken batean ikerlariari arrakasta emango diotenak. Alferrik azkartuko dugu prozesu bat, gero presaka ibiltzeagatik abiapuntura itzuli behar bagara berriro. Txikitan etxeko lanak gaizki bukatu eta kalera jotzen genuenean, antzera esaten zigun amak: "hobe zenuen ba bost minutu gehiago eman; orain berriz egin behar dituzu, eta azkenean askoz ere denbora gehiago erabili behar duzu". Eta huts horrek, zientzian, denbora-galera ez ezik, diru-galera ere eragiten du.
Eta erantzuna badakigu, zergatik ari ote gara galdezka eten gabe? Oro har, esan genezake kazetarien ohitura txarra eta zentzugabea dela aurkikuntza bati data bat jarri nahia. Hala ere, tartean osasuna dagoela, oso garrantzitsua da epeen berri zehatza izatea, ez baita gezurrezko itxaropenik eragin behar.
Oso kontuan hartzekoa da osasun kontuetan edonor dagoela prest edozein osabideaz fidatzeko. Are argiago dago hori ondorengoei helaraziko zaien gaixotasun bat badago tartean. Edonola, oso ausarta bide da "minbiziaren aurkako txertoa gero eta hurbilago dago" esatea, baldin eta zinez 1. fasean dagoen saio kliniko hori, 10 gaixoetan baizik probatu ez bada, eta hiru kasutan bazik ez bada ondorio onik lortu.
Honelako berriek nahasmendua eta etsipena baizik ez dute sortzen, zeren eta inork txertoa eskatzen badio medikuari, medikuak ez baitu erantzuna ematerik izango eta gaixoak pentsa baitezake medikua ez dela buru-belarri ari bere lanean.
Beste kasu batzuetan, zilegi gerta daiteke lan bat bukatutzat ematea, baldin eta dirua lortzea bada helburu. Duela egun batzuk, adibidez, hedabideetan jakin genuen Geoffrey Raismanek eta Londresko University Collegean Neurologia Institutuan duen taldeak lortua dutela gaixo paraplegiko bat berriz ibiltzen hastea. Hau, bizkar-muina sastakada batez bitan zatituta lortu dute. Hau egiazkoa da, eta izen-deituren berri ere eman da: Darek Fidyka suhiltzaile hungariarra. Ikerketaren erantzuleak El Mundo egunkariari emandako elkarrizketa batean baieztatu du "bost urteko epean konpon lezaketela kontua, kasurik onenean". Epe horretan jarriko lukete abian teknika hori, bizkar-muineko zauriak dituzten beste gaixo batzuetan. Hau aurrera eramateko, Raismanek, ziurtatzen du diru-laguntza bat beharko dutela. Ziur aski, erraz lortuko dute dirua, epe laburreko ondorioez mintzatu baitira, eta berria mundu osora iritsi delako. Baina beste egun batean hitz egingo dugu horretaz.
Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-b9e0fdf0304b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/09/abel-saria-matematikarien-nobel-saria/ | Abel saria, matematikarien Nobel saria | Javier Duoandikoetxea | 2014-12-09 00:00:00 | Abel saria, matematikarien Nobel saria
Javier Duoandikoetxea
Alfred Nobelek 1895eko testamentuan utzi zuen idatzita bere ondasunen parte batekin erakunde bat sortu behar zutela eta horrek urtero zenbait sari emateko ardura hartu beharko zuela. Sari horiek zein arlotan eman behar ziren ere zehaztu zuen. Mende bat joan eta gero, ez da munduan egongo Nobel saria baino ospetsuagorik. Baina ez zegoen matematikarako Nobel saririk eta gero ere ez da halakorik sortu. Hutsune hori nabarmendu da beti matematikaren munduan eta badago arrazoi ezkutuen bila ibili denik ere Nobelen borondatetik kanpo matematika zergatik geratu zen azaltzeko. Ehun urteko atzerapenarekin etorri zen, Eskandinaviako lurretik etorri ere, Nobelen parekoa izateko asmoa duen Abel saria, matematikarientzako oraingoan.
Zergatik Abel? Niels Henrik Abel matematikari harrigarria izan zen. Norvegiako herri txiki batean jaio zen 1802an, artean Norvegia Danimarkako erresumako parte zela. Urte latzak izan ziren haiek Norvegian, gerren ondorioz pobrezia handia baitzegoen, Abelek etxean bertan pairatu zuen pobrezia. 1814tik aurrera, Norvegia Danimarkatik banandu eta Suediako erresuman sartu zen. Hurrengo urtean, Abel Christianiara –gaurko Oslora– bidali zuten ikastera. Matematikarako dohain nabarmenak zituenez, irakasle batek goi mailako liburuak irakurtzera bultzatu zuen eta diru-laguntza lortu zion 1821ean unibertsitatera sartzeko. Ordurako matematikaren ezagutza zabala zuen eta laster lortu zituen bere lehen emaitza matematiko garrantzitsuak. Abelen ametsa Alemaniara eta Frantziara joatea zen, han baitzeuden garaiko matematikaririk onenak. Halako batean heldu zitzaion bilatutako laguntza eta 1825ean irten zen Norvegiatik. Zenbait hilabeteko bidaia egin zuen eta hainbat matematikari aurkitu zituen, baina diru faltagatik jaioterrira itzuli behar izan zuen eta 27 urte bete baino lehen tuberkulosiak eraman zuen. Geroak arrakasta handiko ibilbide laburra aitortu dio matematikan, zeren historian geratu diren zenbait emaitza lortu baitzituen.
Eman zuen Norvegiak bigarren matematikari bikain bat XIX. mendean: Sophus Lie. Abelen jaiotzaren mendeurrena hurbil zela, Lieren asmoa izan zen ospakizun handi bat egitea haren omenez. Gainera, Nobelen testamentuaren berri jakinda, Abelen izena hartuko zuen sari bat sortzea bururatu zitzaion; matematikarientzako saria, noski. Baina Lie 1899an hil zen eta ez zen heldu ezta Abelen mendeurrena ospatzera ere.
Abelen mendeurrenaren urtean, 1902an, Oskar II.a, Suediako erregea, konbentzitu omen zuten saria sortzeko. Hala ere, 1905ean Norvegia Suediatik banandu egin zen eta bertan behera geratu ziren asmo guztiak. Hori bai, Norvegiako erresuma berriko heroien artean geratu zen Abel.
Ia ehun urte aurrera egin behar dugu eta XX. mendearen azken hamarkadara etorri. Arild Stubhaug idazle eta matematikariak Abelen biografia ederra osatu zuen 1996an eta Sophus Lierena idazteari ekin zion. Ehun urte lehenagoko Lieren paperen artean matematikarientzako sari bat sortzeko ahalegina erakusten zuten dokumentuak aurkitu zituen. Hori ikusita eta 2002an Abelen jaiotzaren bigarren mendeurrena izango zela kontuan izanda, zergatik ez saiatu lortzen ehun urte lehenago ezin izan zena? Unibertsitatera jo zuen, hango matematikari batzuei asmoaren berri ematera eta haien sostengua lortzera. Sariak, hala ere, akademikoen mundutik kanpo behar zuen sostengua, sari handi bat sortzeko diru asko behar da eta. Horrela, denbora aurrera zihoan eta ez zirudien asmoak indar nahikoa zuenik gauzatzeko.
Liburuaren sinatze-ekitaldi batean, 2000ko udan, Tormod Hermansen politikari ohia aurkitu zuen Stubhaugek halabeharrez. Norvegiako politika ekonomikoan eragin handia izana zuen Hermansenek eta une horretan enpresa handi bateko zuzendaria zen. Stubhaugek saria sortzeko asmoen berri eman zion, baita amore ematear zegoela aitortu ere. Hermansen, aldiz, ideiarekin bat etorri zen eta prest azaldu zen politikarien arteko lana egiteko, Stubhaug mundu akademikoan saiatzen zen bitartean. Hortaz, Stubhaugen ilusioari indar berria heldu zitzaion, eta ez nolanahikoa.
Norvegiako Akademiaren eta munduko matematika-erakundeen babesa zuten, baina hori ez zen harritzekoa. Lantaldeak proposamen bat prestatu zuen. Ez zen bakarrik sari bat izango, matematika sustatzeko eta zientzien aldeko jarrera bultzatzeko asmoarekin eginiko proposamena zen. Horrekin batera, sari handi bat emango zioten matematikari bati, egindako lanaren bikaintasunagatik.
Asmo ederrak izan arren, ez zen lan erraza politikariak konbentzitu eta estatuari dirua eskatzea halako helburu baterako. Hortaz, dena astiro zihoan eta Abelen mendeurrena hurbil zegoen. 2001eko udan lantaldeak bilera asko izan zituen goi mailako politikariekin. Urte horretako PISA txosteneko emaitzak ikusita, argi geratu zen Norvegiako ume eta gazteek matematika eta zientzien arloan hobetzeko beharra zutela. Eta iritzi horretan alderdi politiko guztiak bat zetozen. Abel sariaren sustatzaileek eskura izan zuten aitzakia: haien proposamena ezin hobeto egokitzen zen helburu horrekin. Azken bultzada heldu zen eta Norvegiako Parlamentuak 2001eko abuztuan 200 milioi norvegiar koroako diru-funtsa jartzea onartu zuen (25 milioi euro inguru). Hurrengo urtean Batzorde kudeatzailea lanean hasi zen eta 2003an hasi ziren banatzen sariak.
Urte bakoitzeko martxoan ematen da jakitera saria irabazi duenaren izena. Hilabete bi geroago, maiatzean, Osloko kaleak Abel sariaren banderekin apaintzen dira eta Norvegiako erregeak edo haren familiako norbaitek saria ematen dio irabazleari zeremonia berezi batean. Dirutan 6 milioi norvegiar koroa –750.000 euro inguru– hartuko ditu. Gainera, sari-ematearen inguruan ekitaldiak antolatzen dira, hitzaldiak eta beste, Norvegiako zenbait lekutan.
Lehen sariduna Jean Pierre Serre frantziarra izan zen 2003an; azkena, Yakov Sinai errusiarra izan da, Princeton Unibertsitateko irakaslea, 2014an. Nobel sarietan ez bezala, erabakia hartuko duen batzordea nazioarteko adituek osatzen dute, Nazioarteko Matematika Elkarteak (IMU) eta Europar Matematika Elkarteak (EMS) aukeratuak. Azken saritua ebatzi duen epaimahaian euskaldun bat izan da: Maria J. Esteban, Paris-Dauphine unibertsitateko ikertzailea.
Esan dezakegu badela matematikarientzat Nobel sariaren tamainako ordezkorik? Bai eta ez. Alde askotatik (besteak beste, diruaren aldetik) konparagarriak diren arren, badirudi oraindik bide luzea dagoela Nobelen arrakasta mediatikoa lortzeko. Ikusi duzue inon Abel sariaren berririk? Seguru aski, orain arte ez. Ea hurrengoan den.
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn. | science |
zientzia_kaiera-126d37e82be3 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/08/zaharra-zara-bilbo/ | Zaharra zara Bilbo | unknown | 2014-12-08 00:00:00 | Zaharra zara Bilbo
Bilbo, 2030. Bilbo hirirako eta barrutietarako demografia proiekzioak txostenak, Bilboko udalerriaren tamainaren bilakaerari eta funtsezko ezaugarriei buruzko emaitza nagusiak jaso ditu, baita demografia fluxu nagusien joerak ere: jaiotzak, heriotzak eta migrazio mugimenduak. Proiekzioak lantzeko erabilitako metodologia Eustatek EAEko proiekzioak kalkulatzeko erabiltzen duen metodologia bera da, eta datu esanguratsuak eman ditu.
Azken hiru hamarkadetan, Bilbok pixkanaka populazioa galdu du, eta, horrez gain, bertan bizi den populazioa zahartu egin da modu progresiboan. Populazioa zahartzeko fenomeno horren faktore erabakigarriak izan dira 1970eko hamarkadaren amaieran jaiotze tasak nabarmen behera egin izanak, eta baita, hilkortasun tasak behera egin izanak ere. Mende honetako lehenengo hamarkadaren amaiera arte migrazio saldo positiboak hazkunde natural negatiboa konpentsatzea lortu du.
Etorkizunean ere populazioaren zahartze-prozesuak aurrera egingo du, izan ere, 2030ean Bilbon adineko biztanle gehiago egongo da eta gutxiago izango dira tarteko adineko biztanleak zein biztanle gazteak. Adineko biztanleei erreparatuz, 2030ean Bilbon biziko den 65 urtetik gorako pertsonen kopurua 14.985 pertsonakoa izango da, hau da, gaur egun baino % 18,9 gehiago izango dira. Hazkunde hori bereziki nabarmena izango da pertsona zaharrenen artean, izan ere, Bilboko 85 urtetik gorako biztanleek % 37,6ko gorakada ezagutuko dute, hau da, 4.774 pertsona gehiago izango dira.
2030ean, Bilbok 322.360 biztanle edukiko ditu guztira, hau da, 2013ko datuekiko % 7,9ko beherapena ezagutuko da Bilbon, edo beste modu batera esanda, 27.509 pertsona gutxiago izango dira. Mende hasieran egonkor mantendu zen biztanle kopurua, baina 2010ean murrizketaren bideari ekin zion Bilboko biztanleriak, eta datozen urteetara begira, murrizketa gero eta azkarragoa izango dela aurreikusi da. Horrela, gaur egun bizi dugun hamarkadaren bigarren zatirako aurreikusi dira biztanleria-galera handienak: % 0,8-0,9 biztanle galduko dira urtean. Ondorengo hamarkadetan ez da hain nabarmena izango biztanleriak ezagutuko duen beherakada eta 2020 amaierarako nolabaiteko egonkortasuna lortuko da berriro ere.
Bilboko kasuan, zenbatu den biztanleria-galera Bizkairako zenbatu dena baino nabarmenagoa da: 2013-2026 aldian Bilbok bere biztanleriaren % 7,7 galduko duen bitartean, Bizkaian % 5,6koa izango da galera. Biztanleria-galerak ezagutuko duen areagotzea jaiotza kopuruak izandako murrizketak eragingo du, nagusiki, heriotzen kasuan egonkorrago izango baita bilakaera. 2025ean 2.300 haur baino pixka bat gutxiago jaioko dira Bilbon, hau da, 2008an baino 948 jaiotza gutxiago izango dira (% 29ko beherakada).
Migrazio-saldoaren kasuan ere biziagotu egingo da beheranzko joera datozen urteetan, etorkin gutxiago etorriko baitira. 2020ko lehen hamarkadaren hasieratik aurrera saldo hori positiboa izango dela aurreikusi da.
Laburbilduz, ikerketaren emaitzak adierazten du:
Iturria: EHUko komunikazio bulegoa: Bilboko Udalak eta UPV/EHUk hiriari buruzko azterlan demografiko bat aurkeztu dute. | science |
zientzia_kaiera-5b4006706c10 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/07/asteon-zientzia-begi-bistan-36/ | Asteon zientzia begi-bistan #36 | unknown | 2014-12-07 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #36
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Ingurumen-kalterik sortzen ez duten material eta produktuak ekoiztea da gaur egungo erronka nagusienetarikoa. Joxerra Aizpuruak Argia aldizkarian kontatzen digu Norvegiako ikerketa laborategi handienak, SINTEFek, ildo hori jorratuz ordu gutxian uretan disolbatzen diren txipak garatzen ari dela. Txip hauek itsasoko azterketak egiten dituzten droneetako osagaiak lirateke. Eta, helburua da, droneak euren lana amaitu ondoren itsasoan disolbatzea hondakinak gutxituz: Txip biodegradagarriak sortzen.
Ingurumena zaintzea beharrezkoa bada, gure osasuna zaintzea ezinbestekoa dugu ere. Maialen Unanue kazetariak Berrian osasunarentzat garrantzitsuenak diren aspektuak landu dituen argitalpena dakarkigu: Antonio Palomar medikuaren "Elikadura adimenduna, sukaldaritza osasungarria" liburua. Palomarren esanetan, elikadura ez da jaten dena soilik eta sarritan elikadura eta nutrizioa sinonimotzat hartzen baditugu ere, nutrizioa da giza organismoari gertatzen zaiona jan edo edaten dugunean. Datu guztiak Burutik hasten da nutrizioa artikuluan.
Elikadura garrantzitsua da osasunarentzat eta gaixo gaudenean, sarritan, botikak hartzen ditugu osatzeko. Enara Herran ikertzaileak, alzheimerraren eta parkinsonaren aurkako tratamenduak hobetzen dihardu. Neuronen galera eragozten eta berriak sortzen laguntzen duten sendagaiak garatzen dabil eta Ana Galarrak bere lanaren berri eman digu Zientzia Kaiera blogean: "Esperimentu bat ondo ateratzen denean, dena ahazten zaizu."
snRNA, snoRNA, asRNA, miRNA, piRNA… letra-zopa berezi baten osagaiak dira, azido erribonukleiko motak hain zuzen ere. Koldo Garcia biologoak diosku Edonola blogean, RNA perrexila bezalakoa dela hainbat saltsatan baitago: RNAren hizki-zopa.
Hitzak, esaldiak, hizkuntza da Itziar Gonzalez Dios ikertzaileak duena haren ikerketako oinarri. Alemaniar filologia ikasi zuen eta egun, UPV/EHUko IXA ikerketa-taldean dihardu tesia egiten. Euskararen egituren konplexutasuna sinplifikatzeko modu automatikoa ikertzen ari da, adibidez, euskara ikasten ari direnei eta euskaraz irakurtzeko zailtasunak dituztenei testuak modu sinpleago batean emateko. Unibertsitatea.net atarian eman digute honen berri: "Gizarteari zer ikertzen ari garen eta zer lortzen dugun adieraztea zor diogula ezin dugu ahaztu."
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian Nature aldizkariak egindako azterketa bat plazaratzen digu. AEBko energiari buruzko informazio-sailak (EIA) eta Texasko Unibertsitateak haustura hidraulikoa erabilita erauztea espero zuten gas-kantitateari buruzko aurreikuspenak alderatu ditu aldizkariak. Azterketan ondorioztatu du EIAren aurreikuspenak puztuta daudela: Haustura hidraulikoaren bidezko gasaren aurreikuspenak, ez hain onak.
Zientzia Kaiera blogean Amaia Portugalek atzera begiratu du eta Jochen Knies itsas geologo norvegiarrak zuzendu duen ikerketa baten berri eman digu. Itsas hondoko sedimentuak aztertuta, duela lau milioi urte Ipar poloaren bueltako uretan izotzik ez zegoela ondorioztatu du ikertzailearen taldeak. Izan ere, gutxienez duela 2,6 milioi urte arte, bertako izotz masa ez zen guk ezagutu dugunaren parekoa: Izotzik gabeko Ozeano Artikoa.
Ingurumenarekin eman diogu hasiera asteko zientzia-gaien errepasoari eta horrekin amaituko dugu atala ere. Antonio Cantó dibulgatzaileak Zientzia Kaieran blogean gogoratzen digu, gure erantzukizuna dela planeta zaintzea. Izan ere, gutaz gain inor ez baita arriskuaz jabetuko, eta inork ez baitu prozesua geldiaraziko. Basogabetzearen eragina zein den azaltzen ditu Antoniok. Jada, oihan tropikalen %71a suntsitu ditugu zuhaitz-mozketekin. Gutxi gorabehera, bost futbol-zelairen parekoa desagertzen da minutuko. Eta hau, legez kanpo egiten da. Ikaragarria! Hondamendi ekologikoa 12.000 urtetan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua | science |
zientzia_kaiera-7c7154c2e000 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/06/ezjakintasunaren-kartografia-42/ | Ezjakintasunaren kartografia #42 | unknown | 2014-12-06 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #42
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon plazaratu diren artikuluen laburpena.
Darwinen txontei buruz guztia esanda zegoela zirudienean, darwinista klasiko eta epigenetiko iraultzaileen arteko eztabaida dugu pil-pilean. Eta tartean, diseinu adimentsuaren aldekoak muturra sartzen. Carlos Romá-Mateoren artikuluan ditugu guztiak: Epigenetics takes us back to the Galápagos.
Antartidan dagoen jarduera zientifikoa, bertan dagoen jarduerarik garrantzitsuena da, eta honek sortzen duen ingurumen-kaltearen kontzientea dela pentsa dezakegu. Datuek adierazten dute, aldiz, bestelako jardueren antzera, hau ez dela horrela. Beraz, nola saihestu kalte gehiago? Maialen Ruiz Pradak azaltzen digu Cleaning Antarctica: Is the cure worse than the disease?-n.
Jesús Zamorak diseinu adimentsuaren aldeko kide sofistikatuenen argudioak piezaz-piezaz bertan behera uzten aurrera darrai, haren hirugarren artikuluan: Deconstructing intelligent design (3): The true (and complex) nature of the 'explanatory filter'.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-374f74b2a6d0 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/05/zientzialari-18-lourdes-herrasti/ | Zientzialari (18) – Lourdes Herrasti | 2014-12-05 00:00:00 | Zientzialari (18) – Lourdes Herrasti
Zientzialari 18 – Lourdes Herrasti from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo.
Lourdes Herrasti ikertzailea da Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologia sailean eta osteoarkeologian espezializatua dago. Sarritan entzuten da komunikabideetan indusketa batetik ateratako hezurrak aztertuta pertsona hari buruzko hainbat datu lortzen dituztela. Baina nola egiten dute lan hori? Ikus ezazu bere azalpena bideoan.
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean. | science |
|
zientzia_kaiera-72a8403a85d3 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/04/hondamendi-ekologikoa-12-000-urtetan/ | Hondamendi ekologikoa 12.000 urtetan | Antonio Cantó | 2014-12-04 00:00:00 | Hondamendi ekologikoa 12.000 urtetan
Antonio Cantó
Aurrera doa oraindik ere gizakiak Lurrean eragin dituen hondamendi handienetako bat. Planeta mailan eragiten ari den basogabetzeaz ari naiz. Lehenago nekazaritzak, eta gero industriak eragin dute eta eragiten ari dira hau. Fores Trends erakundeak berriki egin duen ikerketan [1], agerian utzi zaigu oihan tropikalen %71aren suntsipena ekarri duela nekazaritza-lur berriak lortzeko egin izan den zuhaitz-mozketak. Eta legez kanpo egin da horietatik %49a gutxienez. 2000-2002 tartean, Bielorrusiaren azaleraren antzerako zerbaiten suntsipena ekarri du legez kanpoko jarduera honek. Gutxi gorabehera, bost futbol-zelairen parekoa desagertzen da minutuko.
Esan bezala, oso zaharra da jarduera hau. Izatez nekazaritza eta abeltzaintza bezain zaharra dugu, eta azken bi hauek duela 12.000 urte [2] asmatu genituen. Mozketa eta erreketa-nekazaritza deritzo honi, eta ia gure hasieratik aritu gara horretan. Erraza da zergatia ulertzen: gertu dugun basoa erretzea da nekazaritza-lurrak lortzeko era errazena. Aizkora, zuzia eta kito. Gutxienez sedentariotzen hasi zirenetik hasiko ziren gizakiak zeregin honetan. Neolitiko edo Mesolitikoan izango zen [3], gizaki-populazioak gorantza hasiko ziren…eta ordutik ez gara gelditu.
Baina ez da berdin gertatu zonalde guztietan. Esate baterako, Mendebaldeko Europako basoa, ia erabat suntsitua gertatu zen, baina egun suspertzen hasia da, nekazaritza beheraka doalako, eta "lehenengo munduan" abian jarri direlako hainbat basoberritze-egitasmo. Beste toki batzuetan ordea, hondamendia arrapaladan hedatzen ari da. Adibidez Brasilen edo Indonesian, espaziotik ere ikus daitezke azalera handiko erreketak, eskala handiko meteorologia-fenomenoak ere sor ditzaketenak. Horra hor 2006 edo 2013ko Hego Ekialdeko Asiako gandu handiak. Hauek, arnas arazoak eragin zituzten eta hainbat herrialdetan, aire eta ur-nabigazioa debekatu egin behar izan zen denboraldi batean. Hala ere, nekazariak ez zeuden kezkatuta. "Basoa erretzen ez badugu, non lortuko dugu ba janaria?" [4] zioen batek. Horrela aritu gara ba, azken hamabi milioi urteotan.
Historian zehar, premiazko nekazaritza eta abeltzaintza ahalbidetzeko egin dira basogabetze hauek, baina ez pentsa horregatik gutxi basogabetzen zenik. Izan ere, gizakiek, oso azalera handiko bazkaleku eta nekazaritza-aldeak behar dituzte, populazioa gora egiten doan heinean. Baina azken bolada honetan, merkatuko nekazaritza sortu da. Alegia, elikatzeko ez ezik, industriarako eta esportaziorako ekoizten diren eremu landatuak ari dira sortzen. %71ko suntsipen hori merkatuko nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen ekoizpenera bideratu da azken urteotan, eta %29a baizik ez da erabili besterik gabe bizirauteko, urbanizatzeko, edota azpiegiturak egiteko.
Eta zein ote dira honelako produktuak? Ba adibidez, soja, palma-olioa eta abelgorriak. Forest Trendeseko txostenaren arabera, zonalde tropikal hauetatik dator merkatuetan salgai dauden abelgorrien hiruren bat, sojaren %70a eta palma-olio guztia. Bioerregaiek ere badute eragina, baina era apalago batean. Ez da inola ere negozio txikia. Nahiko diru ematen du, eta ohi bezala, dirua tartean dauden tokietan, diruzalekeria eta ustelkeria dira nagusi. Hori dela eta, basogabetzearen erdia legez kanpokoa da, edo legearen alde ilunetan geratzen da, denetariko azpijokoak daudelarik tartean.
Areago, isileko aizkolariek eta enpresek bortitz jokatzen dute maiz, aurre egin nahi dietenekin. Erailketak ere gertatu dira, kasurik nabarmenetan. Horrela jazo zen, besteak beste Edwin Chota, Leoncio Quincima, Jorge Ríos eta Francisco Pinedo lider perutarren kasuan [5]. Eta ez dira bakarrak, krimenak gertatzen ari direlako eten gabe, legez kanpoko jardueretan dabiltzanei aurre egin nahi dietenen aurka. Jipoiak eta torturak ere gertatu dira.
Ingurumenari kalte larriak eragiten zaizkio eta bioaniztasuna nabarmen ari da beherantz [6]. Besteak beste, ziklo hidrologikoa eraldatzen da, eta erreketek 1.470 tona karbono jaurtitzen dituzte atmosferara urteko. Europar Batasun osoak erregai fosilak erabilita jaurtitzen duenaren laurdena da hori. Horrela, planetako birika hauek gainbehera doaz txikitzen. Gainera, silbikulturan ari diren komunitateak erbesteratuta edo baztertuta geratzen ari dira. Eta gainera, laster bukatuko da gaizkile hauen pagotxa: ingurumenari egiten zaizkion kalte hauek %7ko murrizketa eragin liezaiokete munduko produktu gordinari, eta hala gertatuta, ohi bezala txiroenak eta ahulenak izango lirateke astinduenak.[7]
Zer esanik ez, gizakiok ez gara hondamendi ekologikoak eragin ditzakeen espezie bakarra. Espezie guztiak izan daitezke kaltegarriak neurri batean edo bestean, eta espezie askok tokian tokiko kalte handiak eragin dituzte jadanik. Lurrean egon den hondamendi lazgarriena ez genuen guk eragin, oraindik 2.300 urte falta zirelako gu agertzeko: Zianobakterioek fotosintesi bidez oxigenoa sortzen jardun zuten, eta horrela Oxidazio Handi gertatu zen, Oxigenoaren Hondamendia alegia. Hondamendi honetan, Lurraren bigarren atmosfera suntsitu zen, eta geroago sortu zen hirugarren geruza, gaur arnasten duguna. Ziur aski, honek desagerrarazi zituen munduan nagusi ziren halabeharrezko anaerobio guztiak, eta agian gertaera hau izan zen Glaziazio Huronianoa eragin zuena, hots, Lurrean gertatu den hondamendirik handienetakoa eragin duena. Hori hondamendi ekologiko larria izan zen, baina gertatu izan ez balitz, aerobiook ez ginen inoiz sortuko.
Baina gizakiak gara hau guztia ulertzeko gauza diren bizidun bakarrak, alegia geu ohartu behar gara kaltegarria izango dela gure ekosistema hain muturreko mugetara eramatea. Izan ere, ez dakigu zer gertatuko den, ez epe ertainera, ez epe luzera ere. Gure erantzukizuna da planeta zaintzea, gutaz gain inor ez baita arriskuaz jabetuko, eta inork ez baitu prozesua geldiaraziko. Hori egiten gai gara…hainbatetan gezurra badirudi ere.
[1] Lawson, S. et al: "Consumer goods and deforestation: an analysis of the extent and nature of illegality in forest conversion for agriculture and timber plantations." Forest Trends Report Series, Forest Trade and Finance, 2014ko iraila.
[2] Barker, G.: "The Agricultural Revolution in Prehistory: Why did Foragers become Farmers?" Oxford University Press, 2009ko martxoa. ISBN 978-0-19-955995-4.
[3] Brown, T.: "Clearances and Clearings: Deforestation in Mesolithic/Neolithic Britain." Oxford Journal of Archaeology 16 (2): 133 (1997). doi:10.1111/1468-0092.00030.
[4] Madian, A: "Haze creates regional human-environment Crisis." Malaysian National News Agency, 2006ko urriaren 20.
[5]"Ucayali: Cuatro asháninkas fueron asesinados por presuntos madereros ilegales." La República (Peru), 2014ko irailaren 8.
[6] Young, E.: "Biodiversity wipeout facing South East Asia." New Scientist, 2003ko uztailaren 23.
[7] Black, R.: "Nature loss 'to hurt global poor." BBC News, 2008ko maiatzaren 29.
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-271615e9c1d8 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/03/izotzik-gabeko-ozeano-artikoa/ | Izotzik gabeko Ozeano Artikoa | Amaia Portugal | 2014-12-03 00:00:00 | Izotzik gabeko Ozeano Artikoa
Amaia Portugal
Duela 2,6 miloi urte arte, Ipar poloa ez zen gaur egun ezagutzen dugunaren modukoa: ez zegoen izotzezko mantu batek estalia, edo behintzat, haren hedadura ez zen, esaterako, XX. mendean izan zuenaren modukoa. Hala adierazi dute Nature Communications aldizkarian argitaratu berri duten artikulu batean. Jochen Knies itsas geologo norvegiarrak zuzendu du lan hau, eta besteak beste, Tromsø, Plymouth, Bartzelona eta Stellenboscheko unibertsitateetako kideek hartu dute parte bertan.
Kniesek eta beste ikertzaileek Ozeano Artikoko itsas izotzaren hedapenak zer joera izan duen aztertu dute; duela 5,3 eta 2,6 milioi urte arteko denbora tartean. Hain zuzen ere, Lurrean izotzaldien aroa hasi aurreko azken periodo epela izan zen huraxe. Itsas geologo honek azaldu duenez, "ozeanoaren hondoan dauden zenbait landare fosilen molekulak aztertu genituenean, jakin genuen Artikoak ez zuela itsas izotzik duela lau milioi urte arte".
Zehazki, Spitsbergen irlaren ipar-mendebaldean egin zuten landa lana; Norvegiako uharterik handiena da hori, baina penintsulatik nabarmen iparraldera dago, Ozeano Artikoaren mugan eta Groenlandiako itsasoaren hertzean. Bertan, itsas hondoraino jo eta lurzorua zulatu zuten; lehenik eta behin, bertako sedimentuen antzinatasuna kalkulatzeko. Jarraian, halako ingurune hotzetan bizi diren zenbait landare mikroskopikok utzitako fosilak bilatu zituzten sedimentu artean.
Hala, aztarna horiei esker, garaian garaiko ingurunearen kondizioak nolakoak izan ziren eta zer bilakaera izan zuten irakurri ahal izan dute, eta duela 2,6 milioi urte arte gaur egungoaren moduko izotz estalkirik ez zegoela ondorioztatu. Izan ere, Kniesek adierazi bezala, "sedimentu geruza horiek aukera ematen digute jakiteko itsas izotza noiz iritsi zen puntu zehatz horretara".
Besteak beste, itsaslasterretan egon ziren aldaketek eta Artikoko zenbait lurretan (Groenlandian, adibidez) izan ziren gorabeherek eduki zuten zerikusia izotz masa handi horien agerpenean, ikertzaileen iritziz. Gainera, denboran bat egin zuten Beringeko itsasartearen zabaltzeak (Asia eta Amerika artean) eta Panamako kanalaren itxierak. Horrek are ur gehiago metatu zuen ipar hemisferioan eta Ozeano Artikoan, izotzaren pilaketa erraztuz.
Orduz geroztik, Ozeano Artikoaren zati handi bat izotzez estalita egon da beti, baina oso litekeena da mendea bukatzerako ez hala izatea. 70eko hamarkadaz geroztik, izotzezko mantu hau txikitzen ari da, eta ez da inoiz 2012an bezain txikia izan; bilakaera azkarra gertatzen ari den seinale.
Hain zuzen, hor dago ikerketa lan honen gakoa: Artikoko izotza desagertze bidean dagoela jakitun, izotzik gabeko antzinako periodo horiei begira jarri dira zientzialariak, zer datorkigun iragartzeko. "XXI. mende bukaerarako aurreikusita dauden kondizioetan, gure planeta nolakoa izango den ulertzea da lan honen helburua", dio Antoni Rosell Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaileak eta artikulu honen egileetako batek.
Kniesek gaineratu bezala, ikerketa honen emaitzak baliagarriak izan daitezke klimaren modelizaziorako tresna gisa: "Artikoko izotzaren hedaduraz zalantzak egon izan dira beti, baina lan honen bitartez, erakutsi dugu Ozeano Artikoko itsas izotza garatu zela ipar hemisferioko lurrazaletako izotz masa guztiak egonkortu baino lehen".
Nature Communications, 5: The emergence of modern sea ice cover in the Arctic Ocean. Jochen Knies, Patricia Cabedo-Sanz, Simon T. Belt, Soma Baranwal, Susanne Fietz, Antoni Rosell-Melé.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-42c9b817b43d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/02/enara-herran-esperimentu-bat-ondo-ateratzen-denean-dena-ahazten-zaizu/ | Enara Herran: "Esperimentu bat ondo ateratzen denean, dena ahazten zaizu" | Ana Galarraga/Elhuyar Zientzia | 2014-12-02 00:00:00 | Enara Herran: "Esperimentu bat ondo ateratzen denean, dena ahazten zaizu"
Ana Galarraga/Elhuyar Zientzia
Herranen esanean, "oso aberasgarria" da bi laborategietan aritzea: "Ikuspuntu eta lan egiteko modu desberdinak dituzte batean eta bestean, eta bietatik ikasten dut asko". Gainera, bietan du lan-giro ona, eta Gasteizen hasieran bakarkako lan gehiago egiten bazuen ere, orain bi lekuetan aritzen da taldean. Herranek gustuko du hori: "Egia da neurri batean bakarkako lana dela nirea, baina taldea behar-beharrezkoa dela iruditzen zait".
Orain, hilabete batzuk emango ditu Madrilen, han baitaude ikerketan erabiltzen dituen animaliak. Hain zuzen, alzheimerraren aurkako partikula batzuen eraginkortasuna probatzen ari da saguetan. "Sagu transgenikoak dira, gizakion Alzheimerren gaitza simulatzeko genetikoki eraldatuak. Laborategian, hazkuntza-faktore jakin batzuk ematen dizkiegu, ea tratamenduarekin desegiten diren gaitzaren ezaugarri diren β-amiloide-plakak eta saguen memoria hobetzen den".
Farmazian lizentziatu zenetik ari da lanean arlo horretan, eta doktore-tesiaren gaia ere horixe izan zuen. Etxetik zekarren interesa: "Ikasketak bukatu nituenean, amamak alzheimerra zuen, eta aukera izan nuen gaitz horren tratamenduan ikertzen hasteko. Bestela ere gustuko nuen ikerketa-mundua, baina amamarena pizgarri gehigarri bat izan zen. Nirea oinarrizko ikerketa da, eta bide luzea dago egiten dudanetik aplikaziora. Baina zerbait hobetzerik badut, hobeto".
Laborategian hasi zenean, amama haiekin bizitzera eraman zuten, ezin baitzen bakarrik moldatu. "Oso gogorra izan zen ikustea nola zihoan memoria galtzen eta portaera aldatzen, batez ere amarentzat. Hiruzpalau urte egin zituen gurekin, moldatzerik ez genuen unea iritsi zen arte. Geroztik egoitza batean dago, oroimena guztiz galduta, ez du hitz egiten…"
Harentzat beranduegi izango da; hala ere, etorkizunean alzheimerra dutenek tratamendu egoki bat izan dezaten lanean jarraitzen du Herranek. Ikerketak guztiz asebetetzen du, baina ez du ezkutatzen une gogorrak ere izaten dituela: "Nik zaldiko-maldiko batekin alderatzen dut nire lana. Agian egiten dituzu 10-12 esperimentu, eta bakar bat ere ez da ondo ateratzen. Gainera, ez dago ordutegirik, askotan asteburuetan edo opor-egunetan ere lan egin behar da… Hori bai, esperimentu bat ondo ateratzen denean, dena ahazten zaizu".
Dena dela, ez zaio bidezkoa iruditzen ekonomikoki hain gaizki baloratuta egotea ikertzaile-lana: "Nik ikertzaile-kontratua dut, eta egiten ari naizen ikerketak lau urterako diru-laguntza jaso du. Beraz, ezin naiteke kexatu. Baina nire lankide batzuk nik adina lan egiten dute, eta 500-800 euro baino ez dizkiete ordaintzen". Edonola ere, etorkizunean ikertzen jarraitzeko asmoa du: "Gustuko dut nire lana, eta aurrerantzean ere honetan irudikatzen dut nire burua".
Gasteizen jaioa, 1985ean. EHUn lizentziatu zen Farmazian, Gasteizko fakultatean, eta fakultate berean egin zuen doktore-tesia, Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Sailean. "Faktore angiogenikoak eta neurotrofikoak askatzen dituzten mikro eta nanopartikulak, gaixotasun neurodegeneratiboen tratamendurako tresna terapeutiko gisa" da tesiaren izenburua, eta gai beraren inguruko hainbat artikulu argitaratu ditu zientzia-aldizkarietan.
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala. | science |
zientzia_kaiera-121ba15cb388 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/12/01/zelakoa-da-bluetooth-sareen-errendimendua/ | Zelakoa da Bluetooth sareen errendimendua? | unknown | 2014-12-01 00:00:00 | Zelakoa da Bluetooth sareen errendimendua?
Haririk gabeko komunikazio estandar hedatuena Bluetooth teknologia da. Eta sentsore elektronikoen sareak osatzea da Bluetootharen aplikazioetako bat. UPV/EHUko Diseinu Elektronikoko Ikerketa Taldeko ikertzaileek Bluetooth bidezko sareen errendimendua aztertu dute, eta, zehazki, informazioa transmititzeko denboran gertatzen diren atzerapenak neurtu dituzte. Izan ere, jasotako informazioa azkar eta eraginkor transmititzea funtsezkoa da sentsore-sare batek dagokion funtzioa bete dezan.
Datuen transmisioan atzerapenik ez gertatzeko Bluetooth bidezko sareen konfigurazio egokienak aztertu dituzte UPV/EHUko ikertzaileek. Besteak beste, Ingeniaritzan doktore den Josu Etxaniz Marañónek. Bera UPV/EHUko Bilboko Goi Ingeniarien Eskola Teknikoko irakaslea da eta baita ere, Diseinu Elektronikoko Ikerketa Taldeko (GDE) ikertzailea. Bertan garatu du Bluetooth bidezko sareen errendimenduari buruzko doktorego-tesia eta haren emaitzen berri eman digu Etxanizek.
"Demagun adineko pertsonentzako egoitza batean bizi-konstanteak monitorizatzeko sistema bat behar dugula. Haririk gabeko sistema bada, hobe. Beraz, hedaturiko estandarra hartu, eta Bluetooth bidez komunikatuko diren sentsoreak elkarrekin konektatzen ditugu. Adindunek gainean daramatzate sentsore horiek eta baliagarriak dira haien gorputzaren tenperatura, bihotz-taupadak eta abar erizainen txokoan jaso eta biltzeko -dio Josu Etxaniz Marañónek-. Halako sare batean, kritikoa da denbora, eta, ahalik eta denbora gutxiena eman behar da, adibidez, pertsona baten taupada neurtzen denetik helburuan jasotzen den arte".
"Bluetooth estandarrak hainbat lan-modu ditu", azaldu du Etxanizek. "Lan-modu batean, nodoen arteko estekak aktiboak dira momentu oro. Nodo horiekin informazioa jaso eta pasatu egiten dute; pasabide-nodoak dira". Beste lan-modu batzuetan, berriz, nodo horiek, tarteka, itzali egiten dira ez badira lanean ari. "Horietan, energia-kontsumoa txikiagoa izaten da, eta lan-modu egokiagoak dira nodoak ezin badituzu etengabe sare elektrikora konektatuta izan", argitu du. Lan-modu horiek alderatu eta aztertu ditu Etxanizek, ikusteko zer eragin duten informazioaren transmisio-abiaduran, sarean antolatuta daudenean.
Horretarako, hardware-plataforma bat diseinatu du ikerketa-taldeak: berariaz eraiki ditu Bluetooth bidez komunikatzen diren txartelak, eta sareak osatuz antolatu. "Datuak sarearen mutur batetik bestera eraman ditugu, nodoz nodo, eta bueltan ekarri", dio Etxanizek. Jauzi anitzeko sistemetan (Etxanizek ikertu dituenetan, alegia), nodo batetik baino gehiagotatik igarotzen dira datuak iturritik helmugarako bidean.
Plataformaz baliatuz, askotariko saiakerak egin ditu, sarearen denbora-errendimenduan eragina izan dezaketen parametroak aldatuz: nodoen arteko loturen lan-modua, komunikazioetan erabilitako Bluetooth estandarrak zehaztutako datu-paketearen mota, eta abar. Plataformaz gain, denborari buruzko informazioa biltzeko berariazko bi metodologia garatu ditu. Bluetooth estandarreko pasabide-nodoen portaera ebatzi du, eta jakin du zer eragin duten, atzerapen orokorrean, datu-prozesaketak eta komunikazio-lanek. "Harritu gaituen emaitzetako bat zera ikustea izan da: atzerapenik txikiena ez dela gertatzen nodoak momentu oro aktibo dauden konfigurazioan; atzerapen hori aldatu egiten da, gainera, jauzi batetik bestera", azaldu du Etxanizek. Joera parabolikoa du atzerapenak lan-modu horretan, eta, Etxanizen esanean, funtsezkoa da halakoak aintzat hartzea Bluetooth sareak eraginkorrak izan daitezen.
Bluetooth teknologiaz asko hitz egin bada ere literatura zientifikoan, pasabide-nodoen denbora-errendimendua oso gutxi aztertu da hardware-plataformetan. Hain zuzen, hardware-plataformetan (laborategikoetan edo mundu errealekoetan) egiaztatutako eredu enpirikorik ez zen orain arte argitaratu jauzi anitzeko sareetako atzerapen-denbora aurreikusteko. UPV/EHUko Diseinu Elektronikoko Ikerketa Taldearen emaitzen analisitik lehenbizikoz sortu den eredu enpirikoak denbora-atzerapenak aurreikusteko ekuazio nagusiak proposatu ditu. "Neurtutako joera eta erabili dugun analisi-metodologia ere, aplikagarriak dira edozein Bluetooth sareetan", adierazi du Etxanizek.
Iturria:EHUko komunikazio bulegoa: Jauzi anitzeko Bluetooth sareen abiadura, puri-purian.
Erreferentzia bibliografikoak:– Etxaniz, J., Aranguren, G. &Gude, J.J., 2006, Proposal of healthcare monitoring by wireless ad-hocnet working, ITI 4th International Conference on Information&Communications Technology, ICICT, IEEE, ISBN 0-7803-9770-3.
– Etxaniz, J., Alonso, A. & Aranguren, G., 2010, Influence of the distance between Bluetooth 2.0 nodes and their link mode with the communication delay, Third International Conference on Advances in Circuits, Electronics and Micro-Electronics, CENICS, IEEE, 12-16. (Artikulurik onenen artean saritua).
– Etxaniz, J. & Aranguren, G., 2010, Delay Time Analysis in Bluetooth 2.0 Wireless Networks, Proc. 8th International Conference on Computing, Communications and Control Technologies.
– Ortiz, J., Monje, P.M., Zabala, N., Arsuaga, M., Etxaniz, J. & Aranguren, G., 2013, New proposal for bogie-mounted sensors using energy harvesting and wireless communications, Proceedings of the Institution of Mechanical Engineers, Part F: Journal of Rail and Rapid Transit. 0954409713495017.
– Etxaniz, J., Monje, P.M. & Aranguren, G., 2014, Methodology for the analysis of the master-slave gateway in an implemented scatternet, Review of Scientific Instruments, 85. | science |
zientzia_kaiera-a9cd56882711 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/30/asteon-zientzia-begi-bistan-35/ | Asteon zientzia begi-bistan #35 | unknown | 2014-11-30 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #35
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Duela 155 urte, 1859ko azaroaren 24an Charles Darwinek "Espezieen jatorriaz" liburua argitaratu zuen eta Koldo Garcia biologoak gogorarazi digu Edonola blogean. Koldok kontatzen digu liburu horrek iraultza bat hasi zuela, hautsak harrotu zituela eta gizarteko alor askotan eragina izan zuela: Mundua irauli zuen liburua. Izan ere, Darwinen eboluzioaren teoria zela eta, herentzia-mekanismoari buruzko eztabaida piztu zen XIX. mendean. Hala ere, herentzia biologikoaren xehetasunak ez ziren zehaztu XX. mendearen hasiera arte. Koldok kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean, herentziaren arloaren garapena nola izan zen 1905. urtean genetika hitza izendatu zuten arte: Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada.
Eider Cartonek aldiz, Elhuyar aldizkarian kontatzen digu nola ikertzaile talde batek 2010 eta 2012ko udaberrian itsaspeko bat erabiliz Antartikaren ekialdeko hainbat eremuetako izotz-geruzaren lodiera neurtu zutela eta emaitzen arabera, Antartikako itsas izotza, uste baino lodiagoa da.
Bestalde, Egoitz Etxebestek Stanford Unibertsitateko ingeniariek sortu berri duten material bati buruz hitz egin digu ere Elhuyar aldizkarian. Material berri hau diseinatu dute erradiazio infragorriaren frekuentzia jakin batean beroa igortzeko. Eta, beroa kanporatzeaz gain eguzkiaren erradiazioa ia erabat islatzen du ere honek: Eguzkipean ere hozten duen materiala sortu dute.
Iker Tubiak Berrian ere beroaz mintzatu da. Eraikinak berotzeko sistema ekologikoen gaia jorratu du. Hauek, etorkizun hurbilean energiaren kontsumoa jaisteko baliagarriak izango ote diren hurbildu digu eta dauden sistema desberdinak aipatu dizkigu: gehien erabiltzen dena, egurra edo biomasa; eguzki energia, legez, eraikin berriek iturri hori erabili behar dute eta, azkenik, geotermia: Bestela ere berotu daiteke.
Amaia Portugalek elebidunok dugun gaitasun berezi baten berri eman digu Zientzia Kaiera blogean. Hizkuntza bat baino gehiagoren jabe izatea aberasgarria da berez, jakintza eta kultura aberasgarriak diren heinean. Baina ikertzaileak aspaldi hasi ziren eleaniztasunaren beste onura batzuen bila, neurozientziaren ikuspuntutik. AEBtako Northwestern Unibertsitatean egindako ikerketa berri baten arabera, bi hizkuntzaren jabe izateak baliabide hobeak ematen dizkio garunari informazioa prozesatzeko: Elebidunak azkar aukeratzen ohituta gaude.
Javier San Martin kazetariak pertsonen identifikaziorako metodoak agerian uzten ditu Zientzia Kaieran idatzi duen artikuluan. Bertan, ezaugarri biometrikoen laginketan oinarritzen dela hiritarrak identifikatzeko metodorik erabilienetakoa kontatzen digu eta baita ere, nola izakiak identifikatzeko sistema iraultzaile bat aurkeztu zen Madrilgo Unibertsitate Complutensean, indibiduoen begien gune berezi jakin batzuk identifikazioan oinarritutakoa: Zer pentsa, hala izan.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian Roskilde Unibertsitateko ikertzaileen lan baten emaitzen berri ematen digu. Amerikako bi sai-espezie ikertu dituzte ikertzaileok, eta ikusi dute hesteetan dituzten mikroorganismoetatik bi patogeno arriskutsuak badira bizidunontzat, saiei ez dietela kalterik egiten. Hauek lagungarriak zaizkie haragi ustela jateko: Bakterio patogenoak, nagusi saien hesteetan.
Unai Break Mundua ez da biribila blogean, genetikoki eraldatutako organismoek bizidunen osasunean duten inpaktua hobeto ezagutzeko helburua duen Factor GMO ikerketaz ari zaigu. Ikerketa 2015ean hasiko da, hiru urteko iraupena izango du eta arto transgeniko zehatz baten dosi desberdinekin elikatuko dituzte milaka arratoi, honen ondorioak aztertzeko: Transgenikoen inpaktuak neurtzeko inoizko ikerketa handiena abiatuko dute 2015ean.
Amaitzeko gure zientzia-gaien errepasoa, AZTIko Itsas Ikerketa Saileko Ekologia Molekularra taldean lanean ari den Naiara Rodriguez biologoak kontatu ziguna gogoratuko dugu. Zientzia Kaieran elkarrizketa egin zion Uxune Martinezek eta itsas ingurunearen kudeaketan lagungarriak diren analisi genomikoak egiten dituztela kontatu zigun: Naiara Rodriguez: itsas ingurunea sakon ezagutzeko lanetan diharduen biologoa.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua | science |
zientzia_kaiera-bbca92e99974 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/29/ezjakintasunaren-kartografia-41/ | Ezjakintasunaren kartografia #41 | unknown | 2014-11-29 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #41
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon plazaratu diren artikuluen laburpena.
Zein distantziara daude hurbilen ditugun izarrak? Zehaztasunez erantzunda dagoen galdera badirudi ere, ustea, kasu honetan, badirudi ustela izan daitekeela. Santiago Pérez-Hoyosek azaltzen digu Climbing the cosmic distance ladder artikuluan.
Termodinamikaren arabera ezinezkoa da zero absolututik beherako tenperaturetara iritsi. Zerbaitengatik da zeroa absolutua eta. Baina… seguru ez dela posible? Daniel Manzanok zalantza argituko digu Quantum Thermodynamics IV: Negative absolute temperatures-en.
Titanek, Saturnoren ilargiak, hainbat ezuste ditu gordeta. Besteak beste, Lurrean pentsaezinak diren konposatu kimikoak ditu bere atmosferan eta Slawomir Grabowskik aztertzen du horietako bat Strange molecular systems in the atmosphere of Titan-en.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-13709d56faf6 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/28/naiara-rodriguez-itsas-ingurunea-sakon-ezagutzeko-lanetan-diharduen-biologoa/ | Naiara Rodriguez: itsas ingurunea sakon ezagutzeko lanetan diharduen biologoa | Uxune Martinez | 2014-11-28 00:00:00 | Naiara Rodriguez: itsas ingurunea sakon ezagutzeko lanetan diharduen biologoa
Uxune Martinez
UPV/EHUn biologia ikasi zuen. Behin amaituta, Montrealeko Unibertsitatean bost urte eman zituen ikertzen eta 2007an biokimikan doktoratu zen "Une approche phylogénomique pour inférer l´évolution des eucaryotes" tesiarekin. Newcastleko Unibertsitatean urte bete eman zuen ere ikertzen eta egun, Naiara Rodriguezek AZTIko Itsas Ikerketa saileko ekologia molekularra taldean dihardu lanean, itsas ingurunearen azterketa genomikoa gauzatzen. Ez da bere ardura bakarra, azken urteotan Workshop on Genomics nazioarteko jardunaldien zuzendarikidea ere bada ikertzaile durangarra.
Gustukoa du egiten duena. Gauetan, afalostean, sarritan telebistako pantailari so egin beharrean ordenagailukoari egiten dio, martxan dituen datu-analisiak nola doazen ikusteko. Hemendik hogei urtera ere, egiten duena egitea nahiko luke.
Lagun asko, behin ikasketak amaituta, irakasle lanetan hasi ziren baina nik ez nuen ikusten nire burua klaseak ematen. Ikertzaile bezala lan egitea nahi nuen, horretan murgildu nahi nuen. Beraz, galdetzen hasi nintzen unibertsitatean bertan, han eta hemen, eta ulertu nuen horretan hasteko bidea tesia egitea zela.
Tesi lanean bizitzaren sorrerarekin zerikusia zuten galderei erantzuna ematen ahalegindu nintzen. Badakizu, bizitzaren jatorria zein zen jakin nahi nuen, zelula eukariotoaren oinarria, mitokondriarena zein zen… Eta azkenean lortu nuen galderaren bati erantzuna ematea. Nire tesiko aurkikuntzarik handiena izan zen eukarioto fotosintetiko guztiak arbaso bakar batetik datozela ikustea. Emaitza hori argitaratu genuen artikuluak hainbat aipu izan ditu urteotan, eta pozik nago. Egia esan beste emaitza batzuk ere lortu genituen tesiarekin baina zaila zen nire sorrerako galdera filosofiko haiei erantzuna ematea. Izan ere, mitokondriaren jatorria zein den azaltzea ez da erraza.
Bost urte eman nituen tesia egiten Quebecen. Nire esperientzia bertan ona izan zen. Lehenik eta behin, dirua zegoen ikerketa egiteko eta hori pentsaezina da egun. Nahi duzun ikerketa egin ahal izatea finantziazioa badagoelako eskertzekoa da. Bestalde, nazioarteko ikertzailez inguratua nengoen eta hori oso aberasgarria izan zen niretzat. Beste toki batzuetan zelan egiten den lan ezagutzeko baliagarria da kanpora joatea eta beste ikerketa-talde batzuek ezagutzea beraien dinamikak eta metodoak nolakoak diren ikusteko.
Tesia bukatu eta gero Erresuma Batura joan nintzan, Newcastleko Unibertsitatera. Bertan urtebete naramala Euskal Herrira bueltatu nintzen tarte bartez eta lanean hasteko aukera izan nuenez, bertan gelditu nintzen.
Datu-analisiak egiten hasi nintzen. Nire lantaldean bazegoen genomika plataforma bat, sekuentziazioa egiten zuena eta nire lana zen datu horiek aztertzea. Bertan asko ikasi nuen, izan ere, zentro teknologikoak hainbat zerbitzu ematen zituen eta aztertzen nituen datuak askotarikoak izan ziren: giza genomarenak, bakterio jakinenak eta beste hainbesteren datuak ere.
Nire kasuan, nire ikerketako lerro nagusia galdera biologikoei erantzuna ematea da, ez tresna informatikoak garatzea. Nik ez ditut programa azkarrak egiten edota algoritmo oso konplikatuak. Izan ere, fitxategi handiekin lan egiten dut eta datuak atera nahi ditut hortik. Lan hori aurrera eramateko programa txikiak egiten ditut. Egia da informatikaz tresna gisa baliatzen naizela, eta bakoitzak bere definizioa duela baina nik neuk nire burua bioinformatikotzat hartzen dut gehiago, biologia oinarrian dudalako.
CIC bioGUNEn beste ikertzaile batzuek egindako ikerketen datuak aztertzen nituen eta nik faltan botatzen nuen nire proiektuak izatea, eta erantzun beharreko neure galdera zientifikoak izatea ere. Egun baten eskaintza bat ikusi nuen eta harrigarria bazen ere, laneko eskaintza hura ni nintzen, ni deskribatzen ninduen. Beraz, curriculuma bidali nuen, elkarrizketa egin eta bertan nago lanean duela hiru urte.
Ekologia molekularra deritzogun arloan ari naiz lanean. Itsas ingurunearen kudeaketan lagungarriak diren analisi genomikoak egiten ditugu. Itsas ekosistemen funtzionamendua ezagutzen ahalegintzen gara lehenik eta ahalegin horretan, ateratzen ditugun datuekin kudeaketa hobetzea da gure helburua. Adibidez, hainbat tokitan dauden arrainen populazioak genetikoki berdinak edo desberdinak diren aztertzen dugu. Populazioa bakarra diren edo ez jakiteko. Hau gero, arrantzaren kudeaketan aplikatzen da.
Izan ere, arrantza kuotak edo hilkortasun tasak aplikatzen dira erregio edota arrainen populazioen arabera, eta gure lana da jakitea arrainen populazioek biologikoki zentzua duten edo ez, eta hori genetikoki ikus daiteke. Genetikako taldeak ematen dituen datuak beste talde batek jaso eta honen arabera, kalkuluak egiten dituzte arrantza arloan gestio proposamenak lantzeko. Gure ikerketa aplikatua da baina aplikatuen artean oinarrizkoena.
Bestalde, itsas ingurumenaren kudeaketa ere gauzatzen dugu. Adibidez, sedimentuak hartzen ditugu eta genetikoki zer nolako organismoak dituzten aztertzen ditugu. Organismo horien arabera, jakin dezakegu kutsatuak dauden edo ez.
Taldea ia sortu berria da. Duela hiru urte hasi ginen lanean. Egun bost pertsonak osatzen dugu eta itsas ekosistemen taldearen baitan gaude kokatuak. Izan ere gure lana, hein handi batean, itsasoko ekosistemetan zer gertatzen den antzematea da. Lanerako, hainbat erreminta erabiltzen ditugu, besteak beste superordenagailu txiki bat dugu datuen azterketa egiteko.
Gustatuko litzaidake sortzen ditugun tresnak eta metodologiak erabilgarriak izatea eta itsasoko kudeaketan eragina izatea. Adibidez, analisiak merkeagoak egiteko aukerak sortuz, itsasoko datuen monitorizazio hobeagoak garatuz edo orain neurtu ezin diren gauzak neurtu ahal izateko erremintak eskainiz. Hori guztia helburu bakar batekin, itsasoaren ustiapen jasangarri batera iristea. Izan ere, zenbat eta sakonago ezagutu itsasoa, zenbat eta hobeto ulertu berau, hobeto kudeatuko dugu ingurune hori.
Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da. | science |
zientzia_kaiera-cfc6f7d10e2b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/27/zer-pentsa-hala-izan/ | Zer pentsa, hala izan | Javier San Martín | 2014-11-27 00:00:00 | Zer pentsa, hala izan
Javier San Martín
Espioi-filmen ohiko argumentua: batzuek hesiak eta babesak beren intimitatea gordetzeko, eta besteek eragozpen horiek gainditu eta sartzeko grina bizia.
Horregatik, historian zehar, arrotzen aurkako babes-sistema ugari asmatu dira. Pentsatzekoa da gordearen garrantzia zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta garrantzitsuagoa izango dela tokian gordea dagoena.
Eta espioitza tartean dagoela, pertsonaiak ere ageri dira, bere ezaugarri fisikoak eta guzti. Izan ere, zientzialariak, gutaz ari direnean, gure ezaugarri biometrikoez ari dira egiatan: horra hor gure ezaugarri bakarrak, banakakoak eta errepikaezinak.
Ezaugarri biometriko horien laginketan oinarritzen da hain zuzen ere hiritarrak identifikatzeko metodorik erabilienetakoa. Berez, nortasun bat finkatzerako oso erabiliak dira hatz-markak, hazpegiak, eskuak dituen bi edo hiru dimentsioko ezaugarriak, irisa, zuhaitz baskularra (hots, odol-hodien forma), erretina, sinadura eta ahotsa, aurpegiaren beroa…eta zer esanik ez, DNA.
Duela bi urte, gizakiak identifikatzeko sistema iraultzaile aurkeztu zen, Madrilgo Universidad Complutenseko kide den Celia Sánchez-Ramosek garatua. Sistema honek indibiduoen begien gune berezi jakin batzuk identifikatzen zituen. Horretarako, nortasuna egiaztatzeko zuen gizakiaren korneari argazkia ateratzen zion hainbat aldiz. Hiritarraren aldez aurretiko irudi bat izan behar zuen eskura, eta irudi hori, identifikatzeko zegoenaren mila gune horiekin alderatzen zen. Horrela, fidagarritasun handiko nortasun-identifikazioa lortzen zen.
Aurretik esan bezala, zineman ikusia dugu hatz-markak eta irisa errepikagarriak direla. Edo guk baimenik eman gabe erabil daitezke behintzat.
Hatz-markak beraien negatibotik abiatuta errepika daitezke latexezko hatz batean. Hatz artifizial honek edozein irakurgailu engaina dezake, baina filmetan ez da beti hain metodo sofistikaturik erabiltzen.
Wesley Snipesek Demolition Man filmean antzezten duen Simon Phoneik pertsonaiak, lortzen du gainditzea eskaner bat oso era heterodoxoa erabilita: azpiegitura batera sartzeko baimena duen kide bati begiak ateratzen dizkio. Zorionez, gauza samurragoak ikusten ditugu normalean: protagonista lehenengo plano batean azaltzen da, begi bat argi gorriak argiztatua duelarik.
Hain zuzen ere, oso aurkikuntza handia egin du biometriak kontrol bat jasaten duen kidearengan bizitza detektatzea lortu duenean. Komunikazioen garapenean eta berrikuntzan ari dira Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitateko Seinale Prozesamendurako Dibisioan. Bertako ikerlari den Carlos Traviesok esan du "edozein sentsore engaina daiteke, edozein kanpo ezaugarri biometrikoren bidez. Horregatik saiatzen dira tenperatura edo nolabaiteko jarduera, aztertua bizirik dagoela ziurtatzeko".
Oraingoz ordea, gauza batean ez du zinemak gezurri esan: inongo makina ez da filmetan engainatu entzefalograma baten bidez. Horretan ari dira hain justu Kanariako ikerlariak, Carlos Travieos eta Jesús B. Alonso, Marcos del Pozo eta Jaime Ticay doktoregaiek lagunduta.
Expert Systems with Applications aldizkarian plazaratutako artikuluan, ikerlariek, azaldu dute entzefalograman gizakion ezaugarri propioak nola bereizi. Horretarako, gizakiak eguneroko hainbat egoeratan jartzen dira, desberdintasunak antzemateko, kuantifikatzeko eta batzuk besteetatik bereizteko.
"Gure abiapuntuan, gizakiek identifikatuak izatea nahi dute. Berez ez dugu sistema okerrarazi nahi. Lortu nahi dugu sistemak zu ezagutu eta zuri sarbidea ematea e-postara, bankuko kontura, kutxazain automatikora edo zure ordenagailura. Horretarako ari gara lanean, barne biometriako sistema kooperatibo batean. Egun, makina hauek ezaugarri orokorretan oinarritzen dira, beti ere makinak funtzionatzea dutelarik helburu. Guk geuk, alderantzizkoa lortu nahi dugu: jakin nahi dugu zein diren gizakien pentsamenduak, eta era berean gizaki bakoitzaren pentsamenduak desberdinak ote diren, eta gizakiak pentsamendu horien bidez identifika ote daitezkeen."
Gizaki/makina elkarrekintzan oinarritzen da makina hau, eta ez da periferikorik. Soinu edo bideo baten bidez funtzionatzen du, hau da, kanpo estimulu bat behar du, eta estimulu horrek erreakzio bat eragiten du aztergai dagoen kidearengan. Erreakzioa burmuin-uhin bihurtzen da , eta honek baimendu edo debekatu egiten du sarrera, egiten den identifikazio positibo edo negatiboaren arabera.
Egungo fasean, datu-base publikoak erabiltzen ari dira, algoritmoak kalibratu eta probatzeko eta sistema ebaluatzeko.
Traviesoren hitzetan, aurkitu dute entzefalogramak oso desberdinak direla maiztasun baxuko uhinetan, eta uste dute ziur aski desberdintasun horiek nahiko direla bi gizaki elkarrengandik bereizteko, baita pentsamendu bera dutenean ere. "Etorkizunean, bereizi egin beharko dugu makina aurrean dagoen gizakia bortxatua edo egoera arruntean dagoen. Zorrotzago saihestuko da horrela arrotzen sarrera".
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-8ccf35ae65f3 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/26/elebidunak-azkar-aukeratzen-ohituta-gaude/ | Elebidunak azkar aukeratzen ohituta gaude | Amaia Portugal | 2014-11-26 00:00:00 | Elebidunak azkar aukeratzen ohituta gaude
Amaia Portugal
Hizkuntza bat baino gehiagoren jabe izatea aberasgarria da berez, jakintza eta kultura aberasgarriak diren heinean. Baina ikertzaileak aspaldi hasi ziren eleaniztasunaren beste onura batzuen bila, neurozientziaren ikuspuntutik. Adibide bat ematearren, Donostiako BCBL zentroan uste dute bi hizkuntza menperatzeak alzheimerra eta beste zenbait gaitzen garapena atzeratu dezakeela, eta ikerlerro bat dute gai horren inguruan.
AEBtako Northwestern Unibertsitatean balizko beste abantaila bat aurkitu diote garun elebiduna izateari. Brain and Language aldizkarian argitaratu duten artikulu baten arabera, buruan hizkuntza bat baino gehiago dutenek baliabide hobeak dituzte informazioa prozesatzeko. Izan ere, uneoro hizkuntza bat aukeratu eta bestea gordetzeko erabakia hartu behar izaten dutenez, garatuago dute une bakoitzean sobera duten hitza baztertzeko ahalmena. "Semaforo bat bezalakoa da. Elebidunak beti ari dira hizkuntza bati argi berdea eta besteari gorria ematen. Uneoro hori egin beharrean zabiltzanean, behar ez dituzun hitzak inhibitzeko trebezia garatzen duzu", azaldu du Viorica Marian artikuluaren egile nagusiak.
Lehenbizikoz fMRI teknika baliatu dute hipotesi hori egiaztatzeko; erresonantzia magnetiko funtzionalaren irudiak, alegia. Metodo honen bidez, ikerketan boluntario diren pertsonen garunetan ematen den odol fluxuari erreparatzen zaio, jarduera kognitibo bat egiten duten bitartean. Ikergai den burmuineko erregioan oxigeno eta odolaren zenbat eta fluxu handiagoa egon, orduan eta gogorrago ari da lanean.
Gaztelaniaz eta ingelesez elebidunak diren 17 lagunek eta ingelesezko elebakarrak diren beste 18 boluntariok hartu dute parte ikerketa honetan, eta zenbait ariketa kognitibo egin bitartean, haien garuneko fluxuak alderatu zituzten.
Zehazki, hizkuntza ulermen ariketak egin zituzten boluntarioek. Hitz bat entzutearekin batera, lau objekturen argazkiak erakutsi zizkieten parte hartzaileoi. Adibidez, "cloud" (laino) hitza entzun ondotik, lau argazki ageri zitzaizkien; horietako bat laino batena zen hain zuzen, eta beste bat pailazo batena, ingelesezko "cloud" eta "clown" (pailazo) hitzek antza dutelako.
Boluntarioek hitz zuzena irudikatzen zuen argazkia aukeratu behar zuten. Ariketa erraza, jakina, baina fMRI teknikaren bidez ikertzaileek aztertu zezaketen zer gertatzen ari zen haien garunean erantzun zuzena eman arteko denbora tarte txiki horretan. "Elebakarrek aktibazio handiagoa zuten inhibizioaren kontrolerako garunaren erregioetan; elebidunek baino gogorrago egin behar izan zuten lan", esan du Marianek. Horrek esan nahi du elebidunek errazago egiten dutela iragazki lana, haien garuna ohituta dagoelako bi hizkuntza kontrolatzen eta une bakoitzean beharrezkoak ez zaizkion hitzak baztertzen.
Ikertzaile honek garunaren odol fluxuekin egin duen lehen lana da honakoa, baina lehen ere aztertu izan ditu elebidunen eta elebakarren arteko desberdintasun neuronalak, begien mugimenduari erreparatuta. Hala, elebidunen kasuan bi hizkuntzen arteko elkar aktibatzeak gertatzen direla ikusi izan du. Esaterako, ingelesez eta errusieraz elebidunak diren pertsonekin. Kasu horretan, ingelesezko "marker" hitza entzunda eta aurrez aurrez zigilu bat erakutsita, boluntario horiek begi mugimenduak egiten zituzten. Izan ere, errusieraz "marka" deitzen diote zigiluari, eta ingelesezko "marker" hitzaren oso antzekoa da, horrenbestez.
Marianek adierazi bezala, "bigarren hizkuntza bat erabiltzeak esan nahi du garunak ariketak egin behar dituela uneoro. Orduan, ez duzu berebiziko ahaleginik egin behar puzzle bat osatzeko, burmuina lehendik ere etengabe ari baita bi hizkuntzaren artean malabarismoak egiten".
Marian Viorica et al. (2014) Differential recruitment of executive control regions during phonological competition in monolinguals and bilinguals. Brain and Language. doi: doi:10.1016/j.bandl.2014.10.005
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-a983bff57302 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/25/genetikaren-ibilbidea-ii-izena-duen-guztia-bada/ | Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada | Koldo Garcia | 2014-11-25 00:00:00 | Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada
Koldo Garcia
Genetikaren ibilbidearen aurreko atalean, ahaztuta utzi genuen Mendelen lana zientziaren kaxoi batean, eta esan genuen "Genetika" hitza ez zela 1905era arte erabiltzen hasi. Zer gertatu ote zen urte horietan?
Darwinen eboluzioaren teoria zela eta, herentzia-mekanismoari buruzko eztabaida piztu zen. Mendelen lana ahaztuta gelditu zenez, bere lana berriz aurkitu arte, herentziari buruzko eztabaidan, eginak ziren hainbat proposamen, esate baterako, Darwinek proposatutako pangenesia edota eskola "biometrikoa" deitu zena. Hala ere, ez batak ez besteak ez zuten behar bezala herentzia azaltzen. Mendelen lanaren berraurkitzeak, ostera, arazo hori konpondu zuen. Baina berraurkitze hau lau istorio paralelo dira, guztiak 1900 urtearen inguruan gertatuak:
Hortaz, XX. mendearen hasieran herentzia biologikoa zehaztu zen. Baina, nola gertatzen da herentzia hori? Hots, zer da heredatzen dena? 1903an zehar argitaratutako lanetan Walter Suttonek eta Theodor Boverikek kromosomak herentzia-unitateak izan litezkeela esan zuten. Lehenengo ikerlariak behatu zuen, matxinsaltoetan egindako lanean, kromosoma aitatarra eta amarra parean jartzen zirela eta haien arteko elkartrukea gerta zitekeela. Bigarren ikerlariak, itsas trikuetan egindako lanean, behatu zuen enbrioiaren garapenean beharrezkoak zirela kromosomak. Beraien proposamenak hautsak harrotu bazituen ere, 1913an Eleanor Carothersek matxinsaltoetan egindako lanak eta 1915an Thomas Hunt Morganek ozpin-eulian argitaratutako lanek Sutton eta Boveriren proposamena egiaztatu zuten.
Bestalde Morganen lanak frogatu zuen kromosomak zirela herentzia-unitatea. Gainera, mekanismo batzuk erabiliz hainbat mutazio (hau da, hainbat eraldaketa) eragin zituen ozpin-euliaren material genetikoan. Lan handia egin ostean, azkenean belaunaldi batetik bestera heredatzen ziren mutazioak lortu zituen eta mutazioak nola heredatzen ziren ikertu zituen bere ikasleekin batera. Esate baterako, begien kolorea eraldatzen zuten mutazio bat sexu-kromosomekin erlazionatu zuen eta beste mutazio bat, aldiz, beste modu batean heredatzen zela behatu zuen. Horrela, 1910 aldera, geneak kromosoma jakinetan kokatuta zeudela ondorioztatu zuen. Bere lanaren eragina handia izan zen eta ikertzaile gehiago hasi ziren ozpin-eulian lan egiten. Hori dela eta, ozpin-eulia ereduzko organismo bilakatu zen eta hala da gaur egun ere. Morganek 1933 Medikuntzan eta Fisiologian Nobel saria irabazi zuen kromosomek herentzian duten eginkizunean egindako aurkikuntzengatik.
Morganen lanari esker herentzia ikastea eta lotuta egon litezkeen mekanismoetan sakontzea arrunta bilakatu zen, adibidez ozpin-eulia erabilita. Jakintza-arlo honek zer egin bazuen. Izena urte batzuk lehenago jaso zuen. William Bateson ingelesak eman zion izena genetikari, grekoko "genesi" hitza moldatuta. 1905ean gutun batean idatzi zuen eta 1906an erabili zuen lehen aldiz jendaurrean, Londresen, landare-hibridazioari buruzko biltzar batean. Genetika hitzarekin herentzia eta aldakortasun biologikoaren ikasketa izendatu nahi izan zuen. Azkenik, jakintza-arlo hau izendatzeko hitz bat bazegoen. Genetikak izena eta edukia bazuen, hurrengo urteetan esperimentu interesgarri eta aurkikuntza garrantzitsuak izango zituen jakintza-arloa. Hauek hurrengoko ataletan berrikusteko aukera izango dugu.
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu. | science |
zientzia_kaiera-e49c854c1636 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/24/nolakoa-hiria-halako-mugikortasun-eredua/ | Nolako hiria, halako mugikortasun-eredua | unknown | 2014-11-24 00:00:00 | Nolako hiria, halako mugikortasun-eredua
Motorrezko ibilgailuen erabilera masiboak arazo ugari eragiten ditu: poluzioa, zarata, istripuak, espazioaren okupazioa… . Eta, horiei aurre egiteko gutxienik bi bide erabili behar dira ikerlan berri baten arabera: hobetu egin behar da garraio publikoaren eskaintza eta kudeatu egin behar da mugikortasun-eskaria. Hala dio 'Hiri-garapenaren ezaugarrien eta mugikortasun-ereduaren arteko lotura: Bizkaiko kasua' lanaren egileetako bat den Lorea Mendiola ikertzaileak.
UPV/EHUko Lorea Mendiolak eta Pilar Gonzálezek eta, UABeko Ángel Cebolladak hirietako lurzoruaren erabileraren eta mugikortasun-ereduaren arteko erlazioaren analisi enpirikoa egiten dute. 1991-2001 epeko Bizkaiko udalerrietako datuak oinarri hartuta, erregresio anizkoitzaz baliatuta, hiru multzotan sailkatu dituzte leku batean bizi eta beste batean lan egiten dutenak (commuterrak): lanera auto pribatuan joaten direnak, horretarako garraio publikoa erabiltzen dutenak eta bizikletan edo oinez joaten direnak. Horiek izan dira mendeko aldagaiak erregresiozko analisian.
Ikerlanaren ondorioei dagokienez, azpimarratzeko modukoak dira hauek, besteak beste:
Mendiolak dio, ordea, datu horiek baino gehiago nabarmendu behar dela "mugikortasun-eredu hori ez dela jasangarria. Eredu hori, neurri batean, hiriaren ezaugarrien araberakoa denez, haiek kontrolatuz gero mugikortasun-eredua ere alda daiteke".
Aldaketa ikusgarria izan zen Bizkaian 1970eko hamarkadatik 1990ekora bitartean: industriaren krisiak eraginda, ekonomiaren oinarria sektore industrialetik zerbitzuetara aldatu zen. Aldaketa horrek beste batzuk ekarri zituen berekin; besteak beste, "kontraurbanizazioa" deritzon fenomenoa, hau da, zenbait jende eta enplegu hiri industrialetatik herri txikietara aldatzea, azken hauetan dentsitate baxuko egoitza-guneak sortuz. Hona fenomeno horrekin lotura duen datu adierazgarri bat: 1980ko amaieran, biztanleriaren % 4,6 galdu zuen Bizkaiko landa-eremuak; 1990eko amaieran, aldiz, % 7ko hazkundea izan zuen. Mugitu zirenak maila sozioekonomiko ertain-altuko familiak ziren gehienbat, eta haietako askok jatorrizko hirietan mantendu zuten lanpostua. Ondorioz, commuter bihurtu ziren, hau da, egunero joan-etorri luzeak egiten zituzten langileak.
Landa-eremuetako biztanleriaren hazkunde horrek mugikortasunean izan dituen ondorioak kuantifikatu dituzte, hain zuzen ere, Lorea Mendiola, Pilar González eta Ángel Cebollada unibertsitate-irakasleek "Hiri-garapenaren ezaugarrien eta mugikortasun-ereduaren arteko lotura: Bizkaiko kasua" ikerlanean. Irakasleotako batek, Lorea Mendiolak, adierazi digunez, "argi erakutsi du ikerketak hiriaren ezaugarriek eragina dutela mugikortasun-ereduan".
Aztertutako epean (2001. urtean), areagotu egin zen motorrezko ibilgailuen erabilera, bizilekuaren eta lanlekuaren arteko distantzia ere handitu egin baitzen. Landa-eremuan urriagoa zenez garraio publikoaren eskaintza, auto pribatuekin bete zen, gehienbat, mugikortasun-premia hura. 2001ean, lanerako joan-etorrietatik % 52,5 auto pribatuan egiten ziren Bizkaia osoan; udalerri txikietan (2.000 biztanle baino gutxiagokoetan), % 82. Mendiolaren iritziz, "mugitzeko beharra hirien ezaugarrietatik dator, hein handi batean. Ezaugarri horiek kontrolatuta, mugikortasun-eredua ere kontrola daiteke".
Hala ere, lanerako garraiobidearen hautaketan ezaugarri sozioekonomikoek ere eragina dutela ondorioztatu du ikerketak, bizimoduarekin eta ohiturekin lotutakoak. Hori dela eta, hirien hedapena kontrolatzeko planifikazio politikez gain, ezinbestekoak dira sentsibilizazio-kanpainak eta ibilgailu pribatuaren erabilera jasangaitzari pizgarriak gutxitzeko neurriak.
2001eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Erroldako datuez baliaturik egin zuten azterlana, eta jarraipena eman nahi izan dioten arren, "zailtasunak ditugu, 2011ko zentsua egiteko metodologia aldatu egin zuten eta", dio Mendiolak. Bestalde, lanerako joan-etorriak ez ezik, ikasleenak ere aztertu nahi dituztela azaldu digu.
Azterlana egiteko prozedurari dagokionez, "erregresio anizkoitza deritzon prozedura ekonometrikoa erabili dugu. Zer den delako erregresioa? Mendeko aldagai bat aldagai independenteen multzo baten bidez azaltzea, eredu matematikoak erabiliz", argitu ditu Mendiolak. Hiru motatako aldagaiak hartu dituzte ardatz lan hau egiteko: lurraldearen erabilerarekin lotutakoak, garraio-sistemaren ezaugarriak, eta bidaiarien ezaugarri sozioekonomikoei dagozkienak. Bereziki, "ekonometria espazialak proposatutako ereduak erabili ditugu", dio Mendiolak, "eta hori izan da lan honetako alderdirik berritzaileenetako bat. Zer den ekonometria espaziala? Puntu geografiko batean gertatzen dena ingurukoetan gertatzen denarekin erlazionatuta dagoela kontuan hartzen duen metodologia. Kasu honetan, herri bateko garraio-ereduak ondoko herrietakoekin erlazioa duela erakusten du eta konponbideak ere elkarrekin bilatu behar dituztela".
Iturria:EHUko komunikazio bulegoa: Hiriaren ezaugarriak nolakoak, halakoa mugikortasun-eredua.
Erreferentzia bibliografikoa: Mendiola, L., González, P. eta A. Cebollada (2014). The Link between Urban Development and the Modal Split in Commuting: the Case of Biscay. Journal of Transport Geography, 37. alea, 1-9 orr. | science |
zientzia_kaiera-0e64e023e6a8 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/23/asteon-zientzia-begi-bistan-34/ | Asteon zientzia begi-bistan #34 | unknown | 2014-11-23 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #34
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Desagertzeko zorian dauden espezieen zerrenda gorria osatzen du UICNk, Natura Babesteko Nazioarteko Batasunak. 2004an 15.000 espeziek osatzen zuten zerrenda eta 2014an 22.400k baino gehiagok. Desagertzearen arrazoiak asko dira. Besteak beste, arrantza edota habitataren suntsipena. Berrian azaltzen digute erakunde honen arduradunek adierazi dutela espezie anitzentzat berandu dela jada, 1964. urtean hasi ziren zerrenda gorria osatzen eta ordutik hona 832 espezie jo dituzte desagertutzat: 22.400 animalia espezie baino gehiago daude arriskuan egun.
Euskal Herrian bizi diren espezieak babesteko ekimenak lantzen dihardute, esaterako Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek. Asteon jakinarazi dute Lezoko anfibio eta narrastien kontserbazio egoera hobetzeko lanetan ari direla. Horren baitan anfibio eta narrasti espezien inbentarioa eguneratu dute, egokiak diren habitatak aztertu eta prestatu dituzte, esaterako, Olatar ibaiaren ertzean anfibioentzako putzua egokitu dute: Lezoko narrasti eta anfibio espezie eta habitat berriak.
Koldo Garcia biologoak DNAren sekretuak erakusten jarraitzen du Edonola blogean. Gauza bat da esatea eta beste bat egitea artikulu-sortaren ale berri baten histonak zer diren azaltzen digu. Histonak DNA paketatzeko erabiltzen diren proteinak dira. Hainbat histona mota daude eta horietako batzuetan gertatzen diren aldaketen arabera, geneak aktibatzen dira.
Beste biologo batek, Ander Galarragak konpost-gailuen nondik norakoak azaltzen ditu Konpostazank! blogean. Asteon konpostaren ekosistema hurbildu digu. Badirudi hainbat ekosistema mota daudela konpost-gailua kokatzen den tokiaren eta berau hornitzen den hondakinen arabera. Ondorioz, konpost-gailuan aurkituko ditugun zizare, zomorro eta bestelako bizidunak ez dira berdinak izango hemen edo han.
Antonio Cantó dibulgatzaileak ere bizia izan du hizpide Zientzia Kaieran editatu duen artikuluan. Bertan Virginia Techen (AEB) eta Zientzia Akademia Txinarrean egindako ikerketa geobiologiko baten emaitzen berri ematen digu. Ikertzaileok Kanbriarreko bizi-eztanda baino 60 milioi urte lehenagoko bizi zelulanitzaren aztarnak aurkitu dituzte. Uste genuen baino 60 milioi urte lehenagokoak, alegia: Gero eta bizi gehiago, bizia gero eta goizago.
Jakoba Errekondo jakin-minaz azaldu zaigu asteon Argia aldizkarian. Izan ere, Uribei abizena daraman landare mordoa omen dago Hego Amerikan: Paragynoxys, Ida, Sudamerlycaste, Salvia, Clidemia, Espeletia, Machaerium, Stelia, Sobralia, Berberis, Lepanthes… eta horrez gain, Medellíngo Lorategi Botanikoak Joaquín Antonio Uribe kolonbiarraren izena du, naturalista izan omen zena eta agian, honen omenez daude hainbeste landare "uribeitar": Uribe arraioa.
Kanadan, jatorri txinatarra duten ume frantses-hiztun elebakar eta elebidunekin egindako ikerketa baten emaitzak adierazi dute ikasten den lehen hizkuntzak, nahiz eta ahaztu, arrastoa uzten duela garunean. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian kontatzen digu, denei jarri zizkietela txineran ohikoak diren, eta frantsesak ez dituen soinuak, garunaren jarduera neuronalaren jarraipena egiteko. Eta txinera ahaztua izan arren, garunak soinu txinatarren aurrean erantzuten jarraitu zuen: Ama-hizkuntza ahaztu arren, garunean gelditzen da.
Amaia Portugal kazetariak eta Ana Galarraga zientzia-dibulgatzaileak espaziora eraman gaituzte. Amaiak Zientzia Kaiera blogean mapamundi atlas berezi baten berri eman digu. Bi hamarkadatan Lurraren atmosfera zeharkatu duten 556 asteroide biltzen dituen atlasa, NASAk egindakoa: Suzko bolen mapamundia. Anak aldiz, Philae zundak bateriak izan zituen bitartean Churyumov-Gerasimenko kometan bildutako datuen arabera, kometan molekula organikoak badaudela dirudiela kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Izotz gogorra eta molekula organikoak, Philaeren lehen emaitzen artea.
Eta gaurko bilduma amaitzeko galdera batekin esango dizuegu agur, imajinatu sintoma jakin batzuk emanda ordenagailu bati, gaixoak gripea, malaria edo ebola duen jakin nahi dugula. Zein gaixotasun du? Emango digu erantzunik ordenagailuak? Gorka Azkune informatikariak honako planteamenduei nola erantzun erakusten digu ikasketa gainbegiratua (II) artikuluan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-51617d32869d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/22/ezjakintasunaren-kartografia-40/ | Ezjakintasunaren kartografia #40 | unknown | 2014-11-22 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #40
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon plazaratu diren artikuluen laburpena.
Elektrizitateak monopolio bat izateari uzten badio, nola zehaztuko dira prezioak? Enkanteen bidez beharbada. Baina nola? Plikekin edo zuzenekin? José Luis Ferreirak jorratzen du gaia haren artikuluan: Experimental economics in the electricity sector deregulation.
Energia ekoizten denean zati handi bat galdu egiten da, ingurugiroko galera bezala. Baina badaude barreiatzen den energia hau elektrizitatea sortzeko gai diren materialak. Hau da, adibidez, Curiosity bezalako ibilgailu espazialen elektrizitate-horniketa sistemaren oinarria. Egun, material berri batek eraginkortasun termoelektrikoaren errekorra gainditu du. Ion Errearen artikulua: Harvesting heat to create electricity: A new world record.
DNAk pairatzen dituen kalteak garrantzi handikoak dira. Hauek ez badira konpontzen minbizia eragin dezakete. Zelulak adibidez, baditu nukleotik harago doazen konponketa mekanismoak, eta horretan Golgi aparatuak oinarrizko papera du. Rita Carlosek azaltzen digu zeintzuk diren mekanismo hauek martxan jartzen dituzten seinaleak: DNA damage response: reaching out of the nucleus.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-64fabadf4608 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/21/zientzialari-17-amaia-zurutuza/ | Zientzialari (17) – Amaia Zurutuza | 2014-11-21 00:00:00 | Zientzialari (17) – Amaia Zurutuza
Zientzialari 17 – Amaia Zurutuza from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo.
Azkenaldian askotxo hitz egin da grafenoaz. Material miresgarria dela esaten dute malgua, sendoa, gardena eta eroale bikaina delako, besteak beste. Amaia Zurutuza Graphenea enpresako zuzendari zientifikoarekin izan gara eta material honi buruzko kontu interesgarri azaldu dizkigu: bere aurkikuntzaren istorio bitxia, bere ekoizpen prozesua…
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean. | science |
|
zientzia_kaiera-3c9bae768116 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/20/gero-eta-bizi-gehiago-bizia-gero-eta-goizago/ | Gero eta bizi gehiago, bizia gero eta goizago | Antonio Cantó | 2014-11-20 00:00:00 | Gero eta bizi gehiago, bizia gero eta goizago
Antonio Cantó
Ziur aski irakurriko zenidan dagoeneko biziari buruz lortzen ari garen datu berriei esker gero eta goizago kokatzen ari garela biziaren beraren sorrera. Pozgarria da azkenean arrazoi izatea. Izan ere, aurkitzen ari garena, oso lagungarria izan daiteke unibertsoan bizia aurkitzeko ahaleginetan. Azken-azken unekoa ekarri digu Virginia Techen (AEB) eta Zientzia Akademia Txinarrean [1] egindako ikerketa geobiologiko batek. Kanbriarreko bizi-eztanda baino 60 milioi urte lehenagoko bizi zelulanitzaren aztarnak aurkitu dituzte. Uste genuen baino 60 milioi urte lehenagokoak, alegia. [2]
Ohi bezala, koka dezagun kontua aurretik. Bizi zelulanitza gutxienez 25 aldiz sortu da, eta agian duela 3.000 milioi urte baino lehenago gertatuko zen lehenagoko sorrera, zianobakterioen antzerako bizidun moduan [3], [4]. Unibertsoa duela 12.000 urte sortuko zen, eta Lurra duela 4.000 miloi urte. Baina behin datu berriak ematen hasita, esaten ari dira agian duela 4.250 milioi urte [5], [6] hasiko zela. Edonola, Bonbardaketa Trinko Berantiarra aurretik gertatuko ziren sorrera biak. Bonbardaketa horrek dena suntsituko zuen segurenik, baina agian ez zen horrela gertatu. Ezer ez dakigu izur eta hobe dugu kontu horretan aurrera ez egitea.
Gaur, bizi zelulanitz konplexuari ekingo diogu. Horixe, zelula argiki desberditzatuak, funtzio argiak betetzen dituztenak, soma/germen bereizketa nabarmen egiten dutenak eta zelula-heriotza programatua dutenak. Hau, zu edo ni bezala, beste animalia eta landare modernoen antzera. Esan bezala, uste zen Aro Kanbriarren gertatuko zela eztanda hori, duela 542 milioi urte, baina aipatutako ikerlariek, askoz ere zaharragoa den fosil bat aurkitu dute Txinatar Herri Errepublikako Guizhou eskualdean. Doushantuo izeneko formazioan zegoen fosila, eta iradoki du 15-60 milioi urte lehenago kokatu behar dugula biziaren sorrera. Eta hori ez da gutxi, hainbeste milioi entzuten ohitu bagara ere.
Ediacarak bizitza liluragarria izango zuen, baina oso primitiboa, ustez gertatu zen Avalonen eztandaren garaian kokatua (gehien jota 575 milioi urte). Zenbait desberdin aurkitu dute ikerlari hauek: Megasphaera fosil suntsitua, oraingoz oso ezezaguna dena. Izan ere, inork ez daki zehazki zer-nolakoa izan zen bizidun hori. Batzuek, uste dute sufreko bakterio oxidatzaile bat izan zela, eta beste batzuek berriz pentsatzen dute beharbada protista zelulabakarrak izango zirela edo holozooak, mesomizoeoen antzerakoak. Azkenik, beste batzuek iritziz, alga berdeak izango ziren, Volvox direlakoen antzerakoak, edo menturaz animalia oso primitiboen enbrioiak. Azken aukera honetan dago gakoa Animaliak edo antzekoak izan baziren, orain arte genituen animali zantzuak baino 15 milioi urte zaharragoak izango lirateke, zelulak desberdintzatuak eta guzti.
Duela denbora bat ezagutzen dira Megasphaera direlakoak, eta badakigu hainbat heltze-fase igarotzen zituztela lehenago: zelula bakar bat, eta gero Parapandorina etapa; beranduago, Megaclonophycus etapa eta bukaeran, Megasphaera nagusia. Prozesu honetan zehar, bizidun hori zelulanitz bilakatzen bide zen, baina zein zelulanitz tankera ote zen hura? Horra koska. Ba ote zintuen aipatu berri ditugun ezaugarri horiek?
Eta Doushantuo formazioko fosilak garapen-fase desberdinetan aztertuta, badirudi tankera horretako zelulanitz aurreratuak zirela: prozesu honetan, Megasphaerak argiro desberdintzatzen zituen zelulak, aurrean esan bezala. Batzuen aburuz, "zelulaniztun hau ezin uztar daiteke bakterio, protista zelula bakar edo mesomizetozeoak bezalako holosoen lerro filogenetikoarekin. Era berean, zantzu batzuek, iradoki digute formazio horretako fosilak nekez izan daitezkeela koroa talde bat, animaliak zein Volvox bezalako auka berdeak izanda ere. Ondorioztatu behar dugu zelula desberdintzatudun eukarioto batzuetan egon daitekeela lerro filogenetiko hurbilena. Besteak beste, auka edo animalia enborrezkoak leudeke horien artean. Hala ere, zehaztapen gehiago lortu behar dira lerro filogenetikoa zehatz zehazteko". Hots, oraindik ere ez dakite zer ziren, baina bizidun zelulanitz konplexuak ziren, Kanbriarreko eztanda baina 60 milioi urte lehenagokoak.
Gauza hauen zalea ez bazara, agian "Eta"? galdetuko diguzu. Ba hasiera batean esan dizudan bezala, Lurreko biziaren denbora gako gertatuko zaigula Astrobiologian, hau da unibertso osoko biziaren azterketan. Hemen gero eta lehenago sortu zela pentsatzen goazela, "errazago" gertatzen ari zaigu beste inon ere sortu dela pentsatzea. Badakigu ia intsektuak bezain konplexuak izango ziren bizidunak egongo zirela Kabriar hasieran. Orain badakigu bizitza askoz ere lehenago sortuko zela Ediacara betean. Sistema mikrobiarrak egon ziren duela 3.500 milioi urte [7]. Eon Arkaikotik gertu. Karbono-13-aren eraldaketaren inguruko kontu batzuek, iradokitzen dute Eon Hadiko betean bazegoela bizia. Estreinatu berria zen mundu horrek Bonbardaketa Trinko Berantiarra jasango zuen, zerbaitek Ilargia sortu ostean. Beharbada, uste baino errazagoa, azkarragoa, jasankorragoa eta emankorragoa da bizia. Beharbada.
[1] Lei Chen; Shuhai Xiao; Ke Pang; Chuanming Zhou; Xunlai Yuan: "Cell differentiation and germ–soma separation in Ediacaran animal embryo-like fossils."Nature, 2014ko irailaren 24. DOI: 10.1038/nature13766
[2] Virginia Polytechnic Institute and State University: "New evidence of ancient multicellular life sets evolutionary timeline back 60 million years."Virgina Tech News, 2014ko irailaren 25.
[3] Grosberg, R. K.; Strathmann, R. R.: "The Evolution of Multicellularity: A Minor or Major Transition?"Annu. Rev. Ecol. Evol. Syst. (2007) 38:621–54. DOI: 10.1146/annurev.ecolsys.36.102403.114735
[4] Parfrey, L. W.; Lahr, Daniel J. G.: "Multicellularity arose several times in the evolution of eukaryotes."Bioessays 35: 339–347 (2013). DOI: 10.1002/bies.201200143
[5] Nemchin, A. A.; Whitejouse, M. J.; Menneken, M.; Geisler, T.; Pidgeon, R. T.; Wild, S. A.: "A light carbon reservoir recorded in zircon-hosted diamond from the Jack Hills."Nature 454, 92-95 (2008ko uztailaren 3). DOI: 10.1038/nature07102
[6] Abramov, O.; Mojzsis, S. J.: "Microbial habitability of the Hadean Earth during the late heavy bombardment."Nature 459, 419-422 ( 2009ko maiatzaren 21). DOI: 10.1038/nature08015
[7] Noffke, N.; Christian, D.; Wacey, D. y Hazen, R. M.: "Microbially induced sedimentary structures recording an ancient ecosystem in the ca. 3.48 billion-Year-Old Dresser Formation, Pilbara, Western Australia." Astrobiology, 2013ko abendua, 13(12): 1103-1124. DOI: 10.1089 /ast.2013.1030.
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-11dc7053cacf | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/19/suzko-bolen-mapamundia/ | Suzko bolen mapamundia | Amaia Portugal | 2014-11-19 00:00:00 | Suzko bolen mapamundia
Amaia Portugal
NASAren arabera, ehun tona hauts eta hondar itxurako partikula jausten zaizkio Lurrari gainera egunero. Inguruan dabilzkigun asteroideek utzitako arrastoa da. Berez, urtean behin edo, auto baten tamainako astro horietako batek Lurraren atmosfera jotzen du eta suzko bola bihurtzen da, baina erre eta erabat desintegratzen da lurrazalera iritsi aurretik. Eta bi mila urtean behin, futbol zelai baten tamainako meteoroide batek kalteak eragiten ditu.
Zifrak besterik ez dira horiek, baina orain, NASAk mapa batean irudikatu ditu bi hamarkadatako datuak. Zehazki, 1994 eta 2013 artean AEBtako Gobernuak detektatutako bolidoak daude erakusgai bertan. Hau da, hogei urte horietan identifikatutako eta behin Lurraren atmosfera zeharkatuta desintegratu diren 556 asteroide txiki.
Mapan, laranja kolorez ageri dira inpaktua egun argiz egin duten bolidoak, eta urdinez, gautxoriak. Gainera, bi koloreko bola horien tamaina aldakorra da, bolidoak erradiatutako energia optikoaren arabera. Hala, mapan ageri den bola txikienaren energia gigajoule baten baliokidea da, edo bost tona TNT leherkarik izango luketen energia inpaktuaren parekoa. Mapan ageri den bola handienak, aldiz, berriki izandako gertakari gogoangarri bat irudikatzen du: Errusiako Txeliabinsk hirian 2013ko otsailaren 15ean eroritako meteorito puskak. Jatorrian, Lurra jo aurretik, hogei metro inguruko diametroa zuen asteroideak.
"Orain badakigu Lurraren atmosferak lan ikaragarria egiten duela, planeta asteroide txikietatik babesteko", esan du Lindley Johnson NASAko NEO (Near Earth Object, edo Lurraren inguruko objektu) programako kideak. Mapa berri hau datu base soila baino askoz ere gehiago da: bolatxo horiek baliagarriak izan daitezke estrapolazioetarako, eta kalkuluak egiteko, ea zenbaterainokoa den kalteren bat eragiteko moduko tamaina duen asteroide batek Lurra jotzeko arriskua. "Zenbatekoa da kezkatzeko moduko tamaina duten asteroideen populazioa? Hobeto ulertu beharra daukagu hori", dio Johnsonek.
NASAko kide honek gaineratu duenez, datu berri horiek oso lagungarriak izango dira NEO programako ikertzaileentzat, Lurrera zuzendutako asteroide inpaktuen maiztasuna eta irismenari buruzko argazki osatuagoa eraikitzeko. Gainera, informazio berri horrek guztiak erakusten du asteroide txikien inpaktua ez dela ezohikoa gure planetan, baina horrek ez du esan nahi etorkizuneko balizko arriskuekin arinkeriaz jokatu behar denik. Donal Yeomans NASAko NEO programaren beste kide batek adierazi bezala, "helburua zera da, potentzialki arriskutsuak diren asteroideak aurkitzea, haiek gu aurkitu aurretik".
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-c455dbcf278c | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/18/ikasketa-gainbegiratua-ii/ | Ikasketa gainbegiratua (II) | Gorka Azkune | 2014-11-18 00:00:00 | Ikasketa gainbegiratua (II)
Gorka Azkune
Bagatoz berriro ikasketa automatikoaren gaiarekin. Konkretuki, ikasketa gainbegiratuaren bigarren zatiari eutsiko diogu gaurkoan. Gure burmuinak pixka bat martxan jartzeko, gogora dezagun azken sarreran ikasketa gainbegiratua nola gauzatu ikasi genuela aldagai jarraituak ditugunean. Adibide bezala, etxebizitzen prezioak jarri genituen. Ikas al dezake gure ordenagailuak etxebizitzen prezioak aurresaten datu batzuek emanda? Baietz ikusi genuen.
Hala ere, gure egunerokoan badaude beste hainbat arazo ezin direnak aldagai jarraituekin konpondu. Demagun posta elektroniko zerbitzu bat eraiki nahi dugula, Gmail-i konpetentzia egiteko asmoz. Arazoetako bat, jasotako posta spam den ala ez erabakitzea da. Nola egin dezakegu hori? Aldagai diskretuko ikasketa gainbegiratuarekin, noski. Beste benetako adibide batzuk medikuntzan topa ditzakegu: tumore konkretu bat kaltegarria den ala ez, sintoma konkretu batzuekin datorren gaixoak zer gaixotasun duen, eta abar.
Ohartzen bazarete, oraingoan, ordenagailuak ez du balio jarraitu bat ikasi behar, balio diskretu batzuk baizik. Tumorearen kasuan, kaltegarria den (1) ala ez (0), posta elektronikoaren kasuan, spam den (1) ala ez (0), eta horrela beste adibide guztiekin. Arazo mota hauei sailkapen arazoak deritze, azken batean, datu multzo batzuek sailkatu nahi baititugu klase konkretu batzuetan.
Baina zer izango lirateke sarrera hauek betiko grafikorik gabe? Har dezagun tumorean arazoa eta suposa dezagun tumore baten izaera bere tamainarekin erlazionatuta dagoela. Beti bezala, ikaragarrizko sinplifikazioa egin dugu, baina ulertuko duzuen bezala, sinplifikazio horiek egin beharrean gaude grafiko ulergarriak marrazteko.
Ikusten duzuen bezala, tumoreak kaltegarriak (1) ala kaltegabeak (0) izan daitezke. Grafikoan datu batzuk jarri ditugu, laborategian aztertutako tumore batzuen izaera erakusten dutenak beren tamainaren arabera. Datu horiek ikusita, edonork esan dezake badagoela tamaina konkretu bat atari gisa jokatzen duena. Balio hori baino tamaina txikiagoa duten tumoreak ez dira kaltegarriak, baina tamaina handiagokoak bai.
Sailkapen arazoak konpontzeko hainbat eta hainbat teknika garatu dira, tartean sare neuronal ospetsuak. Baina oraingo honetan beste teknika bat ikasiko dugu: erregresio logistikoa. Gogoratu zein den sailkapenaren helburua: datu batzuk izanda, eredu bat ikasi nahi dugu datu berriak ongi sailkatzeko.
Hel diezaiogun berriro tumorearen adibideari. Mediku ala biologoren bat hau irakurtzen ari bada, mesedez barka diezadala, baina mundu guztiarentzat ulergarri egiteko adibide bat besterik ez da, hots, errealitatearekin zerikusi gutxi du. Demagun tamainaz gain, orain beste aldagai bat ere badugula tumore baten izaera zehazteko: sustantzia konkretu baten kantitatea. Tamaina x1aldagaia izango da, eta sustantzia horren kantitatea x2. Goazen beste grafiko batekin!
Bolatxoak tumore kaltegarriak dira eta laukitxoak tumore kaltegabeak. Grafikoari so eginez, argi dakusagu tamaina geroz eta handiagoa den heinean, tumorea kaltegarria izateko aukerak handiagotzen direla. Eta sustantzia kantitatearekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Nola bereiz ditzakegu bi tumore klaseak? Zein izango da ikasi behar dugun eredu matematikoa?
Sailkapen arazoetan erabaki muga izeneko eredu matematiko bat ikasten da. Erabaki mugak bi klaseak bereizten ditu ezaugarrien espazioan – gure kasuan tamaina eta sustantzia kantitateak definituriko espazioan -. Funtzio matematiko bat besterik ez da, zeinak kurba bat ematen digun bi klaseak behar bezala banatzeko. Kurbarik sinpleena, nola ez, zuzena da. Marraz al dezakegu gure adibidearentzako zuzen bat bi klaseak behar bezala bereizteko? Noski baietz!
Marraztu berri dugun zuzen hori ikasi egiten da datuak erabilita. Ikasketa prozesua erregresio linealarena baino zerbait konplexuagoa da, eta beraz ez dugu sakon aztertuko. Ideia ordea sinplea da: ikas dezagun zuzen bat, zeinak bi klaseetako puntuak distantzia berera uzten dituen zuzenetik. Erregresio logistikoak zuzen hori modu honetara interpretatzen du: tumore berri bat badugu, eta bere tamaina eta sustantzia kantitatea ikasi dugun zuzenaren puntu bat bada, tumore hori kaltegarria izateko probabilitatea %50 da. Zuzenaren gainetik badago, zuzenarekiko distantziaren arabera probabilitate hori igo egingo da. Eta alderantziz.
Gehienetan, sailkapen arazoak ez dira izaten hain sinpleak. Alde batetik, aldagai edo ezaugarri asko izan ditzakegu, eta bestetik, erabaki mugak ezin dute zuzenak izan, zuzen bat erabilita emaitza oso kaxkarrak lortuko baikenituzke. Ikus dezagun hurrengo grafikoa:
Kasu honetan, inor ez haserretzeko, x1eta x2 aldagaiek ez dute inongo esanahirik. Klase bateko puntuak besteengandik behar bezala bereizteko, zirkunferentzia bat behar dugu, hau da, gure erabaki mugak zirkunferentzia bat izan behar du. Nola egin daiteke hori? Gogoratzen bazarete, zirkunferentziaren ekuazioa x12 + x22 = b da. Ikasterako orduan, aldagaien karratuak erabili beharko ditugu eta horrela, ikasketa prozesuak erabaki muga zirkular bat ikasi ahal izango du. Ez al da polita?
Orain arte ikusi dugunarekin, bi klaseren artean bereizten bakarrik dakigu. Baina zer gertatzen da gure arazoan klase asko badaude? Adibidez, sintoma batzuk emanda, jakin nahi dugu gaixoak gripea duen, malaria ala ebola. Hiru klase ditugu. Kasu horiek konpontzeko badaude hainbat teknika. Sinpleena ondorengoa da: ikasi sailkatzaile bat klase bakoitzarentzako. Sailkatzaile batek ikasiko du sintoma batzuentzako gripea den ala ez. Beste batek malaria den ala ez. Eta azken batek ebola den ala ez. Sintoma konkretu batzuekin datorren gaixo betentzako, sintomak jarriko ditugu lehen sailkatzailean; gripea ez bada, hurrengo sailkatzailera joango gara: malaria dela esaten badigu, jada jakingo dugu gaixoak malaria duela eta ez beste edozein gaixotasun.
Bizitza errealean konpondu beharreko arazoak hemen ikusi ditugunak baino konplexuagoak izan ohi dira:
Ikasketa gainbegiratuaren bi arazo nagusiak aztertu ditugu jada. Gogoratu ikasketa gainbegiratua ikasketa automatikoaren arlo bat dela. Ideia ordenagailu bati adibide batzuk ematea da, hark eredu bat ikas dezan eta datu berriak behar bezala sailkatzeko gai izan dadin. Ikasketa gainbegiratua gaur egun arazo pilo bat konpontzeko erabiltzen da: diagnostiko medikoetan laguntzeko, erresonantzia magnetikoak aztertzeko, teleskopioetako irudietan galaxiak, izarrak eta bestelako egiturak bereizteko, ikusmen artifizialean objektuak sailkatzeko eta abar luze bat. Zeharo garrantzitsua bihurtu da. Espero dut sarrera hauekin ulertuko dela zertarako balio dezakeen ikasketa gainbegiratuak eta zein diren bere oinarri matematikoak.
Egileaz: Gorka Azkune (@gazkune) informatikaria da eta DeustoTech-eko ikertzailea. | science |
zientzia_kaiera-0b3020fd6e0f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/17/landare-hondakinak-bioolioa-bihurtzen-duen-findegi-jasangarria/ | Hondakinak bioolioa edo ikatz beltza bihurtzen dituen findegia | unknown | 2014-11-17 00:00:00 | Hondakinak bioolioa edo ikatz beltza bihurtzen dituen findegia
Hondakinak petrolioaren ordezkoen iturri bihurtzeko, biomasarekin edo pneumatikoekin lehengaiak eta erregaiak egiteko funtsezko prozesuak garatzen ari dira UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa Sailean. Besteak beste, Martin Olazar ingeniariak findegi jasangarrietarako funtsezko prozesu bat diseinatu du, hondakinekin petrolioa ordezkatzeko.
Horretarako, ezinbesteko baldintza bat izan duela nabarmendu du Olazarrek: ingurumenari kalterik ez egitea. Iturri-ohantze konikoan oinarritutako erreaktore bat garatu du, flash pirolisiaren edo pirolisi azkarraren bidez, hondakinekin lehengaiak eta erregaiak egiteko. Erreaktorea patentatua dute eta IK4-Ikerlan ikerketa-zentroan instalazio pilotua jarri dute.
Bi lerro garatu ditu, hondakin-motaren araberakoak biak: batetik, biomasa erabiltzen duena, eta, bestetik, plastikoak, pneumatikoak eta antzekoak tratatzen dituena. Lehenbizikoan, nekazaritzako hondakinak edo basoetako biomasa erabiltzen dira. Olazarren esanean, tratatzen den masaren % 70 bioolio bihur daiteke. "Horrek esan nahi du tona bat biomasa tratatzen badugu, 700 litro inguru bioolio egiten direla", dio.
Bioolioa egiteko prozesua flash pirolisian (pirolisi azkarra) oinarritzen da. "Oso pirolisi azkarra da. Guk 20 milisegundoan egiten dugu, tenperatura baxuan (500 graduan)", zehaztu du. Tenperatura baxu horri esker, ez du energia-kontsumo handirik behar.
Pirolisiaren bidez, biomasa degradatu egiten da. Sortzen diren konposatuak berehala atera behar direla ohartarazi du Olazarrek, "bestela, haien artean erreakzionatzen hasten dira, eta interesatzen ez zaizkigun osagaiak sortzen. Horregatik da hain azkarra pirolisia". Biomasa degradatzean sortzen diren konposatuak atera, kondentsatu, eta bioolioa egiten da.
Bioolio hori petrolioaren ordezko gisa erabil daiteke: "petrolio biologikoa da, nolabait esateko". Olazarrek aitortu duenez, ez da petrolioa bezain ona, petrolioak ez baitu oxigenorik, bioolioak ez bezala; hori dela eta, tratatu egin behar da. Petroliotik ateratzen den edozein produktu ekoizteko erabil daitekeela azaldu du Olazarrek: hidrogenoa, olefinak eta aromatikoak, etab.
Olazarrek garbi utzi du biodieselarekin alderatuta bioolioaren prozesua askoz ere eraginkorragoa dela: "Biodiesela egiteko, berariaz aldatu behar da landarea, eta haren zati oso txiki bat baino ez da aprobetxatzen. Erabiltzen den masatik, berriz, % 10 baino ez da biodiesel bihurtzen. Aldiz, guk landare-hondakinak erabiltzen ditugu, osorik, eta % 70 lortzen dugu".
Biomasa alde batera utzita, beste hondakin batzuk erabilita (plastikoak, pneumatikoak…) jatorrizko produktuak edo antzekoak egiteko diseinua ere landu du Olazarrek. Bereziki eraginkorra da pneumatikoak tratatzeko: "Kondizio jakin batzuetan egindako flash pirolisiaren bitartez, oso lehengai interesgarriak eta ikatz beltza egiten ditugu".
Ikatz beltza da pneumatikoak egiteko lehengai nagusia. Pneumatiko zaharrak tratatuta, hondakinen % 30 ikatz beltz bilakatzen du findegi jasangarriak. "Aski du portzentaje hori errentagarri izateko", dio. Ikatz beltz moduan ez ezik adsorbatzaile gisara ere aplikazio ugari ditu solido horrek. Gainerakoa likidoa da, eta erabilera asko izan ditzake. Sistema horren abantailen artean, era jarraituan funtzionatzen duela nabarmendu du Olazarrek. "Era horretako erreaktore bakarra da. Patentatua dugu, eta unitate ertain bat egiteko asmoa dugu", gehitu du.
Iturria:EHUko komunikazio bulegoa: Hondakinak, petrolioaren ordezkoen iturri. | science |
zientzia_kaiera-b744173b670b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/16/asteon-zientzia-begi-bistan-33/ | Asteon zientzia begi-bistan #33 | unknown | 2014-11-16 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #33
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Philae da bere izena, bai. Ezaguna egiten zaizuela? Normala, asteko protagonista nagusia izan baita. ESAk (Europako Espazio Agentzia) 2004an bidali zuen espaziora Rosetta zunda. Ibilbide korapilatsua egin ondoren 67P/Churyumov-Gerasimenko kometara ailegatu eta barnean daraman Philae modulua askatu du asteon kometaren gainean kokatu dadin. Rosettaren azken misioa izango dena, 2015era arteko biziraupena izango baitu, atentzioz eta irrikaz jarraitu da egunotan. Philaek lortu du bere helburua, kometaratzea. Finkatuta zuen tokian ez badago ere, ESAk operazio arrakastatsua izan dela adierazi du eta modulua hasi da lanean, azterketa zientifikoei hasiera emanez. Aurrera joko du bateriak agortu arte, izan ere, arazoetako bat da itzalean geratu dela eguzki-panelek ez dute behar den beste argirik jasotzen.
Rosettak Egiptoko estela famatu baten izenaren omenez du izendapena eta Philaek Nilo ibaian zegoen irla baten omenez. Irla urpean dago egun, baina urperatu aurretik, bertan zeuden tenpluak desmuntatu eta Agilkiako irlan eraiki zituzten. Hori berori da, Agilkia, Philae pausatu behar zen puntuaren izena.
Rosetta eta Philaeren abentura jarraitu dute Elhuyar aldizkariko Ana Galarragak eta Eider Cartonek, gertatu den guztiaren xehetasunak uneoro eskainiz. Baita ere Berria egunkariak eta Arantxa Iraola kazetariak. Lehen unean dantza perfektu bat ematen zuen operazio astronautikoak eten bat izan du, egun lo baitago Philae, bateria faltagatik.
Espazioko abenturak albo batera utziz, izan ditugu ere hainbat gai interesgarri sarean. Berrian, besteak beste, Ainhoa Larrabek emakume zientzialarien lanak izan duten ikusgarritasun ezari eta hauek pairatu diskriminazioaz hitz egin digu: Ezagutzan aritu diren ezezagunak. Eta horrekin lotua, Uxune Martinezek Zientzia Kaieran, hainbatentzako ezezaguna den emakume zientzialari nafar baten historia hurbildu digu: Josefa Molera Mayo (1921-2011): Izabatik kimikaren historiara.
Historiarekin jarraituz Nagore Irazustabarrenak Argia aldizkarian, pil-pilean dagoen gai bati ekin dio, ustelkeriari. Horretan ere badaude aitzindariak. Kristo aurretik bizi zen pertsonai baten kasua dakarkigu, zuzentasunagatik nabarmendu zen politikaria bat eta historiako lehenengo ustelkeria kasuetako baten protagonista izan zena: Demostenes, politikari ustelen aitzindari.
Animaliei egingo diogu so jarraian. Amaia Portugalek Kantauri itsasoan azken egunotan azaldu diren arrain bitxi batzuei erreparatu die: globoarrainak. Ez dira ohikoak gure uretan. Zonalde epeletan egoten baitira baina hego-haizeak eta korronteak ekarri dituzte hainbat ale. Dozena bat baino gehiago arrantzatu dituzte eta bereziak dira puxika eta pozoia gordetzen dituen arraina baita. Zientzia Kaiera blogean globoarraina, lagocephalus lagocephalus.
Arrainetatik hegaztietara. Araitz Muguruzak Berrian Ecology Letters aldizkariak jasotako datu kezkagarriak argitaratzen ditu. Honen arabera, 421 milioi txori hil dira azken 30 urteetan Europan, batez ere, nekazaritza ustiaketa industrialen eraginez. Habitatak degradatuz joan dira eta joango dira, ondorioz, gure txorien kantua isiltzeko bidean da.
Eta gure errepasoari amaiera emateko hona hemen bi gai interesgarri. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian, semenak GIB birusaren kontrako mikrobiziden eraginkortasuna nabarmen murrizten duela frogatu duen nazioarteko ikerketaren berri ematen digu. Jon Mattin Matxainek, DIPCko ikertzaileak, kimikaren historiari buruz idatzi duen artikulu-sorta bukatu du asteon Zientzia Kaiera blogean. Egun, kimika laborategiak nolakoak diren azaldu digu azken artikulu honetan eta baita ere, gaur egungo kimika, esperimentala eta teorikoa dela: Gaur egungo Kimika, esperimentala? (IV) XXI. mendeko laborategiak.
Autoa hartu eta bagoaz! Datorren igandean bueltatuko gara. Hori bai, ezin dizuegu esan zer nolako ibilgailua hartuko dugun bidaia egiteko. Agian, Penélope Glamour, Macana anaiak edo Pier Nodoyuna eta bere Patán txakurraren auto ero bat erabiliko dugu. Makina harrigarriak benetan. Egun ere badaude tresna harrigarriak: neurona-sareetan oinarrituriko algoritmoen inplementazioari esker nabigatzen duen Sirena, torpedo antzeko urpekoa. Edota, kilo bat baino gutxiago duen FemtoXat nanosatelitea. Duda barik, mugarik gabeko ingeniaritza. Javier San Martín kazetariaren artikulu interesgarria Zientzia Kaiera blogean.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-27ac497e9346 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/15/ezjakintasunaren-kartografia-39/ | Ezjakintasunaren kartografia #39 | unknown | 2014-11-15 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #39
Asteon Mapping Ignorance blogean osasunaz, bizitzaz eta heriotzaz (edo heriotzaren ezaz) jardun dute.
Denok entzun dugu zer nolako onurak dituen dieta mediterraneoak gure osasunean. Hala ere, orain hasi gara ezagutzen benetan zer duen dieta horrek hain onuragarria izateko. Onura dakarren elementuetariko bat da oliba olioa (hobe olio birjina). Laura Cascalesek kontatzen digu: Olive oil, the gold in the Mediterranean Diet.
Baina zertarako nahi dugu gehiago bizi eta osasuntsuago, infekzio bat harrapatuz gero ez baldin badugu sendatzen gaituen botikarik? Egoera honetara heldu gara antibiotikoekin ez baitago mikroorganismoen andui gogorrei aurre egingo dionik. Pablo Ortizen azaltzen digu: At the edge of the cliff: no new antibiotics for multidrug-resistant bacteria.
Gaixotasunei aurre eginez gero ere, badugu oraindik guztien artean txarrena, atzera bueltarik ez duenak, zahartzaroa. Beno, atzera bueltarik ez duenak baldin eta ez badugu hidraren sekretua aurkitzen. Eta ez, ez dihardugu mitologiaz. Jaime de Juanek aurkezten digu horixe: The animal that wouldn't die.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-ee8ea7c409e3 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/14/josefa-molera-mayo-1921-2011-izabatik-kimikaren-historiara/ | Josefa Molera Mayo (1921-2011): Izabatik kimikaren historiara | Uxune Martinez | 2014-11-14 00:00:00 | Josefa Molera Mayo (1921-2011): Izabatik kimikaren historiara
Uxune Martinez
"Literatura eta artea ditut gogoko eta ez dakit nola pasatu dudan bizitza oso bat zientzian murgilduta, hain zoriontsu." María Josefa Molera Mayo
Neguan jaio zen, neguak latzak diren herri txiki batean, Izaban. 1921eko urtarrilaren 23an etorri zen mundura kimikari aitzindari bat Erronkariko bailaran, Maria Josefa Molera Mayo. Irudimenez jositako emakumea izan zen. Hiru seme-alaben ama. Kimikako bi Nobel Saridunen ikaslea izan zen. Zorrotza eta zehatza lanean. Gerran sufritu zuenaren eraginez, izaera gogorrekoa baina atsegina eta lagunkorra ikertzaile gazteekin, eurengandik ikasteko prest zegoen beti. 1958-1961 tartean AEBko Armadako Departamentuak kontratatu zuen ikerketa-talde bat zuzentzeko eta haren esanetan, "amerikarren presiopean" lan egitea zer zen ezagutu zuen.
Josefa Molerak 1942. urtean burutu zituen kimikako ikasketak Madrilgo Unibertsitate Zentralean oso egoera kaxkarrean. Haren familiak makinatxo bat sufritu zuen Gerra Zibilean, hainbat zigor pairatu baitzituen eta horren eraginez, hamaika oztopo gainditu behar izan zituen ikasketak burutzeko. Hala ere, Kimikan lizentziatu zen nota bikainekin epe laburrean, hiru urtetan. Ikasketak bukatu ondoren, soldatarik gabeko irakasle laguntzaile lanpostu bat lortu zuen Kimika Teknikoko Katedran. Irakasle lanak ez zion ematen bizitza aurrera ateratzeko aukerarik eta kimikako klase partikularrak ematen zituen bizirauteko.
Kimikako Katedrako zuzendaria zen Antonio Ríus Miró irakaslea, CSICeko "Alonso Barba" Kimika Institutuko zuzendariordea zen ere eta bertako laborategietan tesia egiteko aukera eskaini zion Josefari. Tamalez, Institutuko zuzendaria zen José Casares Gilek ukatu egin zion sarbidea, erakundean emakume ikertzailerik ez zegoela argudiatuz. Baina Josefak ez zuen baztertu tesia egiteko aukera eta Ríus "Rocasolano" Kimika Fisikoko Institutuaren zuzendari izendatu zutenean bertako laborategian lanean hasi zen bekadun moduan. Laborategiko lanarengatik ordaintzen ziotenak ez zion ematen bizitzeko eta irakasle lanetan jarraitu behar izan zuen.
1948. urtean doktorego titulua lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Zentralean, bikain cum laude eta Aparteko Saria jasoz egindako lanarengatik. Tesian merkuriozko elektrodoen aplikazioen inguruan lortutako emaitza bikainak zirela eta, Rocasolano Institutuan kolaboratzaile lanpostua lortu zuen. 1950. urtean ikertzaile gazteak atzerrira joateko programa zabaldu zuten Institutuan eta Josefa Molera Oxfordera joan zen, 1956. urtean Kimikako Nobel saria jaso zuen Cyril Norman Hinshelwoodek zuzentzen zuen laborategira. Hinshelwoodek ez zuen begi onez ikusi Josefaren etorrera, emakumea baitzen, baina ikertzaile gazteak irakaslearen aurreiritziak garaitu zituen pertseberantziaz.
Britainia Handitik bueltatu zenean, atzerrian ikusitakoa jarri zuen praktikan eta estatuan egin zen lehen gasen kromatografoaren sortzaileetariko bat izan zen. Sasoi hartan, 1951ean, ez zuten dirurik erreminta eraikitzeko eta laborategietan teknika sinpleak erabiltzera behartuta zeuden, beraz, inguruan zituzten baliabideak erabiliz egin zuten "etxeko kromatografo bat". Horrez gain, ikerlerro berri bat eratu zuen Kimika Fisikoko Institutuan: gas-fasean zeuden konposatu organikoen pirolisi eta oxidazio erreakzioak tenperatura baxuetan ikerketa lerroa. Eta, Zinetokimikako Saila sortu eta zuzendu zuen erretiratu zen arte, 1986. urtean.
1959ean Sheffieldeko Unibertsitatera joan zen, 1967. urtean Kimikako Nobela jaso zuen George Porter zientzialariarekin erreakzio kimiko arinen teknikak sakontzera. Teknika berriak ziren eta institutuan jarri zituen martxan bueltatu zenean. Gas-likidoko kromatografiaren bidezko erreakzio kimikoen metodoak garatu zituen estatuan eta hauek inplementatu zituen, adibidez, ardoen eta bestelako alkoholdun edarien analisietan.
Bide luzea egin zuen zientzian, mila oztopo gaindituz. Ibilbide honetan postu guztietatik pasatu zen: bekadun, laguntzaile, irakasle, idazkari, ikertzaile eta saileko zuzendari. 17 doktorego-tesi zuzendu zituen. 76 ikerketa-lan argitaratu zituen. Hainbat sari jaso zituen egindako lanarengatik, besteak beste, CSICeko Alfonso X el Sabio saria, gasen kromatografiari buruzko lan onenarengatik Perkin Elmer Hispania saria, Espainiako Fisika eta Kimikako Erret Elkartearen Kimikako domina.
María Josefa Molera Mayo kimikari nafarrak kimika sistema aurreratuak inplementatu zituen estatuan eta honi zor zaio, egun ezagutzen diren ikerkuntza eta garapen sistemaren oinarri berriak.
2011n zendu zen Madrilen, 90 urte zituenean. 2013ko maiatzean Iruñeko Udalak onartu zuen hiriko kale bati Josefa Molera Mayo izena jartzeko proposamena.
Uxune Martinez (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea. | science |
zientzia_kaiera-7d25b7accbef | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/13/puxika-eta-pozoia-gordetzen-dituen-arraina/ | Puxika eta pozoia gordetzen dituen arraina | Amaia Portugal | 2014-11-13 00:00:00 | Puxika eta pozoia gordetzen dituen arraina
Amaia Portugal
Globoarrainen familia (Tetraodontidae) 120 espeziek baino gehiagok osatzen dute. Izen hori hartzen dute, beren burua arriskuan ikusten dutenean ura irentsi eta puztu egiten direlako: hainbeste handitzen dira, ezen etsaiak ezin baititu jan. Espezie horien guztien artean, Lagocephalus lagocephalus da ezagunena gurean. Bizkaiko Golkoa ez da bere habitat naturala, ur beroak maite baititu, baina noizean behin agertzen dira ale batzuk. Azken egunetan mota honetako lau arrain harrapatu dituzte Zierbenan, Ean, Mutrikun eta Donostian.
Gaztelaniaz tamboril arrain ere deitzen zaio Lagocephalus lagocephalus espezie honi. Harrapatu dituzten aleetan ikus daitekeen bezala, berez arrain arruntaren itxura dute, baina sabelaldea malgua da oso, eta behar dutenean hartzen du puxika forma. 61 zentimetrora arteko luzera izan dezake, eta zilar kolorekoa da, beste arrain asko eta asko bezala; baina sabelaldea zuria da eta puntu ilunez josita dago. Ez du ezkatarik, horregatik ere bada deigarria arrain hau. Hori bai, hain zuzen ere sabelaldean, baditu arantza moduko batzuk: puzten denean agerian geratzen dira, eta babesteko baliatzen ditu.
Berez itsaso zabalean bizi da globoarrain mota hau; Ozeano Indiko, Atlantiko zein Pazifikoan. Hala ere, ur tropikaletan mugitu ohi da, berotasuna maite baitu. Dena dela, ez da inondik inora Bizkaiko Golkoan halakorik topatzen den lehenbiziko aldia. Urri agertzen da, baina ez da hain arraroa ere gure kostaldean horrelako ale solte batzuk aurkitzea. Azti-Tecnaliatik adierazi dutenez, aurtengo eguraldi epelak eta Afrikako korronteek ekarriko zituzten honaino ziurrenik. Izan ere, ur azaletik gertu bizi dira, eta ondorioz, oso azkar mugitzeko ahalmena dute.
frameborder="0″ allowfullscreen>
Globoarrain hauen agerpenak ez zuen halako zalapartarik sortuko, toxikoak izango ez balira. Berez, globoarrainak animalia ornodun pozoitsuenak direla esan ohi da, Phyllobates terribilis igelaren atzetik. Izan ere, Tetraodontidae familiako kideek tetrodotoxina izeneko substantzia bat izan ohi dute gibelean eta beste zenbait organotan. Toxina honek jarduera neuromuskularrari eragiten dio, eta paralisia edo heriotza eragin ditzake kasurik larrienetan, arnas aparatuaren hutsegitea eta horren ondoriozko asfixia ekar baititzake.
Hala ere, kontuan izan behar da globoarraina janda bakarrik dagoela halakoetarako arriskua, eta ez ukituta. Japonian, esaterako, fugu deitzen zaie familia honetako arrainei, eta oso jaki preziatua eta garestia da, Juan Ignacio Perez Iglesiasek "Fugu" artikuluan azaldu zuen bezala. Haren salmenta araututa dago erabat, eta sukaldari gutxi batzuek baino ez dute fuguari zati toxikoak kendu eta hura prestatzeko lizentzia eta trebezia. Hala eta guztiz ere, fuguak eragindako intoxikazioak eta heriotzak izaten dira.
Baina globoarrain espezie asko dago, eta guztiek ez dute toxikotasun bera. Azti-Tecnaliatik azaldu dutenez, Lagocephalus lagocephalus arraina jateak kalteak eragiten ditu, noski, baina asko jan beharra dago hiltzeko. Dena dela, lasai egoteko moduan gaude: lehen ere agertu izan dira horrelakoak gurean, eta arrantzaleek ondo ezagutzen dute. Ez ditugu arrandegiko erakusleihoan ikusiko.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-c8abe87e0a99 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/12/mugarik-gabeko-ingeniaritza/ | Mugarik gabeko ingeniaritza | Javier San Martín | 2014-11-12 00:00:00 | Mugarik gabeko ingeniaritza
Javier San Martín
"Alanbike azkarra" ikatz-estufa batek mugitzen zuen; "Troncoswagena", Brutus aizkolariak eta Listus kastoreak gidatzen zuten, eta egurrezko kutxek osatutako multzo ezegonkor bat ematen zuen tramankulua; kutxak erdipurdika iltzatuta zeuden, eta gurpilen ordez, zerra zirkularrak zituen; Noyodunaren "Superferrariak" suziri itxura zeukan; Locovich zientzia-irakaslearen "Auto Bihurgarria", gurpildun itsasontzi baten antza zeukan, baina edozein gauzatara aldatzen zen, zeharkatu behar zuen lurralde motaren arabera.
Joan den mendeko 70.eko hamarkadatik hona, aurrerapauso handiak eman ditu teknologiak, bai garraiobideetan, bai eta datu-transmisiorako baliabideetan ere. Eta "Auto Eroak" telesail hartako freskura eta kreatibitate berbera sumatzen da egungo teknologia errealean ere.
Hilaren 9an, Itsas Ingeniaritzako 53. biltzarra egin da eta bertan, eguzki-energiak mugitutako urpeko baten prototipoa aurkeztu du Cartagenako Unibertsitateko Politeknikoko ikasle talde batek.
"Sirena" izena eman diote ibilgailu autonomo honi, eta irakasleen laguntzarik gabe garatu dute prototipoa, zeren eta taldearen bozeramalea den Juan Herrero azpimarratzen duenez "horrela inork ez digu esango zer egin behar dugun, eta gure esku dago tankera guztietako erabakiak hartzea."
4.5 metro luze da eta 53 cm sakon. 600 kg-ko pisua du, eta torpedo antz handia dauka. Bere egileek, aplikazio militarretarako sortu dute (adibidez ur azpiko minak kentzeko); hala ere bestelako zereginak egiteko birmolda litekeela diote.
Hogei bat ikaslek dihardute egitasmoan 2012tik, eta prototipoari bukaera ematekotan dabiltza. Urpekoa 500 metrora jaitsiko litzateke, eta 18 orduko autonomia izango luke bateria erabili beharrik gabe. Hala ere, eguzki-energia hartzeko sistema erretraktila eta gidatzeko sistema dira berrikuntza nabarmenak.
Hasiera batean pentsatu zuten eguzki-energia hartzeko "Grätzel zelulak" erabiltzea, zeren eta zelula hauek nonbait "landareen fotosintesia imitatzen dute, eta ez dute erabiltzen argi intzidentea, ingurugiroko argia baizik". Hala ere, baztertu egin zuten ideia hori, oraindik ere zelula hauek garapen prozesu luze bat jasan behar dutelako.
Nabigatzeko modua dela eta, neurona-sareetan oinarrituriko algoritmoak inplementatzen ari dira. Horrela, asmo sendoa dute urpekoari beregaintasuna emateko eta lortu nahi dute makina giza laguntzarik gabe edozein ustekaberi erantzuteko gai izatea.
Oso harrigarria da era berean FemtoXat. Vigoko Unibertsitatean Ingeniaritzako irakasle titularra den José Antonio Vilánek baieztatu du "ez dagoela antzekorik ez Espainian ez munduan ere".
10 cm-ko aldea duen kubo bat da, eta 3D inprimagailu batek sortu du metala eta polimero arin bat erabilita. 325 gr-tik beherako pisua izango du, eta hain txikia eta arina izan arren, inguru gupidagabeeneko bati egin beharko dio: espazioari. Satelite itxurako Galiziako zati txiki hori 2015ean jarriko da orbita baxu batean. Leo izena hartzen dute 450-600 km-ra dauden orbitek. Duela lau urte ari dira lanean 15 kide, ingeniaritzako esparru desberdinetakoak.
Vilanek dio faktore askok eragingo diotela satelitearen bizitzaren luzerari, baina makina honek 8 km/s-ko abiadura har lezake 20 urtean zehar, orbita zirkular perfektua lortuko balitz. Orain, satelitea fabrikazio fasean dago eta horrek esan nahi du erabaki larriak hartu beharko dituztela diseinuari eta konfigurazioari dagokionez. CubeSat egitasmoa darama sateliteak barruan, eta programa honek ezartzen duen masa-mugak izugarri baldintzatzen du diseinua, eta osagai elektroniko eta mekanikoen miniaturizatu beharra dakar. Izan ere, ia ezinezkoa da osagai horiek merkatuan dimentsio horiekin lortzea. Hori dela eta, egitasmoan dihardutenek garatu dute beharrezkoa zen teknologiaren ia % 100a.
Vigon egindakoa eta beste CubeSat satelite guztiak, miniaturak dira. FemtoXat, bere aldetik, nanosatelite bat da, eta espezifikazio oso zorrotzak daramatza: kg batetik beherakoa izan behar du eta 10 cm-ko aldea izan behar du. Baldintzapen horiek beteta bakarrik igorri ahal izango dira tresna osagai modura aurretik planifikatutako misioetan. Gainera, satelite hauek Lurreko estazioetatik gida daitezke. Estazioak, unibertsitateetakoak izan daitezke, edo bestela irrati-amateurrek kudea ditzakete, eta horrela, helburu nagusia bete dezakete sateliteek: ingeniaritza aeroespazialaren ikasleei eskarmentu praktikoa eskaini, Lurreko eta aireko sistema espazial erreal baten garapen, proba eta operazio faseetan.
Egitasmoa burutzen baldin bada, Vigoko Unibertsitateak jaurtitzen duen hirugarrena izango da. Xatcobeo izan zen Galiziako lehenengo satelitea, ezaugarri hauek zituena. Frantziar Guyanatik jaurti zuen Vega europar jaurtitzaileak, duela bi urte eta erdi baino gehiago. Australia gainean desintegratu zen, atmosferara itzultzean, joan den abuztuaren 31n. Azken satelite honek, ederki bete ditu egileek gordeak zituzten itxaropenak.
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-ef48891a8661 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/11/kimika-laborategiak/ | Gaur egungo Kimika, esperimentala? (IV) XXI. mendeko laborategiak | Jon Mattin Matxain | 2014-11-11 00:00:00 | Gaur egungo Kimika, esperimentala? (IV) XXI. mendeko laborategiak
Jon Mattin Matxain
Artikulu sorta honen aurreko atalean Kimika Kuantikoaren jaiotzaz eta bere lehenengo hamarkadetan egindako bilakaeraz aritu ginen. Mekanika kuantikoa molekuletan aplikatzerakoan sortu zen diziplina da Kimika Kuantikoa. Diziplina honen garapenari esker, molekulen egitura, propietateak eta erreaktibitatea azaltzeko gai izan ziren garaiko fisikari eta kimikariak. Zoritxarrez, sortaren bigarren atalean esan genuen bezala, teoriatik sortutako ekuazioak ezin ziren zehazki ebatzi bi elektroi baino gehiago dituzten atomo zein molekuletarako. Hori dela eta, metodo hurbilduak garatu eta kontzeptu berriak sortu zituzten. Kontzeptu horiek egungo kimikaren hiztegian ongi errotuta daude.
Ekuazioen ebazpenak beste arazo bat ere bazuen: eskuz ebatzi behar ziren. Honen ondorioz, kimika kuantikoa molekula txikien eta bitxien esparruan murgilduta ibili zen bere lehenengo hamarkadetan, 1930 eta 1960-70 urteen artean, alegia. Dena dela, Kimikari egindako ekarpenak ezinbestekoak izan ziren, egungo Kimika modernoa ulertzeko. Ekarpen hauengatik Kimikako Nobel saridun batzuk teorikoak izan ziren, Linus C. Pauling (1954) eta Robert S. Mulliken (1966) estatubatuarren kasu. Gaurko artikulu honetan, sortaren azkenekoan, Kimika Teorikoak 1970. hamarkadatik gaur egunera hartutako bultzada izugarriaz arituko gara.
Goian esan bezala, Kimika Kuantikoak izugarrizko aurrerakada ekarri zuen teoria kuantikoa garatu zeneko lehenengo 30 urteetan, baina 1960-70ko hamarkadetan ez aurrera ez atzera zegoen, batez ere modeloak gehiegi sinplifikatu behar zirelako. Bitartean, Kimika Esperimentalaren aurrerapena askoz ere handiagoa izan zen, eta honek Kimika Kuantikoa kimikaren esparru txiki batera baztertu zuen. Kimikak lotura sendoak zituen bertze jakintza arloekin, baina Kimika Kuantikoa ala Teorikoa fisikarekin eta matematikarekin zegoen lotuta bakarrik (ikusi 1. irudia). Are gehiago, kimikari askok, gehienek ziuraski, kimikari kuantikoak ez zituzten hartzen kimikaritzat, fisikari ala matematikaritzat baizik.
Gauzak, ordea, aldatuz hasi ziren 1970ko hamarkadatik aurrera. Konputagailu eta ordenagailuen garapena izan zen aldaketa horren eragile nagusia. Ordenagailuak bikainak dira problema matematikoak ebazteko. Informatikaren bitartez, Kimika Kuantikoaren ekuazioak programatu eta ordenagailuek ebazten zituzten ekuazioak! Honek abantaila handiak ekarri zituen. Alde batetik, kalkuluak asko azkartzen ziren, eta bestaldetik, ordenagailuek problema konplexuagoak ebazten ahal zituzten. Honek Kimika Konputazionalaren jaiotza ekarri zuen. Hiru hankako mahaia osatzen du Kimika Konputazionalak, 2. irudian ikus daitekeen moduan.
Hortaz, teknologiari esker (ordenagailuei esker) kimika kuantikoak gorakada nabarmena egin zuen. Lan neketsuena ordenagailuek egiten dutenez, konplexutasun handiagoko metodo kimikokuantikoak garatu ziren, eta horrela emaitza zehatzagoak lortzen hasi ziren. Horretaz gain, kalkulatutako molekulak gero eta handiagoak ziren. Honen ondorioz, kimika konputazionala atomo gutxiz osatutako molekuletatik, milaka atomoz osatutako sistemetan aplikatzera iritsi zen, 3. irudian ikus daitekeen moduan.
Gaur egun, konputazionalki aztertu daitezkeen sistemak milaka atomoz osaturik egon daitezke. Hau dela medio, Kimika Teoriko eta Konputazionala baliagarria da Kimika Esperimentalak azter ditzakeen antzeko problemak ebazteko. Esperimentuen emaitzak ulertzeko eta arrazionalizatzeko tresna oso erabilgarria da Kimika Konputazionala, eta duela urte batzuk ezinezkoa zirudien esparru askotan erabilgarria da, material berrien eta farmako berrien diseinuan, adibidez. 1. Irudia buruan izanda, Kimika Konputazionala Kimika esperimentalaren antzeko loturak sortu ditu, biologiarekin, materialen zientziarekin, medikuntzarekin… eta abar. Honek aurrerapauso nabarmenak ekarri ditu jakintza arlo hauen garapenean. Garrantzi honen adierazgarri bi adibide emanen ditugu (asko daude): alde batetik, 1998. eta 2013. urteetan, Kimikako Nobel saridunak jakintza arlo desberdinetan aplika daitezkeen metodo kimikokuantikoak garatu dituzten batzuei eman zieten. Zehazki, John A Pople eta Walter Kohni 1998. urtean, eta Martin Karplus, Michael Levitt eta Arieh Warsheli 2013. urtean. Bestalde, esperimentalki aski ezagunak diren in vitro eta in vivo emaitzei, in silico adierazpidea gehitu zaie, ordenagailuetan egindako simulazioei erreferentzia egiteko. Gaur egun, hortaz, farmako baten garapenak hiru etapa horiek ezagutu ditzake, in silico, in vitro eta in vivo. Honen garrantzia dela eta, zalantzarik gabe esan dezakegu XXI. mendeko kimikako laborategi askok ondorengo itxura izanen dutela:
Kimika Konputazionalak aurresate-ahalmen handia du, eta oso lagungarria da esperimentu, material, farmako berrien nondik norakoak bideratzeko. Sorta honen lau artikulu hauetan ikusi dugu Kimika iraganean batez ere esperimentala izan dela, baina hemendik aurrera, teoriaren pisua gero eta handiagoa izanen da. Orain bai, orain izenburuan agertzen den galdera erantzuteko gai bagara: Gaur egungo Kimika, Esperimentala? Ez, gaur egungo kimika, Esperimentala eta Teorikoa da.
Jon Mattin Matxain (@TxoniMatxain), EHUko Kimika Fakultateko eta Donostia International Physics Center DIPCko ikertzailea da, eta "Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe" blogaren egilea. | science |
zientzia_kaiera-87176fa3531a | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/10/gizentasunari-aurre-egiteko-balizko-molekula-pteroestilbenoa/ | Gizentasunari aurre egin diezaioken molekula, pteroestilbenoa | unknown | 2014-11-10 00:00:00 | Gizentasunari aurre egin diezaioken molekula, pteroestilbenoa
Urtero 3,4 milioi lagun hiltzen dira gehiegizko pisuak edo obesitateak ekarritako ondorioen eraginez, Munduko Osasun Erakundearen arabera. EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldeak obesitatea eta hari lotutako patologiak, besteak beste, dislipemiak eta diabetesa, ikertzen ditu. Era berean, dietaren osaeraren ondorioak eta gorputzeko gantz-metaketa eragozten duten balizko osagai funtsezkoak aztertzen dituzte.
Karlos III.a Osasun Erakundearen Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioaren Ziberrari –CIBERobn- atxikitua dago EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldea eta duela gutxi, Amerikako Estatu Batuetako Nekazaritza Sailarekin (USDA) elkarlanean egindako ikerketa baten emaitzak jakitera eman dituzte. Ikerketaren arabera, mahatsetan, ahabietan, kakahueteetan eta ardo beltzean kantitate txikietan aurkitzen den konposatu fenoliko batek, pteroestilbenoak, gorputzean metatzen den gantza gutxitzen du.
Lantaldeek animalietan egiaztatu dute pteroestilbenoa emanez gero, gorputzean metatzen den gantzaren kantitatea gutxitu egiten dela, gantz-ehunean pilatzen den gantzaren sintesia murriztuz eta gibelean gertatzen den gantzaren oxidazioa areagotuz. Honek lagun dezake diabetesa bezalako beste gaixotasun batzuk pairatzeko arriskua apaltzen. Hau izan da, mota horretako lehen lan aurreklinikoa.
Obesitatea edo gizentasuna jatorri multifaktoriala duen gaixotasun kronikoa da; oro har, gorputzean pilatzen den gehiegizko gantz-metaketatzat hartzen da. Gaixotasun metabolikoa dugu, oso ohikoa herrialde garatuetan, eta arrisku-eragile esanguratsua da beste patologia eta asaldura batzuk ager daitezen, besteak beste, intsulinaren aurkako erresistentzia, diabetesa, gibel koipetsua, asaldurak plasmako lipidoetan eta arteria-hipertentsioa.
Gizentasuna prebenitzeko eta tratatzeko ohiko jarraibideak ondokoak dira: dieta hipokalorikoa baliatzea eta jarduera fisiko neurritsua egitea epe luzean. Hala ere, aipatutako estrategia horien eraginkortasuna mugatua da eta, sarritan, ez da lortzen nahi den emaitza. Testuinguru horretan, funtsezko osagaiak dietan txertatzeak beste ikuspegi bat eskaintzen dio tratamenduari. Osagai horien adibide ditugu konposatu fenolikoak, esate baterako, pteroestilbenoa deritzon molekula. Gaurdaino, oso ikerketa gutxi gauzatu dira molekula horien ondorioak aztertzeko eta orain arte egindako ikerlanak minbiziari lotu zaizkio.
Ikerketa-taldeek lortutako emaitzak etorkizun handikoak dira. Izan ere, patentea eratu da eta molekulak obesitatearen aurka dituen ondorioak egiaztatzeko asmoz, azterketa gizakietan gauzatzeko abiapuntua izan daiteke.
Erreferentzia bibliografikoa:Gómez-Zorita S, Fernández-Quintela A, Lasa A, Aguirre L, Rimando AM, Portillo MP. Pterostilbene, a dimethyl-ether derivative of resveratrol, reduces fat accumulation in rats fed an obesogenic diet. Journal of the Agricultural and Food Chemistry, 2014, 62(33), 8371-8378 orr.
Iturria:EHUko komunikazio bulegoa: Pteroestilbenoa, Resveratrolaren antzeko molekula, gizentasunaren aurkako balizko tratamendua. | science |
zientzia_kaiera-ae6d34ac1fa6 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/09/asteon-zientzia-begi-bistan-32/ | Asteon zientzia begi-bistan #32 | unknown | 2014-11-09 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #32
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
1919. urtean Bilbok 80.000 biztanle zituen eta horietatik 6.000k tuberkulosia zuten. Gaitza oso zabaldua zegoen Bizkaiko Ezkerraldean ere. Sasoi hartan gaixotasunari aurre egiteko eguzkiaren argia eta itsasoak duen iodoa oinarrizkoak ziren medikuen ustez. Hori dela eta, Bizkaiko herri eguzkitsuenean zabaldu zuten ospitalea gaixoak tratatzeko: Gorlizen. Berrian kontatzen digu Lander Muñagorrik: Itsasoa sendagai bihurtu zuen erietxea.
Gorlizeko herriak eguzki ordu asko eta itsasoa zituen gaixoei laguntzeko. Egun ere, ospitaleak bertan jarraitzen du baina baliteke mende baten zerbait aldatu izana. Amaia Porgutal kazetariak, klima-aldaketa aztergai duen gobernuarteko erakundeak (IPCC) klima-aldaketaz egin duen azken txostenaren emaitzak azaltzen dizkigu Zientzia Kaiera blogean. Txostenak erakusten duenez, ur eta lurrazalaren tenperatura hazkundea etengabekoa izan da, eta are handiagoa 1980ko hamarkadatik hona. Gaur egun Lurra XIX. mende bukaeran baino 0,8 gradu epelagoa da, eta tenperaturak gora egiten jarraitzen du baina… ezin Lurrari gehiago berotzen utzi.
Grabatu sakonekin apaindutako duela 14.500 urte inguruko bi haga aurkitu dituzte Azpeitiko Ezkuzta kobazuloko indusketetan. Madeleine aldiko erdikoak dela uste da, eta haien kalitatea aintzat harturik Iberiar penintsula osoan pieza bakarrak direla adierazi dute. Juan Luis Zabalak kontatzen digu Berrian: Ezustekoa Ezkuztan eta Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian: Paleolitoko altxorra topatu dute Gipuzkoako kobazulo batean.
Ederra bada iraganeko altxorrak aurkitzea, gure inguruan baditugu ere hamaika edertasun. Gotzone Barandika kimikariak Zientzia Kaiera blogean azaltzen digu edertasunaren gakoa zein den: simetria. Simetrian osasuna ikusten dugu izaki bizidunetan eta objektu bizigabeetan, berriz, simetria ordenaren armoniarekin uztartzen dugu. Izan ere, guztiok ditugu gustuko gauza ederrak, ezta? Datu gehiago Kristalografia, simetria eta edertasuna artikuluan.
Antartidak, Europa baino handiagoa den izotz-azal erraldoiak, estazio zientifikoa batzuetan dauden 1.000-5.000 gizakiz osatuta dagoen populazioa du. Antartidako bizia, itsaso ondoko zonalde estu batzuetan pilatuta dago. Izotz artean, urtean sei hilabetean argi hotz eta bortitza pairatuko duzu, eta beste sei hilabeteetan, ilunpean egongo zara, tartean hego-aurorek baizik ez dizute argituko bizitza. Toki latza da baina sasoi baten ez zen horrelakoa izan eta Antonio Cantó dibulgatzaileak kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean: Antartida paradisua izan zen garaia.
Antzekoa baina ez berdina, hori da Harvardeko Unibertsitateko ikertzaileek esan dutena zakilen jatorriari buruz. Hauen esanetan, kanpo-genitalen garapena ez da berdina ornodun lurtar guztietan. Ugaztun gehienetan, zakila garatzen duten zelulak isatsa sortzen duten zelula enbrionarioetatik eratortzen dira. Sugeetan eta beste narrasti batzuetan, aldiz, atzeko hankak sorrarazten dituztenetatik. Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Zakilen jatorria: desberdina narrastietan eta ugaztunetan, baina antzekoa.
Europarrok hona nondik nora ailegatu garen jakiteko bidea irekia du aspalditik genetikak eta baita ere paleontologiak. Azken asteotan bi ikerketen berri eman dute hedabideetan. Biek Errusian aurkitutako aztarnen azterketak dute oinarrian. Batak, Moskutik 400 bat kilometro 1954an aurkitu zuten Kostenki 14 izeneko hezurrarenak dira. Duela 38.700 eta 36.200 urte artean bizi izan zen gizon baten fosilek osatzen dute. Besteak, duela 45.000 urte Siberian bizitako gizonezko baten izterrezurra du oinarrian, 'Ust-Ishim-eko gizona' ren aztarna. Bi aztarnen azterketek erakusten dute zein konplexua izan zen gure arbasoen hedatzea Eurasian barrena. Eider Cartonek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Beste giza genoma zahar bat, Europaren populatze konplexuaren erakusle.
"Edozein neskak izan dezake glamourra. Geldirik geratu eta inozo itxurak egin besterik ez du". Hedy Lamarr aktore austriarra eta telekomunikazio ingeniariarena da esaldia. 1941 George Antheil musikariarekin maiztasun jauziaren bidezko espektro hedatua (FHSS) teknika garatu eta patentatu zuen. Honi esker, torpedoak irrati bidez gidatu zitezkeen, etsaiek antzeman gabe. Nagore Irazustabarrenak dakarkigu emakume honen historia Argia aldizkarian: Hedy Lamarr, Wifiaren hazia erein zuen zine izarra.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-ac40aa0b0614 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/08/ezjakintasunaren-kartografia-38/ | Ezjakintasunaren kartografia #38 | unknown | 2014-11-08 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #38
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon bertan plazaratu diren artikuluen laburpena.
Jesús Zamorak diseinu adimenduaren aldeko argudioak hankaz gora jartzen jarraitzen du, eta hau baliagarria da azalpen zientifikotzat ulertzen genuena birpasatzeko: Deconstructing intelligent design (2): Dembski's "explanatory filter" is not a filter at all.
Zientzialariek zientzia-dibulgazioa egitea gero eta beharrezkoagoa duen mundu honetan, dibulgazioa sistematikoa egiteko BrainLab bezalako egitasmoak daude. Sergio Laínezek azaltzen digu Public Engagement 2.0: Ready to take it seriously?-n.
Jakin-mina da gizakion ezaugarrietariko bat. Zientzia, neurri handi batean, gehiago jakiteko nahi hau asetzeko gauzatzen da. Kasu batzuetan, jakin-min hau hain handia da, non gure bizitzak arriskatzera eraman gaitzake. Baina praktikan jakin-mina ikaskuntzarekin lotzen da eta, neurobiologiaren ezagutza hezkuntzarako interes handikoa izan daiteke. José Viosca Why did curiosity kill the cat? Brain reward systems engaged in learning curious information-en.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-a1f9d2ad2a1b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/07/zientzialari-16-unai-ugalde/ | Zientzialari (16) – Unai Ugalde | 2014-11-07 00:00:00 | Zientzialari (16) – Unai Ugalde
Zientzialari 16 – Unai Ugalde from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo.
Izaki bizidun ezberdinek elkarren artean komunikatzeko duten gaitasunaz hitz egiten denean, gutxitan aipatzen da landareak, mikroorganismoak eta baita zelulak ere hainbat tresnaz baliatzen direla elkarrekin eta haien inguruarekin komunikatzeko.
Gai honetan aditua den ikertzaile batekin izan gara. Gaur, 'Zientzialari' atalean, Unai Ugalde UPV/EHUko Biokimikako irakaslea dugu gurekin.
Atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure jarraitzaileen artean. | science |
|
zientzia_kaiera-de1373e7155d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/06/antartida-paradisua-izan-zen-garaia/ | Antartida paradisua izan zen garaia | Antonio Cantó | 2014-11-06 00:00:00 | Antartida paradisua izan zen garaia
Antonio Cantó
Bestalde, Antartidako bizia, itsaso ondoko zonalde estu batzuetan pilatuta dago. Zonalde hori Hego Amerikarantz eta inguruko itsasoetarantz hedatua dago. Horrela bizia larriki harrapatua dago bertan, baina antzera dago Lurreko bizi guztia harrapatuta amildegiaren eta kosmosaren artean. Antartidakoa bortizkiago zokoratua dago hala ere. Lehorrera iristen zarelarik, baleak, txipiroi erraldoiak eta pinguinoak dituzu nonahi. Inoiz, basa loretxo pare bat aurki ditzakezu, edo uretako hartz txikia [1], Chuck Norris baino gogorragoa bera. Barrurago zoazela, bakterio gutxi batzuk baizik ez daude. Horretaz gain, izotz infinitua, eta base zientifiko erresistenteenak. Inoiz, hegaka ikus dezakezu elurretako petrel bat (edo Ilyushin 76 bat).
Hor, izotz artean, urtean sei hilabetean argi hotz eta bortitza pairatuko duzu, eta beste sei hilabeteetan, ilunpean egongo zara, tartean hego-aurorek baizik argituko ez dizutelarik bizitza. Toki latz batean, Vostok estazioan erregistratu da Lurrean aurkitu den tenperatura baxuena: -89.2ºC (bai ba, zero azpitik, 1983 uztailaren 21an! [2]). Sateliteen datuek, iradokitzen dute termometrorik ez dagoen tokietan ziur aski -93.2ºC-ra iritsiko dela tenperatura, Domo Argus eta Domo Fujiren artean. Gauzak argitze aldera, esan dezakegu ohiko termometroak izoztu egiten direla -39ºC-an; Antartidan, beste teknika batzuk erabili behar dira. Martitzen -55ºC eta -63ºC tartean [3] dabil tenperatura, eta bertan karbono dioxidoa izotz lehor bihurtzen da -78.5ºC-an. Vostokeko tenperatura oraindik 10 gradu gehiago jaitsi daiteke. Elurra ere nekez egiten du bertan, aireko hezetasuna izoztua baitago. Hori bai toki estralurtarra!
Hala ere, ez da beti horrela izan. Garai batean, Antartida baratze tropikal bat izan zen, bizidunetan oso joria. Animaliak iritsi ziren bertara, egun Amerika, Afrika, Madagaskar, Eurasia (Indiatik) eta Australia direnetatik. Nolatan izan zen hau?
Lurreko tenperatura globala eta kontinenteen kokapena asko aldatu dira aro geologikoetan zehar. Antartida aldiz, gutxi mugitu da, eta beti ere Hego Hemisferioan egon da Hego Polotik gertu, lehorreko biziaren historiako aldi handi batean. Duela 530 milioi urte [4] ausartu zen lehenengo animaliatxoa uretatik lehorrera egiten, eta garai hartan Antartida beste batzuekin batera Gondwana kontinente handia osatzekotan zebilen, gutxi gorabehera ekuatorearen parean. Bizia 100 milioi urte beranduago lehorrean arnasa hartzen hasi zenerako [5], Antartida hegoalderantz abian zen jadanik, Gondwanaren barruan. Egungo Australiaren latitudean zegoen gutxi gorabehera. Ez zen inoiz nabarmenki iparrera itzuli, eta uste da ez duela horrelakorik egingo gutxienez hurrengo 250 milioi urteetan. Berez, gero eta hegoalderago joan zen, Eurasia, Amerika eta Afrika iparrerantz zihoazen bitartean. Azken hauetako batzuk, beste hemisferiora ere joan ziren, azkenean egungo geografia osatzeko.
Egungo Antartidako zonalde batzuk, antzinako Antartidaren barruan beste gune batzuetan kokatuta zeuden Permikoan zehar. 50 milioi urte beranduago sortuko ziren lehenengo dinosauroak, eta bere horretan jarraitu du Antartidak, azken bolada honetan, Hego Poloaren inguruan.
Pentsa liteke eguzki-izpiek bertara iristeko duten angeluagatik nekez izango zuela hain polarra den zonalde batek Cancúnen antzik. Hala ere, gauzak ez dira hain errazak. Gaurko hotz bortitz hori ez zaio bakar-bakarrik kokapenari zor. Hala izango balitz, Artikoa ere oso hotza izan beharko litzateke, eta ez da hala. Izan ere, Ipar Hemisferioko tenperaturarik hotzenak, diotenez, Siberiako toki demonio batean erregistratu dira: Oimiakón, -67.7ºC eta -71.2ªC tenperaturen artean. Beti ere, itsas mailan garaierarik ez duten tokiez ari gara, zeren eta hainbat gailurretan -77.5ºC-raino ere iritsi dira hartutako tenperaturak (oraindik ere Vostokekoak baino samurragoak).
Baina Omiakón ez dago Artikoan, Ipar 63º15′-ko latitudea baitauka, Zirkulu Polarretik behera. Islandiako hiriburu den Reykjaviketik iparrerago dago (64º09'N), eta bertan, tenperaturak ez du inoiz -24ºC-tik behera egin, eta ez du -20ºC-tik behera egin 1971tik. Omiakóneko tenperatura bortitzak ez dira sortzen latitudeak sortuak; klima kontinentaleko kontu batek sortzen ditu baldintzapen txarrak Yakutia zonaldean eta ibarrean zehar. -66.1ºC-koa da Artikoan bertan erregistratu den tenperaturarik baxuena (North Ice estazioa, Groenlandia, 1954ko urtarrilaren 9a). Are garrantzitsuago, Ipar Poloko tenperatura ertaina -18.2ºC-koa zen, eta -28.1 ºC-ra iristen zen Groenlandiako erdiguneko izotzetan; Hego Poloan aldiz, -49.4ºC-koa da tenperatura ertaina, eta Vostoken -55-1ºC-ra jaisten da, Martitzen antzera.
Kokapen geografikoak, eta itsasoko korronteek eta haizeak eragiten dituzte Artiko eta Antartikoaren artean dauden alde handi hauek. Garaierak ere eragiten du, baina ez uste litekeen bezainbeste: Antartidako garaiera ertaina 2.500 m-koa bada ere, Groenlandiakoa ere 1922 m inguruan dabil. Antartida aldiz, kontinente handia da, hainbat itsasok inguratua. Gainera, Polo inguruko Korronte Antartikoak eragotzi egiten du barruko zonalde hotzen eta inguruko zonalde beroagoen arteko trukea. Klimaren ikuspegitik, Antartida putzu hotz batean harrapatuta dago, atera ezinik.
Baina esana dugu hau ez dela beti horrela izan. Duela 35 milioi urte hartu zuen Antartidak kokapen hau, beste kontinenteak iparrera jo eta Drake eta Tasmania igarobideak zabaltzen ari ziren bitartean. Hori gertatu aurretik, ez zegoen Polo inguruko korronterik, eta Antartidak inguruko zonaldeekin beroa trukatzeko modua zuelarik, tenperatura ez zen hainbeste jaisten [6]. Gainera, garai bateko Lurreko tenperatura gaurkoa baino altuagoa zen, orain bertan glaziazio betean sartuta baikaude. Badirudi oharkabean glaziazio aldi honetatik bortitz eta zakar atera nahirik gabiltzala, baina glaziazio bat da azken batean. Lurraren historiaren zatirik handiena beroagoa izan da [7], anhidrido karbonikoaren milioiko 1000 partera edo gorago ere iristen zelarik [8] [9]. Horrela, Paleozeno-Eozenoan, duela 55.9 milioi urte 22ºC-ko gailurrera iritsiko zen tenperatura (anhidrido karbonikoa milioiko 1225 partera). Berez, Lurra "bipolarra" izan da betidanik: negutegi efektutik iglu efektura doa txandaka. Horrela ba, aldaketa tektoniko hauek ederki argitzen dute Antartida garai batean tropikala izana, oraingo izotz-basamortutik urrun. Egia esan, behin baino gehiagotan gertatu zen hori. Urruneko Aro Kanbriar hartan ere (581-485 milioi urte), ekuatore partean zegoen, trilobitez eta antzerako ornogabeez beteta. Devoniar garaikoak dira (419-360 miloi urte) aurkitu dituzten landare-fosil ugariak. Flora horretan nabarmen nagusitu ziren, Permiarrean zehar (298-252 mioi urte), Glossopteris bezalako iratzeak, pantanoetan eta paduretan.
Denborak aurrera egin ahala, landare eta padura hauek Antartikan zeharreko mendien ikatz-meategia sortuko zuten. Ordurako, Lurra berotzen ari zen eta Gondwanaren zati handi bat, basamortu lehor bilakatua zen, baina bertako bizitzak aurrera egin zuen. Permiarrean eta Triasikoaren hasieran (250-200 mioi urte), hazidun iratzeak sortuko ziren, eta bai narrasti sinapsidoak, ugaztun bilakatuko zirenak. Jurasikoan (200-145 miloi urte) eta Kretazikoan (145-66 milioi urte) izugarria izan zen kontua: zikadak, ginkgoak, konifera-basoak, amoniteak itsasoan, eta gutxienez hiru dinosauro mota lehorrean: kriolofosauroak, glazialisauroak eta antarktopeltak. Hori da fosilei esker jakin duguna. Hori bai historiaurreko paradisu tropikal ederra, Gondwanako zonaldeen arteko zubi modura jokatzen zuena, eta Lurraren gainontzeko zonaldeekin lotura bat eskaintzen zuena. Espezie asko sortu eta ugaritu ziren bertan.
Garai hartarako, hegoaldeko partea larri zegoen. Lehenengo izotzak sortu ziren, espezieei mehatxuka. Biziak baina, ez du inoiz etsitzen eta aurrera egin zuen. Bere horretan jarraitu zuen, Hego Amerika banandu zen arte. Horrela, Drake igarobidea irekita, bidea eman zitzaion Polo inguruko Korronteari, eta Antartida isolatuta geratu zen betiko. Orduan izotza hedatzen hasi zen eta bertan zegoen bizia oro suntsitu zen. Bizia baina, babes bila joan zen kostaldera, garai hobeagoen zain. Zoritxarrez, suntsipena handiegia eta luzeegia izan zen. Pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan zen glaziazioaren izerkari zuri handiaren pean.
Oraindik ere, biziak gora egin zuen apur batean, Erdi Miozenoan, duela 15 milioi urte. Orduan anhidrido karbonikoaren mailak 400-660ra igo ziren (gaur 440 ditugu berriz) [01]. Ordurako baina, izotz geruza gaur bezain zabal zegoen. Tenperaturak gora egin zuen kostaldean, eta tundra-landareak sortu ziren, egungo Andeetako zonalde batzuetan [11] dagoenaren antzera. Azkenean, duela hiru edo lau milioi urte, izotza atera zen garaile azkenean.
Ez guztiz. Hasieran esan dizudan bezala, bizidun batzuek eutsi egin diote bizitzari kostaldeko harrietan eta itsas hotzean. Horrela jokatzen du biziak beti, edozein aukera noiz azalduko zain. Agian gure diru-nahiak eta gure ergelkeriak badute alderdi on bat. Agian, beste aukera bat emango diogu Antartikako bizitzari.
[1] Guidetti, R.; Rebecchi, L.; Cesari, M.; McInnes, S. J. (2014ko maiatzaren 18a: Mopsechiniscus franciscae, a new species of a rare genus of Tardigrada from continental Antarctica. Polar Biology (Springer Science + Business Media) 37 (9): 1221–1233. DOI: 10.1007/s00300-014-1514-x.
[2] Arizona State University: World lowest temperature.
[3] NASA National Space Cience Data Center: Mars fact sheet.
[4] MacNaughton, R. B et al. First steps on land: Arthropod trackways in Cambrian-Ordovician eolian sandstone, southeastern Ontario, Canada. Geology 30, 391 – 394 (2002). DOI: 10.1130/0091-7613 (2002) 030 2.0.CO;2.
[5] Wilson, H. M.; Anderson, L. I. (2004): Morphology and Taxonomy of Paleozoic millipedes (Diplopoda: Chilognatha, Archipolypoda) from Scotland. Journal of Paleontology 78(1):169-184. DOI: 10.1666/0022-3360 (2004) 078 2.0.CO;2.
[6] Exon, N. F.; Kennett, J. P. (2013): Paleoceanographic evolution of the Tasmanian Seaway and its climatic implications. American Geophysical Union, Geophysical Monograph Series 01/2004; DOI: 10.1029/151GM19.
[7] Hansen, J. E.; Sato, M. (2012): Paleoclimate Implications for Human-Made Climate Change. En Climate Change: Inferences from Paleoclimate and Regional Aspects. A. Berger, F. Mesinger y D. Šijački, Eds. Springer, 21-48. DOI: 10.1007/978-3-7091-0973-1_2.
[8] Lowenstein, T. K.; Demicco, R. V. (29 de septiembre de 2006): Elevated Eocene atmospheric CO2 and its subsequent decline. Science, Vol. 313, nº 5795, p. 1928. DOI: 10.1126/science.1129555.
[9] Bice, K. L.; Norris, R. D. (2002): Possible atmospheric CO2 extremes of the Middle Cretaceous (late Albian – Turonian). Paleoceanography, vol. 17, nº. 4, 1070. DOI: 10.1029/2002PA000778, 2002.
[10] Knorr, G; Lohmann, G. (2014): Climate warming during Antarctic ice sheet expansion at the Middle Miocene transition. Nature Geoscience 7, 376–381. DOI: 0.1038/ngeo2119.
[11] NASA: Study finds ancient warming greened Antarctica.
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-6d934f0128ea | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/05/ezin-lurrari-gehiago-berotzen-utzi/ | Ezin Lurrari gehiago berotzen utzi | Amaia Portugal | 2014-11-05 00:00:00 | Ezin Lurrari gehiago berotzen utzi
Amaia Portugal
Klima-aldaketaren aurkako borrokak zifra zehatz bat du jomugan: 2 gradu. Ezin diogu gure planetari industria aurreko garaian baino bi gradu beroagoa izaten utzi, dagoeneko atzera bueltarik ez duten ondorioak are kaltegarriagoak izan daitezen nahi ez badugu. Gaur egun Lurra XIX. mende bukaeran baino 0,8 gradu epelagoa da, eta tenperaturak gora egiten jarraitzen du. Baina IPCCk argitaratu berri duen txostenean oharrarazi bezala, orain da ekiteko unea, auzia ezin da gehiago atzeratu.
Izan ere, IPCCk "klima-aldaketaz inoiz egin den ebaluazio osoena" omen den lanaren sintesi txostena aurkeztu du pasa den asteburuan Kopenhagen. 800 ikertzailetik gora aritu dira horretan lanean azken hamahiru hilabeteotan. Inork zalantzarik bazuen, lan mardul honetan inoiz baino garbiago eta ozenago igorri dute mezua kideok: gizakiak klima-aldaketan izan duen eragina eztabaidaezina da. Ez da albiste ona, noski, baina badu gauza on bat: horrek esan nahi du gizakion esku dagoela, era berean, akatsak zuzentzea eta hala klima-aldaketa motelaraztea.
Txostenak erakusten duenez, ur eta lurrazalaren tenperatura hazkundea etengabekoa izan da, eta are handiagoa 1980ko hamarkadatik hona. Jakina, hotzberoak gorabeherak izan ohi ditu urte batetik bestera, baina epe ertainera begiratuz gero, honakoa ikusten da: 1850etik, denbora hiru hamarkadaka multzokatu eta batez bestekoak eginez gero, 30 urteko denbora tarte horietako bakoitza aurrekoa baino epelagoa izan da, beti.
"Gure ebaluazioan ondorioztatu dugunez, atmosfera eta ozeanoak berotuz joan dira, elur eta izotz bolumenak murriztu dira, itsasoaren maila igo da eta karbono dioxido kontzentrazioak hainbeste handitu dira, ezen ez baitago aurrekaririk, gutxienez, azken 800.000 urteotan", azaldu du Thomas Stocker txostenaren egileetako batek.
Hain zuzen, besteak beste eta bereziki karbono dioxidoak eragiten duen berotegi efektuari begiratu besterik ez dago. Aspaldi dugu ekintza antropogenikoek ingurunean duten eragin kaltegarriaren berri, eta hala ere, berotegi efektuaren eragile diren isuriek inoiz baino gehiago egin zuten gora 2000 eta 2010 urteen artean, IPCCk azaldu duenez. Isuri horien artean, %35 energiaren sektoretik datoz, %24 nekazaritzatik, %21 industriatik, %14 garraiotik eta %6 eraikuntzaren sektoretik.
Ozeano Artikoko izotzaren eta glaziarren urtzea, itsas mailaren igoera… hasiak gara klima-aldaketaren lehen urratsak antzematen, baina inpaktu potentziala are okerragoa da. Aipatutakoez gain, lehorteek landarako lur eremuak murriztu eta ur edangarri kopurua urriagotu lezakete, uholdeak gerta litezke kostaldeetan, eta askok eta askok beren sorterritik ihes egin beharko dute agian, beste norabait. "Klima-aldaketa zuzenean pairatzeko aukera gehien duten pertsonetako askok ia ez dute zerikusirik izan berotegi efektua eragiten duten gasen isurian", esan du R.K. Pachauri IPCCko presidenteak.
Hala ere, erakunde honek argi azaldu du oraindik badagoela klima-aldaketaren aurka lehiatzerik, gaur egungo gizakiak badituela hura mugatzeko eta etorkizun oparoago bat eraikitzeko baliabideak. Dena dela, azkar ibili beharra dago. Izan ere, adibidez, 2 graduei dagokien helburu hori betetzeko, karbonoaren isuriak mugatu behar dira berehala. 790 GtC da karbonoa baliatzeko dugun guztizko 'aurrekontua', xedea bete nahi badugu. Baina industrializazioa hasi zenetik hona, dagoeneko aurrekontu horren %65a kontsumitu du gizakiak. Ezinbestean beste bide batetik jo beharra dago.
Trantsizioa teknikoki bideragarria dela dio IPCCk, teknologia eta baliabideak eskuragarri daudela, baina politika egokiak aplikatzea falta dela. "Ez zaigu denbora askorik geratzen, 2 graduko berotze marjinari eusteko aukera itxi aurretik. Horretarako, isuriak %40 eta %70 artean txikitu behar ditugu munduan, 2010a eta 2050a bitartean. Eta 2100ean ez luke batere isuririk egon behar. Esku artean daukagu aukera, eta gure esku dago erabakia", dio Pachaurik. Txostenean bertan ageri denez, esaterako neurri horien aplikazioa 2030era atzeratu balitz, teknologia, ekonomia, gizarte eta instituzio erronkak askoz ere zailagoak izango lirateke, betiere kontuan izanda 2 graduko berotze tarteari eustea dela helburua.
Horretarako, energia berriztagarriak izango dira gakoetako bat, baina ez bakarra. Norberaren ohiturak aldatzea ere ezinbestekoa izango da. Orain arte, herrialde baten gas isuri kopurua eta bertako aberastasun maila elkarri lotuta joan dira: zenbat eta ekonomia garatuagoa, orduan eta kutsadura handiagoa. Joera hori etetearen garrantzia azpimarratu dute IPCCtik, eta ez zaiola beldurrik izan behar hazkunde ekonomikoa moteltzeari. Epe luzera, errentagarriagoa izango da ingurune jasangarriak bermatzea, poltsikoan diru pixka bat gehixeago izatea baino.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-3e83564d8620 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/04/kritalografia-simetria-eta-edertasuna/ | Kristalografia, simetria eta edertasuna | Gotzone Barandika | 2014-11-04 00:00:00 | Kristalografia, simetria eta edertasuna
Gotzone Barandika
Simetriarekin batera, osasuna ikusten dugu izaki bizidunetan. Objektu bizigabeetan, berriz, simetria ordenaren armoniarekin uztartzen dugu. Horregatik liluratzen gaituzte harribitxiek; haien formak, koloreak eta distirak miresten ditugu.
Lilurapen zahar hori jakin-min zientifiko bihurtu zuten batzuek, eta horrela sortu zen Kristalografia. Horrela, 1611ean Kepler hasi zen aztertzen izotzaren kristalen simetria. Urte batzuk geroago, 1669an, Stenonek Kristalografiaren lehen legea plazaratu zuen, espezie bereko kristalen aurpegi baliokideen konstantetasunaz jabetuta.
Mineralen kanpo forma simetrikoak ikustean, berehala susmatzen dugu barruko osagaietatik eratorri behar dela ordena hori: alegia, osagaiak (atomoak, ioiak zein molekulak) ordenatuta daude espazioan era jakin batzuetan. Hots, Kristalografiak ordena hori aztertzen du, bai solido "naturaletan" (gizakiok parte hartu gabe eratu direnetan), eta bai ekoiztuetan ere.
Barruko ordena hori ikusi ahal izateko, beste aurkikuntza bat egin behar izan zen: alegia, X izpien difrakzioa. Atomoak txiki-txikiak dira argi ikusgaiaren bidez ikusi ahal izateko, eta Max von Laue, aurkikuntzaren egilea, 1912an konturatu zen X izpiak "argi" egokia izan litezkeela ikusi ahal izateko. Halere, ez zekien behaketa hori zelan egin. Bragg aita-semeek (William Henry eta William Lawrence) aurkitu zuten konponbidea, eta horrela hasiera eman zioten Kristalografia aplikatuari. Hots, Braggen legearen bidez (1913), X izpien eta materia ordenatuaren artean dagoen elkarrekintza azter daiteke, eta horrela informazio hori tratatuz materiaren barruko "argazkiak" lor daitezke.
100 urte geroago, Kristalografiaren Nazioarteko Urtea ospatzen ari gara. Ehun urte hauetan, aurrerakuntza nabariak egin dira arlo zientifiko honetan. Agian, DNAren egiturako helize bikoitzarena da ospetsuena, baina hori aipa daitekeenetatik bat baino ez da. Izan ere, gure bizitza arruntean dauden material solido gehienak (arruntak eta teknologikoak) kristalinoak dira. Kontua da gehienetan ez garela konturatzen, kristalak txiki-txikiak direlako. Halere, kristal batzuk begi-bistan daude: gatza (sodio kloruroa) eta azukrea, esaterako.
Zer esanik ez, ikerkuntzan Kristalografia ezinbesteko arloa da, bai ezagutzen ditugun materialak hobetzeko, eta bai berriak sortzeko ere. Kristalografia erabiltzen dugunok egunero harritzen gara kristalen "barrukoa" deskubritzen dugunean, kristalen barne edertasuna dastatzeko aukera dugularik. Ez al da zorte handia?
Egileaz: Gotzone Barandika UPV/EHUko Kimika Ez-Organikoko irakaslea da. | science |
zientzia_kaiera-f60257ce17da | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/03/geruza-bakarreko-ontzi-biodegradagarria/ | Geruza bakarreko ontzi biodegradagarria | unknown | 2014-11-03 00:00:00 | Geruza bakarreko ontzi biodegradagarria
Plastikoek gure bizitzan duten presentziak goranzko joera geldiezina da. Jakina da, ontzi tradizionalek produktua babesten dutela, merkeak direla eta luze irauten dutela baina iraupen hori arazo larria da ingurumenerako. Hau kontuan izanik, ontzien industriak material berri iraunkorragoak garatzea du ardatz. Propietate hobeagoak, ekonomikoki bideragarriak direnak eta, horrez gain, sektoreak eskatutako betekizunak betetzen dituzten materialak. Ildo honetan, ekoizle eta kontsumitzaileengan antzemandako joerak erantzuteko asmoz, material iraunkorrak garatzen ari da UPV/EHUko BIOMAT taldea. Egun, nekazaritza eta industria arloetako azpiproduktuetatik abiatuz, produktu koipetsuetarako geruza bakarreko ontzi aktibo eta biodegradagarria garatu berri du taldeak.
"Gaur egungo gizarteak, kontsumo joera berriak dituenez, bere premietara egokitzen diren diseinu berriak eskatzen ditu. Bizitzaren erritmoak erosketak egiteko maiztasuna gutxitzea dakar, eta horrek, halaber, produktua denbora luzeagoz kontserbatuko duten ontziak eskatzen ditu. Gainera, ontzi ekoizleen eta ontziratze industriaren kezka ere aintzat hartu behar da, ekoizpen eta logistika sistemetan joera berriei aurre egiteko eta irtenbide berriak prezio lehiakorrean eskaintzeari dagokionez. Xede hori lortzea posible izango da, betiere ontzi berrien garapena gaur egun erabiltzen den teknologiara egokitzen bada, eta erabilitako material kantitatea gutxiagotzeko diseinua hobetzen bada" azaldu du Pedro Guerrero UPV/EHUko Unibertsitate Eskola Politeknikoko Material Berriztagarriek Ingeniaritza arloko ikertzaileak eta BIOMAT ikerketa-taldekoak.
Zenbait ingurumen estrategien aldeko apustua egin da, tartean iturri berriztagarrietatik eratorritako lehengaietatik abiatuz lortutako materialak erabiltzea, hain zuzen ere, bizi-zikloa bukatu ondoren, biodegradatzeko gaitasuna dutenen alde. "Gaur egun, material horiek mundu mailako ekoizpenaren % 1 besterik ez dute hartzen, European Bioplastics elkartearen datuen arabera, baina epe laburrera merkatu segmentu horrek gora egitea espero da; aurreikuspenen arabera, 2017. urtean laukoiztera ere iritsiko da. Zehazki esateko, 2013an bioplastikoen mundu mailako ekoizpena 1,6 milioi tonakoa izan zen, eta 2017. urtean 6,2 milioira iristea espero da, Institute for Bioplastics and Biocomposites erakundearen arabera. Ikerlerro horren barruan, BIOMAT taldea zenbait proiektu garatzen ari da elikagaien ontzietan eta beste sektore batzuetan aplikatzeko, esaterako sendagaien sektorean, elektronikan edota garraioan."
Bioplastikoen industria sektore dinamikoa da eta etengabe hazten ari da, eta, horri esker, material horien salneurriak behera egin du; etorkizun hurbilean ohiko plastikoen pareko prezioa izatea espero da. Alderdi horri esker, elikagaien ontzien sektorean aplikatutako ikerketa material biodegradagarri edota berriztagarrietan oinarritutako ontziak garatzerantz bideratu ahal izan da. UPV/EHUko BIOMAT taldearen ikerlerroetako bat polimero berriztagarrien eta biodegradagarrien nahasketak prestatzea da, propietateak hobetzeko eta materialen kostuak gutxitzeko.
Hala, ikerketa talde horrek ontzi biodegradagarri/konpostagarri berri bat garatu du produktu koipetsuetarako, likido zein solido, nekazaritza eta industriako azpiproduktuetatik abiatuz; hala, lehengaien kontsumo iraunkorrean eta azpiproduktuen balorizazioan ere laguntzen du. Ontzia gardena da eta, aldi berean, argi ultramorerako eta oxigenoa bezalako gasetarako hesi bikaina da. Oro har, geruza anitzeko laminatuak erabili ohi dira gasetarako hesi gisa. BIOMAT taldeak garatutako produktuak, hala ere, geruza bakarra du, eta horrek kostua nabarmen jaistea dakar. Gainera, termikoki zigilatu daiteke, eta inprimagarria da.
Ontzi berri honek hesi gisa jokatzen du elikagaiaren eta kanpoaldearen artean, eta edukiontzi huts izatetik (ontzi pasiboak), eginkizun aktiboa duen ontzi bihurtu da elikagaiaren kalitatea mantentzen, baita hobetzen ere. Ontzi aktibo horren eginbehar nagusia, iragazte fenomenoen kontrolen bitartez, elikagaiaren bizitza baliagarria luzatzea da. "Elikagaiak oxidazio erreakzioengatik hondatzen direnean" azaldu du Guerrero irakasleak, "aintzat hartu behar da erradikal libreek hasitako erreakzio bat dela, oso azkar garatzen dena, eta horrek zaildu egiten du prozesua kontrolatzea. Erreakzio hori atzeratzeko edo galarazteko, hainbat estrategia aplika daitezke, zuzenean oxigenoan edo horrekin erreakzionatzeko gai diren espezietan eragiteko. Lehenengo kasuan, kanpotik gasa sartzea eragotz daiteke, hesi materialak erabiliz; bigarren kasuan, antioxidatzaileak gehitu daitezke, ontzi barruan edo ontzian bertan. Kontsumitzaileek osagai kimiko sintetikorik gabeko produktuak eskatzen dituzte, eta horrek gehigarri naturalak dituzten ontzi aktiboak garatzeko elikagaien industriak duen interesa areagotzea ekarri du."
Esaterako, gazta oso koipetsu, koipetsu edo erdi koipetsuetarako eta gazta zatietarako ontzi aktibo bat ekoitzi du BIOMAT taldeak, agente antioxidatzaile naturalekin. Ontzi horrek produktua baldintza onetan mantentzea luzatzen du, eta horrek eginkizun garrantzitsua du produktuaren kalitatean ez ezik, baita kontsumitu gabe bota beharreko elikagai kopurua gutxitzen ere.
Erreferentzia bibliografikoa:T. Garrido, A. Etxabide, I. Leceta, S. Cabezudo, K. de la Caba, P. Guerrero. (2014). Valorization of soya by-products for sustainable packaging. Journal of Cleaner Production, 64, 228-233.
Iturria:EHUko komunikazio bulegoa: Produktu koipetsuetarako ontzi aktibo eta biodegradagarriak. | science |
zientzia_kaiera-e7e4e40b9af8 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/02/asteon-zientzia-begi-bistan-31/ | Asteon zientzia begi-bistan #31 | unknown | 2014-11-02 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #31
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Asteari hasiera eman genion ikasketa gainbegiratua zer zen ezagutuz. Gorka Azkune informatikariak eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak hainbatetan azaldu digu makinek ikasteko gai direla eta, Amazon bezalako dendek badakitela zer iradoki euren atarira hurbiltzen garenean. Magia badirudi ere, guzti honek azalpena du, makinari adibideak ematen zaizkio adibide horietatik eredu bat ikas dezan. Baina zer du oinarrian prozesu horrek? Erregresio lineala. Zientzia Kaiera blogean: Ikasketa gainbegiratua (I).
Teknologiak aurrera egiten du eta aplikazio berriak hainbat alorretan ikus ditzakegu. Elhuyar aldizkarian Nagore Rementeriak erakusten digu, esaterako, benetako besoen antza handia dituzten beso artifizialak. Medikuntzan teknologiak gaitu dituen beso hauek, adibidez, ukimen naturalaren antzeko sentsazioak dituztela esan daiteke: Beso artifizialak, haragizkotik gertuago.
IK4-IKERLAN zentro teknologikoak Arrowhead proiektu europarrean parte hartzen du. Proiektu honen xedea da egunero erabiltzen diren objektuak Internet bidez elkarrekin konektatzea, enpresek eta kontsumitzaileek energia ahalik eta hoberen erabil dezaten eta baita ere, zerbitzu berriak abian jarri ahal izateko. Egoitz Gagok kontatzen digu Guk Komunikazioaren gunean: Energia aurreztea gauzen Internetari esker.
Neandertalgo gizakiaren sasoian komunikatzeko Internetik ez zegoen, bai, hori bistakoa da. Baina zerbait esan nahian, ondorengoei adierazteko eurak ere hor egon direla ere, adierazpen grafikoak utzi zizkiguten. Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean, ustez neandertalek Gibraltarko Gorhameko kobazuloan utzitako markei buruz hitz egiten digu. Neandertal artea izan daitezkeen seinaleak etorkizunekoentzat.
Amaia Portugal kazetariak ere duela 45.000 urte dituen aztarna bati erreparatzen dio. Siberian bizi zen gizon baten izterrezur bat aurkitu zuten ikertzaileek eta orain horri esker, gizonaren genoma sekuentziatu ahal izan dute. Emaitzen arabera, 'Ust-Ishim-eko gizona' izenarekin bataiatu duten gizaki honen DNAren %2a dator Neandertalgo gizakiarengandik: Gizaki modernoenetan zaharrena.
Ana Galarragak Munduko Osasun Erakundeak egin duen iragarpen bati buruz hitz egiten digu Elhuyar aldizkarian. Izan ere, duela gutxi ebolaren aurkako txertoa 2015erako prest izango dela jakinarazi du. Egun, bi txerto ari dira probatzen pertsona osasuntsuetan eta laster Afrika mendebaldean proba zabalak egiteko moduan egongo direla uste du Osasun Erakundeak.
Eider Cartonek aldiz, Cincinnatiko Haur Ospitaleko Zentro Medikoan giza zelula amekin sortu duten urdail-ereduaren berri ematen digu. Eredua urdaileko gaitzak ikertzeko baliagarria izango da. Elhuyar aldizkarian: Giza zelula amekin sortutako urdail txiki bat. Eta, Egoitz Etxebestek oso gauza interesgarria dakarkigu bertan, ba al dakizue geneak zein ordutan espresatzen diren argitu dutela? Ba bai, Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaileek bost urtez ikertu dute saguen genomaren espresioaren ordutegia eta emaitzen arabera, egunsentia eta ilunabarra baino lehen espresatzen dira gehien geneak, baina gorputzeko organoaren arabera erritmoa desberdina da: Geneen ordutegia.
Eta errepaso honi bukaera emateko Argia aldizkarian Joxerra Aizpuruak dakarkigun gaiarekin esango dizuegu agur. Onddoak biltzen bazoazte gogoratu Lilleko Pasteur Institutuko zuzendari nagusiak esandakoa: onddoetan oinarritutako arma biologiko asko daudela eta hauek gerretan erabiliak izan direla eta erabiltzen direla ere. Onddoak elikagai… eta arma.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-14e39fabea6a | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/11/01/ezjakintasunaren-kartografia-37/ | Ezjakintasunaren kartografia #37 | unknown | 2014-11-01 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #37
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon bertan plazaratu diren artikuluen laburpena.
Kimika ikasi baduzu noizbait, orduan ezaguna egingo zaizu zortzikoteen erregela, batez ere elementuen erreaktibotasuna eta konposatuen egonkortasunari buruz ari bagara. Slawomir Grabowskik erakusten digu Boron and other triel elements as strong Lewis acid centers artikuluan, erregelak, erregelak direla eta, hauek, ez direla legeak salbuespenak dituztelako.
Hiru dimentsioko neurona-hazkuntzarako teknika berri batek, neuroendekapenezko gaixotasunen ikerketan iraultza ekarriko du. Zertan datza teknika berri hau? Raúl Delgadok erantzuten digu Alzheimer's disease: 3D culture system brings hope to drug discovery-n.
Gaztetuko luke gazte baten odolak adineko baten entzefaloa eta haren kognizioa? Hori berori lantzen du Jaime de Juanek: Young blood and old brain rejuvenation.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-14d6ea6c6f87 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/31/mary-whiton-calkins-1892-1930-titulurik-gabeko-doktorea/ | Mary Whiton Calkins (1863-1930): titulurik gabeko doktorea | Uxune Martinez | 2014-10-31 00:00:00 | Mary Whiton Calkins (1863-1930): titulurik gabeko doktorea
Uxune Martinez
Mary Whiton Calkins Connecticuten jaio zen 1863. urtean erdi mailako familia batean. Bost neba-arreben artean zaharrena izan zen eta ama gaixorik izan zutenez denbora luzez, familia zaintzeko ardura izan zuen gaztetatik. Hala ere, aitak, apaiz protestantea, ikastera animatu zuen eta goi-mailako ikasketak egiteaz gain, frantsesa eta alemana ikasi zituen ere. Kultura klasikoa eta filosofia ikasi zituen Massachussetseko Smith Collegen. Collegeak, sasoi hartan, unibertsitateetako ateak itxita zeuzkaten emakumeen goi-mailako hezkuntza emateko zabaldu ziren zentro esperimentalak ziren.
Ikasketak burutu ondoren grekoko irakaslea izateko eskaintza egin zioten emakumeen Wellesley Collegen. Bertan zegoelarik, 1890. urtean, psikologia esperimentalaren inguruan plaza berri bat sortu zen eta hau onartu zuen, psikologia alorrean urte betez formatzeko konpromisoa hartu ondoren. Harvardeko eta Clarkeko unibertsitateak ziren Maryk behar zuenari erantzuten ziotenek: biak laborategi esperimentalak zituzten, baita ere psikologiako graduondokoak eta, horrez gain, etxetik gertu zeuden familiaz arduratzen jarraitzeko. Baina arazo txiki bat zuten bi erakundeok, ez zituzten emakumeak onartzen klaseetan.
Maryk Harvarden sarbidea lortu zuen "programa gehigarria" izeneko bidea erabiliz. Programa hau unibertsitateari modu ofizialean atxikirik gabe zegoen hezkuntza informaleko sistema bat zen. 1879. urtean sortu zuten ikusirik zenbat emakumek bideratzen zuen unibertsitatean ikasteko eskaera. Programa gehigarri honetan Harvardeko irakasleek ikasgeletan ematen zutena errepikatzen zuten, klase pribatuak emanez emakumeei. Irakasleek soldata osatzen zuten honekin eta unibertsitateak emakumeen presentzia saihesten zuen ikasgeletan.
Josiah Royce filosofia eta psikologia irakasleak haren klaseetan Mary Whiton Calkins onartzeaz gain, William James irakaslearekin batera ematen zituen doktorego klaseetara joatera gonbidatu zuen. Baina Harvardeko arduradunek ez zuten onartu halakorik. Wellesley Collegek eta Maryren aitak ere (izen handiko apaiza izan zena) unibertsitateko arduradunek iritziz aldarazteko ahaleginak egin zituzten eta, azkenean, onartu zuten Maryren presentzia modu ez ofizialean "ikasle berezi" bezala. 1890. urtean, urtebetez, Psikologia Fisiologikoko eta Hegeli buruzko mintegietan ikasle izateko baimena eman zioten. Klaseko beste ikasleek, gizonezkoak guztiak, ikasgelara joatea utzi zioten Mary ikaskidea zelako. Honen ondorioz, James irakasleak eta Calkins ikasleak harreman estua garatu zuten. Biak klasean bakarrik egoteak aukera on bat eskaini zion Maryri, William Jamesen lana sakon eta zehatz ezagutzeko parada izan baitzuen.
1891eko amaieran, ikasketak amaitu ondoren, Wellesley Collegera bueltatu zen eta bertan psikologia esperimentaleko lehen laborategia jarri zuen martxan, ikastetxean psikologia zientifikoa barneratuz modu honetan. Oso emakume langilea zen eta aurrera egiteko, ezinbestekoa ikusten zuen gehiago ikastea. 1893. urtean, berriz ere, Harvardeko Unibertsitatean baimena eskatu behar izan zuen Hugo Münsterberg psikologo alemanaren klaseetara joateko. Entzule bezala joateko baimena eman zioten. Hiru urtez egon zen Münsterbergekin lanean laborategian, ikastetxean klaseak ematen zituen bitartean.
1894. urtean Münsterberg irakasleak Harvardeko zuzendaritzari eskutitz bat idatzi zion galdetuz ea aukerarik ote zegoen Mary Whiton Calkins doktorego ikasle bezala onartzeko. Irakasleak aipatzen zuen gutunean Mary laborategiko ikaslerik onena zela, haren argitalpenak doktorego ikasleenak baino askoz hobeagoak zirela eta duda barik, Estatu Batuetako psikologia irakasle onenetarikoa zela. Münsterbergen esanetan "Calkins bezalako doktore bat izatea, ohore bat litzateke Harvardeko Filosofia Sailerako". Erantzuna ezezkoa izan zen. Baina 1895. urteko udaberrian Mary Whiton Calkinsek "An Experimental Research on the Association of Ideas" tesia aurkeztu zuen bere departamentuan eta, araututako tesi defentsa baten ezaugarri guztiak zituen azterketa ez-ofizial bat gainditu zuen tribunal baten aurrean. Tribunalak aho batez goraipatu zuen Calkinsek egindako lana eta bertan inoiz egindako ikerketarik landuena, garatuena eta onena izan omen zela aipatu zuen William James irakasleak.
Harvardek ez zion eman doktore titulua Mary Calkinsi. 1927. urtean Harvarden graduatutako hamahiru psikologo ospetsuek unibertsitateko presidentea zen Abbott Lowelli eskutitz bat bidali zioten Mary W. Calkinsek egindako lana, nazioartean zuen izena eta haren ekarpen ugariak zirela eta doktore titulua eman ziezaiotela eskatuz. Eskakizun haren aurrean honela erantzun zuten Harvardeko arduradunek "ez dago arrazoi nahikorik Mary W. Calkinsi haren doktoregoa aintzatesteko."
Atsekabea gainditu eta ikertzen eta Wellesleyn irakasten jarraitu zuen erretiroa hartu arte. Besteak beste, Maryk pare elkartuen teknika azaldu zuen. Hau da, kolore bizi bat zenbaki batekin elkarlotzen dugunean, zenbakiak hobeto gogoratzen ditugula antzeman zuen Calkinsek. Hainbat artikulu idatzi zituen, lau liburu argitaratu eta psikologian gauzatu zuen ikerketa lau arlotan murgildu zen: asoziazioan, elementu psikikoan, esperientziaren elementuetan eta norberaren edo "self"aren psikologian.
Estatu Batuetako Psikologia Elkarteko (APA) lehen emakume presidentea izan zen 1905. urtean eta doktore titulurik gabe zendu zen 1930. urtean. Harvardeko Unibertsitateak ez zuen onartu bertan emakumeek egindako lana 1963. urtera arte. Orduan aitortu zioten Mary Whiton Calkinsi haren lana, doktorego-tesia eta titulua.
Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da. | science |
zientzia_kaiera-d20863deef38 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/30/seinaleak-etorkizunekoentzat/ | Seinaleak etorkizunekoentzat | Javier San Martín | 2014-10-30 00:00:00 | Seinaleak etorkizunekoentzat
Javier San Martín
Eta hala gertatuko balitz, eta gu bezain adimentsu den espezie batek hartuko baligu tokia planetan, baliteke espezie berri horien zientzialariek aurkikuntza bat egitea: marka simetriko batzuk, lerro paralelo batzuk, beste lerro perpendikular batzuekin gurutzatuta, "hiru lerroan" jolasteko moduko saretxo bat aurkituko lukete, non eta iberiar penintsulako hegoaldeko itsaso ondoan, kobazulo baten gunerik garaieneko gailur estrategiko batean, bi galeriaren erdian, lurretik hainbat zentimetro ateratzen den harri batean. Markak erraz ikusteko eginak lirateke, eta haiei esker, etorkizuneko arraza horretako zientzialariak, ohartuko lirateke haiek ez direla planeta honetan egon diren lehenengo gizakiak.
Egungo gizakiok ere gauza bera egin dugu: Gibraltarko Gorhameko kobazuloan aurkitu ditugun markak tribu baten agurra izan litezke. Kosmosarekin bat egiteko azken saioa, talde hartako indibiduoak desagertzen zihoazela ikusita. Agian Neandertalgo gizakiek egin zituzten ahalegin horiek, "hemen izan nintzen" esan eta desagertu baino lehen bere aztarna batzuk uzteko. Etorkizunekoak garen gizakioi utziko zigun mezua, nori iritsiko zitzaion jakin gabe ere.
Berez, ez dakigu markek zer esan nahi duten, edo zein erabilera ematen zieten, baina edonola, ematen du egileek ahalmena zutela pentsamenduak sinbolikoki irudikatzeko. Gainera, aztarna ederra utzi digute: marrazkiak hurbil daude simetriko izatetik, eta simetria oso gizatiarra da.
Zalantzetan ere ibili gara simetria egungo gizakiona ala beste Neandertalgoena bezalako gizakiena ere ote den. Gorhameko aurkikuntza hau eginda, baiezta genezake Neandertalgo gizakiek bazutela nahiko abstrakzio-ahalmena. Kataluniako Giza Paleontologiako Institutuko Euldad Carbonell zuzendariak kontua laburbildu du "oso garrantzitsua da espezie pribilegiatu bakarra ez garela ohartzea".
Ikerketaren egileek PNASen argitaratutako artikuluan, esan dute hainbat milimetroko lodiera duen grabatu hauek 39.000 bat urte dituztela. Alegia, ezin pentsa dezakegu egungo gizakiek eginak direnik, zeren azken hauek beranduago iritsi baitziren penintsulako alde horretara. Grabatua, alde leun batean kokatua dago, harrizko plataforma natural baten erdialdean. Plataformak metro koadro bat dauka, eta 40 cm-garaiera, kobazuloaren zulotik neurtuta.
Gutxi gorabehera 300 zentimetro koadroko azalera estaltzen du, eta 8 lerro sakonez osatua dago. Badu gurutzamendu patroi bat, nonbait osatu gabea, bi lerroko multzo batek eta hiru lerroko beste multzo batek zeihar zeharkatua. Lerro hauek, laburragoak eta meheagoak dira.
Gaur arte kontserbatu izana, posible izan da bere gainean hainbat sedimentu pilatu direlako, gutxienez 40 cm-ra iritsi arte. Sedimentuek babes-pantaila modura jokatu dute.
Grabatua, IV mailan aurkitu da, eta maila horren datazioak beste ustekabe bat ekarri digu. Radio eta karbono bidezko metodoaren arabera, Neandertalgo gizakien maila hori 38.500-30.500 urteko tartean legoke. Hots, baliteke Gorhameko kobazuloa Neandertalgo gizaki berantiarren biziraupenaren azken txokoa izana penintsularen hegoaldean.
Gauzen esanguraz galdetzea ere bada giza izaeraren osagaietako bat, eta hau ere, suma daiteke grabatu honetan.
Grabatua errepikatzeko ahaleginak egin izan dira, arkeologia esperimentalean oinarrituta. Ondorioz, ikerlariek aurkitu dute lana zehaztasun handiz egina dagoela, hari litikoak forma geometrikoak lortu arte behin eta berriz eta ardura handiz zeharkatuta.
Zientzia Kulturako Kaiereko egile batzuek, hausnarketa egin dute artearen eta zientzien arteko muga betean ibilita. Raúl Ibáñezek, proposatu zigun matematikaren ikuspegitik ere bisitatzea museoak, eta orain dela gutxi, Euskal Herriko Unibertsitateko uda-ikastaro batean, publikoak edertasunari buruz egindako galdera ugariri erantzun behar izan zieten artistek, matematikariek eta olerkariek. Ikastaroa, Matemoción ataleko egilekide den Marta Machok zuzendu zuen.
Gorhameko markak baino askoz ere berriagoa da antzinako Erromaren arkitektura zibila. Aberatsentzat egiten baldin bazen, arkitektura horrek lotura estuak zituen besteak beste simetriarekin.
Jordi Rosell, Rovira i Virgili Unibertsitateko ikerlari eta irakaslea da, gorago aipatutako paleontologia-institutuari atxikia. Rosell jaunak, esan digu taldekideetako batek azpimarratu egin nahi zuela Neandertalgo gizakiek lerrotan eta angelu zuzenetan pentsatzen zutela. "Eta matematikako eskema hori oso esanguratsua da. Ez dakit artea den ala ez, baina edonola, kode bat edo sinbolo bat transmititzen du, denboraz harantzago doan seinale bat".
Rosellek dio oraintxe hasi dela lanaren alderdirik garrantzitsuena, zeren eta orain historiaurreko artean eta sinbologian aditu diren batzuek aztertuko baitute grabatua. "Haiek azterketa zorrotzagoak egingo dituzte eta agian aukera izango dute sinboloaren benetako esangura edo gutxienez berari buruzko datu zehatzagoa erdiesteko. Izan ere, hominido hauei gero eta modernotasun gehiago egozten goaz, eta gurekin gero eta antz gehiago sumatzen diegularik, gero eta ulergaitzagoa bilakatzen ari da beren suntsipena. Hona nire galdera: zergatik haiek eta ez gu?"
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-69fac2c7b7e6 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/29/gizaki-modernoenetan-zaharrena/ | Gizaki modernoenetan zaharrena | Amaia Portugal | 2014-10-29 00:00:00 | Gizaki modernoenetan zaharrena
Amaia Portugal
Duela 45.000 urte Siberian bizitako gizonezko baten genoma sekuentziatu dute Eboluzioaren Antropologiarako Max Planck Institutuan. Bere DNAn neandertalen arrastoak topatu dituzte, eta emaitzek iradokitzen dute norbanako hau bizi baino 7.000-13.000 urte lehenago gertatu zela gurutzaketa beste espeziearekin.
'Ust-Ishim-eko gizona' da jarri dioten izena, mendebaldeko Siberiako herri horretan aurkitu baitzituzten bere arrastoak. Zehazki, ia osorik topatu zuten bere izterrezur bat, eta haren gainean egindako lehen azterketek egiaztatu zuten duela 45.000 urte bizitako gizon bati zegokiola. "Hezurraren morfologiak iradokitzen du gizaki moderno goiztiar bat dela; hau da, lotura du gaur egun bizi diren pertsonen arbaso zuzenak diren populazioekin", azaldu du Bence Violak, pieza aztertu duen antropologoetako batek.
Orain bere DNA sakon ikertu dute Eboluzioaren Antropologiarako Max Planck Institutuan, Svante Pääbo ikertzailearen zuzendaritzapean. Hori horrela, inoiz sekuentziatu den gizaki moderno baten genoma zaharrena bihurtu da izterrezur horren jabe zen pertsona horrena. Hala azaldu dute Nature aldizkarian argitaratu berri duten artikuluan.
Garaia eta kokapena kontuan hartuta, zenbait milaka urte lehenago Afrika utzi eta Eurasian bidea egiten hasia zen giza populazioko kidea zen Ust-Ishim-eko gizona. Berez, genomaren sekuentziazioan lortutako emaitzek erakusten dute gizaki moderno goiztiar hark antzekotasun genetiko handiagoa duela gaur egun Afrikatik kanpo bizi diren pertsonekin afrikarrekin baino. Era berean, ikertzaileek ikusi dute lotura bertsua duela Asia ekialdeko biztanleriarekin zein Harri Aroan Europan bizi izan zirenekin.
Hain zuzen, azken datu horrek iradokitzen duenez, sakabanatu egin ziren eta Eurasiatik mendebalderanzko eta ekialderanzko bide bana hartu zuten bi talde nagusien bereizketa gertutik bizi izan zuten genoma horren jabeak eta bere kideek. Pääbo ikerketa buruaren arabera, "mendebaldeko eta ekialdeko eurasiarrek nork bere bidea hartu baino lehen, edo ia aldi berean, banatu zen agian Ust-Ishim-eko gizonaren populazio taldea".
Izan ere, gizaki moderno goiztiar hau ez da gure arbaso zuzena, gure arbaso zuzenekin harremana izan zuen eta azkenerako desagertu egin zen talde bateko partaidea baizik. Hala, Jean-Jacques Hublin paleoantropologoak eta ikerketa honetako partaideak adierazi bezala, "litekeena da Europa eta erdialdeko Asiako migratzaile goiztiar izan zen populazio bateko parte izatea, gaur egungo biztanleriarengan ondorengorik uzterik izan ez duen populazio batekoa".
Ikerketek diote Neandertalgo gizakia duela 130.000-28.000 urte bizi izan zela Europan eta Ekialde Hurbilean. Gizaki modernoa baino lehenagokokoa den hominido espezie horren azken belaunaldietako batzuk, beraz, Ust-Ishim-eko gizonaren taldekideen garai eta toki bertsuetan bizi izan ziren. Hori horrela, neandertalen eta Siberiako gizaki moderno goiztiar hauen artean harreman genetikorik ba ote dagoen ere ikertu dute Max Planck Institutuan.
Genomaren emaitzek erakutsi dutenez, Ust-Ishim-eko gizonaren DNAren %2a dator Neandertalgo gizakiarengandik. Neandertalen proportzio horixe bera dugu gure genoman gaur egungo europarrok eta ekialdeko asiarrok. Baina badago desberdintasun nagusi bat: gizaki garaikidearekin ez bezala, kasu honetan ez da denboran oso atzera egin behar neandertalen eta gizaki moderno goiztiar horien arteko gurutzaketa unea kokatzeko.
Izan ere, aztertutako genoman identifikatu dituzten neandertal DNA zatiak gaur egungo edozein europarrengan aurkitu daitezkeenak baino nabarmen luzeagoak dira. Horrek esan nahi du gurutzaketa izan zenetik Ust-Ishim-eko gizona jaio zen arte, milaka urte gutxi batzuk besterik ez zirela igaro, denbora gehiago pasa izan balitz DNA zati horiek txikiagoak izango baitziren.
Janet Kelso ikerketa honetako beste partaide batek adierazi bezala, "gure estimazioen arabera, Ust-Ishim-eko gizonaren arbasoak norbanako hau jaio baino 7.000-13.000 urte lehenago nahastu ziren neandertalekin. Duela 50.000-60.000 urte beraz, eta garai horrek bat egiten du gizaki modernoak Afrika eta Ekialde Hurbiletik kanporako hedapen nagusia egin zuen unearekin".
Fu, Q., Li, H., Moorjani, P. et al. (2014). Genome sequence of a 45,000-year-old modern human from western Siberia. Nature, 514, 445-449. DOI:10.1038/nature13810
Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-b1c841ca4785 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/28/ikasketa-gainbegiratua/ | Ikasketa gainbegiratua (I) | Gorka Azkune | 2014-10-28 00:00:00 | Ikasketa gainbegiratua (I)
Gorka Azkune
Ikasketa automatikorako sarrera gisa balio izan zuen artikuluan, ikasketa gainbegiratua aipatu zen. Bertan, makinari adibideak emateari buruz hitz egiten zen, makinak adibide horietatik eredu bat ikas zezan bere kasa. Ondoren, eredu hori erabiliz ikusi gabe zituen adibideak ongi sailkatzeko gai izango litzateke.
Saia gaitezen ordea hitz horietan dagoena askatzen. Lehenik eta behin, esan beharra dago ikasketa gainbegiratuan bi arazo mota aurki daitezkeela: aldagai jarraituak eta aldagai diskretuak. Blog honetan argitaratu zen Amazonek badaki artikuluan jada azaldu zen aldagai jarraituaren arazoa. Ez dugu berriro han esandako guztia errepikatuko. Ez. Artikulu haren amaieran airean utzitakoari helduko diogu oraingoan. Gogoratzen?
"Artikulu honetan ez dugu azaldu parametroak nola ikasten diren. Egia esanda, ikasketa prozesua ez da oso zaila. Deribatuak ulertuz gero, aise uler daiteke parametroak nola ikasten diren. Baina hori, agian, beste baterako utziko dugu."
Iritsi da bada eguna! Gaur azalduko dugu erregresio lineala nola egiten den eta zergatik den ikasketa gainbegiratuaren adibide bat.
Demagun etxebizitza ezberdinen prezioak asma ditzakeen programa bat egin nahi dugula. Prezioa aldagai jarraitu bat da, edozein balio har baitezake: 100.000, 120.000, 120.002, 782.345 eta abar. Beraz, gure arazoa aldagai jarraituen arazoa da argi eta garbi. Aldagai jarraituko arazo bat dugunean, konponbide errazena erregresio lineala erabiltzea da.
Noski, gure programak ezingo du etxebizitzaren prezioa asmatu ez badizkiogu datu batzuk ematen. Ezaguna da etxebizitza baten prezioak aldagai askorekin duela erlazioa: gela kopurua, azalera, kokapena eta urte kopurua, hala nola. Beraz, esan dezakegu, etxebizitzaren prezioa aldagai horien funtzio bat dela.
Har dezagun funtziorik sinpleena: zuzena. Lehen aipatu ditugun aldagaiei x1, x2, x3, x4 eta x5 izenak ematen badizkiegu, gure zuzenaren ekuazioa honokoa litzateke:
prezioa = θ0 + θ1 x1 + θ2 x2 + θ3 x3 + θ4 x4 + θ5 x5
Hor ikusten dituzuen θ horiek, zuzenaren parametroak besterik ez dira, hots, ze malda izango duen eta non moztuko dituen gure ardatzak. Ohartu zaretenez, bost aldagaien funtzio gisa definitu dugunez prezioa, gure zuzena 6 dimentsiotako espazio batean bizi da. Baina horrek ez digu axola. Guk nahi duguna da behin x aldagai guztien balioa dakigunean, zuzen horrek etxebizitzaren prezioa esan diezagun.
Zuzen horren parametroek (θ zenbakiak) guztiz alda dezakete etxebizitzaren prezioa. Beraz, gure programak θ balio horiek behar bezala asmatu behar ditu prezio fidagarri bat emateko. Nola egingo dugu hori? Ikasketa gainbegiratua erabiliz, noski.
Lehenik eta behin, etxebizitza pilo bat bilduko ditugu. Beraien gela kopurua, azalera eta abarren datuak jasoko ditugu. Datu horientzako etxebizitzak duen prezioa ere jarriko dugu. Datu horiek guztiak gure ikasketa programari pasatuko dizkiogu. Ohartu, azken batean, gure 6 dimentsiotako espazio berezi horretan puntuak jartzen ari garela, besterik gabe. Puntu horiek guztiak jartzen ditugunean, erregresio lineala aplikatuko dugu. Hots, puntu horietara ongien gerturatzen den zuzena kalkulatuko dugu.
Baina nola egiten da hori? Dirudiena baino errazagoa da. Sinplifika dezagun arazoa eta gera gaitezen bi dimentsiorekin bakarrik. Demagun etxebizitza baten prezioa bere azalerarekin bakarrik dagoela erlazionatuta. Gure x aldagaia etxebizitzaren azalera da eta y aldagaia berriz etxebizitzaren prezioa. Jar ditzagun grafikoa batean orain arte bildu ahal izan ditugun adibideak, hots, (x, y) bikoteak.
Hor duzue grafikoa. Datuak jarri ditugu 5 azalera balioentzako, 50 eta 250 metro koadroren artean. Orain, puntu horietara gehien gerturatzen den zuzena bilatu nahi dugu. Zuzen horren ekuazioa, y = θ0 + θ1x izango da eta ikasketa fasearen helburua θ zenbakien balio onena topatzea da.
Ikasketa algoritmoaren ideia nahiko sinplea da egia esan. Har ditzagun ausazko balio batzuk θ zenbakientzako eta ondorioz, kalkula dezagun zuzen bat ausazko balio horiekin. Ondoren, kalkula dezagun zuzen horren errorea bildu ditugun datuen aurka. Behin errorea kalkulatuta, aukera ditzagun balio berri batzuk θ zenbakientzako, gure zuzen berriaren errorea aurrekoa baino txikiagoa izan dadin. Eta jarrai dezagun prozesu horrekin errorea txikitu ezin den arte. Lortuko dugun zuzena, bildu ahal izan ditugun azalera-prezio balioetara ongien gerturatzen den zuzena izango da.
Prozesu horren giltzarria errorea minimizatzea da. Baina horretarako errorea nola definitu jakin beharko dugu, ezta? Demagun gure prozesuaren momenturen batean ondoko grafikoan azaltzen den zuzena lortu dugula: Zuzenaren errorea puntuekiko kalkulatzeko, bien arteko distantzia hartuko dugu, hots, (y' – y), non y' zuzenak aurreikusten duen prezioa den azalera batentzako eta y gure adibide puntuak ematen digun prezioa den. Baina errore guztiak positiboak izan daitezen (y' – y)2 hartuko dugu errore baliotzat. Adibide puntu bakoitzaren errore koadratikoa hartu eta adibide kopuruarekin zatituz gero, batez besteko errorea kalkulatuko dugu, eta hori izango da zuzen baten errorea gure adibideekiko.
Ongi da. Baina nola minimiza dezakegu errore hori? Nola aukeratu behar ditugu hurrengo θ balioak? Beste behin, erantzuna matematiketan dago. Ohartu bazarete, gure erroreak karratuak dira. Hau da, zuzen posible guztien erroreak kalkulatuko bagenitu gure adibideen aurka, funtzio koadratiko bat izango genuke. Ikus dezagun hori hobeto beste grafiko batean:
Hemen duzue gure zuzen guztien erroreen itxura, hots, errore balioak θ zenbaki guztientzako. Errorearen itxura horrelakoa izanik, argi dago guk bilatu nahi ditugun θ zenbakiak minimoan daudenak direla. Eta horretarako, lehen esan dugun prozesua jarraituko dugu. Prozesu horri gradiente jaitsiera deitzen zaio eta hurrengo grafikoan irudikatu dugu:
Bertan, puntu beltz gisa irudikatu dugu ausazko gure zuzena, ausazko θ balioekin kalkulatua. Ondoren, batxilergoan ikasi genuen deribatu ospetsua irudikatu dugu. Errorearen funtzioaren deribatuak gure ausazko θ balioetan kalkulatuta, ikusten duzuen zuzen hori ematen du emaitzatzat. Eta zuzen horrek, noranzko bat erakusten digu gainera. Kasu honetan, aldapa behera nola joan adierazten digu. Bada deribatuaren informazio hori erabilita, badakigu ze noranzko hartu behar dugun minimora gerturatzeko. Hori baliatuz, θ balio berriak kalkulatzen ditugu (irudian "Puntu berria") eta berriro prozesua errepikatzen dugu errorea txikitu ezin den arte. Modu horretan, gure datuetara ongien gerturatzen den zuzena ikasi dugu. Eta zuzen horrek, edozein azalera baliorentzako prezio balio bat kalkulatuko digu.
Ikusi berri dugun adibideak ikasketa prozesua modu sinple eta argi batean erakusteko balio izan digu. Dena dela, kontu egin azaldu ditugun kontzeptuak askoz arazo konplexuagoetara aplikatu daitezkeela. Adibidez, gure zuzenek nahi adina dimentsio izan ditzakete, hau da, prezioa aldagai askoren funtzioa izan daiteke. Bestalde, ez dugu ikasketa zuzenetara bakarrik mugatu beharrik. Erlazio ez-linealak ere ikas daitezke. Esaterako, prezioaren kalkuluan garrantzitsuak diren aldagaiak elkarrekin biderkatu ditzakegu eta aldagai konposatuak sortu. Modu horretara, gure ikasketa funtzioak edozein kurba ikas dezake (edozein erlazio aldagaien eta prezioen artean).
Erregresio lineala nahiko sinplea den arren, hainbat arazo praktikorentzako erabili izan da. Hala nola, epidemiologian, finantza eta ekonomiaren munduan, ingurugiro zientzietan eta Amazon bezalako dendetan erabiltzaileei produktuak aholkatzeko.
Sarrera honen asmoa ez zen ordea aplikazio eta detaile konplexu horietan sartzea. Ikasketa gainbegiratuaren ideia zabaldu nahi zen, adibide sinple batekin. Azken batean, irakurlea ohar dadin batxilergoan ikasitako oinarrizko matematikekin ordenagailu bat ikasten jarri dezakeela.
Egileaz: Gorka Azkune (@gazkune) informatikaria da eta DeustoTech-eko ikertzailea. | science |
zientzia_kaiera-3db8e66b974a | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/27/elikadura-eta-ariketa-zahartze-osasuntsuaren-oinarri/ | Elikadura eta ariketa, zahartze osasuntsuaren oinarri | unknown | 2014-10-27 00:00:00 | Elikadura eta ariketa, zahartze osasuntsuaren oinarri
Elikadura eta ariketa fisikoa bezalako bizi-ohiturak adineko pertsona autonomoen osasun adierazleekin lotuta daude. Izan ere, zahartze osasuntsua izaten lagun dezakete. Hori da aztertu duena, erizaina eta UPV/EHUko ikertzailea den, Ana Belén Frailek haren doktorego-tesian: " Elikaduraren eta jarduera fisikoaren eragina adineko pertsona autonomoen osasun eta oxidazio-estres parametroetan".
Zahartzaro osasuntsu baten ezaugarriak antzemateko asmoz, Ana Belén Fraile erizainak Gipuzkoako Donostialdea eskualdean bizi diren eta, batez beste, 70,3 urte dituzten ehun pertsona autonomoren (65 emakume eta 35 gizon) ezaugarriak aztertu zituen. Probak 2010 eta 2011 bitartean egin ziren: balorazio antropometrikoa (adina, altuera, pisua, gorputzeko masaren indizea), odolaren analisia (glukosa, kolesterola, oxidazio-estresa), arterietako tentsioa hartzea, elikadurari eta elikagaien kontsumoari buruzko galdetegia eta bost egunetan jarraian egindako ariketa fisikoaren neurketa objektiboa egin zituen azelerometro baten bidez.
Matia Institutu Gerontologikoaren laguntzarekin egin zen ikerketa. Helburua elikadurak eta ariketa fisikoak arteria-presioarekin, balio antropometrikoekin, odoleko parametro orokorrekin eta oxidazio-estresari dagozkionekin (giharren gainbehera gutxiagotzen eta zelulen zahartzea gelditzen laguntzen duten jarduera entzimatiko antioxidatzaileekin lotuta dago) duten lotura zehaztea izan da. Agertu diren loturak desberdinak dira adineko pertsonen generoaren arabera. Hau da, pertsonen generoaren arabera ariketa fisikoak eta elikadurak eragin desberdina dute.
Tesian adierazitakoaren arabera, emakumeen kasuan ariketa fisiko nahikoa egiteak eta gizonen kasuan pixka bat egiteak arteria-presioa hobeto kontrolatzen laguntzen du. Era berean, emakumezkoen taldean, ariketa fisikoaren intentsitatea eta maiztasuna handitzea parametro antropometriko baxuagoak izatearekin lotuta dago (gorputzeko masaren indizea esaterako), eta baita profil gluzemiko (azukre maila) eta lipidiko (kolesterol eta triglizerido maila) hobeekin ere. Horrek arrisku kardiobaskular gutxiago dutela eta antioxidatzaile endogeno gehiago dituztela esan nahi du. Gizonen kasuan, ariketa fisiko gehiago egitea parametro antropometriko hobeak izatearekin eta zelula-mintza gutxiago kaltetzearekin lotzen da. Ariketa fisikoa indartsua denean, profil lipidiko hobearekin lotzen da.
Elikadurari dagokionez, elikagai batzuk gizentasunarekin, antioxidatzaileen tasarekin eta arrisku kardiobaskularrarekin lotzen duten datuak aurkitu dira. Emakumeen kasuan, fruitu lehor gehiago jateak parametro antropometrikoak hobetzea (pisua eta gorputzeko masa esaterako), arteria-presioa jaistea eta arrisku kardiobaskularra gutxiagotzea dakartza. Talde beraren kasuan, barazki eta fruta freskoak, esnekiak eta arrautzak jateak profil lipidiko hobea izatea dakar. Gizonen kasuan, esneki, produktu findu, izozki eta haragi gantzatsu gehiago jateak odolean azukre, kolesterol eta triglizerido maila handiagoa izatea dakar. Oro har, gantz gabeko haragia edo haragi gantzatsua jatea gizentasunarekin lotutako parametroekin erlazionatzen da, eta produktu finduen eta gozokien kontsumoa arteria-presioaren balioak handitzearekin, batez ere sistolikoa edo tentsio altua. | science |
zientzia_kaiera-70a9c510817b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/26/asteon-zientzia-begi-bistan-30/ | Asteon zientzia begi-bistan #30 | unknown | 2014-10-26 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #30
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Egun ikertzaileek, guretzako ere ezagunak diren, tresna teknologikoak dituzte lanerako erreminta bezala. Besteak beste, ordenagailuak. Konputazioak eredu handiak simulatzen laguntzen du, egoerak irudikatzen eta baita ere, datu kopuru erraldoien analisiak burutzen. Baina ordenagailu bat erabiltzeak ez du esan nahi makian dena eginda ematen dizunik. Koldo Garcia biologo konputazionala da, ordenagailuekin lan egiten du eta kezka bat agertuz Edonola blogean azaltzen digu ordenagailuekin lan egitea ez dela klik soil bat egitea: Klik egitea bezain erreza balitz…
Ezin dugu ukatu teknologiak erraztu egin digutela bizitza baina dena ez da hain sinplea eta erraza. Honek baditu ere bere alde ilunak. Iker Tubia kazetariak Berrian erreparatzen dio gaiari. Izan ere, kotxeek, igogailuek, robotek…, teknologiak oro har erosotasuna ekarri digu baina sedentarismoa ere. Eta ez da ez nolanahiko kontua. Izan ere, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) dioenez, urtean 5,3 milioi lagun hiltzen dira sedentarismoaren erruz: Erosotasunetik altxatu beharra.
Teknologiarekin jarraituko dugu baina atzera begiratuz. Nagore Irazustabarrenak Argia aldizkarian historiako lehen itsaspekoa aurkezten digu, Cornelius Drebbel (1572-1633) asmatzaile herberehetarrak egindakoa. Itsaspekoa Tamesis ibaian probatu omen zuten 1620. urtean edo 1621ean baina Britainiar Armadak ez zion gailuari erabilera militarrik aurkitu eta ahaztuta gelditu zen hiru mende beranduago arte: Itsaspekoak ez omen zuen etorkizunik.
Eta aurrerapausoekin jarraituz, aste honetan oso teknologikoak izan gara sarean, Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian dakarkigun teleskopio berri bati jarriko diogu arreta: Zelula barruko jarduera 3Dn eta denbora errealean ikusteko mikroskopio berri bat. Gailu berri hau eskala txikian gertatzen diren prozesu biologikoak ikusteko gai da. Mikroskopio optiko honek enbrioi baten hasierako garapena edota banakako proteinen mugimendua jaso ditzake denbora errealean eta 3Dn.
Mikroskopio optiko batekin eskala txikiko prozesuak ezagutzeko aukera badugu, agian horrelako bat erabili beharko dugu ere oso gauza txikiak existitzen direla ikusteko: hitz ñimiñoak. Itziar Laka hizkuntzalariak Zientzia Kaiera blogean eman digu gizakiontzat ikusezinak diren hitz honen berri. Hizkuntza guztietan daude, hitz potoloen ondoan doaz toki propiorik ez balukete bezala. Ez, hau, nor, gabe, da, dut, nau bezalako hitzak dira, gure hizkuntza eta gramatika eraikitzen dute baina ez ditugu ikusten. Zergatik ote? Hitz ñimiñoen kasu harrigarria.
Duela hamar urte Indonesiako Flores uhartean ordura arte ezagutzen ez zen giza espezie berri baten aztarnak aurkitu zituztela jakinarazi zuen ikerketa-talde batek Nature aldizkarian. Espezi berria Homo floresiensis izenarekin bataiatu zuten, eta asteon Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian hamar urte pasa ondoren ezin izan dutela argitu, lehenengo hominidoen antza ei duen, espezi honen jatorria aurkitu: Hamar urte, eta oraindik ez da argitu Homo floresiensis-en misterioa.
Homo floresiensis-en jatorria, ez da ikertzaileei ihes egin dien gauza bakarra. Amaia Portugal kazetariak hiesari ihes egiten diotenei begira jarri gaitu Zientzia Kaiera blogean. Kontua da, pertsona batzuk berez daudela babestuta GIBetik. Ondorioz, infektatuta dagoen inorekin arrisku praktikak izanda ere, ez dira inoiz kutsatzen. Eta ikertzaileek jakin nahi dute zerk egiten dituen immune etorkizunean hiesaren birusaren aurkako txerto bat garatzeko.
Karbono-nitrogeno ratioa da Jon Ander Galarraga biologoak Konpostazank! blogean asteon jorratu duen gaia. Zer da eta zertarako balio du karbono-nitrogeno ratioak? Konpost-gailuko elementu kimiko garrantzitsuak dira biak: karbonoak energia ematen duen azukreen zati baita eta nitrogenoa, beharrezkoa da bizidunen proteinak eraikitzeko.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-965b9c308214 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/25/ezjakintasunaren-kartografia-36/ | Ezjakintasunaren kartografia #36 | unknown | 2014-10-25 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #36
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon bertan plazaratu diren artikuluen laburpena.
Ingurumen-inpaktu handia duen jarduera da nekazaritza. Inpaktu hau minimizatzeko modu bat da, landareek ongarrietatik hartzen duten nitrogenoaren efizientzia handitzea. Honen inguruan hainbat estrategia daude martxan, euren artean, landareetan nitrogenoa garraiatzen duten mekanismoen erregulazioarena. Daniel Marinok azaltzen digu Can a Nitrate Transporter help to reduce the contamination associated to excessive fertilization in agriculture?-n.
Ezin da ukatu haustura hidraulikoa (fracking) petrolioaren negozioa aldatzen ari dela (bere zentzu zabalenean), eta, baita geopolitika ere. Baina kezkagarriak diren zenbakiak egon badaude. Eta bestela, galde diezaiotela Jones: the trembling town-eko biztanleriari. Horra hor Maialen Ruiz Pradak dakarkigun gaia.
Nora arte du sexuak eragina biologiako ikerketa zientifiko batean? Ez soilik espezimenen sexuak baizik eta ikertzaileenak. Eta ez gabiltza laborategietan dauden kuotei buruz, baizik eta ikerketetan lortzen diren emaitzetan duen eraginari buruz. Daniel Morenok jorratzen du gaia Do you take sex into account? artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-b9bf8804e29e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/24/zientzialari-15-miren-basaras/ | Zientzialari (15) – Miren Basaras | 2014-10-24 00:00:00 | Zientzialari (15) – Miren Basaras
Zientzialari 15 – Miren Basaras from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo.
Zer da birus bat? Nola sartzen dira gure organismora eta zein da gure osasunean duten eragina? Miren Basaras Mikrobiologiako irakaslea da UPV/EHUn eta galdera hauei erantzun digu. Giza papiloma birusa ikertzen du, eta beraz honen arriskuei buruz ere hitz egin digu. Eta noski, ebolari buruz ere galdetu diogu. Bere erantzunak ezagutu nahi badituzu, ikus ezazu bideoa.
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure jarraitzaileen artean. | science |
|
zientzia_kaiera-20843b9472c7 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/23/fukushimako-tximeletak/ | Fukushimako tximeletak | Antonio Cantó | 2014-10-23 00:00:00 | Fukushimako tximeletak
Antonio Cantó
Lehenengo eta behin, ondo zehaztu behar dugu aztergaia [1]. Dosi handien efektuak nahiko ondo aztertuta daude, tartean horretarako begi bistako arrazoiak daudelarik: badakigu noraino frijitzen gaituen erradiazioak, nola gertatzen den kaltea, eta bai kalte hori nola arindu daitekeen ere. Istripuek, erasoek eta proba nuklearrek informazio handia eskaini digute honetaz, eta bereziki gizakiei eragiten zaienaz. Herrialde batzuek, eskarmentu handia daukate energia atomikoarekin eta zentraletan izandako despisteekin eta ospitaleak ere badituzte tankera honetako zaurituak tratatzeko.
Baina ez da ohikoa hain erradiazio dosi handiak pairatzea. Gehienetan, istripu handi baten barruan egondakoak eramaten dituzte horrelako erietxeetara: industria nuklearreko langileak, suhiltzaileak, soldaduak eta abarrekoak. Adibidez, Moscuko 6. Klinikak ospe handia hartu zuen Txernobilgo eri larrienak tratatu ostean. Hiritarrek oso dosi handia jasan zuten Hiroshiman eta Nagasakin, baina eraso nuklearrik gertatu ezean, hiritarrek ez ohi dute pairatzen maila horretako dosirik. Populazioa urrun samar egoten da istripu-tokitik, eta berehala ebakuatzen dute. Prípiak hiru kilometrora dago Txernobiltik, eta bertako biztanleek ere ez zuten pairatu erreakzio-sindrome akutua. Ez, jakina, istripura bertara joan ez zirenek, edo asko kutsatu zirenekin zuzeneko kontaktuan egon ez zirenek behintzat.
Eraso nuklearrik ezean, arriskua ez da erradiazio dosi handi horien kasuan bezalakoa, zeren eta azken hauetan zaurituak berehala eramaten dituzte toki isolatuetara edo zuzenean berun eta hormigoizko hilobietara; kasurik onenean hezur-medula transplantatzen diete. Teknikoki askoz ere korapilatsuagoa da erradiazio-dosiak txikiak direnean eta erradiazioak urrunera iristen direnean. Grayren hirurena nahiko erradiazio handia da, baina maila horretatik behera, analisi klinikoetan [2] nekez sumatzen da berehalako ondorio nabarmenik. Aldean dosimetro bat ez badaramazu ez zu, ez zure medikua, ez zarete ohartuko ordu betean zehar ere erradiazioa jasan duzula. 30 roentgens jasaten badituzu, Geiger kontagailua erotu egingo da.
Era berean, janariak edo edariak ez dakar ondorio nabarmenik, baldin eta erradiazio kantitate handiak ez badira; azken kasu hauetan, pozoitze kimikoa eragiten da, ez erradiaktiboa. Esate baterako, Alexandr Litvinenko hiltzeko erabili zuten polonio-210 ospetsuak, ez zion heriotza eragin erradiazioagatik, hidrogeno zianuroa baina 10.000 aldiz pozoitsua izateagatik baizik [3]. Honelakoetan, osasun arazoak ez dira hain erraz detektatzen, eta gerta daiteke askotan, ezkutuko arrazoi larrien sintomak izatea ere. Adibidez, ez dago bat ere garbi Txernobilgo hiritarren osasun txarra istripuari zor zaion, ala bestela ongizate mailaren jaitsierari. Izan ere, lehenago ebakuatu egin behar izan zituzten, eta ostean, Sobietar Batasunak gainbehera jasan zuen: ziur aski hiritar hauen eta beren ondorengoen osasunaren aurkako eragile garrantzitsuak izango ziren miseria, antsietatea, herri-osasunaren sistemaren desagerpena, gizarte-arazoak eta arazo psikologikoak, deserrotzea eta bazterketa, alkoholismoa eta bestelako gaitzak. Azken batean hona galdera nagusia: norainoko erradiazioa jasan daiteke kalterik pairatu gabe?
Eztabaida honetan, erantzunak lotuta doaz energia nuklearraren aurrean gertatzen diren aldeko edo aurkako jarrerekin: Athletic-Erreal derbyetan bezala, egia esan. Jarrera horien arabera, hainbat eredu aldarrikatzen dira: atalasedun eredu lineala, ataleserik gabeko eredu lineala, eredu koadratikoa, eta hormesi-eredua.
Atalaserik gabeko ereduaren arabera, edozein erradiazio-igoerak kaltea dakarkio gizakiari, era proportzional batean. Alegia, erradiazio-igoerak txarrak dira beti ere. Atalasedun ereduaren barruan, atalase jakin batetik gora eragiten dira kalteak, baina ez maila horretatik behera. Eredu koadratikoan, aldarrikatzen da erradiazio-xurgapenaren igoerak kalte egingo duela, baina dosi apaletan kaltea proportzionalki txikiagoa izango dela atalaserik gabeko ereduan iragartzen dena baino. Hormesi-ereduari jarraiki[4], [5], erradiazio-dosi txikiek on egiten diete gizakiei, eta kalteak maila batetik gora baizik ez dira eragiten. Ez dago esan beharrik energia nuklearraren aurka daudenek atalaserik gabeko ereduari eusten diotela. Energia nuklearraren alde daudenek (eta bainuetxe erradiaktiboen jabeek), hormesia aldarrikatzen dute. Oro har, nazioarteko erakundeek atalaserik gabeko eredu lineala erabiltzen dute, gero etor litezkeen salaketak saihesteko. Berez, ez dago inongo adostasunik batzuen eta besteen artean. Atalaserik gabeko ereduak itxura ona dauka, baina baditu bere desabantailak: istripu nuklearra egon ostean, inor ez da ausartzen zonalde hori bere onera itzuliko dela esaten. Horrela, ebakuatutako jendeak ez dauka bere antzinako bizitzara itzultzerik, eta hori oso larria da berez. Fukushimako pinpilinpauxak etorriko ote zaizkigu laguntza ematera?
Okinawan saio erraza egin zuten: Zizzeria maha espezieko larbak hartu eta ondo elikatu zituzten bertako landareak erabilita. Landareak, Fukushima-1 zentraletik hainbat distantziatara hartu ziren, eta horretaz gain, kontrol-taldekoei, kutsatu gabeko landareak eman zitzaizkien. Landareak istripua gertatu zenetik urtebetera hartu ziren, erradiazioa nabarmen apalagoa zelarik.
Gune hauetan bildu ziren landareak: Okinawa, istripu gunetik 1.760 km-ra, 0.05 mikrosiever/ordu-ko erradiaktibitatea lurrean; Atami, Tokiotik Hego Mendebaldera, 311 km-ra, 0.07 μSv/o; Musashino, Tokio aldea, 196 km-ra, 0.12 μSv/o; Kashiwa (Txibako prefektura, 196 km, 0,47 μSv/o); Fukushimako bi prefektura: Koriyama (61 km, 1,13 μSv/h) eta Motomiya (59 km, 1,42 μSv/h.).
Idazten ari naizen une honetan, Espainian 0.07-0.19 μSv/h tartean dago erradiazio naturala. Saio horretan, zesio-134/zesio-137 jarduera naturala zen Okinawan (0.18 becquerelio/kg-koa) baina 161 Bq/kg-ra iristen zen Motomiyan: 900 aldiz handiagoa. Azpimarratu beharrekoa da gehien jota 59 km-ra hurbildu zirela zentralera, eta beraz beti ere ebakuazio-zonaldeetatik kanpo ibili zirela. Aipaturiko balio hauek "oso apalak" direla onartu ohi da, eta berez, Europar Batasunak elikagaiak inportatzeko ezarritako mugen barruan daude [6], [7].
Lehenengo belaunaldian, larbek askoz ere heriotza eta deformazio tasa handiagoa jasan zuten, orri kutsatuak jan ostean. Okinawako elikagaiak garbitzat jo daitezke (0.18 Bq/Kg Cs-134/136, 0.06 mBq jaten zituzten animaliek), eta hurrenez hurren %8.05 eta %8.25 izan ziren bertako heriotza tasa eta deformazio tasa. Tasa ohikoa da animalia hauetan. Atamin (2.53 Bq/kgm 0.88mBq) tasa zertxobait handiagoa da (%9.1) bai heriotzetan, bai eta deformazioetan ere. Are handiagoak dira zenbakiak Musashinon (Tokio aldean 6.38 Bq/kg, 2.23 mBq): %13 bi tasetan. Kashiwan (Chiba 47.57 Bq/kg, 16.6 MBq) %16.4 balioa lortu zen heriotzetan zein deformazioetan. %53 eta %54.2 balioak lortu ziren Koriyaman (Fukushima, 117.2 Bq/kg, 40.9 mBq): erdia baino gehiago.
Alegia, tasa hauek gora egin zuten kutsadura erradiaktiboak gora egiten zuen lehenengo unetik bertatik, eta ez da nabaritzen ez atalaserik, ez eta inongo hormasirik ere: Motomyan %31.2, 59 km-ra, eta Koriyaman %53 61 km-ra. Hau da, azpimarratzekoa dugu zentraletik hurbilago egonda, heriotza eta deformazio tasa txikiagoak gertatu zirela.
Ikerlari talde honek, aurretik egina zuen beste ikerketa bat, 2011.urtean istripua gertatu eta handik gutxira [8]. Hona grafikoa eta datuak:
Egia da tasek gora egiten dutela erradiazioak gora egiten duenean, baina ez da "linealtasun" argirik nabaritzen. Besteak beste, Iitate mendiek istripua gertatu osteko garaian 43.5 Bq/kg-koa pairatu zutelarik ere heriotza tasa apalagoa jasan zuten, Koruyaman (117 Bq/kg) istriputik urtebetera zutena baino. Baliteke dena dela tximeletaren aldaera genetiko batzuek erradiazioari hobe eustea.
Hurrengo belaunaldian, onik atera ziren tximeleten larbak hartu zituzten, hiru talde egiteko: Okinawa (orri garbiak) eta Fukushima prefekturako Koriyama eta Motomiya (orri zikinak). Janari garbia izan zutenek %16.5 eta %18.8 tasak erakutsi zituzten. Koriyamakoek %10.2 eta %15.6 balioak izan zituzten. Motomiyakoak izan ziren kaltetuenak: %22.8 eta %22.9.
Bi belaunaldietan janari kutsatua izan zutenek oso ondorio txarrak jasan zituzten: %78.8-%99.2 tarteko heriotza tasa eta %87.9-%99.2 tarteko deformazioak, gainontzeko kasuak baino askoz ere handiagoak. Alegia, erradiazioak hornidura genetikoan eragindako kalteak heredatzen ditu nolabait belaunaldi berriak. "Kalteak belaunaldiz belaunaldi igarotzen dira, baina nola edo hala arindu daitezke, berriz ere janari kutsagabea emanez. Horrela ba, ondoriozta daiteke aldaketa batzuk ez direla genetikoak, fisiologikoak baizik".
Zer esanik ez, tximeletak eta gizakiak ez dira berdinak, eta gainera ez da ohikoa gizaki batek bere haurtzaro guztia elikagai erreaktiboaz eten gabe jaten ematea. Linealak ez diren datuek, iradoki digute eragile asko daudela tartean, eta oraindik ere aztergai asko daudela. Hala ere, oso kontuan hartzekoak dira orain arte lortutako zehaztapenak.
[1] Nohara, c; Taira, W; Hiyama, A.; Tanahara, A.; Takatsuji, T.; Otaki, J. M.: "Ingestion of radioactively contaminated diets for two generations in the pale grass blue butterfly."BMC Evolutionary Biology, 14:193, 2014ko irailaren 23. DOI: 10.1186/s12862-014-0193-0.
[2]Centers for Disease Control and Prevention: "Acute Radiation Syndrome: A Fact Sheet for Clinicians."CDC, Atlanta, EEUU. Última actualización: 2014ko abuztuaren 21.
[3] Ansoborlo, E.: "Poisonous polonium."Nature – Chemistry 6, 454 (2014ko apirilaren 22.) DOI: 10.1038/nchem.1928.
[4] Pinto, M.: "Radiation risk assessment." Hospital Cantonal de Aarau (Suiza), Radiation Protection Course for Radiation Oncology Residents (2013).
[5] Tubiana, M. et al: "The Linear No-Threshold relationship is inconsistent with radiation biologic and experimental data."Radiology, abril 2009; 251(1): 13–22. DOI: 10.1148/radiol.2511080671.
[6] Comisión Europea: "Questions and Answers: Safety of food products imported from Japan." MEMO 11/215, 2011ko apirilaren 1.
[7] Regulación del Consejo (EURATOM) nº 2218/89 1989ko uztailaren 18.
[8] Hiyama, A.; Nohara, C.; Kinjo, S.; Taira, W.; Gima, S; Tanahara, A.; Otaki, J. M.: "The biological impacts of the Fukushima nuclear accident on the pale grass blue butterfly."Scientific Reports 2:570 (2012ko abuztuaren 9.) DOI: 10.1038/srep00570
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-7c85aaae12ad | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/22/hiesari-ihes-egiten-diotenei-begira/ | Hiesari ihes egiten diotenei begira | Amaia Portugal | 2014-10-22 00:00:00 | Hiesari ihes egiten diotenei begira
Amaia Portugal
Ikerkuntzari dagokionez, askotan gauzak ez dira ordenan egiten. Sarritan, atzekoz aurrera ikertzea egokitzen da: jatorritik hasi eta hortik gora egin beharrean, gertaera bat egokitzen da parez pare, eta haren atzean zer dagoen behatu behar izaten da.
Hiesa eragiten duen giza immunoeskasiaren birusa (GIB) eta haren inguruko ikerketa da horren adibide. Hona hemen gertaera: pertsona batzuk berez daude babestuta GIBetik, eta infektatuta dagoen inorekin arrisku praktikak izanda ere, ez dira inoiz kutsatzen. Eta galdera: zerk egiten ditu immune? Galdera horri erantzutea izan daiteke gakoa, etorkizunean hiesaren birusaren aurkako txerto bat garatzeko. Bide horretan aurrera pauso bat eman berri dute Bartzelonako IrsiCaixa institutuan, Journal of Infectious Diseases aldizkarian argitaratu duten artikulu batean azaldu dutenez.
Kutsatzen ez diren pertsona horiek HESN (Highly Exposed Sero Negative) izenez dira ezagunak ikertzaileen artean. Sexualki aktiboak diren populazioaren talde batzuetan prebalentzia handia du GIBak, eta hain zuzen ere talde horietako kide diren, kutsatzeko arriskua dakarten praktikatzat jotzen direnak egiten dituzten eta hala ere infektatzen ez diren pertsonak dira HESN delakoak.
Horietako batzuk hartu dituzte ikergai IrsiCaixa institutuko kideek, eta teknika berri bat garatu dute, GIBari aurka egiteko duten ustezko babesaren seinaleak detektatzeko. Teknika berri horretan dago gakoa. Izan ere, lehenago ere aztertu izan dira HESN taldeko kideak, baina aurrez baliatutako teknikekin, orain arte ikertzaileak ez dira gai izan immunitate sistemaren GIBaren aurkako erantzunak hain modu zehatzean identifikatzeko. Marta Ruiz-Riol artikuluaren egile nagusiak azaldu bezala, "saiakera berri hau garatzeko, kontuan izan dugu GIBaren aldakortasun genetiko handia, bai eta balizko erantzun immunitarioei dagokienez dagoen aukera zabala".
Orain arteko lanean baliatu duten lagina txikia da. Izan ere, ezin da inor hiesa garatzeko arriskuan jarri besterik gabe ikerketa bat egiteko. Horrenbestez, lehendik ere eta arrazoi pertsonalak medio, bere burua kutsatzeko arriskua dakarten praktikatan kokatzen duten pertsonekin aritu behar izan dute soilik. Ez da erraza, beraz, lagin zabal bat osatzea. Horregatik, orain arteko datuak ez dira aski seinaleak ondo identifikatu dituztela ziurtzat jotzeko; jende gehiago ikertuta berretsi beharko lukete hori.
Hala ere, badaude lortutako emaitza horiek bide onetik doazela pentsarazten duten zantzuak. Izan ere, datuok bat egiten dute RV144 izeneko txertoak emandakoekin. Tailandian egindako entsegu batean aplikatutako txerto esperimental bat da hori; orain arte GIBari aurre egiteko garatu diren prebentzio txerto guztien artean, atariko emaitza onenak eman dituena. Bada, immunitate sistemaren erreakzio espezifikoei dagokienez, IrsiCaixan egindako ikerketak bat egiten du neurri batean RV144arekin egindako entseguak erakutsitakoarekin.
Ikerketa ildoa benetan bide onetik doala egiaztatuz gero, bildutako informazioa oso garrantzitsua izan daiteke etorkizunean prebentzio txerto eraginkorrak diseinatzeko, bai eta GIBaren aurkako immunitatearen inguruko ezagutza areagotzeko ere. "Azterketa berri honetako aurrerapenek inplikazio handia izan dezakete GIBaren aurkako prebentzio txerto baten garapenean", adierazi du Christian Brander IrsiCaixako ikertzaileak eta lan honen koordinatzaileak.
Marta Ruiz-Riol et al. (2014) Alternative effector-function profiling identifies broad HIV-specific T-cell responses in highly HIV-exposed individuals who remain ininfected. Journal of Infectious Diseases. doi: 10.1093/infdis/jiu534
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-766beb2ffc98 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/21/hitz-niminoen-kasu-harrigarria/ | Hitz ñimiñoen kasu harrigarria | Itziar Laka | 2014-10-21 00:00:00 | Hitz ñimiñoen kasu harrigarria
Itziar Laka
Irakurtzen jarraitu aurretik, esan itzazu zazpi bat hitz ozenki.
Zein izan dira zazpi hitz horiek? Postura egingo nuke izenak, adjektiboak eta beharbada aditz izenen bat esan dituzula. Honelako zerbait: etxea, liburua, mahaia, gorria, jan, edan, ogia. Izan ere, hitzetan pentsatzeko eskatzen digutenean gogora ekartzen ditugun hitzak horrelakoak izan ohi dira, inork ez du honelako zerrenda bat egiten: ez, hau, nor, gabe, da, dut, nau. Baina hitz ñimiño ahaztu hauek eraikitzen dute gure hizkuntza, gure gramatika. Gaurkoan, hitz ñimiñoen kasu harrigarria ekarri nahi dizuet gogora. Sekula ahantzi behar ez ditugun hitz ñimiño guztiz funtsezkoak.
Hasi gaitezen jolas txiki batekin: hemen duzun ingelesezko testua ahalik azkarren irakurri, eta esan ezazu zenbat 'f' letra dauden hor:
Zenbat daude? (Eman ezazu erantzun hau tranparik egin gabe, hau da, goiko hitzak berriz irakurri gabe). Ingelesdun gehienek ez dute hiru 'f' baino gehiago ikusten, batzuek lau ikusten dituzte, baina oso gutxik antzematen dituzte testu horretan ageri diren SEI 'f' letrak. Zergatik? Ez dutelako hiru aldiz errepikatzen den of hitz ñimiñoaren 'f' letra ikusten, hara. Zuen ingeles maila altua bada, litekeena da zuek ere hiruzpalau 'f' baino ikusi ez izana, baina zuen maila baxua bada, litekeena da diren seiak ikustea, zuentzat hitz guztiak maila berean daudelako, denak arrotz.
Ikus ezazu orain hitz-diagrama eder hau:
Hitz dentsitate-diagrama honek Wikipedia osoan agertzen diren ingelesezko hitzen maiztasunak ageri dizkigu, hitzaren tamaina maiztasunaren araberakoa da. Baina diagrama honek ez du egia osoa islatzen. Izan ere, hemen mintzagai darabiltzagun hitz ñimiñoak nahita baztertuta egin da. Ikus dezagun zer itxura duen hitz dentsitate-diagrama berberak, Wikipedian agertzen diren ingelesezko hitz guztiak sartzen ditugunean, hitz potoloak eta hitz ñimiñoak, denak elkarrekin:
Guztiz bestelakoa, behin hitz ñimiño ahaztuak kontuan izanik. Horra, ingelesez maizen erabiltzen diren hitzak. Ez dago izen bat, ez adjektibo bat, ez eta aditz izen bat ere. Baina eskumatara, horiz, gorago aipatu dugun of ñimiñoa ageri da, erraldoi eginik. Hemen ingelesaren datuekin erakutsi dudan hau hizkuntza guztietan gertatzen da. Gizakion hizkuntzaren ezaugarri bat da hau, ez hizkuntza jakin batzuena soilik.
Izan ere, gizaki guztiok ikasten dugu hitz ñimiñoak erabiltzen, baina ez dago gizakia ez den organismo bat ere hitz ñimiñoak antzemateko gai denik. Gizakiok jaio orduko hasten gara hitz ñimiñoak bilatzen, erabiltzen, ulertzen. Animalia batzuek, ikas dezakete (egoera oso berezietan, baina ikas dezakete) gure hizkuntzak dituen hitz potolo gutxi batzuk bada ere bereizten, haien esanahia nolabait antzematen. Literatura zientifikoan erakusten denez, txinpantzeak gai dira, gizakien artean hazi baldin badira, hitz potolo batzuk bereizteko. Era bertsuan, artzain txakurrek hitz mordoak bereizten dituzte, baina denak hitz potoloak. Loroen artean ere badakigu sikiera batek, Alex izena zuen loro ezagunak, bazekiela hainbat hitz (potolo) bereizten. Baina hauetarik denetatik batek ere ez zuen sekula ikasi da bezalako hitzik erabiltzen, izan ere gure ume txiki batek urtea bete baino lehen ikasi ohi duen hitza.
Hitz ñimiñoek sortzen dute gramatika, hizkuntzaren egitura. Hitz ñimiñoak hain dira ñimiño, batzuetan hitz potoloei itsatsita idazten ditugu, orrian beren leku propioa izateko adina mailarik ez balute legez. Horregatik, hizkuntza batean hitz bezala banatuta idazten dena, ondokoan lotuta ager daiteke:
Adibide hauetan, euskarazko perpausak lau hitz ortografiko ditu, gaztelaniazkoak sei. Klara izena bietan ageri da, baina euskaraz atzizki bezala itsatsita ageri dena (ren), gaztelaniaz banaturik ageri da (de). Hitz ñimiñoak hain dira ñimiño, batzuetan hitz potoloari itsatsita ezkutatu egiten dira. Hitz ñimiñoak laburrak izan ohi dira, azenturik gabeak, inoiz isilak izatera hel daitezke (baina hori beste egun batean kontatuko dugu).
Hizkuntza-patologia ezagun bat bada, agramatismo izenekoa. Gaixotasunaren izenak berak dioenez, gramatikarik gabe gelditzen gara afasia mota honek jotzen bagaitu. Agramatismoa pairatzen duen pertsona batek ezin ditu hitz ñimiñoak ikusi, antzeman, erabili. Hitz ñimiñoei itsu gelditu da, hitz potoloak baino ez ditu sumatzen, eta hitz potoloak bakarrik erabilita, kontuak asko aldatzen dira. Har itzazu ondoko irudi bi horiek:
Eta orain irakur itzazu perpaus hauek:
Zein irudi dagokio perpaus bakoitzak adierazten duen egoerari? Ez da ariketa zaila, ezta? Ezkerreko irudiarekin doaz (2a,b) perpausak, eta (2c,d) perpausak, ordea, ezkerrekoarekin doaz. Denak gatoz bat, eta ez da zaila.
Baina agramatismoa duen gaixo batek ez ditu kontuak hain erraz ikusten.
Galdera bera egiten badiogu, zailtasun handiz erantzungo du, eta ziurrenik, emango digun erantzuna hau izango da (nahiz bestelakoak ere eman ditzakeen, eta ez hitzetan, hitz egitea asko kostatuko baitzaio, erantzuna atzamarrarekin eman diezaguke, adibidez): ezkerreko irudiarekin doaz (2a,d), eskuinekoarekin (2b,c).
Agramatismoa jota dagoenak ez daki zein den perpausen arteko aldea. Ez ditu hitz ñimiñoak ikusten eta ezin jakin nork ikusten duen nor…
Hitz ñimiñoek eusten diote hizkuntzaren egiturari, eta horiek egon ezean, ez dago egiturarik. Giza hizkuntzak badu diseinu orokor bat, hitz ñimiñoak hitz potoloekin tartekatzekoa. Ikusi adibidez ondoko esapide bi hauek:
Bai gaztelaniaz zein euskaraz, beltzatuak ditugun hitz ñimiñoak (Ñ) beste hitz potoloekin (P) tartekatzen dira. Hizkuntza batzuetan, hala nola gaztelaniaz, osagai bakoitzeko Ñ+P sekuentziak sortzen dira [el+chico], eta beste batzuetan, hala nola euskaraz, P+Ñ sekuentziak [mutil+a]. Lehenengo aukera egiten duten hizkuntzei VO deritze, eta bigarrena egiten dutenei OV. Ezagutzen ditugun hizkuntzetan, gutxi gorabehera erdiak lehenengo aukera egiten du eta beste erdiak bigarrena, mapa honetan ikus daitekeenez:
Itziar Laka (@laka_itziar) Hizkuntzalaritzako katedraduna da EHUn, UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikerketa-taldearen zuzendaria eta Jakiundeko kidea. | science |
zientzia_kaiera-24254a899d6d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/20/mikrosendagaiak-alzheimerra-eta-parkinsona-tratatzeko-botika-berriak/ | Mikrosendagaiak, alzheimerra eta parkinsona tratatzeko botika berriak | unknown | 2014-10-20 00:00:00 | Mikrosendagaiak, alzheimerra eta parkinsona tratatzeko botika berriak
Alzheimerraren eta Parkinsonaren gaixotasunek neuronei eragiten diete: neuronek berezko egitura eta funtzioa galtzen dute, eta, horren ondorioz, pazientearen funtzio motor, kognitibo, sentsorial eta emozionalek kalteak jasaten dituzte. UPV/EHUko Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Sailean lanean dabilen Enara Herran ikertzaileak, alzheimerraren eta parkinsonaren aurkako tratamenduak emateko modua hobetzen dihardu.
Alzheimerra eta parkinsona tratatzeko erabiltzen diren ohiko botikek, kasu askotan, sintomak arintzea besterik ez dute lortzen, gaixotasunaren jatorrian eragin gabe. Botika hauek normalean pilulak izaten dira, eta ahotik hartzen dira. Ez dira horiek alzheimerrari eta parkinsonari aurre egiteko erabiltzen diren botika bakarrak. Badira neuronen galera eragozten eta berriak sortzen laguntzen duten sendagaiak, nanopartikulez osatuta dauden kapsularatutako botikak.
Neuronen galera eragozten eta berriak sortzen laguntzen duten sendagaia hauek ez dira hainbeste erabiltzen. Enara Herran ikertzaileak dioenez "ez baitago haiek emateko modu erraz eta segururik". Neuronetara iristeko botikek hesi hematoentzefalikoa igaro behar dute, eta hori ez da batere erraza. Herranek arazo hori gainditzea bilatzen du haren ikerketarekin. "Hazkuntza-faktoreak eraginkortasun eta segurtasun handiz eman ahal izateko, kapsularatu egiten ditugu. Hau da, mikro eta nanokapsuletan sartzen ditugu, eta garunean ezarriko genituzke, kraniotomia baten bitartez. Horrela, eragin behar duten lekuan bertan joango lirateke askatzen botikak, modu iraunkorrean eta dosi egokian", esplikatu du Herranek.
Mikro eta nanopartikula horiek 2-3 hilabetetik urte batera egoten dira hazkuntza-faktoreak askatzen, polimeroa degradatu egiten den arte; horri esker, gaixoak ez du egunero hartu behar botika. Hala ere, alde handiena ez da hori, baizik eta kapsularatutako botikak askoz ere eraginkorrak direla ahotik hartu ohi direnak baino. Hori ikusi dute, behintzat, saguekin eta arratoiekin egin dituzten esperimentuetan. Hain zuzen ere, Herranek gogorarazi duenez, "Bi gaixotasun horiek osasun publikoaren arazo larri bihurtu dira, eta komunitate zientifikoa ahalegin handia egiten ari da tratamendu berriak aurkitzeko eta aurrera eramateko".
Herranek azaldu duenez, animaliekin egindako esperimentuetan bi faktore probatu dituzte –vascular endothelial grouth factor (VEGF) eta glial cell-line derived neurotrophic factor (GDNF)-, polimero biobateragarri eta biodegradagarri baten barruan kapsularatuta -poly (lactic co-glycolllic acid) (PLGA). "Zenbait kapsularatze-teknikaren bidez, mikro eta nanopartikulak egin genituen. Lehenengo, parkinsonarekin probatu genuen; hasieran, zelula-kulturetan, eta, gero, arratoietan. Eta bietan izan genituen emaitza onak". Partikulekin tratatutako arratoiek hobekuntza handia erakutsi zutela nabarmendu du Herranek: "Alde handia nabari zitzaien portaeran zein kaltetutako eremuen osatzean, kontrol-taldekoekin alderatuta".
Bigarren pausoan, alzheimerrarekin egin zuen proba, saguetan, eta kasu horretan ere emaitzak onak izan zirela baieztatu du Herranek: "Tratamendua jaso eta hiru hilabetera, tratatutako saguek oroimen ona zuten, sagu osasuntsuenen parekoa. Azterketa histologikoan frogatu genuen alzheimerrean garatzen diren beta-amiloide plakak asko murriztu zirela, hantura apaldu eta angiogenesia areagotu".
Esperimentu horien emaitzak eta ondorioak aldizkari espezializatuetan argitaratu dituzte, tartean, Journal of Controlled Release aldizkari ospetsuan. Eta horixe izan da orobat Herranen doktorego-tesiaren gaia. Baina ikerketa ez da amaitu; Herranek aurreratu duenez, orain "formulazio hobeak" lortzeko ikertzen ari da, mikro eta nanopartikulak garunean ezarrik beharrik ez izateko. Azken helburua argia da: parkinsona eta alzheimerra tratatzeko bide eraginkorrena, seguruena eta egokiena garatzea.
Enara Herranek, Farmazian doktoreak "Faktore angiogenikoak eta neurotrofikoak askatzen dituzten mikro eta nanopartikulak, neuroendekapenezko gaixotasunen tratamendurako tresna terapeutiko gisa" izeneko tesia egin du, UPV/EHUren Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Saileko Rosa María Hernández katedradunaren eta Manoli Igartua doktorearen zuzendaritzapean. Tesia, UPV/EHUren Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Sailean egin badu ere, atal handi bat Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko Ikerketa Zentroko Neurozientzia Laborategian egin du. | science |
zientzia_kaiera-814c91bc5167 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/19/asteon-zientzia-begi-bistan-29/ | Asteon zientzia begi-bistan #29 | unknown | 2014-10-19 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #29
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
San Diegoko Scripps Ozeanografia Erakundeak sateliteek bildutako datuek erabiliz itsas hondoko maparen edizio berri bat argitaratu du. Aurrekoak 20 urte zituen jada eta orain kaleratu berri duten bertsio honetan ezagutzen ez ziren milaka urpeko mendien eta itzalitako sumendien datuak bildu dituzte. Alaitz Ochoa de Eribek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Itsas hondoaren mapa berria.
Mapetatik errezeta-liburu berezi batera hurbilduko gara Koldo Garciarekin. Asteon gure biologo dibulgatzaileak Edonola blogean kontatzen digu molekula mota ezberdinen artean informazio genetikoa nola pasatzen den. Batzuetan ez errezeta bat hitzez-hitz jarraitzen eta aldaketaren bat egiten dugu. Ondorioz, errezeta beretik gauza ezberdinak lortzea posible da. Berdin gertatzen da genetikan eta gene batekin proteina pixka bat ezberdinak egin daitezke: Gauza bat da esatea eta beste bat egitea (II)
Igor Leturia informatikaria eta ikertzailea da eta doktorego-tesia defendatu berri du. Ikerketa hasi zuenean weba euskarazko corpusak sortzeko iturri egokia izan zitekeen aztertzen hasi zen. Corpusak idatzizko hizkuntzaren erreferentziazko laginak dira; testuen eta hitzen bilduma erraldoiak. Ikerketa burutu ondoren Igorrek frogatu du posible dela weba zuzenean kontsultatzea euskarazko corpus bat balitz bezala. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Weba euskarazko corpus gisa baliatzeko tresnak garatu ditu EHUko eta Elhuyarko ikertzaile-talde batek.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaltzen digu bost ikerketa-taldek egindako aurreikuspenen arabera, ikatzaren ordez gas naturala erabiltzea, beste neurririk hartu gabe, ez dela izango eraginkorra berotze globalari aurre egiteko. Hau da, gas naturalaren hedapenak ez du onurarik eragingo klima-aldaketan, energia berriztagarrien aldeko politikak ezarri ezean. Datuak Ikatza gas naturalarekin ordezkatzea ez da nahikoa klima-aldaketa moteltzeko artikuluan.
Zientzia Kaiera blogean, besteak beste, bi zientzialarien lekukotasunak jaso dituzte: Peru S. Gamarrak fisikaria eta idazlea den Juan José Gómez Cadenas aurkezten digu. CSICeko ikertzailea da eta bertan Fisika Korpuskularreko Institutua zuzentzen du: Juan José Gómez Cadenas: "Hobeto pentsatzeko idazten dut". Bestalde, Uxune Martinezek Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronikako Institutu Nazionalean, Astrofisika Saileko burua den Itziar Aretxaga astrofisikariarekin izandako solasaldia dakarkigu: Itziar Aretxaga: nondik gatozen eta nora goazen jakin nahi duen astrofisikaria.
Eta elkarrizketekin jarraituz, Unibertsitatea.net atarian ere ikertzaile gazte baten lanari arreta jarri diote. Manex Agirrezabal EHUko IXA ikerketa-taldeko kidearekin egon dira. Informatikaria da eta berak hizkuntza teknologiek bertsolaritzan izan dezaketen ekarpena ezagutzera eman digu: Manex Agirrezabal: "Konputagailuek bertsoak modu naturalean sortzea lortuko dute".
Edorta Arana Euskal filologian lizentziatua da. Ofizioa itzultzailea da eta gastronomiako kazetaria afizioz. Ofizioa eta afizioa batuz landu duen argitalpen baten berri ematen digu Argia aldizkariak: 4.000 hitzez osatuta dagoen elikadura hiztegia, hain zuzen ere: 'Elikadura hiztegia' ondu du Edorta Agirrek.
Zientzia Kaiera blogean Javier San Martín kazetariak kultura guztietan presente egon den nahi bat agertu digu asteon, hilezkortasuna. Eta horretarako, momifikazioaren sorrera eta garapena ikertzen dabilen Jana Jones ikertzaile australiarraren ikerketa aurkezten digu: Hilezkortasunaren baltsamoa. Amaia Porgutalek aldiz, 1954ko irailaren 29an sortu zen Ikerketa Nuklearrerako Europar Erakundeak, CERN, 60 urte bete dituela eta laborategi erraldoi honen historia eta lorpenak hurbiltzen dizkigu: CERN, hirurogei urte unibertsoa xehatzen.
Herman Sörgel arkitekto alemaniarrak, 1920ko hamarkadaren amaieran, Europa eta Afrika fisikoki batzeko proiektua prestatu zuen. Bai, ondo irakurri duzue, kontinente biak elkartzeko egitasmoa zen hura eta Nagore Irazustabarrenak, atzera begiratuz, Argia aldizkariko denboraren makinan istorio bitxi hau dakarkigu: Atlantropa: Afrika eta Europa josita. Bitxia bada aurreko istorioa Joxerra Aizpuruak galdera interesgarri bat luzatzen digu: Zotina arriskutsua al da? Zein izango litzateke zuen erantzuna? Ba ez, ez da arriskutsua zotina garunak esofagoa defendatzeko bidalitako seinalea da. Gehienetan urdailean azidotasun handia dugunean sortzen dena.
Errepasoa amaitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria eta biologoa den Jon Zulaikarekin egon da Edu Lartzanguren kazetaria eta landare babestuei buruz hitz egin dute. Izan ere, Jaizkibel mendian badaude interes bereziko landare ezezagunak. Hauek zeintzuk diren azaltzen digu Berrian: Landare haragijaleak eta Euskal Herri tropikala.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-05bcbb1cb79b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/18/ezjakintasunaren-kartografia-35/ | Ezjakintasunaren kartografia #35 | unknown | 2014-10-18 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #35
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon bertan plazaratu diren artikuluen laburpena.
Ondo baino hobeto ezagutzen dugu zerk eragiten dituen azaleko minbizi gehienak: eguzkitan jarriz jasotzen dugun izpi ultramoreen esposizioak. Ohiko aitzakia da, beltzaran egoteak itxura osasuntsuagoa eta ederragoa ematen digula. Baina azken hau, zerbait kulturala da, besterik ez. Eta eguzkitan jartzearen joera adikzioa bat besterik ez balitz? Hauxe da Guzmán Sánchezek lantzen duena Is sunbathing addictive?-n.
1959. urtean Martin Gardnerrek birformulatutako arazo zahar bat da hau: bere galdera zen, ea posible litzatekeen sei zigarro jartzea bakoitzak beste guztiak ukitzeko moduan. Gardnerren irakurleek zazpi ere jar zitezkeela erakutsi zioten, matematikariaren harridurarako. Baina, zazpi horiek infinituak balirateke? Gaia David Ordenek hurreratzen digu: How many mutually touching cylinders can be arranged in 3D?
Lagunduko luke baliabideen banaketaren efizientzia hobetzen, uraren kudeaketan merkatu egiturak sartuko bagenituzke? José Luis Ferreirak aztertzen du aukera hori Markets for water artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-29ac55eb9d5e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/17/itziar-aretxaga-nondik-gatozen-eta-nora-goazen-jakin-nahi-duen-astrofisikaria/ | Itziar Aretxaga: nondik gatozen eta nora goazen jakin nahi duen astrofisikaria | Uxune Martinez | 2014-10-17 00:00:00 | Itziar Aretxaga: nondik gatozen eta nora goazen jakin nahi duen astrofisikaria
Uxune Martinez
Itziar Aretxagak unibertsoaren sekretuak ezagutzeko asmoz ikasi zuen astrofisika. Bilbon jaio zen eta umetan argi izan zuen zientzialaria izan nahi zuela. Fisika ikasten hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta lehen hiru urteak bertan egin eta gero, Madrilera joan zen ikasketak amaitu eta astronomian espezializatzeko. Irakasle lanetan ere ibili izana da baina bere ibilbidea ikerketara lotua dago. Cambridgeko Unibertsitatean eta Alemaniako Max Planck Astrofisikarako Institutuan egon ondoren, 1998tik aurrera Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronikako Institutu Nazionalean ari da lanean eta egun, bertako Astrofisika Saileko burua da.
38 ikertzaile, tesia egiten ari diren 50 bekadun eta 27 teknikariz osatutako lantaldea gidatzen du. Egunean zehar hamar ordu baino gehiago lan egiten duela aitortzen du. Baina egiten duen lanarekin disfrutatzen du. Uhin milimetrikoetarako doituta dagoen munduko irrati-teleskopio handiena du lanerako tresna, Mexikoko Sierra Negra (Tlitepetl) sumendiaren gainean dagoen Teleskopio Milimetriko Handia. 4.600 metroko altueran dago kokatua teleskopioa eta Itziar Aretxagak, besteak beste, galaxia berriak antzemateko erabiltzen du. Jada 1.000 galaxia inguru deskubritu ditu eta zerura begira egoten den arren, oinak lurrean dituen emakume bizia da Itziar Aretxaga.
2014ko irailean Espainiako Astronomia Elkarteak Teruelen antolatu zuen XI. Jardunaldi Zientifikoetara etorri zen eta ondoren, etxean egun batzuk pasatu zituen. Hala ere, ez zen geldirik egon. Besteak beste, Berrizko BHI Institutuko ikasleei Unibertsoaren handitasunak txiki-txikiak egiten gaituela azaltzera hurbildu zen eta berarekin elkartu ginen, hitzaldia eman aurretik, haren lanaz hitz egiteko.
Unibertsitatean sartu nintzanean ez nuen oso argi astrofisika ikasiko nuela. Umetan, zientzietatik denak nituen gustukoak baina fisika batez ere. Bazegoen Carl Saganen programa famatu hau, Cosmos, eta horren eraginez gustatzen zitzaidan astrofisika. Baina interesgarria egiten zitzaidan ere, materia nola zegoen osatuta jakitea edota fisika nuklearra bera. Leioan hasi nintzenean ikasten, orduan ikusi nuen fisikako lerroetatik astrofisika zela gehiago interesatzen zitzaidana eta Madrilera joan nintzen lizentziatura amaitzera, bertan baitzegoen astrofisikako espezialitatea.
Mundu handiarenak eta mundu txikiarenak betidanik atentzio handia eman dit eta nondik gatozen eta nora goazen galderari hurbiltzeko eta erantzun bat emateko, astrofisika tresna hoberena iruditu zitzaidan.
Tesiarekin hasi nintzen galaxien nukleoei buruz ikertzen. Nukleo batzuetan oso prozesu aktiboak ematen dira eta prozesu horietan argi asko igortzen da, beraz prozesu horiek ikertzen hasi nintzen tesia egiterakoan.
Galaxia aktiboak deitzen direnak ikertu nituen. Hauek esplikatzen dira zulo beltzen inguruan sortzen diren prozesuei esker baina nik beste aukera bat ikertu nuen: ea zulo beltz erraldoi horien inguruan dauden izarrek sor ditzaketen horrelako argi distira eta argi aldaketak. Egindako lanean ikusi genuen aldaketa ikusgai eta infragorriak, hau da, orduan behatzen ziren argi aldaketa horiek, posible zirela supernoben bidez esplikatzea. Antzeman genuen oso posible zela izarretan gertatzen ziren prozesuek azaltzea ikusten genituen argi aldaketak.
Gure esparruan oso garrantzitsua da espezializazioa, horretarako kanpoko unibertsitateetan edo ikerketa zentroetan lan egitea oso garrantzitsua da eta Cambridgeko Unibertsitatera joan nintzan eta bertan eman nituen hiru urte neure ikerketa lerroa sakontzen eta beste ildo batzuk ere jorratzen. Bertan, quasarrak ikertu nituen. Hauek ezagutzen ditugun astrorik distiratsuenak dira eta quasarrak eta haien galaxiak ikertzen ibili nintzen.
Ordutik aurrera inoiz ez naiz bueltatu Euskal Herrira lan egitera. Atzerrian izan ditut aukera zabalenak eta kanpoan gelditu izan naiz lanean. Cambridgetik Max Planck Institutura joan nintzan lanera. Bertan ikerketa lerroarekin jarraitu nuen, nire espezializazioarekin jarraitu nuen, eta quasarrekin eta galaxiekin jarraitu nuen, baina galaxien sorrerarekin zerikusia zuten gaiekin hasi nintzen lanean.
Galaxien bilaketak nola egin zitezkeen ikertzen hasi nintzen eta murgildu nintzen baita ere supernoben buruzko lerroan. Izan ere, supernoben inguruan gauza asko zeuden ikertzeke. Adibidez, zenbat energia bota zezaketen gehienez jota edota ze argi aldaketa izan zezaketen denbora luzean.
Teknologia beharrezkoa dugu baina argitu nahi dut guk geuk eragiten dugula teknologia berria, guk garatzen dugula teknologia ikertu nahi dugun hori aztertzeko. Teleskopio berri bakoitzak izaten du barnean salto teknologiko bat bere oinarrian, ikerketa urrunago eramateko. Teknologia beharrezkoa da gure lanean, nahi dugun hori ikertzeko, pausu bat gehiago emateko ikerketan. Honen baitan, gure zentroan teknologia berria garatzen ari gara. Oraindik guztiz bukatu gabe dagoena, prezisio handiko teleskopio handiena sortzen ari gara, oso-oso urrun dauden galaxiak aurkitu ahal izateko, besteak beste.
Teleskopiorik handiena izanik, oso urrun dauden galaxiak aurkitzeko ahalmena izango du baldin eta galaxia horietan hauts kosmikoa badago. Zeren bere gaitasun bat da uhin milimetrikoak erregistratzea eta uhin horiek igortzen dituzte oso hotz dauden materialek. Hau da, izarren jaiotzan sortzen diren guneetan hautsez inguratuak dauden material horiek.
Nik zuzenean ez dut inoiz nabarmen sumatu. Mexikon lortu dut ikerkuntzarako errekonozimendu-mailarik altuena eta ni neu ezin naiz kexatu, baina egon badaude hainbat ikerlan emakumeen ibilbide profesionalaren inguruan gertatzen direnak jasotzen dituztenak. Nik idatzi izan dut honetaz baita ere. Gure arloan, gehienok ez dugu horrelako arazo larririk sumatu izan gure ibilbidea jorratzeko, baina gero zenbakiak ikusten dituzunean eta estatistikak aztertuz nabaritzen da arazoak badaudela. Zeren, zientzialari gazteen artean, hasierako une horretan, emakume asko izaten dira baina behin karguetan gorantz eginez gero, katedradunen artean zenbat emakume dauden ikustera joanez gero, emaitzak ematen dizu oso gutxi daudela. Mexikoko datuak ere bat datoz egoera orokorrarekin eta edozein jakintza-arlo aztertzen delarik ere, errekonozimendu handieneko karguetan emakume gutxi daude.
Gure zentroa, Mexiko barruan, puntakoenen artean dago. Gure parekoak diren astrofisikako beste bi sail daude Mexikon, biak Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan. Baina nazioarte mailan aurrera egitea dugu helburu. Teleskopio handietan gure sozioak diren Floridako Unibertsitatearekin, Kanarian dagoen Institutu Astrofisikoarekin eta Massachusettseko Unibertsitatearekin batera egotea nahi dugu etorkizunean, hurrengo hamar edo hamabost urteetan. Horretarako ahaleginak egiten ari gara, horietako bat teknologia berrian inbertitzea da. Hori dela eta ari gara eraikitzen Teleskopio Milimetriko Handia, ikerketa ona eta aurrerakoia egiteko. Talde bezala, gehienok ikerketa ona egitea dugu helburu, egindakoa jakinarazi aldizkarietan beste ikertzaile batzuk erabili dezaten gure lana euren ikerketan.
Bertan aurkeztu dut oraintxe bertan Teleskopio Milimetriko Handiarekin egiten ari garen mapa berri bat. Oraindik ez dugu bukatu baina jadanik aurkitu ditugu zenbait galaxia oso-oso interesgarri eta horri buruz hitz egin dut kongresu honetan.
Teleskopio honekin sakonago joan gaitezke eta duen diametro handiari esker, bereizmen handiagoa du. Horrekin ikus ditzakegu galaxiak hobeto, lehengoarekin konparatuta. Orduan gai izan gara zenbait galaxia berri aurkitzeko. Baina oraindik zalantzatan gaude, ea horietako batzuk oso-oso urrun egonik, urrunenak topatu ote ditugun edo galaxia normalagoak diren. Hau da, ea hain urrun ez dauden galaxiak diren baina horietan ezohizko hauts oso hotza dagoen. Beraz, ez dugu guztia antzematea lortu eta aurkitutakoak bi aukera horietatik zeini dagokien ikertzen ari gara.
Neurri fisikoan badakigu zein txikiak garen. Baina hortaz jabetzea, neurria antzematea, agian ez. Niri hitzaldi hau ematea asko gustatzen zait, testuinguruan jartzen laguntzen digulako. Izan ere, gure problemak handiak dira guretzako baina konturatzen garenean Unibertsoa zein handia den eta gu zein txikiak, umiltasun ikasgai bat jasotzen dugula dirudi. Eta ondorioz, gure arazoak, egunerokoak testuinguruan jartzen laguntzen digu.
Unibertsoa zein handia den ezagutzeak zein txikiak garen ikustera garamatza eta horrek umilak izaten laguntzen digu. Alde batetik, txiki-txikiak gara baina beste alde batetik, handiak, hori guztia deskubritzeko gai izan delako gure gizartea. Eta hortaz ere, harro egon behar dugu.
Eskerrak eman nahi dizkiet elkarrizketa hau posible egin duten Mikel Ortiz de Etxebarria (@eztabai) irakasleari. Berak eman zidan Itziar Aretxaga Institutura joango zenaren berri eta zentroko ateak zabaldu zizkidan. Eskerrik asko ere Berriz BHIko irakasleei, eskainitako arretagatik. Eta nola ez, Itziar Aretxaga (@ItziMex) astrofisikariari bera ezagutzeko aukera emateagatik. Mila esker guztioi!
Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da. | science |
zientzia_kaiera-a2f060abf2b0 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/16/hilezkortasunaren-baltsamoa/ | Hilezkortasunaren baltsamoa | Javier San Martín | 2014-10-16 00:00:00 | Hilezkortasunaren baltsamoa
Javier San Martín
Mitologiako istorio guztiek erakusten dituzte ezaugarri berberak, greziarren eta egiptoarren arteko desberdintasunak nabari badira ere. Osiris eta Isisen istorioa, ederra da oso, baina gainera, badaramatza bere barruan drama eta bekaitza, odol bereko bikoteak, misterioa eta magia. Gainera, mito honek, ederki irudikatzen du bizitza nola gailentzen zaion heriotzari, eta Egiptoko kosmogonia osoaren oinarria da.
Esan beharrekoa da istorio honek ondo biltzen duela gizakiok betidanik izan dugun "harantzagoko" nahia, egunerokoaz eta eskuragarria denaz bestaldera joan nahia, Lurreko botere guztien aurkako borroka.
Osiris baltsamatua, gainera, eredu bilakatuko zen geroagoko hileta-zeremonia guztietarako; hilezkortasuna gertukoengan gauzatzeko itxaropena izan zen horretan eragile.
PLOS ONE aldizkarian argitaratu dira berriki egin izan den arkeologiako ikerkuntza baten emaitzak. Emaitza hauek egiaztatzen badira, esan genezake berariazko momifikazioen hasiera ez zela gertatu Egiptoko garaian, historiaurrean baizik.
Jana Jones dioenaren arabera, orain arte inork ez du momifikazioa hain goiz kokatzeko zantzurik aurkitu. Alegia, orain arte inork ez du esan gorpuen bilgarriek zituzten osagai organikoek lagundu zezaketenik momifikazioan, ez eta agian momifikatze jarduerak Kristo aurreko bostgarren milurtekoan hasi zirenik.
Jones momifikazioaren sorreraz eta garapenaz lanean ari da Macquarieko Unibertsitateko Antzinako Historia Sailean. Berarentzat harrigarria da benetako momifikatzea bilakatu zen zientzia enpirikoaren oinarriak jadanik garai horretan azaltzea. Izan ere, tribu-gizarte bat zen hura, idazkera sortu baino 1.000 urte lehenagokoa.
Orain arte, onartua zegoen ehun bigunen kontserbazioa prozesu naturalek eragiten zutela Kristo aurreko 2.500 urte lehenagoko garai horretan, hau da antzinako erresumaren garaian. Berdin uste zen prozesu natural horiek, lurperatzeko tokien baldintza onei esker gertatuko zela, ez berariaz eragindako prozesu fisiko-kimiko korapilatsu batzuei esker. Horrela, uste izan da erdialdeko erresuma iritsi arte (2000-1600 K.A.) ez zirela erretxina kontserbagarriak erabiltzen hasi.
Jonesen ikerketak barne hartu ditu erretxinak (zentzu zabalean ulertuak), gorpuen lihozko bilgarriak, Neolitiko berantiarreko hainbat aztarnategi eta dinastien aurreko garaia, 4500-3350 K.A. tartean datatuak. Izan ere, pentsatu izan da erretxina horiek izan zirela hasiera batean gorpuak kontserbatzeko osagai nagusia. Geroago, lehorgarri modura natrona erabiltzen hasiko ziren.
Berez, hainbat substantzia prozedura konplexuetan erabili zituzten, baltsamatzeko errezeta bati jarraiki. Jonesek dio hori guztia "aurretik uste zena baino gutxienez mila urte lehenago erabili zela; geroagoko baltsamagarriak 3000 urte beranduago datatu dira, faraonen epearen gailurrean".
Zientzialariek, egiaztatu dute osagai hauek bakterioen aurka jokatzen dutela eta horregatik kontserbatzen direla barneko ehun leunak; horrela, ondorioztatu dute hasierako momifikatze saioei dagozkiela aztarna hauek. Geroago hain ezaguna den momifikatze prozesua garatuko zuten.
Harantzagoko joan nahi hau, ia gizakia bera bezain zaharra da. Hala ere, tartean badira zalantzak, zeren eta aurkikuntza bakarra baita, eta beraz ez da antzekorik egiaztatu bestelako kasuetan. Atapuercako zuzendariek, uste dute Excalibur dela orain arte ezagutzen den portaera sinboliko zaharrena: aho biko kuartzita gorrikoa, Sima de los Huesos izenekoan 4500 giza fosilekin aurkitua eta 500.00 bat urtekoa.
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-1bf8d264383b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/15/cern-hirurogei-urte-unibertsoa-xehatzen/ | CERN, hirurogei urte unibertsoa xehatzen | Amaia Portugal | 2014-10-15 00:00:00 | CERN, hirurogei urte unibertsoa xehatzen
Amaia Portugal
Partikulen fisikarako munduko laborategi handiena hain da erraldoia, ezen mugaz gaindikoa baita. Izan ere, CERNek egoitza Genevan duen arren, haren korridore luzeetan atzera eta aurrera dabiltzan ikertzaileak maiz sartzen dira Suitzaren ertzean dauden Frantziako lurretan, ia oharkabean. Baina geografikoki ez ezik, zentzu guztietan da mugaz gaindikoa: 100 herrialde baino gehiagotako 10.000 zientzialaritik gora aritzen dira bertan lanean. Hastapenetan, zaila izango zen gaur egungo aniztasun eta elkar ulertze hori irudikatzea. Izan ere, Bigarren Mundu Gerrako txikizioak oso presente zirela sortu zen proiektu hau, oraindik europarrek elkarri mesfidati begiratzen zioten garaian. Hirurogei urte bete ditu orain.
Zehazki, 1954ko irailaren 29an sortu zen ofizialki CERN, haren fundatzaile izan ziren Europako hamabi estatuek (Belgika, Danimarka, Frantzia, Alemaniako Errepublika Federala, Grezia, Italia, Herbehereak, Norvegia, Suedia, Suitza, Erresuma Batua eta Jugoslavia) batzar batean hala adostuta. Zentroaren izenaren jatorria bitxia da oso. CERN frantsesezko Conseil Europeen pour la Recherche Nucleaire izenaren akronimoa da. Horixe zen egitasmoaren jatorrizko izena, baina ofizialki sortzearekin batera aldatu egin zuten, eta Organisation Europeenne pour la Recherche Nucleaire edo Ikerketa Nuklearrerako Europar Erakundea da orain. Bitxia bada ere, CERN akronimoari eutsi zioten, belarrira ondo egiten zuelakoan.
Bigarren Mundu Gerraren bukaeraren testuinguruan, "zientziarako bikaintasun zentro bat sortzea zen helburua, baina aldi berean, zientzialarien arteko hartu-emanak berrabiaraztea ere bai", azaldu du Agnieszka Zalewska CERNeko presidenteak. Gaur egun, 21 estatu kide ditu; Israel izan da sartzen azkena, aurten, eta Europakoa ez den aurrenekoa ere bada.
Zientzia bakearen alde izan da zentroak 60. urteurren hau ospatzeko baliatu duen leloa. Ez alferrik. Ralf Heuer zuzendari nagusiak esan bezala, "jendeak elkarrekin lan egiten du hemen, haien jaioterria edo kultura edozein dela ere. Guztiok hizkuntza bera hitz egiten baitugu hemen, eta zientziaren hizkuntza da hori, unibertsoaren hizkuntza".
Unibertsoaren hizkuntzan hitz egiteak ez du esan nahi hark esaten duen guztia ulertzen diotenik. CERNen erronkak bide horretatik doaz, hasieratik: gure inguruan dagoen guztia nola osatuta dagoen ulertu nahi dute, mundua mundu bihurtu zeneko une hori nolakoa izan zen jakin… unibertsoaren jatorria eta izaera xehatu, bestela esanda. Erakundearen izenak ondo dioen bezala, atomoaren nukleoa zen aztertu zitekeen eskala txikiena ahalegin horietan hasi zirenean. Gauzak asko aldatu dira orduz geroztik, eta partikulen fisika are neurri txikiagoetara iritsi da.
Internet edo World Wide Web delakoaren sorleku (1989an) izateagatik ere ezaguna da CERN; horrek gizarteari egin dion ekarpena begi bistakoa da. Baina, meriturik kentzeko inongo asmorik gabe, ezin ahaztu sarea tresna oso praktiko bat besterik ez dela egitasmo erraldoi honetan.
Partikula azeleragailuak dira berez CERNen gako garrantzitsuenetako bat, garrantzitsuena ez badira. Punta-puntako makina hauei esker, partikulek ia argiaren abiaduran egin dezakete talka elkarrekin, eta hala, horien portaera nolakoa den aztertu dezakete ikertzaileek. Ikusten ez ditugun baina gure inguruan edonon dauden elementu horiek guztiek benetan zer egiten duten ikertzea ahalbidetzen dute, nolabait, azeleragailuek.
Hain zuzen ere, hala detektatu zuten duela bi urte Higgs bosoia, CERNen historian inoiz egin den aurkikuntza ospetsu eta garrantzitsuena. Teoriak zioen partikulen masa nondik datorren ulertzeko ezinbesteko pieza dela Higgs bosoia, baina ez zen detektatzen erraza. Haren zantzuak antzemateko, ikusten ez ditugun partikula horiek duten abiadura eta portaera induzitu behar dira, eta horretarako balio duen eta ikertzaileei prozesua ikusteko aukera ematen dien tresna batean egin behar da hori: azeleragailua.
Halaxe egin zuten Higgs bosoiarekin, Hadroien Talkagailu Handian (LHC). CERNek bere hirurogei urteko historian izan dituen azeleragailu eta bestelako tresna guztien artean, zalantzarik gabe huraxe da harribitxia. Hogeita zazpi kilometroko luzera duen eraztun magnetiko izugarria da; partikulak argiaren pareko abiaduran jarri nahi badira, naturan duten portaera kopiatu, tramankulu erraldoi hau baino gauza egokiagorik ez dago munduan horretarako.
LHCa 2008ko irailean jarri zuten martxan lehenbizikoz. 2013ko otsailaz geroztik itzalita egon da, atsedenaldi horretan indartu eta datorren urtearen hasierarako inoiz baino potentzia handiagoz lan egiteko moduan egon dadin. Harribitxia inoiz baino sasoikoago itzuliko bada, zalantzarik gabe, CERNek unibertsoaren ezagutzan sakontzen jarraituko du hurrengo hamarkadetan ere.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-f580ed918958 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/14/juan-jose-gomez-cadenas-hobeto-pentsatzeko-idazten-dut/ | Juan José Gómez Cadenas: "Hobeto pentsatzeko idazten dut" | Peru S. Gamarra | 2014-10-14 00:00:00 | Juan José Gómez Cadenas: "Hobeto pentsatzeko idazten dut"
Peru S. Gamarra
"Non dira zientziaren gaineko hitzaldiak?", galdetzen du neska gazte batek. 16 urte inguru izango ditu eta bakarrik dator Bilboko Bizkaia Aretora. "Ez da ordaindu behar, ezta?", jarraitzen du. Harreran dagoen andreak ezetz esan eta hitzaldiak non diren argitzen dio. Pozik dator. Eta bera bezala, beste hainbat gazte. Pozgarria da Naukasen hitzaldietan –duela egun batzuk ospatu ziren- adin gutxiko hainbeste pertsona ikustea. Zientziak badu erakarpena gazteenen artean ere! Berri pozgarria, zalantzarik gabe. Eta kontutan izan behar da ostirala dela eta kalean sekulako eguraldia egiten duela!
Neska auditorioan sartu eta leporaino dagoen gela batekin egiten du topo. Publikoari begiratzen dio eta denetariko jendea aurkitzen du bertan. Irakasleak, zientzia munduko jendea, jubilatuak, bera bezalako gazteak… Burua altxatu eta bi gizon ikusten ditu hizketan taula gainean atzeko aldean pantaila handi bat dutela. Bere harridurarako, ekitaldia ez zen espero zuena. Hasteko, publikoa barrez lehertzen dagoelako. Baita taula gainean dauden bi protagonistak ere.
Badirudi hizketan dagoena ez dela Fisikan Katedraduna. Ez du, behintzat, berak irudikatzen zuen itxura. "Hau al da Canfranc inguruan unibertsoaren sorrera nolakoa izan zen ikertzen dabilen gizona?". Bai, bera da. Juan José Gómez Cadenas, hain zuzen ere. Eta asko disfrutatzen dabil eszenatoki gainean. Zaila da esaten duena ongi jarraitzea. Nolabaiteko maila behar da. Baina Zientzia Kaiera berarekin geratu da interbentzioa bukatutakoan bere lanaren gainean apur bat gehiago hitz egin eta dena gehiago argitzeko. Ez dugu nahikoa izan 20 minutuko interbentzioarekin. Berak, seguru aski, ere ez. Gela txiki batean sartu, hizketan hasi eta, bukatzerako, grabagailuak 85 minutu ditu grabatuta. Denak, dudarik gabe, oso interesgarriak. Gustua ematen du bere lana hainbeste maite duen pertsona batekin hitz egitea.
Oso polita, zalantzarik gabe. Herrialde honek ematen dizkizun ezuste atsegin horietako bat da hau. Ni, beste asko bezala, askotan kexatzen naiz nire herrialdeaz. Askotan uste dugu kanpoan egiten dena hemen egiten dena baino askoz ere hobea dela. Kanpoan gauzak hobeki egiten dituztela, alegia. Harrituta nago hemen ikusi dudanarekin. Dibulgazio zientifikoa oinarritzat duen ekitaldi paregabea da hau. Sekulako arrakasta eta proiekzio handia duena. Eta, gainera, hemen egiten dira. Zorionak antolatzaileei!
Zalantzarik gabe. Oso dibertigarria da hainbeste pertsona gazte ikustea. Oso dibertigarria da, baita ere, hainbeste umore ikustea. Oso dibertigarria da hizlariak "zientzia, eszeptizismoa eta umorea" trilogia nola nahasten duten ikustea. Laburbilduz, oso dibertigarria da hau dena, jejeje!!!
Nire lana ez da lan bat, pribilegio bat baizik. Ez dut inolako zalantzarik. Gustuko duzun horretan lan egitea pribilegio bat da. Ikertzaile bezala, alde batetik, zure buruari planteatu diozun arazoa ulertzen saiatzen zara. Pasioarekin gainera. Bestetik, arazo hau ulertzeko erabiltzen duzun teknologia diseinatzen eta eraikitzen saiatzen zara. Gure kasuan, detektatzaile berri bat, alegia. Hau guztia liluragarria da. Baina hemen ez da fisiko esperimental baten lana bukatzen. Lan talde bat bideratu behar duzu ere. Nik, normalean, fisikoekin egiten dut lan. Postdoc-ak, kasu askotan. 30-35 urteko gazte bikainak. Eta hau guztia plazera da niretzat. Hala ere, badu bere alde iluna ere. Eta hau da finantziazioa bilatzearena. Bestalde, idaztearen lana ez da lana niretzat. Ezin diezaioket nire bizitzaren parte horri lana deitu. Nire ustez denok gara idazleak neurri batean edo bestean. Nik, hobeto pentsatzeko idazten dut. Niretzat, idaztea, hobeto pentsatzeko truku bat da. Fikzioa idazten dudanean ezberdina da. Sabinak esaten zuen bezala, fikzioa idaztea beste bizitza batzuk bizitzeko trukua da. Nire ikertzaile lana pribilegio bat bada, idaztea, pribilegioa ber bi izango litzateke.
Nik uste gauzak banatzen ikasi behar dugula. Lehenik eta behin, zientzialari guztiak ez gaude material berarekin eginak. Hori argi dago. Badira futbolari batzuk futbolean oso onak direnak eta, badira beste jokalari batzuk, futbolean onak izateaz gain, oso abeslari onak ere izan daitezkeenak. Zientzialariek zientzia bakarrik egiten dutela esatea topiko bat besterik ez da. Zientzialariek, ia intelektual guztiek bezala, interes ezberdinak dituzte. Zientzia egiteaz gain, batzuek abesten dute, besteek kirola egiten dute, nik liburuak idazten ditut… Gertatzen dena zera da, normalean, denboraz oso gaizki ibiltzen garela eta, honenbestez, ezinezkoa zaigula nahi dugun guztia egitea.
Nire ustez bi gauza ezberdindu behar dira. Zientzialariak nahi duena egin behar du. Gustukoa duena. Honela, ikertzeaz gain instrumentu bat jotzea gustatzen bazaizu, edota eskalatzeko gogoa baduzu, bada, aurrera orduan. Eta ondoren, dibulgazioarena dago. Nire ustez, zientzialari guztiek euren lana dibulgatzeko obligazioa dute. Euren erantzukizuna da…
Bai, bai! Zalantzarik gabe. Lehen esan dudan bezala, nire lana pribilegio hutsa da niretzako. Eta, gainera, diru publikoarekin ordaintzen didate. Beraz, behartuta nago egiten dudana gizarteari azaltzera. Nire betebeharra da ordaintzen didanari egiten dudanaren berri ematea. Baina, gainera, gure obligazio hori ez da bakarrik gizarteak berak ordaintzen digulako. Gure lana dibulgatuz, gure lana hobetzen dugu. Egiten dudana hitz sinpleekin eta edonork ulertzeko moduan azaltzeko gai banaiz, nire buruari obligazio hori jartzen badiot, egiten dudanaren gainean hobeki erreflexionatzeko gai izango naiz. Dibulgatuz, zailagoa da autoatseginkerian erortzea.
Beldur naiz baietz. Eta arrisku fuerte bat dugu: bien arteko diferentzia hori geroz eta handiagoa izatea. Badago Arthur C. Clarkek esandako esaldi oso esanguratsu bat: "Teknologia bat behar adina aurreratua bada, nekez desberdindu daiteke magiatik". Eta gure gizartean dagoeneko hasia da hau gertatzen. Gure teknologia hain da aurreratua, non kaleko pertsonarentzat magia hutsa besterik ez baita. Pertsona asko hegazkin batera igotzen dira hegazkin honek nola funtzionatzen duen jakin gabe eta hau oso arriskutsua da. Duela 200 urte, negu hotza bagenuen, herriko zahar asko hotzez hilko lirateke. Edota katarro batekin. Gaur egun, ordea, ez da hau gertatzen. Zientziak aurrerapauso izugarriak eman dituen gizarte batean bizi gara eta zientziari esker askoz ere hobeto bizi gara. Hala ere, ez gara honetaz konturatzen. Aurrerapauso hauek ulertzen ez ditugunez, gizarteak uste du gauza hauek betidanik honela funtzionatu izan dutela. Honek badu berehalako ondorio bat. Kaleko pertsonak bere buruari galdetuko dio, "zergatik gastatu behar dut hainbeste diru zientzian?". Jendea ez da konturatzen gaur egun garena, neurri handi batean, zientziari esker dela.
Klabea hiru hitz hauetan dago: dibulgatu, dibulgatu eta berriz dibulgatu. Hori da guztiaren gakoa.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-450c269f3d0c | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/13/energia-kontsumoa-murrizten-duen-gailu-modular-berria/ | Energia-kontsumoa murrizten duen gailu modular berria | unknown | 2014-10-13 00:00:00 | Energia-kontsumoa murrizten duen gailu modular berria
Europako energia-kontsumo osoaren %40 eraikinetan egiten da. Kopurua kontuan izanik, garrantzitsua da kontsumo hori murriztea. Eraikinetako energia-hornikuntzarako energia berriztagarriak erabiltzea urrats bat da kontsumo horren murrizketan. Bide hori jorratu du UPV/EHUko ENEDI taldeak eta parafinak baliatzen dituen gailu modular bat asmatu du energia termikoa biltegiratzeko. Beroa biltegiratzeko prototipo trinko bat da, eraikinetan erraz txertatzeko modukoa, beroa biltegiratzeko normalean erabiltzen diren ur-tangek baino bolumen askoz txikiagoa baitu.
Energia termikoaren biltegiratzea ohiko prozedura da energiaren ekoizpena eta kontsumoa aldi berean egiten ez den energia ekoizteko sistemetan. Prozedura hori erabiltzen da, adibidez, eguzki-panel termikoen bidez ura berotzeko sistemetan eta baita ere etxeetako kogenerazio-sistemetan, non beroa eta elektrizitatea aldi berean sortzen diren baina ez energia-eskaria. Kasu bietan, beroa biltegiratzeak aukera ematen du ekoizpenaren eta eskariaren arteko lotura eteteko, eta erraztu egiten du teknologia horiek eraikinetan txertatzea. Izan ere, eraikinetan, normalean, ez dira bat etortzen energia ekoizteko eta kontsumitzeko aldiak.
Normalean ur-tangak edo deposituak erabili ohi dira beroa biltegiratzeko. Proiektua aurrera eraman duen Álvaro Campos ikertzailearen esanetan ur-tangek "ongi funtzionatzen dute eta ura oso merkea da, baina bolumen handiak behar izaten dira bero-kantitate handiak biltegiratzeko. Mugatu egiten du horrek tangen erabilera etxeetan, non leku gutxi izan ohi baita".
UPV/EHUko ENEDI taldeak egin duen prototipoak ohiko tangek baino % 50 bolumen txikiagoa behar du, eta malguagoa da diseinu aldetik ere: prisma-forma du, eta erraz txerta daiteke eraikinetan, lekua ahalik eta gehiena aprobetxatuz. Gainera, modularra izaki, erraz alda daiteke gailuaren diseinua. PCM (Phase Change Materials) deritzen materialen solido-likido fase-aldaketako bero sorraz baliatzen da sistema. "Material horiek, berotu eta fase-aldaketako tenperaturara iristean, egoeraz aldatzen hasten dira, eta aukera ematen dute energia-kantitate oso handia biltegiratzeko, tenperaturari ia konstante eutsiz. Energia-dentsitate askoz handiagoa lortzen da horrela, eta bero gutxiago galtzen da", dio Camposek
Gailuak erabiltzen duen parafina komertziala 60 ºC-ra urtzen da, "oso egonkorra da, eta bizitza baliagarri oso luzea du", gaineratu du. Elkarren artean kanalak dituzten aluminiozko plaka batzuen barruan kapsulatzen da parafina. Karga eta deskarga termikoko prozesua, berriz, kanaletatik ura ibilaraziz egiten da: ur beroak berotasuna lagatzen die plakei karga-prozesuan, eta urtu egiten du kapsulatutako materiala; alderantziz ere egiten da, hots, ur hotza zirkularazten da kanaletatik, biltegiratutako beroa berreskuratzeko eta parafina solidotzeko. Camposen proposamenak konponbidea ematen dio PCMen arazoetako bati; izan ere, eroankortasun termiko baxua dutenez, denbora luze behar izaten dute metatutako beroa lagatzeko. "Plaka metaliko finak ditu gure diseinuak, beroa erauzteko abiadura ur-tangetakoaren antzekoa baita haiei esker", dio.
Trinkotasuna eta modularitatea dira sistema honen alderdirik erakargarrienak. Ur-tangek zilindrikoak eta lerdenak (garaiak eta meheak) izan behar dute funtzionamendu hoberena izan dezaten. "Forma askoz ere trinkoagoak egin ditzakegu, prismatikoak, edozein zokotan tartekatzeko modukoak, baita sabai aizun baten barruan ere" azaldu du Álvaro Campos ikertzaileak. Hori dela eta ur-tanga bat ipintzeko lekurik ez zegoen tokietan ere energia termikoa biltegiratzeko aukera bat ematen du ENEDI ikerketa-taldeak garatu duen prototipoak. Ondorioz, baikor ageri da Campos gailuaren lehiakortasuna dela eta: "Eskaintzen dugun prototipoak edozein prezioa izanda ere, baditu nahiko abantaila tekniko proposamen erakargarria izateko."
Gaur egun, eskala errealeko prototipo bat eraikitzen ari dira eta Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko (EKKL) instalazio esperimentalean txertatuko dute, jarduera errealean ekipoak nola funtzionatzen duen ikusteko. Eta horrez gain, biltegiratze-ahalmen handiagoko eta kostu txikiagoko beste PCM batzuekin ere hasi da lanean taldea. Besteak beste, gantz-azidoekin eta beste material organiko batzuekin. | science |
zientzia_kaiera-f46567e954ac | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/12/asteon-zientzia-begi-bistan-28/ | Asteon zientzia begi-bistan #28 | unknown | 2014-10-12 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #28
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Astea Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako Nobel sarien iragarpenarekin hasi dugu eta Berriak zein Elhuyar aldizkariak honen berri eman digute.
Garuneko posizionamendu sistemaren parte diren zelulen gainean egindako aurkikuntzengatik Medikuntzako Nobel sariarekin saritu dituzte John O'Keef neurofisiologoa eta, May-Britt Moser eta Edvard Moser neuropsikologak. Berrian kontatzen digute: Orientatzen laguntzen duten zelulen ikertzaileei eman diete Nobel saria eta baita ere Elhuyar aldizkarian Ana Galarragak: Garunaren GPSa aurkitu dutenek jasoko dute Medikuntzako Nobel Saria.
Fisikako Nobel saria hiru ikertzaile japoniarrek jaso dute ezagunak ditugun LED argiak asmatzeagatik. LED argietan oinarritutako argi-iturriek hamar aldiz energia gutxiago kontsumitzen dute eta hainbat abantaila gehiago ere badituzte. Ana Galarragak kontatu digu guztia Elhuyar aldizkarian: LED argi urdinean oinarritutako argi-iturria asmatzeagatik, 2014ko Fisikako Nobel saria eta Arantxa Iraolak Berrian: LEDek argitutako Nobel saria.
Eric Betzig, Stefan W. Hell eta William E. Moerner zientzialariek gure begirada mikrotik nanora eramateagatik jaso dute 2014ko Kimikako Nobel saria. Bereizmen handiko fluoreszentzia-mikroskopia garatu dute ikertzaileok eta ondorioz, mikrobiologiatik nanobiologiarako jauzia eman da azken urteotan. Eider Cartonek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Mikroskopia nanoskopia bihurtu zutenentzat 2014ko Kimikako Nobel saria eta Jon Rejadok Berrian: Nobel saria, bizia gertuago ikusarazteari.
Nobel sariez gain, duda barik, beste berri batek izan du oihartzuna medioetan, ebolaren gaitzak. Oihan Vitoriak, Berriako kazetariak, Donostia ospitaleko infekzio gaixotasunen zerbitzuko burua den Jose Antonio Iribarrenekin hitz egin du jakiteko zeintzuk diren gaixotasunaren sintomak, nola antzematen den gaixoak ebola duela eta zeintzuk diren ezarritako protokoloak. Elkarrizketa interesgarria: Muturreko neurriak hartzea dagokigu, arrisku gabe ere.
Ebolatik diabetera. Harvard Unibertsitateko ikerlariek intsulina ekoizten duten zelulak sortu dituzte laborategian, gaixo bati transplantatzeko moduko kopuruan. Egindakoak, 1 motako diabetea sendatzeko bidea ireki du. Momentuz frogatan ari dira ikertzaileok baina dena ondo bidean, hurrengo urteetan gaixoek tratamendua jasotzen hastea espero dute. Berrian: 1 motako diabetea sendatzeko bidea ireki dute Harvardeko ikerlariek.
Genetikak ere izan du bere tokia asteon. Koldo Garcia biologoa Zientzia Kaiera blogean kolaboratzen hasi da eta genetikaren historia hurbilduko digu, baina batez ere, ikasleen jakin-mina asetzeko asmoz idatziko du artikulu-sorta bat. Asteon lehen artikulua argitaratu du eta genetikaren ibilbidearen abiapuntua zein izan zen azaltzen digu, Gregor Mendelen lana gogoratuz: Genetikaren ibilbidea (I): Ilarrei begira. Genetikaren historia hurreratuz gain, Koldok genoma ikertzen du eta badu ere bestelako interesa, zelula mota batek zer egiten duen ikertzea. Hori egiteko bi modu nagusi daudela azaltzen digu Edonola blogean: aktibo dauden geneak aztertzea (transkriptoma) edo zelulan eragiten ari diren proteinak aztertzea (proteoma): Gauza bat da esatea eta beste bat egitea.
Amaia Portugalek ere genetika izan du hizpide Zientzia Kaiera blogean asteon argitaratu duen artikuluan. GIANT izeneko nazioarteko ikerketa partzuergoak egindako ikerketa bati erreparatu dio. Europar jatorriko 253.288 lagunen DNA aztertu dute proiektuan baitan eta honi esker, gizakion garaieran inpaktua duten 697 aldaera genetiko identifikatu dituzte: Txiki edo handi egiten gaituzten 697 arrazoi.
Argia aldizkariko blogetan bi gai jorratu dituzte. Alde batetik, Beñat Jauregik eboluzioa eta elikadura bateratzeko bost aholku eman dizkigu. Horien artean barazki eta fruitu sorta zabala jateko, elikagai ezberdinen kontsumoa bermatzeko eta ahal bada, sasoikoak izan daitezela: 15 proposamen eboluzioa eta elikadura bateratzeko (I). Bestalde, Arantxa Zabala ingeniariak Higgs bosoiaren historia dakarkigu. Noiz plazaratu zen teoria, noiz frogatu zen hau eta, Higgs eremuaren eta partikulen ezaugarriak zeintzuk diren: Nola topatu zen Higgs bosoia?
Amaitzeko, Antonio Cantó dibulgatzaileak satelite espioia dirudien Yaogan 21 aurkezten digu. Yaogan 21 satelitea joan den irailaren 8an 4B ibilaldi luzea izeneko espazio-suziri txinatar baten aireratu zen Taiyuan-Wuzhai kosmodromotik. Yaogan 21 satelitea zibila dela esan dute, lurreko begirale bat omen da baina satelite militar espioien ezaugarriak ditu: Txinatar begiak zeruan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-059f83d5153f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/11/ezjakintasunaren-kartografia-34/ | Ezjakintasunaren kartografia #34 | unknown | 2014-10-11 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #34
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon bertan plazaratu diren artikuluen laburpena.
Gaur egun, ezin dira ordenagailuak gizakien entzefaloarekin konparatu, objektuak antzemateko orduan ezta ahozko hizkuntza ezagutzeko unean. Hala ere, baliteke hau aldatzea txip berri bati esker. Garuneko neuronen konexio-egituraren antza duen txip bati esker. Jorge Mejíasek azaltzen digu: A brain inside a chip.
Seguruenik, aurten hauts gehien harrotu duen berri zientifikoa BICEP2 teleskopioak egindako aurkikuntzaren albisteari dagokio. Honek, grabitazio-uhinen arrastoak antzeman zituen eta hauek inflazio kosmikoaren teoria egiaztatzen duen froga omen lirateke. Baina Plank misioaren azken datuek animoak beratu dituzte. Víctor Marínek azaltzen digu ikerketa honen garrantzia eta zein den egungo egoera: The search for cosmic inflation.
Zaren hori edo bihurtu zaren hori izateko orduan, genetikaz gain zerbait gehiagok badu zeresana ere. Agian, zure amak enbrioi-garapenaren tartean sufritu zuen estresak badu harremana egun dituzun arazo mentalekin. Raúl Delgadok aztertzen du gaia: It is all your parents' fault (I): how mummy alters your brain development.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-2d7c26aee9b4 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/10/zientzialari-14-idoia-garcia-de-gurtubay/ | Zientzialari (14) – Idoia Garcia de Gurtubay | unknown | 2014-10-10 00:00:00 | Zientzialari (14) – Idoia Garcia de Gurtubay
Idoia Garcia de Gurtubay Materia kondentsatuaren fisikako irakaslea da UPV/EHUn eta DIPCko ikertzailea. Fisika konputazionalaren sekretuez hitz egin digu: bere ikerketa esparrua zertan datzan, materialen propietateak nola alda daitezkeen…
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean.
Zientzialari 14 – Idoia Garcia de Gurtubay from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-9785702d435f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/09/txinatar-begiak-zeruan/ | Txinatar begiak zeruan | Antonio Cantó | 2014-10-09 00:00:00 | Txinatar begiak zeruan
Antonio Cantó
Joan den irailaren 8an, goizaldian, zehazki 03:22 UTC-etan, 4B ibilaldi luzea izeneko espazio-suziri txinatar bat ustekabean aireratu zen Taiyuan-Wuzhai kosmodromotik [1]. Tankera honetako jaurtitzea ez da oso ezohikoa, ez eta legez kanpokoa ere. Hala ere, deigarri samarra da, batez ere suziriaren zama erabat zibila dela esan dutelako: lurreko begirale modura jokatzen duen Yaogan 21 izeneko satelitea; agrimentsuran aritzen omen da, lehorra eta itsasoa neurtuz, kultiboak monitorizatuz, laborategiko zientzia-saioak eginez, eta hondamendi naturalen edo artifizialen iragarpenak eginez. Horrela ikusita, suziri honek antz handia dauka Landsat bezalako suziri amerikarrekin, Spot bezalako suziri frantziarrekin, edo Resurs-DK bezalako suziri errusiarrekin.
Baina lur-begirale izate hori oso badaezpadakoa da, zeren, jakina, horrelako gauzak egiten dituen satelite bat, satelite espioi zibil bat baita funtsean. Edo erabilera biko satelitea da. Edonola, esan beharrekoa da yankiak zein errusiarrak ez direla horretan makalak eta espezifikoki militarrak diren satelite espioiak egiten dituzte, eta onartua dute gainera hala egiten dutela. Beraiek, nahiago dute estrategia-arakatze modura izendatzea horrelako sateliteak. Israeldarrak ere, beren Ofeq delakoarekin, hori besterik ez dute ikusmiran, berariazko anbiguotasunari eutsi nahi baliote ere. Edonola, Yaogan izeneko hauek, 2006an jaurtitzen hasi ziren, eta Herri Errepublika Txinatarrak behin eta berriz esan du eskolako koaderno bat bezain zibilak direla.
"Ezta pentsatu ere" dio Mendebaldeak, Yaogan izenekoen ezaugarriek bat egiten dutela maiz satelite militarren ezaugarriekin. Berez, 1975-2006 tarteko FSW seriearen ondorengoak bide dira oraingo hauek. Eta txinatarrak ez dabiltza argudioetan eskas.
Yaogan Weixi hauek –urruneko sentsoredun sateliteek alegia- 1.040 kg-2.700 kg tartean dute pisua. Eta aukeran, zapore askotarikoak dira: Yaogan 1, 3, 6, 10, 13 eta 18 izenekoak, radar bidez funtzionatzen duten irekiera sintetikoko begiraleak dira, zeren eta guztiz argi hartzen baitira beren igorpenak. Orbita erretrogadoetan ari dira, 97-98º makurdura hartuta. Alegia, ia polarrak dira, eta eguzkiarekin sinkronizatuak eta zirkularrak, lurretik 502-666 kilometrora [2]. Badirudi bi modelo daudela, eta berriena dena, hau da Yaogan 18, 2013ko urriaren 29an aireratu zen.
Satelite radar hauek, aukera ematen dute lurrazalaren mapa bikainak egiteko. Izan ere, azal horretan den oro biltzen dute, euria, trumoiak edo bero-boladak barne. Maiztasunak eta bestelako ezaugarriak direla medio, lehorra eta itsasoa, eta izotza behatzeaz gain, eguraldia ere neur dezakete-Hainbat muga dituzte, baina objektuetan zehar zein lur azpian ikus dezakete. Antzerakoak lirateke besteak beste Amerika Estatu Batuetako Lacrosse direlakoak, Errusiako Kondor izenekoak, Alemaniako SAR-Lupe deritzenak (Frantziarekiko elkarlanaren ondorioak eta Errusiatik igorriak), edo Israelgo Ofeq 10 izena dutenak. Eragozpenik ote dute hauek? Bai, oso zaratatsuak dira era aktiboan emititzen dutenean, eta sentikorrak dira interferentziekin eta informatikako beste gaiztakeriarekin.
(Bide batez, beraiek gauza jakin bat ikustea nahi ez baduzu, jar ezazu gauzaren gainean bidoi batzuk, igerileku bat edo itsas ura daukan biltegi bat; zenbat eta geruza lodiagoa, hainbat eta ikusezinago. Uhinek nekez zeharkatzen dute ur gazitua. Horregatik erabiltzen dute urpekoek sonarra, eta ez radarra. Izan ere, sonarra soinu-uhinetan oinarritzen da eta uhin hauek uhin erradioelektrikoek baino hobeto zeharkatzen dute ura. Sateliteek ordea, ez daukate sonarra erabiltzerik, kanpoko espazioan dabiltzalako eta bertan oso aire gutxi dagoelarik, soinua ez da hara iristen. Hori bai, agerian geratzen da estali egin nahi den zerbait dela ur gaziaz estalita dagoen hori. Litekeena da ordea deskubritua ez izatea, estaldura behar bezain naturala bada: bainuetxe itxurako zerbait, itsas ura daukan igerileku osasuntsua…).
Gero baditugu betidanik ezagutu ditugun miatze moduak, hala nola argazkiak (eta bideoak), argi ikusgarrian, infragorriak edo ultramorean eginak. Hainbat satelite modelo daude, eta bi orbitatan funtzionatzen dute. Orbitak ia zirkularrak dira eta bata bestea bezain sinkronizatua dago eguzkiarekin, baina garaiera desberdinetan: gehienak 500 bat kilometrora daude, baina badira Lurra 1.200 kilometrotik ikusten duten hiru satelite. Ideia berbera ikusmiran plazaratu dira konstelazio-diseinu batzuk, bi aukera eskaintzen dituztenak: zonaldea ikuspegi orokorretik aztertu batetik, eta bestetik zehatz-mehatz arakatu gune interesgarrienak. Horrelakoak izango lirateke Crystal izeneko satelite amerikarrak, Persona edo Resurs izeneko satelite errusiarrak, Hélio-Pléiades europarrak, Ofeq 9 eta Eros israeldarrak, eta abarrekoak. Egia esan, diru-baliabideak dituzten guztiek dute horietako bat. Baita turkiarrek ere. Horien guztien artean, Txinak jaurtiki berria duen Yaogan 21 [3] hau izango litzateke modernoena.
Zibiltzat nekez har genezakeen hirugarren talde bat dugu. Satelite bakarrak izan beharrean, tripleteak dira kasu honetan, eta transmisio elektronikoko espioitzan erabiltzen dira. Azken hauek, Amerikako Estatu Batuetako NOSS izenekoen antzerakoak dira, eta bai etorkizuneko CERES frantziarren antzerakoak ere. Hiru izanda, hobeto triangelatzen da igorpenen jatorria, eta txinatarraren kasuan, baditugu Yaogan 9A/B/C, 10A/B/C, 17A/B/C eta 20A/B/C [4], joan den abuztuko 9an jaurtikiak. Besteak ez bezala, hauek 63.4º-ko orbita programatuetan dabiltza, Lurretik 1.100 kilometrora. Oso egokiak dira itsasontzien igorpenak detektatzeko, baian egia esan, edozein erradiokomunikazio detekta dezakete (erradioa, telefonia-antenak, mikrouhin-loturak…) edo baita edozein erradiolokalizazio (radarrak kasu).
Eta azken hauek ez dira bakarrak. Hor ditugu sei Shijan 11 horiek, besterik gabe satelite esperimental modura aurkeztuak. Batzuek, uste dute misil-erasoen aurkako alarma-sare aurreratu bat izan litezkeela. Sare honek oso goiz piztuko luke alarma. Azken hau egiten dute hain zuzen DSP amerikarrak edo Oko errusiarrak. Errusiar satelitea, joan den martxoko 31n igo zen espaziora. Baditugu era berean Shijian 15 eta 16, baina inork ez daki nolakoak diren…edo inor ez da ausartu nolakoak diren esaten. Zenbaiten ustez, espazioko zaborra miatzen dihardute. Hori oso baliagarria izango litzateke bide batez zarama ez diren beste hainbat objektu aztertzeko. Eta baditugu zibil hutsak diren Ziyuan 3 bezalakoak.
Behaketa-sistema hauetaz gain, mendearen hasieratik Txinatar Herri Errepublikak beste hainbat espazio-sare eraiki ditu. Izan ere, lurrean zein espazioan ugari dira zibilak edo militarrak diren telekomunikazio-satelite astuneko sareak. GPS amerikarraren edo GLONASS errusiarraren antzera, COMPASS nabigazio-sistema, askoz ere aurreratuago dago Galileo europarra baino. Zer esanik ez, badugu tripulaziodun programa bat: espazio-estazio beregain bat izango luke eta Shenzou espazio-ontziak ere. Azken hauek dira Soyuz horietaz gain jendea espaziora eraman lezaketen bakarrak. Ilargira bidali dituzte espazio-ontziak, eta behin hasita, Tutatis asteroidera eta Lur/eguzki sistemako Lagrangeko 2 gunera ere. Zazpi espazio-hiri dituzte, zazpi gune zientifiko-teknologiko alegia. Badirudi Xi'ango 26 basea eta Beijingko BACC direla kontrol-gune nagusiak, Yuanwang ontziek lagunduta. Eta batek daki batzuek eta besteek zer eduki dezaketen ezkutatuta.
Horretan guztian izango genuke Txinatar Herri Errepublikak mende honetan hain gustukoa duen, botere leun hori. Berez, bestelako superpotentzietara hurbiltzen ari dira beren espazio-guneetan aurrerapenak etengabe eginez. Edonola, garbi dago gertuko Japonia edo India gainditu dituztela. Bestalde txinatar programa eta europar programak oso desberdinak dira, baina betikoak, hau da, AEB eta Errusia urduritzen hasiak dira. Hau guztia, nire ustez, ona da. Gizakiok lehia bat behar badugu aurrera egiteko, hala izan bedi. Nik oraindik ere itxaropena daukat txikitan inola ere ezin irudika nitzakeen gauzak ikusteko. Izan ere, nire birramonak ez zuen inoiz imajinatuko egunen batean hegazkinak ikusiko zituela zeruan barrena. Eta birramona kultua nuen, jakin-minez betea.
[1] Barbosa, R. C.: Long March 4B lofts Yaogan-21 in surprise launch. nasaspaceflight.com-en 2014ko irailaren 8an.
[2] Gunter's Space Page: Yaogan 1, 3, 10; Yaogan 6, 13, 18.
[3] Gunter's Space Page: Yaogan 2, 4, 7, 11; Yaogan 5, 12, 21; Yaogan 8, 15, 19; Yaogan 14.
[4] Gunter's Space Page: Yaogan 9, 16, 17, 20.
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-06bd26c510b4 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/08/txiki-edo-handi-egiten-gaituzten-697-arrazoi/ | Txiki edo handi egiten gaituzten 697 arrazoi | Amaia Portugal | 2014-10-08 00:00:00 | Txiki edo handi egiten gaituzten 697 arrazoi
Amaia Portugal
Oro har, jendea haziz doa belaunaldiz belaunaldi: gure birraiton-amonak baino garaiagoak gara gu. Osasun eta elikadura baliabide oparoagoak ditugu, eta horrek izan du zerikusirik. Baina nola azaldu, adibidez, zergatik diren herbeheretarrak haien bizilagun belgikarrak baino nabarmen altuagoak, oro har? Zergatik dagoen hainbesteko aldea hego eta ipar europarren artean? Ez dirudi ingurune faktoreek nahikoa argudio ematen dutenik halakoak argitzeko. Izan ere, jakina da genetikari dagokiola, %80tik gorako proportzioan, pertsonak noraino hazi behar duen zehaztea.
Horren harira, gizakion garaieran inpaktua duten 697 aldaera genetiko identifikatu ditu ikertzaile talde handi batek, genomaren 423 erregiotan banatuta. Zehazki, europar jatorriko 253.288 lagunen DNA aztertuta lortu dute emaitza hori. Zifrak garrantzitsuak dira oso, batez ere 2007ra arte alor honetan ia ikerketarik ez zegoela kontuan hartuta. Hala ere, kalkuluen arabera, garaieran zerikusia duten faktore genetikoen %20 inguru identifikatu dute orain arte. Aldaera oso txikien arteko konbinazio mordoaz ari baikara hemen.
Nature Genetics aldizkarian argitaratu da lan hau, eta GIANT izeneko nazioarteko ikerketa partzuergoak egina da. Giza gorputzaren tamaina eta forma baldintzatzen duten aldaera genetikoak identifikatzea du helburu munduko 300 instituziok baino gehiagok osatutako talde honek. Altuerari dagokion artikulu honen kasuan, Exeter (Ingalaterra), Harvard (AEB) eta Queenslandeko (Australia) ikertzaileak daude sinatzaileen artean, besteak beste.
Andrew Wood artikuluaren egile nagusiak eta Exetergo Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko ikertzaileak azaldu bezala, teknologian azken urteotan egindako aurrerapenek zerikusi handia izan dute haien lorpenean: "DNA datu askoz gehiagotara dugu sarbidea orain. Gure emaitzek iradokitzen dutenez, giza genetikaren ikerketa masiboak jarraitu egingo du gure osasunean, portaeran, gorputzaren forman eta garen bezalakoak egiten gaituen edozertan eragina duten aldaera genetikoen efektuak agerian uzten".
Ezagutza hori guztia biltzea berez da albiste, baina gainera, identifikatutako aldaera genetiko horiek guztiek aplikazio klinikoa izan dezakete. Esaterako, bereziki txikia den haur batek gaitz bat ote duen bereizteko balio dezakete, edo, besterik gabe, herentzia genetikoaren arabera altuera hori egokitu ote zaion. Hala adierazi du Tim Frayling (Exetergo Unibertsitatekoa, hau ere) artikuluaren zuzendarietako batek: "Benetako inpaktua izan dezake altuerarekin loturaren bat duten gaitzen tratamenduan. Adibidez, osteoporosian, minbizi batzuetan eta bihotzeko gaixotasunetan. Era berean, aurrera pauso bat da, haien haurrak nahi bezainbat hazten ari ez direlako kezkatuta dauden gurasoak lasaitzeko test bat sortze aldera".
Haurren endokrinologoa den aldetik, umeen hazkuntzaren auzia oso gogoan du Joel Hirschhornek ere. Bostongo Broad Institutuko ikertzailea eta artikuluaren beste sinatzaileetako bat da bera: "Litekeena da identifikatu ditugun geneetako asko hezurren garapenaren erregulatzaile garrantzitsuak izatea, baina orain arte ez genekien zerikusia izan zezaketenik. Haur batzuek jasaten dituzten eta hezurren ezohiko garapena dakarten azalpenik gabeko zenbait sindromeren erantzule ere izan daitezke batzuk. Zenbat eta lagin handiagoa, orduan eta biologia gehiago agerian".
Orain arte altuerarekin lotzen ez ziren hautagaien artean dago, adibidez, mTOR genea. Jakina zen zelulen garapenarekin zerikusia zuela, baina lan hau egin arte, ez dute inoiz giza hezurren garapenarekin erlazionatzerik izan. GIANTen ikerketa honen ondoren gene garrantzitsutzat jo diren beste batzuk dira kolagenoaren metabolismoan parte hartzen dutenak eta hezurren hazkundea ahalbidetzen duten kartilago ehunen inguruan aktibo dabiltzan gene sareak, beste askoren artean.
Wood A R, Esko T, Yang J, Vedantam S, Pers T H, et al. (2014) Defining the Role of Common Variation in the Genomic and Biological Architecture of Adult Human Height. Nature Genetics. doi: 10.1038/ng.3097
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-e294cc420094 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/07/genetikaren-ibilbidea-ilarrei-begira/ | Genetikaren ibilbidea (I): Ilarrei begira | Koldo Garcia | 2014-10-07 00:00:00 | Genetikaren ibilbidea (I): Ilarrei begira
Koldo Garcia
Edozein zientzia ulertzeko, behar-beharrezkoa da bere historia. Gaur dakiguna bere garaian egindako galdera eta aurkikuntzei esker dakigu eta iraganeko zehaztapen horiek oinarri hartuta, galdera eta aurkikuntza berriak egiten ditugu. Agian, pentsa daiteke orain dela mende eta erdi gertatu edo egin zena aztertzea astuna izan daitekeela, baina ezta gutxiago ere. Gaur egun DNA edo gene bezalako kontzeptuak ezagunak baditugu ere, erronkez betetako pasarteak dituzte atzetik. Zientzia Kaierak genetika garatu eta moldatu dutenen ibilbide hori partekatzeko aukera eman didanez, hasieratik hasiko gara.
Genetikaren ibilbidearen abiapuntua XIX. mendearen bukaeran dago, Brnoko (Txekiar Errepublika) Tomas Deuna abadetxeko soroetan, Gregor Mendelen eskutik. Mendelek 1856 eta 1863 urteen artean 2 hektareetan 29.000 ilar inguru landatu eta haien hainbat ezaugarri aztertu zituen. Matematiketan zuen formakuntza dela eta, ilarretan egiten zituen behaketei estatistika aplikatu eta ikusi zuen ezaugarri horiek patroi batzuk betetzen zituztela eta, hortaz, lege batzuk zeudela tartean. Urteetako lan horren emaitzak 1866an argitaratu zituen genetikaren hasiera jotzen den lanean.
Olomouceko (Txekiar Errepublika) unibertsitateko bere irakasleek eta abadetxeko kideek inspiratuta Mendelek ilarrei aztertzeari ekin zion. Landareen hibridazioen eragina aztertu nahi zituen landareen hobekuntzari aplikatzeko; horretarako ilarrak aukeratu zituen. Mendelen legeak bezala ezagutzen direnak garatzeko Mendelek bi aukera zituzten ilarren 7 ezaugarri behatu zituen: haziaren itxura eta kolorea, loreen kolorea, lekaren itxura eta kolorea, loreen kokapena eta zurtoinaren luzera.
Haziaren koloretik hasi zen: hazi horia eta berdea zuten landareak gurutzatu zituen eta hibrido hauen haziek bakarrik hori kolorea azaldu zuten. Ezaugarri bat bestea "menderatzea" izan zen Mendelen 1.go Legearen oinarria. Hibrido hauek gurutzatu zituen eta lau landaretik hiruk hazia horia zuten eta batek berdea. Horixe izan zen Mendelen 2. Legearen oinarria. Gainontzeko ezaugarriekin esperimentu saio bera egin zuen eta gauza bera ikusi zuen. Gainera ezaugarri horiek bakoitza bere aldetik heredatzen zirela behatu zuen, hots, haziaren itxurak eta koloreak ez zuten zertan lotuta egon, konbinazio posible guztiak lortzen baitzituen. Hori bai, proportzio desberdinetan lortzen zituen konbinazioak. Behaketa hau Mendelen 3. Legearen oinarria izan zen.
Mendelek meritu handia izan zuela aitortu behar da. Geneak edota kromosomak zer ziren jakin gabe "karaktereak" edo "herentzia-faktoreak" belaunaldiz belaunaldi transmititzen zirela ondorioztatu zuen. Zorte pixka bat ere izan zuela onartu behar da: aztertu zituen ezaugarriak gene bakarrari lotuta zeuden eta gene horiek ez zuten elkarrekiko loturarik. Gaur egun jakin badakigu hori ez dela beti horrela gertatzen: gene batek baino gehiagok baldintzatzen duten ezaugarriak daude eta gene batzuk batera heredatzeko probabilitatea handiagoa da beste batzuk heredatzeko probabilitatea baino. Bestalde, lortutako emaitzak hain borobilak izanda eta lotuta ez zeuden ezaugarriak aukeratu izana, susmoak sortu zituen bere garaian (1936 aldera) eta bakarrik egokiak ziren emaitzak argitaratu zituela iradoki zen. Hala ere, orain dela gutxi egindako lanek kritika horiek zorrotzegiak direla deritzote eta Mendelen lana zuzena izan zela aldarrikatzen dute.
Beranduago ezagutu ditugun xehetasun horiek eta egindako kritikak alde batera utzita, gaur egun, Mendelek egindako lanak oraindik ere bere eragina mantentzen du: biologia eta matematikak modu eraginkorrean uztartu zituen lehenetarikoa izan zen eta gaur egun, Mendelek zabaldutako bideari jarraituta, ohikoa da matematika eta estatistika genetikan erabiltzea. Bere lana ere orain "genetika klasiko" bezala ezagutzen den genetikaren adarraren oinarri da eta "mendeldar ezaugarri" gene bakarrak baldintzatzen duen ezaugarriari esaten zaio. Izan ere, ezaugarri eta gaixotasun horiek biltzen dituen datu-baseak Online Mendelian Inheretance in Man izena du (ingelesez Gizakian Mendeldar Herentzia Online). Azkenik, Mendelen lanak "populazioen genetika" deitutako adarrean ere eragina izan du.
Gregor Mendelek ilarretan egindako lana erleetan ere aplikatzen saiatu zen, baina ez zuen arrakasta handirik izan, erleen gurutzaketa behar zen bezala egitea zaila baitzen eta hibridoek eragozpenak baitzituzten. Bizidunen herentzia ikertzeaz gain, Mendelek astronomia eta meteorologia jorratu zituen eta 1865ean "Austriako Meteorologia Elkartea" delakoaren fundatzailetako bai izan zen. 1868tik aurrera abadetxeko buru izendatu zuten eta bere karrera zientifikoa alde batera utzi zuen. 1884ean hil zen nefritisak jota.
Hala ere Mendelek ez zuen jakin berak eman ziola hasiera genetikari. Bere lana urteetan ahaztuta gelditu zen eta "genetika" hitza ez zen 1905era arte erabili jakintza eremu hau izendatzeko. Baina hori ibilbide honen hurrengo atalerako utziko dugu.
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu. | science |
zientzia_kaiera-1feae71f7f07 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/06/noiz-desagertu-ziren-neandertalak/ | Noiz desagertu ziren neandertalak? | unknown | 2014-10-06 00:00:00 | Noiz desagertu ziren neandertalak?
Duela hilabete batzuk, nazioarteko ikerketa talde batek argitara eman zuen neandertal eta cromagnon gizakiak ez zirela aldi berean Iberiar penintsulan bizi izan. Egindako ikerketaren emaitzen arabera, bi espezien presentzia erregistroen artean 1.000 urte inguruko aldea zegoela ondorioztatu zen. Duela hilabete bat inguru, ikertzaileok neandertalen desagertzearen kronologia zein izan zen ezagutzera eman zuten. Dirudienez, orain dela 40.000 urte inguru desagertu ziren Europatik neandertalak eta desagertze-prozesuak milaka urte iraun zuen. Ikerketa-taldean UPV/EHUko Historiaurrea taldeko Alvaro Arrizabalagak eta Maria Jose Iriartek hartu dute parte. Haien esanetan, "ikerketak gertatutakoaren ikuspegi zabalago bat ematen du."
Errusiatik Espainiara arteko 40 aztarnategi arkeologikoko materialen zehaztasun handiko datazioak ezagutzera eman dute, neandertalak orain dela 40.000 urte inguru desagertu zirela Europatik. Baina gizaki modernoengandik berehalako ordezkatze bat burutu beharrean, prozesuak mosaiko biologiko eta kultural bat du oinarrian, hainbat mila urte iraun zuenak. UPV/EHUko Historiaurrea taldeko kideak diren Alvaro Arrizabalaga irakaslea, eta Maria Jose Iriarte Ikerbasqueko ikerlaria, nazioarteko ikerlari taldeko kideak dira eta ikerketaren emaitzak Nature aldizkarian argitaratu zuten 'The timing and spatiotemporal patterning of Neanderthal disappearance' (Neandertalgo gizakiaren desagertzearen bilakaera espazioan eta denboran) izeneko artikuluaren bidez.
Neandertalen eta lehen gizaki modernoen arteko harreman espazial eta tenporalak zehaztea ezinbestekoa da neandertalen desagertzearen azpiko prozedurak eta arrazoiak ulertu ahal izateko. Hala ere, arazo teknikoek oztopatu egin dute sasoiko datazio fidagarria, 50.000 urte baino zaharragoak ziren laginetan erradiokarbono bidezko datazio tradizionalak emaitza zehatzak eskaintzeko moduko karbono-14 gutxiegi gordetzen baita.
Mousteriar kulturako hezurrak eta industria litikoko hondarrak, eta baita ere neandertalekin elkartuak izan diren Paleolitikoko beste batzuk aztertzeko, prozesatzeko eta datatzeko sistema fin eta landu bat erabili du Tom Higham Oxfordeko katedradunak zuzendu duen ikerketa-taldeak: erradiokarbonozko masa-azeleragailuaren espektrometria (AMS). Emaitzek iradokitzen dute neandertalen desagertzea eta Mousteriar kulturaren amaiera orain dela 41.000 eta 39.000 urte bitartean gertatu zela Itsaso Beltzetik atlantikoko kostalderaino zabaltzen diren aztarnategietan zehar. Aurkikuntzek erakusten dute, era berean, estali egiten direla neandertalak eta gizaki modernoak 2.600 urtetik 5.400 urtera lurralde honetan, eta horrek eman ahal izan zuen talde bien arteko kultura-trukea eta baita genetikoa ere. | science |
zientzia_kaiera-306e6e47ee4f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/05/asteon-zientzia-begi-bistan-27/ | Asteon zientzia begi-bistan #27 | unknown | 2014-10-05 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #27
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Geneak dira Koldo Garcia biologoaren ikerketako objektu. Edonola blogean asteon, giza populazioaren genoma aztertzen dituen HapMap eta 1000 Genomes bezalako egitasmoen garrantziaz hitz egiten digu. Hauek baliagarriak dira, beste gauza askoren artean, genomaren eskualdeak belaunaldiz-belaunaldi populazio batean nola transmititzen diren ikasteko eta ulertzeko: Geneak eskua emanda doazenean.
Itziar Garate astrofisikariarentzat aldiz, ikerketa objektua beste bat da, Artizarra. Unibertsitatea.net atarian elkarrizketa egin diote asteon ikertzaile gazte honi, Artizarraren hego-poloko zurrunbiloaren dinamikari buruzko bere ikerketa zertan datzan jakiteko: Nire laborategia Artizarra bera da.
Elhuyar aldizkarian egunero gai baten berri eman digute:
Eider Cartonek galdera baten erantzuna dakarkigu, zergatik diren molekula biologikoak ezkerrak ala eskuinak. Adibidez, DNA molekula eskuina baina ezkerra izan zitekeen eta gauza bera gertatzen da beste biomolekula batzuekin: Bizia, ezker ala eskuin, zerbaitengatik? Horrez gain, nazioarteko ikertzaile-taldea batek egindako simulazio baten bidez, ozeanoetako uraren % 30-50 arte Eguzkia sortu aurrekoa izan daitekeela plazaratzen digu Lurreko uraren zati bat Eguzkia baino zaharragoa da artikuluan.
Oihana Jauregik biziarekin jarraitzen du eta azaltzen digu bizidun zelulaniztunak uste zena baino askoz lehenagotik egon daitezkeela Lurrean. Ikerketa-talde batek Txina hegoaldean dagoen Doushantuo formazioko fosil batzuk berraztertu ondoren, hori berori ondorioztatu baitu.
Inork ez zuen uste izarrarteko espazioan molekularik egongo zenik, oso inguru bortitza baita molekulak izateko. Baina astrofisikariek molekula organiko adarkatu bat detektatu dute, lehen aldiz, izarrarteko espazioan (Sagitarius B2 gunean): isobutironitriloa. Guillermo Roak ematen digu honen berri: Lehen molekula adarkatua izarrarteko espazioan.
Ana Galarragak Oxfordeko eta Leuveneko Unibertsitateetako ikertzaileek gidatu duten hiesaren hastapenari buruzko azterketaren berri eman digu. Ikerketaren emaitzak erakutsi du 1920an Kinshasatik abiatu zela hiesa eta ibaiarekin eta trenarekin batera bidaiatu zuela. Are gehiago, merkataritzak eta prostituzioak funtsezko eragina izan zutela hiesa hedatzean ondorioztatu dute: Merkataritza eta prostituzioa, gako hiesaren hedapenean XX. mendearen hasieran.
Argia aldizkarian hainbat gai jorratu dituzte ere:
Joxerra Aizpuruak bere harridura erakusten digu iraileko lehen astean hedabideek zabaldu zuten berri bat dela eta. Hainbat telebista katetako albistegietan, aurten ozono geruzak ia kalterik jasan ez duela esateaz gain, ozonoaren krisia amaitzear zegoela adierazi zuten. Baina NASAk publiko egindako iraileko datuetan ez da hori baieztatzen, are gehiago, datuen arabera azken 30 urteotan neurtutako batez bestekoak baino txarragoak izan ziren emaitzak. Hausnartzeko gaia: Ozono geruza, behar baino arinago ahantzarazi nahi den arazoa?
Nagore Irazustabarrenak Chicago hiriaren historia dakarkigu. 1854. urtean kolera izurriteak gogor astindu zuen hiria. Kolerak egindako triskantzaren ondoren hiriak behar zuen estolda eta isurbide sistema diseinatu zuten. Estolderiak hiri azpian egon behar zuen, beraz, kaleen eta eraikinen maila jaso behar zen eta horretarako aurrez eraikitako eraikin gehienak pare bat metro altxatu zituzten. Argia aldizkarian: Chicago besoen indarrez jaso zuten.
Jon Ander Galarraga biologoak konpostajearen ikerketarako haren txokotik, konpostaje egiteko konpost-gailuei egiten die errepasoa eta merkatuan dauden modeloak aztertzen ditu, euren ezaugarriak eta kontrako aldeak azaltzeko: Konpostagailuen merkatua.
Amaitzeko, Zientzia Kaiera blogean honakoak landu dituzte:
Amaia Portugal kazetariak kiniela bat egin du, AEBtako Thomson Reuters agentziaren iragarpena aintzat hartuta, 2014ko Nobel saridunak nortzuk izan daitezkeen azaltzen digu: Nobel sariak: apustu egiteko ordua da.
Javier San Martin kazetariak zientzia-dibulgazioaren esparruan asko erabili den izenburua jarri dio aste honetako artikuluari: Izarren hautsa. Eta kasu honetan, horretaz idatzi du. 1999ko otsailean Cabo Cañaveraletik espaziora bidali zuten Stardust espazio-ontziak, izar arteko esparrutik eguzki-sistemara iritsitako hauts partikula kosmiko garaikideak harrapatu zituen 2006an. Izarren hautsa.
Uxune Martinezek zientzian antzeman diren diskriminazio egoerak deskribatzen dituzten bi terminoen berri ematen digu: Mateo efektua eta Matilda efektua. Lehena, Robert Merton azaldu zuen 1968. urtean, bigarrena 1993. urtean ezagutu zen Magaret W. Rossiterren eskutik. Mateo efektuak, zientzialari ezezagunek pairatzen duten ikusgarritasun eza azaltzen du. Matilda efektuak, emakumeek sufritu izan duten diskriminazio sistematikoa: Emakumeak, zientzia eta diskriminazioa: Mateotik Matilda efektura.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-93f088bef90f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/04/ezjakintasunaren-kartografia-33/ | Ezjakintasunaren kartografia #33 | unknown | 2014-10-04 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #33
Aurreko astean ez genuen Ezjakintasunaren kartografia, gure larunbateko atala argitaratu Bilbon ospatu zen Naukas 2014 ekitaldian egon baikinen. Hala ere Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon eta aurreko astean plazaratu diren artikuluen laburpena.
Atomo baten soinua entzun dela iragartzen zuen berriak izan duen oihartzunaren aurrean, Francisco R. Villatoro atomo artifizial bat zer den azaltzera etorri zaigu. Eta, entzundako doinu hori fonoiez osatuta dagoela: Phonons radiated by artificial atoms.
Planeta baten eremu magnetikoaren baitan eragina izan dezakeen guztiak simetrikoa badirudi ere, zergatik eremu magnetikoa bera ez da simetrikoa? Merkuriotaz ari gara, eta erantzunean ordenagailuek eta burdin elurrak (ez, ez da akatsa) badute zerikusia. Santiago Pérez Hoyosen Mercury´s magnetic puzzle.
Diseinu arduratsuak argudio sotilak ditu eta erlojugilearen trebetasunarekin desmuntatu behar dira. Hori da Jesús Zamorak egiten duena Deconstructing intelligent design (1): On Dembski´s wrong "explanatory filter" artikuluan.
Zinemak zartailu baten krakadarekin ohitu gaitu. Baina ez genuen sumatzen eskala mikrometrikoan fluidoak, eremu elektriko baten eraginez, zartailuak bezala portatzen direla. Francisco R. Villatorok azaltzen digu The wip of the electric jet-en.
Biologiaren eraginak arkitekturan duen erronka nagusietariko bat da, eraikin zehatzak eraikitzeko, behar bezalako ezaugarri teknikoak dituzten materialak lortzea. Hori da Silvia Románek lantzen duena Biological solutions for architectural problems-en.
Edozer gauza pentsatu baino lehen. Mina ere hobe da. Beharbada norberaren aurrean egoteak sortarazten digun ikara izango da. Edo agian, beste zerbait. Guzmán Sánchezen eskutik The troublesome relationship between you and yourself.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-e73e2a0d7b2b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/03/emakumeak-zientzia-eta-diskriminazioa-mateotik-matilda-efektura/ | Emakumeak, zientzia eta diskriminazioa: Mateotik Matilda efektura | Uxune Martinez | 2014-10-03 00:00:00 | Emakumeak, zientzia eta diskriminazioa: Mateotik Matilda efektura
Uxune Martinez
Robert K. Merton soziologoak Mateoren hitzak hartu zituen aintzat hainbat arlotan gertatzen zen fenomenoa azaltzeko. Izan ere, Mateo fenomenoaren arabera idazle, zientzialari edota artista entzutetsuek estimazio handiago jasoko dute, pareko lanak egin dituzten baina ezezagunagoak diren, beste batzuekin alderatuz. Hau da, ezezagunagoak diren ikertzaileen lanek, besteen bestekoak edota hobeagoak izan arren, aipu gutxiago jasoko dituzte. Eta, horrez gain, baliteke ahaztuak edo zokoratuak izatea ere, zientzialari ospetsuen itzalak estalita.
Ikertzaile distiratsuen ospea karismaren, erreputazioaren edota ikerketa-taldeetan izandako arduren eraginez zela ondorioztatu zuen Mertonek. Aldiz, "galtzaileen" egoera euren posizio ezegonkorra edota hauen espezializazio faltagatik omen zela ebatzi zuen. Finean, Mertonen ustez, ikusgarritasuna lortzeko garrantzitsuagoa zen "rol" jakin bat eskuratzea, egindako lana baino. 1968an Science aldizkarian eman zuen Mateo efektuaren berri soziologoak eta efektua izendatzeko, haren lantaldeko ikertzaile baten lanaz baliatu zen, Harriet Zuckermanen ikerketa erabili zuen.
60. hamarkadan tesia egiten zegoelarik, Harrietek Nobel saria irabazitako hainbat zientzialari estatubatuar elkarrizketatu zituen. Hauetako askok aitortu zioten ikerketak aurrera eramateko, komunitatearentzako ezezagunak ziren, ikertzaile gazteekin batera egin zutela lan eta hauen ekarpenak funtsezkoak izan zirela ikerketarako. Baina hala ere, komunitate zientifikoak meritu guztia eurei eman ziela. Zuckermanek elkarrizketatu zuen Nobel saridun batek onartu zuen oso modu bitxian esleitzen zirela merituak, ikertzaile famatuei ematen baitzitzaizkien hauek. Agian, ikerketa bateko egileen izenak irakurriz gero, "ezagunaren" izena gogoratzen dugulako eta besteak ahaztu. Harrietek, meriturik gabeko ikertzaileen egoera ikerketa-taldeen egiturazko harremanen ondorioa zela nabarmendu zuen.
1965. urtean defendatu zuen tesiko emaitzak berebizikoak izan ziren Mertonek Mateo efektua identifikatu, azaldu eta izendatzeko. Baina Harrieten lanak ez zuen aitortza publikorik jaso. 1968. urtean Robert Mertonek argitaratu zuen The Matthew Effect in Science artikuluaren oin-oharretan agertzen da soilik Harriet Zuckermanen izena aipatua. Bi soziologoek elkarrekin jarraitu zuten lanean eta, azkenean, 1993. urtean ezkondu ziren.
Mertonek eta Zuckermanek zientziaren soziologia landu zuten. Komunitate zientifikoaren egitura, harremanak eta sozializazio prozesuak izan zituzten aztergai baina ez zioten erreparatu sasoi hartan komunitatean antzeman zitezkeen genero desberdintasunei. 25 urte beranduago, 1993. urtean, Margaret W. Rossiter zientziaren historialariak dakarkigu Mertonen eta Zuckermanen arteko pasadizoa, emakumeak zientzian pairatu duen diskriminazioa azaltzeko.
Margaret W. Rossiterrek emakumeek zientzian sufritu duten errepresio sistematikoa definitu zuen Harriet Zuckerman eta Matilda Joslyn Gage, emakumeen eskubideen aldeko aktibista, gogoan izanik. Horrela, emakumeak zientzian bizi izan duen diskriminazioari "Harriet/Matilda efektua" deitu zion, nahiz eta egun Matilda efektua deritzogun. Matilda efektuak diskriminazioa eta baita ere, emakumeak zientzian egindako ekarpenen ukapena azalarazten du, non, sarri askotan, haren lanaren jabetza gizonezkoari ematen zaion. Rossiterrek hainbat diskriminazio mota bildu ditu: senarrarekin batera artikulu zientifikoak sinatzen dituzten emakumeen ahaztura; lantaldean isolatuak izan diren emakume ikertzaileak; ekarpen zientifikoak gutxiesteko asmoz, ospe txarra pairatu duten ikertzaileak; ekarpenak lapurtu dizkioten zientzialariak; lanpostu batera aurkeztu eta, curriculum pobreagoa duten gizonezkoen aurrean, baztertuak izan diren emakumeak edota, datu-base zientifikoetan, euren izenaren eta abizenaren lehen hizkiaz identifikatuak egon diren emakume egileak. Azken honen ondorioz, bilaketa emaitzetan oso zaila zen euren izenak eta presentzia antzematea.
Mertonek Bibliako izen bat hartu zuen jada errekonozimendua duten zientzialarien gehiegizko goraipamenei azalpena emateko. Rossiterrek, aldiz, XIX. mendean emakumeen eskubideen alde egin zuen aktibista baten izena hartu zuen, zientzian emakumeek bizi izan duten errekonozimendu eza definitzeko. AEBtako zientziaren historialariak sarritan azpimarratu izan du, beharrezkoa dela emakumeek zientzian sufritu duten diskriminazio sistematikoa onartzea eta aitortzea, aurrera begira historiaren lerroak modu egokian idatz daitezen. Zientziaren historiak zientzialarien ekarpenak eta izenak jaso beharko lituzke zuzen eta artez, bidean izan ditugun Matilda guztien oroimena gogoan hartuz.
Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da. | science |
zientzia_kaiera-10efe357b8a3 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/02/izarren-hautsa-2/ | Izarren hautsa | Javier San Martín | 2014-10-02 00:00:00 | Izarren hautsa
Javier San Martín
Bideo honetan, Emilio García (IAA-CSIC) eta Susana Escudero (Canals Sur Radio) dibulgatzaile bikainak agertzen dira, izarren barruan elementu kimikoak nola sortzen diren azaltzen.
Stardust espazio-ontzia (hitzez hitz, izar-hautsa espazio-ontzia), izarren hauts hori aztertzeko lan-tresna nagusia izan da ikerlarientzat luzaro.
1999ko otsailaren 7an igorri zen espazio-ontzia, Cabo Cañaveraletik (Florida), Delta II kohetearen barruan. Partikula-laginak hartu nahi zituzten 81P/Wild kometaren adatsean. Wild 2 izena ere bazuen kometak, eta Jupiterrerako bidearen erdialdean laginak hartu eta Lurrera itzuli nahi zituzten, kapsula batean. Kapsula honek lur hartu zuen Utahko basamortuan, 2006ko urtarrilaren 15ean.
Baina espazio-ontziaren lana ez zen hor bukatu, eta beste gauza baterako birkonfiguratu zuten: Stardust-Next izeneko topaketa bat egin nahi izan zuten espazio-ontziaren eta Tempel-1 kometaren artean. NASAk, bere burua goraipatzeko egin zuen, rendez-vous edo maitasunezko hitzordu modura iragarriz topaketa. 2011ko otsailaren 14an egin zuten.
Eta gauza gehiago egin zituen Stardustek. 2002an, Annefrank asteroidearen gainetik igaro zen. Orain, Science aldizkarian joan den ostiralean plazaratutako alean, zientzialariek esan dute beren ustez estreinako aldiz aurkitu dituztela izar arteko esparrutik eguzki-sistemara iritsitako hauts partikula kosmiko garaikideak.
Partikula hauek biltzeko, nolabait esateagatik, arrantzan atera behar izan zuen espazio-ontziak. Eguzki-sisteman zehar zihoala hartu zituen partikulak, 2000. urteko udaberrian eta 2002. urteko udan. Ohi bezala, sareak hedatu eta espero ez diren objektuak harrapatzen dira, besteak beste espazio-ontzien 50 hondar.
Izugarrizko aurkikuntza da baina zientzialariak ez zebiltzan horren bila. Berez, kometetatik hartutako hauts partikulak lortu nahi zituzten, izarren arteko esparrutik etorriak izango zirelakoan.
Partikulak asko izan ziren, 100 milioi gutxi gorabehera, eta horren ardura zuten zientzialariek laguntza eskatu behar izan zieten hainbat borondatezkori. 30.770 kidek lagundu zuten partikulak lokalizatzeko eta banatzeko lanetan, hau da "lastotik hauts garauak" bereizteko lanetan.
Stardusteko hautsa harrapatzea lan bitxia da, eta bitxiak dira horri egiteko erabili izan dituzten sareak. Bere egituran, bi alde dituzte. Alde batean, Wild-2 kometara hurbiltzen zihoazela harrapatzen zituzten laginak hartzen ziren, kometatik 149 km-ra. Beste aldean, espazioaren huts ia absolutuan gertatutako talkak erregistratzen zituzten, izar arteko hauts laginak aurkitu nahirik.
Horretarako, espazio-ontzia egokiro orientatu eta hauts partikulei talka egiten utzi, besterik ez zen egin behar. Hori dela, lan horren alderdi oso garrantzitsua zen partikulen abiadura jaitsaraztea. Ahal bezainbeste saihestu behar zen igurztea, bero handiegirik ez sortzeko, eta ondorioz partikulen forma eta konposizio kimikoari ez eragiteko. Areago, partikulak lurrunaraztera ere irits liteke bero hori.
Probak ez galtzeko, laginketa-bilgailu berezi bat diseinatu zen: 1.000 cm2-ko azalerakoa, tenis-sarepala itxurakoa eta aluminiozko gelaxkaz osatua. Bilgailuan ezaugarri oso bereziak zituen materiala zegoen: aerogela. Silizioan oinarritutako solidoa den aerogel honek, beirarena baino mila aldiz txikiagoa den dentsitatea du, eta belaki itxura dauka, poroak eta guzti. Bere bolumenaren %99.8a, hutsik dago.
Partikulak, aerogela kolpatu eta bertan "lurperatzen" dira, arrasto bat utzita. Azenario itxurakoa omen du arrasto horrek. Balen aurkako txaleko batean bezala, partikula bere abiadura gero eta gehiago moteltzen doa aerogelean zehar. Bere arrastoa utzita, azkenean partikula gelditu egiten da, aerogelean harrapatuta.
Partikulak giza ilea bezain meheak dira, eta zientzialariek, balaztatze baten arrastoaren antzeko zerbait ikusi dute partikulen arrasto horietan. Edonola, arrastoak oso lagungarriak dira partikulak beraiek lokalizatzeko.
Orain arte bildutako partikula guztien artean, zazpi izan dira zientzialarientzat bereziki interesgarriak izan direnak. Andrew Westphal, fisikari modura ari da lanean Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) Zientzia Espazialen Laborategian, eta bere hitzetan, " garau handienak, esponjatsuak dira, elur malutak bezala; garau txikienek oso konposizio kimikoa eta egitura desberdinak dituzte. Zazpi partikula horietatik bi handienak material kristalinoz osatuak daude; material hori burdina edo magnesio-silikato bat da, olibino izenekoa. Hori dela eta, pentsa genezake izar arteko esparruan eraldatuko zirela eta beste izar batzuen inguruko eraztunetatik etorritakoak izango zirela partikulak. Edonola, hasieran uste genuen baino bilakaera korapilatsuagoa eta anizkoitzagoa izango zuen izar arteko hautsak".
Partikula hauetako biri, izena eman zaie: Orion eta Hylabrook. Sakonago aztertuko dituzte bi hauek, eta oxigeno isotopoaren kantitatea finkatuko dute, eguzkiz kanpoko jatorriaren aldeko ebidentzia gehiago aurkitzeko.
Hala eta guzti, zientzialari guztiek diote proba gehiago egin behar direla, eguzkiz kanpoko esparruetatik heldutako hondarrak direla baieztatu baino lehen. Benetan handik etorri badira, izar arteko hautsaren bilakaera ulertzeko laguntza eman liezagukete partikulek.
Oraindik ere, aztertzeke dago gutxi gorabehera Stardusteko aerogelezko panelen erdia, eta Westphalek uste du dozena bat hauts partikula besterik ez dutela aurkituko.
Westphal, Andrew J. et al (2014) Evidence for interstellar origin of seven dust particles collected by the Stardust spacecraft. Science Vol. 345 no. 6198 pp. 786-791. DOI: 10.1126/science.1252496
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-693adc52f53d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/10/01/nobel-sariak-apustu-egiteko-ordua-da/ | Nobel sariak: apustu egiteko ordua da | Amaia Portugal | 2014-10-01 00:00:00 | Nobel sariak: apustu egiteko ordua da
Amaia Portugal
Hedabide orokorretan zientzia inoiz protagonista bada, urriko lehen egunotan izan ohi da, hemen baitira Nobel sariak. Hilaren 6an, 7an eta 8an emango dute, hurrenez hurren, Medikuntza/Fisiologia, Fisika eta Kimikaren alorreko garaikurren aurtengo jabeen berri.
Iaz inor ez zen harritu duela 50 urte Higgs bosoia irudikatu zuten ikertzaileek Fisikaren Nobel saria irabazi zutenean, baina gutxitan izaten da hain garaile argirik. Dena dela, AEBtako Thomson Reuters agentziaren kinielek maiz izan dute arrakasta azken hamarkadan. Izan ere, 2002tik, zientziaren hiru alor horietako 13 sari eta 25 saridun asmatu dituzte bete-betean.
Egiten duten iragarpena ez da ausazkoa, ez eta subjektiboa ere. Badago metodo bat haren atzean: hautagaion artikulu zientifikoei erreparatu eta beste ikertzaile batzuek horien aipamena zenbatetan egin duten aztertzen dute, bai eta aipamenak zeinek egin dituzten ere. Ez alferrik, aurretik garaikurra jasotakoek izaten dute zeresana haien oinordekoak aukeratzeko orduan, eta beraz, haien aipamena bereziki baliotsua da. Kantitatea ez ezik, kalitatea gakoa da hemen.
Horiek eta beste zenbait irizpide kontuan hartuta, hona hemen Thomson Reutersek aurtengo Nobel sarietarako proposatu duen kiniela.
Genomaren sekuentziazioari buruzko aurreneko lanetan, ikertzaile askok baieztatu zuten gizaki guztion DNA berdina dela %99ko proportzioan. Michael H. Wigler, Charles Lee eta Stephen Scherer genetistek duela hamarkada bete egindako ekarpenek gezurtatu egin zuten uste hori. Genomaren zati handi batzuetan bikoizketak daudela erakutsi dute, eta aldaera horiek desberdintasunak dakartzate batzuen eta besteen DNAren artean. Gainera, bariazio horietako batzuek eskizofrenia, autismoa eta beste zenbait gaitzekin lotura izan dezaketela egiaztatu dute, eta gaixotasun horien inguruko ezagutza handitzen lagundu, beraz.
Kinieletan aspalditik ageri diren beste hiru ikertzaile dira James Darnell, Robert Roeder eta Robert Tjian. Nola osatzen da organismo bat? Zergatik hartzen dute zelula batzuek egiteko bat eta beste batzuek bestea, oinarrian denek gene berak badituzte? Genetika molekularraren oinarrizko galdera horiei begira egin dute lan hiru ikertzaileok. Geneen erregulazioa nola gertatzen den argitzeko bidean jarri dute haien alea. Ezinbesteko jakintza, esaterako, inoiz diabetesa eta beste zenbait gaitz sendatzeko terapiarik garatuko bada.
Oinazeak eta beroak bat egiten dute batzuetan; esaterako, piper oso min bati hozka egiten diogunean. Lotura horri helduta, ekarpen garrantzitsua egin zuen David Julius ikertzaileak, 90eko hamarkadan batez ere. Tenperatura antzemateko funtzionamendu molekularrak nola lan egiten duen aztertuta, mina kudeatzeko estrategietan aurrerapenak lortzen lagundu du.
Peidong Yang ikertzailearen ibilbidea 2001etik aurrera hasi zen nabarmentzen bereziki, baina nahikoa izan da Fisikaren Nobel sarirako hautagai izateko. Nanoharien fotonikan aditua da, eta hortik abiatuta, gisa honetako lehenengo nanolaserraren egilea ere bai. Energia fotovoltaikoaren alorrean ere badute aplikazioa bere ikerketa lanek.
Ferroelektrizitatearen eremuan egin dute ekarpena Ramamoorthy Ramesh, James F. Scott eta Yoshinori Tokurak. Zenbait materialek duten propietate horri etekina nola atera asmatu dute hiru ikertzaileok; ordenagailuen eta beste zenbait gailu elektronikoren memoria biltegia handitzeko, esaterako.
Ordenagailuekin, eta batez ere konputazio kuantikoarekin, du zerikusia Charles L. Kane, Laurens W. Molenkamp eta Shoucheng Zhangen ikerketa alorrak ere. Isolatzaile topologikoekin egin duten lanak konputazioaren abiadura azkartzeko balio lezake.
Azken urteotan kiniela askotan agertu den ikerketa gai bati dagokio Kimikako Nobel sariaren lehen hautagaitza: OLED edo diodo argi igorle organikoa, LED teknologiaren ondorengoa. Ching W. Tang eta Steven Van Slykek sortu zuten, eta haien ekarpenari esker ditugu gaur egungo telebista, tablet eta bestelako zenbait gailuren punta-puntako pantaila ikusgarriak.
Charles Kresge, Ryong Ryoo eta Galen Stuckyri zor diegu material mesoporotsu funtzionalen diseinua. Bi eta berrogeita hamar nanometro arteko zabalerako poroak dituzten objektuei deritze mesoporotsu. Ezaugarri horiek direla eta, barne azalera handia duten materialak dira, eta oso aplikazio baliagarriak dituzte gaur egun. Esaterako, farmakologian, biosentsoreen sorreran zein bioteknologiari lotutako beste zenbait alorretan.
Hirugarren hautagaiek polimero industrialen alorrean egin dute ekarpena. Graeme Moad, Ezio Rizzardo eta San H. Thang dira, eta RAFT polimerizazio prozesuaren garapenean egindako lanak jarri ditu Nobel sarien bidean. Propietate kimiko oso zehatzak dituzten polimeroak sintetizatzeko metodo honi esker, kosmetikoen, bioteknologiaren eta itsasgarrien munduko aplikazioak hobetzea lortu da.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-297ecdca476e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/30/paseo-bat-euskal-kostaldean-barna-olagarroaren-bila/ | Euskal Herriko kostaldean barna olagarroaren bila | unknown | 2014-09-30 00:00:00 | Euskal Herriko kostaldean barna olagarroaren bila
Xabier Mina Ederra itsas zientzietan lizentziatua da. Urteetan zehar Kantauri itsasoaren bizitza eta xehetasunak jasotzen dituzten hainbat argitalpenetan parte hartu du haren argazkiekin.
Xabier (Txabi), Mutrikuko Akuikultura Eskolan irakaslea izan da, itsas argazkilaria eta kameralari da. Bere argazkiak, esaterako, Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoan aurki daitezke eta baita ere, 2010ean argitaratu zen Flysch Algorri Mendata liburuan. Deba eta Zumaia arteko kosta lerroak gordetzen duen ondarea jasotzen duen argitalpena.
Kantauri itsasoan dauden scorpaenidae familiako arrainen argazkiak, adibidez krabarroka arrunta, sparidae familiakoenak edota olagarroen argazkiak argitaratu ditu hainbat argitalpenetan. Azken hau, olagarroa, da gure gaurko protagonista.
2012an Zumaiako udalak argitaratu zuen Zumaia eta Olagarroa liburuan hartu zuen parte itsas argazkilariak. Liburu honetan olagarroaren biologia eta hazkuntza; Zumaia eta olagarroaren arteko harremanaren jatorri historikoa eta eta XX. mendeko olagarrozaleen ikerketa antropologikoa lantzen da.
Duela egun batzuk argazkilariak lan berri bat plazaratu du, "Olagarroaren bila" bideoa. Euskal kostaldean hartutako irudiekin osatutako lan honetan, Xabier Mina itsasoan barna dabilkigu olagarroa aurkitu nahian eta, bidean aurkitu dituen animaliak eta landareak erakusten dizkigu lan eder honetan. | science |
zientzia_kaiera-a5d3a87a0ebb | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/29/aldizkako-hipoxia-egoeren-onurak-osasunean/ | Aldizkako hipoxia estimuluen onurak osasunean | unknown | 2014-09-29 00:00:00 | Aldizkako hipoxia estimuluen onurak osasunean
Hipoxia gorputzak oxigeno egokirik jasotzen ez duen egoerari esaten zaio. Egoera hori modu naturalean lor daiteke, 3.500 metroko altuera duen mendi batera igota edota hipoxiako estimulua jasotzea hipoxiako denda edo kamera estanko baten sartuz, eta arnasten dugun airearen oxigeno kantitatea gutxitzen badugu konpresore baten bidez.
Hipoxia egoeren aldizkako estimuluei buruzko ikerketa gauzatu dute Elcheko Miguel Hernández Unibertsitateko Kirol Ikerketa Zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Lortutako emaitzen arabera, ikusi dute estimulu horiek argaldu egiten dutela, eta osasuna eta kirol errendimendua hobetzen dutela ere.
Miguel Hernández Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko K2 kirol zentroko Aldizkako Hipoxia Egoeran Nutrizioko eta Entrenamendu Fisikoko Zerbitzuen Unitatearekin jardun dute lankidetzan, EHUko Aritz Urdampilleta Otegui ikertzailearen zuzendaritzapean. Mendiko korrikalari eta alpinista batzuen lagin bat hartu zuten azterketa esperimental bat aurrera eramateko.
Hiru astez aldizkako hipoxia egoeran jarri zituzten kirolariak hipoxiako denda batean, kirola egiten. Ikertzaileek kontroladoreen bidez oxigeno maila zehatzak mantentzen zituzten eta odoleko hemoglobinaren oxigeno saturazio maila kontrolatzen zuten bitartean. Hipoxia estimuluez gain, dieta eta elikadura gehigarriak konbinatu zituzten aste horietan eta lortutako emaitzek adierazi dute, pisu gehiago galtzen dela modu horretan. Ikerketa egin zenean, pisua galtzeaz gainera, kirol errendimenduan hobekuntza nabarmena lortu zen, eta globulu gorrien eta hemoglobinaren kopuruek gora egin zuten; horrela, errekuperaziorako gaitasuna hobetu zen eta Mendiko Gaitz Larriaren prebentzio hobea lortu zen. Hau, alpinismorako eta elitezko himalayismorako aurrerakuntza da, bai eta goi mendietara doazen turisten segurtasunerako ere.
Ikerketan kirolariei pisua galtzen laguntzeko protokolo baliagarria sortu da, bai eta aplikazio klinikorako eta nagusitzen diren patologietarako ere, besteak beste, gizentasunerako. Izan ere, beste aldagai fisiologiko batzuek hobetzen direla ikusi da, esate baterako, beherakada arteria presio sistemikoan, SaO2ren hobekuntza loan edo odol laktatoaren mailen gutxitzea intentsitate erlatibo berdinera.
Protokolo honen aplikazio klinikoak etorkizun handiko ikerketa ildoa zabaltzen du. Hori dela eta, osasunerako eta kirolerako izan ditzakeen aplikazioak ikertzen jarraituko du ikerketa-taldeak. | science |
zientzia_kaiera-e96f24d3d63d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/28/asteon-zientzia-begi-bistan-26/ | Asteon zientzia begi-bistan #26 | unknown | 2014-09-28 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #26
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Udazkenean sartu garenez, logikoa dirudi ez dugula jada beroaren eraginez izerdi gehiegirik botako. Izerditzea, giza gorputzak tenperatura erregulatzeko duen sistema da. Baina pertsona askorentzat arazo bat da, batez ere termometroa 30 ºC-tik gora igotzen denean, gehiago izerditzen baikara. Jabier Agirrek Argia aldizkarian izerdi gehiegi botatzen dugunean zer egin azaltzen digu: Izerditzea mesedegarria da?
Jon Ander Galarraga biologoak konpost-gailuen egitura, ezaugarrien eta sekretuak kaleratzen dihardu Konpostazank blogean. Asteon, konpostaje perfektu bat lortzeko beharrezkoa den osagai bati erreparatu dio, egituratzaileari. Egituratzaileak bi funtzio du prozesu honetan: hezetasuna kontrolatzea eta egitura bat eman. Baina guztiaren berri izateko, jo Egituratzailea artikulura.
Ezaguna egingo zaigu infoxikazioa terminoa. Hau da, jasotzen dugun informazio kopuru handi bat itogarria izan daiteke egoki ez bada kudeatzen. "Intoxikatu" egin ahal gaitu. Egoera hori genetikara eramaten du Koldo Garcia biologoak Edonola blogean. Azaltzen digunez, informazio genomikoa beste edozein informazio prozesatzea bezalakoa da, baina kantitate handitan. Eta hori egiteko, gaitasun handiko konputazio programak erabiltzen dira: Informazio guzti hori kudeatzen.
Tarte labur baten informazio kopuru gehiegik jasotzeak burukomina ere sor ditzake. Gaitz hau okil berdeak ere pairatu beharko luke, kontuan hartuz gero egunean zehar milaka kolpe lehorrak ematen dituela, 0.5-1 milisegundokoak, enbor baten kontra osasuna galdu gabe. Buruko min bat bera ere izan gabe. Antonio Cantó dibulgatzaileak kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean giza burmuineko zauriak ekiditeko moduak aurkitzeko asmoz zientzialari txinatar batzuek okil berdearen osasuna aztertzen dabiltzala: Zergatik ez du okil berdeak burmuineko zauririk pairatzen?
Bitxia baldin bada okil berdeak buruko minik ez pairatzea, bitxia da ere Aranzadi Zientzia Elkarteak kontatzen diguna. Abuztuaren 6an, Aljeriako petrolio enpresa bateko langile batek, urtebete lehenago Plentzian eraztuna ipini zioten zikoina bat atera zuen dekantazio tanke batetik. Berreskuratutako zikoinaren istorioaz bat, Aranzadikoek zikoinekin egin duten lana azaltzen digute: Aranzadiren eraztuna duen zikoin baten berreskurapena Argeliako petrolio tanke batetik.
Elhuyar aldizkarian hainbat gairen berri eman digute egunotan. Alde batetik, Sahara uste baino bi bider zaharragoa dela. Iñaki Leturiak kontatzen digu nazioarteko ikerketa-talde batek, eredu matematikoak erabiliz, frogatu duela badirela 7-11 milioi urte Saharako basamortua sortzen hasi zela. Eta, montzoien zirkulazioan gertatutako aldaketak izan zirela lehortze prozesuaren eragileak. Horrez gain, medikuntza arloan eman diren azken aurrerapenen berri eman dizkigute. Harvard Unibertsitateko Wyss Institutuko ikertzaile-talde batek odola filtratuz hainbat infekzio-motari aurre egiteko gaitasuna duen bare artifizial edo biobare bat garatu dutela.
Bestalde, Ana Galarragak martxoan BICEP2 teleskopioaren datuen emaitzak kontrastatu eta berresteko lanetan diharduen Planck misioaren datuek inflazio kosmikoaren frogatzat jotako seinalea ezbaian jarri dutela azaltzen digu. Azkenik, Eider Cartonek AEBko gobernuaren Geologia Zerbitzuak Raton Arroan izandako lurrikaren zergatiak aztertzeko egindako lanen emaitzak azaltzen dizkigu. Hauen arabera, 2001etik izandako lurrikaren eragileak haustura hidraulikoaren hondakin-urak dira: Haustura hidraulikoaren hondakin-urak jo dituzte Estatu Batuetan izandako lurrikaren eragiletzat.
Berrian, Irene Arrizurieta kazetariak Marteren orbitan kokatu den Mangalyaan zundaren berri ematen digu. India Martera iritsi den laugarren herrialdea da eta Mision Mars Orbiter (MOM) izenarekin bataiatu duen misioak urte bat baino gutxiago behar izan du Marteko orbitara iristeko: Aurrenekoz Marteren orbitan. Horrez gain, Irenek, Europako negu hotzetik ihesi Afrikarantz abiatu diren hegaztiak Orreagako Hegaztien Migraziorako Interpretazio Zentrotik ikusi eta ezagutu daitezkeela azaltzen digu Lur epeletara elikagai bila artikuluan.
Lantalan blogean robot berezi bat aurkezten digute kTBot robota. Eureka Zientzia Museoko bisitariei laguntza eskaintzen die gidari lana eginez. kTBot era autonomoan mugitzen da eta duen TTS text-to-speech edo testu-ahots bihurtzaileari esker, aurretik finkatuta daukan testu bilduma batetik, egoeraren arabera aproposa den testua aukeratu eta berau sintetizatzen du kTBotek, jendeari hitz eginez. TTSa gaztelaniako eta euskarako testuak sintetizatzeko prestatua dago, beraz, kTBot elebiduna da: Eureka Zientzia Museoko robot elebiduna.
kTBot robota komunikatzeko gai da eta Amaia Portugal kazetariak Zientzia Kaiera blogean komunikazioa izan du ere mintzagai. Kasu honetan esperimentu aitzindari baten berri eman digu, hainbat gailu eta metodoren laguntzaz eta zentzumenen bitartekotzarik gabe, aurrenekoz bi garunen arteko komunikazio zuzena ahalbidetu duen esperimentua: Garun arteko komunikazioa ez da telepatia bezain ikusgarria.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-8dd1b9a8d109 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/26/zientzialari-13-elena-agirre/ | Zientzialari (13) – Elena Agirre | unknown | 2014-09-26 00:00:00 | Zientzialari (13) – Elena Agirre
Arnasten dugun airearen kalitatea gure gizarteak ingurugiroarekiko duen kezka nagusietako bat da. Gure inguruko airearen kalitatea zelakoa den jakiteko aditu batekin izan gara. Elena Agirre Matematikaren didaktikako irakaslea da UPV/EHUn, eta baita AireKal taldeko ikertzaile nagusia ere. Bertan eredu matematikoak erabiltzen dituzte airearen kalitatea zein izango den aurresateko.
Elenak kutsatzaile nagusiak zeintzuk diren, gure osasunean duten eragina eta ozono kontzentrazioa ikertzearen garrantzia azaldu digu.
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean.
Zientzialari 13 – Elena Agirre from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-7c6cbdbd7e91 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/25/zergatik-ez-du-okil-berdeak-burmuineko-zauririk-pairatzen/ | Zergatik ez du okil berdeak burmuineko zauririk pairatzen? | Antonio Cantó | 2014-09-25 00:00:00 | Zergatik ez du okil berdeak burmuineko zauririk pairatzen?
Antonio Cantó
Giza burmuineko zauriak ekiditeko moduak aurkitzeko asmoz zientzialari txinatar batzuek, mekanika konputazionalean adituak direlarik, buru-belarri hasi dira kontu hau aztertzen, okil berdearen osasuna [1].
Hasteko, 1.500 g-ko dezeleratze bat izugarri handia da. Boxeolariez aritzen bagara, 11.4 milisegundoan zehar [2] 58 g-ko dezeleratze zeharkako bat lortzen du boxeolariak muturrean ostiko bat ematen dizunean. Amatxoek ematen dituzten zaplazteko azkar horietako batek 100 g-koa lor dezake. Eta hori azkar egiten dutenean, amak ez direlako olinpiadetako boxeolariak bezain sasoi onean egoten. Hala ere, ama batzuk azkarrak dira oso. Istripu-saioetan 127 g-ko dezeleratze gailurrak detektatu dira, beti ere zauri garrantzitsuak eragiten diren mugatik behera [3].
Eztabaidagai dago oraindik, eta kontua baldintzen arabera alda daiteke, baina onartu ohi da 200 g inguruan dagoela giza burmuinak kolpe bakar batean gehienez paira dezakeen azeleratze edo dezeleratze gailurra. Konparazio batera, futbolari batek 300 g-ko azeleratzea eragiten dio pilotari, eta beisbol-bate batek 3000 g-koa. Baina ohar gaitezen aurreko adibide hauetan guztietan kolpe bakar batez aritu garela, edo gehien batez kolpe batzuez, ama edo boxeolaria bizkor badabiltza. Hala ere, denok dugu gogoan boxeolari batzuk bertan seko gelditu direla, eta bai hainbat ume ere hilak gertatu direla, gurasoek gehiegizko kolpe bat emanda. Edo berdin-berdin gertatu direla esku hutsez emandako jipoi batek eragindako burmuin-zaurien erruz hildakoak ere. Eta burmuin-zauriak baizik ez zuten pairatu zorigaiztoko gizaki horiek. Zauriak behin eta berriz gertatzen badira etengabe, badakigu boxeolariak gutxienez dementzia pairatzera iristen direla.
Okil berdeak, aldiz, 600-1500 g-koa lortzen du, 20-25 aldiz segundoko. Kolpe lehorrak ematen ditu, 0.5-1 milisegundokoak, eta hor ari da lasai-lasai, bere txoriburu-osasuna galdu gabe. Buruko min bat bera ere ez. Nola lortzen du horrelakorik txori demonio honek?
Natura ama eta Eboluzio izeba aritu dira honetan, okilaren buruan oso makina eraginkorra lortzeko. Izan ere, txori honen buruak oso ondo barreiatzen edo disipatzen du energia, egungo kotxeek duten seguritate pasiboko sistemen antzera. Buru txikia du, eta bere begi-globoak handiak dira. Likido zerebroespinal gutxi du, eta entzefaloak, burezurrarekin estuki lotuta dagoelarik, tinko eusten die astinduei. Bestetik, burezurra osatzen duten hezur-plakak oso lotura malguez elkartuta daude, eta ondo xurgatzen dute energia. Gainera, mokoa baina lau aldiz handiagoa du hioide hezurra. Honek, sudur-zuloetan du hasiera eta burmuin osoa inguratzen du, ziurtasun-gerriko [4] bat izango bailitzan.
Lehenengo eta behin, txoriak tinko eusten dio enborrari, berarekiko ea kokapen paraleloa hartuz. Horrela, zut joko du enborra mokoaren bidez. Kokapen hau, zehatz-mehatz mantentzen du, oso garrantzitsua delako energia bere buruan zehar era jakin batera mugi dadin.
Gero, mugitzen hasten da. Enborra mokokatu baino segundo-milaren bat lehenago, erreflexu bat dela bide, itxi egiten zaizkio mintz niktitanteak. Mintz hauek, betazal gehigarri modura jokatzen dute, ikusmena galdu gabe igor daitezkeen enbor zatietatik babestuz. Ziurtasun-betaurreko ditu bada mintz niktitanteak. Sudur-zuloak ere luma bereziez estalitako zirrikituen antzerako zerbait dira, eta bertan ez da sartzen ez ezpalik, ez zerrautsik.
Gero, kolpeka hasten da. Mokoaren kanpoko aldea keratina garautxo batzuez osatua dago. Garauok elkarrekin estuki lotuta daude ezkata txikien antzerako sutura ondulatu batzuen bidez. Horrela, txoriak ondo euste die konpresio-indarrei. Ezkatek elkarrekiko igurzteen [5] bidez barreiatzen dute energia, eta izatez, inpaktu-xurgatzaile gisa jokatzen dute. Gainera, txoriaren burua eta mokoa ia erabat simetrikoak dira, eta horri esker, indarrak era orekatuan banatzen dira.
Presio-uhina, mokoaren goiko aldean sortzen da, beheko aldera joaten da, eta goiko zein beheko aldetik abiatuta sudur-zuloetara iristen da. Bertan gertatzen da gehienezko gainpresioa, hasierako inpaktutik 0.6 milisegundora; txoria mokoa enborretik aldentzen hasten denean gertatzen da gailur hori. 24 megapascaleko [6] presiora irits daiteke, nitrogenodun ongarriak bezalako lehergarriez egindako bonba baten antzera. Izugarria.
Baina burua enborretik urrundu ahala, gainpresio hau hioide hezurrean zehar barreiatu eta azkar jaisten da. Bi hamar-milaren segundo beranduago, presioa 3 megapascalera jaitsi da, bitartean presio-uhinek burua eta mokoa eragozpenik gabe zeharkatzen dituztelarik. Burmuinaren barruan, presioa ez da inoiz 30 kilopaskalera heltzen. Alegia, barruko presioa 100-1000 aldiz txikiagoa da. Energia gehiena burmuinaren inguruan barreiatzen da, ez burmuinaren barruan. 20 milisegundo beranduago bukatzen da mugimendua, eta une horretarako barreiatua dago dagoeneko ia energia guztia.
Baina nola barreiatzen da energia hori? Funtsean, bero modura. Horregatik uzten dio okilak mokokatzeari tarteka: gehiegi berotzen da eta atsedena hartu behar du, mokoka denbora labur batean ibili ostean. Gero, berriz ekiten dio lanari, eta horrela behin eta berriz egiten du bere bizitzako egun guztietan. Bizitzak berriro egin dio muzin muga orori.
[1] Zhu, Z.; Zhang, W.; Wu, C. (2014): Energy conversion in woodpecker on successive peckings and its role on anti-shock protection of brain. Science China / Technological Sciences, vol. 57, nº (7): 1269-1275. DOI: 10.1007/s11431-014-5582-5
[2] Walilko, T. J.; Viano, D.C.; Bir, C. A. (2005): Biomechanics of the head for Olympic boxer punches to the face.British Journal of Sports Medicine, 39:710-719. DOI: 10.1136/bjsm.2004.014126
[3] Guohua, L.; Baker, S. P. (eds.) (2005): Injury research: Theories, methods and approaches, págs. 125-126. Springer Science, ISBN 978-1-4614-1598-5. DOI: 10.1007/978-1-4614-1599-2.
[4] Hauserman, S.: Why don't woodpeckers get headaches?En Ask a Biologist, Facultad de Ciencias de la Vida de la Universidad Estatal de Arizona.
[5] Milius, S.: Woodpecker beaks divulge shock-absorbing properties. Science News, 6 de mayo de 2014.
[6] Zhao, D. Z.; Guo, J. M.; Cheng, W. W.; Zhen, C. (2012): Numerical study of the impact response of woodpecker's head. AIP Advances, 2, 042173. DOI: 10.1063/1.4770305
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-615818fb0da7 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/24/garun-arteko-komunikazioa-ez-da-telepatia-bezain-ikusgarria/ | Garun arteko komunikazioa ez da telepatia bezain ikusgarria | Amaia Portugal | 2014-09-24 00:00:00 | Garun arteko komunikazioa ez da telepatia bezain ikusgarria
Amaia Portugal
Lehen gainbegiratuan, irakurleari telepatia datorkio gogora, Bartzelonako Starlab laborategiko zenbait ikertzailek PlosOne aldizkarian argitaratu duten artikuluari erreparatzean. Baina hau ez da zientzia fikzioa, ikerketa baizik. Bi garunen arteko komunikazio zuzena ahalbidetu dute aurrenekoz, zentzumenen bitartekotzarik gabe. Dena dela, egiari zor, igorlearen mezuak ez du besterik gabe bere burutik hartzailearenera jauzi egin: hainbat gailu eta metodoren laguntzaz lortu dute helburua. Ez da balizko mezu telepatiko bat transmititzea bezain ikusgarria, baina erreala da.
Oinarrian, esperimentu honetan, Indian zegoen lagun batek kaixo pentsatu zuen, eta Frantzian zegoen beste batek garunean jaso zuen mezua. Baina laburpen horren atzean xehetasun asko dago. Izan ere, hasteko, mezuaren igorleak zein hartzaileak gailu bat zuten burmuinari konektatuta. Hala, ikerketan parte hartzen ari zen Indiako lagunak pentsatutakoa pultsu elektriko bilakatu zuten, bai eta agur hori, kodetuta, Frantziara Internet bidez iritsi ere. Bertan, prozesua atzekoz aurrera itzuli eta hala lortu zuten bigarren parte hartzaileak mezua jasotzea.
Hala ere, ikerketa alor honetan asko dago egiteke oraindik. Horregatik, ezin esan igorleak pentsatu eta bidali zuen mezua kaixo zenik zehazki, kaixo hitzaren itzulpen binarioa baizik. Hau da, informatika lengoaiari jarraiki, 1 eta 0 zifrez jositako kode bat izan zen, benetan, hartzaileak jaso zuena. Oraingoz gisa horretako oinarrizko metodoekin besterik ezin dira egin halako esperimentuak.
Eta ez hori bakarrik. Igorleari burmuina irakurrarazteko jarri zioten gailua ez da gai, gaurtik gaur, pertsona bat 0 edo 1 zifra pentsatzen ari ote den antzemateko, besterik gabe. Baina badu ahalmena bereizteko, adibidez, subjektuak noiz pentsatu duen oinak mugitu nahi dituela, eta noiz eskuak.
Hain zuzen ere, gaitasun hori baliatu zuten esperimenturako: 0 bat igorri behar zenean, Indiako mezulariak oinak mugitu nahi zituela pentsatzen zuen, eta 1ekoa igorri behar zenean, eskuak. Horietako bakoitza komunikatzeko 30 segundo behar izan zituzten guztira, eta hala osatu zuten hitz bakar bat irudikatzen duen kode binario osoa.
Hartzaileak mezua prozesatzeko egin beharreko bidea ere ez zen nolanahikoa izan. Frantzian zegoen lagun honek estalita zituen begiak, eta garunari lotuta zuen gailuak fosfenoa eragiten zion, kode binarioaren arabera 1eko bat iristen zen bakoitzean. Fosfenoa argi orban moduko bat ikusarazten duen fenomeno bat da, eta garun kortexean estimulazio mekanikoa, elektrikoa edo magnetikoa izaten denean gertatzen da. Hori horrela, nahiz eta begiak itxita izan, hartzaileak flash moduko bat ikusten zuen 1eko bat transmititzen zioten bakoitzean, eta ezer ez 0 bat bidaltzen ziotenetan. Hala, kode binarioa interpretatu eta mezua jasotzen zuen.
Ikertzaileok onartu dute garun arteko komunikazio zuzena ahalbidetzeko metodo hau oso mugatua dela, baina artikuluan adierazi bezala, kontzeptu proba edo proof of principle da honakoa; praktikan egingarria izan badela egiaztatzen du, behintzat.
Gainera, Starlab laborategiko kideok honakoa diote artikuluan, etorkizunari buruz: "Gehiago garatutako gisa honetako inplementazioek ikerketa esparru berriak zabalduko dituzte neurozientzia kognitibo, sozial eta klinikoan eta kontzientziaren ikerketa zientifikoan. Egunen batean, hiper interakziorako teknologiek inpaktu sakona izango dute gure zibilizazioaren egituran, eta eztabaida etiko handiak eragingo dituzte. Hala iruditzen zaigu".
Grau C, Ginhoux R, Riera A, Nguyen TL, Chauvat H, et al. (2014) Conscious Brain-to-Brain Communication in Humans Using Non-Invasive Technologies. PLoS ONE 9(8): e105225. doi: 10.1371/journal.pone.0105225
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-b220d1fa0937 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/23/zientzia-dosi-txikiak-umorez-eskainiak-naukas-bilbao-2014/ | Zientzia dosi txikiak umorez eskainiak: Naukas Bilbao 2014 | unknown | 2014-09-23 00:00:00 | Zientzia dosi txikiak umorez eskainiak: Naukas Bilbao 2014
Uda amaitu ondoren eta udazkenari ongietorria emateko, asteburu honetan, irailaren 26an eta 27an gonbidatuak gaude Bilbon egingo den zientzia-dibulgazio ekitaldi interesgarri batera: Naukas 2014. Zientzia modu errazean gizarteratzea helburu duen ekitaldiaren 4. edizioa da aurtengoa eta, naukas.com plataforma eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik datorkigu.
Bilbao Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan ostiral eta larunbatean zehar, hamar minutuko 50 hitzaldi inguru entzun eta dastatzeko aukera izango ditugu. Zientzia dosi txikiak eskainiko dizkigute oholtzara igoko diren zientzia dibulgatzaileek. Umorea erabiliz, hainbat gai zientifikoei buruzko ikuspuntuak eskainiko dituzte.
Estatu osoko hizlariek hartuko dute parte Naukas ekitaldian eta horien artean, Euskal Herriko hainbat izango ditugu. Esaterako, Nafarroako Unibertsitatean irakaslea den Ignacio López Goñi mikrobiologoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle den Joaquín Sevilla fisikaria edota UPV/EHUn diharduen Itziar Laka hizkuntzalaria. Horiez gain, Iruñeko Planetarioko zuzendaria den Javier Armentia, Bergarako Aranzadi Ikastolako irakaslea den Manu Arregi edota EHUn ikertzen dabilen Ana Aguirre genetista ere entzun ahal izango ditugu. Kazetaria den José A. Pérezek ikuspegi kritikoa jarriko dio hedabide eta zientziaren arteko harremanari eta Julián Estévez eta Iñaki Úcar ingeniariek, batek, Googleren kotxeari, eta besteak, gertatuko ez omen ziren hainbat gertakizunei erreparatuko diete.
Hitzaldiez gain, lau zientzialari ezagun elkarrizketatuko dituzte zuzenean Naukas ekitaldian. Ostiralean, Antonio Martínez Ron kazetariak Juan José Gómez Cadenas fisikaria elkarrizketatuko du eta Miguel Artime informatikariak Airbus Taldeko Defentsa eta Aireko sailean diharduen Otilia Castro Matías. Larunbatean, Javier Pelaézek eta Juan Ignacio Pérezek auzitegi medikuak diren Miguel Botella eta Pako Etxeberria elkarrizketatuko dituzte.
Zientziaz gozatzeko aukera izango dute umeek ere Naukas Kids saioan. 6 urtetik gorako umeei zuzenduta, ostiral arratsaldetik larunbat arratsaldera, 9 hitzaldi didaktiko eskainiko dituzte txikientzako. Entzun, galdetu eta esperimentatzeko aukera izango dute gaztetxoek, zientzia hurbiletik dastatuz.
Ekitaldia doakoa da eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Bertara hurreratzen denak "Emakumea eta zientzia: mundua aldatzeko 13 izen" erakusketa ikusi ahal izango du ere. 13 emakume ikertzaileen historia eta hauek egindako ekarpenak plazaratzen dituen erakusketa.
Asteburuan, planik ez baduzu etorri Bilbora zientziaz gozatzera. Umeentzako zein helduentzako, Naukas 2014. | science |
zientzia_kaiera-88ee9d013631 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/22/elikagaien-segurtasunari-buruzko-albisteen-oihartzuna-prentsan/ | Elikagien sergurtasunari buruzko albisteen oihartzuna prentsan | unknown | 2014-09-22 00:00:00 | Elikagien sergurtasunari buruzko albisteen oihartzuna prentsan
2013an hedabideek elikagaien segurtasunari buruzko bi gai nabarmenen berri eman zuten: zaldi-haragiaren krisia eta Nafarroako ospitale publikoetako elikagaietan aurkitutako E. Coli bakterioaren arrastoena. Lehen kasuan, banaketa-kate bateko hanburgesetan EBko behi-haragiak behar zuenean, zaldi-haragiaren trazak antzematerakoan sortu zen. Bigarren kasuan, Nafarroako ospitale publikoetako elikagaietan gorozkien hondakinak izan zitezkeenak aurkitu ondoren sortu zen. Hedabideek gertakizun biak "elikagaien arriskua", "elikagaien segurtasuna" edota "elikagaien industria" gaiekin lotu zituzten.
Egun, elikagaien segurtasunari buruzko gaien iturri nagusiak dira komunikabideak. Gizarteak honen bidez jasotzen duen informazioarekin lantzen du gehien bat elikagaien segurtasunari buruzko pertzepzioa. Eta nola lantzen dute elikagaien segurtasuna hedabideek? Galdera honi erantzuteko, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak, Elikak, eta UPV/EHUko Komunikabide Idatzien Diseinuei eta Edukiei buruzko Ikerketa Taldeak, Mediaikerrek, EAEko prentsan elikagaien segurtasunaren tratamendua nola lantzen den aztertu dute.
EAE da prentsa-kontsumorik handienetakoa duen autonomia erkidegoa eta azterlan hau egiteko EAEn argiratutako egunkari inprimatu guztiak aztertu dituzte ikertzaileek, bai eta estatu-mailako bi egunkarik dituzten edizioak ere. Soilik edizio idatziak aztertu dira eta ez egunkari digitaleko albisteak. Zehazki, honako hauek izan dira aztertutakoak: El Correo, Diario Vasco, Deia, Noticias de Gipuzkoa, Diario de Noticias de Alava, Gara, Berria, El País (EAEko edizioa) eta El Mundo (EAEko edizioa). Aipatutako bederatzi egunkariek EAEko irakurleen %88,6 hartzen dute, eta ehuneko hori %96,5ekoa da, kirola-argitalpenak kontuan hartzen ez badira.
Guztira elikagaien segurtasunari buruzko 1.803 albiste argitaratu ziren 2013an, aztertutako bederatzi egunkarietan. Hau da, batez beste hileroko 150,2 berri eta eguneko 5. Ikerketaren arabera egunkarietan agertutako albiste kopurua ez da oso handia eta espezializazio arloarekin gauza bera gertatzen da. Aztertutako egunkarietan ez dago elikagaien inguruko espezializazio handirik "gaian adituak direnen portzentajea %6,7ra igo da (iazkoaz alderatuz) baina oraindik eskasa da, 388 kazetari 959 albiste editatu baitzituzten. Bakoitzak 2,5 testu urteko idatzi zituen, 1,86 2012an, eta 34 erredaktorek sei berri edo gehiago sortu zituzten", azaldu du ikerketa taldeko kidea den, UPV/EHUko José Ignacio Armentia Vizuete katedradunak.
Informazioa emateko generoaren barruan, albisteen bidez landu ziren gehien bat elikadura-gaiak (%77,7), berri laburrak edo erreportajeen aurretik. Testuek jatorria hurbila izan da, berriak geografia-esparru autonomikokoak izan dira eta albisteen %65an agertzen dira informazioa jasotako iturrien aipamena. Kazetariek, batez ere, iturri pertsonalengana jotzen dute berriak lantzeko orduan. Aditzekoa da, oso gutxik jotzen dutela ikerketa-zentroengana edota zientzialariengana. Horrez gain, elikaduran espezializatutako zientzia-aldizkariak eta argitalpenak potentzial handiko iturriak diren arren, euren erabilera baxua izan da. 2013an soilik 97 albisteetan erabili ziren argitalpenak iturri gisa. Honako adituengana asko ez bada jotzen ere, ikerketan azaltzen da, joera goranzkoa dela.
2013an zehar, aurreko urtearekin alderatuta, elikagaien segurtasunari buruzko albisteen kopuru bikoitza argitaratu zen. Batez ere, nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako sektoreari lotutako edukiak nagusitu ziren. Eta elikagaien segurtasunaren arloko honako gaiak piztu zuten interes gehien: osasunak, nutrizioak eta alergiek. Izan ere, hauei buruzko albisteei eman zitzaien arreta handiagoa. | science |
zientzia_kaiera-53e633c971c6 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/21/zientzia-begi-bistan-25/ | Asteon zientzia begi-bistan #25 | unknown | 2014-09-21 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #25
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Begoña Calvok, UPV/EHUko Farmazia Katedradunak, UPV/EHUko Farmazia Teknologia Arloko PharmaNanoGene taldea zuzentzen du. Taldea 2006an hasi zen botika bioantzekoen arloa ikertzen. Bioantzekoak jatorriz oso garestiak diren hainbat botika bioteknologikoen kopia merkeagoak dira. Finean, botika biologikoak dira baina urriak dira oraindik. Arantxa Iraola kazetariak Begoña Calvo elkarrizketatu du Berrian botika hauei buruzko xehetasunak kontatzen dizkigute: Bioantzeko botika asko ekoizteko aukera izango da aurki: boom bat espero da.
Rosetta zundaren misioa abuztuaren 6an, 10 urteko bidaia egin ondoren, 67P/Churyumov–Gerasimenko kometaren orbitan jarri zen. Kometa baten orbitan jarri den lehen ontzia izan da eta horrez gain, azaroan Rossetaren Philae ontzia bidaliko dute kometara, bertan lur har dezan. ESAk jakinarazi duenez Philaek kometaren "J puntuan" hartuko du lur eta ez da izango erraza. Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: J izendatutako lekuan hartuko du "lur" Rosettaren Philae ibilgailuak.
Oihana Jauregik Elhuyar aldizkarian Jupiterren Europa ilargian ikertzaileek antzeman dutenari buruz hitz egiten digu. NASAren Galileo espazio-ontziak lortutako argazkiak erabiliz Europa ilargiaren 134.000 km² arakatu dituzte. Behaketaren ondorioz, zientzialariek uste dute, ilargiaren gainazal izoztuaren azpian mugimenduan dauden izotz-plaka erraldoiak daudela eta horren azpian, ozeano bat. Datu guztiak, Europa ilargian plaken tektonika aurkitu dute artikuluan.
Beñat Jauregik Lorratzetan blogean geneak ditu mintzagai. Geneen adierazpenari erreparatzen dio. Geneek duten informazio multzoari genotipoari eta honen adierazpenari, fenotipoari. Askotan genotipoa eta fenotipoa bat etortzen dira, baina beste batzuetan ez. Badago bien arteko loturan eragiten duen hirugarren faktore bat eta hori ingurua da. Izan ere, inguruak eragiten du genotipo batek fenotipo bat ala bestea garatzea, modu batera edo bestera adieraztea. Guztiau azaltzen digu Geneak eta inguru desegokia artikuluan.
Jon Ander Galarraga biologoak konpost-gailuen inguruan egiten diharduen ikerketen berri ematen digu Konpostazanak blogean. Oraingoan konpost-ontzi baten aurki daitezkeen zomorroen eraginei buruz hitz egiten digu, euliei buruz, eta zehatzago, soldadu eulien dituen onurei buruz. Euli hauen beldarrak oso jatunak dira eta materia organikoa kontsumitzen dute, konposterako onuragarria dena. Horrez gain, beste euli batzuk uxatzen ditu, esaterako frutako eulia eta euli arrunta. Lurraldetasuna konpostagailuan artikuluan ditugu gai bitxi honen xehetasun guztiak.
Euliek animalia gogaikarrien fama dute baina tentuz begiratuz gero, hainbat onura dituzte. Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean Ormia ochracea izeneko euli parasitoaren entzumenerako gaitasuna zein den azaltzen digu. Euli honen bi belarrien artean oso distantzia laburra dago, milimetro eta erdi. Ondorioz, ia denbora berean iristen zaizkio soinuak belarri bati eta besteari. Horrek arazoak ekarri ahal dizkio objektuen kokapenaz jabetzeko, adibidez, etsaien kokapenaz. Baina entzumen fina du eta antzematen ditu. Hori dela eta, zientzialariek euliaren entzumen-aparatua oinarritzat hartuta, gaitasun urriak dituztenentzat baliagarria izango den gailu bat diseinatu dute. Biomemiteka: euli-entzumena.
Pikuen sasoian hasi berriak gara eta, besteak beste, pikuak ematen dituen pikondoak dituen ezaugarri bati erreparatzen dio Jakoba Errekondok Argia aldizkarian. Pikondo bat zaurituz gero likido zuri bat isuriko du zauritik: esnea edo latexa. Latexa, ez da landarearen izerdia. Izerdiak fotosintesiarekin harremana du eta landarearen elikaduran berebiziko garrantzia du. Latexa ordea landarearen babeserako da. Bere izena "likore" edo "ardo kondar" esan nahi duen grekoko "λάταξ"-tik dator eta, horretaz jabetzen dira, honako landare bati hozka egiten dion animalia belarjaleak, sutan izango baditu ezpainak eta oiak. Kristoren esnea artikuluan datu interesgarri gehiago.
Guztiak ez, baina animalia belarjaleak ziren ere dinosauro asko. Dinosauroen aztarnak eman diguten informazioari esker animalia hauek ezagutzen joan gara. Baina zergatik desagertu ziren? Amaia Portugal kazetariak Edinburgoko Unibertsitateak zuzendutako ikerketa batek emandako emaitzak dakarzkigu Zientzia Kaiera blogean. Duela 66 milioi urte meteorito handi batek Lurra jo zuen, dinosauroen ekosistema egokitzapen fase betean zegoen orduan eta meteoritoak ez zien egokitzeko denborarik eman. Ondorioz, ez zuten aurrera egin. Izan ere, dinosauroak unerik txarrenean harrapatu zituen meteoritoak.
Dinosauroen iraganaz berriak baditugu, asteon gure arbasoei buruzko berriak ekarri ditu Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian: Europar gehienon arbasoak hiru taldetakoak zirela argitu dute. Nazioarteko ikerketa-talde batek 7.000 urteko Alemaniako nekazari baten eta 8.000 urteko Luxenburgoko eta Suediako zortzi ehiztari-biltzaileen genomak deskodetu dituzte. Horiek, eta lehendik deskodetuta zeuden antzinako hainbat genoma aintzat hartuta, gaur egungo 2.345 europarren genomekin alderatu dituzte. Azterketa genetiko horrek erakutsi du europar gehienon arbasoak hiru populazio-taldetakoak zirela: Europa mendebaldeko ehiztari-biltzaileak, ipar eurasiarrak eta Europako lehen nekazariak.
Edonora goazela nor ez da ibili WiFira konektatzeko seinalearen bila ibili? Behin aurkituta konektatzen gara baina ba al dakigu zer nolako sare motara atzitzen garen? Oporretako konexioak artikuluan WiFira konektatzerakoan kontuan izan behar ditugun segurtasuna eta bestelakoak plazaratzen ditu Julián Estévezek, EHUko irakasleak, Zientzia Kaiera blogean.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-dc21c17ec1f5 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/20/ezjakintasunaren-kartografia-32/ | Ezjakintasunaren kartografia #32 | unknown | 2014-09-20 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #32
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen asteon bertan plazaratu diren artikuluen laburpena.
Zientzia eta erlijioa etengabeko gatazka baten daude, ezta? Ba agian ez, agian interes komertzialak direla eta, edota XIX. mendean zientzialarien lanbideen alde hasitako irudi kanpaina bat dela medio, gatazkan daudela dirudi. Hau da Jaume Navarrok azaltzen diguna The conflict between science and religion as an "invented tradition" artikuluan.
Ba ote dago teoria ekonomikoaren arrakasta aurreikusi duen adibiderik? Egon badaude eta horietako bat da telekomunikazio-konpainien espektro elektromagnetikoen enkanteen emaitza. Beste kontu bat da enkante guztiek ez dutela arrakasta. José Luis Ferreirak kontatzen digu Economics and the success of the spectrum auctions-en.
Deskribatzen du zientziak errealitatea? Baietz pentsa dezakezu baina, nola argudiatzen duzu? Modu askotan ahalegindu dira hori argudiatzen filosofo ugari. Hilary Putmanen errealismo zientifikoaren aldeko mirari ezaren argudioa (edo hobeto esanda, miraririk ez) da ezagunenetarikoa. Jesús Zamorak argudio honen bestelako ikuspuntua eskaintzen digu On the no-miracle argument for scientific realism-en, non guztia baieztapen zientifiko baten zehazten da, ez filosofikoan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-f92d6fd48cc7 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/19/felisa-martin-1898-1974-igeldoko-behatokiko-meteorologoa/ | Igeldoko Behatokiko meteorologoa: Felisa Martin (1898-1979) | Uxune Martinez | 2014-09-19 00:00:00 | Igeldoko Behatokiko meteorologoa: Felisa Martin (1898-1979)
Uxune Martinez
Egun, zientziei eta jakintza-alorrei buruz dugun pertzepzioen artean, fisika "arlo gogorra" dela dirau. Fisikaz gain, kimikak eta matematikak ere irudi berdina ohi dute. Pertzepzio hauek, aldiz, ez zuten eragin handirik izan Euskal Herriko historiaren lehen emakume zientzialarien artean. Izan ere, gehienak fisika eta kimika gaietan jantziak ziren eta ibilbide profesionala garatu zuten arlo hauetan. Emakume horien artean dugu, 1926. urtean Fisikan doktoratu zen Felisa Martin Bravo donostiarra. Felisa, Estatu mailan, Fisikako doktoregoa lortu zuen lehen emakumea izan zen. Eta bestelako alor batzuetan ere, lehena izan zen.
Felisa Donostian jaio zen 1898ko ekainaren 11n eta bertan zegoen Institutu Orokor eta Teknikoan ikasi zuen Batxilergoa burutu arte. Ikasketak amaitu ondoren Madrilera joan zen Zientzia Fisikoak ikastera. Unibertsitatean zegoela, institutuetako zientzia irakasle titulua lortzeko, Ikasketen Hedapenerako Batzordearen (JAE) menpe zegoen Institutuko zientzien sailean kolaboratzen hasi zen klaseak emanez. 1922an, 24 urterekin, Fisikan lizentziatu zen eta ondoren, Blas Cabrera fisikaria tutore zuelarik, praktikak egin zituen ikerketan murgiltzeko. Asmoak gauzatuz, X izpien bidez kristalen egitura ikertzen zituen Julio Palacios fisikariaren lantaldean hasi zen lanean, LIF laborategian (Fisikako Ikerketen Laborategia). Palaciosen lantaldeko eta Fisikako Ikerketen Laborategiko lehen emakume ikertzailea izan zen.
X izpien aparatuak erabiliz, kristal-sareen egiturak ikertu zituen laborategian. Horren baitan, Henry eta Lawrence Bragg aita-semeen metodoa eta baita ere, Peter Debye eta Paul Scherrer fisikarien hauts difrakzioaren sistema erabili zuen nikel eta kobalto oxidoen, eta berun sulfuroaren egiturak zehazteko. Lan hauek 1926. urtean defendatu zuen doktorego-tesiaren oinarri izan ziren eta bikain nota lortuz, Fisikan doktoratu zen lehen emakumea izan zen Felisa Martin Bravo. Horrez gain, Espainiako kristalografiaren historian argitaratutako lehen ekarpen zientifikoa berea izan zen ere, X izpien bidezko kristalografiari buruzko "Determinación de la estructura cristalina del óxido de níquel, del óxido de cobalto y el sulfuro de plomo" artikulua.
1927an atzerrian eman zituen hainbat hilabete, Connecticuten eta Vermonten nesken institutuetan fisikako eta gaztelaniako klaseak ematen. Egonaldia aprobetxatuz, Harvardeko eta Yaleko unibertsitateak bisitatu zituen bertako laborategiak ezagutzeko. Etxera bueltatu zenean Sevillako Unibertsitateko Katedraduna zen José Vallejo filologoarekin ezkondu zen.
1928. urtean, sasoiko hainbat fisikarik bezala, Meteorologia Agentzia Estatalean lanean aritzeko eskaera egin zuen eta oposaketak prestatu zituen. 1929. urtean hasi zen bertan lanean meteorologiako laguntzaile gisa. Agentziako lehen emakumea, eta bakarra, izan zen 1935. urtera arte. Felisa laguntzaile moduan aritu zen bertan baina ez zituen baztertu beste zereginak. Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Fisikako eta Kimikako Institutuaren baitan, Julio Palaciosek zuzentzen zuen egitura kristalinoen determinaziorako X izpien sailean, ikertzaile bezala aritu zen Cajal Katedrako beka bati esker.
1932. urtean, ikerketak sakontzeko, Cambridgera joateko diru-laguntza eman zioten eta Cavendish laborategian egon zen lanean. X izpien espektrografiaz gain, Meteorologia Agentziaren aginduz, zundaketa atmosferikoen gaia landu zuen Charles Thomson Rees Wilson fisikariarekin. Behin beka bukatuta, bertan jarraitzea eskatu zuen baina ez zioten eman luzapenik. 1934an etxera bueltatu zen Meteorologia Agentzian lanean jarraitzeko. Eta bertan harrapatu zuen Gerra Zibilak.
1936an Meteorologia Agentzia bi zatitan banatu zen eta Felisak alde errepublikanoan jarraitu zuen lanean Madrilen. Tropa frankistak hirira hurbildu zirenean agentziako arduradunek erakundea Valentziara eramatea erabaki zuten. Ondorioz, langileek Valentziara joateko agindua jaso zuten 1937an baina Felisa Martinek uko egin zion aginduari eta ez zen aurkeztu Valentzian. Berehala kanporatu zuten erakundetik.
Meteorologia behatokiek berebiziko garrantzia izan zuten gerran, komunikazio-gune estrategikoak bihurtu baitziren. Bistakoa izan zen garrantzia, frankisten menpe zeuden meteorologia behatokien ardura aireko armadak hartu baitzuen. Armadak behatokietako zuzendariak karguetatik kendu eta militarrengatik ordezkatu zituen. Horrela gertatu zen 1937. urtean, ordura arte Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean zegoen, Igeldoko Meteorologia Behatokian ere. Urriaren 30ean Juan López Cayetano militarrak hartu zuen bertako zuzendaritza. Baina berehala utzi behar izan zuen Igeldo, Salamancara itzultzeko. Igeldoko Meteorologia Behatokiko egoera juridikoa nahasgarria zen une horretan. Kudeaketa ez zen Gipuzkoako Aldundiarena, beraz, ezin zituen teknikoak kontratatu. Aldiz, eraikina eta bestelakoak haren ardurak ziren. Militarrek ez zuten kargurako hautagairik baina zuzendari bat behar zuten behatokian. Egoera juridiko korapilatsu hark eta Donostiakoa izateak lagundu egin zioten nonbait Felisari.
Aireko armadak ez zuenez baliabiderik behatokietako zuzendaritzak ordezkatzeko, gerra aurretik Meteorologia Agentzia Estatalean lanean ibilitako teknikariak esleitu zituen toki batzuetan, adibidez, Igeldon. Horrela, 1937ko azaroan Igeldoko Meteorologia Behatokiko zuzendari "akzidentala" izendatu zuten, Felisa Martin Bravo anderea, López Cayetano militarraren ordez. 1937ko azaroaren 13tik 1940ko ekaina arte bertan egon zen lanean.
Behatokian Karlos Santamaria Ansa matematikaria eta euskaltzalea izan zuen lankide. Elkarrekin egon ziren urteotan harreman estua izan omen zuten eta Felisak kargua utzi zuenean, Karlos Santamaria proposatu zuen zuzendari lanetarako. Iradokizuna aintzat hartuta, Karlos Santamaria izendatu zuten Igeldoko Meteorologia Behatokiko behin-behineko arduraduna. Igeldon egon zen bitartean Felisa galernei buruz ikertzen ibili zen.
Felisa eta haren senarra Madrilera bueltatu ziren. Lehenak, Espainiako Meteorologia Zerbitzuan sarrera eskatu zuen eta bigarrenak, Madrilgo Unibertsitate Zentralean. Eskaerak jasota, "garbitasun espedientea" gainditu behar izan zuen batak zein besteak. Felisak errepublikanoen meteorologia zerbitzuan lan egin izanagatik eta baita ere, erbesteratuak zeuden bere ahizpa Rosaliarekin eta haren senarrarekin, Alejandro Casona dramaturgoarekin, zuten harreman estuarengatik. Errepublikako Meteorologia Agentziako teknikoei Valentziara joateko aginduari uko egiteak "garbitasun espedientea" gainditzen lagundu zion eta Meteorologia Zerbitzu Orokorrean onartu zuten. Zerbitzuko emakume bakarra izan zen 1960. urtera arte eta baita ere, kargu militarrik ez zuen bakarrenetarikoa. Laguntzaile izatetik meteorologoa izatera pasatu zen eta elektrizitate atmosferikoaren ikerketa ildoa jorratu zuen. Gaiari lotuta hainbat artikulu argitaratu zituen 1943tik 1954ra bitartean. Erretiroa hartu arte jarraitu zuen lanean Meteorologia Agentzian.
Felisak egin zuen azken ibilbideaz asko ez dakigun arren, jakin badakigu askok mesfidantzaz ikusi zutela haren onarpena Meteorologia Agentzian eta meteorologo kargua lortu izana "garbitasun espedientea" gainditu ondoren. Baina Felisa soberan trebatua zegoen zientzialari ekina izan zen. Hainbat traba, arazo eta oztopo gainditu behar izan zituenak aurrera ateratzeko.
Zientziaren hainbat arlotan lehen emakumea izan zen haren historia, sasoi hartako beste hainbat emakumeena bezala, ahaztuta egon da testu batzuetako lerroen artean. Merezi du horiek gordetzen dituzten istorioak plazaratzea, dokumentu zaharrek batutako hautsa astinduz.
1979. urtean hil zen Igeldoko Behatokiko meteorologo eta fisikari aitzindaria, Felisa Martin Bravo.
EHUko Kimika Ezorganikoa Saileko taldekidea den Maite Insausti Peñari esker izan nuen Felisaren berri, Maitek eskuartean bilduta zuen dokumentazioa bidali zidanean. Dokumentu haien haritik tiraka eginda gero jaio da artikulu hau. Eskerrik asko, Maite!
Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da. | science |
zientzia_kaiera-790ea908a31b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/18/biomimetika-euli-entzumena/ | Biomimetika: euli-entzumena | Javier San Martín | 2014-09-18 00:00:00 | Biomimetika: euli-entzumena
Javier San Martín
Biomimetikak, laguntza eman diezaieke gizakiei hainbat eragozpenak gainditzen. Euli baten entzumenarekin lotuta dago azken aurkikuntzetako bat. Animalia honen biziraupena estu-estuko harremanetan dago beren bi entzumen-aparatu (bi "belarri") naturalen arteko distantziarekin, milimetro eta erdiko distantziarekin alegia.
Izan ere, distantzia honek, denbora interauraleko desberdintasun bat eragiten du, hots, ia denbora berean iristen zaizkio soinuak entzumen-aparatu bati eta besteari.
Gizakiok ordea, objektuaren kokapenaz jabetzeko aukera daukagu, antzematen ditugun denbora, fase eta espektro-desberdintasunei esker. Objektua aurrean zein atzean, ezker zein eskuinean egon daiteke, eta distantzia eta garaiera ere atzematen ditugu, bai eta objektuak daraman abiadura ere.
Ormia ochracea izeneko euli parasito honek ere ahalmen berberak ditu, baina erronka larriei aurre egin behar die. Bi "belarrien" arteko distantzia txiki horrek oso desberdintasun txikia eragiten du bi aparatuetarako iritsiera-denboren artean, eta desberdintasun hori nekez atzematen da. Izan ere, Michael L. Kuntzmanek eta A. Hallek, aditzera eman dute distantzia hori askoz ere txikiagoa dela aireko 5 kHz-ko soinu-uhin baten luzera baino.
Hala eta guztiz ere, euli-espezie honek, biziraun du, eta horrek esan nahi du bere entzumen-aparatuek ondo funtzionatzen dutela… eta horrek ezbeharra dakarkie kilkerrei. Basa kilker arrek estalaldian kirrinkak igortzen dituztenean, ernari dauden Ormia ochracea emeek kilkerrak antzeman eta eraso bitxi bat egiten diete: kilkerren gainean jarri eta arrautzak erruten dituzte beren bizkarrean. Arrautza horietatik, larba batzuk garatuko dira, eta larba horiek kilkerra guztiz jango dute barruko aldetik.
Alderdi bortitzenak alde batera utzita, Kunzmanek eta Hallek, euli hau hartu dute abiapuntu, entzumen-aparatu bat diseinatzeko. Horrela, Ormia ochraceari kopiatu diote soinuaren denbora eta maila interaurala handitzen dituen aparatu bat, jatorriz euliek beren larben ostalari izango dena antzemateko erabiltzen dutena.
Aparatu honetan jatorrizko aparatu naturalaren tamaina ere lortu nahi dute. Texaseko Unibertsitateko ikerlariek, silizio mikromekanizatuzko prototipo bat aurkeztu dute. 2 mm-ko zabalera du, material piezoelektrikoetan oinarrituta dago, eta tentsio mekanikoa seinale elektriko bihurtzen ditu.
Piezoelektrizitateari esker, hainbat kristalek polarizazio elektrikoa hartzen dute, tentsio mekanikoa ezartzen zaienean. Horrela, bere gainazalean potentzialen eta karga elektronikoen desberdintasunak azaltzen dira, edo bestela, kristal hauek eraldatuak gerta daitezke, eremu elektriko baten pean jartzen direnean.
Euliaren entzumena errepikatu ahal izateko, aparatuak habe malgu bat darama eta antzemate piezoelektrikoko gune edo zulo batzuk erabiltzen ditu. Zulo hauek duten platinozko elektrodoak, transduzitu egiten du, hau da, presioa edo dilatazioa seinale elektriko bihurtzen du.
Antzemate-mekanismoak aukera ematen du egitura gainezarri baten bidez bi bibrazio era antzemateko. Lehenengo atalari oszilatzaile deritzo, eta bertan habeak biratu egiten du. Bigarren atalari habearen muturrek bibratu egiten dute, hegaka ari bailiran.
Honi guztiari esker, alde berean lortu dira bi bibrazio mota ortogonal atzemate-egituran, eta horrela, aukera egoten da soinu-presioa eta soinu-gradientearen neurketa sinkronikoa egiteko; alegia, batera neurtzen dira habearen flexioa eta errotazioa eta horrek aukera ematen du euliaren entzumen-sistema errepikatzeko.
Dispositibo berri hau baliagarri gerta daiteke audiofono-modelo berriak egiteko. Modelook, laguntza emango liekete entzumen-minusbaliatuei, baina pentsatzen hasiak dira helburu militarrez ere. Egileek beraiek adierazi dute Applied Physics Letter aldizkariko bere argitalpenean Defentsa Ikerketa Aurreratuetarako Egitasmoen Agentziak babesten duela beren lana.
Michael L. Kuntzman and Neal A. Hall. Sound source localization inspired by the ears of the Ormia ochracea. Appl. Phys. Lett. 105, 033701 (2014); http://dx.doi.org/10.1063/1.4887370 .
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau "Activa Tu Neurona" blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-65a8ee2d3c20 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/17/dinosauroak-unerik-txarrenean-harrapatu-zituen-meteoritoak/ | Dinosauroak unerik txarrenean harrapatu zituen meteoritoak | Amaia Portugal | 2014-09-17 00:00:00 | Dinosauroak unerik txarrenean harrapatu zituen meteoritoak
Amaia Portugal
"Eztabaida luze eta bizia izan da dinosauroak desagerrarazi zituen kausaren inguruan. Gure ikerketak iradokitzen duenez, dinosauroen komunitateak bereziki kalteberak ziren asteroideak Lurra jo zuen unean, baina ezerk ez du pentsarazten desagertzera kondenatuta zeudenik. Asteroidearengatik izan ez balitz, dinosauroak oraindik hemen egongo ziren seguruenik, eta gu, ziurrenik, ez", dio Richard Butler Birminghamgo Unibertsitateko Geografia Fakultateko ikertzaileak.
Askotxo esatea da agian, ez baitago jakiterik dinosauroek zer trantze jasan beharko zituzten hurrengo 66 milioi urteetan, ezta horiei aurre egiteko gai izango ote ziren ere. Baina gaur egungo Yucatango penintsulan erori zen hamar kilometro baino gehiagoko objektuak animalion desagerpenean jokatu zuen ezinbesteko rolaren adierazle dira hitz horiek.
Izan ere, kultura herrikoian nahiko zabalduta dago meteoritoaren hipotesia, baina orain arte, adituek zalantzak izan dituzte gertaera hark izan zuen garrantziaren inguruan. Askoren ustez, animalion dibertsitatea gainbeheran zegoen ordurako, eta horri egotzi izan zaio desagerpena nagusiki. Edinburgoko Unibertsitateak zuzentzen duen eta Birminghamgoaren parte hartzea duen ikerketa honek, baina, gezurtatu egin du hipotesi hori: dinosauroen biodibertsitatea ez zegoen arriskuan, baina ekosistema aldaketa fase betean zegoen eta meteoritoak ez zien egokitzeko denborarik eman.
Ikerketan azaltzen denez, talka gertatu zen unean, dinosauroen kate trofikoa ahulduta zegoen, dibertsitatea txikia baitzen dinosauro belarjaleen artean. Dinosauro mota eta espezie mordoa zegoela kontuan hartuta, gabezia zehatz horrek ez zuen animalia guztien biziraupena arriskuan jartzen berez. Baina kontua da dinosauro belarjaleok ekosistemaren kate-begi garrantzitsuenetarikoa zirela, eta egoera zail horri buelta ematea ez zen egun batetik besterako kontua.
Dinosauroak egokitzen ari ziren, eta une horretan harrapatu zituen meteoritoak. Talka haren erruz, ahulguneak zituen katea hautsi egin zen erabat. Dinosauroen artean, hegalariak besterik ez ziren atera onik: gaur egungo hegaztiak haien oinordeko dira.
Ikerketan adierazitakoaren arabera, meteoritoa milioika urte lehenxeago erori izan balitz, kate trofikoa sendoagoa izango zen, eta dinosauroek asmatuko zuten nola egin aurrera. Geroago izan balitz, bestalde, espezieek eboluzionatzeko eta egoera berrira egokitzeko nahikoa denbora izango zuten, eta beste hainbeste gertatuko zen. Izan ere, hamar kilometroko diametroa duen objektu bat jaustea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina animaliok egoera zailen aurrean bizirauteko zuten ahalmena ere ez zen nolanahikoa.
Baina zergatik zeuden dinosauroak krisialdi txiki batean murgilduta, duela 66 milioi urte? Garai hartan asaldura handia gertatzen ari zen kliman: sumendiak, itsasoaren mailaren aldaketak, tenperatura gorabeheratsuak… Badirudi orduan Indiako Deccan Traps eskualdeko sumendiek izan zituzten erupzioak daudela fenomeno horien atzean. Hain izan ziren handiak eta ugariak, ezen klima globalari eragin baitzioten.
Ikertzaile batzuek uste dute Indiako jarduera bolkaniko izugarri hark ekarri zuela dinosauroen desagerpena zuzenean. Edinburgoko Unibertsitateko ikerketa honek, ordea, arazoaren abiapuntuan kokatzen du Deccan Traps, baina ez besterik: erupzio horiek eragindako klima aldaketaren ondorioz ahuldu zen dinosauroen kate trofikoa, eta horregatik ez zeuden prest meteoritoaren talkari aurre egiteko.
Horren erakusle, ikerketaren berri emateko argitaratutako artikuluan azaldu dutenez, aztertutako fosilek eta aztarnek iradokitzen dute dinosauroen desagerpena zakarra eta bat-batekoa izan zela geologiaren ikuspegitik. Horrenbestez, badirudi tenperaturak eta itsas mailak epe luzean izandako gorabeherak ez zirela kausa nagusia izan. Desagerpenaren zakartasunak meteoritoaren moduko gertaera batekin egiten du bat, gehiago.
Dena dela, ikerketa honek badu hutsune nagusi bat: Ipar Amerikan aurkitutako fosilak besterik ez dituzte baliatu lanerako. Izan ere, artikuluan azaldu bezala, Ipar Amerikan besterik ez daude Kretazeo garaiko azken hamabost milioi urteetako (duela 80-65 milioi urte) fosilen bildumak ondo datatuta eta kontserbatuta. Eremua are mugatuagoa da Kretazeoko azken milioi urteari erreparatzen bazaio: AEBetako ipar mendebaldean dagoen Hell Creek formazioko fosilak izan dituzte informazio iturri.
Emaitzek ahulezia hori dutela onartuta, munduko beste toki batzuetan Kretazeoko garai horretarako dauden dinosauroen fosil urriagoak aztertzea dute helburu ikertzaileok, ikerketa osatzeko eta gertatu zena hobeto ulertzeko. Hain zuzen, Txinan eta Katalunian (Lleidako Pirinioetan dagoen Tremp arroan) egingo dituzte azterketa osagarri horiek.
Brusatte, S. L., Butler, R. J., Barrett, P. M., Carrano, M. T., Evans, D. C., Lloyd, G. T., Mannion, P. D., Norell, M. A., Peppe, D. J., Upchurch, P. and Williamson, T. E. (2014), The extinction of the dinosaurs. Biological Reviews. doi: 10.1111/brv.12128
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-d1dd87593117 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/16/oporretako-konexioak/ | Oporretako konexioak | Julián Estévez | 2014-09-16 00:00:00 | Oporretako konexioak
Julián Estévez
WiFiaren bila abiatzerakoan, lehenengo eta behin, jakin egin behar dugu WiFi-babeskuntza mota zein den: pasahitza gabekoa, WEP edo WPA. Pasahitza gabeko sareari, sare irekia ere deitzen zaio. Honek esan nahi du WiFi konexio horretan sartzeko ez dela ezkutuko hitzik behar. Hau da, edozein sartu daiteke. WEP sarean aldiz, hotelak pasahitz bat eman behar du zuk Internet erabil dezazun. Era honetan, hotelak ziurtatzen du bere bezeroak baizik ez direla zerbitzu honetaz baliatuko. Sare irekia edozeinek erabil dezake: apopiloek eta apopiloak ez direnek. Baina zein eragozpen dute orain arte esandako bi sare mota horiek?
Interneten gabiltzan bitartean, trafikoa ez da zifratuta egongo. Hau da, Internet sare horretan dagoen norbaitek, oso erraz lapurtu ditzake, dohaineko programa batzuen bitartez, bisitatzen ditugun web-orriak eta pasahitz batzuk. Programa mota hauei snifferrak deitzen zaie (usnari). Gainera, WEP pasahitza lortzeko metodo desberdinak daude. Babesa ahula bilakatu da denborarekin eta jende askok esaten du routerrari WEPa jartzea hauts-trapu bat jartzea bezalakoa dela.
Gerta dakiguke hoteleko WiFi sarera konektatzean, gure nabigatzaileak web-orri berezi bat erakustea. Orri horretan, arrunta izaten da erabiltzailea eta pasahitza eskatzea, hain zuzen hotelak guri emandakoak. Web-orri horren bidez babestuagoak al gaude? Ez. Sistema hori normalean hotelak erabiltzen du bere Internet zerbitzua nork erabili duen jakiteko. Egin behar ez omen diren gauzetako bat eginez gero, (adibidez, porno-orri batean sartuz gero), hotelak berehala jakin ahal izango du nork egin duen. Beraz, sistema honek lege kontuei ematen die erantzuna aipatutako orriaren bidez, atari gatibuen bidez.
Zer esan dezakegu azkenik WPA sareari buruz? Bera da seguruena. Sare horretan sartzeko, ezkutuko hitz bat behar da, eta gainera trafikoa zifratuta dago. Horrek esan nahi du snifferrak trafikoa kaptura dezakeela, baina zifratuta. Hau da, gure datuak seguruago daude. Inoiz ez gara 100% babestuta egongo hala ere. Man-in-the-middle teknikari esker, hacker batek gure datu batzuk lor ditzake, nahiz eta WPA sare batean egon. Baina hori beste egun baterako utziko dugu.
Beraz, zein ondorio atera behar dira? Zure etxeko WiFia erabiltzeak badaezpadako neurri batzuk hartzea eskatzen du. Kanpoko sareak, irekiak, WEP edota WPA, babesa eraman dezakete baina sare irekiak edo WEP sareak erabiliz gero, oso kontuan hartzekoa da bidali behar dituzun datuen garrantzia. Eragiketa garrantzitsuak egiteko (e-mail garrantzitsu bat bidali, bankuko kontura sartu), 3G edo 4G konexioa erabiltzea da seguruena.
Egileaz: Julián Estévez (@Jeibros) UPV/EHUko irakaslea da. | science |
zientzia_kaiera-53f900c71852 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/15/botika-bioantzekoak-medikamentuen-generazio-berria/ | Botika bioantzekoak, medikamentuen generazio berria | unknown | 2014-09-15 00:00:00 | Botika bioantzekoak, medikamentuen generazio berria
Kontzeptualki parekoak izan balitezke ere, botika bioantzekoak ez dira botika generikoak. Generikoak, sintesi kimikoko metodoen bidez egiten diren molekula sinpleen (parazetamola, azido azetilsalizilikoa) kopia zehatzak dira. Bioantzekoak, ordea, proteina-izaera duten molekula oso konplexuen kopiak dira. Molekula hauen ekoizpenean prozesu eta material biologikoak erabiltzen dira. Beraz, esan dezakegu, botika bioantzekoak generikoen baliokide konplexuak direla. UPV/EHUko Farmazia Teknologia Arloko PharmaNanoGene taldeak 2006tik dihardu botika bioantzekoen ikerketan. Ikertzaileen ustetan eragin handia izango dute osasun-sisteman mota honetako medikamentuek, patologia larriak dituzten gaixoen tratamenduak eskuragarriagoak egiten lagunduko baitute.
Botika bioantzekoak jatorri bioteknologikoko botiken kopiak dira, nahiz eta ez diren berdin-berdinak. Bioteknologikoen ekoizpen-prozesua oso konplexua da eta, ondorioz, osasun-sistementzat garestiak dira botika hauek. Baina produktu originalen patente asko iraungi direnez, kopia merkeagoen merkatua irekitzeko aukera eman du. Hori dela eta, pentsatzekoa da botika bioantzekoak merkatura sartzeak lagunduko duela patologia larriak (minbizia edo gaixotasun autoimmuneak) dituzten gaixoen tratamenduak eskuragarriagoak egiten. Begoña Calvo UPV/EHUko Farmaziako katedradunaren ustez, "merkatuan generikoak sartzeak izan zuen eraginaren antzekoa izango dute". Baina botika bioantzekoak merkaturatzeko beharrezkoa da lehenik arau-esparru egoki bat sortzea, eta horretan ari da UPV/EHUko PharmaNanoGene ikerketa-taldea.
Izan ere, botika bioantzekoak molekula oso konplexuen, proteina-izaera dutenen, kopiak dira. Molekula horien ekoizpenean prozesu eta material biologikoak erabiltzen dira (adibidez, zelulen hazkuntza eta organismo bizietatik produktuak ateratzea). Horregatik ez dira jatorrizko produktuaren berdin-berdinak eta ondorioz, generikoen araudiak ez du balio botika bioantzekoetarako. "Molekularen aldaera txikien ondorioz, bai eta ekoizpen-prozesuko aldaketa txikien ondorioz ere, jatorrizkotik pixka bat desberdina den produktua osa liteke; hori dela eta, botika bioantzekoen ekoizpenak berariazko araudi bat behar du" nabarmendu du UPV/EHUko Farmaziako katedraduna den Begoña Calvo Hernáezek.
Bioantzekoen Europako araudiaren esparrua osatzeko asmoz, arlo hau ikertzen hasi zen UPV/EHUko Farmazia Fakultateko ikerketa-taldea 2006. urtean. Araudi honi esker, Europan 12 botika bioantzeko onartu dira dagoeneko, eta Estatu Batuetan, adibidez, bat bera ere ez. "Gure ikerketak bere baitan hartzen ditu botika bioantzekoak ekoitzi, onartu eta ondorengo jarraipena egiteko egin behar diren eta farmazia-industriari eskatu behar zaizkion azterketak, Sendagaien Europako Agentziaren araudiaren araberakoak -azaldu du Calvok-. Hortik abiatuta, osasun-agintariek lege-esparru egokia sor dezakete, eta farmako horien erabilera bultzatu, osasun-sistemetarako aurrezpen handia ekarriko baitute".
PharmaNanoGene ikerketa-taldea 2006an hasi zen botika bioantzekoen arloa ikertzen Leyre Zúñigaren doktorego-tesiarekin. Tesi hartan, Europa mailan botika bioantzekoak onartzeko oinarriak aztertu zituen egileak eta ikerketa-lerro horrekin jarraitu dute orain arte. Begoña Calvo Hernáezek zuzentzen du ikerketa-taldea eta 15 ikertzailez osatua dago. Ikerketa horren harira, hainbat argitalpen egin dituzte eta askotan aipatu dituzte aldizkari entzutetsuetan argitaratutako artikuluetan, esaterako, The New England Journal of Medicine-n. | science |
zientzia_kaiera-017a2ae02539 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/14/asteon-zientzia-begi-bistan-24/ | Asteon zientzia begi-bistan #24 | unknown | 2014-09-14 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #24
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Esaera zahar batek dio "dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen". Hori berori oinarritzat hartuta dute Kaliforniako Death Valley haraneko Racetrack Playa lakuko harriek. Lakua lehortzerakoan harriek hainbat metroko bidaia egiten dute, arrasto garbiak utziz. Inork ez zekien zelan lortzen zuten mugitzea baina Joxerra Aizpuruak kontatzen digu Argia aldizkarian, goizeko eguzkiak izotza urtzerakoan haizea egonez gero, harriak mugitu egiten direla: Death Valleyko harri ibiltarien misterioa argitua da… erdizka
Garbiñe Ubedak zientzialari ezagun baten lana dakarkigu, Marie Curie. Anti-Orena blogean Lehen Mundu Gerran zirujauei zaurituak osatzen laguntzeko, Marie Curiek bere alabarekin sortu zuen erradiografietarako gune ibiltaria aurkezten digu. Hainbat zailtasun gainditu ondoren 1914ko irailean, 20 Petite Curie edo erradiologia automobilak prestatu zituen, Irene alaba lagun zuela: Marie Curie eta Gerla Handia.
Gizakiok, ugalgaraitik harago bizi diren ugaztunak gara eta zahartzen goazen neurrian, oinarri genetikoa izan dezaketen hainbat gaixotasun agertzen zaizkigu parean: Huntingtonen, Alzheimerraren edota Parkinsonaren gaixotasuna. Baina toki askotako biztanleriak ez du izan, pobrezia, gosea eta izurriteak direla ugalgaraia baino gehiago bizitzeko aukera. Kasu horietan ez dira pairatu adinarekin bat datozen gaixotasunak. Koldo Garciak azaltzen digu Gehiago bizitzearen ordaina artikuluan.
Adinean aurrera goazenok, eta gazteak direnak ere, noizbait fisioterapiaren beharra izan dugu. Fisteus blogean fisioterapia dute hizpide. Terapiak eta lesioak baino, oraingoan Xabat Casadok saiakuntza klinikoak biltzen dituen PEDro datu-baseari buruz hitz egiten digu. Goi-mailako ikerketak ezagutzeko baliabidea: Ensaiu kliniko onenaren bila.
Estatu Batuetako animalia jatorriko proteina-ekoizpenaren ingurumen-inpaktua aztertu dute nazioarteko ikertzaileek. Emaitzen arabera, proteina-kilo bat produzitzeko elikagai, lur eta ur gehiago behar dute poliki hazten diren animaliek azkar hazten diren animali txikiek baino. Ondorioz, ingurumenean kalte handiagoak sortzen ditu poliki hazten diren animalien ekoizpenak. Elhuyar aldizkarian hurbiltzen dizkigute nondik norakoak: Behi ekoizpenak animali txikien produkzioak baino hamar aldiz gehiago kutsatzen du.
Ana Galarragak asteon eboluzioarekin zerikusia duten bi berri interesgarri landu ditu Elhuyar aldizkarian. Lehenak itsasora hurbiltzen gaitu. 1986an Tasmaniako itsasoan 400-1.000 metroko sakoneran Danimarkako Historia Naturaleko Museoko zoologo batek bi izaki berezi jaso zituen. Ia 30 urte beranduago zientzialariek ezin izan dituzte kokatu bizidunak sailkatzeko erabiltzen den sisteman: Sailkatu ezin dituzten bi itsas izaki aurkitu dituzte. Bigarren gaiak zuhaitzetara eramaten gaitu. Giboien kromosomek oso azkar eboluzionatu dute, berrantolaketa nabarmenak izanez eta honek ez zuen azalpenik. Zientzialariek genoma analizatuta dute eta ohartu dira honako berrantolaketa nabarmenak giboietan bakarrik gertatzen direla: Giboiaren genoma deskodetzea, lagungarria kromosomen biologia ulertzeko.
Unibertsoko bizitzaz ari garenean, bizitzak noraino eutsiko dion galdetzen badugu erantzun zailak edo errazagoak izango ditugu. Baina bizitza harrigarria da sabelean daramagun Escherichia coli bakterioa bezala. Bagenekien gogor samarra zela bakteriotxoa eta Antonio Cantók Zientzia Kaiera blogean azaltzen digunez horrela da, ur gabe eta gatzetan sartuta bizirauteko gai delako.
Eta harrigarria bada E. Coli bakterioa, harrigarria da ere espazioan dugun zabor kopurua. Gizakiok 6.600 satelite inguru jaurti ditugu azken 60 urteotan espaziora eta behin lana burutu eta energia gabe gelditu direnean, hor daude, espazioan. Amaia Portugalek kontatzen digu Zientzia Kaieran espazioan 10 cm-ko 29.000 zati, zentimetro 1eko 670.000 eta milimetro 1etik gorako 170 milioi zabor puska barreiaturik daudela. Zabor hau arriskutsua da oso eta zer egiten ari dira agentzia espazialak? Zabor espaziala artikuluan erantzuna.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
zientzia_kaiera-d6f4d6b4cd30 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/13/ezjakintasunaren-kartografia-30-31/ | Ezjakintasunaren kartografia #30 – #31 | unknown | 2014-09-13 00:00:00 | Ezjakintasunaren kartografia #30 – #31
Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dituzte. Hona hemen azken asteotan kaleratu diren artikuluen laburpena.
Ez da arraroa aurkitzea, baliabideen banaketa taldeko kideek egin duten esfortzuaren araberakoa izan behar duela pentsatzen duenik. Batzuentzat horrela bada ere, taldeen azterketak agerian uzten du banaketa egiteko orduan egon badaudela egiturazko indarrak. Horien arabera, baliabideak ez dira merituaren arabera banatzen, baizik eta estatusaren arabera. Zientzia ez da honetaz libro eta, dirudienez, txarrera doa. Silvia Románek kontatzen digu Growing inequalities in science artikuluan.
Zergatik izan beharko luke "hobeagoa" iragarpen gehiago eta hobeagoak egiten dituen teoria bat, gutxiago egiten dituenak baino? Edo, zergatik teoria baten iragarpena harrigarria bada hobetzen du honen estatus epistemologikoa? Jesús Zamorak lantzen du gaia The paradox of prediction-en.
Egun, biologian gertatu daitekeen gauzarik bitxiena da, azken 250 urteotan izendatu diren espezieen antzik ez duen beste bat agertzea. Eta horrez gain, honen hurbileko eboluzio-ahaideak ezezagunak izatea. Ba hori berori gertatu berri da eta Rafael Medinak jartzen digu testuinguruan: Wanted!.
Baliteke inoiz entzun ez izana serialismoari buruz hitz egiten. Serialismoaren oinarria da, denbora behar dela denbora pasatzeko. Horri esker, gure denboraren igarotzea beste norbaitek neurtu ahalko luke beste denbora edo sasoi batean. Hau da, Einsteinen espaziodenboraren laugarren dimentsioa digeritzen erraza egin zuen, J.W. Dunne ingeniari aeronautiko iraultzailearen ideiatako bat. Katy Pricek aurkezten dizkigu haren ideietariko batzuk: J.W. Dunne and the popular promise of dreams.
Eta, txirrindulariarentzat kaskoa eramatea komenigarria izan arren hau derrigortzen duten legeak kaltegarriak balira? Hau da Carlos Casanuevak aztertzen duena When cycling, wear a helmet…or maybe don't artikuluan.
Giza entzefaloa ikertzeko teknikarik ikusgarrienetako da optogenetika. José Vioscak honen sarrera txiki bat egiten digu eta ugaztunen oinarrizko bi jokamolde, sexua eta erasoa, neurtzeko nola erabili daitekeen azaltzen digu Optics meets genetics to unravel the brain: the case of sex and aggression-en.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu. | science |
zientzia_kaiera-8c2b53b31d5e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/12/zientzialari-12-miren-cajaraville/ | Zientzialari (12) – Miren Cajaraville | unknown | 2014-09-12 00:00:00 | Zientzialari (12) – Miren Cajaraville
Miren Cajaravillek kutsatzaileek itsasoko animalietan daukaten eragina ikertzen du. Biologia Zelularreko katedraduna da UPV/EHUn, eta baita 'Biologia zelularra ingurumen toxikologikoan' taldeko zuzendaria ere.
Berarekin izan gara Plentziako Itsas Estazioan kutsadurari buruzko hainbat zalantza argitzeko, adibidez zelakoa den gure kostaldeko egoera edo zeintzuk diren bere ustetan euskal kostaldeko ekosistemek dauzkaten mehatxurik handienak.
'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez euskal ikertzaileen lana zabaldu nahi dugu gure irakurleen artean.
Zientzialari 12 – Miren Cajaraville from Kultura Zientifikoko Katedra on Vimeo. | science |
zientzia_kaiera-837594a66c0e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/11/ur-gabe-eta-gatzetan-sartuta-biziraun-nahirik/ | Ur gabe eta gatzetan sartuta biziraun nahirik | Antonio Cantó | 2014-09-11 00:00:00 | Ur gabe eta gatzetan sartuta biziraun nahirik
Antonio Cantó
"Noraino" da galdera handienetako bat Unibertsoko bizitzaz ari garenean. Noraino den posible, noraino eutsiko dion. Erantzunaren arabera jakingo dugu bizitza fenomeno zaila edo agian bakarra ote den. Edo nahiko kontu arrunta ote den. Beste inoiz esan dizudanez, honen ezagumenduan aurrera goazen neurrian, badirudi unibertsoa gai dela gero urrunago iristeko. Eta artean, Lurreko bizitza baizik ez dugu aztergai izan. Oraindik, planeta honetako bizitzaren molekula espezifikoak besterik ez dugu aztertu.
Hainbat hipotesi eta aieru daude, Kosmosen bizitza egoteko posibilitateak estimatzeko unean. Hipotesirik hertsienak dio Lurra oso bitxia dela, Unibertso finitu batean nekez errepika litezkeen ezaugarriak biltzen dituen planeta bat. Beste alde batetik batzuek susmoa dute, hau da, susmoa dugu bizitza materiaren autoantolakuntza baten ondorioa dela, eta berez sor daitekeela gutxienezko baldintza batzuk bete bezain azkar. Kristalen antzera nonbait. Jarraian, hasten gara baldintzapen horiek zein izan litezkeen finkatzen. Muturreko bi hipotesi horien artean, nahi beste aukera. Luze joko du eztabaidak, ez baita bukatuko unibertso osoa bizitza-arrastorik aurkitu gabe arakatu arte, edo lurraz kanpoko bizitza aurkitu arte.
Ados gaude gehienok gauza batean: dena delako planeta edo ilargi horretan, nolabaiteko disolbatzailea behar da materialek elkarrekintzak pairatu ahal izateko. Beste gauza bat ere esan nizun hemen: ura da likidorik ezagunena, batez ere bera delako ezagutzen dugun bizitza bakarraren disolbatzailea, hau da, geure disolbatzailea. Baina ez da litekeen bakarra [1], eta horretaz ari gara ba hausnarketan. Hau guztia Astrobiologiak aztertzen du, eta bai Astrogeologiak, Astrokimikak, Astrofisikak eta bestelako astro guztiek ere: guztira Astrozientziak.
Horrela ba, izugarri gustatuko litzaidake hemengo bizitza noraino hel litekeen jakitea. Izan ere, Astrobiologiak estremofilo direlakoen ikasketari erreparatzen dio bereziki. Alegia, planeta honen muturreko baldintzetan bizi diren espezieak dituzte ikusmiran. Eta horrela bizi ohi direnez gain, horrela bizitzera hel daitezkeenak ere aztertzen ari dira, zeren eta, jakina, Lurreko bizitza zenbat eta urrunago iritsi ahal izan, hainbat eta bideragarriago iruditzen zaigu bizitza sortu eta bizirautea Lurretik urrun.
Badakigu hemengo bizitza izugarri gogorra eta gupidagabea dela. Eta etengabe harritzen gaitu. Orain dela gutxi [2], zerbait aurkitu da hain ezaguna eta zintzoa den Escherichia coli bakterioaz. Sabelean daramagu eta pentsatzekoa zen ez zela izango muturreko baldintzapenetan bizi daitezkeen horietako bat. Izan ere, badira Deinococcus radiodurans bezalakoak, 5.000 gray gamma erradiazioa lasai-lasai jaten dituztenak, edo Halorarqueas bezalakoak, gatzez saturatutako uretan bizirauteko gai direnak. Honelako baldintzak hilgarriak izan beharko lirateke, orain arte ezagutzen genuen bizitzarako behintzat. Bestalde, lagun ona dugu Escherichia, iraizte lanetan-eta laguntza ematen diguna.
Egia esan bagenekien gogor samarra zela bakteriotxoa. Adibidez, 16.000 atmosferako presiopean biziraun dezake. Hala egiaztatu izan da diamante artifizialak ekoizteko prentsa batean [3]. T-90 tanke bateko errekamaran tiro egitean gertatzen denaren bikoitza baina gehiago da. Are jakin-min handiagoa pizten du José María Gómez-Gómez [4] et al-ek aurkitu berri dutenak. Guztiz harrigarria.
Proba oso erraza da eta etxean bertan egin dezakezu (hala egin baitzuen Gómez-Gómezek). E. coli bakterioen andui arrunt bat lortu behar duzu. Adibidez MGI655 anduiaren gene-kodea erabat sekuentziatua dugu, eta bera izan daiteke andui egoki bat, erreferentzia gisa erabiltzen delako zientzia-ikerkuntzan. Gatzdun ur tanta batean bota dezakezu anduia, adibidez suero fisiologiko tanta batean. Ondoren, lehortzen utz dezakezu. Ulergarria izango litzateke bakterioak hiltzea, bat ere urik gabe eta gatz-kortika batez estalita. Ez ba, ez dute hil nahi, eta ondokoa egiten dute hainbat minuturen buruan:
Eta hau zer ote da? Ba funtsean, E. colik etxebizitza txiki bat eraiki berri du, mugarik gabeko denboraldi batean negua igarotzeko. Bakterioak lehenago tantaren ertzetara doaz. Gero gatzezko egitura hauek eraikitzen dituzte, eta erdigunera mugitzen dira egiturok. 10 minutu eskas igaro direlarik, bakteria guztiak kapsulatuta daude gatzetik babestuta, eta gatzak eta ur faltak ez die heriotza eragiten. Eta bere horretan jarraitzen dute bakterioek hezetasuna berri noiz itzuliko. Oraingoz, Gómez-Gómez doktorearen taldeak, egiaztatu du astebete beranduago berriz hidratatuta bere onera itzultzen direla erabat. Orain, aztertzen ari dira noiz arte biziraungo luketen egoera txar horretan.
Izan ere, hortxe hasten gara astrobioasaldatuak amets egiten. Izan ere, oso maiz argudiatzen da unibertsoan zehar ingurune-baldintzak aldakorrak direla oso. Planeta eta ilargi asko, izar binario edo ternarioen inguruan ari dira biraka, edo bestela izar eta ilargi horiek orbita bitxiak dituzte. Zehazkiago, bizi-egokitasuneko izar-zonaldetik kanpo joan daitezke, horrelakoetan disolbatzean lurrindu edo solidotu egiten delarik. Esan ohi da horrek hil egingo lituzkeela aldi faboragarrietan sortutako bizi era guztiak.
Baina behin E. coliren jokamoldea ezagututa, oso bestelakoak izan daitezke gauzak, batez ere kontuan hartzen badugu jokamolde hori hamar minutuan gauzatzen duela. Zer esanik ez, gure irudimenak jota, berehala datozkigu burura E. coliren antzera jokatzen duten beste bizidun batzuk, eta horrela bizi-egokitasuneko izar-zonaldetik ateratzen direnean bakterio ezagun horren antzera babestuko litzateke, eta gero berpiztu egingo litzateke baldintzak beren onera itzuli ostean. Ondorioz, bizidun horiek aukera izango lukete bizitza konplexurantz eboluzionatzeko, behin baldintza horrekin moldatuta. Aurkikuntza honek, beste behin ere zabaldu du unibertsoan ustez egon daitekeen biziaz hausnartzeko aukeren esparrua. Eta hau guztia irudimena gehiegi erabili gabe.
Baliteke bai bizia autoantolakuntza era bat izatea, kristalen autoantolakuntza bezain arrunta. Baliteke muturreko baldintzetan autobabestu, kristalak eratu, eta gero bizkorrago berpiztea. Baliteke euriaren alabak biziraun ahal izatea, euria bukatzen denean ere. Ahal duen bezala biziraun, beti egin izan duen bezala. Azkenean bizia, izarrei begira geldituko da beti ere, eta argitzen saiatuko da urrunean berari begira zenbat bizi era desberdin egongo diren. Eta zergatik hain isiltasun handia? Ala ez ote dakigu oraindik ez begiratzen, ez eta entzuten ere?
[1] United States National Research Council: The limits of organic life in planetary systems. Washington, DC: The National Academies Press, 2007.
[2] Gómez-Gómez, J. M. et al: Drying bacterial biosaline patterns capable of vital reanimation upon rehydration: Novel hibernating biomineralogical life formations.Astrobiology, 14. bol., 7. zbk., (2014). DOI: 10.1089/ast.2014.1162.
[3] Sharma, A. et al.: Microbial activity at Gigapascal pressures.Science 295:1514-1516 (2002). DOI: 10.1126/science.1068018.
[4] Laboratory of BioMineralogy and Astrobiological Research (LBMARS), UVA-CSIC atxikitutako entitatea, INDITI Eraikina, Boecillo, Valladolid.
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-492e87886374 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/10/zabor-espaziala/ | Zabor espaziala | Amaia Portugal | 2014-09-10 00:00:00 | Zabor espaziala
Amaia Portugal
2009ko otsailaren 10ean, Iridium 33 eta Kosmos-2251 izeneko bi satelite artifizialek talka egin zuten. 776 kilometroko garaieran gertatu zen istripua, Siberia parean, eta inoiz gertatutako mota honetako aurreneko ezbeharra izan zen. Segundoko 11,7 kilometroko abiaduran izan zen talka, eta ondorioz, bi sateliteak txiki-txiki eginda geratu ziren. Puska horiek Lurraren orbitan itzulinguruka jarraitzen dute.
Zabor espazialaren arazoa agerian uzten duen adibide paradigmatikoa da hori. Izan ere, gizakia duela ia 60 urte hasi zen espazioa bertatik bertara esploratzen, eta Ilargian ez ezik, nonahi utzi du bere aztarna. Hamarkadotan 6.600 satelite inguru bidali ditugu, eta horietako asko eta asko hor zehar geratu dira, haien misioa aspaldi bukatu bazen ere. Nagusiki horren ondorio da zabor espaziala. Europako Espazio Agentziaren (ESA) arabera, hamar zentimetro baino handiagoak diren 29.000 pieza, zentimetro bat baino handiagoak diren 670.000 eta milimetro batetik gorako 170 milioi puska baino gehiago daude barreiaturik.
Zorionez, 2009ko talka horren modukoak ez dira oso ohikoak izan orain arte; batzuetan zoriak eta beste batzuetan espazio agentzien eskuhartzeek saihestu dute halako istripuak maizago gertatzea. Berez, eztanden ondorioz dago zabor espaziala hainbeste puska txikiz osatua, talkengatik baino gehiago. Eztanda horien eragile nagusia erregai hondarrak dira. Suziri edo satelite batek bere lanak bukatzen dituenean, hura martxan egoteko behar zen erregaiaren soberakinak deposituan geratzen dira. Baina espazioa ez da ingurune atsegina, eta kalteak, isuriak eta nahasketak eragin ditzake denboraren poderioz. Erregaiak su hartzea ekar dezake horrek guztiak, eta eztandaren ondorioz, depositua eta inguruko gailuak txiki-txiki egin.
Espazio agentziek ez diote sateliteak bidaltzeari utziko, baina hemendik aurrerako misioetan, neurriak hartu beste erremediorik ez dute. Mendizale zintzoek hamaiketakoa bukatutakoan egiten duten bezala, nor bere zaborraz arduratzea da lehenbiziko urratsa. Kasu honetan ez da mendian bezain erraza, noski, baina badaude horretarako mekanismoak.
ESAren ERS-2 satelitea da horren adibide. 1995ean hasi zuen misioa, eta lurrazala eta atmosferari buruzko askotariko datuak biltzea zuen helburu. 2011n bukatu zituen bere lanak. 785 kilometroko garaieran zegoen orduan, eta bertatik jaistea zen lehenengo erronka, hor baitago beste sateliteekin eta zabor espazialarekin talka egiteko arrisku handiena. ESAko kideek 573 kilometroko garaierara eraman zuten satelitea, 66 mugimendu oso zorrotz egin eta gero. Hala ere, eztanda arriskuak hor jarraitzen zuen oraindik, eta hori desagerraraztea izan zen hurrengo urratsa.
Sobera zegoen erregaia agortzea zen gakoa, eta horretarako satelitea gora eta behera mugiarazten aritu ziren modu kontrolatuan, dena xahutu arte. Bai eta bateriak deskonektatu eta transmisoreak itzali ere. Hala, satelitea garaiera segurura jaitsita eta eztanda arriskua murriztuta, bere kabuz jaisten jarraituko duela aurreikusi du ESAk, eta hamabost urteren buruan atmosferan sartu eta desintegratu egingo dela.
Gaur egun espazio agentziak hartzen hasi diren prebentzio neurriekin ez da nahikoa, ordea. NASAk egindako ikerketa batek erakusten duenez, hemendik aurrera espaziora ezer ez bidalita ere, 50 urteotan bildutako zabor espazial kopurua gehiegizkoa eta arriskutsua da. Sateliteek edo horien gailuek espazioan noraezean zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta arrisku handiagoa dago eztanda edo talka egiteko; eta halakoak gertatzen direnean piezak txikitu eta ugaritu egiten direnez, beste piezaren batekin talka egiteko probabilitatea handituz doa. Hori horrela, ezinbestekoa da ahalegin aktibo bat egitea dagoeneko misioa bukatu duten satelite horiek espaziotik ateratzeko, eztanda egin baino lehen.
Horretarako, ESAk arpoi moduko bat baliatzea proposatu du, 2021ean espaziora bidaliko duen e.DeOrbit misioan. Punta-puntako sentsoreak eta kontrol autonomorako sistemak izango dituen satelite honek noraezean dabiltzan sateliteak identifikatzeko ahalmena izango du. Gero satelite hori nola harrapatu, hor dago koska. Probatu dituzten aukeren artean, arpoiaren alde egin dute azkenean. Probak egin eta prototipoak hobetzen jardungo dute ESAn hurrengo urteetan, zazpi urte barru zabor espaziala biltzeko sistema eraginkor bat martxan jartze aldera.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da. | science |
zientzia_kaiera-ee2dc5d6c2b4 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/09/espermatozoideen-itxura-duten-robot-niminoak/ | Espermatozoideen itxura duten robot ñimiñoak | unknown | 2014-09-09 00:00:00 | Espermatozoideen itxura duten robot ñimiñoak
Gero eta zailagoa da nanoeskalako objektuak muntatzea. Neurri horretako muntaketa-prozesuei laguntzeko Herbehereetako Twente Unibertsitateko eta Kairoko Unibertsitate Alemaneko ikertzaileek espermatozoideen itxuran eta mugimenduetan oinarritutako robot ñimiñoak garatu dituzte.
Mikrorrobot hauek 322 mikrometroko luzera dute eta, kobaltoa eta nikela duen, geruza sendo bataz estalitako buru polimerikoa dute, gehi estaldu gabeko buztana. Robotak eremu magnetiko ahulen oszilazioen bidez kontrolatzen dira. Bost militesla (gure hozkailua apaintzeko itsasten ditugun imanen antzeko indarra) baino gutxiagoko eremu baten menpe daudenean, robotaren buruak bihurdura-magnetikoa izaten du. Ondorioz, flageloa mugitzen da eta robota aurrera doa erreferentziazko puntu batera arte. Laburbilduz, hauen mugimendua eremu magnetikoen bidez kontrolatu daiteke. Jokabide hau dela eta "magnetoesperma" izena jarri dizkiete.
Ikertzaileen arabera, lagungarriak izango dira nanoeskalako objektuak muntatzeko edota biomedikuntzako esparruan, zelulen klasifikazioan edota itxitako arterien garbiketan. | science |
zientzia_kaiera-049e9a95f2a8 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/09/ictineu-3-munduko-lehen-itsaspeko-pribatua/ | Ictineu 3, munduko lehen itsaspeko pribatua | unknown | 2014-09-09 00:00:00 | Ictineu 3, munduko lehen itsaspeko pribatua
Ictineu Submarins enpresa katalanaren ingeniariek, urperatzeko prest dagoen, munduko lehen itsaspeko pribatua garatu dute hamar urteko lana burutu ondoren. Ictineu 3 izena duen itsaspekoak 2,5 milioi euroko kostua izan du, hiru pertsona eramateko gaitasuna du eta 1.200 metrotako sakonerara jaitsi daiteke.
Ictineu 3k, besteak beste, pareko itsaspekoen pisu erdia du ion-litioko polimeroz osatutako bateriari esker eta beste itsaspekoek baino indar gehiago du. Zortzi ordu iraun dezake ur azpian. Apirilean egin zituen lehengo frogak Tarragonako portuan eta 20 metrotako urperatzea gauzatu zuen. Hurrengo erronka itsaso zabalean murgiltzea izango da. Garatu duten ingeniarien arabera, urte bukaeran prest egongo da kanpaina zientifikoetan murgiltzeko. Ictineu 3 Mediterraneoko itsas hondoaren %50era heldu daiteke eta ikerketa zientifikoei laguntzea izango du helburu. | science |
zientzia_kaiera-a62d5c1a0783 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/08/upvehu-bi-ikertzaile-nasaren-mars2020-misioan/ | UPV/EHUko bi ikertzaile NASAren Mars2020 misioan | unknown | 2014-09-08 00:00:00 | UPV/EHUko bi ikertzaile NASAren Mars2020 misioan
Unibertsoa ezagutzeko asmoz hamaika misio eta espedizio ezagutu ditugu XX. mendetik hona. Azken urteotan ezagunak egin zaizkigu Marte aztertzeko bertara bidalitako esploratzaile berezi batzuk: robotak. Gaur egun, besteak beste, 2012. urteko abuztuan ailegatu zen Curiosity robota dago Marten lanean. 2021. urtean lankide berri bat gehituko zaio, Mars2o2o Rover-a. NASAk iragarri berri du 2020ko udan Martera bidaliko duen ibilgailua, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko bi ikertzailek garatzen lagunduko duten, MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) tresnaz osatuta egongo dela.
Lurraren ondoren, Marte da eguzki sistema osoan gehien esploratu eta hobeto ezagutzen den planeta. Teleskopioek, planetaren inguruko orbita desberdinetan kokatutako hainbat espazio-ontzik eta haren gainazalean zehar dabiltzan zenbait ibilgailuk aztertzen dute aspaldi Marte. Ibilgailu edo robot horien artean, Curiosity da planeta gorrian lanean diharduena azken urteotan. Lan hauek erakutsi dute, besteak beste, planetak ur likido ugari izan zuela gainazaleko eremu zabaletan duela milioika urte. Ura ezinbesteko baldintza da, astrobiologoen esanetan, bizitza garatu ahal izateko. Eta hori horrela izanik, existitu ote zen bizitza Marten? Galdera horri erantzuteko NASAk 2020. urteko udan Mars2020 ibilgailu berria bidaliko du Martera misio berri bat abian jarriz. Mars2020 rover edota lur orotako ibilgailuak Marten egon zitekeen iraganeko bizitza horren zantzuak bilatzeko miaketa lanak egingo ditu, Curiosity ibilgailuak egindako lanari jarraipena emanez.
Lana aurrera eramateko sistema teknologiko garatuekin osatua egongo da ibilgailua. Esaterako, MEDA edo Mars Environmental Dynamics Analyzer tresna izango du. MEDA estazio meteorologiko baten antzekoa da eta honen lana izango da Marten dauden erradiazio-dosiak, meteorologia eta ingurumen-baldintzak monitorizatzea. MEDA tresna 57 proposamenen artean hautatu berri du NASAk Mars2020 ibilgailuaren parte izateko. Astrobiologia Zentroko José Antonio Rodríguez Manfredi ingeniaria ikerketa buru izango delarik, nazioarteko kontsortzio batek garatuko du tresna. Ikerketa-taldean UPV/EHUko bi kide izango dira: Agustin Sanchez Lavega Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendaria, ikertzaile bezala eta Zientzia Planetarioen taldeko Santiago Perez-Hoyos, atmosferako partikulen ikerketan trebatutako aditua, kolaboratzaile bezala.
Etorkizunean gerta daitezkeen balizko giza-esplorazioei laguntzeko asmoz, Marteko ingurumen-baldintzak jasotzeaz gain, MEDAk beste zeregin bat ere izango du: Planetako hautsaren propietateak ikertzea. Marte desertu erraldoi baten antzekoa da non, haizearen eraginez, planeta osoa inguratu dezaketen hauts ekaitz gogorrak sortu daitezke. Hori dela eta, hautsa harrotu, suspentsioan utzi eta planetaren gainazalaren gainean pausatzeko zikloari arreta berezia jarriko diote. UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendaria den Agustin Sanchez Lavegak azaldu duenez "Marteko hautsa oso-oso fina da (mikra edo milimetro baten milioirenaren tamainakoa), eta gainazaleko haize bortitzek, atmosferaren dentsitate txikiarekin batera, hautsez betetako giroa sorrarazten dute planeta osoan. Hautsak instrumentu guztiak estali eta zeharkatzen ditu, eta horrek gogoan hartzeko moduko arriskua dakar espazio-ontzientzat eta astronautentzat".
Misioan zuzenean parte hartzeaz gain, Zientzia Planetarioen Taldeak garatu duen PlanetCam izeneko tresna teleskopio desberdinetan egokitu ondoren, Marteko atmosferaren egoera bereizten jardungo du datozen urteotan. | science |
zientzia_kaiera-71053581c7c7 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2014/09/07/asteon-zientzia-begi-bistan/ | Asteon zientzia begi-bistan #23 | unknown | 2014-09-07 00:00:00 | Asteon zientzia begi-bistan #23
Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Konpost-gailuan sagua aurkituz gero, Jon Ander Galarraga biologoaren ustez, akabo konpostaje prozesua. Zer nolako eragina dute saguek konpostaje prozesuan? Zer egin antzematen baditugu? Erantzunak Konpostazank! blogean: Konposteko xomorroak: xaguak.
Ikerketa… "aspergarri" baten berri ematen digu Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian. Inoiz inork mugitzen ikusi ez dituen harriak, AEBko Heriotzaren Ibarreko harri ibiltariak, nola mugitzen ziren ikertzea "inoizko esperimenturik aspergarriena" zela iruditu zitzaion ikertzaileetariko bati. Baina lortu dute jakitea zergatik mugitzen diren harriok: puskatzen zen izotzaren eraginez. Inoizko esperimenturik aspergarrienak argitu du Heriotzaren Ibarreko harri ibiltarien misterioa.
Ba al dakigu non bizi garen? Seguru askok pentsatuko duela, "hori galdera inozoa". Agian. Baina, non kokatzen gara Kosmoan? Non dago gure tokia? Nazioarteko zientzialariz osatutako ikerketa-talde batek eman digute erantzuna: 100.000 bilioi eguzki dituen Unibertsoko ertz batean bizi gara, Laniakean. Eider Cartonek ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Laniakea supermultzoa da gure galaxiaren "etxea" unibertsoan.
Ikertzaileak kezkatuta daude polinizatzaileen egoera dela eta. Vigoko Unibertsitateko ikertzaileek adierazi dutenez, polinizazio-kolapso baten aurrean gaude. Gizakion landare-kultiboen %75 inguruk dute intsektuek egindako polinizazioaren beharra eta egun, polinizatzaile-galera bat dugu, biziki larria. Javier San Martín kazetariak ematen digu honen berri Zientzia Kaieran: Polinizatzaileak suntsipen bidean.
Gero eta esparru gehiagotan erabiltzen da smart terminoa: adibidez, smart materials, smart cards eta, gero eta indartsuago, smart cities, hiri adimentsuak. Baina ziur asko ez dago hain argi zer esan nahi duen hiri adimentsuak terminoak. Sarritan hiri adimentsua eta hiri jasangarria sinonimotzat hartzen dira. Josu Jugo irakasleak argitzen digu honen esanahia Zientzia Kaieran argitaratu duen Smart Cities artikuluan.
Kalamutik eratorritako zenbait substantziak minbizia duten gaixoen mina arintzeko balio dutela ezaguna da. Baina azken urteotako ikerketa batzuek iradokitzen dute gaitzari berari, minbiziari erasotzeko ahalmena ere badutela kannabinoideek. Amaia Portugal kazetariak Leire Uriguen adituarekin hitz egin du eta kannabinoideen potentzial terapeutikoen ikerketen berri ematen digu: Kannabinoideak, minbiziaren balizko etsaiak
Koldo Garcia biologoak genomaren konplexutasuna modu errazean azaltzen digu Edonola blogean. Genomaren alde kolaboratzailearen (geneak) eta alde berekoiaren (osagai mugikorrak) arteko harremanak eta hauen mekanismoak zeintzuk diren azaltzen dizkigu oraingoan. Zehatzago, genomaren eskualde bat desaktibatu eta aktibatu dezakeen metilazio mekanismoa dakarkigu Gure barneko borroka (eta 2) artikuluan.
Duela bi urte Gibraltarreko Gorham kobazuloan, 300 cm² dituen irudi grabatu bat aurkitu zuten harri batean. Ikertzaileen ustez, irudiak 39.000 urte baino gehiago ditu, eta sasoi hartan neandertalak bizi zirenez kobazuloan egilea haietako bat izan zela ondorioztatu dute. Horrela balitz, badirudi neandertalek egindako lehen errepresentazio abstraktua litzatekeela hau. Ana Galarragak azaltzen digu Elhuyar aldizkarian: Neandertalek pentsamendu abstraktua zutela frogatuko zukeen irudi bat topatu dute.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko "zientzia" antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua. | science |
Subsets and Splits