id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
zientzia_kaiera-e4e53aef22fc | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/12/09/ba-ote-zuten-neanderthalek-gaitasun-sinbolikorik/ | Ba ote zuten neanderthalek gaitasun sinbolikorik? | 2013-12-09 00:00:00 | Ba ote zuten neanderthalek gaitasun sinbolikorik?
Journal of Anthropological Research aldizkarian argitaratu duten artikulu batean neanderthalen gaitasunei buruzko eztabaidarako beste aurkikuntza bat aurkeztu dute UPV/EHUko ikertzaileek.
Journal of Anthropological Research aldizkariak, Neanderthal Graphic Behavior: The Pecked Pebble from Axlor Rockshelter izeneko lana argitaratu du azken zenbakian. Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Marcos García, Blanca Ochoa eta Ignacio Barandiarán irakasleek egin dute lan hori. Neanderthalen adimenaren gaitasun sinbolikoari eta konplexutasunari buruzko eztabaidarako datu eta argudio berriak aurkeztu dituzte ikertzaileek artikuluan.
Erdi Paleolitoan grabatu zen hareharrizko harri-koskor baten azterlana aurkeztu dute artikulu horretan; harri-koskor hori Dima inguruko (Bizkaia) babes harritsu bat den Axlorko aztarnategian aurkitu zen, orain dela 30 urte baino gehiago. Aurkikuntzaren unean, harria nahita aldatuta zegoela ohartu ziren, baina harrezkero ahaztuta egon da. Argitaratu berri den artikuluan harriaren deskribapen berria eta dokumentazio osagarria eskaini dituzte. Bestalde, harri-koskorraren esangura eztabaidatu dute egileek, batez ere bere izaera antropikoa, batetik, eta bestetik, Goi Paleolitoaren aurreko, hau da, Homo sapiensaren aurrekohominidoen taldeen portaera grafikoaren erregistro murritza baina fidagarriari lotuta egotearen aukera ere.
Axlorko harri-koskorrak 45.000 urte ditu, gutxienez, eta X bat du grabatuta; ikertzaileen arabera, irudi horrek adierazten du neanderthalen Europako portaera grafiko eta sinbolikoak osagai lineal bat daukala. Dirudienez, X forma horrek ikurren pixkanakako erabilera soziala irudikatzen du ikusmen-pertzepzioan oinarritutako eraikuntzen bidez. Izan ere, Afrikako eta Ekialde Hurbileko Homo sapiens sapiensaren populazioetan ezaguna zen portaera kontzeptualizatu ez figuratiboa adierazten dute lerro-egiturek eta erritmo-segidek. Hortaz, pentsamendu grafikorako gaitasunaren agerpena ez bide da gure espeziearen berariazko eta berezko ezaugarria.
Neanderthalen portaera sinbolikoaren frogak ez dira ugari Erdi Paleolitoan Europan. Ez dago ageriko frogarik figurazko arteari buruz, eta gizabanakoen apaingarriak urri-urriak dira; apaingarri gutxi horien artean, adibidez, Arcy-sur-Cureko aztarnategietakoak ditugu, hor ere orain dela 40.000 urte marren bidez apaindu baitzituzten hezurrezko tresnak.
Hain maiz agertzen ez ziren eta ziur aski neanderthalen populazioen artean tradizio grafiko linealak bezalako eraginik ez zuten beste adierazpide batzuekin (adibidez, La Ferrassieko kupulak eta La Roche Cotardeko figurazko pieza berezi bat) batera agertu zen Axlorko harrian irudikatutako gai lineala. Izan ere, tradizio grafiko linealak nolabaiteko sozializazio-maila erakutsi zuen Europan orain dela 60.000 urte, gutxienez, eta dentsitate demografiko handiagoa egon omen zen unean gertatu zen. Homo sapiens sapiensaren aurreko espezieek "arte higigarria" sortzeko eta erabiltzeko zuten gaitasun sinboliko-grafikoa berretsi bide dute tresna horiek. Azken neanderthalen artean "jokaera-modernitatea" agertu izanaren frogatzat har daitezke datu horiek.
Axlorko aztarnategia Dima udalerrian (Bizkaia) dagoen haitzulo bat da, eta José Miguel de Barandiaránek aurkitu zuen 1930eko hamarkadan. Induskatutako maila arkeologikoek informazio ugaria eman dute neanderthalek harrizko tresnak (puntak, karrakailuak, aiztoak…) fabrikatzeko zuten moduari, jaten zuten faunari, ehizatzeko erabiltzen zituzten metodoei eta bizitegiak eta lantokiak antolatzeko zuten moduari buruz. Paleolitoko jokabide artistikoei eta sinbolikoei eta Euskal Herrian eta mendebaldeko Europan jokabide horiekin lotutako arrazoi zein espezieei buruzko ikerketa baten testuinguruan berraztertu dute pieza hori.
Laburbilduta, lan horrek arte higigarriko objektu berri baten berri eman digu neanderthalen testuinguruan, Erdi Paleolitoan. Horrela, azken urteotan neanderthalen populazioetarako zein gizaki modernoen lehenengo populazioetarako metatu diren beste pieza batzuei gehitu zaie Axlorko harri-koskorra. Gauzak horrela, Erdi Paleolitotik Goi Paleolitorako, hau da, Homo Neanderthaletik Homo sapienserako trantsizioa eta gure espezieari beren-beregi esleitu ohi zaion jokabide modernoaren osaera interpretatzeko eta eztabaidatzeko osagai berriak eman ditu. Axlorko harri-koskorrak eta antzeko beste froga batzuek neanderthalen adimenaren gaitasun sinbolikoa eta grafikoa eta konplexutasuna frogatzen dituzte, ia zalantzarik gabe. | science |
|
zientzia_kaiera-9cc967f7cb96 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/12/05/atzerrira-joatea-beti-da-ona-ikerlari-batentzat/ | Jon Molinero: "Atzerrira joatea beti da ona ikerlari batentzat" | 2013-12-05 00:00:00 | Jon Molinero: "Atzerrira joatea beti da ona ikerlari batentzat"
Ikertzaile eta zientzialariak askotan atera behar izaten dira gure mugetatik. Hainbeste arrazoi izan ditzakete honetarako: lan aukera berriak bilatzea, lan egiteko beste modu batzuk ezagutzea, esperientzia ezberdinak bizitzea… Kontua da, eta hau gehienek onartzen dute, atzerrira joateak inolako kalterik egiten ez duela eta oso aberasgarria izan daitekeela. Etxetik joateak beldurra eman dezake hasiera batean. Egia da. Beste herrialde batera bidaiatu behar duzu, hizkuntza berri bat ikasi, lan taldearen martxa hartu…
Baina gauza horiek guztiak egitea beti da –edo gehienetan bai, behintzat- positiboa. Askotan, gainera, baita beharrezkoa ere. Ikertzaileek, beren lanean hobetzeko eta hazteko, esperientzia hauek behar dituzte. Lantoki berean bizitza oso bat ematea erosoa izan daiteke –askorentzat oso aspergarria-, baina norberak bere lanean gora joan nahi badu honelako bizipenak ere beharko ditu. Ikuspuntu berriak lortzen dira, hain zuzen ere.
Zientzia Kaiera Jon Molinerorekin bildu da oraingoan. EHUko ikertzaile gazte honek urte batzuk eman behar izan zituen Ameriketako Estatu Batuetan eta bertako esperientziari esker gauza asko ikasi zituen. Baina ez hori bakarrik. Izan ere, han egin zuen lana aitortu nahi izan dute eta duela gutxi jaso du, Roger A. Burke zientzialariarekin batera, herrialde honen Ingurumenaren Babeserako Agentziak (USEPA) ematen duen Scientific and Technological Achievement Award saria (lorpen zientifiko eta teknologikoari saria). Ez da gutxi. Berarekin elkartu gara sari honen gainean hitz egiteko eta bere lana hobeki ezagutzeko.
– Lehenik eta behin, zorionak! Zer garrantzi du zuretzat sari honek?
Zure lana kanpotik aintzat hartzen dutenean beti da pozgarria. Egia esan behar badut, lan hau egitea asko kostatu zitzaigun. Oso gogorra eta neketsua izan zen. Hiru urte eman nituen Georgian lan hau egiten eta artikulua publikatzeko –artikuluari esker lortu du saria- arazoak izan genituen. Ez da lan erraza izan, hori seguru. Hori bai, horren ostean errekonozimendu bat jasotzea pozgarria izan da.
– Beraz, urte batzuk behar izan dituzue dena egiteko. Zenbat denbora behar izan duzue ikerketarekin hasi zinetenetik artikulua publikatu zenuten arte?
2001. urtean iritsi nintzen Estatu Batuetara eta 2004ra arte ibili nintzen han lanean. Artikulua 2009. urtean kaleratu genuen eta saria orain eman digute. Urte asko izan dira, bai.
– Nola azalduko zenioke zure gaiaz asko ez dakien norbaiti egin duzuen lana?
Ikus dezagun… (segundo batzuk hartzen ditu erantzuna eman aurretik). Ez da erraza. Eredu matematiko sinple batzuk garatu ditugu ibaietan egon daitekeen zama organikoa zein den aurreikusi ahal izateko. Zama organiko honek garrantzi handia du ibaietan, izan ere, materia organikoak ibaiak berak duen oxigenoa kontsumitu baitezake. Honek, zuzeneko eragina du bertan egon daitekeen faunan, adibidez.
– Zure ustez, zer da saritu nahi izan dutena?
Nire ustez bi gauza saritu dituzte. Alde batetik egin dugun kolaborazio lana dago. Hau da, proiektu hau ingurugiro agentziaren (USEPA, US Environmental Protection Agency) barruan dagoen pertsona baten eta agentziatik kanpo dagoen beste ikerlari baten arteko elkarlana izan da. Ni kanpokoa nintzen eta nire nagusia, berriz, barrukoa. Elkarlan hori asko hartu dute kontutan. Bestalde, egin dugun lanak ere erabilgarritasun publikoa dauka eta hori aintzat hartu dute saria ematerakoan. Bi gauza horiek saritu dituzte.
– Joan gaitezen zure gaztarora. Zergatik erabaki zenuen zientzia gizon izatea? Bokaziozkoa izan al zen erabaki hori?
Baietz esango nuke. Biologia ikasten hasi nintzen biologia gustuko nuelako, besterik gabe. Lanak berak asko erakartzen ninduen. Bestalde, ekosistema baten barruan egon daitezkeen osagarri guztiak elkarren artean nola erlazionatzen diren ikasteko gogo handia nuen. Ikasketa hauek gustukoak nituelako aukeratu nituen, egia da.
– Ikerlari gaztea zara eta dagoeneko jaso duzu errekonozimendu garrantzitsu bat. Zer gomendatuko zenioke 16-18 urte dituen gazte bati ikertzaile izan nahi duela esango balizu?
Saiatzeko esango nioke. Zalantzarik gabe. Egia da ez dela erraza honetaz bizitzea, baina hori lan askotan gertatzen da. Lehen bazirudien etxegintzan lan egiten zuenak bizitza osorako lana izango zuela, eta gaur egungo errealitatea ez da hori. Lan honetan egonkortasun bat lortzea zaila da, baina saiatzeak pena merezi du. Hori argi daukat. Momentu politak bizi izan ditut lan honekin.
– Zure ustez, eta esperientzia baduzu honetan ere, ikertzaile batek beti atera beharko luke kanpora lan egitera denbora batez bada ere?
Ez dakit beharrezko izan beharko lukeen edo ez, baina kanpora joateak gauza on asko ematen dizkizula argi dago. Beste gizarte batzuetan zientziak garrantzi handiagoa du eta toki horietara esperientzia bat bizitzera joatea beti positiboa dela iruditzen zait. Atzerrira joateak onura pertsonal asko ekartzen ditu.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
|
zientzia_kaiera-f651bfa4d8db | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/12/04/gripeari-buruzko-irakaspenak-lau-urte-geroago/ | A gripeari buruzko irakaspenak lau urte geroago | 2013-12-04 00:00:00 | A gripeari buruzko irakaspenak lau urte geroago
"Osasun-agintarien alarma aurrekontu teorikoek justifikatzen zuten, baina, zorionez, pandemia ez zen espero bezain larria izan" gogoratzen du Eider Oñate pediatrak Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatean, bere lantokian. Badaki zertaz ari den. Aurreneko su-lerroan egon zen 2009ko A gripearen krisian. "Hartu ziren neurriak ez hartzea barkaezina izango litzateke, eta zuhurtzia horrek eragingo lituzke saihets zitezkeen biktima asko". Pandemiak Gipuzkoako haurrengan izan zuen eragina kuantifikatu nahi izan du Oñatek, bai pandemian bertan zein H1N1 birusa agertu eta barreiatu aurreko eta ondorengo garaietan ere. Emaitzak bere tesian jaso ditu: 2009ko pandemian zehar gripearen birusaren infekzioagatik Gipuzkoan ospitaleratutako haurren ezaugarri klinikoak eta epidemiologikoak: pandemiaren aurreko eta ondorengo garaiekiko konparazioa. Ikerketak berretsi du biztanle-tarte horretan (hasiera batean, arrisku-taldeetako bat) gripearen azpimota honen eragina urte-sasoiko gripearen antzekoa zela, nahiz eta haur helduagoei eta heldu gazteei eragin batez ere.
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 2009ko ekainean "pandemia martxan zegoela" dekretatu zuen, eta A gripeaz infektatuta egon zitezkeela uste zen haur guztien kasuak sakon aztertzera behartzen zituzten protokoloak aktibatu ziren ospitaleetan. Ohiko egoeretan eskuratzen ez den informazioa jasotzeak aukera eman zuen lehenengo aldiz aztertzeko, osasun-sistema antolatu eta birus-diagnostikoa egiteko baliabideak dituen batean, birus berriak herritarrengan eta osasun-laguntzan zuen eragina eta haren jokaera klinikoa eta epidemiologikoa. Gainera, egoera hori ez zen errepikatzen 1968az geroztik, A gripearen birusaren andui berri bat agertu eta azken gripe-pandemia izan zenetik.
Datu-azterketatik ateratzen den ondorioak adierazten du A gripeak batez ere koadro arinak eragin zituela, baita arrisku-taldeetako gaixoengan ere, eta heriotza-tasa, gripe ez-pandemikoan bezala, baxua izan zela eta uste baino txikiagoa. Horrez gain, azterketak azaldu du, pandemiaren aurreko eta ondorengo datuak konparatuz, larrialdi-zerbitzuetako kontsulta-kopurua eta ospitaleratzeak asko igo zirela. "Alarma sozialak zerikusi handia izan zuen", onartzen du Oñatek. "Herritarren jarrera aldatzeaz gain, mediku pediatren ohiko jardun klinikoa aldatu zuen". Hala, jarraitzen du Oñatek, adibidez, A gripea zuen haur asmatiko bat tratatzean beste modu batera jarduten zen, jardun klinikoan hainbeste oinarritu gabe. Normalean, asma eta gripe arrunta duen eta arnasa hartzeko inolako zailtasunik ez duen haur bat etxera bidaltzen da, baina pandemian ohikoena ospitaleratze prebentiboa izan zen.
Krisiaren tamaina erreala osasun-arlotik kanpoko faktoreek deformatu zuten ala ez kontuari buruzko polemikak alde batera utzita, Oñatek azpimarratzen du H1N1 A gripearen birusagatik XXI. mendean sortutako lehen pandemiaren ondorioz izandako esperientzia baliagarria izango dela hurrengo urteetan estrategia diagnostiko-terapeutiko berriak ezartzeko. Lehenbizikoa, alarmarekin ez itsutzea. Halaber, esperientzia berriaren aurrean berrikusi eta baloratu egin beharko litzateke antibiralak erabiltzeko estrategia, horien artean Oseltamivir ezaguna, zeina oso kasu gutxitan izan baita eraginkorra. Maila praktikoan, gripea detektatzeko bezain sentikorrak eta fidagarriak diren diagnostiko bizkorra egiteko metodoak eduki beharko genituzke, eta, hala, proba agresiboak saihestuko genituzke.
Historiak erakusten du lehenago edo geroago beste pandemia bat gertatuko dela. "Inork ez daki noiz gertatuko den berriro, baina orain prestatuago gaude" dio pediatrak, baina ohartarazi egiten du "Bai, 1918koa bezain birulentoa den beste bat gerta daiteke. Egoera horietan kutsatzea galarazi behar da eta barreiadura saihestu". Pediatrak Asia seinalatzen du birusa sortzeko foku posible gisa, eta azpimarratzen du munduko zaintza-sarea garrantzitsua dela andui berrien agerpena garaiz detektatzeko. "Gripeari ez zaio beldurrik eduki behar, baina garrantzitsua da aholkatuz gero txertoa jartzea" esan du amaitzeko. | science |
|
zientzia_kaiera-7722a7851ae2 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/12/02/zergatik-iruditzen-zaizkigu-berdinak-beste-etnietako-pertsonen-aurpegiak/ | Zergatik iruditzen zaizkigu berdinak beste etnietako pertsonen aurpegiak? | unknown | 2013-12-02 00:00:00 | Zergatik iruditzen zaizkigu berdinak beste etnietako pertsonen aurpegiak?
Gure etnia bereko pertsonak edo harreman gehien izan ditugun etnietakoak hobeto gogoratu ohi ditugu, eta horren zergatia Psikologiaren eremuko teoria batzuek argitu nahi dute. UPV/EHUko doktoregai Beatriz Martin Luengok eta Psikologiako doktore Karlos Lunak -azken hori gaur egun Irakasle Laguntzailea da Istanbulgo Suleyman Sah Universityn- birpasatu eta azaletik azaldu dituzte teoria horiek. ¿Por qué las caras de otras etnias nos parecen iguales? izenburu duen artikuluarekin lehen saria lortu dute Ciencia Cognitiva aldizkariko Dibulgazio Zientifikoko I. Lehiaketan.
Saria jaso duen lan horretan aurpegien pertzepziozko prozesamenduari buruzko zenbait teoria biltzen dira. Gizarte-kognizioan oinarritutako teoriak dira, baita pertzepzio-teorien eta gizarte-kognizioan oinarritutako teorien arteko hibridoak ere. Saritutako egileek azaltdu dutenez, "Teoriaren ikuspuntutik oso garrantzitsua da gure pertzepzioa zein mekanismok azaltzen duten jakitea, aurpegiak baitira egunero aurrean ditugun estimulurik konplexuenetako bat. Bestalde, azterlan horiek ekarpen garrantzitsua egin dezakete gizarte-alorrean, bizi garen gizarteetan gero eta sarriago etnia diferentetako pertsonak integratzen direlako".
Izan ere, gure memoria hobea da geure etniako aurpegietarako, beste etnia batzuetako aurpegietarako baino, "mota horretako aurpegietarako joera daukagulako. Joera hori, aurpegiak prozesatzeko gure moduaren espezializaziotik etor daiteke. Horrenbestez, prozesamendu hori modu kualitatiboagoan egiten dugu gure etniako aurpegietarako, talde barruko edo kanpoko kategorizazio sozial baten antzera, hau da, pertsona hori nire taldekoa den ala ez. Duela gutxiago sortutako beste teoria batek ikuspegi biak uztartzen ditu eta motibazioaren eta egoeraren araberako alderdiak txertatzen ditu".
Egileek nabarmendu dutenez, garrantzitsua da horrelako teoriak zabaltzea eta ezagutzera ematea edonork ulertzeko moduan, "alde batetik ikerketa-lanak gizarte osoari ezagutzera emateko aukera sustatzen duelako, eta bereziki kasu honetan, gure ingurunearekin nolako harremana daukagun apur bat hobeto ulertzen laguntzen duelako". | science |
zientzia_kaiera-742b7f3201e1 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/28/tximinoen-aurpegi-liburua/ | Tximinoen aurpegi-liburua | unknown | 2013-11-28 00:00:00 | Tximinoen aurpegi-liburua
Mundu Zaharreko tximinoen aurpegia duela milioika urte eboluzionatzen ari da. Badira aurpegi koloreztatudun tximinoak, motots handidunak, sudur handidunak, tximino urdinak, aurpegi luze edo aurpegi biribileko tximinoak… UCLA unibertsitateko biologo talde batek berriki plazaratu du ikerketa xehe bat, 189 tximino katarrinoren hazpegien azterketa zehatza eskaintzen duena: Ezaugarri hauen konplexutasuna eta kolorea, tamaina edo beren habitata bezalako aldagaien mendekoa da.
Nature Communications aldizkarian argitaratutako lan batean, Sharlens Santanaren taldeak agerian utzi du aurpegi-ezaugarri korapilatsuagoak dituztela talde handiagoetan bizi diren tximino espezieek. Horrek laguntza eman liezaieke elkarrengandik bereizteko. Talde txikietan bizi direnek kolore gutxiago eta aurpegi bakunagoak dituzte, baina hala ere, tximino handien kasuan adibidez, aurpegien bakuntasunak aukera eman die keinu sorta zabala garatzeko.
"Gure ikerketen emaitzek iradokitzen dute lagunak eta lehiakideak elkarrengandik bereizteko erabili izan dutela aurpegia azken 50 milioi urteetan, eta taldeka bizitzeak berak eragin duela egun ikusgai dugun aurpegi-anizkoiztasun izugarri hori. Hala baieztatzen du Michael Alfaro biologoak, ikerketa honen egilekideak. Horrela, bere esanetan, taldearen tamainak gora egiten duen neurrian, kolore kopurua ere gora doa aurpegiaren hainbat aldetan. Espezie batzuk, orangutanak kasu, bakartiagoak dira, baina tximino gehienak oso taldekoiak dira eta horrela, mandrilak 800 kideko taldeak osatzera ere iristen dira.
Honenbesteko anizkoiztasuna sailkatu ahal izateko, Sharlene Santanak metodo bat garatu du, argazkietatik abiatuta hazpegien konplexutasuna zenbatzeko. Sistema honetan, hainbat aldetan zatikatzen dira aurpegiak, eta ondoren, zati bakoitzaren koloreak sailkatzen dira, eta balio sorta jakin bat esleitzen zaie, espezie bakoitzaren "aurpegiaren konplexutasuna" finkatzeko.
Hazpegien konplexutasuna ez bezala, aurpegien pigmentazioa ez da aldatzen talde-tamainaren arabera, taldea bizi den habitat motaren arabera baizik. Latitudearen arabera eta bizi diren kokagune zabalen edo itxien arabera, aurresan daiteke tximinoek hazpegi ilunago edo argiagoak izango dituzten. "Gure mapak agerian uzten du Afrikan dagoen joera geografiko hori", baieztatzen du Lynch Alfaro ikerlariak. "Ekuatorera hurbiltzen goazela, primateek gero eta aurpegi ilunagoak dituzte, eta gero argiagoak ekuatoretik urruntzen goazen heinean. Horixe bera ikusten dugu giza espeziearen pigmentazioa planetan zehar". Era berean, tropikoetan baso trinkoagoetan bizi direnek ere badute aurpegi ilunagoak izateko joera.
Behin ezaugarri hauek ezagututa, zientzialariek orain ahaleginak egin behar dituzten zehaztapen hauek Mundu Berriaren tximinoen datuekin uztartzeko. Izan ere, lehenago plazaratutako lan batean, aurkitu zuten Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan hazpegi eredu bakunagoak zituztela han taldeka bizi diren ehun bat espezietako kideek. Beste era batera erabiltzen ari ote dira aurpegia tximino hauek?
Iturria: Iturria: : Adaptive response to sociality and ecology drives the diversification of facial colour patterns in catarrhines (Nature Communications) | [Vía]
Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-fdfaa5d58c01 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/27/zientzia-egiten-duenak-bere-lana-komunikatzeko-gai-izan-behar-du/ | Txema Asua: "Zientzia egiten duenak bere lana komunikatzeko gai izan behar du" | unknown | 2013-11-27 00:00:00 | Txema Asua: "Zientzia egiten duenak bere lana komunikatzeko gai izan behar du"
Bizitzan badira momentu batzuk non, gustatu edo ez, erabakiak hartu behar diren. Ez gabiltza ile kolorea aldatzeaz edota kotxe berri bat erosteaz ari. Erabaki garrantzitsuez mintzo gara. Bizitza betiko markatuta utzi dezaketen erabakiez, hain zuzen ere. Hauetako bat da, zalantzarik gabe, ikasketen aukeraketa. Hori bai lan zaila! Asko pentsatutakoan, batzuek fisika ikastea erabakiko dute, besteek, berriz, filosofia. Normalean, 18 urte ingururekin egiten da aukeraketa hori eta, bizitzako momentu horretan, askok ez dute bat ere argi etorkizunean zer izan nahi duten. Bokazioak ez du beraien atean oraingoz jo.
Gainera, gure gizartean bada oso zabalduta –eta oso oker- dagoen pentsatzeko era bat: bokazio bat izateak etorkizunean zure lanean oso ona izango zarela ziurtatuko du. Adibide batekin argi ikusten da hau. 10 urteko ume bat nagusitan medikua izan nahi duela esaten entzuten dugunean, nolabaiteko lasaitu bat hartzen dugu. "Zein argi duen ume honek bere etorkizuna. Seguru oso ongi egingo duela", pentsatzen dugu. Honen aurrean, zer egin ez dakienak, burua makurtu eta bestea bezain ona izango ez dela onartzen du. "Ze zortea duen horrek. Nik ez dut bat ere argi nire erabakia. Medikua izango naiz edota matematikaria? Seguru hura oso ona izango dela bere lanean. Eta ni zer?".
Hala ere, urteen joan etorriek garbi uzten dute baieztapen edo uste hau ez dela zuzena. Bokazioa izateak ez duela zertan lan horretan arrakasta izango duzunik ziurtatzen. Askotan, gainera, kontrakoa gertatzen da. Horixe da gure azken protagonistari pasatu zitzaiona. Berak ez zuen garbi bere etorkizuna. Ez, behintzat, nerabe bat zenean. Hori bai, gaur egun punta puntako zientzialaria da eta erreferentzia garbia bere alorrean. José María Asuari buruz ari gara. EHU-n Ingeniaritza Kimikoan Katedraduna eta Polymat BERCeko zuzendaria den irakasle honekin luze ibili gara telefonoz eta bere bizitzari birpasa eder bat eman dio Zientzia Kaierarekin batera.
– Zientzialaria, ikertzailea eta irakaslea zara. Zer da hori gaur egun?
Ezin zaitezke zientzialaria izan ikerketarik egin gabe. Behintzat, nik horrela ulertzen dut. Eta galderari erantzuna emanez… (isilune bat egiten du erantzuna ongi pentsatzeko) Oso fuerte hasi zara! Ikus dezagun… Beste lan batzuekin erkatuz gero, zientzialariaren lana ez da oso ezberdina. Nire lana arazoei irtenbidea ematea da. Edo beste era batean azaldu nahi bada, konponbideak bilatzea da nire betebeharra. Lan egiteko modu hau beste ogibide askotan aurkitu dezakegu gure gizartean.
– Nolakoa da egun normal bat zure lanean?
Ez dakit nire lanean egun normalik existitzen den edo ez… Hori, lehenik eta behin (barreak!). Egun normal baino, egun on bat nolakoa den azalduko dut. Hasteko, beharrezkoa da bilera gehiegirik ez egotea. Bestalde, mahai gainean arazo edo erronka bat izatea ere ezinbestekoa da. Irtenbidea aurkitu behar diozun arazo bat, hain zuzen ere. Egun oso bat erronka horri konponbidea bilatzeko gordeta badut, eta nahiz eta irtenbiderik lortu ez, egun hori borobila da niretzat. Xakean irabaztea oso polita da, baina parte hartzearekin bakarrik pozik nago. Berdina gertatzen da hemen. Ulertzen ez duzun zerbait esku artean izatea eta egun oso bat hori ulertzeko lanean ematea… Niretzat, egun hori, egun handia da.
– Irakaslea zara, baina ez duzu klaserik aipatu zure "egun on" horretan. Zergatik?
Irakasle bezala egun on bat nolakoa den galdetzen didazu?
– Bai, hori da…
Imajinatu dezagun klase batean zerbait azaltzen nagoela. Azalpena bukatu eta pentsatzen dut: "hau oso argi geratu dela iruditzen zait". Baina momentu horretan bertan ikasle batek eskua altxatu eta galdera bat egiten dit. Azalpena behar bezala egin ez dudala konturatzen naiz. Aukera guztiak kontutan hartu ez ditudala, alegia. Ikasle batek desafio bat planteatzea irakasle bezala gertatu ahal zaizun gauza hoberenetakoa da, nire ustez. Hori izango litzateke egun on bat.
– Bokazioak eraman al zaitu zientzialari edota ingeniari kimikoa izatera?
Ez, ezta gutxiago ere. Bizitzaren nondik norakoek eraman naute gaur egun naizena izatera. Egia da gaztetatik banuela nolabaiteko erraztasun bat zientzia kontuetan, baina biologia ere egin nezakeen, edota fisika, biokimika… Zientzialaria ez naiz bokazioz. Hori seguru. Tesia egiteko gogoa nuen ikasketak bukatutakoan. Izan ere, tesia egiteak beste toki batean bizitzeko aukera ematen zidan. Tesia bukatu eta Donostian lana eskaini zidaten ikerlari bezala. Hiri honetara etortzeko gogoa nuen eta ikerkuntzak ateak ireki zizkidan. Baina hemen, kiroletan bezala, entrenatzeak hobea egiten zaitu eta, zerbaitetan hobetzen duzunean, normalean, gustua hartzen diozu. Hori da gertatu zaidana.
– Irakaslea eta zientzia gizona zara. Zure ustez, bi ogibide hauek eskutik joan behar al dute derrigorrez?
Unibertsitateko irakasle batentzat ikerkuntza egitea beharrezkoa da. Nire ustez, ezinezkoa da irakasle ona izatea ikerkuntzak ematen dizun ezagutza hori eskuratu gabe. Gainera, ikerkuntza egiteak gehiago ikasteko gogoa ematen dizu. Nolabaiteko jakin-nahia sortzen du zuregan. Eta jakin-nahi hori ikasleari transmititu behar zaio. Beraz, esango nuke, irakasle batentzat beharrezkoa dela.
– Eta kontrako bidea nola ikusten duzu? Hau da, ikerlari batek klaseak eman behar al ditu derrigor?
Ikertzaileen kasua ezberdina da. Izan ere, posiblea da ikerkuntza egitea eskolarik eman gabe. Hala ere, oso zaila da ikerlari bat maila ona izatera iristea bere usteak eta ezagutzak azaltzeko gai ez bada. Hau da, berak egiten duena gainontzekoei azaltzeko gai izan behar du. Honek zera esan nahi du, ikerlariak beti egin beharko duela nolabaiteko lan pedagogikoa. Ez bada graduko ikasleekin, bai bere 'kolega' edo lankideekin. Zientzia egiten duenak bere lana komunikatzeko gai izan behar du.
Oharra: Argazkia, hemendik hartu dugu, Euskonew-ek egin zion elkarrizketa interesgarri batetik.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-351003fdf3df | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/25/adarren-istorio-bat/ | Adarren istorio bat | unknown | 2013-11-25 00:00:00 | Adarren istorio bat
Adarrak dira istorio honen protagonistak, adarrak edo adar horiek daramatzaten abereak, Hirta uharteko ardi eta ahariak hain zuzen ere. Hirta uharteko ardi-ahariak txikiagotzen ari dira urtetik urtera, eta aspaldi aritu nintzen horri buruz. Oraingo honetan, berriz, ardien tamainari erreparatu beharrean, ardi-aharien adarrei erreparatuko diet, uharteko ahari gehienak adar handikoak izan arren adar aztarnak baino ez baitituzte gutxi batzuek, eta horrek azalpen bat behar zuen, adar handiak edukitzea -hasiera batean behintzat- balio handikoa baita aharientzat.
Hirta, St. Kilda uhartedian dago, Eskoziako Mendebaldeko Uharteetatik 60 km-ra. Joan den mendearen hasiera arte, gizakiak bizi izan ziren han, uharte txiki eta txiroan, baina gizakiek handik alde egiteko erabakia hartu behar izan zuten, hain ziren gogorrak bertako bizi-baldintzak. Jendeak alde egin ondoren, ardiak heldu ziren, Buteko markesak hara eraman zituelako, uhartedi bereko Soay uhartetik hain zuzen ere. Hori dela eta, Soay ardiak izenez ezagutzen dira. Hirurogeita hamar urte baino gehiago daramatzate han eta erabat basatuta daude.
Biologoek, Hirta uharteko ardi-ahari populazioa ikertu egin dute azken 25 urteotan zehar. Izan ere, sekulako aukera eskaintzen du uharte txiki batean eta gizakiaren eskuhartzerik gabe bizi den animalia basatuen populazio egonkor bat ikertu ahal izateak. Gertaera berezi horrek, baldintza ezinhobeak eskaintzen ditu eboluzioarekin zerikusia duten hainbat kontu aztertzeko eta orain arte erantzun egokirik izan ez duten galderei erantzuteko.
Gauzak bere testuinguruan kokatzeko, gogora ditzagun lehenik eboluzioaren teoriaren oinarri zenbait. Bi haustepen motak eragiten diote bizidunen eboluzioari: natura-hautespena eta sexu-hautespena. Ingurumen-ezaugarriek populazio bateko kideen ugaltze-arrakastan duten eraginaren bitartez gauzatzen da natura-hautespena. Hau da, bizidun batek izango dituen ondorengo helduen kopurua ingurumen-eragile baten menpekoa bada, hautespen-presioa dateke eragile hori, bizidun horren populazioko kideen eboluzioa baldintzatuko duena ala populazio hori desagertzea ekarriko duena.
Azter dezagun orain sexu-hautespena. Arrek emeengan edo, alderantziz, emeek arrengan ezaugarri jakin batzuk hobesten dituztenean, ezaugarri horiek hedatu egingo dira populazioan, arra edo emea saiatu egingo baitira sexu-bikotekidea aukeratzerakoan beste bikotekidea ezaugarri horiek dituenarekin parekatzen. Prozesu horretan datza sexu-hautespenak eta bere bitartez, ezaugarri jakin batzuk dituzten aleak ugaritu datezke populazioan. Paumaren buztana da sexu-hautespenaren bidez aukeratutako ezaugarrien adibiderik ezagunena: tamaina handikoak diren eta lumeen kolore biziak dituzten buztanak nahiago dituzte emeek arrengan eta, hori dela eta, horrelako buztanak dituzten arrak aukeratu dira espezie horretan. Teoriak diosku arren kalitate genetiko orokor on batekin uztartuta egon behar dutela ezaugarri deigarri horiek. Izan ere, buztan dotoreak sortzea eta mantentzea oso garestia da eta areago, harraparientzat harrapakin izatea errazten du buztan horrek; beraz, beste ezaugarri gehienak oso onak izan behar dira halabeharrez; bestela buztan ederdun ale horiek ez lukete luze bizirik iraungo.
Horixe da, hain zuzen ere, emeek buztan dotorea duten arrak hobesteko arrazoia. Baina kontu horren inguruan bada galdera-ikur bat; izan ere, zenbait kasutan aldagarritasun handia dago sexu-hautespena gidatzen duten ezaugarri horietan, eta ez dago batere argi horren arrazoiak zein diren. Azken batean, bikotekide emeek ezaugarri jakin batzuk nahiago badituzte arrengan, azkenean oso antzekoak izatera heldu beharko lirateke ar guztiak. Baina, esan bezala, askotan ez da hori gertatzen eta interes handikoa da hori ez betetzearen zergatia ezagutzea. Eta honetara datoz Hirtako aharien adarrak, adar horiekin antzeko zerbait gertatzen baita: guztiak ez dira tamaina berekoak, ez eta antzekoak ere.
Ezaguna da ugaltze-sasoian ardiekin parekatzeko lehia handia gertatzen dela aharien artean eta, lehia horretan, berebiziko garrantzia dute adarrek, adarrez elkar joaz talka egiten baitute ahariek bata bestearen aurka. Borroka horien emaitzek erabakitzen dute zein izango den ardi gehien ernalduko dituen aharia. Hortaz, arrarentzat oso garrantzitsua da tamaina eta erresistentzia handiko adarrak edukitzea. Baina, harrigarria bada ere, ahari gutxi batzuek ez dute adarrik, edo hobeto esan, egiazko adarren ordez adarren aztarnak baino ez dituzte. Esan bezala, oso gutxi dira, %13 izan ere, baina konstante mantentzen da ehuneko hori nahiz askoz ere ugaltze ahalmen txikiagoa duten ahari horiek. Izatez, ugaltze arrakastaren eta adarren tamainaren arteko korrelazio positibo esanguratsua dago eta, gainera, heredagarritasun handia du adarren tamainak. Bestalde, ahariek ez bezala, ardi guztiek ez dute adarrik, baina dutenen ardienak, txikiagoak dira. Ardi batzuek (%32), adar txikiak baina normalak dituzte; beste batzuek (%40), adar aztarnak baino ez dituzte; eta azkenik, adarrik gabeak dira besteak (%28).
Azken urteotan egindako ikerketen arabera, RXFP2 izena duen gene baten menpekoa da adarren tamainaren aldagarritasun gehiena. Soay ardi-ahariek gene horren bi alelo dituzte, alegia Ho+ eta HoP. Ho+ aleloak adar handiak edukitzen laguntzen ditu eta HoP aleloak, berriz, txikiak; izan ere, HoP HoP ahari homozigotikoen erdiak adar aztarnak dituzte, eta beste erdiak, adar normalak baina ez oso handiak. Beste ahariek berriz, adar handiak dituzte baina oraindik ere, tamaina desberdinekoak. Teoriak aurreikusten du HoP HoP hornidura genetikoa duten ar homozigotikoek ugaltze arrakasta txikiagoa dutela Ho+ HoP (heterozigotiko) eta Ho+ Ho+ (homozigotiko) hornidura genetikoa dutenek baino. Hortaz, sexu-hautespena izango balitz ahari horien adarren tamainari eragiten dion prozesu bakarra, ez litzateke egon beharko HoP HoP aharirik. Baina egon, badaude.
Ikerketa berean egindako beste aurkikuntza baten arabera, ahari guztien biziraupen probabilitatea ez da berdina, eta RXFP2 geneak badu zereginik horretan ere. Izatez, Ho+ Ho+ aharien biziraupen probabilitatea apalagoa da beste biena (Ho+ HoP eta HoP HoP) baino. Hortaz, Ho+ Ho+ ahariek ordainsari bat ordaindu behar dute adar luzeak edukitzearen truke. Ez dakigu zein den biziraupen apalago horren zioa, baina litekeena da Ho+ Ho+ ahariek adar handiagoak edukitzeagatik metabolismo gastu garaigaoa izatea. Bestalde, adar handidun ahariek ardiak zaintzen ematen dute denboraren erdia eta, horren ondorioz, gutxiago jaten dute, eta hori gutxi balitz, bere taldeko ardiak defenditu behar dituzte beste aharien ernaltze-ahaleginetatik. Hierarkia maila apalagoko ahariek (gazteek eta adar laburragokoek) denboraren %5 baino ez dute ematen ardiak ernaltzen saiatzen; izan ere, parekatzeko joera oportunista dute, hau da, bakarrik geratzen diren ardiak baizik ez dituzte ernaltzen.
Hortaz, baditugu hemen egokitze maila (fitness) baldintzatzen duten bi ezaugarri demografiko desberdin baina, neurri batean bederen, uztartuta: ugaltze arrakasta dago batetik, eta biziraupen probabilitatea, bestetik. Bi ezaugarri horiek uztartzen direnean, egokitze mailaren neurri bat kalkula daiteke eta honakoa dugu kalkulu horren emaitza: egokitze maila garaiena duten ahariak heterozigotikoak dira, alegia Ho+ HoP hornidura genetikoa dute. Ardietan berriz, ez dago gene horrekin loturiko egokitze mailen arteko desberdintasunik, ez biziraupen probabilitatea ez ugaltze arrakasta, ez baitira desberdinak hornidura genetiko horren arabera.
Beraz, trade-off izeneko harreman bat dago aharien Ho+ aleloak sustaturiko ugaltze arrakastaren eta HoP aleloak sustaturiko biziraupen probabilitatearen artean, eta harreman horren ondorioz, adarren tamainaren aldagarritasuna mantentzen da ahari-ardi horien populazioan. Ardien artean dauden desberdintasunak, bestalde, aharien artean daudenen ondorio genetiko dira; ez dute inolako esangura berezirik.
Bukatzeko, esan beharra dago hasieran aipatu dudan galderari erantzun dotorea eman diola hemen aurkeztu dudan ikerketak. Gogora dezagun galdera: Nola manten daiteke aldakor sexu-hautespenaren pean dagoen ezaugarri bat? Eta ikerketa honek eman duen erantzuna, honakoa: sexu-hautespenak eta natura-hautespenak batera eta kontrako norabidean jokatzen dutelako. Ez dakigu aurkikuntza hau beste kasu guztietan aplikatzeko modukoa den ala ez, baina litekeena da Soay aharien adarrekin gertatzen dena beste populazio edo espezie askotan gertatzea hautespen mota biek alderantzizko eragina baldin badute.
Iturria: Susan E. Johnston, Jacob Gratten, Camillo Berenos, Jill G. Pilkington, Tim H. Clutton-Brock, Josephine M. Pemberton & Jon Slate (2014): "Life history trade-offs at a single locus maintain sexually selected genetic variation" Nature 502: 93-96 | science |
zientzia_kaiera-9a06bee79cfb | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/21/zertarako-nahi-ote-dugu-beso-birtualdun-makakorik/ | Zertarako nahi ote dugu beso birtualdun makakorik? | unknown | 2013-11-21 00:00:00 | Zertarako nahi ote dugu beso birtualdun makakorik?
Korrika doa burmuina eta ordenagailua elkarrekin konektatzeko ahaleginen lasterka. Miguel Nicolelis (Dukeko Unibertsitatekoa) da lehia horretan oraingoz aurretik doana. Izan ere, duela urte batzuk lan egiten ari da burmuinaren aginduetara jarriko diren makinetan, beti ere gorputz deritzon interfaze hori alde batera utzita. Nicolelis izan zen esparru honetan txundituta utzi gintuen lehenengoa, erakutsi baitzigun nola makako batek mugitzen zuen baso errobotiko bat, bere burmuina erabiltze hutsarekin. Urte batzuk beranduago, berriki frogatu du bere laborategiko tximinoak gai direla beso birtualak mugitzen, mugitu behar dituztela pentsatu eta besoak bereak izango balira bezala jokatzen hutsarekin.
Gaian adituak ez direnek bideo hauek ikusita, pentsa dezakete "eta zertarako nahi ote dugu beso birtualak erabiltzen dugun makakorik?" Hobe dugu laborategiko saio hori zertan den jakitea, galderari erantzuna eman baino lehen.
Science Translational Medicinealdizkarian plazaratu den lan hau egiteko, Nicolelisek makako multzo bat aukeratu zuen. Gero, hainbat elektrodo sorta sartu zizkien burmuin kortexean, eta 500 neuronaren jarduera monitorizatu zuen. Esan beharrekoa da ordura arte ez zela inoiz hainbeste neuronarekin horrelakorik egin. Ondoren, trebatu egin zituen makakoak, ordenagailu bidez sortutako besoez baliatzen, lehenago joystickak erabilita eta gero burmuin soila erabilita.
[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=a2XAT_BOp9I[/youtube]
Makakoek pixkanaka ikasi zuten jarduera birtualak egiten. Adibidez, ikasi zuten burmuina bakarrik erabilita hainbat forma geometriko pantailan ukitzen. Denbora iragan ahala, beren burmuinak berrantolatzen hasi ziren eta, hona harrigarriena, beten mapa motorera sartu zituzten beso birtualak.
Lortua zen aurretik gizakiek zein tximinoek burmuina erabilita besoak mugitzea, baina oraingo honetan lehendabizi lortu da bi besoak era koordinatuan mugitzea. Aurrerapen txiki hau, izugarrizko aurrerapena da teknologian, espero izatekoa baita etorkizunean mugikortasuna erabat galdu duten gizakien eskura jarriko direla honelako baliabideak.
Nicolelisek dioenez, "etorkizuneko burmuin/makina interfazeak beso anitz izan beharko lituzke, paralisia duten gaixoetan aurrerapen handiak lortu ahal izateko". Hau dela eta, zientzi lanak hobekuntzak eskaintzen doaz. 2012an, Browneko Unibertsitateak lortu zuen tetraplegiadun emakume batek lehendabizi ontzi batetik edatea beso errobotiko bat burmuinen aginduetara erabiliz. Nicolelisek berak bere buruari ezarri dio erronka bat: 2014ko Munduko Futbol Lehiaketan, bere Brasil herrialdean egingo delarik, lortu nahi du irekierako sakea tetraplegiadun gaixo batek egitea. Horretarako, ibiltzeko aukera emango dion kanpo eskeleto bat garatu beharko dute. Erdietsiko ote du horrelakorik? Diru-postura egin beharko balitz, "baietz lortu" esango nuke nik.
Gehiago jakiteko gogo gelditu bazara, eman beste 15 minutu Nicolelisen hitzaldi hau Ted Talks direlakoetan entzuten.
Iturria: A Brain-Machine Interface Enables Bimanual Arm Movements in Monkeys (Science Translational Medicine)
Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-5f500f4a7cab | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/20/gaur-egungo-kimika-esperimentala-hiztegi-berria/ | Gaur egungo Kimika, esperimentala? (II) Hiztegi berria | Jon Mattin Matxain | 2013-11-20 00:00:00 | Gaur egungo Kimika, esperimentala? (II) Hiztegi berria
Jon Mattin Matxain
Artikulu sorta honen aurreko sarreran, ikusi genuen fisikariek eta kimikariek 1900. urtearen inguruan erreparatu zietela lehendabizikoz antzerako problema zientifikoei: Rutherfordek eta bertze batzuek (Bohr barne), 1910eko hamarkadaren hasieran plazaratu zituzten atomo eredu planetarioek izugarri eragin zioten garai hartako Kimikari. Horrela, Lewisek, eredu hauetan oinarrituta, lotura kimikoan elektroiak konpartitzen direlako kontzeptua zabaldu zuen 1916. urtean, bertze hainbat kontzepturekin batera. Urteetan garatutako "Hiztegi Kimiko" enpirikoari, Lewisek kontzeptu berriak gehitu zizkion.
Lewiseneredua, hala ere, kualitatiboa zen. Molekula askoren egitura deskribatzeko balio izan zuen, baina bere ahalmen kuantitatiboa txikia zen. Horretaz gain, hainbat fenomeno fisiko (espektro atomikoak eta argiaren uhin/partikula izaera adibidez), ezin ziren aurretik aipaturiko atomo eredu "planetarioen" eta onartuak ziren Teoria Fisiko Klasikoen bidez azaldu. Gaurko sarreran, mundu mikroskopikoan gertatzen diren fenomeno fisiko "berezi" hauek azalduko zituen Teoria Fisiko berriari buruz arituko gara, eta honen inguruan sortutako hiztegi berriari buruz ere.
XX. mendearen hasieran fisikari eta kimikariek ondo zekiten ezin zirela azaldu mundu mikroskopikoaren natura eta mundu honetan gertatzen diren hainbat fenomeno, XIX. mendean ezagunak ziren teoria fisikoak erabilita. Fenomeno fisiko "berezi" hauen artean, bazeuden espektro atomikoak, efektu fotoelektrikoa, argia eta materiaren uhin/partikula izaera, eta abar. Teoria berri bat behar zen, hots, hau guztia azalduko lukeen teoria berri bat. Gainera, fenomeno hauek guztiak materia eta argiaren izaerarekin uztartu behar ziren, eta hauen natura ez zen inondik inora guztiz ulertzen. Einsteinek argia partikulez osatua dagoela frogatu zuen 1905. urtean; horrela, azalpena eman zion efektu fotoelektrikoari (eta horri esker Nobel Saria irabazi zuen). Baina, aurretik, frogatua zegoen argia uhin moduan ere jokatzen duela. Nola zen posible hori? Bestalde, materiaren energia jarraia zela pentsatzen zen. Hortaz, nola zen posible atomoek, molekulek, eta abarrekoek, absortzio eta igorpen espektro ezjarraiak izatea? Materiaren oinarrizko izaera zein zen ezagutu behar zen, espektro hauei azalpena emateko.
Goiko irudian, hidrogeno atomoaren absortzio eta igorpen-espektroak ikusten ahal dira (behean igorpen-espektroa eta bere gainean absortzio-espektroa). Hauek, elementu bakoitzaren hatz-markak dira, eta elementu desberdinen atomoak bereizteko balio dute. Bohrek, duela 100 urte, 1913. urtean aurkeztu zuen hidrogeno atomoaren espektroak lehendabizikoz azaldu zituen eredu atomikoa, aurretik proposatutako eredu atomiko kuantikoetan oinarrituta. Eredu honetan, nukleoaren inguruan biraka dagoen elektroia energia jakin bateko egoera batzuetan baizik ezin da egon: egoera geldikorretan. Energia baxuko egoera batetik energia altuagoko bertze batera jauzi egiteko, elektroiak energia lortu behar du, baina ez edozein energia: hain zuzen, egoera jakin horien arteko energia-diferentzia behar du. Energia horiek, argia osatzen duten fotoi guztietatik batzuk (hain zuzen energia horiek dutenak) absorbatuz lortzen ahal ditu elektroiak, eta honen ondorioz, absortzio-espektroan marra ilun batzuk agertzen dira (kolore horiei dagozkien fotoiak atomoak absorbatu dituelako). Bestalde, energia maila altu batetik beherago dagoen bertze egoera batera salto egiteko, bi mailen arteko energia diferentzia duen fotoia (argia) igorri egin behar du elektroiak. Hori dela eta, igorpen-espektroan marra jakin batzuk agertzen dira (igorritako fotoiei dagokien kolorekoak). Lehendabizikoz, Bohrek espektroen itxurak azaltzen zituen atomo eredua plazaratu zuen. Baina, zoritxarrez, eredu honek hidrogeno atomorako baizik ez zuen balio. Bertze atomo guztietarako, bere eredu atomikoak huts egiten zuen, oraindik Teoria Kuantiko sendorik garatuta ez zegoelako. Hainbat Teoria Kuantiko argitaratuak ziren, baina bakoitza fenomeno fisiko "berezi" berri hauetatik batzuk bakarrik azaltzeko gai zen.
Teoria Kuantiko bateratua, fenomeno kuantikoak eta materiaren izaera azaltzen zituen Teoria, 1926. urtean heldu zen, de Broglie, Heisenberg, Schrödinger, Dirac (goiko irudian) eta beste askoren eskutik: Mekanika Kuantikoa. Teoria Fisiko honen ekuazio matematikoek balio dute mundu mikroskopikoaren natura eta fenomenoak azaltzeko. Arazo "txiki" bat dago, Diracek 1929. urtean adierazi zuen moduan:
"Fisikaren zati handi baten eta kimika osoaren tratamendu matematikorako oinarrizko legeak guztiz ezagutzen dira. Zailtasun bakarra dago: lege hauek aplikatzean lortzen diren ekuazioak konplexuegiak dira askatzeko"
Hortaz, Kimika osoa deskribatzeko ekuazioak ezagunak dira, baina oso konplexuak dira askatzeko. Zehazki, bakarrik elektroi bakarreko atomo eta molekulen kasuan erresolba daitezke. Baina, molekula ia guztiek elektroi bat baino gehiago dute!
Horretaz gain, teoria berri honek hiztegi berria sortu zuen, kontzeptu eta hitz berriak sortuz: uhin-funtzioa, probabilitatea, uhin/partikula dualtasuna, elektroiaren deslokalizazioa, ziurgabetasun printzipioa, orbitalak, eta abar. Fisikarien hizkuntza hau, kimikariek erabiltzen zuten hiztegiarekin konparatuta, oso desberdina zen (ikusi goiko irudia), baina hiztegiak, desberdinak izan arren, gauza berdintsuaz ziharduten: mundu mikroskopikoaz. Nola bateratu biak? Nola lotzen ahal ziren urteetan zehar garatutako hiztegi kimikoa hiztegi fisiko berriarekin? Eta, nola erabili Mekanika Kuantikoaren ekuazio matematikoak Kimikan, molekulen kasuan ezin badira zehaztasunez askatu? Sorta honen hurrengo artikuluan eginen diegu so arazo hauei.
Jon Mattin Matxain (@TxoniMatxain), EHUko Kimika Fakultateko eta Donostia International Physics Center DIPCko ikertzailea da, eta "Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe" blogaren egilea. | science |
zientzia_kaiera-8271b81fa744 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/18/elikagaiak-ondo-eta-azkar-aztertzeko-metodo-berriak/ | Elikagaiak ondo eta azkar aztertzeko metodo berriak | unknown | 2013-11-18 00:00:00 | Elikagaiak ondo eta azkar aztertzeko metodo berriak
UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko Josu Trebolazabala irakasleak elikagaiak ondo eta azkar aztertzeko metodo berriak garatu ditu bere doktorego-tesirako lanean. "Development of new processes and analytical methodologies for efficient and fast analysis of foodstuffs focused on the culinary field" (Ikerketa metodoak eta metodologia berriak garatzea, elikadura produktuak azkar eta eraginkortasunez ikertu ahal izateko) da tesiaren izenburua eta elikagaiekin eta sukaldaritzarekin zerikusia duten esparru desberdinetan erabiltzeko metodoen garapena izan da bere emaitza nagusia. Esparru horietako biri buruz arituko gara hemen.
Josu Trebolazabala irakasleak eta Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeak naturako zenbait elikagairen eta elementuren lurrinak eta zaporeak aztertu dituzte, eta, ikerketa horien ondorioz, bi prototipo sortu dituzte. Horiek Espainiako Patenteetako eta Marketako Bulegoak patentatu berri ditu.
Prototipo horietako bat lurrin-sorgailu bat da, eta Naturan deitu diote. Prototipo horren helburua ingurumeneko zenbait elementu erabili eta esentzia naturalak sortzea da, betiere, jatorrizko elikagaien eta elementuen molekulak eraldatu gabe. "Esaterako, lortu ditugun lurrin berezienetako bat atertu berri deneko usaina da. Horretarako, hostoak, zuhaitz-adarrak eta baso bateko lurra bi ontzitan jarri genituen. Gero, korronte bat sortu genuen ontzi batetik bestera, elementu bakoitzaren usain-molekulak eraman zitzan. Horregatik, azkenean, molekula guztiak harrapatuta geratzen ziren ibilbidearen amaieran jarritako ur-kopuruan", azaldu du Josu Trebolazabalak.
Prototipo horrekin batera, beste bat ere egin dute. Bigarren prototipo horretan, uretan harrapatuta dauden molekulak, arestian aipatuak, izotz lehorren bidez lurruntzen dira eta, hori egin eta gero, edonon erabil daitezke: adibidez, janari plater batean. "Horrela, usain-molekula gaseosoak barreiatzen dira, ingurunea inbaditzen dute, eta atmosfera zehatz bat birsortu daiteke".
Barazkietan metatzen diren kutstzaileei ere erreparatu die Trebolazabala irakasleak; izan ere, zenbait landaretan gertatzen den kutsatzaile metalikoen metaketa aztertu du bere doktorego-tesian, baita landare horiek hazten diren lursailetan ere, eta, bereziki, tomatean.
Egunez egun, kontsumitzaileek gero eta arreta handiagoz aukeratzen dute zer elikagai sartu erosketa-saskian. Elikagaien kalitatea eta osasungarritasuna gero eta garrantzitsuagoak dira, eta, hala eta guztiz ere, ez daude beti bermatuta. Askotan, trafikoaren, industria-jardueraren eta fumigazio-prozesuen ondorioz sortzen diren jarduera kutsatzaileek elikagaiak kutsatu ditzakete, inor ohartu gabe.
UPV/EHUko ikertzaile honek landare baten ataletan (sustraietan, zurtoinean, hostoetan eta fruituetan) meta daitezkeen metalak aztertu ditu. Horretarako, metalen metaketari buruzko azterketak egin ditu EAEko zenbait eskualdetako 13 ortutik hartu diren landaretan. Emaitzen analisiak erakutsi du metalen metaketa fruitu jangarriak dituzten landareetan (mugurdietan, tomateetan) baino handiagoa dela hosto jangarriak dituzten landareetan (orburuetan, zerbetan). "Aurkitutako kopuruak ez dira batere arriskutsuak gizakien kontsumorako", azaldu zuen ikertzaileak, entzuleak lasaitzeko asmoz.
Bestalde, tomate-landarea zehaztapen handiagoz ikertu zenean ondorioztatu zen sustraietan, zurtoinetan edo hostoetan baino kutsatzaile gutxiago metatzen direla fruituan. "Lursailean metal astunen metaketa handia egon arren, ez dira fruitura heltzen, landarearen ataletan zehar banatzen baitira. Horregatik, pentsa daiteke landareak berak kutsatzaileak arazten dituela, fruitura heldu baino lehen. Dena den, hori berretsi baino lehen, askoz ere ikerketa gehiago egin behar izango dira".
Josu Trebolazabala: UPV/EHUko Biologian eta Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da, eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioari buruzko Masterra egin du. 2009. urtetik, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko Saileko IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikerketa-taldeko kide da. | science |
zientzia_kaiera-acf9718dac39 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/13/nora-ote-doaz-bakterioak-neguan/ | Nora ote doaz bakterioak neguan? | Antonio Martínez Ron | 2013-11-13 00:00:00 | Nora ote doaz bakterioak neguan?
Antonio Martínez Ron
Holly Bik ikertzaileak dio itsas bakterioak nolabaiteko hipsterrak direla, hau da, ez dietela halabeharrez jarraitzen "boladan" dauden ohiturei. Hala baieztatzen du zientzialari honek ISMEn berriki argitaratu duen ikerketan. Bertan esaten du oso desberdin jokatzen dutela itsas bakterioek lehorreko bakterioen aldean: tropikoetan ugari izan beharrean, ugariagoak dira neguan eta latitude hotzagoetan.
Hau guztia dela eta, bereziki interesgarria da Joshua Ladauk eta bere lan-taldeak egin duten ikerketa. Lehenik, agerian uzten dute zailtasun handiak daudela ozeanoan zehar barreiatzen den aztergai bizidun mikroskopiko bati jarraitzeko. Duela hainbat urte, Lurrean zehar bakterioek erakusten duten anizkoiztasuna eta ugaritasuna aztertzen ari dira biologoak. Bikek dioenaren arabera, lan samurragoa dute lehorreko anizkoiztasunean ari direnek, lagin bila ozeanora jo behar dutenek baino. Berez, oso nabarmena da laginketaren urtaro-lerramendua, batez ere zonalde polarretan. Izan ere, neguan zientzialariek ez daukate itsasora atera eta ur laginak hartzerik, batez ere muturreko latitudeetan.
Datu enpiriko lerratu hauen arabera, bazirudien berdin jokatzen zutela itsasoko zein lehorreko bakterioek, denak alde epeletan, udatiarren antzera bero bila. Ladauk aldiz, kontuan hartzen ditu bai laginketarako eragozpen hauek, bai eta beste hainbat eragile, eta horrela, bestelako errealitatea erakusten digu: bakterioek urtaro-tontor bat erakusten dute neguan eta zonalde hotzetan. Bestela esanda, hego hemisferioan aurki daiteke anizkoiztasun handiena abenduan, eta ipar hemisferioan ekainean.
Ez dago oraindik argi zeinek eragiten duen banaketa hau. Zientzialari batzuek uste dute eragile garrantzitsua izan litekeela ur azalerantz elikagaiek egiten duten mugimendua. Beste batzuen aburuz berriz, baliteke bakterioak latitude batetik bestera migratzea. Edonola, badirudi, bai, bakterioek muzin egiten diotela mainstremari eta bere kasa dabiltzala.
Iturria: Global marine bacterial diversity peaks at high latitudes in winter (Ladau et al, 2013; The ISME Journal 7, 1669–1677)
Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-654ba656b788 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/11/konstantzia-sakontasuna-eta-jarraikitasuna-dira-zientziaren-gakoak-pedro-miguel-etxenike/ | Pedro Miguel Etxenike: "Konstantzia, sakontasuna eta jarraikitasuna dira zientziaren gakoak" | unknown | 2013-11-11 00:00:00 | Pedro Miguel Etxenike: "Konstantzia, sakontasuna eta jarraikitasuna dira zientziaren gakoak"
Euskal Herrian baditugu ere punta puntako zientzialariak. Izan ere, ez dugu gure mugetatik atera behar lehen mailako kimikari, matematikari edota fisikariak aurkitzeko. Hauetako batzuek gurean egiten dute lan eta beste batzuek, ordea, kilometro asko egin behar izan dituzte gustuko duten horretan jarduteko. Ez dago tokirik guztientzat eta, askotan, beharrezkoa egiten da kanpoan esperientzia bat izatea. Asko aberasten omen dute atzerriko egonaldiek. Beste ikuspuntu batzuk ezagutu eta lan egiteko beste era batzuk ikasten dira.
Badira beste batzuk ere, behin kanpora joan behar izan zirenak baina atzerako bide hori berriz hartu zutenak. Hauetako bat da Pedro Miguel Etxenike, Zientzia Kaierak Bilboko Alde Zaharrean elkarrizketatu duen fisikari fina. Nafarroako Unibertsitatean Fisika ikasketak burutu ondoren, Etxenikek Cambridgen doktoregoa egin zuen. Eta, hura bukatutakoan, berriz itzuli zen gurera. Urteak eman ditu lanean eta zientzia munduak bere ekarpenak oso kontutan hartu ditu.
Izan ere, sari asko jaso ditu bere bizitzan zehar. Azkena, duela egun batzuk. Madrilgo Unibertsitate Complutensean, hain zuzen ere. Bertan izendatu dute 'Honoris Causa Doktorea', unibertsitate batek eman dezakeen sari garrantzitsuena. Pozik dago, aurpegian nabaritzen zaio, baina nekea ere atzematen zaio bere begietan. "Hiru orduko klase bat ematea oso nekagarria da. Hori bai, txalo artean bukatu dut!", dio fisikariak klase luze bat eskaini ondoren. Kafe bat hartu du gurekin eta gustura eman dio errepaso zabal bat bere bizitzari. Ikusten da bere lana maite duela. Errespetu eta mirespen handiarekin hitz egiten du bere gaiaz. Hauek dira Euskal Herriak azkeneko urteetan eman duen zientzialari bikainenetako baten hitzak.
– Lehenik eta behin, zorionak! Zer da zuretzat honelako sari bat jasotzea?
Eskerrik asko! 'Honoris Causa Doktorea' saria instituzio batek egin dezakeen aitortza akademiko garrantzitsuena da. Gainera, ezin dezakezu honen alde borrokatu. Ez da zure aldetik lortu dezakezun zerbait. Izan ere, ematen zaizun errekonozimendu bat da. Hau kontutan hartuta, niretzat oso atsegina izan da sari hau jasotzea. Batez ere, ematen didan instituzioak eta erabakia hartu duten pertsonek ere nire mirespena eta errespetua dutelako.
– Zer da, zure ustez, baloratu dutena? Zer hartu dute kontutan zuri errekonozimendu hau ematerakoan?
Hori beraiei galdetu beharko zenieke! (barreak). Nire ustez, nire obra zientifikoa da baloratu dutena lehenik eta behin. Hori esango nuke. Euskal Herrian ezaguna naiz politikan egin ditudan gauzengatik, instituzioak sortzeagatik, euskararen alde egin dudan lanarengatik… Nire lan zientifikoa ziurtzat ematen da hemen. Baina esango nuke Madrilgo Complutenseak 'Honoris Causa Doktorea' egin nauela nire obra zientifikoarengatik eta baita zerbitzu publikoan zientziaren eta teknologiaren alde egin ditudan ekarpenengatik.
– Honelako errekonozimenduek, suposatzen dut, aurrera egiteko gogo gehiago ematen dizutela. Ez al da honela?
Bai, argi dago. Honelako sariek ez dute ezer txarrik ekartzen, hori ziur.
– Goazen zure bizitza errepasatzera. Zein momentutan erabaki zenuen fisikoa izango zinela? Bokaziozko zerbait izan da?
Nik beti esan dut ez dudala bokazio berezi bat izan fisikaria izateko. Egia esan, batxilergoa egiten nuen garaian dena nuen oso gustuko. Bai letrak eta baita zientzia bera ere. Eta, gainera, biak iruditu zaizkit beti oso garrantzitsuak. Niretzat, zientzia egitea errazagoa zen. Arrazoi sinple bat dago honetarako. Zientzian, gaiak ongi ulertzen badituzu, oso nota onak eskuratzeko gai izango zara. Ongi ulertzeak problemak ebazteko erraztasun handia ematen dizu. Hau dela eta erabaki nuen zientzietako zerbait egitea.
– Eta zergatik fisika eta zergatik Euskal Herrian?
Hasieratik nuen oso argi hemen egin nahi nituela nire ikasketak eta fisika zen garai hartan zegoena. Kimika, biologia edota matematikak aukeratu nitzakeen, baina ez zegoen hori egiteko aukerarik. Denbora pasatu da eta esan behar dut oso pozik nagoela egin nuen aukerarekin. Nire ustez, fisika ikasketak dira egin daitezkeen ikasketa politenetakoak. Beti esan dut milioiduna izango banintz, eta nire alabek diru arazorik izango ez balute, fisika, historia eta filosofia ikasketak egitea gomendatuko niekeela.
– Beraz, ez da bokaziozko zerbait izan…
Fisika asko gustatzen zitzaidan eta eskura nuen. Esan bezala, kimika izan balitz eskura nuena, kimika ikasketak egingo nituen. Hori bai, asko pozten naiz egin nuen aukeraz.
– Urte batzuk pasatu dira jada ikasketak bukatu zenituenetik. Fisika, eta zientzia bera, espero zenuena al da?
Urteak pasatu dira bai… (barreak). Egia esan, espero nuena baino askoz ere politagoa da fisika. Ezin dezakezu imajinatu zelako poza ematen didan teknologia eta zientziaren aurrerapenak zeintzuk eta nolakoak diren ongi ulertzea. Kultura modernoaren funtsezko atal bat dela iruditzen zait.
– Egin duzun ibilbidea berriz errepikatuko zenuke?
Aukera izanez gero, zalantzarik gabe. Hala ere, ez nioke mundu guztiari gomendatuko. Oso lan gogorra da zientzialariarena. Oztopoz beterikoa, hain zuzen ere. Jakitunek ez bezala, zientzialariok, gauza ezberdinak deskubritzeko, lehenik eta behin dena ongi ulertu behar dugu. Jakitunek, ordea, kontrako bidea egiten dute. Haiek, gertatzen dena ulertzeko, gauzak deskubritu nahi dituzte. Hau honela izanik, ez dugu denborarik albokoak egiten dituen gauzak behar bezala ulertzeko. Denborarekin konturatu naiz, aurrerapenak egitea baino, nahiago dudala albokoak egin dituen lanak ongi ulertzea ere.
– Edonork balio du fisika egiteko?
Lanarekin edonork egin dezake fisika. Hori argi daukat. Ez da inteligentzia berezi bat behar hau lantzeko, ezta gutxiago ere. Nire ustez, %95 lana da, ez besterik. Konstantzia, sakontasuna eta jarraikitasuna dira zientziaren gakoak. Hala ere, distiratsu izateak ez du minik egiten…
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-818ba516a356 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/08/ornitorrinko-erraldoiaren-ametsa/ | Ornitorrinko erraldoiaren ametsa | Antonio Martínez Ron | 2013-11-08 00:00:00 | Ornitorrinko erraldoiaren ametsa
Antonio Martínez Ron
Australiako lehen biztanleek esaten dute Tharalkoo izeneko ahate eme temati bat bizi izan zela "Ametsaren Garaian". Behin, gurasoen aholkuei jaramonik egin gabe, ibaian behera igerika joan zen eta Bigoon izeneko ur-arratoi bat topatu zuen. Arratoiak bortxatu egin zuen ahatea, eta behartu egin zuen berarekin gelditzera. Azkenean ihes egitea lortu zuen Tharaikook, eta bere senitartera itzuli zen; beste ahate emeak bezala, erruten hasi zen, baina bere arrautzatik, ahatetxo polit bat jaio beharrean, lehenengo ornitorrinkoa jaio zen: karraskari bat, arrautzak erruten zituena eta oindun ahate itxurakoa.
Ornitorrinkoaren egiazkotasuna bera ere zalantzetan jarri zuten zientzialariek hasiera batean, hain da hau bizidun bitxia. John Hunterrek bidali zuen lehenengo alea 1799an Europara, Historia Naturaleko Museoko George Shawen bulegora bidalia. Shawek berehala erabil zituen artaziak animaliari disekzioa egiteko, uste izan baitzuen taxidermista txinatarrek egindako faltsutze horietako bat izango zela. Egun ere, eboluzioaren harribitxi bat da ornitorrinkoa (Ornythorhyncus anatinus), zeren eta arrautzak erruten dituen ugaztuna baita, eta areago, mokoa eta hegalak ditu, eta arrek pozoi berezi bat dute atzeko hanketan.
Rebecca Pian buru duen zientzialari talde batek berriki plazaratu du aurkikuntza bat, animalia honen ustezko jatorriari are kontu bitxi gehiago gehitu dizkiona. Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitatean ikasten ari zelarik, Pianek tiradera batean ahaztuta aurkitu zuen hortz bitxi bat; pieza hau Riversleighten (Queenslandeko iparmendebaldean) aztarnategi batean aurkitua zen. Ordura arte inork ez zuen hortza aztertua eta Piani iruditu zitzaion ornitorrinko batena zela. Hala ere, bereziki handia zen eta beraz, ikertzen jarraitu zuen.
Orain, Journal of Vertebrate Paleontology aldizkariko artikulu batean baieztatzen dute ornitorrinko erraldoi baten espezie bat identifikatu dutela. Metro bateko luzera omen zuen (egungo ornitorrinkoak halako bi). Tharaiko izena jarri diote, aitzindari mitikoaren ohorez, eta duela 5-15 milioi urte bizi izan zen. Honek zehaztapen berriak dakartza monotremen esparrura. Izan ere, aurkituak zeuden aurretik ale txikiagoak eta uste izan zuten eboluzioa lineala izan zatekeela gutxi gorabehera: tamaina txikituz joango zen, eta hortzak galdu egingo ziren.
Egungo ornitorrinkoek, bizitzaren lehenengo aldian galtzen dituzte hortzak eta intsektu txiki bigunak jaten dituzte, ahoko burkotxo maskurtsu baten bidez birrindu ostean. Aurkitu berria den espeziearen hortzei eta tamainari erreparatuta, pentsa liteke beste ornitorrinko handi horiek haragijaleak izan zirela eta agian igelak bezalako harrapakin handiagoez elikatuko ziren. Pianen hitzetan, honek guztiak agerian uzten du ornitorrinkoaren eboluzioa uste baino korapilatsuagoa izan dela. Izan ere, baliteke ornitorrinko hauek ezagutzen dugun ordenatik banandu, talde bat osatu eta geroztik suntsitu izana.
Aurkitu berriak diren kontu hauek bat egiten dute azken hamarkadotan ornitorrinkoen eboluzioaren zuhaitzari egin izan zaizkion aldakuntzekin. 50. hamarkadan, uste izan zuten monotremak martsupialetatik zetozela. Monotremak ere ugariak dira Australian, azken boladako ikerkuntzek agerian utzi dute ornitorrinkoak are zaharragoa den adarkadura bati dagozkiola. Duela 20-48 miloi urte bananduko ziren ugaztunetatik. Ornitorrinko fosil zaharrenak 61 miloi urte ditu eta Argentinan aurkitu zuten. Horrek esan nahi du Gondwana gainkontinentean bizi izan zirela, artean Hego Ameria eta Australia bat eginda zeudenean.
Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-d2113ea28454 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/06/irtenbide-berri-bat-lindanoaren-arazoarentzat/ | Irtenbide berri bat lindanoaren arazoarentzat | unknown | 2013-11-06 00:00:00 | Irtenbide berri bat lindanoaren arazoarentzat
Intsektizida eta pestizida gisa erabili izan dute lindanoa nekazariek, eta, gaur egun erabiltzea debekatuta dagoen arren, lindanoa ekoizteak eta erabiltzeak eragindako ondorioak ez dira desagertu. Lindanoa toxikoa izateaz gain, bizidunetan metatzeko gaitasuna du; horregatik da hain arriskutsua. Ingurumenaren ikuspuntutik, disolbagarritasun txikia du, oso egonkorra eta iraunkorra da, eta nekez degradatzen da ingurumenean.
Oraindik ez dago prozesu bideragarri bat lindanoa segurtasunez suntsitzeko, baina aukera berritzaile eta efizientea izan daiteke burdinazko nanopartikulak erabiltzea. Burdinazko nanopartikulek eraginkortasun handia frogatu dute agente deskontaminatzaile gisa toxikotasun handiko konposatuen zenbait familiarekiko, esaterako lindanoarekiko. Alabaina, aplikazioa mugatu eta zailtzen duten desabantailak ere badituzte: batetik, erraz oxidatzen dira airea dagoenean eta, bestetik, metatzeko joera dutenez, mugikortasuna mugatzen die erabili nahi diren ingurunean. Hori dela eta, babestu egin behar izaten dira, polimero biodegradagarriak erabiliz, hala nola karboxilo metil zelulosa (CMC), poliaspartatoa (PAP) eta poli(azido akrilikoa) (PAA).
Laborategitik lurzorura"Gure ikerketa honen bidez, laborategi mailan baliozkotu nahi izan dugu zer aplikagarritasun eta gaitasun duten burdinazko nanopartikulek lindanoa ezabatzeko", azaldu du Itxaso San Románek, UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko kideak. Horretarako, teknika analitiko aurreratuak behar dira, zeinak gai izango baitira nanopartikula desberdinen aurrean gertatzen den degradazio-prozesua monitorizatzeko, erreakzio horren abiadura zehazteko, eta erreakzioan sor litezkeen azpiproduktuak detektatzeko.
Kontaminatzailearen beraren degradazio-prozesua lindanoa zuten ur-laginak analizatuta ebaluatu zen, fase solidoko erauzketa deritzon teknika erabiliz (SPE). Denbora iragandakoan disoluzioan geratzen zen lindanoa neurtu zen. Aldi berean, fase solidoko mikroerauzketaren teknika (SPME) erabili zen degradazioan sortutako azpiproduktu gaseosoak detektatzeko une oro, masa-espektrometriarako detektagailua duen gas-kromatografo bat baliatuta (GC/MS).
Erabilitako teknika horien bidez, lindanoa degradatzeko erabilitako nanopartilula-mota desberdinen eraginkortasuna alderatu eta ikertu ahal izan da, bai eta erreakzioak zer abiadura izan duen jakin ere kasu bakoitzean. Ikerketan ikusi da denbora iragan ahala (1-72 ordu) lindanoa desagertuz joan dela nanopartikulen aurrean, eta erreakzioak joera eta abiadura desberdinak izan dituela. "Nanopartikulen babesak areagotu egiten du lindanoaren degradazioaren efizientzia; gainera, nanopartikulak metatzea galarazten du, eta, horren ondorioz, erreakzio-azalera handitzen da", adierazi du Itxaso San Románek. Bestetik, "denbora pasatu ahala lindanoak uretan zuen kontzentrazioa gutxitzen zen neurrian, ikusi zen hain kaltegarriak ez ziren beste azpiproduktu batzuk sortzen zirela, zeinak denborarekin, ziurrenik, askoz kalte gutxiago egiten zuten konposatu bihurtuko baitziren", gaineratu zuen. Hala, bada, "frogatuta gelditu da ezen nanopartikula estaliak zein estali gabeak gai direla lindanoa produktu ez hain kaltegarri bilakatzeko", azpimarratu zuen San Románek. "Aurkikuntza hori oso baliotsua da etorkizunean deskontaminatzeko tresna gisa aplikatzeko benetako ingurumen-matrizeetan", gaineratu zuen.
Egileari buruzItxaso San Román UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da. Aipatzen den ikerketa UPV/EHUko Kimika Fisikoa Sailarekin eta Tecnalia Korporazioarekin batera egin da. | science |
zientzia_kaiera-138190d23e44 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/05/sistema-ziberfisikoak/ | Sistema ziberfisikoak | Josu Jugo | 2013-11-05 00:00:00 | Sistema ziberfisikoak
Josu Jugo
Sistema fisiko zibernetikoak edo sistema ziberfisikoak gero eta garatuagoak daude eta hainbat arlotan erabiltzen dira. Baina zer ote dira sistema ziberfisikoak edo ziberfisika? Oso ohikoa da ziberespazio delako terminoa, konputagailua bera eta konputagailuen arteko komunikazioa islatzen dituena; bestetik badugu ziborg hitza, zientzia-fikzioarekin lotuagoa. Azken hau, berez sistema ziberfisikoekin harremanetan dago, ziborg hitzaren esanahia bizidun zibernetikoa baita.
Sistema fisiko zibernetikoak edo sistema ziberfisikoak gero eta garatuagoak daude eta hainbat arlotan erabiltzen dira. Baina zer ote dira sistema ziberfisikoak edo ziberfisika? Oso ohikoa da ziberespazio delako terminoa, konputagailua bera eta konputagailuen arteko komunikazioa islatzen dituena; bestetik badugu ziborg hitza, zientzia-fikzioarekin lotuagoa. Azken hau, berez sistema ziberfisikoekin harremanetan dago, ziborg hitzaren esanahia bizidun zibernetikoa baita. Argi dago ziberespazio eta zibernetika hitzek jatorri bera dutela; antzinako grezierazko kybernētēs hitzetik datoz, gobernadore edo pilotu esanahia daukatela; bere erabilera modernoa Ampereri zor diogu eta, batez ere, Wieneri. Azken honek, bere "Cybernetics" izeneko liburuan, bizidun eta makinen arteko komunikazio eta kontrolaren azterketari zibernetika deritzo. Gaur egun, zibernetikak kontrol sistemak ikertzen du eta bai informazioaren berrelikaduraren erabilpena ere. Sistema ziberfisikoak pausu bat haratago doaz, sistema zibernetiko eta sistema fisikoen arteko erlazioa eta komunikazioa landuz. Adibidez, ziberfisikan lortutako aurrerapenek aplikazio esparru zabala dute robotikan.
Sistema ziberfisikoak ikuspuntu teknikotik erronka handia dira, sistema heterogeneoak direlako, eta batera aztertu behar direlako halabeharrez konputazio ereduak, sistema fisikoak -biofisikoak barne-, komunikazio sistemak, eta haien guztien arteko elkarrekintza. Orokorrean, ereduztapena funtsezkoa da egungo sistemen azterketan eta diseinuan, eta sistema ziberfisikoen ereduztapen lan horretan batera landu behar dira sistema jarraituak eta diskretuak, hau da, hibridoak.
Konputazioaren aldetik, ziberfisikan kontuan hartu behar dira sistema konkurrenteak, eta askotan paraleloak, eta funtsezkoa da denborak era esplizituan parte hartzea, zeren sistema fisikoak denbora errealeko sistemak baitira. Informatika arloan, denbora errealeko sistemak oso hedatuak daude eta haien inguruan, lan handia egin da bai teoria aldetik bai praktika aldetik ere. Esparru horretan, denbora-limiteak zorrotz betetzea da ezaugarri nagusia. Guk erabili ohi ditugun sistema informatikoek ez dute betetzen baldintza hori eta sistema bereziak erabili behar dira. Baina, denbora errealeko baldintzak betetzeaz gain, sistema ziberfisikoekin lan egiteko konputazio eredu berriak garatu behar dira, sistema hauen azterketa eta diseinua hobea lortuko badugu. Etorkizuneko aplikazio berriak, konplexuagoak eta hobeak, konputazio eredu horietaz baliatuko dira.
Baina hor ez da amaitzen lana. Sistema ziberfisikoak inplementatu egin behar dira eta aplikatu behar den tokian txertatu behar dira. Egun, elektronikan oinarritzen dira gehien zabaldu diren teknologiak, kontrol digitalen bitartez egiten direnak. Bestalde, konputazio sistemek eta sistema fisikoek (edo biologikoek, kimikoek, …) informazioa trukatu behar dute elkarrekin. Lan horretan, funtsezkoa da sentsore eta eragingailu egokiak garatzea. Berez, sentsore eta eragingailuen arloan azken urteetan erabateko iraultza egon da, bai automozio bai telefonia eta joko elektronikoen esparruen eskutik. Halere, hurrengo urteetan are garapen handiagoa espero dezakegu, eta agian lorpen ikusgarriak gertatuko dira.
Tresna horiekin batera, aplikazio jakin bati dagokion informazioa gehitu behar da: fisika, kimika, biologia, medikuntza … Zientzia eta teknologiaren arteko elkarlana behar-beharrezkoa da beraz.
Konplexutasunaz konplexutasuna, sistema ziberfisiko ugari garatu dira, hainbat aplikazio esparrutan: besteak beste, molekulen dinamikaren kontrola laserren bitartez, kaos-kontrola, hainbat transizio-fase dituzten erreakzio kimikoen kontrola. Baina aplikazio azpimagarrienak errobotikaren eskutik datoz, sistema artifizialak gizakien portaera erreplikatzeko aspaldiko nahiari jarraituz. Egun, robotak nonahi daude, eta eginkizun oso korapilatsuak egiteko gauza dira, piano jotzea, eskailerak igotzea edo dantzatzea, kasu. Era berean, biozibernetika garatuta dago, izaki bizidunak eta konputazio sistema elektronikoak uztartuz hainbat aplikaziotan.
Horrelako garapenetan buru-belarri ari da Estatu Batuetako Johns Hopkins unibertsitateko fisika aplikatuaren laborategia, DARPA (Defense Advanced Research Projects Agency) erakundearen bidez finantzatuta. Adibidez, proiektu batean hurrengo beso bionikoen diseinua egin nahi dute, besoak burmuinarekin zuzenean kableatzea izanik helburu, horrela, mugimenduen kontrola eta ukimen-sentsazioa ahalbidetzeko asmoa dute.
Zientzia eta teknologiatik harago, badaude aztertu beharreko arlo etikoak ere. Industrian edo medikuntzan garrantzitsuak diren hainbat aplikazio garatu dira. Oso interesgarriak dira, adibidez, aipatutako beso edo hanka bionikoak, istripu baten ondorioz galdutakoak ordezkatzeko aukera emango dutenak. Baina, azken aldian, terrorismoaren kontrako gerraren harian, beste aplikazio ugari agertu dira, industria militarraren eskutik. Droneak, hau da, gidaririk gabeko hegazkinak dira egungo adibiderik aipagarrienak, baina bidean daude beste ideiak batzuk ere aurrekoaren ildo beretik: gidarik gabeko tankeak edo, harrigarriago, gudariak ere. Azken hau bereziki kezkagarria da: robot armadunak, arerio nor den erabakitzeko ahalmena dutenak. Hollywoodeko film batetik ateratako ideiak dirudite, baina egun garatzen ari diren teknologiek posible egingo dute hori, oso urrun ez dagoen etorkizun batean. Oraingoz, aurrerapen handia egina dutela pentsatuko lukete, lortuko balituzte avatar direlakoen antzerako robotak, gizaki batek urrunetik gidatuak.
Ondorioz, badirudi sistema ziberfisikoak lorpen itxaropentsuen iturria izango direla etorkizunean, baina, aldi berean, gizarte zibila argi ibili beharko da aplikazio militarrekin, ez baditugu errealitate bilakatuta aurkitu nahi orain arte filmetan baizik ikusten ez genituen eszenatokiak.
Egileaz: Josu Jugo EHUko Elektrizitatea eta Elektronika saileko irakaslea da. | science |
zientzia_kaiera-88f54d3e2f71 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/11/04/nanohodi-akastunak-argi-iturri-bihurtuta/ | Nanohodi akastunak argi-iturri bihurtuta | unknown | 2013-11-04 00:00:00 | Nanohodi akastunak argi-iturri bihurtuta
Boro nitruroa etorkizun handiko materiala da nanoteknologiaren arloan. Izan ere, isolatzaile ona da, erresistentzia handia du, eta bi dimentsioko egitura du, grafenoaren antzekoa. Eta, zehazki, boro nitruro hexagonalak (horixe erabili da ikerketa honetan) propietate askoz hobeak ditu gaur egun argi-igorle moduan erabiltzen diren beste metal eta erdieroale batzuen aldean, esate baterako biltegiratze optikoarekin loturiko aplikazioetan (DVD) eta komunikazioetan. "Argi ultramorearen igorle gisa eraginkortasun handia du, gaur egun merkatuan dagoen onenetako bat", azaldu du UPV/EHUko Materialen Fisikako katedradun Angel Rubiok.
Hala ere, argi ultramorearen tarte oso mugatuan igortzen dute argia boro nitrurozko nanohodiek, eta, beraz, ezin da erabili argi-igortzea maiztasun-tarte handiagoetan eta modu kontrolatuan gertatzea eskatzen duten aplikazioetan (adibidez, argi ikusgaidun aplikazioetan). UPV/EHUko NanoBio Espektroskopia taldean egindako ikerketan, muga hori gainditu ahal izateko eta merkatu-aplikazioetan boro nitruro hexagonalezko nanohodiak erabili ahal izateko irtenbide bat aurkitu dute.
Ikerketan frogatu dutenez, nanohodiarekiko perpendikularra den eremu elektriko bat aplikatuta, lor daiteke hark infragorritik ultramore urrunerako tarte osoan igortzea argia, eta igorpena erraz kontrolatzea. Erraz kontrolatzea nanohodietan bakarrik gertatzen da, haien geometria zilindrikoa dela eta (hodi-egiturak dira, mikrometrotako luzerak eta nanometrotako diametroak dituztenak).
Ia 20 urte daramatza Rubiok boro nitrurozko nanohodiekin lanean: "Guk iragarpen teorikoa egin genuen, eta gero esperimentalki aurkitu zituzten nanohodiak. Orain arteko gure iragarpen teoriko guztiak baieztatu egin dira, eta hori pozgarria da oso". Boro nitruro hexagonal xaflatuaren propietateak ezagututa, eta argi-igorle moduan oso eraginkorra dela jakinda, nanohodietan propietate horiek ez direla galtzen frogatu nahi izan dute ikerketa honetan. "Bagenekien orri bat tolestu eta hodi bat osatzean, indartsu akoplatzen dela eremu elektrikoarekin, eta horrek aukera emango zigula argi-igorpena aldatzeko. Frogatu nahi genuen argi-igorle gisa zuen eraginkortasuna ez zela galtzen nanohodi bat osatuagatik, eta, gainera, igorpena kontrolatzeko aukera ematen zigula", eta horixe frogatu dute.
Gailuaren funtzionamendua boro nitrurozko nanohodien akatsak (berezkoak zein eragindakoak) erabiltzean datza. Hain zuzen, nanohodiaren hormako hutsuneei esker da posible igorpen kontrolatua. Hutsunea horiek boro atomo bat falta delako sortzen dira, eta akats hori ohikoa da haren fabrikazioan. "Nanohodi guztiak oso antzekoak dira, baina hutsune horiei esker sistema operatiboa eta eraginkorra da, eta, gainera, zenbat eta akats gehiago izan, orduan eta hobeto funtzionatzen du".
Proposatutako gailuaren soiltasuna nabarmendu du Angel Rubiok. "Akatsekin funtzionatzen duen gailu bat da, purua izan behar ez duena, eta eraikitzeko eta kontrolatzeko erraza dena". Nanohodi inorganikoak sortzeko zientzia-komunitatean estandarrak diren metodoen bidez sintetiza daitezke nanohodiak. Modu horretan sintetizatutako egiturek berezko akatsak dituzte, eta gehiago ere egin dakizkieke, sintesi ondorengo irradiazio-prozesu errazen bidez. "Ohiko transistoreek bezalako konfigurazioa du, eta proposatzen dugun egitura honek funtzionatuko luke gaur egungo gailuetan". Baina badu alderdi ez oso erakargarri bat ere, Rubiok azaltzen duenez: boro nitrurozko nanohodi oso gutxi ekoizten dira oraindik, eta ez dago eskala komertzialean prozesu hori ekonomikoki bideragarria egiteko moduko sintesi-prozesurik.
Irakasle honek argi du bi dimentsioko sistemetan oinarritutako material berriek, eta, zehazki, grafenoa ez diren beste horiek (hala nola boro nitruro hexagonalak), aukera handiak ematen dituztela. Grafenoa alde batera utzi gabe, Angel Rubiok uste du litekeena dela epe luzera haren ordezkoek ahalmen handiagoak izatea, eta pentsatzen du eremu hori ikertu beharra dagoela: "Gutxienez azken 15 urte hauetan aktibo egon da eremu hori, nahiz eta ez den asko ikusi. Gu 1994tik ari gara lanean boro nitruro hexagonalarekin, gure haurtxoa da, eta uste dut ikerketa-esparru erakargarri bat ireki duela, gero eta talde gehiago erakartzen dituena". | science |
zientzia_kaiera-08fa887ae926 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/31/alzheimer-eta-kakahuetearen-proba/ | Alzheimer eta kakahuetearen proba | unknown | 2013-10-31 00:00:00 | Alzheimer eta kakahuetearen proba
Atzeman ote daiteke alzheimer usaimenaren galerari esker? Duela aste pare bat, Journal of the Neurological Sciences aldizkarian1 plazaratutako ikerketa batek ikusmin handia eragin piztu du Amerikako Estatu Batuetako hedabideetan. Izan ere, alzheimerren garai goiztiarretan antzemateko modua aurkitua omen zuten, besterik gabe kakahuete gurina usaintzera emanda. Bitxia ematen badu ere, neurozientzialariek aspaldi dakite usaimen-galera badela hainbat endakatze-gaixotasunen seinale, besteak beste alzheimerren seinale. Hori dela eta, buru-belarri ari dira zientzialariak horretan ikertzen, baina egiazkoa ote da kakahuetearen proba hori?
Hasteko, ikerketaren zehaztapenak ezagutu behar dira. Beren lanean, Floridako (Gainesville) Unibertsitateko ikerlariek 94 kide hartu zituzten lagin gisa, eta eskatu zieten kakahuete gurina usaintzeko. Sudurreko zulo bakar batetik egin behar zuten hori, eta gainera hainbat distantziatara egin behar izan zuten (30 cm-tik 1 cm hurbilduz aldiro). Proba ehun bat aldiz errepikatu ostean, ikusi zuten ustez alzheimer izan zezaketenek zailtasun handiagoak zituztela sudurreko ezker zuloan. NPRen azaldu dute ikerlariek uste zutela hori zentzuzkoa zela, zeren eta alzheimerrek ezker hemisferioari diolarik usaimena ipsilaterala baita (hau da, eskuin estimuluak hemisferioko alde berera doaz eta alderantziz).
[youtube]http://youtu.be/z1mcAAgrCnw[/youtube]
Emaitzak egiaztatzeko, ikerlari taldeak ikerketa handiagoa egiteko asmoa du, baina hala ere, hastapenezko ondorio hauek erakargarrienak ziren hedabideek isilgordean izateko eta "kakahuete gurina alzheimer atzemateko" bezalako izenburu nahasiak plazaratu ziren. Ganorazko hedabide batzuek zentzuz jokatzeko eskatu zuten eta izan ere, usaimena ezaguna da seinale gisa, baina ikasketa hori txikiegia da eta sistematikotasunik gabea. Alegia, goizegi da horrelako ondorioak gizarteratzeko. Beste gaixotasun askoren seinale ere izan daiteke usaimen-galera.
Espainian, Juan Álvarez-Linera izan da aitzindarietako bat alzheimer atzemateko metodo goiztiarren inguruko lanetan. Neuroirudia Saileko zuzendaria da CIEN fundazioan. Bere taldeak urteak daramatza usaimen-galeraren bidez gaixotasun hau atzemateko sistema batekin lanean. "Aspaldi uztartuak ditugu usaimen-galera eta alzheimer" dio Fronterak, "baina oraindik ez dago argi zein zonalde endekatzen den, edo eta neurotransmisoreen kontu bat ote den. "Gehiegizkoa bide da alzheimer kakahuete gurina usainduz antzeman daitekeela esatea" diote, "baina baliteke informazio hau batera baliagarria izatea beste hainbat konturekin".
Besteak beste, traumatismo batek, hotzeriak edo produktu kimiko batzuek eragin dezakete usaimen-galera. Medikuak ez ohi die horren berririk pazienteei eskatzen eta gaixoa ere ez da kontuaz ohartzen, baina diagnostikorako beste seinaleetako bat izan liteke hau. "Badakigu usaimena kokatuta dagoen burmuinaren zonaldean bertan hasten dela alzheimer gaixotasuna" dio Linerak "kortex entorrinala da zonalde hori; gizakiok ez daukagu beste animalia espezie batzuek bezain garatua usaimena baina edonola, zonalde honek zeregina dauka oroimenean ere, eta hipokanpotik hurbil dago, lobulu tenporaleko erdialdean".
Ezaguna da usaimenaren neurketak subjektiboak izan ohi direla, gizakiak atzematen duen horretan baizik ez baitira oinarritzen ikerlariak, eta hori dela eta, lan-talde hau duela urte batzuk ari da olfatometro izeneko sistema objektiboago bat lortu nahirik. "Era automatikoan ematen diogu ustezko gaixoari usain bat, dosi eta denbora baldintzak kontrolpean izanda. Horren ostean, erresonantzia magnetiko funtzionalen bidez ikusten dugu burmuinaren erantzuna usaimen-kortexean". Horrela, saiatzen ari dira balio ertainak zein diren finkatzen, geroago usaimenaren neurriak era fidagarrian erabiltzeko. Oso eragozpen larria dute ordea, erresonantziak odol-fluxuaren jarduera neurtzen duelako eta tartean aldagai asko daudelako aztertzeko. "Jo dezagun arteriosklerosiagatik gizaki baten zuhaitz baskularrak desberdin erantzuten duela" edo "ustezko gaixoa botika jakin bat hartzen ari dela. Hori guztia neurtzeko ahaleginetan ari gara".
Alzheimer atzemateko lehia honek aldagai asko aztertzera eraman ditu ikerlariak eta aldagai horietako bat besterik ez da usaimena. Azkarregi esan dute agian kakahuete guruin bidez egin daitekeela, baina baliteke etorkizunean Álvarez-Linerak egiten duen neuroirudiaren antzerako proba batek emaitza fidagarriak ematea. Hala bada, has gintezke usaimena galdu duen gaixoaren diagnostikoa egiten.
Iturria: A brief olfactory test for Alzheimer's disease (Journal of the Neurological Sciences)
Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-58c19add63a1 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/30/fisika-kuantikoa-eta-klasikoa-nobel-sarietan-elkarlanean/ | Fisika kuantikoa eta klasikoa Nobel Sarietan elkarlanean | unknown | 2013-10-30 00:00:00 | Fisika kuantikoa eta klasikoa Nobel Sarietan elkarlanean
"Gure laborategiak oso aspergarriak dira", dio Xabier Lopez EHU-ko kimika irakasleak broma artean. Bera ez da kimikari arrunt bat. Behintzat, ez gehienok imajinatzen dugun bezalakoa. Ez ditu bere lanegunak azido eta probeten artean ematen. Ezta gutxiago ere. Izan ere, bere lantokiak ez du laborategi konbentzional batekin zerikusi handirik. Hemen ez dira saio hodirik inon ere ez atzematen. Ezta bata zuririk ere. Izena bai, berdina da, baina beste guztia erabat ezberdina da. Ordenagailuek dute hemen garrantzia. Beraiek dira protagonista nagusiak.
Xabier Lopezek kimika teorikoa delakoa lantzen du egunero. "Eta zer da kimika teorikoa? kimika beraren teoria da. Teoria hori, azken batean, fisika da. Fisika hori, formula matematiko batean bihurtzen da praktikan, eta, formula hauek tratatzeko, ahalmen handiko konputagailuak erabiltzen ditugu. Besterik gabe", azaltzen digu modu grafiko batean. Seguru aski ere, zaila egiten zaigu honelako kimikari bat imajinatzea, estandarretatik ateratzen baita, baina Nobel Sarietako epaimahaiak arlo honetan lan egiten duten hiru zientzialari saritu nahi izan ditu aurtengo edizioan. Martin Karplus, Michael Levitt eta Arieh Warshel izan dira sari berezi hau jasoko dutenak kimikan egin dituzten ekarpenengatik.
Zientzia Kaiera Xabier Lopezekin bildu da honen guztiaren gainean hitz egiteko. Asko eta oso ongi ezagutzen du gaia, batez ere, Karplusekin lau urtez lan egin zuelako Estrasburgon eta Oxforden. Zalantzarik gabe, gure webgunetik elkarrizketatu behar genuen ahotsa da berea. Bere hitzetan nabaritzen zaio pozik dagoela. "Badira urte nahiko Karplusen izena Nobel Sarien kinieletan agertzen zela, baina ez genekien egunen batean emango zioten edo ez. Asko poztu nau berriak. Esperientzia paregabea izan zen berarekin lan egitea", azaltzen du hunkituta.
Baina zer da hiru zientzialari hauek egin dutena? "70ko hamarkadan garatu zituzten metodoek kimika egiteko era zeharo aldatu dute. Ez bakarrik kimika teorikoa, baita esperimentala ere. Hemen ez da aurkikuntza bat saritu, bide berri bat ireki izana baizik. Beraien lana erabat aitzindaria izan zen eta kimika egiteko era guztiz eraldatu zuen", dio kimika irakasleak.
"Karplus, Levitt eta Warshel proteinak metodo kuantiko eta klasikoekin batera tratatzen hasi ziren lehenak izan ziren. Beren ekarpenak ulertzeko zenbait gauza azaldu behar dira lehenik eta behin. Fisikan bi arlo nagusi ezberdindu behar dira: fisika klasikoa, alde batetik, eta fisika kuantikoa, bestetik. XX. mende hasieran, fisikariak atomoak eta molekulak tratatzeko fisika klasikoa ez zela nahikoa konturatu ziren. Hau dela eta, fisika mota berri bat asmatzea beharrezkoa zela ikusi zuten. Eta hemen sartu beharko genuke fisika kuantikoa. Izan ere, fisika mota hau da atomo eta molekulei aplikatu behar zaiena", hasten da Xabier.
"Baina arazo bat aurkitzen dugu. Molekula batzuk erraldoiak dira, milaka atomorekin, eta sistema hauek ebaztea nahikoa lan zaila da. Gaur egun, gainera, ez dugu gaitasunik sistema hauek fisika kuantikoaren bidez ebazteko. Ordenagailuek ez dute nahikoa indarrik. Izan ere, fisika kuantikoa erabiltzea oso garestia da. Ez diruz, baizik eta denbora konputazionalaz. Imajinatu egoera duela 40 urteko ordenagailuekin… Fisika klasikoa, ordea, askoz ere merkeagoa da", jarraitzen du irakasleak.
"Imajinatu proteina bat hartzen dugula. Entzima bat, adibidez. Entzima, bere barruan erreakzio kimiko bat egiten duen proteina mota bat da. Lotura kimikoak apurtu eta eratzen dira bere barruan. Hiru zientzialari hauek konturatu ziren kimika gertatzen ari zen gune horretan atomo gutxi batzuk zirela loturak apurtu eta eratzen zituztenak. Honen aurrean, beraiek pentsatu zuten atomo horiek kuantikoki tratatu al zirela. Gainontzeko atomoek, gehiengoak direnak, erreakzio kimiko hori baldintzatzen dute, baina ez dute inolako loturarik eratzen ezta apurtzen ere. Beste atomo hauek tratatzeko ez da kimika kuantikoa behar. Nahikoa da fisika klasikoko formulak erabiltzea. Beren ekarpen nagusia hau izan da. Sistema osoa ebazteko bi teknika hauek nahastea, hain zuzen ere. 1970ean proposatu zutena aldatuz joan dira, baina bidea beraiek ireki dutela ez dago inolako zalantzarik. Gainera, ordenagailuen 'boom'-arekin ere bat etorri dira beraien ekarpenak. Honi esker asko aurreratu da", dio irakasleak.
Xabier Lopez-ek, esan bezala, Karplusekin egin zuen lan Estrasburgon eta Oxforden. "Lau urte eman nituen nik berarekin lan egiten. Proteinen munduak asko erakartzen nau eta, nahiz eta egin nuen Tesiaren gaiarekin zerikusi handirik ez izan, Karplusen taldearekin postdoc bat egitea eskatu nuen. Baiezkoa eman zidan eta ez nuen bitan pentsatu. Egia esan, oso esperientzia ona izan zen. Batez ere, ez nuelako talde handien funtzionamendua ongi ezagutzen. Esan daiteke bertan deskubritu nituela", bukatzen du.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-0d71cddbb920 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/29/2013-estatistikaren-nazioarteko-urtea-ospakizuna-ala-erronka-iturri/ | 2013 Estatistikaren Nazioarteko Urtea: ospakizuna ala erronka-iturri? | 2013-10-29 00:00:00 | 2013 Estatistikaren Nazioarteko Urtea: ospakizuna ala erronka-iturri?
Statistics 2013 mundu osoko ekimenak nabarmen utzi ditu erronka globalei konponbideak aurkitzeko estatistikak egindako ekarpenak. Nazioarteko estatistikako elkarte ospetsuenak dira Statistics2013 ekimenaren erakunde sortzaileak, eta partaideak 128 herrialde inguruko 2250 baino erakunde gehiago.
Nik hemen azalduko dudana web orrialde ofizialean agertzen dena baino ez da. Zergatik orduan aipamen hau? Web horretan hainbat eta hainbat informazioa dagoenez, hautatze lan txiki bat egin eta nire ikuspegiaren berri ematea pentsatu dut. Horretarako arrazoiak, batez ere, bi dira: batetik, web orrialde osoa miatu barik irakurlearen jakin-mina sustatzea; eta bestetik, neure iritzia bertan agertzen den informazioarekin batera eskaini ahal izatea.
Informazio formala emate aldera, esan dezakegu Statistics2013 ekimenak helburu gisa hartu dituela estatistikak gizarte-eremu guztietan dituen botere eta eragina ezagutaraztea eta estatistika lanbide moduan zabaltzea goi mailako ikasleen artean. Partaideen artean daude nazioarteko eta nazio mailako lanbide-elkarteak, unibertsitateak, goi eskolak, enpresak, estatistika-bulego ofizialak eta ikerketa-institutuak. Erakunde hauek milioika laguni ematen diete estatistika-zientzien ekarpenen berri, mintegien, topaketen eta komunikabideetarako dibulgazio-lanen bidez. Dibulgazio mailan zertzelada gisa aipatuko dugu bertan agertzen den "Giza ongizatea hobetzeko 2013 Estatistikako Nazioarteko Urtea" deritzon bideoa; bideo honek azpitituluak daramatza euskaraz eta beste hainbat hizkuntzatan.
Ekimen honek galdera bat dakarkigu burura. Zergatik ospatu Estatistikaren Nazioarteko Urtea? Estatistikari baten erantzun dotorea, seguruenik, ondoko esaldietatik gertu egongo litzateke: Azkenean, mundu osoa ohartzen ari da estatistikaren beharraz, beren eguneroko bizitzan eta lanetan. Estatistikak izugarri eragiten digu, jaten ditugunetan zein hartzen ditugun botiketan. Izan ere, estatistikak gure eguneroko bizitza hobetzen laguntzen du. Hau hainbat estatistikarik lanbidea promozionatzen egindako lan gogor eta sendoaren ondorioa da. Eta nola ez, baita, egun datuak bildu eta gordetzeko dagoen erraztasunaren ondorioa ere. Iturri hori guztia informazio baliagarri bihurtzeko garaia iritsi da. Estatistikariok halabeharrez egin behar dugun lana da hori. Baina ez al du honek harrokeria itxurarik? Erantzun bila arlotik kanpo ateratzen bagara, azken urteotan, hainbat tokitan azpimarratu da estatistikariak gero eta beharrezkoagoak direla mundu osoan zehar, eta adibideak erraz aurki ditzakegu World Street Journal edo The New York Times bezalako argitalpenetan. Hauetariko bat aipatzearren, Hal Varian, Googleko ekonomialari nagusiak hauxe dio: "Ezker zapatak (datuak) ugari eta merke badaude nonahi, eta zuk eskuin zapatak fabrikatzeko monopolioa baduzu (datuak analizatzeko gaitasuna duen norbait bazara, hain zuzen estatistikaria bazara), egoera onean zaude zinez". Nire ustez, galdera honi eman dakiokeen erantzunik argiena da American Statistical Association delakoaren zuzendari exekutiboa eta Statistics 2013 ekimenaren batzorde sortzailearen kidea den Ronald A. Wasserstein jaunak ematen duena bideoaren azken zatian. Berak lau arrazoi azpimarratzen ditu Estatistikaren Nazioarteko Urtearen beharrizana aldarrikatzeko, eta erantzuna aurrekoak bezain dotorea izateaz gain, nire ustez edukia gehitzen dio arrazoietariko bakoitzari. Hauek dira, laburbilduz Wasserstein jaunak esaten dituenak:
Wasserstein jaunaren hitzetan, Estatistika arlo bikaina da eta estatistikaria izateko ere garai bikaina da. Beraz, pentsa dezagun dagoeneko joana dela estatistikari buruz txantxa gaiztoak egiteko garaia eta, ordea, estatistikan oinarritutako erabaki garrantzizkoen garaia iristen ari dela. Nire iritziz, Wasserstein jaunak, ospakizunaren arrazoiak eman baino gehiago, erronka potoloak jartzen ditu mahai gainean.
Ospakizun honek eskaintzen digun aukera honetaz baliatu beharko ginateke erronka horiek guretzat hartu eta unibertsitatean oso ondo ezagutzen ditugun hiru esparrutan lan egiteko. Lehena formazioa litzateke, goi mailako ikasleei estatistikan formazio espezializatua izateko aukerak eskaini behar baitizkiegu, lanbidea ezagutarazi eta erakargarria egiteko. Bigarrena ikerkuntza da, estatistikan ikerkuntza sendotu eta horretarako baliabideak aurkitu behar ditugu, mundu errealeko arazoei erantzun ahal izateko. Eta azkena, transferentzia da, baina seguruenik garrantzitsuena eta zailena, aurreko biak uztartzen dituelako. Ikerkuntza baliagarria egiteko eta formazioa gizartearen beharrizanei zuzendu ahal izateko, benetako arazoak aurkitu behar ditugu eta hori beste arlo batzuetako ikerketa taldeekin lanean arituz soilik lor dezakegu.
Esan bezala, Statistics2013 ekimenerako sortutako web orrialde ofizialean, hemen aipatzen dudanaz gain beste gauza asko aurki ditzakegu, besteak beste irakurleok askotan gustuko ditugun hainbat bitxikeria ere. Gaiaren inguruko xelebrekeriak aurkitzen ditugu bertan, esate baterako "Eguneko estatistika", "Estatistikarik gabeko mundua", "Estatistikariak komunikabideetan" edo "Asteko aipamena" bezalakoak. Nik hemen eskaintzen dizuedan informazio laburbildua nonbait alboratua egon daiteke, nola ez, nik aukeratu eta komentatua baita. Ni estatistikaria izanik, horretaz jakitun eta arduratua azaltzen naiz, baina ez al da hori denok egiten duguna zerbaitetaz idazten dugunean?
Egileaz: Inmaculada Arostegui EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatibo Saileko irakaslea da. | science |
|
zientzia_kaiera-7d03aefb9be4 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/28/koleraren-aurkako-txertoa-mikrokapsuletan/ | Koleraren aurkako txertoa, mikrokapsuletan | unknown | 2013-10-28 00:00:00 | Koleraren aurkako txertoa, mikrokapsuletan
Kolera inaktibatua bezain eraginkorra da mikrokapsularatutako txertoa. Horrez gain, erraz dosifikatu eta manipula daiteke eta, gainera, txertoa garraiatzea eta banatzea horrenbeste garestitzen duen hotz katea saihestu daiteke. Horiexek dira joan den ekainaren bostean, EHUko Farmazia Fakultatean Marta Pastorrek defenditu zuen nazioarteko doktorego tesiaren ondorio nagusiak. 'Gastro-resistant microparticles as an oral cholera vaccine approach' da tesiaren izenburua eta José Luis Pedraz eta Amaia Esquisabel doktoreak aritu dira zuzendari lanetan. Ikerketa-taldeak lorturiko emaitzak, nazioarteko farmazia-teknologiako aldizkari batean argitaratu dira1.
Txertoak eraginkorragoak izan daitezen, antigenoak mikrokapsularatzearen aukera balioztatzen ari dira azken urteotan. Mikropartikula baten barruan sartuz gero, antigeno batek desberdin jokatzen du antigeno disolbagarriarekin alderatuta, eta sistema immunearekin modu eraginkorragoan aritzen da bien arteko elkarrekintzan.
Txertoa, "spray drying" edo atomizazio bidezko lehortzearen bidez mikrokapsularatu zen lan honetan. Polimero gastrorresistenteak erabili ziren horretarako. Erabilitako mikrokapsulak pH mendeko disolbagarriak dira; hau da, urdaileko azidoetatik babestuta dago botika, baina pH alkalinoaren azpian, mikrokapsula disolbatu egiten da eta, duodenoaren edukia alkalinoa denez, bertan askatzen da txertoa. Horixe da, hain zuzen ere, doktoregaiak nahi zuena, koleraren aurkako erantzun immunea duodenoan sortzen delako.
Kolera inaktibatua bezain eraginkorrak dira tesi lan honetan prestatutako mikropartikulak. Horrez gain, mihipeko konprimituak, kapsulak edo aho bidezko suspentsioak prestatzeko erraz dosifikatu eta manipula daitekeen hautsa izatearen abantaila ere badute. Halaber, urtebete 25º C-ko tenperaturan egon eta gero antigenizitate eta gastrorresistentzia mantentzen direnez, posible izango litzateke txertoaren garraioa eta banaketa horrenbeste garestitzen dituen hotz katea saihestea.
Farmazia eta Farmazia Teknologia saileko laborategiko NanoBioCel taldea eta Kubako Finlay Institutua lankidetzan aritu dira, eta esfortzua eta ezagutza uztartu dituzte koleraren aurkako txerto inaktibatu bat garatzeko mikrokapsularatzearen bitartez. Lankidetza horri esker, ezagutza trukatu dute bai maila mikrobiologikoan, bai farmazia teknologiaren arloan.
Vibrio cholerae delakoa XIX. mendetik ezagutzen den arren, urteko hiru eta bost milioi pertsona artean infektatzen dira egun eta 100.000 eta 120.000 heriotza inguru eragin ditzake. Koleraren ondorioak are suntsitzaileagoka dira osasun azpiegitura urriak dituzten eremuetan, hondamendi naturalak gertatu ondoren edo gerra gatazketan.
Gaur egun koleraren aurkako zenbait txerto daude, baina Vietnamen baino ez dira egiten herritarrei jartzeko kanpainarik. Existitzen diren txertoak eraginkorrak direla frogatuta dago. Alabaina, prezioa nabarmen merkatuko litzateke hotz katea saihestea posible izango balitz eta, gainera, txerto horiei esker, gaixotasun honen kontrako borroka errazagoa izango izango litzateke. | science |
zientzia_kaiera-cf5e145869ac | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/24/espezie-gainmenderatzaileak-amazonaseko-zuhaitz-ugarienak/ | Espezie gainmenderatzaileak: Amazonaseko zuhaitz ugarienak | unknown | 2013-10-24 00:00:00 | Espezie gainmenderatzaileak: Amazonaseko zuhaitz ugarienak
Palma (Euterpe precatoria) da Amazonas oihaneko espezierik ugariena, eta haren ostean datoz Protium eta Eschwelilera. Sinesgaitza da baina orain arte, zientzialariek ez zekiten Amazonas oihanean zein zen espezie ugariena, ez eta espezieen hedadura zein zen sei milioi metro koadroko oihan horretan. Hanster Steegek eta ehun ikerlari baino gehiago dituen talde batek berriki plazaratu du Science aldizkarian honen inguruko artikulu bat. Bertan, zuhaitz katalogo jori bat zehazten da lehendabizi, Amazonas arroko 1170 lurraldetan .
Eta oso emaitza deigarriak lortu dituzte: kalkulatu da gutxi gorabehera 16000 espezie daudela, baina espezie horietatik 227k populazio osoaren erdia osatzen dutela. Alegia, ale guztien %50a espezieen %1,4ari dagokio. Bestela esanda, oso espezie kopuru txikiaren mendekoa da, munduko ekosistema handi eta jorienetakoa den honetan.
Zientzialarien aldetik "gainmenderatzaile" izena hartu izan duten espezie hauek, habitat jakin batzuetan espezializatzeko joera dute: zingirak edo area zuriko zonaldeak. Ez dira zonalde guztietan nagusi, baina denetara eragin handia duten zonaldeak estaltzen dituzte. Beste %50ean, aniztasuna izugarria da: espezieen %62ak, milioi batetik beherako kopurua dute era %12ri dagokie. Besteak beste, ikerketak honek dio zuhaitz dentsitate ertaina 565 zuhaitz/hektarea dela, eta uste da 1000 aletik beherako kopurua dutela 6000 bat espeziek (hau da heren batek baino gehiagok),.
Orain arte, oso gutxi genekien zuhaitz espezieen konposizio eta banaketari buruz, eta tokian tokikoak edo zonaldean zonaldekoak baizik ez ziren eskura genituen zehaztapenakk. Zientzialarien arabera, datu hauek denetara laguntza eman lezakete kontserbazio lanetan eta etorkizuneko klima-zientzialarien lanetan. Ikerketa honek iradokitzen du oso espezie kopuru txikiari dagozkiola munduan anizkoitzenetakoa den oihan honetako frutak, loreak, polenak, hostoak eta biomasa. Horren arabera aurresan liteke zein espezie dauden aztertu gabeko zonaldeetan. Hala ere, ez dakigu behar bezainbeste beste espezie gutxiengo honi buruz eta baliteke ekosistemaren orekan uste baino zeregin garrantzitsuagoa izatea, 10.000 aletara nekez iristen badira ere.
Erreferentzia: Hyperdominance in the Amazonian Tree Flora | science |
zientzia_kaiera-2551506d8a53 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/23/jainkoari-eskerrak/ | Jainkoari eskerrak | Arturo Elosegi | 2013-10-23 00:00:00 | Jainkoari eskerrak
Arturo Elosegi
Zientzialarion tresnarik beharrezkoena ez da mikroskopioa, ez ordenagailua ez eta PCRa. Gure tresnarik beharrezkoena garuna da, edo gogoa, dei iezaiozu nahi duzun bezala. Eta ez da soilik zientzialarion kontua: jende gehienen lan-tresna beharrezkoena ere halaxe da, garunaren bitartez hartzen baititugu erabakiak, haren bitartez neurtzen egoera bakoitzak dituen arriskuak eta eskaintzen dituen aukerak. Horretxegatik da garrantzitsua ulertzea nola funtzionatzen duen gure garunak, dituen gaitasunak eta mugak.
Baina behin gure garuna aztertzen hasita, ikusten dugu ez duela funtzionatzen uste genuen bezain ongi, hartzen ditugun erabakiak ez direla uste genuen bezain arrazionalak. David Kahnemanek, Ekonomiako Nobel saria jaso zuen psikologoak, lan handia egin du honetan, eta modu esperimentalean frogatu du gure garuna alferra dela, maiz egoera sakon analizatu beharrean lasterbideak erabiltzen dituela ondorioak ateratzeko. Askotan ondorio horiek egokiak dira, eta sakon pentsatuko bagenu baino azkarrago lortzen ditugu. Erabaki azkarrak hartzea garrantzitsua denean, beraz, lasterbide hauek onurak ekarri ohi dituzte. Batzuetan, ordea, ondorioak okerrak dira, batez ere arazoa konplexua denean. Hortaz, hartzen ditugun erabakiak egokiak direla bermatu nahi badugu, arreta berezia jarri behar dugu arrazoitzeko garaian. Erne, beraz, guztiok, ez ditzagun ondorioak azkarregi atera, egoera eta baldintzak sakon aztertu gabe.
Are kezkagarriagoak dira Michael Shermeren lanak. Egile honek erakusten du jendeak sekulako gaitasuna duela gauza irrazionaletan sinesteko, izan erlijiozko kontuetan, terapia aberranteetan, zein platertxo hegalarietan. Kultur maila zenbat eta altuagoa izan, orduan eta horrelako gutxiago sinesten ditugu, baina joera hori ez da erabatekoa. Bada oso jende azkarra eta kultura handikoa sekulako astakerietan sinesten duena. Are gehiago, oso jende azkarra eta kultua dena oso zaila da bere sinesmenen okerraz konbentzitzen, beren azkartasun eta kulturak berak eztabaidarako trebezia handia ematen duelako, eta oso arrazoibide bihurriak garatzen dituelako beren sineskerien alde.
Honek zer pentsa ematen du, guztiok baikaude sineskeria txoroetan erortzeko arriskutan. Zenbat ipuin, zenbat mito ez ote dizkigute haurtzarotik buruan sartu, gerora gezur zirela jabetu behar izanda! Baina Olentzerorena ikasi bagenuen ere, beste hainbat sineskeria ez ote ditugu egiatzat hartzen? Hainbaten ustezko gaitasun paranormalak, beste batzuen terapia alternatiboak, haren jakinduria herrikoiak, noraino da egia eta noraino gezurra? Gezurra sinesteak, noski, kalte handiak ekar ditzake edonoren bizitzan. Beraz, sinesten dugunaren eta sinesten ez dugunaren atzean dagoen ebidentzia aztertzen saiatu beharko genuke.
Goazen izenburuaren harira. Ni familia katoliko batean naiz hazia, eskola konfesional batean hezia (hitzaren zentzu zaharrenean, alegia, domatua). Garai batean, noski, jainkoarengan sinesten nuen. Geroago, gaztetan ustez nahiko pentsatu ondoren, jainkorik ez dagoela erabakitzera iritsi nintzen. Orain oso argi dut, Richard Dawkinsek dioen bezala, jainkorik balego mundua oso bestelakoa izanen litzatekeela. Bai, behintzat, jendeak jainkotzat duen naturaz gaindiko izaki hori balego, badakizu: gu guztioi begirik gainetik kentzen ez diguna, otoitzei erantzuten diena, bekatuak zigortzen dituena, eta munduaren bilakaera bideratzen duena. Halaber, jainko ahalguztidunak eginak bagina, bizidunok ez genituzke hain ezaugarri traketsak. Pentsa, bestela, zer den platuxaren gisako arrain zapalen garapena, nolako bihurrialdiak eman behar izaten dieten gorputzei, azkenean bi begiak buruaren alde berean kokatzeko. Jainko adimentsu batek ez luke inoiz horrelako izaki traketsik sortuko, non ez den jainko sadiko bat.
Jainkorik ez dela argi dut, beraz. Ez dut hain argi, ordea, zergatik ote dudan hori horren argi. Errealitatearen azterketa sakon eta hotz baten ondorioz izan da, ala, besterik gabe, hori sinestera iritsi nintzelako ari naiz errealitatearen ebidentziak nire sinesmenen aldera makurtzen? Alegia, jainkoarengan ez sinestea nire gaitasun intelektualaren ondorio da, edo halabeharra? Nire arrazoiari esker naiz ateoa, edo, gure amak esanen luken bezala, jainkoari eskerrak?
Egileaz: Arturo Elosegi EHUko Ekologiako Katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Landare Biologia eta Ekologia Sailean | science |
zientzia_kaiera-328bd43e6eba | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/22/ur-marka-paregabea-meteorito-batean/ | Ur-marka paregabea meteorito batean | 2013-10-22 00:00:00 | Ur-marka paregabea meteorito batean
Kanadan 2000. urtean erori zen meteorito baten aztarnak aztertu ditu Tokioko Unibertsitateko ikerketa-talde batek. Duela milioika urte espazioan egon zitezkeen ur-aztarnak ikertu nahi izan dituzte azterketa horren bitartez.
Aste honetan bertan argitaratu dira ikerketa horren emaitzak Nature Communications aldizkarian. Teoria baten arabera, espaziotik heldu zen ura gure planetara, eta teoria horretan oinarrituta aritu dira ikertzaileak. Ondoren txertatu dugun filme laburrean erakusten den bezala, meteoritoaren azalean gelditu ziren azken ur tantak lurruntzerakoan, meteoritoa osatzen duten magnetitako kristalek berezko ezaugarriak hartu zituzten, oso bereziak.
Kanadan eroritako meteoritoan dagoen mineralaren ezaugarri magnetikoak direla eta, gelditu ziren azken ur tantak lurrentzerakoan sortu ahal izan ziren bakarrik magnetitako kristalak. Izan ere, ur-marka paregabea utzi zuten prozesu horren ondorioz.
Espaziotik mugitzen diren asteroide zatiak dira meteoritoak. Eguzki-sistema sortu zenean -duela 4,6 mila milioi urte baino gehiago- sortu ziren asteroideak, eta zenbait ikertzaileren arabera, lurrean uraren eta bizitzaren jatorria azaltzeko balio handiko informazioa eduki dezakete.
Oharra: Artikulu honetarako materiala eta bideoa, SINC agentziaren lekutik hartu dugu,
Kimura Y., Sato T., Nakamura N., Nozawa J., Nakamura T., Tsukamoto K. & Yamamoto K. (2013). Vortex magnetic structure in framboidal magnetite reveals existence of water droplets in an ancient asteroid, Nature Communications, 4 DOI: 10.1038/ncomms3649. | science |
|
zientzia_kaiera-22c2e68ad929 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/22/higgs-en-bosoia-unibertsoaren-puzzlean/ | Higgs-en bosoia unibertsoaren puzzlean | unknown | 2013-10-22 00:00:00 | Higgs-en bosoia unibertsoaren puzzlean
Imajinatu, une batez, unibertsoa ez dela guk gaur egun ezagutzen dugun modukoa. Imajinatu ez dela landarerik existitzen, ezta inolako animaliarik ere ez. Joan gaitezen urrunago. Imajinatu, segundu batez bada ere, ez dela planetarik, asteroiderik edota izarrik existitzen. Hau da, pentsatu ezagutzen dugun unibertsoan ez dela masarik duen ezer ere ez existitzen. Beldur pixka bat ematen du, ezta? Batez ere, gu ez ginatekeelako bertan egongo.
Zaila egiten zaigu hau dena irudikatzea, izan ere, gaur egun normalak egiten zaizkigun gauza asko ez bailirateke hemen egongo. Planetarik egon ezean, bizitza bera ez litzateke guk ezagutzen dugun modukoa izango. Ez dinosaurorik, ez mikroorganismorik, ezta gizakirik ere. Errealitatea beste era batekoa izango litzateke.
Hala ere, egoera ez da honelakoa. Masa badago eta honi esker gure unibertsoa existitzen da. Baina, hau honela izanik, galdera zail batzuk etortzen zaizkigu burura nahi eta nahi ez: zerk sortu du unibertsoa bera? Nondik dator hau guztia? Nondik gatoz gu? Galdera hauei erantzuna emateko milioika azalpen eman izan dira historikoki. Gure kulturan, hedatuena, hau izan da: Jaungoikoa da unibertsoaren sortzailea. Berak egin zuen dena, hasieratik bukaerara arte eta, gainera, zazpi egun behar izan zituen bakarrik bere obra bukatzeko. Egun bakoitza elementu ezberdinak sortzeko erabili zuen –itsasoak, animaliak, argia eta iluntasuna…- eta, azkeneko eguna soberan zuenez, atsedenaldi bat hartzea erabaki zuen.
Esplikazio hau ehunka urtetan zehar erabili izan da gure unibertsoa nola sortu zen definitzeko, baina, normala denez, ez zuen mundu guztiak sinetsi. Eszeptizismo honek zientzialari asko lanean jarri zituen. Azalpen bat bilatu nahi zuten. Ezinezkoa zen ezagutzen ez zuten norbaitek hau dena egitea. Esplikazio diferente eta logikoago bat egon behar zuen derrigorrez. Jaungoikoarena erabat sinplea zen eta ez zuen inolako base zientifikorik. Nola sortu zen unibertsoa? Galdera handia, zalantzarik gabe.
Honi erantzun zehatz bat emateko urte asko falta dira oraingoz. Seguru aski ere, lerro hauek irakurtzen dutenek ez dute inoiz ere ezagutuko, baina hasiera bat eman zaio behintzat. Duela aste gutxi jakin da aurtengo Fisika Nobel Saria nork eskuratuko duen. François Englert eta Peter Higgs izan dira sari berezi hau jaso dutenak oinarrizko partikulek masa nola hartzen duten teoria azaldu izanagatik. Hau da, bi zientzialari hauek duela hainbeste urte aurreikusi zuten 'bosoia' aurkitu dute azkenean. Baina zer da aurkikuntza hau eta nola eman dute berarekin?
Unibertsoa nolakoa den azaltzeko Higgsen bosoiak ezinbesteko garrantzia du. Izan ere, Partikulen Fisikako Eredu Estandarrak aurreikusita baina oraindik atzeman gabe zuen azken partikula da Higgs-ena eta, 50 urte pasatu ondoren, aurkitzea lortu dute. Eredu estandar honek oinarrizko partikulak eta euren arteko interakzioak azaltzen ditu.
Partikula batzuek masa zergatik duten eta beste batzuek ez azaltzeko, Peter Higgs fisikari britainiarrak 60ko hamarkadan 'Higgs eredua' bezala ezagutzen den teoria eratu zuen. Fotoia argiaren oinarrizko osagaia den bezala, Higgsen ereduak partikula bat behar du derrigorrez: zientzialariek 'Higgsen bosoia' izenaz ezagutzen dutena. Hauxe da eredu estandarraren puzzlea betetzeko falta zen azkeneko pieza. Eta, Nobel Sariaren bitartez, Higgs-en eta Englert-en ekarpen hau aitortu nahi izan dute.
Bestalde, bi zientzialariek partikula guztiak eremu batean bilduta egon zitezkeela iragarri zuten: Higgsen eremuan, alegia. Partikula batzuk inolako trabarik gabe mugitzen dira eremu horretan, beste batzuk ez, ordea. Eta horren arabera, partikulek masa izango dute edo ez. Alegia, Higgs eremuarekin elkarreragiten ez duten partikulek ez dute masarik (fotoiek, adibidez), eta elkarreragiten dutenek bai (elektroiek, adibidez), ordea. Eta elkarrekintza-mailaren arabera, masa gehiago edo gutxiago izango dute.
Higgsen eremua partikula bati zor zaio: Higgs bosoiari, hain zuzen ere. Eta partikula hori aurkitzea zen teoria baieztatuko zuen modu bakarra. Eredu estandarrak beharrezkoa zuen partikula hori, eta horregatik, azken urteetan lan asko egin da eta baliabide asko jarri dira Higgs bosoia aurkitzeko. Beteak beste, LHC azeleragailu erraldoia jarri zuten lan horretan. Azeleragailu hau izan da guztiaren klabea, bera izan baita teoria errealitate bihurtu duena. Diru asko eta ordu mordo bat sartu ostean, azeleragailuak espero genuen albistea ekarri digu. Edo hobeki esanda, ekarri zigun. Izan ere, CERN-ek duela urte bete azpimarratu zuen Higgs-en bosoia aurkitu zutela eta ordutik aurrera errealitate bat izango zela.
Hobeto ezagutzen dugu natura orain. Zientzialariek beste pieza bat jarri dute Unibertsoko puzzlean. Baina ez dezagun pentsa horrek, halabeharrez, hurbilduko gaituen puzzlea osorik betetzera. Orain arte, pieza berri bat bere lekuan kokatu dugun bakoitzean handiago agertu zaigu puzzlearen konplexutasuna eta pieza gehiago behar ditugunaz ohartu gara. Sei egunetako kreazio-ekintza baten emaitza baino askoz ere konplexuagoa baita Unibertsoaren puzzlea.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-e8f3f9c6aa51 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/18/zanbranan-aurkitu-duten-primate-baten-aztarna-fosilen-garrantzia/ | Zanbranan aurkitu duten primate baten aztarna fosilen garrantzia | unknown | 2013-10-18 00:00:00 | Zanbranan aurkitu duten primate baten aztarna fosilen garrantzia
Goi Eozenoko (orain dela 37 milioi urte) Microchoerus primate baten fosilaren aurkikuntzak (masailezurreko bi zati) zuzendu du zientzialariek zuten iberiar penintsulako mendebaldeko faunaren gaineko ezagutza. Bi zati horiek penintsula eta Europako fauna ugaztunen arteko lotura baieztatu dute goi Eozenoan zehar.
Orain arte uste zuten Iberiar penintsularen mendebaldean zeuden ugaztunak endemikoak izan zirela Eozeno osoan zehar (56 eta 33 milioi urte bitartean). Hau da, Europako ugaztunen faunarekin erkatuta, Iberiar penintsulakoa desberdina zela uste zuten eta, hori dela eta, bi zonalde banatuta zeudela.
Ainara Badiola UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakasle eta ikerlarien eta Bartzelonako Institut Catalá de Paleontologia Miquel Crusafont-eko (ICP) ikerlarien arteko elkarlanaren ondorioa izan da primate horren fosilen aurkikuntza hori, eta horren berri eman dute Journal of Human Evolution aldizkari zientifikoan argitaratu duten artikulu batean.
Arestian aipatu bezala, Araban aurkitu duten Goi Eozenoako Microchoerus-aren fosilek primate horiek Europan ez ezik iberiar penintsulara ere zabalduta zeudela baieztatu dute. "Zanbranako aurkikuntza interesgarria da, orain arte ez zegoelako fosil horren berririk Iberiar penintsularen mendebaldean. Iberiar penintsulako txoko ekologiko eta Europako ingurune geografiko ezberdinetan bizi ziren faunaren ezagutza emendatu du aurkikuntza honek", laburtu du Ainara Badiola UPV/EHUrko ikerlariak.
Zanbranako aztarnategian aurkitutako fosilek garai hartako biodibertsitatea hobeto ezagutzen lagunduko dute. Hartara, aurkikuntzari esker, zientzialariek badakite penintsulan fauna endemikoa egon zitekeela goi Eozenoan, "milioika urtetako isolamenduaren ondorioz garatutakoa"; baina, baita Europako hainbat tokietako komuna zena ere, eta horrek fauna europarren lotura baieztatzen du.
Nahiz eta orain arte primaterik aurkitu ez, ornodunen fosil bilgune aberatsa da Zanbrana, 2004. urtean aurkeztutako Ainara Badiolaren doktore-tesiak aurreikusi bezala. "Indusketa kanpaina ezberdinetan Goi Eozenoan ekosistema tropikal batean bizi ziren anfibioen, muskerren, dortoken, krokodiloen eta bestelako arrasto fosil ugari bildu dira. Ugaztunei dagokionez, martsupialak, karraskariak, karniboroak, artiodaktiloak eta perisodaktiloak behatu dituzte, hauetako batzuk espezie berri bezala deskribatu direlarik", azaldu du Badiolak. Eozenoan bizi izan ziren Microchoerus horiek primate gautarrak eta intsektu-jaleak ziren. Egun ordezkaririk ez badute ere, Afrikan bizi diren galagoen antzeko primateak zirela uste dute. | science |
zientzia_kaiera-acf6396884ce | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/17/zortzigarren-toxina-botulinikoa-zientziaren-aurkako-zentsura-berriz-ere/ | Zortzigarren toxina botulinikoa: zientziaren aurkako zentsura berriz ere | unknown | 2013-10-17 00:00:00 | Zortzigarren toxina botulinikoa: zientziaren aurkako zentsura berriz ere
Agintari batzuek lehenengo aldiz debekatu dute bakterio baten gene kodea plazaratzea. Clostridium botulinum mikroorganismoaren andui berri batez ari gara. Mikroorganismo honek oso ezaguna den toxina botuliniko hilgarria ekoizten du. Munduan den gairik hilgarrienetakoa dugu toxina hau, proteina izaerakoa bera. Izan ere, nahiko dira 2 mikrogramo (gramo baten bi milioiren) gizaki heldu bat hiltzeko. Toxina honek blokeatu egiten du azetilkolina, muskuluen funtzionamendurako beharrezkoa den neurotransmisorea. Inork ezustean hartzekotan, arnas-muskuluak gelditu egiten dira; hau da, hain ezaguna den botulismoa eragiten du, eta hortik minutu gutxira, hil egiten da gizakia.
Sacramentoko (Kalifornia) Herri Osasuneko Sailean aurkitu berri du bakterio hau Stephen Arnonen taldeak. Ez dago oraindik antidotorik bakterio honek ekoizten duen toxina espezifikoaren aurka. Hori dela eta, erabaki dute datuak gordetzea, herri-osasuna arriskupean ez jartzeko. Orain arte, zazpi andui baizik ez ziren ezagutzen, eta A, B, C, D, E, F eta G letrez izendatuak zeuden. Zazpion aurka, hainbat antidoto diseinatu dira, paralisia nonbait ezabatzen duten proteinetan oinarrituta. H izena ipini diote zortzigarren toxinari. Azken hau, botulismo sintoma ezagunak erakusten zituen haur baten gorozkietan aurkitu dute, New Scientist aldizkarian esaten denaren arabera.
DNA sekuentziatu ostean, zientzialariek aurkitu dute andui hau talde bat berri bat zela bakterio botulinikoen barruan. Egoera arrunt batean, bakterio honen gene kodea plazaratu egingo zen, eta gerora, datu base publiko batean sartuko ziren datuak. Journal of Infectious Diseases aldizkarian, aurkikuntzaren berri eman da baina ez ordea kodearen berri, egileek eskatuta, eta agintariekin hitz eginda. "Izan ere", argudiatzen dute, "ez da oraindik aurkitu toxina horren aurkakorik". Besteak bese, Amerikako Estatu Batuetako Gaixo Kutsagarrien Laborategiko agintariak eta Barne Segurtasunaren Saila dira iritzia eman dutenak. Hauek ontzat eman dute aurkikuntza gene sekuentziaren inguruko zehaztapenik gabe plazaratzea.
Debeku honek berriz piztu du zientziaren aurkako zentsuraren inguruko eztabaida. Hegazti-gripearen H5N1 anduiaren harira gertatua zen orain arteko azken iskanbila. Une hartan, Amerikako Estatu Batuetako gobernuak zehatz debekatu zuen birusarekin lanean aritzea, segurtasun arrazoiak erabiliz. Horrek ekarri du ikerlariak bi urte geldirik egon izana. Erabakiak, aurkako iritzi zorrotzak eragin zituen zientzialarien aldetik. Izan ere, honek guztiak erabat eragotziko luke konponbide bila hastea, gripe mota hau berriz sortzekotan. Beste alde batetik, adituek diote laborategiko baldintzapenak behar bezain seguruak direla horrelako ikerkuntza esparruetan aritzeko.
David Relman, Stanfordeko Unibertsitateko aditua da H5N1 anduiarekin lan egitea eragotzi zuen Obamaren zientzialari taldeko kideetako bat, eta orain ere, aurkitu berri den bakterio honen ADN plazaratzearen aurka azaldu da. Bere hitzetan, zehaztapen horiek plazaratzeak berehalako arrisku larria eragingo luke gizartean. Aspaldiko kezka da bioterrorista talde batek ezingo ote lukeen eraso bat egin toxina hauetako bat erabilita. Hala biltzen da behintzat arma kimiko eta bakteriologikoen aurkako itunetan. Edonola izanik ere, gobernuen gehiegizko kontrol honek atzeratu lezake konponbideen aurkikuntza. Beste zientzialariek ez badaukate bakterio honekin lan egiterik, zenbat luzatuko ote da konponbidea?
Iturria: Molecular Characterization of a Novel Botulinum Neurotoxin Type H Gene (Journal of Infectious Diseases) | info gehiago: New Scientist
Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-1c371092393b | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/16/zelulen-garraio-sistema-eta-diabetesa/ | Zelulen garraio sistema eta diabetesa | Peru S. Gamarra | 2013-10-16 00:00:00 | Zelulen garraio sistema eta diabetesa
Peru S. Gamarra
Gaizki sentitzen naiz. Hilabete inguru daramat honela eta ez zait pasatzen. Kilo mordo bat galdu ditut dagoeneko. Arraroa da hau dena. Inoiz baino gehiago jaten dut baina ezinezkoa zait gizentzea. Gainera, oso ahul nabaritzen dut nire gorputza. Gaur, futbol partida baten erdian nengoela, zorabiatu eta aldageletara joan behar izan dut partida bukatu aurretik. Konortea galtzeko zorian ibili naiz. Eskerrak entrenatzailea nirekin batera sartu den. Gaixotasunen bat izango ote dut?
Medikura joan eta odola atera didate. Ez dut sukarrik eta dena ongi dagoela ematen du, baina ondoeza ez zait pasatzen. Itxaroteko eskatu didate. Atera didaten hori aztertu behar dutela eta zerbait dakitenean deituko didatela. Susmo txarra hartzen diot honi guztiari. Ez nago bat ere eroso.
Egun batzuk itxoin ostean medikuaren telefono dei bat jaso dut. "Mesedez, etorri zaitez hona ahal bezain laster, berri txarrak ditut zuretzako". Beldurra. Ezjakintasunak ekartzen duen ezinegona. Kontsultako atea zabaldu eta han dago doktorea paperen artean galdurik. "Sentitzen dut, diabetikoa zara eta hemendik aurrera zure burua asko zaindu beharko duzu". Nola da posible? Ni diabetikoa?
Bizitza zeharo aldatu zait eta negar egiteko gogo izugarriak etortzen zaizkit etengabe. Agur esan diet txokolatezko opilei eta baita horrenbeste maite nituen marrubizko gailetei. Jada ezingo dut nahi dudanean jan. Ordutegi finko bat jarraitu beharko dut beti. Militarrek bezala. Berdin da gose izan edo ez. Ordutegia sakratua da. Ze astuna den hau guztia. Agur eguerdian jaten nuen pintxoari. Agur, baita ere, arratsaldeko bokata eta garagardoari. Hori gutxi balitz, nire gorputza egunero ziztatu behar dut gorputzean dudan azukre kantitatea kontrolatzeko. Izkina bat bilatu, alkandora igo eta… zizt! orratza barrura. Gogorra da hau guztia.
Honelako istorioek bukaera bat izan dezakete etorkizunean hiru zientzialarik egin duten lanari esker. Pasa den astean eman zen ezagutzera aurtengo Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria nork jaso duen eta James E. Rothman eta Randy W. Schekman amerikarrak eta Thomas C. Südhof alemaniarra izan dira sarituak Fisiologian egin duten lan paregabeagatik. Ez dute diabetesa sendatuko duen edabe magikorik aurkitu, hori egia da, baina gaixotasun hau –eta beste asko- hobeto ezagutzen dugu beraien aurrerapenei esker. Eta, hau, ez da gutxi.
Nobel Fundazioak hiru ikertzaile hauek saritu nahi izan ditu 40 urtetan zehar egin duten lanarengatik. Egia esan, bere ibilbide bikaina da saritu nahi izan dutena. Beraiek izan dira, beren ikerketen bitartez, zelula batek bere garraio sistema nola antolatzen duen argitu dutenak –badira urte batzuk jada hau dezifratu zutela, baina saria orain iritsi zaie-. Izan ere, garraio sistema hau definitu eta ezagutzeak etorkizun batean diabetesa edota beste immunologia nahasmen batzuk konpontzen lagundu dezake. Lan paregabea, zalantzarik gabe. Nobel Saria eskuratzeko modukoa. Urteetan zehar –ia bizitza oso bat- egindako lanak bere fruituak eman dizkie azkenean. Eta, gure gizartea, izugarri eskertua dago.
Hau guztia ulertzeko, zelula bakoitza molekulak sortu eta esportatzen dituen fabrika bat bezala imajinatu behar dugu. Adibide bat ematearren, intsulina sortu eta odolean barrena askatu egiten da eta neurotransimsoreak deitutako seinale kimikoak neurona batetik bestera bidaltzen dira. Molekula hauek zelula baten inguruan garraiatzen dira biologia zelularrean besikula deitzen diren pakete txikietan. Hiru irabazleek, pakete txiki hauek zelularen kanpo eta barrualdean nola jasotzen diren aurkitzea lortu dute. Hau da, pakete hauek noiz eta nola jasotzen diren dezifratzea lortu dute. Sistema hau beharrezkoa da besikulen fusioa kontrolatu behar den prozesu fisiologiko ezberdinetarako.
Besikulen garraio txarrak immunologia edota neurologia nahasmenduak dituzten gaixotasunetan gertatzen dira. Baita diabetesean ere. Garraio eskas hau dela eta, zelula bera kaosean erori daiteke. Zer egin ongi ez dakiela. Hiru ikertzaile hauen lanari esker, zelularen funtzionamendua askoz ere hobeki ezagutuko dugu. Giza gorputzak sekretu gutxiago ditu gaur egun eta diabetikoek albiste hau gogoz ospatzen dute.
Iturriak:
Nobel de Fisiología o Medicina 2013 (Investigación y Ciencia)
Nobel de Medicina 2013 premia el sistema de transporte que usan nuestras células (ALT 1040)
Los descubridores de las normas de tráfico celular ganan el Nobel de Medicina (Materia Ciencia)
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-dad3a7d2d304 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/15/gezurrak/ | Gezurrak | unknown | 2013-10-15 00:00:00 | Gezurrak
Txikitan kontatu zidaten Pello, artzain gezurtiaren istorioa, baina uste dut oso ondo gogoan dudala oraindik ere. Pellok gustukoa zuen bere lagunei beldurra eragitea eta hori lortzeko, otsoa zetorrela esaten zien, nahiz otsoa gero ez zen inondik agertzen. Otsoa agertu zen arte.
Dirudienez, gizakiok ez gara gezurrezko alarma-hotsak egiten ditugun animalia bakarrak. Zenbait animalia espeziek ere egiten dituzte. Zeren gizaki gehienek animaliak tolesgabeak direla uste duten arren, gezurti hutsak dira animalia asko. Izan ere, ezagunak dira animalien arteko engainu taktikoak interes-gatazkak daudenean. Zehazkiago, alarma-hotsak oso erraz erabil daitezke besteak engainatzeko. Esate baterako, zenbait hegaztik gezurrezko alarma-hotsak egiten dituzte, eta harrapakariak hurbiltzen direla adierazten dute, inolako harrapakaririk gerturatzen ez denean ere; janariarekiko beren lehiakide izan daitezkeenak urrundu nahi dituzte horrela. Txinpantzeek ere, gezurrezko alarma-hotsak egiten dituzte, beste txinpantzeak nahas daitezen eta lortu nahi dituzten gauzetatik urrundu daitezeen. Lortu nahi duten bikotekidearengandik urruntzeko ere erabiltzen dituzte alarma-hotsak.
Ikusi ditugun adibide hauetan, interes-gatazkekin lotuta daude engainuak. Baina 2010ean American Naturalist zientzia-aldizkarian argitaratu zen ikerketa-lan baten arabera, espezie bereko kideek interes-gatazkarik gertatzen ez den egoeretan erabiltzen dituzte taktika-engainuak. Istorio honen protagonistak, Damaliscus lunatus zientzia izeneko topiak dira. Tamaina ertaineko antilope hauek sabanetan bizi dira Senegaletik Etiopiara iparraldean, eta Etiopiatik Hegoafrikara ekialdean.
Harkor dauden emeak bere inguruan geldi daitezen, topi arrek arrisku-hotsak egiten dituzte harrapakariak hurbil daudela adieraziz. Horrelaxe jokatzen dute arrek nahiz harrapakaririk ez dagoen, era horretara emeak luzeago gelditzen direlako euren eskura eta estaltzeko aukerak ugaritu egiten direlako.
Arrek ez dute gezurrezko mezurik botatzen beti, emeak argose daudenean bakarrik egiten dute hori. Are gehiago, emeak topi taldetik alde egiten saiatzen diren unean hasten dira arrak gezurrezko mezuak bidaltzen. Gainera, arrak ez dira horrekin konforme gelditzen, eta erne egotearen jarrera hartzen dute, belarriak igoaz eta emeak hartu behar zuen norabideari so geldituz.
Bestalde, taktika eraginkorra dela egiaztatu dute ikertzaileek. Batetik arreske dagoen emeak taldetik joateko probabilitatea apalagoa da arrek engainu-hotsak egiten dituztenean, egiten ez dutenean baino. Bestetik, estaltze kopurua handiagoa da horrela jokatzen dutenean. Sexu arteko gatazka honetan arrak ateratzen dira garaile, ikusten denez.
Argi dago zer den arrek irabazten dutena taktika horren bitartez. Emeek, berriz, engainu-hotsak entzuten dituztenean gelditzeko joera dute, asko delako jokoan dagoena: bizitza bera, noski. Baina emearen interesen ikuspuntutik hots horiei kasu egiteak aurkako nabarmena du, bikotekide hobeak izan daitezkeen ar berriak aurkitzeko aukerak murrizten zaizkiolako eta horren ondorioz, kume osasuntsuago eta indartsuagoak edukitzeko probabilitatea ere beheratzen delako. Argi dago bizirik irautea hobesten dutela topi emeek, eta ez dirudi hautu desegokia denik. Uste dut gutariko edonork, gauza bera egingo genukeela beren lekuan. Emearen jokaeraren egokitasunaren aldeko arrazoi oso sendoa dago, gainera, lan honetan aztertu den topi populazioan behintzat: harrapakariek eragindako hilkortasuna da, topi populazioaren tamaina eraentzen duen eragile nagusia, ez janari-gertutasuna. Harrapakariak, beraz, egiazko mehatsu dira.
Ikerketaren egileek, honako gogoeta bitxiaren bidez eman diote bukaera artikuluari: "… euren bikotekideak engainatzeko seinale gezurrezkoak erabiltzeko gaitasunean paralelotasuna dago animalia hauen eta gizakion artean; hortaz, uste genuena baino antzekoagoa dirudi bere komunikazioak." Ni ez nintzateke ausartuko hainbeste esaten, baina tira….
The American Naturalist aldizkariaren edizio digitalean, bideofilme hau erabili dute topien joakaera erakusteko:
Iturria: Jakob Bro-Jorgensen & William M. Pangle (2010): "Male Topi Antelopes Alarm Snort Deceptively to Retain Females for Mating" The American Naturalist 176 (1): E36-E39
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologiako Katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea | science |
zientzia_kaiera-21e97d0c2360 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/14/erretako-eremuen-kartografia-eskala-globalean/ | Erretako eremuen kartografia, eskala globalean | unknown | 2013-10-14 00:00:00 | Erretako eremuen kartografia, eskala globalean
Erretako eremuen kartografia automatizatzea ahalbidetuko duen algoritmo bat (edo batzuk, bakarrarekin egitea ezinezkoa bada) definitzea da Aitor Bastarrika irakasleak (Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Geomatika eta Topografia atala) zuzentzen duen ikerketa proiektuaren xede nagusia. Mundu osoko hainbat ekosistemetan izandako baso suteen arloan lanean ari diren ikertzaile eta profesional ugarik 40 ebaluazio eskaera inguru igorri dituzte ikertzaile horrek 2011n sortutako softwarea, Automatic Burned Area Mapping Software (ABAMS) izenekoa, eskatzeko.
Landaredia mundu osoan erretzen da, eta mota guztietako ekosistematan, tropikaletan, epeletan zein borealetan. Ohikoa da Brasil eta Indonesiako baso tropikaletan, Europa eta Estatu Batuetako epeletan, Siberia, Txina eta Kanadako baso borealetan, Afrikako sabana tropikaletan eta Europa eta Estatu Batuetako nekazaritza lurretan. Askotarikoak dira suarekin lotutako jarduerak, eta eragin mota desberdinak sorrarazten dituzte ekologian, atmosferan eta kliman; magnitudeak, berriz, erretako eremuen hedaduraren eta intentsitatearen araberakoak dira, neurri handi batean. Horrenbestez, oso garrantzitsua da kokapenari, hedadurari eta intentsitateari buruzko informazio xehatua izatea, bai eskala globaletan, bai tokiko eskaletan, galera ekonomikoak eta ondorio ekologikoak ebaluatzeko, lurzoruaren estalki eta erabilera aldaketen jarraipena egiteko, erretako biomasatik eratorritako eragin atmosferikoak eta ekologikoak moldatzeko, eta sutearen ondorengo epe labur eta luzeko ondorioak kalkulatzeko.
Erretako eremuen gaian, erretako eremuko algoritmo bat ezartzea da oztopo nagusia; eszena ugari modu autonomoan prozesatzea ahalbidetu beharko luke algoritmoak, erabilera libreko datu multzo izugarria baliatzea posible izan dadin. Arlo hori lantzen du, hain zuzen ere, Aitor Bastarrikak, Karmele Artano, Aitziber Elgezabal, Amaia Mesanza, Mª Pilar Martinez, Leyre Torre eta Maite Alvaradorekin batera.
Bastarrikak azaldu duenez, "Landsat datuen doako banaketaren politika berriari esker, 2008an, erretako eremuen kartografiara bideratutako teledetekzio garai berri bat ireki zen, kostu txikian. Sua itzali eta handik gutxira suak kaltetutako eremuak lortzea erabakigarria da galera ekonomiko eta ekologikoak ebaluatzeko eta landaredia berreskuratzeko plan egokiak proposatzeko. Eskala globalago batean, erretako azalera zein den jakinik, erretako biomasaren eraginez atmosferara isuritako gas emisioak ebaluatu daitezke; emisio horiek, hain zuzen ere, erregai fosiletatik eratorritako isuri globalen % 20-30en eragileak dira". Testuinguru horretan, egitasmo honen bidez Landsat doako datuetan oinarrituz erretako eremuen kartografia automatikoa sorraraziko duen algoritmo bat garatu nahi dute ikerlariek, zein ekosistemetan sortu den kontuan hartu gabe.
Espazio plataformetatik, urrutiko modalitatean, jasotako datuak aztertzea da erretako eremuen kartografia egiteko metodologia eraginkorrenetako bat. Zehazki esateko, Landsat sateliteak jasotako irudiek osatu dute datu iturri garrantzitsuenetako bat erretako eremuen kartografia lortzerakoan, tokiko eta eskualde mailan. Izan ere, oreka bikaina du Landsat sateliteak bereizmen espazialaren (30 metro), espektralaren (7 banda gertuko infragorria eta ikusgaia estaliz, uhin motz eta termikokoa) eta tenporalaren artean (irudi bat hamasei egunik behin). Balio erantsi gisa, lehen satelitea jaurti zenetik (1972) programa honen estaldura sistematikoak leiho bat ireki du iraganera, azken 40 urteetan lurrazal globala monitorizatzea eta modelizatzea bultzatuz.
Azken bi urteetan Landsat programa espazialak arazo larriak izan ditu (2011ko azaroan Landsat 5 bertan behera utzi zuten eta Landsat 7 sateliteak datuak hartzeko akats larriak izan ditu 2003ko maiatzetik) baina, hala ere, NASA's Landsat Data Continuity Mission (LDCM) programak aurrera jarraitzen du, eta Landsat 8 izeneko azken satelitea jaurti berri dute, 2013ko otsailaren hasieran. Landsat irudietan oinarrituz urrutiko behaketaren beste mugarri handietako bat U.S. Geological Survey (USGS) agentziaren politika aldatzea izan zen, 2008ko apirilean, agentziaren irudien datu-basea doan eta modu librean banatzeari dagokionez. Hala, datu horiek modu masiboan erabiltzen hasi ziren (2001ean 25.000 irudi banatu zituzten, 600$/irudiko kostuarekin; 2010ean, berriz, 2,5 milioi irudi banatu zituzten datuen doako politika berriarekin). Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakasleak azaldu duen moduan, "horrela, erretako eremuen kartografia kostu txikian lantzeko aukera berri bat sortu zen; hala ere, ez dago erretako eremuak eraginkortasunez antzematea ahalbidetuko duen metodologia automatikorik, ezta datu bolumen handi horiek aztertzea azkartuko duen software zehatzik ere, eta konpondu egin behar dira horrek guztiak eragindako zailtasunak."
Orain arte zientzia argitalpenetan egindako proposamenetan, kasuan kasuko lan arloen tokiko baldintzei egokituta egon dira erretako eremuen kartografiaren algoritmo automatikoak, eta arrazoizko emaitzak lortu arren, ez dago argi beste eskualde batzuetan aplika daitezkeen ala ez. Horrenbestez, erronka horixe da, hain justu ere: erretako eremuaren kartografia automatikoki eta erabilera libreko datu horiek guztiak baliatuz egitea ahalbidetuko duen algoritmo bat ezartzea. "Dagoeneko algoritmo horiek maila globalean definitu dira; arrakasta nabarmena lortu da bereizmen txikiko datuekin, baina datu horien denbora-osagai handian oinarritu da (zenbait irudi egunero), eta hori ezin zaie Landsat datuei aplikatu (irudi bat 16 egunero)" nabarmendu du Bastarrikak.
Aurretik egindako ikerlanek ingurune mediterranearretan erretako eremuen kartografien algoritmoak definitzeko bide eman dute, eta etorkizuna handiko emaitzak lortu dituzte. Hala ere, ezaugarri espektro-espazial oso desberdinak dituzten beste ekosistema batzuetan (bereziki ekosistema tropikal eta borealean) algoritmo horiek aplikatu direnean, beste ikerketa proiektu batzuek lortutako esperientzia ez da gogobetegarria izan. Horregatik, Aitor Bastarrikak gidatutako ikerketa proiektu honen xede nagusia erretako eremuen kartografia automatizatzea ahalbidetuko duen algoritmo bat (edo batzuk, bakarrarekin egitea ezinezkoa bada)definitzea da, erretako eremuen ekosistema zein den aintzat hartu gabe.
2011. urtean, ABAMS (Automatic Burned Area Mapping Software) izeneko sarbide libreko tresna bat ezarri zen, suteen perimetro automatikoak modu errazean sortu ahal izateko. Softwarea tokiko eremuen kartografia automatikorako erabili bada ere (tartean Australia, Hego Afrika eta Kanadako parke naturalen kasuan), batez ere Europako Agentzia Espazialaren (ESA) fire_cci proiektuak erabili du; proiektuak Alcaláko Unibertsitateko Emilio Chuvieco irakaslea du buru, eta 400 eszena baino gehiago prozesatu ditu. Irudietatik suteen perimetroak lortu dituzte, erretako eremuen produktu globalak bereizmen espazial txikian balioztatzeko bide eman dutenak (aipatutako proiektuan garatutakoak), azken urteetan beste produktu global batzuekin egin den bezalaxe.
Erretako eremuen kartografia ikertzaile eta zientzialari askok behar izaten dute, bereizmen txikiko datuen bitartez azken urteetan garatutako maila globaleko produktuek islatu duten moduan. Produktu horiei esker, erretako biomasaren ondorioz atmosferara isuritako gas kantitatea kalkula daiteke; erregai fosiletatik eratorritako isuri globalen % 20-30 hartzen dute isurtze horiek. Bestalde, ohikoa izan ohi da, bidenabar, eskala lokalagoan lurraldea kudeatu ahal izateko suak kaltetutako eremuen kartografia behar izatea, bereziki kalteak ebaluatzeko eta berreskuratzeko planak definitzeko, ondorioak (esaterako, erosioa) arintze aldera.
MODIS irudi gehiago eskala txikiagoan, hemen. | science |
zientzia_kaiera-b3fe3fbbfaf4 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/12/zergatik-larruazal-argia-europako-hegoaldean/ | Zergatik larruazal argia Europako hegoaldean? | unknown | 2013-10-12 00:00:00 | Zergatik larruazal argia Europako hegoaldean?
MC1R genearen menpe dago, zati batean behintzat, larruazal ilunagoa edo argiagoa izatea eta ilearen kolore bat edo beste bat izatea. Melaninaren sintesia arautzen duen gene hori askotarikoagoa da eurasiar populazioengan afrikarretan baino. EHUko Santos Alonso ikertzaileak zuzendutako azterlan batek agerian jarri du MC1R geneak nolako bilakaera izan zuen Europako hegoaldean. Molecular Biology and Evolution (MBE) aldizkarian argitaratu da azterlana.
Espainiako 1.000 gizabanako baino gehiagori egindako azterlanaren arabera, badirudi bi eboluzio-indarrek eragiten dutela MC1R genean hegoaldeko europarrengan. Alde batetik, hautespen-presio batek genearen forma zaharra mantentzeko joera du; forma hori ohikoena da Afrikan, hau da, mutazioak ezabatzeko joera du. Beste alde batetik, mutazio horietako bat, V60L izenekoa, itxaron zitekeena baino maiztasun altuagoetan agertzen da. Mutazio hori azal argiarekin eta ile horail edo gorriarekin lotzen da.
Ikertzaileek zenbatetsi dute mutazio hori duela 30.000-50.000 urte agertu zela, hau da, Homo sapiensa Afrikatik atera eta gero. Eta aldaketa hori oso onuragarria izango zen ingurune berrira egokitzeko. Izan ere, azal argiak erraztu egiten du D bitaminaren sintesia, eta hori oso beharrezkoa da, erradiazio ultramorea baxuagoa baita Afrikarekin alderatuta. "Gure datuek indartu egiten dute ideia hori, baina beharrezkoa da ikertzen jarraitzea", azaldu du Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak.
Hala ere, aldi berean, mutazioa melanomarekiko suszeptibilitate handiagoarekin lotuta dago. Azaleko minbizi-motarik arriskutsuena da melanoma. "D bitamina beharrezkoa da hazkunderako, oso garrantzitsua da hezurrak behar bezala mineralizatzeko eta eskeletoa garatzeko. Bestalde, melanoma ugalketa osteko garaian agertzen den gaixotasuna da. Eboluzioari begira, badirudi despigmentazioa bultzatzen ari dela, ugalketa osteko garaian melanoma jasateko arrisku handiagoaren kostuz", azaldu du artikuluko ikertzaile nagusia den Saioa López doktoregaiak; "gure espeziearen biziraupena bermatzeko ordaindu behar dugun prezioa da".
Iturria: C Martínez-Cadenas, S López, G Ribas, C Flores, O García, A Sevilla, I Smith-Zubiaga, M Ibarrola-Villaba, M Pino-Yanes, J Gardeazabal, MD Boyano, A García de Galdeano, N Izagirre, C de la Rúa, and S Alonso Simultaneous purifying selection on the ancestral MC1R allele and positive selection on the melanoma-risk allele V60L in South Europeans Mol Biol Evol first published online September 17, 2013 doi:10.1093/molbev/mst158 | science |
zientzia_kaiera-dd3fbfb9009f | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/11/gaur-egungo-kimika-esperimentala-hastapenak/ | Gaur egungo Kimika, esperimentala? (I) Hastapenak | Jon Mattin Matxain | 2013-10-11 00:00:00 | Gaur egungo Kimika, esperimentala? (I) Hastapenak
Jon Mattin Matxain
Gaur egungo gizarteko ia edozein esparrutan (Kimika fakultateetako ikasleen artean eta hein batean irakasleen artean ere) Kimika esperimentala den galdetuz gero, gehiengo nagusiak baietz erantzunen luke, dudarik gabe. Kimikariak laborategian lanean irudikatzen ditugu, osagai kimikoak nahasten, bata jantzita dutela, ondoko irudian bezala (1. irudia). Arrazoi historikoak daude horretarako, garbi dago. Baina, gaur egungo kimika bakarrik esperimentala al da? Galdera sinple honek erantzun konplexua du, eta egoki erantzuteko sarrera anitzeko seriea prestatu dugu, gaurkoan lehenengoa duzuelarik.
Kimika bakarrik esperimentala den ala ez jakiteko, lehendabizi zer den eta nola antolatuta dagoen aztertu behar dugu. Egipteratik eratorritako hitz hau mundu guztiari ezaguna egiten zaio, baina askotan zer den, zertan datzan, ez dago garbi. Zientzia mota bat dela argi dugu, baina, zer da zehazki? Ondorengo moduan definitzen ahal dugu Kimika:
"Kimika materiaren konposizio, egitura eta propietateak, eta beraien prozesu kimikoetan zehar jasandako eraldaketak aztertzen dituen zientzia da".
Kimikak historikoki izandako eboluzioa dela eta, diziplina berriak sortu izan dira bere baitan. Honek kimika modu desberdinetan sailkatzeko bidea ireki zuen: alde batetik, aztertutako materialen arabera (kimika organikoa, ezorganikoa, etab) eta bestetik, materia aztertzeko moduaren arabera (kimika analitikoa, kimika fisikoa etab). Kimika kuantikoa (teorikoa) azken horren baitan sartuta egon ohi da, beheko irudian ikus daitekeen moduan. Horrela, kimika batez ere esperimentala den zientziaren ideia oso hedatua dago.
Serie hau osatzen duten artikuluetan zehar ideia hau, gaur egun, justifikatuta dagoen ala ez ikusiko dugu. Gaurkoan, Kimikaren eta bere teorien bilakaera aztertuko dugu, Kimika Zientzia moduan jaio zenetik Kimika Kuantikoa garatzen hasi baino lehenagoko garaia arte. Horretarako, 200 urte baino gehiago egin behar dugu atzera denboran, Kimikaren jaiotzaraino, XVIII. Mendeko bukaeraraino alegia. Garai hartan lan egin baitzuen Kimikaren aitatzat hartzen den Lavoisier. Garai hartan, ordea, materiaren izaeraren nondik norakoak ez ziren gaur bezain ezagunak. Guretzat atomo eta molekulen izaera eta existentzia ezaguna bada ere, garaiko kimikarientzat ez. Horrela, elementu eta substantzia desberdinen izaera eta eraldaketen inguruko teoria gutxi zeuden, eta guztiz enpirikoak ziren, hau da, behaketa esperimentalean oinarrituak ziren. Horrela, Daltonek XIX. mendearen hasieran argiratu zuen bere atomoaren modeloa, lehenengo teoria atomista zientifikotzat jo daitekeena.
Mendea aurrera joan ahala, molekulak atomo desberdinen konbinazioaz sortzen zirelako ebidentziak aurkitzen joan ziren, eta horrela, XIX. mendea aurrera zihoalarik, molekulen kontzeptualizazioa garatu zen, beti ere datu esperimentaletatik abiatuta. Adibide gisa, elementu kimiko puruen ebidentzia eta elementu desberdinen afinitateak eta egonkortasunak aztertuz, Loschmidtek 1861. urtean etilenoaren eta azetilenoaren ereduak proposatu zituen, eta 1865. urtean Hoffmanek eta Kekulek "ball & stick" modeloa eta bentzenoaren egitura eta erresonantzia proposatu zuten, hurrenez hurrez. Elementu desberdinen atomoen inguruko ezagutza enpirikoa ere asko garatu zen mende horretan zehar. Horrela, elementuen propietate asko eta atomoen masa aztertu eta neurtu zituzten kimikariek. Hauek kontutan harturik, Mendeleevek elementuen lehenengo taula periodikoa proposatu zuen, elementuen propietateak bere atomoen masarekin lotuta (ikusi beheko irudia). Zoritxarrez, atomoaren egituraren inguruko teoria fisiko sendorik ez zegoen oraindik, eta honen ondorioz, Mendeleeven taulak, propietate asko azaldu arren, ezin zituen guztiak azaldu.
Atomoaren izaera, XIX. mendearen bukaera aldean, kimikarien interesa bakarrik suspertzen zuen. Garaiko fisikariek beste kezka batzuk zituzten. Newtoni esker, grabitazioaren teoria ezaguna zen XVII. mendetik, eta XIX. mendeko 60. hamarkadan bertan Maxwellek elektrizitatea eta magnetismoa teoria bakarrean biltzea lortu zuen. Horrela, fisikariak fenomeno guztiak azaltzeko teoriak garatuta zirela sinetsiak zeuden. Atomoa eta molekulen izaera, lege hauen aplikaziotik ondorioztatuko ziren. Baina, mendearen bukaeran, ikuspuntu hau aldatuko zuen aurkikuntza bat gertatu zen: Thompsonek elektroia aurkitu zuen 1897. urtean. Elektroiaren masa ezagutzen zen atomo arinena baino 2.000 aldiz txikiagoa zen! Hau da, atomoa (ezin zatitu daitekeena, grekeraz) osagai txikiagoz osatuta zegoen! Honetaz gain, elektroiak karga negatiboa zuen, eta atomoak neutroak ziren. Non zegoen elektroien karga negatiboa berdintzeko beharrezkoa zen karga positiboa? 1911. urtean egindako esperimentuan, Rutherfordek atomoaren karga positiboa (eta masa gehiena) nukleoan zegoela ikusi zuen. Bere atomoaren modelo planetarioa aurkeztu zuen: elektroiak nukleoaren inguruan bueltaka zebiltzan, planetak eguzkiaren inguruan bezala.
Modelo honek ezin zituen hainbat fenomeno azaldu, eta okerrago oraindik, ezagutzen ziren teorien arabera atomoa ezin zen modelo honen araberakoa izan (hurrengo atalean so eginen diogu honi). Kimikaren ikuspuntutik, ordea, molekulen arrazionalizaziorako ezinbestekoa izan zen. Horrela, Lewisek, 1916. urtean, lotura kimikoa elektroien konpartitzearen kontzeptua zabaldu zuen. Atomoak eta molekulak Lewisen egiturak erabilita irudikatzen ahal dira. Honek, kimikan, hiztegi berria ekarri zuen, molekula kontzeptualizatzeko hizkuntza bat sortu baitzen, aurretik zegoenari gehituta: elektroi-pare marra gabe, egituren erresonantzia, atomo (molekuletan), lotura kimikoa, etab.
Laburbilduz, lehen aldiz, kimikariek eta fisikariek antzeko problema zientifikoei erreparatu zieten eta abian jarri zuten, bi zientzien arteko elkartrukea. Kimikariek urteetan zehar garatutako hiztegia zuten, baina honen inguruko fisika-hiztegia sortzeko, atomoa azaltzeko, Teoria Fisiko berria garatu arte itxoin behar izan zuten. Baina hori hurrengorako utziko dugu.
Jon Mattin Matxain (@TxoniMatxain), EHUko Kimika Fakultateko eta Donostia International Physics Center DIPCko ikertzailea da, eta "Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe" blogaren egilea. | science |
zientzia_kaiera-0de8e7c2dbf2 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/10/200-egun-airean-2000-km-hegaka-atsedenik-gabe/ | Jaun goikoa: 200 egun airean, 2000 km hegaka atsedenik gabe | Antonio Martínez Ron | 2013-10-10 00:00:00 | Jaun goikoa: 200 egun airean, 2000 km hegaka atsedenik gabe
Antonio Martínez Ron
Ornitologoek aspaldi dakite sorbeltza oso bizidun bitxia dela. Behaketa eta neurketei erreparatuta, sumatzen zuten hegazti hauek gai zirela airean denbora tarte luzeak emateko, lurra ukitu gabe edo habiara jaitsi gabe. Uste zuten lo ere airean egiten zutela, hegaka biribilak egiten. Felix Liechti ornitologoaren taldeak (Suitzako Institutu Ornitologikoak) berriki frogatu du sorbeltzak Saharan zehar egiten duen ibilbidean izugarrizko balentria egiten duela: sei hilabete ematen du airean, behin ere jaitsi barik edo lurrean ipini barik.
Nature Communications aldizkarian argitaratu den lan honek iradokitzen du animalia hauek beren behar fisiologiko guztiak betetzen dituztela hegalaldi luze horretan. Ikerlariek hargailu txiki batzuk jarri zizkieten malkar-sorbeltz (Tachymarptis melba) espezieko sei kideri. Zazpi hilabete igaro ostean, berriz harrapatu zituzten zazpi kide horietatik hiru, animaliak Europara itzuli zirenean. Hargailuetan bildutako zehaztapenetan zehatz ikus zitezkeen GPS bidezko posizioak, eguzkiaren intzidentzia, lurrarekiko kokapena eta hegoen jarduera. Zientzialari hauen ustez, emaitzak argiak dira: haziera alditik kanpoko epean eten gabe hegaz egiten joan ziren Afrika Mendebaldetik Europaraino, 200 bat egunetan 2000 km-ko distantzia eginez.
Orain arte ikertzaileek uste zuten baleak bezalako ur-animaliek baizik ezin zituztela egin ibilbide luze hauek etenik gabe. Egile hauek argudiatzen dute hegaz egiteak energi kostu handia dakarrela igeri egiteak edo ibiltzeak baino. Beraz, pentsa liteke hegodun animalia hauek atseden epe bat beharko luketela. Izan ere, ibilbide luzeak egiten dituzten beste hegaztiak ordutan egoten dira hegaz, baina gelditu egin behar dira ahalegin handi horren ostean atseden hartzeko eta janaria lortzeko. Sorbeltzak aldiz, harrigarriak dira zoologia zein neurozientziaren ikuspegitik. Izan ere, ez dakite nolakoak diren bere loaldiak, ez eta burmuin hemisferio bat deskonektatzen ote duten, izurdeen antzera nabigatzen jarraitzeko. Ikertzaileon esanetan, argi dago hegazti hauek hegaz egiten ari diren bitartean har dezaketela atseden, eta hori milaka kilometroko ibilaldietan egin dezaketela. Naturak isilgordean du oraindik berezia izan behar duen fisiologia hau.
Liechti, Felix; Witvliet, Willem; Weber, Roger; Bächler, Erich (2013). First evidence of a 200-day non-stop flight in a bird. Nature Communications, 4 (1), 2554. DOI: https://doi.org/10.1038/ncomms3554
Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-d16189935444 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/09/haurren-asma-diagnostikatzeko-eta-kontrolatzeko-aurrerapauso-berria/ | Haurren asma diagnostikatzeko eta kontrolatzeko aurrerapauso berria | unknown | 2013-10-09 00:00:00 | Haurren asma diagnostikatzeko eta kontrolatzeko aurrerapauso berria
Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pneumologia Pediatrikoa zerbitzuan egindako ikerketan, Paula Corcuera Elóseguik, Haurren Pneumologiako mediku-ondokoak, ikertu du zenbateraino den baliagarria botatako oxido nitrikoaren maila neurtzea haurren asmaren diagnostikoa eta tratamenduaren monitorizazioa eta jarraipena egiteko proba osagarri gisa. Proba erabilgarria dela frogatzeaz gain, bularreko umeetan aplikatzeko teknika bat garatzea lortu du.
Asma da haurren artean gehien agertzen den gaixotasun kronikoa. Corcuera doktorearen hitzetan, "penintsularen iparraldean, haurren % 10ek dute asma. Azken urteetan aurrera egin den arren, gaixotasunak ondorio garrantzitsuak ditu, oraindik ere, gaixoentzat, haien familientzat eta osasun-sistemarentzat.
Corcuera doktorearen ustez, asma gaixotasun konplexua da, "desberdina baita haur bakoitzean, eta tratamenduekiko erantzuna ere desberdina baita kasu bakoitzean." Gaixotasuna diagnostikatzeko eta gaixotasunaren kontrol-maila neurtzeko tresna nagusia espirometria da gaur egun; horren bidez, biriken funtzioa azter daiteke. Hala ere, gerta liteke espirometria nahikoa ez izatea, eta azken urteetan markagailu garrantzitsu bat aurkitu dute, espirometriak emandako informazioa osatzen duena: botatako oxido nitrikoaren maila neurtzea. Horixe ikertu du Corcuera doktoreak, hain zuzen ere.
"Ugaztun guztiok botatzen dugu molekula hori" azaldu du Corcuera doktoreak, "eta badakigu asma dutenek —bai eta beste gaixotasun batzuk dituztenek ere— ohikoa baino balio handiagoa ematen dutela". Paziente pediatrikoek kanporatutako oxido nitrikoari buruzko ikerketa gutxi egin direnez, Haurren Pneumologia unitateak ikerketa-lerro bat jarri zuen martxan, askaturiko oxido nitrikoaren maila neurtzea zenbateraino den baliogarria ikertzeko.
Zortzi urteko ikerketa izan da, eta haren alderdi batzuk azaldu ditu Corcuera doktoreak. Adibidez, bularreko haurrekin, "sudurra eta ahoa estaltzen dizkien maskarak erabili ditugu; hala, ohiko bolumeneko hainbat arnasalditan botatako oxido nitrikoa jasotzen dugu". Haur handixeagoekin, analizatzaile eramangarriak baliozkotu dituzte (ez dute ekipamendu hain konplexua behar, ez eta langile hain espezializatuak ere).
Corcuera doktoreak onartu du teknikak badituela muga batzuk, eta azterketa klinikoarekin eta espirometriako probarekin osatu behar dela beti. Hala ere, frogatu du proba baliogarria dela, bai gaixotasuna diagnostikatzeko, eta bai pazienteak monitorizatzeko. "Nabarmentzeko moduko emaitzetako bat da bularreko haurrek kanporatutako oxido nitrikoaren maila ere neur daitekeela", azaldu du Corcuerak. "Ikusi dugu, edozein adinetako haurra dela ere, ohiko bolumeneko hainbat arnasalditako maila azter daitekeela, ahoa eta sudurra estaltzen dituen maskara erabiliz gero".
Nabarmentzeko beste alderdi bat da normalean maila proximalean kanporatutako oxido nitriko maila zehazten dela, hau da, bronkioetakoa. Donostia Unibertsitate Ospitaleko ikerketa honetan, ordea, maila distaleko edo albeolarreko oxido nitrikoa ere neurtu dute. Ezberdintasuna garrantzitsua da; izan ere, emaitzak ikusita, badirudi oxido nitriko albeolarraren maila handia izateak esan nahi duela asma larriagoa duela pazienteak.
"Oxido nitriko albeolarraren maila zehazteko, beste teknika bat erabili dugu, hainbat fluxutako oxido nitrikoaren maila zehazten duena", adierazi du Corcuerak. Sei eta hamasei urte bitarteko gazteekin erabili dute teknika hori. "Eredu matematiko baten bidez, oxido nitriko albeolarra neurtzen dugu, eta badirudi maila handiagoa dutenek krisi gehiago izan dituztela neurketa egin aurreko hilean".
Hala ere, erlazio hori ez da erabakigarria, doktorearen ustez: "Izan ere, lagina nahiko txikia zen, eta hautatutako taldeko pazienteek ez zuten asma oso larria". Hori dela eta, ikertzaileek azaldu dute asmoa dutela "alderdi hori ikertzen jarraitzeko, emaitza argiagoak lortzeko".
Corcuera doktoreak egindako tesiak (Botatako oxido nitrikoa eta asma: metodologia, emaitzen interpretazioa eta haurretan dituen aplikazioak) orain arteko emaitzak eta ondorioak jasotzen ditu. Egindako lanak hedapen handia izan du ikerketa medikoaren arloan; lau artikulu argitaratu dira aldizkari espezializatuetan.
Iturria: UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Haurren asma diagnostikatzeko eta kontrolatzeko aurrerapauso berria. | science |
zientzia_kaiera-8f0d431d03d0 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/08/quantum13-zazpi-deabru-txikiak/ | #Quantum13: Zazpi deabru txikiak | unknown | 2013-10-08 00:00:00 | #Quantum13: Zazpi deabru txikiak
2013ko urriaren 1ean, 2an eta 3an, Passion for Knowledge Quantum13 izeneko zientzia-jaialdiaren barruan, Naukas Quantum hitzaldiak eman zituzten Naukas webguneko zenbait kolaboratzailek
Juan Ignacio Pérezek, EHUko Fisiologiako katedradunak, Naukas Quantum hitzaldietako bat -"Zazpi deabru txikiak" izenburukoa- eman zuen. Ondoko bidean ikus dezakezue hitzaldia:
[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=ENlvQUgyhMM[/youtube] | science |
zientzia_kaiera-2afe9395b465 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/10/07/zientzia-ez-da-emaitza-bat-bakarrik-zientzia-prozesua-bera-da/ | Itziar Laka: "Zientzia ez da emaitza bat bakarrik: Zientzia prozesua bera da" | unknown | 2013-10-07 00:00:00 | Itziar Laka: "Zientzia ez da emaitza bat bakarrik: Zientzia prozesua bera da"
C. P Snow fisikariak bete betean asmatu zuen duela 50 urte: garai hartan humanitateak lantzen zituzten pertsonen eta zientzia aurrera eramaten zuten zientzialarien artean zegoen tartea izugarri handia zen. Amildegi bat bien artean. Hau guztia azaltzeko konparaketa bat egitea erabaki zuen. Bere ikerketekin konturatu zen bazirela ikasiak ziren pertsona asko –idazleak, musikariak, margolariak, pentsalariak…- zientziaren gainean ideiarik ere ez zutenak. Hots, zientifikoki analfabetoak zirenak. Gainera, pertsona hauentzat egoera hori ez zen lotsatzeko modukoa. Munduko gauzarik normalena omen zen eta gizarteak honela onartzen zuen. Hau da, zientziaren gainean ezagutza minimo batzuk ez izatea ez zegoen gaizki ikusirik.
Hau gutxi balitz, arras ikasiak ziren pertsona hauek zientzialarien gainean barre egiten zuten euren analfabetismoa (literaturan, artean, musikan…) zela eta. Nola ez zituzten ezagutzen laborategi itxi batean zeuden indibiduo arraro horiek literatur obra nagusienak edota margolari garrantzitsuenen obra inportanteenak? Nola izan al ziren horren ezjakinak? Gizarteak datu hauek ez jakitea gogor zigortzen zuen. Ez zegoen ongi ikusia arte edota literatur kontuetan analfabeto izatea.
Honen aurrean, bere lagunak ziren idazle, margolari eta pentsalariei galdera bat egin zien. "Ezagutzen al duzue Termodinamikaren bigarren legea?" Erantzuna ezezkoa izan zen. Ezezko garbia, gainera. Emaitza hauei esker, Snow-k bere iritzia eman zuen Cambridgen eskaini zuen hitzaldian ('Bi Kulturak' deiturikoa): Termodinamikaren bigarren legea ez ezagutzea, Shakespeareren obrak ez ezagutzearekin konparatu daiteke. Analfabetismo maila berdina da bi kasuetan, Snow-ren ustez. Pertsona argia, zalantzarik gabe.
Bere ondorioa argia zen. Zientziaren gainean ezagutzarik ez izatea normala zen garai hartako gizartearentzat. Hori bai, artearen, literaturaren edota musikaren gainean ezer ere ez jakitea bekatua zen.
50 urte beranduago bere gogoetek bizirik jarraitzen dute. Oraingoan, Zientzia Kaiera Itziar Lakarekin bildu da EHU-k Abandoibarra inguruan duen Bizkaia Aretoan kontu honetaz guztiaz hitz egiteko. Hizkuntzalariak bere ikuspuntua eskaini digu eta gaur egungo egoeraz luze hitz egin du gurekin.
– 50 urte pasatu dira Snow-ren hitzaldiaz. Bertan, humanitateetan eta zientzian lan egiten zuten pertsonez hitz egiten zen. Berak planteatutako egoera berean jarraitzen al dugu edota aldatu gara?
Snow-k idatzi zuen saiakeratik hona ez dugu berdin jarraitzen. Hobetu dugu. Hala ere, iruditzen zait Snow-k egin zuen kritika hartan ez zela, batzuk uste bezala, unibertsitatean egon zitekeen humanisten eta zientzialarien arteko zatiketaz hitz egiten. Bere zatiketa bestelakoa zen. Pertsona batek Shakespeareren Sonetoak ez ezagutzea, adibidez, oso gaizki ikusia zegoen. Aldiz, ez zegoen bat ere gaizki ikusia ezagutza artistiko edo literario handia zuen pentsalari batek deus ere ez jakitea zientziari buruz. Hori da berak ikusarazi nahi izan zuena. Diferentzia hori.
– Beraz, zerbait aldatu da gure gizartean?
Baten batek baietz esango du eta beste batek ezetz. Hori bakoitzaren iritziaren araberakoa da. Nire ustez ez dugu berdin jarraitzen. Ez dut uste gaur egun gure gizartean zientzia kultura minimo bat ez izatea onartzen denik. Hala ere, aipatu behar da Snow-ren kritika hura, ondoren, beste mila gauzekin ere lotu izan dela. Alde batetik unibertsitatean egon zitekeen zatiketa humanistiko/zientifikoarekin, zientziaren dibulgazioarekin… Unibertsitatean egon zitekeen zatiketa humanistiko/zientifiko horretan, eta berriz diot, hau ez zen Snow-ren puntua izan nire ustez, berdin jarraitzen dugu? Ezetz esango nuke. Zientziaren dibulgazioari dagokionez berdin jarraitzen al dugu? Ezetz esango nuke berriz ere. Oso zaila da 50 urte pasatu ostean berdin jarraitzea. Hori bai, leku optimoan gauden galdetzen badidazu ezetz esango nuke.
– Beraz, aldaketa bat egon dela argi dago. Baina aldaketa hori nahikoa izan al da?
Buff… oso galdera zaila da egiten didazuna. Oso konplexua den gai bati buruz galdetzen didazu. Milaka bazter, puntu… kontutan hartu behar dira honi behar bezala erantzuteko. Aldaketa hori nahikoa izan den? Ni oso ezkonformista nahiz, egia esan. Snow-ren garaia irakurri dudanagatik bakarrik ezagutzen dut. Ez nituen urte haiek bizi. Baina esango nuke, nire ustez, duela 50 urteko garaiarekin konparatuz, oro har, gizartearen kultura zientifiko maila handiagoa dela.
– Eta beste alorrak kontutan hartzen baditugu? Hau da, aipatzen zenituen humanistiko/zientifiko artean egon zitekeen zatiketa hori edota zientziaren dibulgazioa kontutan hartuta? Aldaketa nahikoa egon al da?
Beste alor hauekin ere gauza bera pasatzen da. Esan bezala, nire ustez, Snow-k ez zuen honi buruz hitz egin. Hauek ez ziren bere puntuak izan, nahiz eta batzuk kontrakoa uste. Hala ere, kontutan hartzen baditugu, humanisten eta zientzialarien artean zegoen amildegi hori txikitu dela esango nuke. Baina oraingoz hor dago. Eta dibulgazioarekin argi dago, gaur egun lehen baino hobeki dibulgatzen dugu. Egin didazun galderari behar bezala erantzutea oso zaila da. Aldaketa nahikoa izan ote den? Galdera oso handia da, zalantzarik gabe.
– Hain zaila al da existitzen den tarte hori txikitzea?
Zaila izango ez balitz jendea ez litzateke honekin kezkatuta egongo! (Barreak). Bai, zaila da. Oso zaila.
– Zergatik da horren zaila zientzia gizartera eramate hori?
Mila arrazoi daude honen atzean. Zaila da ukitzen diren gaiak zailak direlako. Zientzia bera beti dago ñabarduraz betea. Baina gure lana eta zientziaren gaiak honelakoak dira, ñabarduraz beterikoak. Kontua da gure lana komunikatu nahi denean ñabardurarik ez egotea eskatzen digutela. "Minbizia konpondu dugu!", bezalakoak eskatzen dizkigute eta, noski, guk bizi dugun errealitatea ez da honelakoa. Hau guztia zientziaren dibulgazioari buruz hitz egiten ari bagara da, noski.
– Bai hori da. Zientzia komunikatzea zaila da, beraz?
Zientzia komunikatzea oso zaila da. Zure alorra oso ongi ezagutu behar duzu eta hori komunikatzeko erraztasun handia izan behar duzu. Gauza asko kontutan hartu behar dira. Eta ez dago jende asko gauza hauek guztiak kontrolatzeko gai dena… Hala ere, zientzia gizartera eramate horretan komunikabideak ez dira erantzule bakarrak. Askoz ere agente gehiago izan behar ditugu kontutan. Hezkuntzak, adibidez, garrantzi handia du honetan guztian. Hezkuntzak zientzia nola transmititzen duen aztertu beharko genuke, adibidez. Bestalde, esan behar dut, zientzia ez direla emaitzak bakarrik, zientzia prozesu bat da eta hori da gizarteak ulertu beharko lukeena.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-cc48e11260ea | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/09/30/venezia-salbatzeko-nahian-egiten-ari-diren-lanek-hondora-eramango-dute-hiria/ | Venezia salbatzeko nahian egiten ari diren lanek hondora eramango dute hiria | unknown | 2013-09-30 00:00:00 | Venezia salbatzeko nahian egiten ari diren lanek hondora eramango dute hiria
Veneziaren hondoratzea geldoa da, baina saihestezina. Urteko 1 mm hondoratzen doa, eta mandatariak, izugarrizko ahaleginak egiten ari dira, patrimonioa salbatu nahi baitituzte sarri gertatzen diren uholdeetatik. Baliteke ordea hiria kontserbatzeko lan hauek espero denaren aurkako ondorioak ekartzea. Hala dio berriki Scientific Reportsen argitaratu den txostenak.
Veneziaren erdigunea, itsas mailatik 90 cm gora dago. Bestetik, Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Panelak (ingelesez IPCC), aurreikusten du 2100 urterako 17-53 cm igoko direla urak. Horrek guztiak etorkizun beltza irudikatzen dute. Joan den mendean, ur maila 25 cm jaitsi zen, neurri handi batean hiri inguruko industri aldean egin izan zen lurpeko uren erauzketagatik. Zer gertatzen ari da oraingo honetan? Zein dira eragileak?
Luigi Tosiren taldeak satelite bidezko teknika punta-puntakoak erabili ditu naturak eta giza jarduerak azken 20 urteotan auzian izan duten parte hartzea aztertzeko. Gauza deigarria aurkitu dute: bertako egitura geologikoagatik, hiria era naturalean hondoratzen ari da, 0,8-1 mm urteko. Hainbat tokitan eta unetan baina, urteko 10 mm hondoratzen ari da, giza jardueragatik. Hala gertatu zen 2008. urtean behintzat. Izan ere, kontserbatze eta berriztatze lanak egiten ari dira eraikinak bere horretan mantentzeko eta kanaletako hormak egonkortzeko, eta lan horiek dira hondoratze arin horren eragile.
Ikerketa hau aurrera eramateko, ikertzaileek bereizmen handiko irudi mota bi erabili dituzte. Horrela, oso maila txikiko mugimenduak atzeman dituzte eraikinetan banan-banan, eta agerian utzi dute kanal aldeetan gertatzen direla hondoratze bizkorrenak, eta era berean, itsasontzien trafikoak eragindako olatuek nabarmen higatzen dituztela eraikinen hormak eta zimenduak. Ainguraketa lanek eta hirian sartu diren pilare txikiek egonkortu egin dituzte bereziki kalteturik zeuden hiri aldeak, baina hala ere, ikertzaileen esanetan, giza jarduerak urteko 10 mm hondoratzen du kanaletako hiria. Hori bai, tokian tokiko eraginak dira horiek, eta denbora tarte laburrekoak.
Iturria: Natural versus anthropogenic subsidence of Venice (Scientific Reports) / DOI: 10.1038/srep02710
Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-25577bc20ec8 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/09/24/zientziaren-irudia-etorkizuneko-promesetan-oinarritzea-oso-arriskutsua-izan-daiteke/ | Jaume Navarro: "Zientziaren irudia etorkizuneko promesetan oinarritzea oso arriskutsua izan daiteke" | unknown | 2013-09-24 00:00:00 | Jaume Navarro: "Zientziaren irudia etorkizuneko promesetan oinarritzea oso arriskutsua izan daiteke"
Gure gizarteak konfiantza handia du zientzian. Hori da, behintzat, urtero egiten diren inkestek erakusten dutena. Gogoko dugu zientzia eta gogoko ditugu zientzialariak ere. Horixe baietz! Izan ere, oso lanpostu gutxi daude zientzialariena baino maitatuagoak direnak. Kuriosoa da, baina errealitatea honelakoa da. Arrazoi asko egon daitezke honetarako, baina bada bat besteen gainetik dagoena: zientziari esker hobeto bizi gara. Eta, gizarteak, badaki hori.
Zientziak Internet, txertoak, hegazkinak eta elektrizitatea bezalako gauza sinestezinak ekarri dizkigu gure bizitzetara. Baina ez hori bakarrik. Kontu hauei guztiei esker gure bizi itxaropena asko luzatu da eta hau da guretzat garrantzitsuena. Ahal bezain bat bizi nahi dugu eta zientziak gure helburu honetan laguntzen digu.
Hala ere, askotan, gure salbazioa izango balira bezala aurkeztu zaigu. "Zientziari esker ez da gerrarik egongo", edo, "zientziak galdera guztien erantzunak ekarriko ditu" bezalakoak entzun izan dira noizean behin eta holako baieztapenek ez diote inolako mesederik egin. Esan daiteke, batzuetan, zientziak gauza gehiegi egingo dituela agindu digula.
Horixe da Jaume Navarro duela pare bat aste Miramar Jauregian azaltzen saiatu zena. Bera izan zen Kultura Zientifikoaren Katedrak antolatu zituen hitzaldien protagonistetako bat eta Zientzia Kaierarekin hitz egiteko momentu bat hartu du gustura asko. Hau da Ikerbasque-n eta EHU-n lan egiten duen zientziaren historiagileak kontatu diguna.
– Zure hitzaldiaren izena "Zientziaren promesak. Perspektiba historiko bat" izan zen. Zure ustez, gauza gehiegi egingo dituela agindu al digu zientziak?
Nire hitzaldian galdera honetan planteatzen dena baino konplexuago den zerbait azaltzen saiatu nintzen. Zientzia eta honen aginduak ez dira banatuta doazen bi gauza. Hau da, promesak ez dira kanpotik planteatzen diren zerbait. Promesak, zientziaren definizioan sartu behar ditugun elementuak dira.
– Orokorrean, esan daiteke egin diren agindu horiek behar bezala bete direla?
Batzuk bete dira eta beste batzuk ez. Hala ere, aipatu behar dut, promesen gainean hitz egiten dudanean ez dudala bakarrik betiko promesez hitz egiten. Adibide bat ematearren, ez naiz ari zientziak makina berri bat egin edota ez dakit zein gaixotasun sendatuko duelakoaz. Zientziak egindako promesa bat da, adibidez, promesa epistemikoa. Hau da, zientziari esker ezagutza handiagoa lortuko dugula. Zentzu honetan bai, zientziak bete du agindutakoa. Hala ere, nire ustez, zientzia ez da ezagutza osoa ekarriko digun elementu bakarra.
– Bete ez diren horien artean zein nabarmenduko zenuke?
Zientziak bete ezin dituen gauza asko promestu ditu. Hor daude, adibidez, gerra guztiak irabaztearena, mundu mailako bakea lortzearena… Zientzia, batzuetan, gure salbazioa ekarriko duen elementu bezala aurkeztu zaigu eta, hori, ez da egia. Zientziak promesa asko eta oso ezberdinak egin dizkigu eta, dibertsitate hau dela eta, batzuk betetzeko gai da eta beste batzuk ez.
– Nahiz eta promesa batzuk bete dituen eta beste batzuk ez, zientziak egiten dituen aurrerapauso horiek beti kontsideratu daitezke gauza positibo bezala, ez?
Planteatzen duzun baieztapen honek arazo batzuk sortu ditzake. Gauza bat zientifikoki eginda dagoelako ona dela baieztatzea gehiegi esatea da. Bonba atomikoa, adibidez, aurrerapauso positibo bat al da? Eta zientifikoki antolatu ziren Auschwitz-eko kontzentrazio esparruak? Honen aurrean bada jende asko honako hau esaten duena: "Kontu horiek ez ziren zientzia izan, baizik eta zientziaren erabilera txar batzuk". Egiten duten bereizketa hori oso problematikoa izan daiteke.
– Zergatik diozu hori?
Etika zientziatik bereiztea ez dago ongi. Zientziaren ezaugarri nagusienetako bat da, zientzia bera gizakiak egindako jarduera bat dela. Ez gehiago ez gutxiago. Hau onartuz, esan daiteke zientzia bera intrintsekoki etikoa dela. Etika ez da kanpotik datorren zerbait.
– Sinesgarritasuna galtzen al du zientziak egindako promesa bat betetzen ez duen bakoitzean?
Bai, zalantzarik gabe. Baina ez bakarrik betetzen ez duelako, baizik eta zientziak egiten dituen agindu hauek epe ertain edo luzerako izaten direnez, posiblea delako gizartearen aukerak etorkizunean bestelakoak izatea. Honela, nahiz eta zientziak agindu duen hori etorkizunean bete, izan daiteke gizarteak espero zuena ez izatea. Zientziaren irudia etorkizuneko promesetan oinarritzea oso arriskutsua izan daiteke.
– Posiblea da zientzia planifikatzea? Edo ustekabekoa da beti?
Zientzia ezin daiteke planifikatu baina badira gauza batzuk planifikatu daitezkeenak. Zientziaren garapena, adibidez, aurre ikus daiteke. Baita egiten diren berrikuntzen parte bat ere. Zergatik izan zen fisika hain garrantzitsua gerra hotzean? Bada, arma nuklearrak tartean zeudelako. Honi planifikatzea deitu al zaio? Baietz esango nuke. Fisikaren teoriaren garapena erabat ausazkoa al da? Ez, ezta gutxiago ere. Baina gauza guztietan bezala, hemen ere, kontingentziatik asko dago.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-2166db83a05e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/09/23/guztiz-biodegradagarria-den-mintza-garatu-dute/ | Guztiz biodegradagarria den mintza garatu dute | unknown | 2013-09-23 00:00:00 | Guztiz biodegradagarria den mintza garatu dute
Nekazaritza eta industria arloetako azpiproduktuetatik abiatuz, UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko BIOMATikerketa taldeak mintz berritzaile bat garatu du, %100 bideogradagarria, konpostagarria eta termozigilatu daitekeena.
Lehengai berriztagarri bezain oparoak dira landare-proteinak; erraz lor daitezke nekazaritza eta industriako azpiproduktuetatik, eta ontzien eta bilgarrien eremuan aplikatzeko modukoak izan daitezkeen ezaugarriak dituzte, egoera lehorretan barrera propietate onak dituzten mintzak sortzeko gaitasuna dutelako. Horrez gain, biodegradagarriak direnez, abantaila garrantzitsuak dituzte ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntuetatik. Ezaugarri horiek aintzat hartuta, UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko BIOMAT ikerketa taldeak mintz berritzaile bat ekoitzi du elikagaien ontzi gisa; baliabide ez berriztagarrietan oinarritutako ohiko mintzak ordezkatu ditzake eta % 100 biodegradagarria eta konpostagarria da. Bidenabar, biomintz berri horrek egungo mintz komertzialen propietateak hobetuko ditu, batez ere oxigeno eta argi ultramoreen aurkako barrera-ezaugarriei eta gardentasunari dagokienez. Beste propietate nabarmen batzuen artean aipatu behar da biomintza ezin hobeto itsasten dela azalera desberdinetan. BIOMAT taldeak garatutako biomintza termikoki zigilatu daiteke ontziratze-industriak "zailatzat" jotzen dituen azaleretan, esaterako polietilentereftalatoaren kasuan (PET). Gainera, ekoitzitako biomintzaren ezaugarri mekanikoak eta zigilatzeko aukera tenperatura baxuetan ere gordetzen dira (-20 ºC), ez baita mintz gogor eta hauskor bihurtzen, ohiko mintz batzuekin gertatzen den bezala.
UPV/EHUko BIOMAT taldeko irakasle eta ikertzaile Pedro Guerrerok azaldu duenez, "azken urteetan erregai fosiletatik eratorritako plastikoekiko menpekotasuna gutxitzea funtsezko helburu bihurtu da, bai legegintza-, bai gizarte-arloan ere. Xede hori lortzeko, zenbait premia jakin sortzen dira industria kimikoan, polimeroen industrian, ontzi eta bilgarrien sektorean eta, zehatzago esateko, elikaduraren industrian, eta horretarako baliabideak inbertitu behar dira elikagaietarako ontzi iraunkorrak ikertu eta garatzean. Ekoizteko prozesuan zein bizitza erabilgarria bukatu ondoren ingurumena errespetatuko duten material alternatiboen bilatze horretan, industria-azpiproduktuak balioztatuz material biodegradagarriak eta konpostagarriak garatzea eta produktuaren bizitza zikloari lotutako ingurumen-zamak aztertzea izan da gure taldearen ikerketen muina, lehengaiak lortzen diren unetik harik eta erabili ondoren materialak desegin arte. Ikerketaren emaitzak Journal of Cleaner Production aldizkari zientifikoan argitaratu dira." | science |
zientzia_kaiera-290996b03417 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/09/22/quantum13ko-hitzaldi-nagusiak-bilbon-ere/ | #Quantum13-ko hitzaldi nagusiak Bilbon ere | 2013-09-22 00:00:00 | #Quantum13-ko hitzaldi nagusiak Bilbon ere
Ezaguna denez, hurrengo ostiral eta larunbatetan gure inguruko zientzia-dibulgazioko ekitaldirik handiena egingo dugu. #Naukas13-ri buruz ari naiz, jakina. Baina zientzia jaialdia ez da bukatuko larunbatean, iluntzean. Atsedena hartuko dugu igandean eta Donostiara joango gara, han beste zientzia-ekitaldi handia hasiko baita astelehenean, #Quantum13 alegia.
Niels Bohr fisikari handiaren atomo-ereduaren mendeurrena izan da Passion for Knowledge izeneko emanaldi zientifikoaren bigarren edizioa egiteko arrazoi nagusia. Hortaz, Donsotia International Physics Center (DIPC) delakoak bere gain hartu ditu antolatze-lanak eta Euskampus Fundazioaren babesa eta laguntza izan du zeregin horietan. Passion for Knowedge ekitaldiak zenbait jarduera desberdin hartzen ditu barne, besteak beste zientzia-bilkura handi bat, ikasle gazteen eta Nobel saridunen arteko topaketak, hitzaldi nagusiak, Naukas Quantum, edo prestakuntza-mintegiak.
Ohar honek hitzaldi nagusiei erreparatu nahi die batez ere. Zientzia jendearengana hurbiltzea da hitzaldi horien xede nagusia; era horretara sustatu nahi dugu fisika kuantiko, biomedikuntza, astrofisika edo literatura bezalako ezagutza-esparruekiko zaletasuna. Nobel saridun zenbait eta nazioarte-mailako aditu handiak izango ditugu hizlari; arintasunez, baina zuzentasun zientifikoa galdu gabe, arituko dira euren hitzaldietan, jakinmina, interesa, eta pentsamendu kritikoa bultzatu nahian.
Ehun urtetik gorako Donostiako Victoria Eugenia Antzokia izango da jende aurreko emanaldi nagusien egoitza, baina Euskal Herriko beste zenbait bazterretara ere eraman nahi dugu ezagutzarako zaletasuna. Hori dela eta, Bilbon ere hitzaldi nagusi bi sartu ditugu egitarauan. Azpimarratu nahi dugu hau, bereziki, interes handiko hitzaldiak izango direlako, batetik, eta bestetik, Passion for Knowledge ekitaldia -bistakoa da horren zergatia- Donostia hiriarekin identifikatzen baita gehienetan, eta beraz, erraza da Bilboko hitzaldiez jendea ohartu gabe geratzea.
Honako hauek dira hitzaldiak:
Hizlaria: Dame Jocelyn Bell Burnell
Izenburua: Zulo beltzak espazioan
Eguna eta ordua: asteartea, urriko 1a, 19:00-tan
Lekua: Mitxelena gela, Bizkaia Aretoa
Hizlaria: Rafael Yuste
Título: Garuneko jardueraren mapa; aktibitatearen irudikatzea neurona-zirkuito osoetan
Eguna eta ordua: asteartea, urriko 2a, 19:00-tan
Lekua: Mitxelena gela, Bizkaia Aretoa
Oharra: Sarrera doakoa eta librea izango da gelako kapazitatea bete arte.
Oharra: EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea eta Quantum13ko antolatze.batzordeko kidea den Juan Ignacio Pérez-ek idatzi du ohar hau. | science |
|
zientzia_kaiera-eef153d5871d | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/09/13/proteinen-mugimendua-simulatzeko-programa-bat-garatu-dute/ | Proteinen mugimendua simulatzeko programa bat garatu dute | unknown | 2013-09-13 00:00:00 | Proteinen mugimendua simulatzeko programa bat garatu dute
Prozesu biologiko gehienetan parte hartzen dute proteinek. Dituzten funtzioetako asko betetzeko mugitu egin behar dute. Adibidez, zabaldu edo itxi egiten dira, barnean molekulak gorde eta garraiatzeko. Orain arte mugimendu horiek ikertzeko metodo garestiak besterik ez ziren aukeran: superordenagailuak behar ziren eta egun askotako kalkuluak. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Mekanikako sailak bide laburragoa garatu du orain. Robotek eta proteinek mugitzeko duten antzekotasuna oinarri hartuta, mekanismoen azterketa eta simulazioan erabiltzen dituzten teorema eta algoritmoak egokitu dituzte. Horrela, azkarrago eta beharrezko zehaztasunez jakin dezakete proteinen mugimenduak nola funtzionatzen duen eta molekula hauek parte hartzen duten prozesuetan eragiteko bidea erraztu dute. Proiektu honetan bidelagun CIC bioGUNE ikerketa-zentroa izan dute, biozientzien ikerketa eta ingeniaritza mekanikoa hain urrun ez daudela erakutsi dutelarik.
Proteinen ikasketa, interesgarrienetarikoa da gaur eguneko zientzia-arloen artean. Geroz eta diziplina gehiago ari da biltzen arlo honetara. Fisikak, biologiak, matematikak eta orain ingeniaritzak, euren ikerketa-esparrua aurkitu dute bertan. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko mekanika saila eta biozientzien arloa ikertzen duen CIC bioGUNE zentroaren diziplina arteko elkarlanak emaitza oparoa ekarri du oraingoan: proteinen mugimendua aztertzeko software bat garatu dute ingeniariek, aurrez erabiltzen ziren programak baino azkarragoa eta merkeagoa.
Proteina batzuk estatikoak dira. Gorputzak, azala edo muskuluak sortzeko erabiltzen dituen adreiluak dira. Beste batzuk, aldiz, mugimenduan egiten dute lan; dinamikoak dira. Adibidez, osagai kimiko batekin elkartu behar dute euren funtzio betetzeko. Egitura estatikoak ikertzeko metodo esperimentalak erabili izan dira orain arte, tartean X-izpien kristalografia edo erresonantzia magnetiko nuklearra. Baina bide horiek ez dute balio mugimenduan dauden proteinentzat; metodo analitikoak erabili behar dira, ordenagailuetako simulazioak. Superordenagailuak behar dira eta egunak edo hilabeteak ematen du kalkulu guztiak egiteak.
Zailtasun horren atzean proteinen beraien mugimenduaren izaera dago. Modu errazean azalduta, proteinen egiturek, beso baten antzeko mugimendu-gaitasuna dute. Baina, besoak hiru artikulazio dituen moduan proteinek ehunka edo milaka izan ditzake eta horrek ematen dio simulazioari konplexutasuna. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Mekanikako Saileko COMPMECH ikerketa-taldeak lan hori sinplifikatzen duen programa bat garatu du. Proteinen mugimenduak eta robotenak antz handia dutela ikusi dute, autoen muntaia-kateetan erabiltzen diren bezalako robotena bereziki. COMPMECH ikerketa taldeak, hain zuzen ere, esperientzia handia du mekanismoen azterketan eta simulazioan eta ingeniaritzan erabiltzen dituen teoremak eta algoritmoak proteinetan aplikatu dituzte. Proteinen mugimenduak koste konputazional txikiarekin simulatzea izan da lanaren helburua, beti ere proteinaren izaera biologikoa mantenduz.
Proiektua burutzeko, Luis-Alfonso Martinez Cruz, CIC bioGUNE-ko X-izpien kristalografia laborategiko burua izan dute ondoan ingeniariek, ikerketan egindako hipotesi guztiak berresteko. Proteinen mugimendua ezagutzeko metodoa sinplifikatzeak proteinen ikerketan dabiltzan ikertzaileen lana erraztuko du. Hala nola, molekula jakin baten eta proteina baten arteko elkarrekintzan proteina nola ireki edo ixten den aztertuta, jakin daiteke, adibidez, beste zein konposatuk duen geometria egokia elkarrekintza bera eragiteko. Hala, konposatu berriak bila daitezke elkarrekintza horren bitartez proteina blokeatzeko, bere funtzioa bete ez dezan, sendagaiek egiten duten moduan. Esan bezala, biomolekula hauek prozesu biologiko gehienetan parte hartzen dute, baita zenbait gaixotasunetan ere, minbizia edo alzheimerra kasu, eta proteinen mugimenduaren kontrolak ate asko zabal ditzake. CIC bioGUNEn bide horretan dabiltza. Proteinen mugimendua hobeto ulertuta zer konposaturekin lotu daitezkeen jakin daiteke edo zer nolako funtzioa bete lezakeen beste egoera batean, eta simulazio tresna berriak bide hori soilduko die.
Argitalpenak Mikel Diez, Víctor Petuya, Luis Alfonso Martínez-Cruz, Alfonso Hernández (2011): "A biokinematic approach for the computational simulation of proteins molecular mechanism". Mechanism and Machine Theory 46:1854-1868 Mikel Diez, Víctor Petuya, Luis Alfonso Martínez-Cruz, Alfonso Hernández (2013): "Biokinematic protein simulation by an adaptive dihedral angle approach". Mechanism and Machine Theory 69: 105-114 | science |
zientzia_kaiera-bbf8ecf90e79 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/09/11/nola-erabili-baleak-erradiazio-detektagailu-gisa/ | Nola erabili baleak erradiazio-detektagailu gisa | unknown | 2013-09-11 00:00:00 | Nola erabili baleak erradiazio-detektagailu gisa
Baleei larrua erre egiten zaie, anpoilak ateratzen zaizkie, beltzaran jartzen dira. Horiek dira ondorio deigarrienak joan den astean Scientific Reports aldizkarian argitaratu den lanean. Bertan, hiru bale motaren larruak aztertu dira, bi urtean zehar baleak Kaliforniako kostaldearen aurrean igaro direnean. 2007-2009 tartean ikerlariek balea urdinen 106 larru lagin hartu zituzten, eta bai zere komunen 55 lagin eta kaxaloteen 23 lagin.
Oso interesgarriak dira larruko zelulen ADN mitokondrialaren ikerketak eskaini dizkigun emaitzak: balea urdinak, hiru zetazeo hauetatik larru argiena dutelarik, beltzaran jartzen dira ohi baino erradiazio ultramoreko dosi handiagoa hartzen dutenean; horrela gertatzen zaie iparrera itzuli baino lehen eguzkipeko uretan igeri egitean. Kaxaloteak, ur sakonetan luzaro egoten direlarik, ez dira beltzaran jartzen, beren larruko zelulek oxidazioaren aurkako produktu bat ekoizten baitute, gizakion antzera. Hori kaltegarria izan daiteke zelulentzat. Zereak dira eguzkitik min txikiena hartzen dutenak, melanina kontzentrazio handia baitute larruan.
Oso deigarria da balea urdinak beltzaran jartzea, baina hau ikusia zegoen jadanik marrazo mailua edo bisigua bezalako beste itsas espezie batzuetan. Oso pizgarria da ikerketa hau, aukera emango digutelako zetazeoek larruko minbizia pairatzen ote duten ikusteko, eta giza zelulen zahartze prozesua hobeto ezagutzeko.
Are interesgarriagoa bide da baleak erradiazio-detektagailu mugikor gisa erabiltzeko aukera. Azken urteotan, ikertzaileek ozen esan dute gero eta arrain, anfibio eta ornogabe gehiagok aurkezten dituztela larruan erradiazio ultramoreak eragindako zauriak. Ozono-zuloa pixkanaka txikitzen doa baina hala ere, erradiazio ultramoreak mehatxu bat dira oraindik. Izan ere, azken urteotan askoz ere gehiago dira larruan anpoilak zituztelarik behatu diren baleak. Lan honen egileek argudiatzen dute baleen bizitza-luzerak eta animalien beraien banaketak adieraz lezaketela espazio eta denbora-eskaletan zehar erradiazio ultramoreek duten eragina. Hori dela eta, "erradiazio ultramoreen ozeanoko barometrotzat" har litezke animaliok. National Geographic aldizkarian lan honen egilekide den Mark A. Birch-Machinek baieztatuta, "Baleek agerian utziko dute ozeanoak jasaten duen erradiazio ultramoreen dosia". 'Ozeanoaren osasun seinale bat izango dira, dosimetro flotagarriak bailiran". Geroago, ikusi beharko da mortsak bezalako beste itsas animalia batzuek antzerako kalte tasa jasaten duten. Horrela, osoko detekziorako animali sare baten antzerako zerbait osatzen joango ginateke.
Iturria: Whales Use Distinct Strategies to Counteract Solar Ultraviolet Radiation (Nature)
Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua. | science |
zientzia_kaiera-7affea3f998a | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/09/08/energia-kalitate-handiagoz-hornitutako-etxebizitzak-eraikitzeko-probetarako-bankua/ | Energia-kalitate handiagoz hornitutako etxebizitzak eraikitzeko probetarako bankua | 2013-09-08 00:00:00 | Energia-kalitate handiagoz hornitutako etxebizitzak eraikitzeko probetarako bankua
Etxebizitzen eta, oro har, eraikin guztien kalitatea hobetzeko xedez dihardu lanean UPV/EHUko ENEDI Taldeak (Energetika Eraikuntzan). Horretarako, Europako direktibetan eraikinen energia-aurrezpenari, isolamendu termikoari eta eraginkortasun energetikoari dagozkien irizpideei jarraitzen die, bai eta jasangarritasunari, bizigarritasunari, iraunkortasunari, funtzionaltasunari eta mantentzeari dagozkien irizpideei ere. Instalazio esperimental bat ari dira muntatzen orain, datozen urteetan eraikinetan ezarriko diren energia-teknologien inguruko probak egiteko baliagarri izango dena.
Horretarako, eraikinen eraginkortasun energetikoaz ikertzen du ENEDI ikerketa-taldeak, bai inguratzaileari lotuta (bereziki, beroa eta hezetasuna transferitzeko prozesuetan), bai instalazioen energia-portaerari lotuta. " Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gehien interesa dakizkiokeen ildoetara bideratzen dugu gure ikerketa, neurri handi batean behintzat", azaldu du Jose Mª Sala Lizarragak, UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoen Saileko katedradunak.
Aurreko Gobernuak bultzatu zuen Revive Plana aipa daiteke ikerketa-ildo honen helburuen adibide gisa. Plan horri esker, 600 edo 700 etxebizitza birgaitzeko edo eraberritzeko diru-laguntzak jaso zituzten euren jabeek. "Diru-laguntza horiek jasotzeko, jabeek erakutsi behar dute birgaitze horrekin energia-aurrezpen jakin bat erdietsi dela. Horren ingurukoa da Etxebizitza Sailari eskaintzen diogun aholkularitza, hots, etxebizitzen bloke bakoitzean kokatu beharreko sentsore eta datuak pilatzeko sistemen ingurukoa", gaineratu du Salak. Ondoren, datu horiek jaso (tenperatura, hezetasuna, kontsumoa eta beste neurtuz) eta behar bezalako tratamendua eman behar zaie, birgaitzearekin egiaz erdietsitako energia-aurrezpena zenbatekoa den balioesteko.
Berriki, UPV/EHUk eta Bilboko Udal Etxebizitzak hitzarmena sinatu dute, "Energia-aurrezpena Etxebizitza Birgaituetan" izeneko programa garatzeko asmoz. Bilboko Udal Etxebizitzak higiezinen parke bat kudeatu eta mantentzen du, 4.000 etxebizitza sozial inguru biltzen dituena. "Guk aholkularitza eskaintzen diegu birgaitze-lanekin lotuta. Eraikin bat birgaitu ondoren, dagokion monitorizazioa eta eraikineko datuen azterketa egingo dugu, energia-aurrezpena zenbatekoa izan den zehazteko" azaldu du. Etxebizitza sozial horietan bizi direnen erosotasuna hobetzea da helburua. Horretarako, eraikinaren inguratzailea moldatu behar da, isolatze egokia aplikatuz bero-galerak murrizteko eta instalazioak hobetzeko. Hala, baliabide gutxi dutenek jasateko moduko energia-kontsumoa lortzen da, betiere etxebizitzen barruan erosotasun egokiari eutsirik.
Berriki beste lan-ildo bat garatzen hasi dira instalazioen energia-portaera aztertze aldera, eraikinetako energia-instalazioei dagokiena. Horretarako, instalazio esperimental bat egin dute, datozen urteetan eraikinetan ezarriko diren energia-teknologien inguruko probak egiteko. Eraikuntza-sektoreko eragileek erabili ahal izango duten informazioa lortu nahi dute proba horien bitartez. Instalazio horietan ohiko ekipamendu edo mikrosorkuntzarako instalazioekin batera, energia berriztagarriko instalazioak txertatuko dira (minieolikoa nahiz eguzki termikokoa, fotovoltaikoa, etab.). Finean, probak egiteko instalazio horri esker, ekipamendu-mota batzuen funtzionamenduari buruzko datuak jaso ahal izango dituzte, eta jardute-estrategia batean baino gehiagotan abiaraziko dira ekipamendu horiek. Informazio horrekin aztertuko dute zein teknologia diren eraginkorrenak, nola txertatzen diren egokienik ekipamendu-mota ezberdinak, eta zein jardute-moduk eragiten duten energia-kontsumo txikiena.
Sailaren eta Visesa-ren promozio publikoetan instalatzea aurreikusten den ekipamendu berrientzat erabiliko dute probetarako banku hori eta, ondoren, egoki irizten dioten beste erakunde eta promozio pribatu batzuetan erabili ahal izango dute.
ENEDI Taldea (Energetika Eraikuntzan) 2005ean eratu zen, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak eta UPV/EHUk sinatutako hitzarmen baten ondorioz. Hitzarmen horren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko (EKKL) Arlo Termikoa kudeatzeaz eta garatzeaz arduratzen da ikerketa-taldea.
Egun, ENEDI Taldean 9 doktore ari dira (horietako 7 Makina eta Motore Termikoen Sailekoak eta 2 Materialen Ingeniaritza Sailekoak), Makina eta Motore Termikoen Saileko 6 irakasle ez doktorek eta 6 doktoregai. Ikerketak, funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko (EKKL) Arlo Termikoaren instalazioetan egiten dira, Gasteizen. Zenbaitetan, beste zentro batzuekin kolaboratzen da: esate baterako, Sevillako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Reutlingengo Unibertsitatea (Alemania) eta Glasgoweko Caledonian Unibertsitatea (Eskozia). | science |
|
zientzia_kaiera-2acbc9ab53f0 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/09/05/zientzialaria-kalera-atera-behar-da-zientzia-erakustera/ | José Manuel López Nicolás: "Zientzialaria kalera atera behar da zientzia erakustera" | unknown | 2013-09-05 00:00:00 | José Manuel López Nicolás: "Zientzialaria kalera atera behar da zientzia erakustera"
Gosarian marmeladarik gabe geratu eta herriko supermerkatura hurbildu gara erosketak egitera. Buelta batzuk eman ostean apalategi erraldoi batekin egiten dugu topo. Burua altxatu eta hara non aurkitzen ditugun marrubizko marmeladek, melokotoizkoak, masusta osoak dituztenak… kolore guztietako potoak. Zaporea aukeratu eta antzekoak diruditen bi hartzen ditugu esku artean. Lehenengoan zera irakurri dezakegu: "Gehigarririk gabeko marmelada!". Handian dago idatzita. Kolore gorri bizian. Edonork irakurtzeko moduan. Bigarrenean, berriz, ez du ezer ere ez jartzen. Marka eta frutaren argazki bat, besterik gabe. Pentsatzen hasi eta galdera bat etortzen zaigu burura. Zein da aukeratu beharko genukeena?
Itxuraz, behintzat, erraza dirudi. Gehigarririk gabekoa erosi beharko genuke. Hori da potoak iradokitzen diguna kolore gorri elektriko batean. "Ez dakigu gehigarriak zer diren, baina seguru onak ez direla. Potoan hori jartzen badu…". Pentsatu dezake batek baino gehiagok. Baina, zer dira? Benetan txarrak al dira?
Honelako esaldi eta esloganek min handia egiten diote zientziari, inolako zalantzarik gabe. Subliminalki bada ere, iritzi bat sorrarazten digute honen guztiaren aurrean. "Naturala ona da. Laborategi batean sortutako gehigarriak ez, ordea". Eta, noski, gauzak ez dira esaldi hau bezain sinpleak. Gai honen gainean espezialista den José Manuel López Nicolás-ekin bildu gara Donostiako Miramar Jauregian eta atsedenaldi bat hartu du (bera da Kultura Zientifikoaren Katedrak Jauregian egunotan antolatu dituen Udako Ikastaroen hizlarietako bat) Zientzia Kaierak egin dizkion galderei erantzuteko.
– Zure hitzaldiaren titulua honako hau da: "Zientziaren erabilera desegokiak". Modu desegokian erabili izan dugu zientzia gure gizartean?
Zientzia era desegokian erabili izan da orain arte eta gaur egun berdin jarraitzen dugu. Hori da nire hitzaldian azaltzen saiatu naizena. Nire uste apalean, dibulgazio zientifikoak bi helburu garbi ditu. Alde batetik, ezagutzen duguna dago. Zientzia bera dibulgatzearena. Hau da, zientziaren aurrerabideak gizarteari kontatu eta ulertaraztea. Baina, bestalde, badu beste jomuga bat ere. Zientziak berak, bere baliabideen bitartez, zientziaren erabilera desegokiak egiten dituzten kolektiboak salatu behar ditu. Bigarren helburu hau, zientzialari bezala, oso inportantea iruditzen zait.
– Enpresei buruz ari zara?
Neurri handi batean bai. Azkeneko estatistikek gizarteak zientziaren gaineko iritzi paregabea duela erakusten dute. Zientifikoak oso ongi daude ikusita jendearen artean. Baina zer gertatzen da? Bada, badirela zenbait talde eta enpresa iritzi hau beren onurako erabiltzen dutenak. Iritzi honetaz abusatzen dutenak, alegia. Honela, zientzia beren produktuak saltzeko erabiltzen dute. Eta, honekin, zientziaren erabilera desegokia dator.
– Zer esan nahi duzu 'erabilera desegokia' diozunean?
Oso erraza da. Enpresek badakite gizartearen iritzia zein den eta honetaz baliatzen dira euren produktuak hobeki saltzeko. Honela, jendearen artean zientzia ongi ikusia badago, bere terminologia erabiltzen hasiko dira, adibidez. Hor daude "klinikoki probatua" edo "gehigarririk gabe" bezalakoak. Enpresa hauen ikuspuntua honako hau da: erosleak zientzia bera ongi ikusten badu, nire produktuak promozionatzeko zientziak erabiltzen duen terminologia erabiltzen hasiko naiz eta, honela, gehiago salduko dut. Gainera kasu hauetan, gehienetan, ez dago inolako zorroztasun zientifikorik eta gezurrak kontatzen dizkigute.
– Jendea, hala ere, ez da tontoa. Edo, kontatzen diguten guztia sinesten dugu?
Jendea nekatzen hasita dago eta inkestek hori erakusten dute. Azkenekoen arabera, eroslea gero eta eszeptikoagoa da mezu eta eslogan hauen aurrean. Hala ere, nahiko erraz engainatu daitekeen gizarte batean bizi garela uste dut.
– Hain erraz engainatzen gaituzte?
Nik baietz esango nuke. Baina gizartea ez da honen erruduna, ezta gutxiago ere. Jendeak ezin ditzake gai guztiak kontrolatu. Hau ere garbi utzi behar da. Ni, adibidez, nire gaian aditua naiz baina ez dut kotxeei buruz ezer ere ez ulertzen. Autoa matxuratu eta, gehienok bezala, mekanikora eramaten dut. Hitz egiten hasten denean ez diot piperrik ere ulertzen eta esaten didanari kasu egin behar diot. Nire errua al da kotxeen gainean ezer ere ez jakitea? Ezetz esango nuke. Ezin dugu guztia ezagutu. Kontua da badirela zenbait kolektibo ezjakintasun honetaz baliatzen direnak euren produktuak saltzeko.
– Babesik gabe gaude orduan…
Neurri handi batean babesik gabe gaude. Hori egia da. Hala ere, dibulgazio zientifikoak asko lagundu dezake honetan. Zientziaren erabilera desegokiaren kontra joateko arma paregabea dela iruditzen zait dibulgazio zientifikoa. Baina horrek bakarrik ezin du kontu honekin aurrera egin…
– Zer esan nahi duzu honekin?
Erabilera desegokiaren kontra joateko arauak eta legeak behar dira dibulgazioaz gain. Jendea informatu behar da, baina legeak ere ezinbestekoak dira. Eta, gero, ezin dezakegu ahaztu zientziak ere aurrera egin behar duela. Zientzia sortu behar dugu nahi eta nahi ez aurrera egiteko. Oso ongi dago dibulgatzea, baina zientzia berririk egiten ez bada ezer gutxi dugu egiteko.
– Zer egin dezake komunitate zientifikoak arazo honen aurrean?
Komunitate zientifikoak segitu behar du aurrera egiten. Zientzia sortzen badugu, pixkanaka, enpresek erabiltzen dituzten engainu eta 'pseudozientzia' guztiak desmuntatu ahalko ditugu. Hori lortutakoan, zientifikoek gure zientzia gizarteari helarazi beharko diogu. Dibulgazio lana egin beharko dugu, alegia. Dibulgazio lan horrek berebiziko garrantzia du. Izan ere, hori ongi egiten ez badugu, gerra galduko dugu. Zientzialaria kalera atera behar da zientzia erakustera.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da | science |
zientzia_kaiera-3aa3cb0411d6 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/08/29/ingurune-berdearen-ekosistemen-zerbitzuak-balio-handikoak-dira-bilboaldeko-herritarrentzat/ | Ingurune berdearen ekosistemen zerbitzuen balioa | unknown | 2013-08-29 00:00:00 | Ingurune berdearen ekosistemen zerbitzuen balioa
UPV/EHUko Paisaia, Biodibertsitatea eta Ekosistemen Zerbitzuak ikerketa-taldeak Bilbo aldeko 500 pertsona elkarrizketatu ditu, ekosistemen zerbitzuei buruz duten iritzia ezagutzeko. Ikertzaileen aburuz, lurzoru-erabileraren plangintzak bideratzean, ezinbestekoa da herritarren pertzepzioa aintzat hartzea, bai ekosistemen zerbitzuak bai pertsonen ongizatea bermatzeko.
Izaskun Casado Arzuagaren arabera, askok uste duten baino zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte ekosistemek. Izan ere, haien balioa ez da paisaiara, estetikara eta aisialdirako ematen dituzten aukeretara mugatzen. Paisaia, biodibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuak ikerketa-taldeko kideetako bat da Casado, eta, haren ustez, garrantzitsua da ekosistemek eskaintzen dituzten bestelako zerbitzuak gogoraraztea. Horien artean, hornidura-zerbitzuak aipatu ditu, hala nola elikagaiak, ura, energia eta materialak; eta baita erregulazio-zerbitzuak ere: uraren eta airearen kalitatea bermatzea, uholdeetatik babestea… Hala, "zerbitzu horietako asko doakotzat jotzen ditugu, baina preziorik ez duten onurak oso baliotsuak eta beharrezkoak dira", esan du Casadok.
Ikertzaileek azaldu dutenez, Bilbo metropolitarrak gizakiak eragindako aldaketa ugari jasan baditu ere, ingurune berdeak azaleraren %75 hartzen du. "Bertan badira mendiak, basoak, urtegiak, ibai eta errekak, hondartzak, padura eta dunak, itsaslabarrak eta sastrakadiak", zehaztu dute.
Baina zer balio ematen diete herritarrek ekosistema horiek eskaintzen dituzten zerbitzuei? Hori jakiteko, ikertzaileek bostehun lagun elkarrizketatu zituzten eta 30 galdera egin zizkieten.
Erantzunen arabera, galdeturiko ia pertsona guztiak jabetu dira ingurune berdeak ekosistema-zerbitzuak ematen dituela, eta balioetsi eta estimatzen dituzte. Alabaina, pertsona horien ia %80k kultura-zerbitzuak identifikatzen baditu ere (aisialdia, paisaia, atsedena…), heren batek baino ez ditu erregulazio-zerbitzuak identifikatzen, eta are gutxiagok (%1,8) identifikatzen ditu ekosistemen hornidura-zerbitzuak.
Horrez gain, inkestak agerian utzi du zerbitzurik baloratuenak airearen kalitatea hobetzea eta biodibertsitatearen kontserbazioa direla. Bestalde, inkestari erantzun dioten gehienak (%88) prest daude eremua kontserbatzen laguntzeko. Erabaki horretan eragin positiboa duten ezaugarri sozio-ekonomikoak dira, besteak beste, jatorri urbanoa edukitzea, gaztea izatea, babestutako eremuak bisitatzea eta emakumea izatea.
Emaitzak ikusita, ikertzaileak ohartu dira herritar asko ez direla gai hornidura-zerbitzuak identifikatzeko. Izan ere, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak nahiko urriak dira inguru horretan. Herritarrek, ordea, oso ondo baloratzen dituzte, inkestatu gehienak nekazaritza-eremuak bultzatzearen alde azaldu baitira. Eta beste eskaera bat ere egin diete kudeatzaileei: ingurune berdeko ekosistemen balioa azpimarratzea eta erregulazio egokia ezartzea.
Hain zuzen ere, ikertzaileek adierazi dute, ekosistemen etorkizunaz erabakitzeko, beharrezkoa dela ikerketa eta herritarren parte-hartzea sustatzea. Haien esanean, "Bilboaldeko ingurune berdeko ekosistemen etorkizunaz erabaki ahal izateko, ahalik eta informaziorik handiena eta ezagutzarik sakonena izan behar dugu gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko aukerez".
Horrenbestez, ezinbestekotzat jo dute halako ikerketak egitea, eta erabakiak hartzen dituztenek aintzat hartzea emaitzak. "Ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak eta biztanleen iritzia ezagututa, oinarri sendoa izango dugu nolako etorkizuna nahi dugun jakiteko", ondorioztatu dute.
Citizens in Greater Bilbao regard the services of the Green Belt ecosystems as highly beneficial | science |
zientzia_kaiera-dcf491cdc14e | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/08/19/mizelak-gas-fasean-sortu-eta-bereizi-dituzte/ | Mizelak gas fasean sortu eta bereizi dituzte | unknown | 2013-08-19 00:00:00 | Mizelak gas fasean sortu eta bereizi dituzte
Xaboiak zergatik disolbatzen du koipea? Bada, xaboia urarekin nahasten denean, molekulek mizelak izeneko egitura esferikoak sortzen dituztelako, eta molekula horiek koipea barnean hartu eta desagerrarazi egiten dutelako. Errioxa, Valladolid eta Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialari talde batek ingurune likido baten beharrik gabe mizelak sortzea eta horien egitura xehetasunez zehaztea lortu du. Ikerketa Angewandte Chemie aldizkariko azalean argitaratu da, Kimika arloko garrantzitsuenetako batean, alegia.
Nahasketa urtsu batean dagoen xaboia mikroskopio bidez behatuz gero, xaboiak makroegitura erabat ordenatuak sortzen dituela ikusiko dugu, molekula ugariz osatutakoak; molekula horiek bi alde dituzte, bat polarra eta bestea apolarra. Alde polarra hidrofilikoa da, eta hortaz, ur molekulek inguratzen dute; horiek ere, bidenabar, polarrak dira. Talde apolarrak, ordea, hidrofobikoak dira, eta beste xaboi molekula batzuen artean ezkutatzen dira, elkarrekintzan arituz. Horrela agertzen dira mizela deritzen egitura globular horiek, eta inguruan duten disolbatzailearekin alderatuta ingurune guztiz desberdina eratzen dute. Mizelak sortzeko propietate hori erabakigarria da bizidunentzat eta, besteak beste, zenbait mintz proteina egonkortzea ahalbidetzen du. Horrez gain, zenbait sendagaik haien funtzioa betetzeko ere erabiltzen da; izan ere, sendagai bat mizela barruan "ezkutatuta" joan daiteke eta, hala, ingurunetik babestuta bidaia dezake harik eta bere funtzioa betetzeko dagokion organismoaren atalean askatu arte.
Mizelak sor ditzaketen molekula anfifilikoen artean propofola dago, kirurgian asko erabiltzen den substantzia anestesiko bat. UPV/EHUko Elektroskopia Taldearen zuzendaritzapean ikertzaileek egindako ikerketan substantzia anestesiko hori erabili dute gas fasean; horri esker posible da molekulak hautatzea inguruneko beste edozein molekularen elkarrekintza eraginik izan gabe. Horretarako, sistema esperimental konplexua erabili dute, eta hala, handituz doazen propofol molekulen agregatuak sortu ahal izan dituzte, baita horien egitura parametroak zehaztu ere, teknika espektroskopiko laserrak eta kalkulu mekano-kuantikoak uztartuz; horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko eta i2BASQUE Fundazioko superordenagailuak baliatu dituzte.
Ikertzaileek propofol molekulak sortu, isolatu, eta, azkenik, autoantolatu egiten direla zehaztu ahal izan dute, betiere ingurune likido batean egon beharrik gabe, mizela inbertituen egitura bat sortuz, hau da, hidrogeno loturek egonkortutako nukleo hidrofiliko batekin eta propofol molekula guztien alde apolarren elkarreraginez eratutako bilgarri hidrofoboko batekin, sakabanatze indarrek egonkortutakoa. Lan honetan deskribatutako mizela inbertituek sortutako elkarrekintzak eta molekula biologikoen arteko elkarrekintza eta proteinen tolestura gobernatzen dituztenak berdinak dira, eta, hortaz, lan honetan lortutako ondorioak beste sistema biologiko garrantzitsu batzuetan ere aplika daitezke.
"Aintzat hartuta mizelak direla autoantolaketa modu primitiboenetako bat, eta, zelulak, azken finean, kanpo geruza batek babestutako egiturak direla, ausart gaitezke esatera mizelek lotura dutela bizia lurrean sortu izanarekin" azaldu du José Andrés Fernández Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak.
Iturria: Iker León, Judith Millán, Emilio J. Cocinero, Alberto Lesarri, José A. Fernández (2013): Shaping Micelles: The Interplay Between Hydrogen Bonds and Dispersive Interactions Angewandte Chemie DOI: 10.1002/ange.201303245 | science |
zientzia_kaiera-dfb42a241438 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/08/16/giza-eboluzioaren-historia-osoa-uharte-batean/ | Giza eboluzioaren historia osoa uharte batean | 2013-08-16 00:00:00 | Giza eboluzioaren historia osoa uharte batean
Sardiniako tamainako uharte batean giza eboluzioaren historia osoa azter daiteke. Nazioarteko zientzialari talde batek 1.200 sardiniarren Y kromosoma osoa sekuentziatu du eta 12.000 bat mutazio aurkitu ditu, erdiak inguru erabat berriak. Horiei esker, gure espeziea nola sortu zen eta nola hedatu zen jakiteko informazio garrantzitsua lortu dute ikertzaileek. Science aldizkarian argitaratu da ikerlana eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Santos Alonso ikertzailea da ikerketan parte hartu duten zientzialarietako bat.
Giza genomak aldaerak ditu pertsonen arabera; horixe izan da azterlanaren oinarria; izan ere, ausazkoak diren baina, aldi berean, heredagarriak diren aldaketa biokimikoak, edo, bestela esanda, mutazioak, izaten baititu DNAk. Mutazio horiek oso lantzean behin gertatzen dira, baina ehun germinalean (espermatozoide eta obozitoei bide ematen dien horretan) gertatuz gero, belaunaldiz belaunaldi transmititu eta metatu egiten dira. Hain zuzen ere, gizakiok heredatu egiten dugu gure arbasoengan iraganeko hainbat unetan gertatutako mutazioen multzoa.
Horrez gain, mutazio horiek zein abiadurarekin gertatzen diren jakinez gero, gizakien populazio taldeak banatu zireneko denbora-tarteen kalkulua egiten laguntzen digun "erloju molekular" moduko bat lor daiteke. Azterlan honen lehenengo egilea den Paolo Francalacci Sassariko Unibertsitateko Genetikako katedradunaren hitzetan, "Y kromosoma bereziki egokia da, DNAn oinarriturik iraganeko gertakari demografikoak berregiteko; izan ere, beste kromosoma batzuk ez bezala, Y kromosoma gizonetan eta kopia bakarrean baino ez baita aurkitzen. Ondorioz, Y kromosoman gertatzen diren mutazioak Y kromosoma berean geratzen dira (birkonbinaziorik ez dagoelako), eta horregatik, errazagoa da mutazio horiek nola metatu diren berregitea. Horrela, bada, haien jatorria identifikatzen lagundu digute sardiniarren Y kromosoman aurkitu ditugun mutazioek. Egindako kalkuluen arabera, giza espezie duela 180.000-200.000 urte sortu zen Afrikan eta gero, Europan -Sardinian ere- finkatu ziren haien ondorengotako batzuk."
Izan ere, Sardiniako laginean Saharaz hegoaldeko A leinuaren arrastoak aurkitu dituzte, hots, Afrikako leinu zaharrenetako eta nagusienetako batenak. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, Y kromosoman egun ikusten den aniztasun guztia sortzeko 200.000 urte inguru behar izan dira. Zifra hori Y kromosomaren aldakortasunaren jatorrirako proposatu diren beste aro batzuk baino zaharragoa da; hala ere, antzinatasun hori bat dator, erabat gainera, DNA mitokondrialaren azterketeetatik ondorioztatzen denarekin. Y kromosoma bezala, mitokondrioetakoko DNA ez da birkonbinatzen (horregatik oso erabilia izaten da eboluzioa aztertzeko), baina kasu honetan amaren bidez transmititzen da eta soilik alabek transmiti diezaiekete beren ondorengoei.
Italiako Ikerketa Kontseilu Nazionaleko (CNR) Genetika eta Biomedikuntzako Ikerketako Institutuko (IRGB) zuzendari eta Sassariko Unibertsitateko Genetika Medikoko katedradun Francesco Cuccaren esanetan, "Sardiniako populazioak bakarrik Europako populazioetan dagoen bariazio genetikoaren zatirik handiena biltzen du. Horregatik, baliabide baliotsua da bai gure jatorria ulertzeko, baita, esaterako, hainbat gaixotasunen arrisku genetikoan eragina duten faktoreak aztertzeko ere."
Horrela, bada, ikertzaileek 110.000 urteko antzinatasuna ezarri diote Afrikakoa ez den Y kromosomaren leinu nagusiari, F-R izenekoari, eta hori bat dator afrikarrak ez diren Homo sapiens arkaikoaren arrastoen antzinatasunarekin. Bestalde, Y kromosomaren leinu europarren azpitalde nagusiak duela 14.000 eta 24.000 urte bitartean hasi ziren bereizten, gutxi gorabehera, eta hori bat dator duela 18.000 bat urte izandako glaziazioaren ondoren Europa berriz kolonizatu izanarekin.
DNA sekuentziatzeko teknologian eta analisi teknologian izan diren aurrerapenei esker egin ahal izan zen ikerketa hau; izan ere, aurrerapenok izan baitziren mutazioak identifikatzeko eta mutazio tasak ondorioztatzeko bidea eman zutenak. Lana hainbat herrialdetako taldeen arteko lankidetzaren emaitza izan da. Horien artean nabarmentzekoak dira Sassariko Unibertsitatea, Italiako IRGB-CNR, Sardiniako Ikasketa Aurreratuetarako, Ikerketarako eta Garapenerako Zentroa (CRS4), Michiganeko Unibertsitatea (Gonçalo Abecasis) edo Estatu Batuetako Zahartzearen Institutu Nazionala (David Schlessinger), baita, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatea ere, Santos Alonsoren bitartez, bera izan baitu erloju molekularra kalibratzeko ardura. Alonso Genomika Ebolutiboko taldeko ikertzaile nagusia da. Talde hori UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean Concepción de la Rúa irakasleak zuzentzen duen Antropologiako taldean sartuta dago.
Paolo Francalacci et al (2013):"Low pass DNA sequencing of 1,200 Sardinians reconstructs European Y chromosome phylogeny". Science, vol.341 (6145). | science |
|
zientzia_kaiera-81f05b0b6362 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/08/05/bizidunak-eta-bizigabeak-bereizteko-umeen-gaitasunaz/ | Bizidunak eta bizigabeak bereizteko umeen gaitasunaz | 2013-08-05 00:00:00 | Bizidunak eta bizigabeak bereizteko umeen gaitasunaz
UPV/EHUko ikertzaileak zortzi urtetik beherako neska-mutilekin egindako ikerketaren arabera, haurrek oso goiz garatzendute ingurumena babesteko kontzientzia. Hala, oso gaizki iruditzen zaie, adibidez, lore bat zapaltzea. Kontzientziahori, gainera, izaki bizidunak eta bizigabeak garbi bereizteko gai izan baino lehenago ere azaldu daiteke; hau da,lorea biziduna dela jakin baino lehenago esan dezake haur batek gaizki dagoela loreari kalte egitea.
Bizidunak eta bizigabeak bereizteko gaitasuna, eta horrek ingurumenarekiko sentiberatasunarekin duen lotura ikertu du José Domingo Villarroelek, UPV/EHUko Bizkaiko Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikertzaileak.
Ikerketan, Plentzia, Urduliz eta Sopelako ikastetxe publikoetako 4-7 urteko 118 neska-mutilek hartu dute parte, eta, Villarroelek banan-banan elkarrizketatu ditu.
Elkarrizketa bakoitzak bi zati zituen. Umeek izaki bizidunen eta bizigabeen arteko aldea hautemateko duten gaitasuna aztertzeko zen lehena. Horretarako, zortzi argazki erakusten zizkien haurrei; haietako lauretan, bizidunen lehen planoak agertzen ziren (zakur bat, txori bat, zuhaitz bat eta lore bat), eta, besteetan, bizigabeenak: eguzkia, hodeiak, kotxe bat eta moto bat. "Argazki bakoitzean agertzen zen izakia biziduna ala bizigabea zen itauntzen nien haurrei ".
Bigarren zatian, berriz, irudiak jokabide desegokien gaineko marrazkiak ziren, haurrentzako liburuetatik lorturikoak. Portaera txar horiek hiru motakoak ziren: besteengan ondorio kaltegarriak dituztenak (ondasunak kentzea eta bortizkeriaz lagunak erabiltzea); gizarte-arauak apurtzen dituztenak (mukiak atzamarrez sudurretik ateratzea eta narras jatea) eta landareei kalte egiten dietenak (lore bat zapaltzea eta zuhaitz baten enborrean labanaz irudiak egitea).
Villarroelek azaldu duenez, "elkarrizketan umeak dilema baten aurrean jartzen nituen; hau da, aldi berean azaltzen ziren bi jokabide txarren irudien aurrean, eta zein portaera zen okerrena hautatu behar zuten". Bi dilema-mota gertatzen ziren: lehenengoa, gizarte-arauak haustea ala besteen ongizatean eragitea; eta bigarrena, gizarte-arauak haustea ala landareei kalte egitea.
Pentsamendu morala eta emozioen mundua Emaitza interesgarriak eman ditu azterketak ikertzailearen aburuz. "Lehene zatian, espero zitezkeenak izan dira erantzunak. Hain zuzen, haur asko, txikienak bereziki, ez dira bizidunak eta bizigabeak bereizteko gai; adibidez, asko kostatzen zaie zuhaitza biziduntzat hartzea, eta, aldiz, autoak eta motoak biziduntzat hartzeko joera dute", esan du Villarroelek.
Antza denez, haurrek mugitzeko ahalmenarekin lotzen dute biziduna izatea. Bigarren zatiaren emaitzak aurrekoak baino deigarriagoak iruditu zaizkio, "paradoxa bat" aurkitu baitu. Nonbait, haurrek uste dute beste haur bati edo landareei kalte egitea gaitzesgarriagoa dela gizarte-arauak haustea baino, "baita landarea biziduntzat hartu ez duten kasuetan ere". Alegia, ez dute argi lorea biziduna ote den, baina askoz okerragoa iruditzen zaie lorea zapaltzea, zopa modu baldarrean jatea edo hatza sudur-zuloan sartzea baino.
Villarroelen arabera, paradoxa horrek iradokitzen du besteekiko sentiberatasuna oso goiz garatzen dela, eta pentsamendu moralaren garapena oso lotuta dagoela mundu afektiboarekin, hau da, gurasoengandik eta hezitzaileengandik jasotzen dutenarekin, eta ez hainbeste logikarekin eta arrazionaltasunarekin: "Hain zuzen, pentsamendu morala nola garatzen dugun azaltzeko, bi ikuspegi nagusi daude; batzuek uste dute ahalmen logikoarekin lotuta dagoela, eta beste batzuek, berriz, emozioekin eta mundu afektiboarekin. Nik jasotako emaitzek bigarren ikuspegia indartzen dute", adierazi du Villarroelek.
"Environmental judgment in early childhood and its relationship with the understanding of the concept of living beings" izenburuarekin argitaratu du ikerketa SpringerPlus zientzia-aldizkarian. Baina Villarroelek ez dauka hor geratzeko asmorik, eta ildo beretik ikertzen jarraituko duela iragarri du: "Batetik, asko interesatzen zait jakitea nola jasotzen duten gurasoengandik ingurumenarekiko kontzientzia. Eta, bestetik, ikerketa bera egitea gustatuko litzaidake beste testuinguru batzuetan, eta baita herri txikietako eta handietako haurrak alderatzea, adibidez". Gainera, ikerketa-lerro horrekin beste artikulu bat argitaratzekotan da Journal of Biological Education aldizkari espezializatuan.
Datu gehigarriak José Domingo Villarroel (Barakaldo, 1967) biologian doktore da. Zientzia- eta matematika-irakaslea izan da DBHn zenbait urtez, eta, gaur egun, UPV/EHUren Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Matematika eta zientzia esperimentalen didaktika saileko irakasle eta ikertzailea da. Hainbat zientzia-artikulu eta liburu argitaratu ditu, bereziki, oinarrizko zientzia-kontzeptuak ulertzeko eta ikasteko prozesuei buruz. | science |
|
zientzia_kaiera-b74b592e3946 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/07/30/arnas-eta-bihotz-gelditzeetan-lehen-sorospenak-hobetzeko-irtenbideak/ | Arnas eta bihotz-gelditzeetan lehen sorospenak hobetzeko irtenbideak | unknown | 2013-07-30 00:00:00 | Arnas eta bihotz-gelditzeetan lehen sorospenak hobetzeko irtenbideak
3 segundoko seinalearekin bakarrik bihotzaren erritmoa diagnostikatzeko gai den algoritmo bat eta diagnostiko hori bihotz-masajea geldiarazi gabe egin daitekeela frogatzea dira Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) Seinale eta Komunikazio Taldeko ikertzaileak garatzen ari diren irtenbideak edo proposamenak.
"Guk ez ditugu bizitzak salbatzen; ikertu egiten dugu, besterik gabe —argitzen du Jesús Ruizek, Seinale eta Komunikazio Taldeko buruak—. Baina frogatuta dago bihotz-masajeak bizitzak salbatzen dituela". Arnas eta bihotz-gelditze bat gertatzen denean, ezinbestekoa da toraxa lehenbailehen eta etengabe konprimitzea, burmuinera eta bihotzera gutxieneko odol-perfusioa iristen dela bermatzeko. Horretan zeregin garrantzitsua du kanpoko desfibriladore automatikoak (KDA). Aparatu sinpleak dira, eta gutxieneko prestakuntza duen edonork erabil ditzake; ohikoak dira aireportuetan, merkataritza-zentroetan, kiroldegietan… Aparatu horiek pazientearen bihotzaren erritmoa aztertzen dute, eta laguntzaileari adierazten diote urrundu egin behar duen deskarga elektriko bat aplikatzeko, ala bihotz-masajearekin jarraitu behar duen.
Arazoa da torax-konpresioek interferentzia eragiten dutela KDA erregistratzen ari den seinalean. Beraz, geldiarazi egin behar dira konpresioak, ekipoak fidagarritasunez diagnostika dezan erritmoa. Zoritxarrez, konpresioak geldiarazteak murriztu egiten du pazienteak bizirauteko probabilitatea. Hori dela eta, azken 15 urteetan, interferentzia hori kentzeko ari dira lanean. Hala ere, The American Journal of Emergency Medicine aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batean UPV/EHUko ikertzaileek erakutsi dutenez, emaitzak, oraingoz, ez dira onak. "Interferentziak kentzeko metodoak oraindik ez dira behar bezain onak", adierazten du Ruizek, lanaren lehenengo egileak.
Lan horretan sartzen da interferentziak kentzeko sistema bat aplikatzean masajea zenbatean behin geldiarazten den zenbatzeko lehenengo metodologia. Egungo gidek gomendatzen dute konpresioak bi minututik behin geldiaraztea erritmoa fidagarritasunez aztertzeko. Interferentziak kentzen badira, masajea geldiarazi gabe diagnostikatu ahal izango litzateke, "baina aparatuak okerrez esaten badizu gelditzeko, erritmo desfibrilagarri bat hauteman duelako, eta ez bada, baliteke konpresioak gidei jarraituz baino denbora gehiagoan geldiaraztea", azaltzen du Ruizek. 2003 eta 2005 artean Europako hiru udalerritan erregistratutako berpizte-ekintza osoen atzera begirako azterketa bat egin da ikerketan. Metodologia berria aplikatuz, ondorioztatu zen "interferentziak kentzeko sistemen arte-egoeraren ondorioz gidek ezartzen dutena baino denbora gehiago galtzen dela diagnostikoa gaizki egiteagatik".
Otsailean Resuscitation aldizkarian argitaratutako beste artikulu batean, Ruizen taldeak interferentziak kentzearen ordezko aukera bat proposatzen du: aireztapen-geldialdiez baliatzea bihotzaren erritmoa diagnostikatzeko. "Gidek proposatzen dute 2 minutuko zikloak egitea 30 konpresioko tarteekin —20 bat segundo— eta 2 aireztapenekin —5 segundo—. Artikuluak lehendabiziko aldiz frogatzen du aireztapen-tarteez balia daitekeela, hor ez baitago interferentziarik, diagnostiko fidagarri bat egiteko. Beraz, diagnostiko fidagarri bat izango genuke 20 segundotik behin; hori arauak ezartzen duena —bi minututik behin— baino askoz eraginkorragoa da", azaltzen du Ruizek.
5 segundo horietan diagnostikatu ahal izateko, taldeak garatutako algoritmo azkar bat aplikatu dute. "Algoritmo arrunt batek 9 segundoko seinalea behar du diagnostiko bat egiteko; guk, ordea, seinale laburrekin lan eginez oso fidagarria den bat garatu dugu. 3 segundoan nahiko diagnostiko fidagarria egiten dugu", adierazten du Ruizek.
Algoritmo hori Osatu Koop. E. enpresak (Ermua, Bizkaia) sortutako R800 desfibriladorean inplementatu da, eta jada saltzen ari da. Taldeak 12 urte baino gehiago daramatza enpresa horrekin elkarlanean. Osatu kooperatiba txiki bat da, eta KDAk eta monitore-desfibriladoreak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu Bexencardio markarekin (www.bexencardio.com). Iraila aldera, algoritmo bera duten beste bi modelo jaurtiko dituzte.
Estatu-mailan ikerketa-talde asko egon arren seinale biomedikoen esparruan lan egiten dutenak, UPV/EHUko Seinale eta Komunikazio Taldea da bere jarduera bihotz-berpiztearen arloan garatzen duen talde bakarra. Ondorioz, nazioarteko lankidetza-sare bat eraiki dute ikerketa-taldeekin, baliabideak partekatzean eta lan kooperatiboak egitean oinarritua. Besteak beste, nazioarteko talde nagusi hauekin ari dira lankidetzan: Stavanger-eko (Norvegia) Unibertsitateko Biomedical Data Analysis ikerketa-taldearekin, Osloko (Norvegia) Unibertsitate Ospitaleko Institute for Experimental Medical Research taldearekin, eta Philips Healthcare-rekin (Seattle, EEBB).
Ruiz J., Ayala U., Ruiz de Gauna S., Irusta U., González-Otero D., Aramendi E., Alonso E., Eftestøl T. 2013. Direct evaluation of the effect of filtering the chest compression artifacts on the uninterrupted cardiopulmonary resuscitation time. The American Journal of Emergency Medicine, doi: /10.1016/j.ajem.2013.02.044 http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0735675713001496
Ruiz J., Ayala U., Ruiz de Gauna S., Irusta U., González-Otero D., Alonso E., Eftestøl T., Kramer-Johansen J. 2013. Feasibility of automated rhythm assessment in chest compression pauses during cardiopulmonary resuscitation.Resuscitation, JCR. doi: 10.1016/j.resuscitation.2013.01.034 http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S030095721300097X | science |
zientzia_kaiera-1b7c3c616094 | zientzia_kaiera | cc-by-sa 3.0 | eu | https://zientziakaiera.eus/2013/07/23/zientzia-kaiera-argitalpen-berria-irailetik-aurrera/ | Zientzia Kaiera argitalpen berria, irailetik aurrera | 2013-07-23 00:00:00 | Zientzia Kaiera argitalpen berria, irailetik aurrera
Irailean hasiko da Zientzia Kaiera izena duen hedabide berri honen ibilbidea.
Inglesez (Mapping Ignorance) eta gaztelaniaz (Cuaderno de Cultura Científica) idatzitako blogak argitaratzen ditu dagoeneko Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak. Hortaz, jada heldu da zientzia gaiak euskaraz jorratuko dituen blog bat argitaratzeko unea.
Hiru blogen edukiak desberdinak izango dira, heldu nahi ditugun irakurleen soslaiak ere desberdinak baitira. Hasieran, bi eratako edukiak argitaratuko ditugu koaderno honetan. Batetik, gaurkotasunezko zientzia-aurkikuntzen eta teknologia-garapenen berri emango dugu; kaierrak, mundu zabalean zein Euskal Herrian egindakoak hatuko ditu barne. Eta bestetik, zientzialari euskaldunen artikuluak ere argitaratuko ditugu; azken hauek dibulgazio-lanak izango dira eta egileak berak erabakiko du zertaz idatzi. Astero bi edo hiru artikulu argitaratzea da gure hasierako asmoa, baina ez dugu maiztasun finko bat mantentzeko ahalegin berezirik egingo, borondatezkoak izango baitira ekarpenok.
Esan bezala, irailean hasiko gara eta espero dugu argitalpen berri hau zure interesekoa dela. | science |
Subsets and Splits